Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2023ko otsailaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
917

AGINDUA, 2023ko otsailaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena. Horren bidez, egutegi komuna ezartzen da 2023-2024 ikasturtean Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan Batxilergoko ikasleak onartzeko eskabideak aurkezteko; era berean, jarraibideak onartzen dira ikasleok onartzeko eta hezkuntza-maila horretan irakaskuntza ofizialak ematen dituzten ikastetxe guztietan matrikulatzeko.

Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen du hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita oinarrizko lanbide-heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere. Hori horrela, dekretu horren 10. artikuluak ezartzen du hezkuntza-etapa bakoitzean ikasleak onartzeko prozedura bera izango dela dekretu horrek xede dituen ikastetxe guztietan, eta urtero erregulatuko dela hezkuntza-arloan eskumena duen sailburuaren aginduen bidez.

Agindu horietan ezarriko dira eskabideak aurkezteko eta horiek ebazteko epeak. Halaber, agindu horietan zehaztuko da interesdun bakoitzak zer dokumentazio aurkeztu behar duen, kasuan-kasuan, eskabidearekin batera, onarpen-prozeduran kontuan hartzea nahi duen irizpideak egiaztatzeko, dekretu horretan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan, 2023-2024 ikasturterako Batxilergoko ikasleak onartzeko prozeduran bete beharko diren egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira. Era berean, eta horren ondorioz, hezkuntza-maila horretan irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxe guztietan ikasleak matrikulatzeko prozedura aginduko da. Horrenbestez, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu hau 2023-2024 ikasturtean aplikatu beharko da Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan Batxilergoko ikasleak onartzeko prozesuan. Era berean, hezkuntza-maila horretako ikasleak matrikulatzeko prozesuan ere aplikatuko da.

2. artikulua.– Onarpen- eta matrikulazio-egutegia.

Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan Batxilergoko ikasketak egin nahi dituzten ikasleak onartu eta matrikulatzeko ezarri den egutegia hau da:

a) Eskabideak eta dokumentazioa entregatzea: martxoaren 27tik apirilaren 21era, biak barne.

b) Eskabideko datuak aldatzea: apirilaren 21era arte.

c) Eskatzaileen zerrenda argitaratzea: maiatzaren 3an.

d) Onartuen eta itxarote-zerrendan daudenen behin-behineko zerrendak argitaratzea: maiatzaren 10ean.

e) Onartuen eta itxarote-zerrendan daudenen behin-behineko zerrendei erreklamazioak egitea: maiatzaren 17ra arte, egun hori barne.

f) Eskabidean atzera egitea: maiatzaren 17ra arte, egun hori barne.

g) Onartuen eta itxarote-zerrendan daudenen behin betiko zerrendak argitaratzea: maiatzaren 24an.

h) Matrikulatzeko ohiko aldia: ekainaren 19tik uztailaren 4ra, biak barne.

i) Onartuen eta itxarote-zerrendan daudenen behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko epea: ekainaren 26ra arte, egun hori barne.

j) Itxarote-zerrendaren indarraldia: irailaren 29ra arte.

I. eranskineko hogeita hamahirugarren jarraibidearen arabera, plaza erreserbatuta izateagatik edo onartutakoen zerrendan egoteagatik 2023-2024 ikasturtean plaza duten pertsonek, matrikula formalizatu beharko dute ohiko matrikulaldian, hau da, ekainaren 19tik uztailaren 4ra bitartean, biak barne. Formalizatzen ez badute, ulertuko da erreserbatutako edo esleitutako plazari uko egiten diotela.

Aurreko paragrafoan aipatutako matrikula formalizatzeak ez du eragozten beste eskola-plaza batera eta, hala badagokio, ikastetxera aldatzea uztailaren 5etik irailaren 29ra bitartean, baldin eta plaza bat libre badago eta horretarako eskubide handiena badagokio, kontuan hartuta hogeita hamaikagarren jarraibidearen 4. apartatuan aipatutako itxarote-zerrendako hurrenkera eta agindu honen 4. artikuluan aipatutako prozedura.

3. artikulua.– Argibideak eta zerrendak argitara ematea.

Onarpen- eta matrikulazio-egutegian aurreikusitako zerrenda osoak, pertsona batek eskatutako plazei buruzkoak, pertsona horrentzako argitaratuko dira Hezkuntza Sailaren atarian, Internet Ikasgunean (https:// ikasgunea.euskadi.eus). Ikastetxeek zerrenda horietarako sarbidea emango diete eskatzaileei.

Baremazioa egin behar izan den kasuetan, eskatzaileek beren puntuazio banakatura sartzeko aukera izango dute, bai eta ikastetxe, maila eta eredu berean puntuazio handiagoa lortu duten eskatzaileenetara ere. Era berean, ikastetxe, maila eta eredu bereko gainerakoen puntuazio osoaren berri jaso ahal izango dute.

