Ekonomiaz aldizkariaren aurkezpena, Ekonomia Feminista: ikuspegiak eta proposamenak

Ekonomiaz_1.jpg

2017.eko uztailak 06

OGASUN ETA EKONOMIA SAILAK, EMAKUNDEK ETA EKONOMISTEN EUSKAL ELKARGOAK  EKONOMIAZ ALDIZKARIAREN 91. ALEA, EKONOMIA FEMINISTARI BURUZKOA, AURKEZTU DUTE

 

  • Aldizkariak 11 artikulu biltzen ditu, eta bere helburua da analisi eta eztabaida ekonomikoa bultzatzea herrialdeko ikuspuntuarekin
  • Euskadik 1993tik bost urtez behin aztertzen du denboraren erabilerarekin lotutako banaketa sexuaren eta jarduera-motaren arabera, EUSTATen “Denboraren erabilera” inkesten bidez

 

1985etik sei hilabetez behin argitaratzen den Ekonomiaz aldizkariaren 91. alea argitaratu du Ogasun eta Ekonomia Sailak, eta Ekonomia Feminista du gai nagusia. 11 artikulu biltzen dituen aldizkari honen helburua da analisi eta eztabaida ekonomikoa bultzatzea herrialdeko ikuspuntuarekin. Ekonomia Feminista pentsamendu ekonomikoaren korrontetzat har daiteke, eta bertan teoria eta errealitate ekonomiko eta sozialei buruzko irakurketa kritiko bat planteatzen da, emakumeei eta gizonei esleitutako rolen azterketatik abiatuta.

 

Ekonomiaz aldizkariaren aurkezpena Ekonomisten Euskal Elkargoaren egoitzan egin da, eta bertan izan dira Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuorde Alberto Alberdi; Emakunderen zuzendari Izaskun Landaida; EEEren presidente Iñaki Ruiz; Ekonomia eta Plangintza zuzendari Jordi Campàs; aldizkariaren ale honen koordinatzaile Mertxe Larrañaga; eta Ogasun eta Ekonomia Saileko Berdintasunerako teknikari Zaloa Urbizu.  

 

Monografiko hau bi zati bereizitan egituratzen da. Lehen zatian kontzeptuzko izaera duten hainbat ekarpen aurkezten dira, Ekonomia Feministaren oinarri modura. Bigarren zatian, Ekonomia Feministan nabarmentzen diren ardatz eta gaien inguruko ekarpenak jasotzen dira, ikuspegi aplikatuago batetik.

 

Euskadik 1993tik bost urtez behin aztertzen du denboraren erabilerarekin lotutako banaketa sexuaren eta jarduera-motaren arabera, EUSTATen “Denboraren erabilera” inkesten bidez. Funtsezko tresna da historikoki ezkutuan egon den errealitate baten ezagutzan sakontzeko.

 

Aztertutako politika ekonomikoen artean, politika fiskalari, enplegu-politikei, errentak birbanatzeko politikei, familia-politikei edota gastu eta inbertsioen politikei buruzko ikerketak nabarmentzen dira. Era berean, azterketa horietarako gehien erabilitako tresnen artean Genero Ikuspegia barneratzen duten Aurrekontuena nabarmentzen da, eta genero-zeharkakotasuna abian jartzeko tresnatzat har daitezke. Horrek esan nahi du berdintasuna politika publikoen eremu guztietan txertatuko dela eta, horrenbestez, esku-hartze publikoen muinera igaroko dela.  

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bilbo, 2017ko uztailak 6

 

 

 

 

ERANSKINA. ARTIKULUAK

 

  1. 1.      Ekonomia feminista. Ugalketa kontzeptuaren ibilbidea (Cristina Carrasco)

Ugalketaren ideia ildo nagusitzat hartuta, ekonomia feministaren kontzeptura eraman gaituzten eztabaida, erronka eta arazo nagusien ibilbidea jarraitzen da artikuluan; etxeko lanei buruzko eztabaidatik hasi, eta bizitzaren iraunkortasunaren aldeko ideia berrienera arte.  

 

  1. 2.      Lana eta politika publikoak: ekonomia feministaren eta gaitasunen ikuspegiaren arteko erlazioa (Tindara Addabbo)

Artikulu honen hasieran baloratzen da gaitasunen ikuspegia erabilgarria ote den ekonomia feministaren esparruan, genero-desberdintasunak zerk eragiten dituen  aztertzeko, eta horiei aurre egiteko gai diren politika publikoak identifikatzeko.  

 

  1. 3.      Inbertsioa, kontsumoa edo ondasun publikoa? Ordaindu gabeko lana eta familia barruko transferentziak makroekonomian (Nancy Folbre eta James Heintz)

Artikulu honetan planteatzen da familiaren eta merkatuaren dinamika behar bezala integratu behar dela. Eredu neoklasiko konbentzionalek berezko dituzten ahultasun kontzeptualen ikuspegi panoramiko batekin hasten da.Ondoren, familia-ekonomiaren ezaugarri berezi batzuk, kontuan hartzea merezi dutenak, proposatzen dira.  

