
35. zk., 2026ko otsailaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (208 KB - 17 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
781
AGINDUA, 2026ko otsailaren 1ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, EAEko Turismoko, Merkataritzako eta Kontsumoko Euskadi sariak emateko 2026. urteko deialdiaren oinarriak arautzen dituena.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 11ko 38/2025 Dekretuak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitekoak eta jardun-arloak ezartzen ditu; horien artean, EAEko merkataritzaren eta turismoaren sektoreak sendotzea, biak ere funtsezko trakzio-sektoreak baitira EAEko gizartearentzat eta ekonomiarentzat. Era berean, kontsumoaren arloan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babestea eta kontsumo arduratsu, jasangarri eta segurua sustatzea ere helburuetarik batzuk dira.
Turismoa, merkataritza eta kontsumoa estuki lotutako hiru arlo dira, eta, horregatik, funtsezkoa da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak arlo horietako politika publikoen plangintzan eta kudeaketan zeharkakotasuna bermatzea. Hori dela eta, 2026. urteko deialdirako, agindu honen eranskinetan jasoko dira deialdi bakoitzaren eta sektore bakoitzaren betekizun espezifikoak, sailaren arau bateratu eta integrala osatze aldera.
Agindu honek aitortza egiten die turismoaren, merkataritzaren eta kontsumoaren sektoreei oro har, eta, bereziki, ahalegin eta dedikazio handiz arlo horien prestigioa indartzen laguntzen duten profesionalei, enpresaburuei, langileei eta erakundeei.
Edizio honetan, EAEko Turismoko, Merkataritzako eta Kontsumoko Euskadi sarien 2026ko deialdia egiten da, proiektu, ekimen, kolektibo edo pertsona batek sailaren eskumeneko edozein arlotan egindako ekarpen positiboa nabarmentzeko.
EAEko turismoari dagokionez, 2030era begirako ikuspegi estrategikoaren helburuetako bat da EAE kalitatezko helmuga lehiakor eta jasangarri bihurtzea, bisitan datozkigun pertsonek baloratuko dutena eta EAEko gizarteari oparotasuna ekarriko diona.
Horretarako, ekimen berritzaileak behar dira segmentu estrategikoetan, enpresak zein helmugak lehiakorrak izan daitezen bultzatzeko. Hazkunde jasangarriko irizpideetan oinarritutako ekimenak izan behar dute; hau da, jasangarriak izan behar dute, ingurumen- eta gizarte-ikuspegitik ez ezik, baita EAEko turismo-sektorearen lehiakortasunaren ikuspegitik ere.
Helburua hori izaki, EAEko Turismoko Euskadi sarien 2026ko deialdian Euskadi Basque Country marka proiektatzen lagunduko duten jarduketak sustatu nahi dira, bikaintasun-, berrikuntza- eta jasangarritasun-balioei lotutako marka turistiko gisa. Era berean, enpresa- eta lanbide-ibilbideagatik EAE helmuga turistiko gisa kokatzen lagundu duten edo laguntzen duten pertsonak ere saritu nahi dira.
EAEko merkataritzak babestu egiten ditu etorkizunera begira Merkataritza 2030 Estrategiaren bidez hedatu behar diren ekintza-ildoak, eta, horretarako, estrategiaren muina osatzen duten sei eraldaketa-ildori eusten die, foku nagusi edo lanerako nukleo gogor direlakoan. Lehenik eta behin, aipatzekoa da merkataritza-enpresa, sektorearen oinarrizko unitate eta eraldaketa-gune den aldetik; eta, bigarrenik, hiri-espazioa, tokiko enpresak biltzen dituen esparru eta kontsumitzaileekiko topagune den aldetik. Biak ala biak dira estrategiaren xede.
Baina horiek bezain garrantzitsuak dira giza kapitala, ezagutzaren kudeaketa eta komunikazioa; izan ere, enpresen eta hiri-espazioen aldaketa bultzatzeko, bizkortzeko eta laguntzeko bide dira. Ezin ahaztu, jakina, ezinbestekoa dela horiek gobernantzaren eta baliabide publikoen inguruan integratzea eta antolatzea, ezin baliagarriagoak baitira eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanerako sinergiak sustatzeko, eta horien harremana zein rolak arautu eta artikulatzeko.
Hori dela eta, edizio honetan merkataritza-sektoreko profesionalen ibilbide profesionala saritu nahi da, baita EAEko tamaina askotariko merkataritza-enpresen lana ere. Horiekin batera, eta ekintzailetza zein merkataritza-arloen dinamizazioa barne hartuta, oso kontuan izan behar dira tokiko enteak ere, tokiko merkataritza ardatz hartuta hiri-espazioaren dinamizazioan egiten duten lana aitortuz.
