Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Elikagai-iraultza eztabaidagai "Growing Young"-en hirugarren edizioan

Foto-1.png

2017.eko irailak 12

• Hiru egunez erantzunak emango dira, argitzeko zergatik jaten dugun jaten duguna, zer dakigun nutrizioari eta elikagaiei buruz, eta zein izango den elikaduraren eta gastronomiaren etorkizuna.

• “FOOD HEALTH TECH” titulupean, harremanetan jarriko dira sektore batzuk, eztabaidatzeko eta etorkizuneko erronkei ekiteko estrategia berriak diseinatzeko.

• Parte-hartzaileak eztabaidan arituko dira elikadurari, teknologiari, industriari, zientziari eta berrikuntzari buruz.

Doitasunezko nutrizioa, plazera versus osasuna, big data, zientzia, pertsonalizazioa, gizartea, osasuna, teknologia, elikagai-industria, kontsumitzailea edo merkatua. Gai horiei buruz, besteak beste, eztabaidatuko dute “Growing Young” sinposioan parte hartuko dutenek. “FOOD HEALTH TECH” du izenburua sinposioak, eta Bilbon izango da irailaren 27, 28 eta 29an. AZTIk antolatu du, Lipigeniaren lankidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntzarekin. Hiru egunez, gizarte modernoak aurrean dituen hiru erronka handiri buruz eztabaidatuko da: zergatik jaten dugun jaten duguna, zer dakigun nutrizioari eta elikagaiei buruz, eta zein izango den elikaduraren eta gastronomiaren etorkizuna.

“Growing Young”en programak duen lehen egitekoa galdera honi erantzutea da: Zergatik jaten dugu jaten duguna? Gizabanakoaren ikuspegitik, kontsumitzaile eta paziente den aldetik, askotariko gaiei helduko zaie: elikatze-ohiturak, elikagaiak hautatzeko konpromisoa eta elikadura orekatuari eusteko konpromisoa. Iñaki Martínez de Albénizek (UPV/EHU), Jaime Martínek (LANTERN) eta Bittor Rodríguezek (UPV/EHU) dinamizatuko dute eztabaida, eta puntu hauek argitzea izango da helburua: ea posiblea den modu osasuntsuan eta gustuarekin jatea, nola helduko dion gizarteak bizimodu osasuntsu bati eta zerk duen eragina bizimodu osasungarri batean hezteko.

Bigarren egitekoa, berriz, hau ezagutzea da: Zer dakigu elikatzeko moduari buruz eta elikagaiei (eta gehigarriei) buruz? Diagnostikoaren ikuspegitik, zientziari eta elikadurari lotutako gaiak aztertuko dira, baita gizabanakoek elikatzeko garaian izan beharreko jokabideari buruzkoak ere. Hauek izango dira eztabaidaren dinamizatzaileak: Carla Ferreri (ISOF-CNR), Juan Antonio Corbalán mediku eta saskibaloi-jokalari ohia (VITHAS INTERNACIONAL), Luis Castaño (BIOGURUTZETA), Ander Urrutikoetxea (ONKOLOGIKOA), César Martín (BIOFISIKA INSTITUTUA) eta Kayo Kurotani (NATIONAL INSTITUTE OF HEALTH AND NUTRITION).

Ezagutzea zein izango den elikaduraren eta gastronomiaren etorkizuna eta galdera honentzako erantzunak ematea: Hurrengo elikagai-iraultzarantz goaz? Hori da hirugarren egitekoa. Bernard Lahousse (FOODPAIRING), Fernando Macho (MEDWHAT), Itziar Alkorta (BIOFISIKA INSTITUTUA), Ainhoa Calvo (SENDABIO) eta Iñigo Uriartek (SURAVITASAN) puntu hauei buruzko eztabaida eta iritzi-trukea sustatuko dute: elikagai-sektoreko produktu eta zerbitzu berriak, eta gizarteak merkatuan eragin handiagoa izatea ekarri duten komunikazio-eta informazio-molde berriak.

Matxalen Uriarte AZTIko Elikadura eta Osasuna arloko koordinatzailea da “Growing Young”-en arduraduna, eta honela dio: “sinposioak askotariko sektoreak eta eragileak elkartuko ditu, eta jarduteko estrategia berriak eztabaidatu eta diseinatuko ditu, hiru egunetan landuko ditugun galderei erantzuna emateko”. “Parte-hartzaileak elikadurari, teknologiari, industriari, zientziari eta berrikuntzari buruz arituko dira gaurkotasuna darion eztabaida batean. Tokikoari buruz eztabaidatuko da, irtenbide global baterako erantzunak emateko”, azaldu du.

Landuko diren gaien artean, nabarmentzekoak dira gizarte osasungarri bat lortzeari begira Euskadin egiten ari diren ekimenak. Alderdi horretan, zenbait kasu arrakastatsu aurkeztuko dira. Nazioarteko testuinguruar dagokionez, Kayo Kurotanik (NATIONAL INSTITUTE OF HEALTH AND NUTRITION) Japoniako gizarte eta elikadura osasungarriaren eredua aurkeztuko du.

“Teknologia omikoak prebentziozko diagnostikorako erreminta gisa" eta "nutrilipidomika: ikuspegi molekularra zelula-mintzetatik osasunera eta nutrizio pertsonalizatura”. Horiek izango dira beste gai batzuk zientziaren eta teknologiaren arloetan, arlo horiek giltzarriak baitira elikadura egokia gizartean bultzatzeko, gazteen artean batez ere. Teknologien bateratzeari esker, ikerketak egin ahalko dira produktu pertsonalizatu eta ahalik eta onenak garatzeko, gizabanako bakoitzaren beharren arabera eginak, bizi-estilo osasungarriago bat sustatzen lagunduko dutenak.

Fernando Machok (MEDWHAT) txosten hau aurkeztuko du: “Benetako janari adimenduna adimen artifizial aurreratuaren erabilerari esker”. Bestalde, Begoña Pérez Villarrealek EIT Food europar ekimena aurkeztuko du. Nazioarteko partzuergo bat da EIT Food, eta berrikuntza, ekintzailetza, negozio-sorkuntza eta hezkuntzaren arloko ekimen aitzindariak lantzen dihardu elikagaiak hornitzeko kate jasangarri eta lehiakorrak eraikitzea sustatzeko.

‘Growing Young – FOOD HEALTH TECH’ programa

Elikadura- eta bioteknologia-industriarekin, komunitate zientifiko eta medikoarekin erlazionatutako eragile guztien hitzordua Bilbon izango da irailaren 27, 28 eta 29an.

Sinposioaren programa