Beatriz Artolazabalek eta Miguel Laparrak enpleguaren eta gizarte-politiken egoera analizatu dute

2017.eko irailak 14

  • Bi erkidegoetako DSBEaren zenbait alderdi aztertu dituzte
  • Bi administrazioek Bruselak sustatutako Gazteentzako Berme Programa xehatu dute
  •  “Etxerik gabeko pertsonen”, “gizarteratzeko planen”, “familia eta haurrentzako inbertsioaren” eta aupada demografikoaren estrategiak jorratu dira bileran

 

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariordea eta kontseilaria Miguel Laparra gaur goizean bildu dira Lakuan, enpleguarekin eta gizarte-politikekin lotutako zenbait gai analizatzeko; bereziki, Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakarien artean sinatutako lankidetza-protokoloarekin lotutakoak.

Gaurko bileran, honako hauek parte hartu dute: Miguel Laparra, Eskubide Sozialetako lehendakariordea eta kontseilaria; Paz Fernández, Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari-kudeatzailea; Gema Mañú, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusia; Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua; Marcos Muro, Enplegu eta Gazteriako sailburuordea; eta Lide Amilibia, Gizarte Politiketako sailburuordea.

Artolazabalek eta Laparrak adostu dute Estatuari eskatzea datorren astelehenean, Enplegu Ministerioaren Biltzar Sektorialean. Bi ordezkaritzek hainbat gai analizatu dituzte hilaren 18ko Biltzar Sektorialaren aurretik, eta bi erkidegoetako DSBEaren inguruko zenbait alderdiri buruz aritu dira. Gainera, gai hauek jorratu dituzte: Bruselak sustatutako Gazteentzako Berme Programa, EAEn aurki onartuko den “etxerik gabeko pertsonen estrategia” eta Nafarroako Gizarteratze Plana, familia eta haurrentzako inbertsioa-estrategia eta aupada demografikoaren estrategia. Euskal Autonomia Erkidegoa, era berean, 2017-2021 Gizarteratze Plana ari da prestatzen.

Urkullu eta Barkos lehendakariek sinatutako lankidetza-protokoloak erreferentzia egiten die, gizarte-zerbitzuen barruan, honako gai hauei: mendekotasuna; haurrak —adopzio-prozesuetan txostenak egiteko lankidetza—; adingabeak babesteari dagokionez, administrazio-ebazpenen jarraipena; ingurune irekian gauzatze-neurrien jarraipena egiteko lankidetza; gizarteratzea eta gizarte-babesa; garapenerako lankidetza; eta gizarte-errealitateari buruzko azterlanak eta adierazleak.

Enpleguari dagokionez, bi erkidegoen helburua da eskualde mugakideetan enplegurako lanbide-heziketaren arloan lankidetza-tresnak ezartzea, prestakuntza-ekintzak antolatzeko, partekatuz instalazio eta ekipamenduak eta bestelako bitarteko interesgarriak eta jardunbide egokiak sustatzekoak enplegu-zerbitzu publikoen artean, prestakuntzari, orientazioari eta enpleguari dagokienez. Halaber, nabarmendu dituzte Akitaniarekiko mugaz gaindiko lankidetzak zabaltzen dituen aukerak, Lanbideren, Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta Ipar Euskal Herriko Pôle Emploi-ren arteko elkarlanari esker.

Era berean, gazteriaren arloan, bi administrazioek aurreikusi dute erakusketa, jardunak eta beste adierazpen artistiko batzuk trukatzea, baita gazteak trukatzea ere gazte-aterpetxeetako egonaldi eta kanpamentuetan, eta, halaber, gazteen emantzipazioa sustatzera eta gazteen parte-hartze aktiboa lortzera bideratutako beste esperientzia batzuetan.