Kontsumoari dagokionez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen alde lan egiten duten kontsumo-eragile guztien lana eta ahalegina aitortu eta saritu behar da, bereziki kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteena eta kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoena. Ildo beretik, kontsumo arduratsua sustatzera bideratutako praktikak abian jartzen dituzten enpresen garrantzia azpimarratu behar da, eta, hortaz, aipamen berezia merezi dute kontsumitzaileak jokabide arduratsuaren inguruan kontzientziatzeko komunikazio-kanpainak egiten dituzten enpresek.
Azkenik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Turismoko, Kontsumoko eta Merkataritzako Euskadi sari berezi bat deitu ahal izango du, aitorpen bakar gisa, proiektu, ibilbide, ekimen, kolektibo edo pertsona baten ekarpen positiboa nabarmentzeko.
Sari hauen helburua da, beraz, kontsumoaren arloko eragileek, enpresek eta komunikazio-agentziek beren jarduera-eremuetatik egiten duten ahaleginari aitortza egitea, buru-belarri aritzen baitira kontsumitzaileek beren eskubideak ezagut ditzaten eta erabaki kontzienteak hartu ditzaten.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– EAEko Turismoko, Merkataritzako eta Kontsumoko 2026ko Euskadi sariak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, eranskinetan jasotzen diren baldintzetan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen ondorioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 1a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
I. ERANSKINA
2026. URTEKO EAE-KO TURISMOKO EUSKADI SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Helburua.
1.– Turismoko Euskadi sarien helburua da publikoki aitortzea EAEren turismo-politika gidatzen duten berrikuntza- eta jasangarritasun-helburuak lortzen turismo-sektoreko eragileek egindako ekarpena, eta eragile horien ibilbide profesionala.
2. artikulua.– Kategoriak.
Eranskin honek turismo-sektorerako arautzen dituen Euskadi sariak lau kategoriatan egituratuta daude, eta kategoria bakoitza jardun-eremu espezifiko bati lotuta dago:
a) Turismoko Euskadi saria: Negozio-garapenean, jasangarritasunean, berrikuntzan, talentuaren kudeaketan, etikan edo komunitatearekiko konpromisoan asko nabarmentzea lortu duen enpresa edo pertsona juridiko bat aitortzen du, sektorearen lehiakortasuna nabarmen hobetzen lagundu duena.
b) Ibilbidearen Euskadi saria: Enpresa edo profesional bat saritzera bideratua, turismoaren sektorean egindako ibilbideagatik eta sektore hori garatzen laguntzeagatik, hedapenaren, prestakuntzaren, berrikuntzaren, jasangarritasunaren edo sektoreari lotutako beste eremu garrantzitsu batzuen bidez.
c) Ekintzailetzako Euskadi saria: Gehienez ere bi urteko ibilbidea duten enpresei zuzendua. Sariaren helburua da baloratzea bai enpresa-ekimen berriak sortzea, bai turismo-enpresak edo -negozioak eskualdatzea, eta ekintzailetzaren bultzada sektorearen berrikuntza- eta hazkunde-eragile gisa aitortzea.
d) Helmuga Arduratsu eta Jasangarriaren Euskadi saria: Ekimen arduratsu eta jasangarriak gauzatu dituzten eskualdeko edo tokiko turismo-entitateak saritzea du helburu, baldin ekimen horiek gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-arloko jarduketen bidez eta helmuga turistiko askotarikoa, berdintasunezkoa eta inklusiboa sendotzeko jarduketen bidez gauzatu badira, haien eragin-eremuan eskaintzen dituzten esperientzia turistikoetan irisgarritasuna bultzatuz.
3. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunak.
1.– Lehenengo kategorian –a) kategoria– onuradun izan daitezke EAEn turismo-zerbitzuak ematen dituzten enpresak edo pertsona juridikoak, baldin eta ez badaude Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13.1 artikuluan ezarritako ezein egoeratan.
Era berean, enpresen kasuan, hautagai guztiek EAEko Turismo Enpresa eta Jardueren Erregistroan izena emanda izan beharko dute.
2.– Bigarren kategorian –b) kategoria– onuradun izan daitezke EAEko turismoaren sektorean ibilbide luzea duten eta turismoaren garapenari ekarpen nabarmena egin dioten enpresak eta pertsona fisikoak edo juridikoak.
3.– Hirugarren kategorian –c) kategoria–, onuradun izan daitezke EAEn turismo-zerbitzuak ematen dituzten enpresa sortu berriak edo eskualdatutakoak (gehienez ere bi urteko ibilbidea), baldin eta ez badaude Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13.1 artikuluan ezarritako ezein egoeratan.
Era berean, hautagai izan daitezkeen enpresa guztiek EAEko Turismo Enpresa eta Jardueren Erregistroan izena emanda izan beharko dute.
