Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

52. zk., 2023ko martxoaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1330

EBAZPENA, 2023ko martxoaren 8koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez argitaratzen baita krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzetarako 2023ko deialdia. Bideratu Berria programa.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 17ko Aginduak Bideratu Berria programa arautzen du (2017ko urriaren 24ko EHAA, 203. zk.), zeinaren bidez krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen baitira.

Agindu horren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzetarako 2023ko deialdia egin behar da.

Bideratu Berria programa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Plan hori 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez. Plan hori 2021eko ekainaren 30eko, 2022ko otsailaren 17ko, 2022ko irailaren 7ko eta 2023ko otsailaren 23ko aginduen bidez aldatu da.

Horrenbestez, aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezarritako eskumena erabilita, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 17ko Aginduan aurreikusita dauden laguntzetarako 2023ko deialdia egitea eta laguntzak aurrerakin itzulgarrien bidez ematea (2017ko urriaren 17ko Aginduaren bidez, krisialdian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dira; Bideratu Berria programa).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak onartutako kredituen arabera nahikoa aurrekontu-zuzkidura dagoenez, 1.000.000,00 euro bideratzen dira 1. artikuluan azaldutako xedea betetzera.

Deialdi honen kontura emango diren laguntzen zenbateko osoa ezingo da izan artikulu honetan finkatutako zenbatekoa baino handiagoa edo, indarrean dagoen legerian aurreikusita dagoen kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren araubidearen arabera, hura eguneratzetik ateratako zenbatekoa baino handiagoa. Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, ez da dirulaguntza gehiagorik emango, eta, beraz, handik aurrera, ebazpen honek ez du ondoriorik izango. Horrelakorik gertatuz gero, gorabehera horien berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Industriako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Eskabideak, aurkezteko epea eta modua.

1.– Ebazpen honetatik eratorriko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta bestelako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak xedatutakoaren arabera.

2.– Eskabidea izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskabidearen formulariora sartzeko erabiltzen dena eta erantzukizuneko adierazpenak eta ereduak dituena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091108

Eskabidearen osteko izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barnean direla, bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan eskura daitezke: https:// www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Halaber, eskabidea ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da; amaitu, berriz, 2023ko irailaren 29ko 12:00etan, 2. artikuluan adierazitako zenbatekoa lehenago agortzen ez bada.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 51.9 artikuluarekin bat etorriz: «Laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, horretarako ezarritako gehieneko epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek dirulaguntza emateko eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertu ahal izango dute.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 8a.

Industriako sailburuordea,

MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.


Azterketa dokumentala