Argitalpen-data: 2015/09/01

Patxi Baztarrikak Poziktibity proiektuaren 2015. urteko bigarren bideoaren aurkeztu du Bilbon

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Aitor Elizegik, Bascook jatetxeko sukaldari ospetsuak, Poziktibity proiektuaren 2015. urteko bigarren bideoa aurkeztu dute gaur Bilboko Erriberako merkatuan. Aurkeztu den bideo berriak jendea euskara ikastera animatu nahi du.

‘Poziktibity’ euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua da eta, dagoeneko, urtebete igaro da kontzeptua lehen aldiz zabaldu zenetik. Kontzeptu edo ideia soil bat baino gehiago bizitza ulertzeko eta gozatzeko modu bat da Poziktibity. Urtebete honetan maiz errepikatu da Poziktibity kontzeptu bizia dela. Eta bizirik dagoena moldatu, aldatu, garatu egiten da.

Iaz pertsona ospetsuen laguntza izan zuen proiektuak Poziktibityren energia hori transmititzeko (bideoetan pertsona ezagunak agertzen ziren). Aurten ere proiektu honek bere ondoan izango ditu Poziktibityren balioak islatzen dituzten pertsona garrantzitsuak (gaurkoan, prentsaurrekoan, Aitor Elizegi), baina egunerokotasuneko une soil eta arruntetan oinarrituko da (bideoetako protagonistak pertsona anonimoak izango dira). Aurten, Poziktibity-k ohikotasunarekin zerikusia duten kontzeptuak landuko ditu.

Iraila ilusioen hilabetea da, erronka berrien hilabetea. Horregatik diogu proiektuaren bigarren olatu honetan iraila Poziktibity dela. Bigarren bideo honek jendea euskara ikastera animatu nahi du. Izan ere, euskarara hurbiltzeko, euskara ikasteko, hilabete garrantzitsua da iraila, jende askok hartzen baitu euskararen itsasoan murgiltzeko erabakia.  Hain zuzen ere, azken 30 urteotan helduen euskaltegiek 100.000 hiztun berri ekarri dituzte euskarara, eta hori aipatu beharrekoa da. Euskaldun berriek haize freskoa dakarkiote gure hizkuntzari. Zenbat eta hiztun gehiago, euskaraz aritzeko hainbat eta aukera gehiago. Gainera, aurkezpenean azaldu den bezala, euskara edozein adinetan ikasi daiteke. Aitor Elizegi bera euskaldun berria da eta aurkezpenean bere esperientziak eta iritziak partekatu ditu.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak azaldu duenez, “helburua ez da denek euskara-maila altua izatea, nork bere helburuak ezartzea baizik. Azken finean, euskarak hiztunak  behar ditu. Bikain edo ez hain ongi erabiliko dutenak, hobeto edo makurrago, baina hiztunak. Horretarako, euskarara hurbiltzeko, hilabete garrantzitsua da iraila. Bakoitzak bere erritmoan ikasiko du euskara, ahal duen moduan”.

Eta gehitu du: “euskaraz ikasterakoan ez dago bidezidorrik, ez dago lasterbiderik, baina pixkanaka joateko aukera ematen du. Honetarako, gure artean hizkuntza-maila desberdinak egotea aberasgarria da. Hori dela eta, A1 eta A2 hizkuntza mailak gehitu izanaren garrantzia azpimarratu nahi dut. Gainera, 2013tik  euskaraz ikasteko diru-laguntzak handitu egin ditugu. Eta iraila ilusioz beteriko hilabetea izanik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu hurbilen duten euskaltegira joan daitezen, euskarara hurbil daitezen, beldurrik eta lotsarik gabe”