Ertzaintzak islamismo erradikalaren aurkako planeko Elkarbizitza Helburu ekimena aurkeztu die Madrilen enbaxadetako polizia-agregatuei

foto_1.JPG

2017.eko urriak 04

Beste polizia eta segurtasun-agentzia batzuen jardunbide egokiak partekatzeko foroa ere izan da

Ertzaintzak Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzaren laguntzaz aurkeztu du gaur Madrilen islamismo erradikalaren aurkako bere plan estrategikoko Elkarbizitza Helburu ekimena, besteak beste, Estatu Batuetako, Frantziako eta Alemaniako enbaxadetako polizia-agregatuen aurrean.  Ekitaldia beste polizia eta segurtasun-agentzia batzuen jardunbide egokiak partekatzeko foroa ere izan da.

Bilera Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen Ordezkaritzan egin da, eta bertan parte hartu dute Israelek, Suitzak, Frantziak, Danimarkak, Britainia Handiak, Estatu Batuek eta Alemaniak Espainian dituzten enbaxadetako hamabosten bat polizia-agregatuk eta segurtasunaren arloko aholkularik. Joan den ekainaren amaieran antzeko bilera bat egin zen Madrilen Ertzaintzak bere plan estrategikoa azaltzeko.

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendari Leyre Madariagak topaketaren hasierako aurkezpena egin du, eta jarraian Ertzaintzako Inteligentzia Bulego Nagusiaren Burutzari eman dio hitza, Jon Ziarsolo intendentea buru dela. Inteligentzia Bulego Nagusiko kideek azaldu dute Elkarbizitza Helburu ekimenaren esparruan Euskadiko meskitetan prebentzioaren arloan eta parte hartzen dutenen galderak erantzuteko egiten duten polizia-lana.

Ekitaldia “laneko gosari” formatuan egin da, eta bertan herrialde horietako segurtasun-agentziek eta poliziek terrorismo-mota horren aurkako borrokan izandako esperientziak eta erabiltzen dituzten jardunbide egokiak ere partekatu ahal izan dira. Ekimenaren helburu nagusia izan da era horretako kriminaltasunaren aurkako borroka eta gaikuntza hobetzea.

Lan-saioa Ertzaintzako Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzuak sustatu du, Madrileko bitarteko ofizialek jakin ondoren hainbat enbaxadak interesa zutela prebentzio-programa zehaztasunez ezagutzeko.

Interesa batez ere sortu zen Granadako Unibertsitateko Grupo de estudios en Seguridad Internacional (GESI) taldearen “La mezquita como elemento de prevención: El caso de la Ertzaintza” lana, poliziaren prebentzio-lanean komunitate musulmanek duten garrantzia aztertzen duena, argitaratu zenean (http://seguridadinternacional.es).

Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzuaren ordezkari gisa José Manuel Vizcaínok hartu du parte, eta topaketak emandako aukera segurtasun-lanetan aditua den enbaxadetako pertsonalarekin lankidetza-harremanak indartzeko baliatu du.