Hori horrela izan arren, bereziki babestu beharreko datu pertsonalak biltzen dituzten baremazio-irizpideak kontzeptu berean taldekatuko dira.

4. artikulua.– Matrikula uztailaren 5etik irailaren 29ra bitartean egitea.

Uztailaren 5etik irailaren 29ra bitarteko matrikulak egiteko, hogeita hamahirugarren jarraibidearen 2. eta 3. apartatuetan adierazitakoa bete beharko da.

Irailaren 29tik aurrera, hogeita hamahirugarren jarraibidearen 4. apartatuan adierazitakoa bete beharko da.

5. artikulua.– Estatistika-datuak balidatzea.

Ikastetxe guztiek Batxilergoan matrikulatzeko ohiko aldiari dagozkion estatistika-datuak balidatu beharko dituzte Hezkuntza Sailak xede horretarako diseinatutako aplikazio informatikoan, uztailaren 5etik 7ra bitartean, biak barne.

Era berean, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean balidatu beharko dituzte aplikazio horretan matrikularen behin betiko estatistika-datuak.

6. artikulua.– Ikasleen datuak grabatzea.

Batxilergoa eskaintzen duten ikastetxe guztiek ikasleen eskabide- eta matrikulazio-datuak grabatu beharko dituzte Hezkuntza Sailak diseinatu duen aplikazio informatikoan. Honako hau da horretarako egutegia:

a) Aurkeztutako eskabide guztietako datuak grabatzea: 2023ko apirilaren 26ra arte, egun hori barne.

b) Barematu beharra daukaten ikastetxe eta maila guztietan aurkeztutako eskabide guztien baremazio-datuak grabatzea: 2023ko maiatzaren 3ra arte, egun hori barne.

c) Ohiko aldian matrikulatutako pertsona guztien matrikula-datuak grabatzea (ikasle berriak, maila errepikatzen duten ikasleak eta maila batetik bestera igarotzen diren ikasleak): 2023ko uztailaren 7ra arte, egun hori barne.

7. artikulua.– Datuak grabatzeko prozesua amaitzea.

Batxilergoko ikasle guztien datuak grabatzeko eta matrikulak berresteko prozesuak guztiz amaituta egon beharko du 2023ko irailaren 29an.

8. artikulua.– Euskara edo gaztelania erabiltzeko eskubidea.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioz, ikasleek, gurasoek eta tutoreek administrazio publikoarekin dituzten harremanetan euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da, eta erabiltzen duten hizkuntza berean erantzungo zaie.

2.– Onarpena Bermatzeko Batzordeko partaideek euren jardunean euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak erabili ahal izango direla aztergaien zerrendan, aktetan, ziurtagirietan eta, oro har, testu idatzietan.

9. artikulua.– Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Eskabidean ageri diren datu pertsonalak tratatu, eta izen honetako tratamendu-jardueran sartuko dira: Ikastetxeetako ikasleen onarpena eta matrikula.

Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Araubide Orokorreko Ikasketetako (Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa) ikasleen onarpena eta matrikula, EAEko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan. Araubide Bereziko Ikasketetako (Ikasketa artistikoak, Kirol-ikasketak eta Hizkuntza-ikasketak) ikasleen onarpena eta matrikula, EAEko ikastetxe publiko eta pribatuetan.

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

Foru-aldundiak.

Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045500-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Ikastetxe eta Plangintzako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

10. artikulua.– Jarraibideak onestea.

Batxilergoko ikasleen onarpen-prozeduraren eta matrikulazioaren jarraibideak onesten dira, eta agindu honen I. eta II. eranskinetan dauden informatika-prozeduraren jarraibide osagarriak ere bai.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Itunpekoak ez diren ikastetxe pribatuek eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako atzerriko ikastetxeek dagokien aplikazio informatikoan sartu beharko dituzte beren ikastetxeetan matrikulatutako Batxilergoko ikasleen datuak. Datu horiek sartzeko epea 2023ko irailaren 29an amaituko da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 3a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
HEZKUNTZA SAILAREN MENDEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUETAN 2023-2024 IKASTURTERAKO BATXILERGOKO IKASLEEN ONARPEN-PROZEDURAREN ETA MATRIKULAZIOAREN JARRAIBIDEAK

Lehenengoa.– Aplikatu beharreko araudia.

2023-2024 ikasturterako, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, Batxilergoko ikasleak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren II. tituluaren III. kapituluan xedatutakoaren arabera onartuko dira, aurreko legea aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak emandako idazkeran, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan eta Hezkuntzako sailburuaren 2023-2024 ikasturterako izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna, onarpen-epea eta ikasleak onartzeko jarraibide hauek ezartzen dituen aginduan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena.– Ikasleak onartzeko berme-batzordeak.

Ikasleen onarpena bermatzeko egungo lurralde-batzordeek beren egitekoak betetzen jarraituko dute urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 15. artikuluko azkenengo paragrafoak aipatzen duen agindua eman eta indarrean sartzen den arte.