 

  1. 4.      Banaketa okupazionala generoaren arabera, eta migrazioaren estatusa Espainian eta horren ondorioak ongizatean (Olga Alonso eta Corral del Río)

Talde demografiko ezberdinen artean lan-arloan dauden desberdintasunei buruzko hausnarketa eta, orain arte kontuan hartzen ez ziren hainbat alderdi sartuta, banaketa okupazionalaren fenomenoa sakontzeko aukera ematen duten zenbait adierazle berriren aurkezpena.

 

  1. 5.      Denborak, lanak eta genero-desberdintasuna Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainiako Estatuan (Arantxa Rodríguez eta Arantza Ugidos)

1993tik 2013ra bitartean argitaratutako EUSTATen eta INEren Denbora-aurrekontuei buruzko bost inkestak erabilita, ordaindutako lanari eta ordaindu gabeko lanari eskainitako denboraren banaketan generoen arabera dauden desberdintasunak aztertzen dira artikulu honetan.  

 

  1. 6.      Generoaren araberako desberdintasun ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoan (Mertxe Larrañaga eta Elena Martínez)

Artikulu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan generoaren arabera dauden desberdintasun ekonomikoak aztertzea, eta horretarako ezinbestekoa da lan-merkatuaren analisia. Lehenik eta behin, analisi klasikoa egiten da, eta bertan aztertzen dira oinarrizko adierazleak (jarduera, okupazioa, langabezia eta lan-jarduerarik eza), banaketa okupazionala eta lan-ezegonkortasuna. Bigarren zatian errenta-ezberdintasunak ikertzen dira.

 

  1. 7.      Ongizate-estatua eta haurrak zaintzeko baimenak Euskal Autonomia Erkidegoan  (Mari Jose Martínez)

Ongizate-estatuaren ezaugarrietako bat pertsonen bizi-mailaren eta bizi-kalitatearen aldeko konpromisoa da. Helburu horrekin ezarritako birbanaketa-politikek erreferentziatzat hartu duten familia-ereduan oso nabarmena da sexuen araberako lanaren banaketa: gizonek diru-sarrerak ekartzen dituzte soldatapeko enplegu baten bitartez; emakumeek, berriz, zaintza-lanak egiten dituzte, eta familiaren ongizateaz arduratzen dira. Artikulu honetan aztertzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan aita-amek baliatzen dituzten neurriak seme-alabak erantzukidetasunez zaintzeko, bereziki biek egiten dutenean ordaindutako lana.

 

  1. 8.      Krisialdian egindako zerga-politikaren analisia generoaren ikuspegitik (Paloma de Villota)

Lehenengo zatian azpimarratzen da beharrezkoa dela zerga-arloan aurretik ahalegina egitea, hain zuzen ere, bizitzan zeharreko pertsonen zainketa berezko atal modura barneratuko duen gizarte-eredu bat garatu ahal izateko; bigarren zatian, berriz, aztertzen da zer-nolako genero-eragina izan duten ekonomia-krisiaren ondorioz zerga-doikuntzan egindako hainbat aldaketek; zehazki, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan egindakoek, zerga-tasak igota, eta BEZean egindakoek.

 

  1. 9.      Aurrekontuaren analisia generoaren ikuspegitik: oinarrizko tresna feminista gizartearen eta ekonomiaren arloko ekitatean aurrera egiteko  (Yolanda Jubeto)

Aurrekontu-politikaren eta  genero-ekitatearen politikaren arteko loturak sendotu egin dira azken hamarkadotan munduko leku askotan. Artikulu honetan aztertzen dira aurrekontuen analisietan genero-ikuspegia txertatzeko prozesuekin lortu nahi diren helburu nagusiak, bai eta horiek inplementatzeko erabilitako metodologia nagusiak ere.  

 

  1. 10.   Krisia, herstura eta aldaketak genero-desberdintasunetan (Lina Gálvez eta Paula Rodríguez)

Krisiek, eta batez ere horiei aurre egiteko politikek, eragin ezberdina dute pertsonengan, baita generoaren arabera ere. Krisi bakoitza ezberdina bada ere, aurretik izandako krisiei buruzko azterlanek hiru molde historiko nabarmentzen dituzte: emakumeen lana areagotzen da, emakumeen enplegua eta horren prekarizazioa nekezago leheneratzen dira eta berdintasunean atzera egiten da.  

 

  1. 11.  Ekonomia politiko feminista baterako oharrak (María Pazos)

Nola eusten zaio sistema patriarkal bati egungo etapan, emakumeek eskubide zibil eta politikoetan «berdintasun formala» lortu duten honetan?