Urkullu Lehendakaria eta Torra President-aren arteko bilera

2018.eko azaroak 14

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Generalitat de Catalunyako Presidente Quim Torrak lehenbiziko bilera izan dute gaur arratsaldean Ajuria Enea jauregian. Ondoren batera egin duten agerraldian, biek egin dute egoera politikoaren analisi bat eta bat etorri dira Estatuko plurinazionalitatea aitortzeko eta dibertsitatea defendatzeko proposamen berriak Europari erakusteko premian. Bi Gobernuek eguneratu dute harreman sektorialetako agenda eremu desberdinetan lankidetzaren bideari berriro heltzeko helburuz. 

Lehendakariak bere solidaritatea adierazi du preso dauden Catalunyako arduradun politiko, instituzional eta sozial guztiekiko, eta haiek askatzeko eskatu du. 

Elkarraldian, biek gogora ekarri dute 1998ko “Bartzelonako Deklarazioaren” edukia; bertan planteatzen zen premia zen “Estatuko artikulazio plurinazionala ebaztea eta Estatuaren eremuan gure errealitate nazionalen aintzatespen juridiko-politikoa eta onarpen soziala eta kulturala lortzea”. Kultura politiko berri bat, Estatuko errealitate plurinazionala ulertzearekin bat datorren bat bultzatzeko konpromisoari eusten diote Lehendakariak eta Presidentek, baita Europari eta munduari dibertsitatearen aldeko proposamen berriak eskaintzeko ere. 

Lehendakariak adierazi duenez, Catalunya eta Euskadi bi Erkidego politiko berezi dira, eta “155. artikuluaren aplikazioa gure Autogobernua gutxietsi eta arriskuan jartzen duen aurrekari bat da”. Hala, oraingo gehiengo parlamentarioa aprobetxatzeko premia adierazi dio Lehendakariak President Torrari, egoerari irtenbide politiko bat emateko bidea bultzatzeko Espainiako Gobernuak duen gehiengoa, alegia. Urkullu Lehendakaria distentsioaren eta elkarrizketa politiko eta instituzionalaren bidea efektibo egitearen alde agertu da. 

Azkenik, bi Gobernuek eguneratu dute harreman sektorialetako agenda, eta aztertu egin dituzte lankidetzari berriro heltzeko bideak elkarren interesekoak diren hainbat eremu eta ekimenetan.