ESLE elkartea Alemaniako CEBIT azokarekin elkartu da, software libreko erreferentzia izateko

Argitalpen-data: 

Ezkerretik eskubitara: Nora Sarasola (Bilbao Ekintzako Zuzendari Nagusia), Ibone Bengoetxea (Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatua), Eneko Astigarraga (ESLEko presidentea), Marious Felzmann (CEBITeko presidenteordea), David Olmos (ASOLIFeko presidentea) eta Aitor Cobanera (SPRIko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria)

Euskadiko Teknologia Libre eta Ezagutza Irekiko Enpresen Elkarteak (ESLE) eta CEBIT azokaren antolatzaile Deutsche Messe erakunde alemaniarrak irismen handiko hitzarmena izenpetu dute. Software Librearen Europako hegoaldeko topagunerik handiena Librecon izaten da, Bilbon (Bizkaia, Euskadi) egiten dena ESLE elkartearen antolakuntzaz, eta hain zuzen ere, ekitaldi honek zigilu berria eramango du hurrengo bi ekitaldietan, 2018an eta 2020an: ‘Librecon powered by CEBIT’ ( https://librecon.io ).

Librecon topaketaren edizio berri horrek jauzi kualitatiboa ekarriko du 2014an eta 2016an egindakoekin alderatuta, eta bultzada handia emango dio open source teknologien euskal sektoreak nazioartean duen posizionamenduari.

2018ko lehen "Librecon powered by CEBIT" honek data du jada, Bilbon izango da azaroaren 21 eta 22an. Topaketaren ardatz nagusiak hauek izango dira: eraldaketa digitala, zibersegurtasuna eta Gauzen Internet-a (IoT). Teknologia hauek honako sektoreei nola eragiten dieten aztertuko da: erakunde publikoak, finantza zerbitzuak, eta energia eta industria alorrak, besteak beste.

CEBIT berrikuntza teknologikoaren alorreko mundu mailako azoka inportanteena da, eta Hannoverren (Alemania) ospatzen da urtero. Marka horrekin lortu den hitzarmenak euskal erakundeen eta ASOLIF elkarte espainiarraren babesa lortu du. Hitzarmena abenduan sinatu dute Bilbon Eneko Astigarraga ESLEko presidenteak eta Marious Felzmann CEBITeko presidenteordeak, eta bertan izan dira, besteak beste, David Olmos ASOLIFeko presidentea, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatua, Nora Sarasola Bilbao Ekintzako zuzendari nagusia eta Aitor Cobanera SPRIko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria.

info+: https://librecon.io/