4.– Laugarren kategorian –d) kategoria–, onuradun izan daitezke udalak, tokiko eragile autonomoak, tokiko enpresa-entitate publikoak eta titulartasun publikoko merkataritza-sozietateak. Baita honako hauek ere: kuadrillak eta mankomunitateak, garapen-agentziak, landa-garapeneko elkarteak, turismo-partzuergoak, fundazioak eta EAEko eskualde-eremuan turismo-lankidetzako ente gisa edo produktu turistikoen kudeatzaile gisa jarduten duten bestelako entitate eta elkarteak.
4. artikulua.– Hautagaiak.
1.– Hauek aurkeztu dezakete hautagaitza:
a) Saria lortu nahi duenak berak.
b) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak (hor sartzen da Basquetour – Turismoaren Euskal Agentzia).
c) Hiru foru-aldundiek.
d) EAEko hiriburuetako turismo-sustapenaren ardura duten toki-entitateek.
e) EAEko turismo-sektoreko elkarteek.
f) EAEko ostalaritza-elkarteek.
g) EAEko merkataritza-ganberek – Eusko Ganberek.
2.– Hilabetekoa izango da hautagaitzak formalizatzeko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Hautagaitza aurkezteko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabide-inprimakia, behar bezala beteta.
b) Azalpen-memoria, hautagaiaren merezimenduak behar bezala arrazoituta biltzen dituena.
c) Sustapen-material grafikoa (mp4 formatuko bideoak edo irudiak, egile-eskubiderik gabekoak eta bereizmen handikoak) eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu.
Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez badira aurreko artikuluan zerrendatutako agiri guztiak aurkeztu, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak eskatzaileari eskatuko dio 10 eguneko epean akats hori zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko; gainera, ohartaraziko zaio, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
4.– Entitateek bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1070807
5.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du erabat eta berariaz onartzen direla agindu honetan ezarritako baldintzak.
5. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Formalizatutako hautagaitzak baloratzeko epaimahai bat eratuko da, honako hauek osatua:
a) Turismo eta Merkataritzako sailburuordea, epaimahaiburu izango dena.
b) Mahaiburuordea: Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria. Epaimahaiburua ordezkatuko du kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.
c) Bokalak:
• Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren zuzendaria.
• Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoaren ordezkaria.
• Vitoria-Gasteizko Udalaren ordezkaria. Turismo-zerbitzua.
• Aktiba-Turismo Aktibo, Nautiko, Abentura eta Ekoturismoko Enpresen Elkartearen ordezkaria.
• Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen ordezkaria.
• Bizkaiko Ganberako Turismo arloko arduraduna.
d) Idazkaria: Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari lotutako lanpostu bat betetzen duen pertsona bat, hitzarekin baina botorik gabe.
2.– Epaimahaiak gauzatzen dituen jarduketek eta mahaikideen abstentzio- eta errekusazio-araudiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoa izango dute arau.
3.– Epaimahaia eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5. artikuluan ezarritakoa beteko da, eta emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua bermatuko.
6. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio espezifikoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak:
a) Turismoko Euskadi saria: Sari hau emateko, kontuan hartuko da enpresa edo pertsona juridikoa negozio-garapenarekin, negozio-ardaztzat berrikuntza hartzearekin eta jasangarritasun sozial (talentuaren kudeaketa, etika eta komunitatearekiko konpromisoa), ekonomiko eta ingurumenekoarekin lotutako alorretan nabarmentzea eta bere sektorean lidergo-posizioa lortzea.
b) Ibilbidearen Euskadi saria: Sari hau emateko, kontuan hartuko da enpresa edo pertsona fisiko edo juridikoa negozio-garapenarekin, negozio-ardaztzat berrikuntza hartzearekin, eta jasangarritasun sozial (talentuaren kudeaketa, etika eta komunitatearekiko konpromisoa), ekonomiko eta ingurumenekoarekin lotutako alorretan nabarmentzea bere ibilbidean eta bere sektorean lidergo-posizioa lortzea.
c) Ekintzailetzako Euskadi saria: Sektorean berrikuntza bultzatzen duten enpresak, sektorearen eta enpresa- eta negozio-eskualdaketako programaren parte diren enpresa edo pertsonen lehiakortasuna hobetzen laguntzen duten zerbitzu, esperientzia edo produktu turistikoak sortuz, hobetuz edo sendotuz.
d) Helmuga Arduratsu eta Jasangarriaren Euskadi saria: Ekimen arduratsuak eta jasangarriak garatzea, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-arloko jarduketen bidez, bai eta turismo-helmuga askotarikoa, berdintasunezkoa eta inklusiboa finkatuz ere, bere eragin-eremuan eskaintzen dituen turismo-esperientzietarako irisgarritasuna sustatzearen bidez.
7. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.
1.– Epaimahaiak saria emateko proposamen bat egingo du, non hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko baitira.
2.– Epaimahaiaren proposamena aztertuta, proposamen hori aurkeztu eta gehienez hilabeteko epean, ebazpena emango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, eta EHAAn argitaratuko da, sailburuaren agindu baten bidez.
3.– Sariren bati buruzko epaia eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta, epaimahaiaren iritziz, proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen eranskin honetan ezarritako baldintzak.
