450.000 euro hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko ezagutza kudeatzeko eremuan (Gobernu Bilera 2017-07-11)

logoconsejo.jpg

2017.eko uztailak 11

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak hirugarren gizarte-sektorearen jarduerak sustatzeko laguntzen deialdiaren hirugarren ildoaren Agindua onetsi du. Hirugarren ildo hori (aurreko biak abian jarri ziren) gizartean esku hartzeko ezagutzaren kudeaketa-jarduerei buruzkoa da.

Gobernuak 450.000 euro bideratu ditu, sektoreko erakundeek prestakuntza-programak eta ikerketa-proiektuak egiteko, argitalpenak prestatzeko eta eremu horren barruan ikastaroak eta mintegiak antolatzeko. Azken batean, gizartean esku hartzeko ezagutza erabilgarria ekoizteko eta eskuratzeko jarduerak bultzatu nahi dira.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak hirugarren sektoreko jardueretarako ematen dituen laguntzak abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuak arautzen ditu, eta irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeetara bideratuta daude, erakunde horiek gizarte-zerbitzuen eremuan eta, oro har, gizarteko esku-hartzean egiten dituzten jarduerak finantzatzeko.

Arau horrek pertsonen, familien eta taldeen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babesteko eta sustatzeko jarduerak bultzatzeko hiru ildo aurreikusten ditu. Horietako bi Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2017ko martxoaren 1eko Aginduaren bidez deitu ziren: pertsona, familia eta talde eta erkidegoekin gizartean esku hartzeko jarduerei buruzkoak, eta gizarteko esku-hartzean ekintza boluntarioa eta elkarteen parte-hartzea indartzeko jarduerei buruzkoak. 

Gizartean esku hartzeko eremuan ezagutza-kudeaketa jarduerak sareko lana sustatzera eta sendotzera bideratuta daude, gizarte-zerbitzuen sistema publikoaren garapenean esku hartzen duten erakunde- eta gizarte-eragile guztiekin, bereziki gizartean esku hartzeko ezagutza erabilgarria sortzean eta zabaltzean esku hartzen dutenekin, bereziki honako gai hauen ingurukoak direnean: gizarte-zerbitzuak, gizarte-inklusioa, familiaren babesa eta haur eta nerabeentzako arreta eta babesa. Era berean, etorkinen integraziora eta, oro har, kulturartekotasunera, adinekoen, mendekotasun egoeran daudenen eta desgaitasunen bat dutenen arreta eta babesera eta askatasun eta aniztasun afektibo-sexualera bideratzen dira. 

Ezagutza, nagusiki, hirugarren sektoreko profesionalen esperientzian oinarrituta sortzen da eta ezagutza hori, aldi berean, berriro heltzen zaie, nagusiki, eremu horretako profesionalei, bai eta, bide batez, euskal gizarteari ere.