4.– Sariak ohorezkoak dira.
8. artikulua.– Aitortza publikoa.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aitortza publikoaren ekitaldia.
9. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileen datu pertsonalak tratatzeko orduan «EAEko Turismoko Euskadi Sarien Agindua» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, zeinaren helburua sarien deialdiak kudeatzea izango da. Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
II. ERANSKINA
2026. URTEKO EAE-KO MERKATARITZAKO EUSKADI SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Helburua.
Merkataritzako Euskadi sarien helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan merkataritzaren alde lan egiteagatik eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiteagatik nabarmentzen diren enpresak saritzea, betiere Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritako berdintasun-printzipioak errespetatuta.
2. artikulua.– Kategoriak.
Eranskin honetan, merkataritza-sektoreko Euskadi sariak arautzen dira; guztira, lau izango dira, horietako bakoitza kategoria edo jarduketa-eremu hauetako bati dagokiona:
a) 2026ko Merkataritzako Euskadi saria, negozio-garapenean, jasangarritasunean, berrikuntzan, talentuaren kudeaketan, bikaintasunean, kalitatean, etikan edo komunitatearekiko konpromisoan arrakastaz nabarmentzea lortu duen enpresa bat aitortzeko.
b) Ibilbide Profesionalaren Euskadi saria, enpresa edo profesional bat aitortzeko, sektorean egindako ibilbideagatik eta bere entitatea establezimendu enblematiko bihurtzeagatik; alegia, kokatuta dagoen ingurunearen identitatearen ezinbesteko parte den establezimendu bilakatzeagatik.
c) Ekintzailetzako Euskadi saria, zeinaren helburua baita merkataritzaren sektorean eragin, originaltasun, ekimen, ahalegin, ikusgarritasun eta aitorpen berezia izan duten ekintzaileak saritzea. Saritutako negozioaren antzinatasuna 2 urtekoa izango da gehienez. Ondorio horietarako, epe bera izango dute belaunaldi-erreleboaren bidez eskualdatutako negozioek.
d) Merkataritza Eremuen Dinamizazioaren Euskadi Saria, zeinaren helburua baita pertsonek, enpresaburuek, elkarteek, udalek edo merkataritza suspertzeko eta garatzeko entitateek sustatutako ekintzak eta proiektuak aitortzea, baita tokiko hiri-ekonomia dinamizatzen egindako lana nabarmentzea ere. Saria emateko orduan, kontuan izango da hautagaien lanak, objektiboki kuantifikatuta, eragin positiboa izatea aitortzaren xede diren jarduketen eragin-eremuko merkataritzan.
3. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunak.
a), b) eta c) kategorietan, onuradun izan ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoan irabazi-asmoko merkataritza-jardueraren bat gauzatzen duten merkataritza-enpresen titularrak, fisikoak edo juridikoak, baldin eta ez badaude Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13.1 artikuluan ezarritako ezein egoeratan.
Bestalde, d) kategorian (merkataritza-inguruneen dinamizazioa) parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko pertsonek, enpresariek eta toki-entitateek sustatutako proiektuek, baita jarduera berezi edo berritzaileei ekin dieten edo bultzada-gaitasun handia izan duten proiektuak bultzatzen dituzten elkarteen proiektuek ere, baldin haien jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidegoan bada.
4. artikulua. Hautagaiak.
1.– Hauek aurkeztu dezakete hautagaitza:
a) Saria lortu nahi duenak berak.
b) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak.
c) Hiru foru-aldundiek.
d) EAEko hiriburuetako turismo-sustapenaren eta garapen ekonomikoaren ardura duten toki-entitateek.
e) EAEko garapen ekonomikoaren ardura duten sektore publikoko entitateek.
f) EAEko merkataritza-sektoreko elkarteek.
g) Hiriburuetako hiri-merkataritzako plataformek.
h) EAEko merkataritza-ganberak-Eusko Ganberak.
2.– Hilabetekoa izango da hautagaitzak formalizatzeko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Hautagaitza aurkezteko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabide-inprimakia, behar bezala beteta.
b) Azalpen-memoria, hautagaiaren merezimenduak behar bezala arrazoituta biltzen dituena.
c) Sustapen-material grafikoa (mp4 formatuko bideoak edo irudiak, egile-eskubiderik gabekoak eta bereizmen handikoak) eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu.
Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez badira aurreko artikuluan zerrendatutako agiri guztiak aurkeztu, Merkataritza Zuzendaritzak eskatzaileari eskatuko dio 10 eguneko epean akats hori zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko; gainera, ohartaraziko zaio, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
4.– Entitateek bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1072807
5.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du erabat eta berariaz onartzen direla agindu honetan ezarritako baldintzak.
5. artikulua.– Merkataritzako Euskadi sariak emateko prozedura.
Saria emateko norgehiagoka-prozedurari jarraituko zaio.
6. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Hauek izango dira epaimahaikide: epaimahaiburua, mahaiburuordea eta hiru bokal.
a) Epaimahaiburua: Turismo eta Merkataritzako sailburuordea.
b) Mahaiburuordea: Merkataritzako zuzendaria. Epaimahaiburua ordezkatuko du kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.
c) Bokalak:
• Euskomer-Merkataritzaren Euskal Konfederazioaren ordezkaria.
• Euskaldendak-Euskadiko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Enpresen Elkarteen Konfederazioaren ordezkaria.
• EAEko hiriburuetako hiri-merkataritzako plataformetako baten ordezkaria.
• EAEko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko ganberen ordezkaria,
• Euskalit-Kalitaterako Euskal Fundazioko ordezkaria.
d) Idazkaria: Merkataritza Zuzendaritzari lotutako lanpostu bat betetzen duen pertsona bat; hitza izango du, baina botorik ez.
2.– Epaimahaia Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzaren egoitzan eratuko da. Bai epaimahaiaren funtzionamenduak, bai hark gauzatzen dituen jarduketek, bai eta kideen abstentzio- eta errekusazio-araudiak ere, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoa izango dute arau.
7. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio espezifikoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak:
a) 2026ko Merkataritzako Euskadi saria: helburua zenbait enpresa saritzea da, baldin eta negozio-garapenarekin, negozio-ardaztzat berrikuntza hartzearekin, eta jasangarritasun sozial (talentuaren kudeaketa, etika eta komunitatearekiko konpromisoa), ekonomiko eta ingurumenekoarekin lotutako alorretan nabarmentzen badira eta bere sektorean lidergo-posizioa lortu badute.
b) Lanbide Ibilbidearen Euskadi saria: helburua da enpresa- eta lanbide-ibilbide luzea izan dutelako nabarmentzen diren merkatariak saritzea; hau da, urteetan merkataritzaren sektorean zein kontsumitzaileei lotuta izan diren abagune aldakorretara egokitzen jakin dutenak eta, ondorioz, enpresek arrakastaz irautea lortu dutenak.
c) Ekintzailetzako Euskadi saria: helburua da negozio-eredu berritzaileak abian jarri dituzten eta ekimen, ahalegin eta abarrengatik nabarmentzen diren ekintzaileak saritzea, baldin ekimen, ahalegin eta abarrek eragin berezia izan badute negozio-ereduan eta merkataritza-sektorearen ikusgarritasun positiboa ematen badute.
d) Merkataritza Eremuen Dinamizazioaren Euskadi saria: helburua da zeharkako aliantzen eta lankidetza-egituren bidez bultzatutako dinamizazio-proiektuak saritzea, jarduketa-eremuan emaitza neurgarriak izan badituzte. Zehazki, aintzat hartuko da proiektu berritzaileak gidatzen ari diren pertsonak, enpresariak, udalak, Euskadiko ente lokalak eta elkarteak saritzea, baldin merkataritza bera zein merkataritza-jarduerarekin lotura duten zerbitzuak dinamizatzeko plan estrategikoak garatzen ari badira (batez ere merkatuei, hiriko merkataritza-eremuei eta merkaturatze-kate laburrei dagokienez).
8. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.
1.– Epaimahaiak saria emateko proposamen bat egingo du, non hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko baitira.
2.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, proposamen hori aurkeztu eta gehienez hilabeteko epean, ebazpena emango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, eta EHAAn argitaratuko da, sailburuaren agindu baten bidez.
3.– Sariren bati buruzko epaia eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta, epaimahaiaren iritziz, proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen eranskin honetan ezarritako baldintzak.
4.– Sariak ohorezkoak dira. Salbuespen gisa, eta, epaimahaiburuak proposatuta, aipamen bereziak eman ahalko zaizkie epaimahaiaren saririk eskuratu ez duten baina euskal merkataritzaren sektoreari egiten dioten ekarpen handiagatik nabarmendu behar diren hautagaiei, bai arrazoi orokorrengatik bai epaimahaiak baloratutako beste arrazoi batzuengatik.
9. artikulua.– Aitortza publikoa.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aitortza publikoaren ekitaldia.
Adierazitako kategoria horietako bakoitzean, aipamen edo aitortza publiko bat ezarriko da. Sari horien pertsona edo entitate onuradunek inprimaki profesionaletan adierazi ahal izango dute sari hori jaso dutela, eta beren establezimenduetan jarri ahal izango dute agerian.
10. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileek deialdiak izapidetzerakoan emandako datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra). Erregelamendu hori oinarritzat harturik, deialdia izapidetzean bildutako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko baimena eman dutenez deialdian parte hartu dutenek, datuok «EAEko Merkataritzako Sarien Agindua» izeneko fitxategian gordetzeko baino ez dira erabiliko. Fitxategiaren helburua, hain zuzen, sarien deialdia kudeatzea izango da, baita parte-hartzaileei sarien garapenaren berri ematea ere. Merkataritza Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Interesdunek eskubidea dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzan, helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
III. ERANSKINA
2026. URTEKO EAE-KO KONTSUMOKO EUSKADI SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Helburua.
Kontsumoko Euskadi sarien helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumo arduratsuaren alde eta kontsumitzaileen eskubideen defentsaren alde egiten duten lanagatik nabarmentzen direnak saritzea, betiere Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritako berdintasun-printzipioak errespetatuta.
2. artikulua.– Kategoriak.
Eranskin honek turismorako arautzen dituen Euskadi sariak lau kategoriatan egituratuta daude, eta kategoria bakoitza jardun-eremu espezifiko bati lotuta dago:
a) 2026ko Kontsumoko Euskadi saria: kontsumo arduratsua sustatzea eta kontsumitzaileen eskubideen alde egitea.
b) Kontsumitzaileen Babesaren Euskadi saria: kontsumitzaileen babes handiagoa eta kontsumitzaile arduratsuak izateko prestakuntza lortzeko jarduketak.
c) Jardunbide Egokien Euskadi saria: kontsumo arduratsuaren aldeko enpresa-jardunbide egokiak.
d) Komunikazioko Euskadi saria: kontsumitzaileen eskubideak babesteko informazio- edo dibulgazio-ekintzak.
3. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunak.
Hauek izan daitezke agindu honen bidez onartutako deialdiko sarien onuradun:
1.– Lehenengo kategorian –a) kategoria–, onuradun izan ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan kontsumo arduratsuaren sustapena, kontsumitzaileen eskubideen babesa eta defentsa, kontsumoari buruzko informazioa eta hezkuntza, jasangarritasuna, enpresa-etika, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, kontsumo-jardunbide egokien berrikuntza edo komunitatearekiko konpromisoa bultzatzen duten enpresak, pertsona fisikoak edo juridikoak, entitateak edo antolakundeak.
2.– Bigarren kategorian –b) kategoria–, onuradun izan daitezke kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoak, eta kontsumitzaileei laguntza eta babesa ematen ibilbide luzea egin duten beste entitate batzuk, kontsumitzaileen elkarteak kasu. Kontsumitzaileen elkarteen kasuan, beharrezkoa da abenduaren 28ko 262/2021 Dekretuan araututako EAEko Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan inskribatuta egotea.
3.– Hirugarrenen kategorian –c) kategoria–, onuradun izan daitezke kontsumo arduratsua lortzera eta sustatzera bideratutako «Enpresa-jardunbide egokiak» garatzen dituzten enpresak.
4.– Laugarren kategorian –d) kategoria–, onuradun izan daitezke hedabideak, komunikazio-agentziak eta kontsumitzaileak sentsibilizatzeko informazio-ekintzak antolatzen edo espazioak eskaintzen dituzten beste entitate batzuk.
4. artikulua.– Hautagaiak.
1.– Hauek aurkeztu dezakete hautagaitza:
a) Saria lortu nahi duenak berak.
b) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak.
c) Kontsumitzaileen elkarteek.
d) KIUBen arduradunek.
e) EAEko enpresa-elkarteek.
f) EAEko publizitate-agentzien elkarteek.
2.– Hilabetekoa izango da hautagaitzak formalizatzeko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Hautagaitza aurkezteko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabide-inprimakia, behar bezala beteta.
b) Azalpen-memoria, hautagaiaren merezimenduak behar bezala arrazoituta biltzen dituena.
c) Sustapen-material grafikoa (mp4 formatuko bideoak edo irudiak, egile-eskubiderik gabekoak eta bereizmen handikoak) eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu.
Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez badira aurreko artikuluan zerrendatutako agiri guztiak aurkeztu, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak eskatzaileari eskatuko dio 10 eguneko epean akats hori zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko; gainera, ohartaraziko zaio, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
4.– Entitateek bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1076107
5.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du erabat eta berariaz onartzen direla agindu honetan ezarritako baldintzak.
5. artikulua.– Kontsumoko Euskadi sariak emateko prozedura.
Saria emateko norgehiagoka-prozedurari jarraituko zaio.
6. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Aurkezten diren hautagaiak balioesteko epaimahai bat eratuko da, honela osatuta:
Epaimahaiburua: Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua.
Bokalak:
– Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria. Epaimahaiburua ordezkatuko du kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.
– Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat.
– EAEko kontsumitzaile-elkarteen ordezkari bat.
– Idazkari teknikoa: Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzako unitateburua; hitza izango du, baina botorik ez.
2.– Hautaketa-organoa Kontsumobideren egoitzan eratuko da. Bai epaimahaiaren funtzionamenduak, bai hark gauzatzen dituen jarduketek, bai eta kideen abstentzio- eta errekusazio-araudiak ere, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoa izango dute arau.
7. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio espezifikoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak:
a) 2026ko Kontsumoko Euskadi saria: Helburua da saria ematea enpresa, entitate edo antolakunde bati, baldin eta arrakastaz nabarmendu bada zenbait arlotan Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, hala nola kontsumo arduratsuaren sustapenean, kontsumitzaileen eskubideen babesean eta defentsan, kontsumoari buruzko informazioan eta hezkuntzan, jasangarritasunean, enpresa-etikan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean, kontsumo-jardunbide egokien berrikuntzan edo komunitatearekiko konpromisoan.
b) Kontsumitzaileen Babesaren Euskadi saria: Ibilbide profesionalaren garrantzia. Helburua da kontsumoaren arloan ibilbide profesional aipagarria duten kontsumo-eragileak saritzea, eta, horretarako, ibilbidea bera, haren iraupena eta egindako lorpenak baloratuko dira.
c) Jardunbide Egokien Euskadi saria: EAEko enpresaren edo profesionalaren garrantzia. Kontsumo arduratsua eta jasangarria lortzeko eta sustatzeko enpresa-jardunbide egokiak garatzen dituzten jarduketak baloratuko dira.
d) Komunikazioko Euskadi saria: Aitortza egingo zaio EAEko kontsumo-eremuaren balioak nabarmentzen dituzten hedabideen dibulgazio-jarduerarik onenari.
8. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.
1.– Epaimahaiak saria emateko proposamen bat egingo du, non hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko baitira.
2.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, proposamen hori aurkeztu eta gehienez hilabeteko epean, ebazpena emango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, eta EHAAn argitaratuko da, sailburuaren agindu baten bidez.
3.– Sariren bati buruzko epaia eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta, epaimahaiaren iritziz, proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen eranskin honetan ezarritako baldintzak.
4.– Sariak ohorezkoak dira. Salbuespen gisa, eta, epaimahaiburuak proposatuta, aipamen berezia eman ahalko zaio epaimahaiaren saririk eskuratu ez duen baina euskal merkataritzaren sektoreari egiten dion ekarpen handiagatik nabarmendu behar den hautagaiari, bai arrazoi orokorrengatik, bai epaimahaiak baloratutako beste arrazoi batzuengatik.
9. artikulua.– Aitortza publikoa.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aitortza publikoaren ekitaldia.
Adierazitako kategoria horietako bakoitzean, aipamen edo aitortza publiko bat ezarriko da. Sari horien pertsona edo entitate onuradunek inprimaki profesionaletan adierazi ahal izango dute sari hori jaso dutela, eta beren establezimenduetan jarri ahal izango dute agerian.
10. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileek deialdiak izapidetzerakoan emandako datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra). Erregelamendu hori oinarritzat harturik, deialdia izapidetzean bildutako datu pertsonalak tratatzeko eta publikatzeko baimena eman dutenez deialdian parte hartu dutenek, datuok «Euskadiko Kontsumoko Sariak» izeneko fitxategian gordetzeko baino ez dira erabiliko. Fitxategiaren helburua, hain zuzen, Euskadiko kontsumoko sariak emateko prozesua kudeatzea izango da, bai eta parte-hartzaileei sarien garapenaren berri ematea ere. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua da fitxategi horren arduraduna. Datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta haien tratamenduaren aurka egiteko eskubideak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan baliatu ahal izango dira, helbide honetan: Santiago hiribidea 11, 01002 Vitoria-Gasteiz.
IV. ERANSKINA
2026. URTEKO TURISMOKO, MERKATARITZAKO ETA KONTSUMOKO EUSKADI SARI BEREZIA EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Xedea.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Turismoko, Kontsumoko eta Merkataritzako Euskadi sari berezi bat deitu ahal izango du, aitorpen bakar gisa, proiektu, ibilbide, ekimen, kolektibo edo pertsona baten ekarpen positiboa nabarmentzeko.
2. artikulua.– Pertsona eta entitate onuradunak.
Onuradun izan daitezke edozein jarduera-sektoretako pertsona fisiko edo juridikoak, entitateak, erakundeak edo kolektiboak, baldin eta haien ekarpenak eragin nabarmena badu EAEko turismoaren, merkataritzaren edo kontsumitzaileen babesaren garapenean, laguntzan, indartzean, berrikuntzan edo prestigioan.
3. artikulua.– Eskakizunak.
Hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Jarduera Euskadin garatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak, entitateak, kolektiboak edo erakundeak izatea, edozein sektoretakoak direla ere, baldin eta haien jardunak eragin zuzena eta egiaztagarria badu turismoaren, merkataritzaren edo kontsumitzaileen babesaren eremuetan.
b) Turismoaren, merkataritzaren edo kontsumoaren esparruan ekarpen positiboa, esanguratsua eta egiaztagarria egin dutela egiaztatzea.
c) Zehapen administratibo edo judizial irmorik ez izatea turismoaren, merkataritzaren, kontsumoaren, berdintasunaren, ingurumenaren, laneko segurtasunaren edo aurkeztutako jarduerarekin lotutako beste edozein araudiren arloko arau-hauste astun edo oso astunengatik.
d) Sailarekin ez izatea harreman profesionalik, kontratuzkorik edo mendekotasun zuzenekorik, balorazio-prozesuaren inpartzialtasuna arriskuan jar dezakeenik.
e) Ez aurkeztea informazio faltsurik, osatugaberik edo manipulaturik hautagaitzan edo aurkeztutako dokumentazioan.
f) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 13.1 artikuluan jasotako legezko ezein debekuren pean.
4. artikulua.– Hautagaiak.
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak proposatuko ditu Turismoko, Kontsumoko eta Merkataritzako Euskadi sari berezirako hautagaiak. Proposamena txosten arrazoitu baten bidez formalizatuko da. Txosten horretan, proposatutako pertsonaren, kolektiboaren, entitatearen, proiektuaren, ibilbidearen edo ekimenaren merezimenduak, garrantzia eta inpaktua deskribatuko dira.
2.– Txostenean honako hauek bilduko dira, gutxienez:
a) Proposatutako jarduketaren, ibilbidearen edo ekimenaren deskribapen zehatza.
b) Turismo-, merkataritza- edo kontsumo-sektoreei egindako ekarpen positiboaren justifikazioa.
c) Sortutako ekonomia-, gizarte-, kultura- edo lurralde-eraginaren balorazioa.
d) Izaera berritzailea, jasangarria, eredugarria edo eraldatzailea duela egiaztatzen duten elementuen identifikazioa.
e) Hautagaitza behar bezala ebaluatzeko garrantzitsutzat jotzen den beste edozein informazio.
3.– Txosten arrazoitua egin ondoren, sailak epaimahaiari bidaliko dio, hark balora dezan, beharrezkoa den dokumentazio osagarriarekin batera.
5. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Formalizatutako hautagaitzak baloratzeko epaimahai bat eratuko da, honako hauek osatua:
a) Turismo eta Merkataritzako sailburuordea, epaimahaiburu izango dena.
b) Mahaiburuordea: Turismo eta Ostalaritzako Kabinete eta Komunikazioko zuzendaria. Epaimahaiburua ordezkatuko du kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean.
c) Bokalak:
• Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria.
• Merkataritzako zuzendaria.
• Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria.
• Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria.
d) Idazkaria: Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari edo Merkataritza Zuzendaritzari lotutako lanpostu bat betetzen duen pertsona bat; hitza izango du, baina botorik ez.
2.– Epaimahaiaren funtzionamenduak eta epaimahaikideen abstentzio- eta errekusazio-araudiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoa izango dute arau.
3.– Epaimahaiaren osaerak martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoa beteko du (1/2023 Legegintzako Dekretua, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).
6. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Saria emateko, sailak irizpide hauen arabera baloratuko ditu hautagaiak:
1.– Interes publikoari egindako ekarpena: Euskadiren garapen ekonomikoari edo sozialari egindako ekarpen esanguratsua, turismoaren, merkataritzaren edo kontsumitzaileen babesaren esparruetarako onuragarria izan dela egiazta daitekeenean.
2.– Lortutako eragina: Lortutako emaitzak, lurralde- edo sektore-irismena eta hobekuntza edo eraldaketa esanguratsuen ebidentzia.
3.– Berrikuntza eta originaltasuna: Balio bereizgarria ematen duten ikuspegi, metodo edo irtenbide berritzaileak txertatzea.
4.– Jasangarritasuna eta ardura: Garapen orekatua eta arduratsua lortzen laguntzea.
7. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.
1.– Epaimahaiak sari berezia emateko proposamen bat egingo du; proposamen horretan, hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko dira.
2.– Epaimahaiaren proposamena jaso ondoren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak dagokion ebazpena emango du, gehienez ere hilabeteko epean. Sailburuaren agindu bidez emango da saria, eta EHAAn argitaratuko da.
8. artikulua.– Ohorezko izaera eta aitortza publikoa.
1.– Sariak ohorezko izaera baino ez du, eta aintzat hartutako merezimenduen aitortza publikoa da.
2.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aitortza publikoaren ekitaldia.
9. artikulua.– Datu pertsonalak.
Prozedura honen esparruko datu pertsonalen tratamendua bi arau hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa.
Datu horiek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren tratamendu-jardueretan sartuko dira, eta «EAEko Turismoko Sarien Agindua» fitxategian sartuko dira, sariaren balorazioa, izapidetzea eta ematea kudeatzeko, bai eta, hala badagokio, saria ematearen ondoriozko hedapen instituzionala kudeatzeko ere.
Interesdunek datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, haien aurka egiteko, datuen tratamendua mugatzeko eta datuak eramateko eskubideak baliatu ahal izango dituzte Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrean, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzetan.
RSS