Dena dela, agindu hori eman bitartean Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 86.2 artikuluan ezarritako parte hartzea errespetatu beharko du osaerak, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak emandako idazkeran. Ondorioz, batzorde horietan sartuko dira ikasleen elkarteek izendatutako lau ikasle, bi Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetakoak eta bi itunpeko ikastetxeetakoak. Toki-administrazioaren ordezkariak, familienak eta ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatuenak kolektibo edo instituzio hauen erakunde ordezkariek izendatuko dituzte. Izendapen guztietan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioa erabiliko da.

Hirugarrena.– Eragin-eremuak.

Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 86. artikuluan eta 1/2018 Dekretuaren 9. artikuluan aipatzen diren eragin-eremuak eta eremu mugakideak, ikastetxe, modalitate eta hizkuntza-eskakizun bakoitzari dagozkionak, ikastetxeetako iragarki-taulan kontsultatu ahal izango dira.

Era berean, Hezkuntza Sailaren Interneteko «Ikasgunea» atarian, (https://ikasgunea.euskadi.eus), kontsultatu ahal izango da ikaslearen bizilekuaren eremuetan edo zonetan zein ikastetxe dauden.

Laugarrena.– Batxilergo motak eta eskainitako hizkuntza-ereduak.

Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan hizkuntza-eredu bakoitzean eskainitako Batxilergo motak 2023-2024 ikasturtean Hezkuntza Sailak baimendutakoak izango dira.

Itunpeko ikastetxe pribatuetan hizkuntza-eredu bakoitzean eskainitako Batxilergo motak ikastetxeek zehaztutakoak izango dira, baldin eta Hezkuntza Sailaren baimena badute. Itunpeko ikastetxe pribatu batean Batxilergoko taldeak eskaintzeak ez du esan nahi, horiek itunpekoak izango direnik.

Bosgarrena.– Ikasleentzako plazak zehaztea.

Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoei eta itunpeko pribatuei jakinaraziko diete zenbat talde izan ditzaketen maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean, bai eta zenbat ikasle matrikulatu ditzaketen, gehienez, horietako bakoitzean, ikasle-kopuruari eta ikastetxean segitzeko eskubideari buruzko araudian xedatutakoarekin bat etorriz.

Seigarrena.– Hezkuntzarako laguntzen premia berezia duten ikasleak eskolatzeko plazak erreserbatzea.

1.– Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko guztiek eta Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuek hezkuntzarako laguntzen premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko plaza kopuru jakin bat erreserbatu beharko dute, ebaluazio arruntaren eta apartekoaren ondoriozko aurreinskripzio- eta matrikula-epea amaitu arte.

2.– Hezkuntzarako laguntzen premia bereziak arrazoi hauengatik sor daitezke: heltze-atzerapena, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduak, arreta- edo ikaskuntza-nahasmenduak, ikaskuntza-hizkuntzaren ezjakintasun larria, hezkuntza-eta gizarte-zaurgarritasun egoeran egotea, adimen-gaitasun handiak, hezkuntza-sisteman berandu sartu izana edo baldintza pertsonalak edo eskola-historiakoak. Erreserbatutako plazak eskuratu ahal izateko, ikaslearen hezkuntza-laguntzen premia bereziak egiaztatu beharko dira, bai iragandako ikasturtean matrikulatuta egon zen ikastetxearen txostenaren bidez, bai Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan dagokion hezkuntza-laguntzako zerbitzuaren bidez.

3.– Hezkuntza Sailak zehaztuko du zenbat plaza erreserbatu beharko dituen ikastetxe bakoitzak ikasturte, etapa eta hizkuntza-eredu bakoitzean, artikulu honen 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, eta onarpen-prozesua hasi aurretik emango die horren berri ikastetxeei.

4.– Hezkuntzarako laguntzen premia bereziak dituzten ikasleentzat ikastetxe bakoitzak zenbat plaza gorde beharko duen zehazteko, Hezkuntza Sailak ahaleginak egingo ditu ikasle horiek modu orekatuan banatzeko funts publikoen laguntza duten ikastetxe guztien artean, hezkuntza-sisteman sartzea erraztuko duten baldintzetan.

Zazpigarrena.– Lehentasunak.

1.– Batxilergoa egiten ikastetxe, mota eta hizkuntza-eredu berean jarraitu behar izanez gero, ez da onarpen-eskabiderik egin behar. Hala ere, ikastetxe batean Batxilergo mota jakin batean eta hizkuntza-eredu jakin batean matrikulatuta dagoen edozein ikaslek hurrengo ikasturtean ikastetxe horretan baina beste mota edo hizkuntza-eredu batean matrikulatuta jarraitu behar badu, dagokion eskabidea egin beharko du, eta onarpen-prozesuan hartu beharko du parte, beste ikastetxeetatik datozen eskatzaileekin lehian.

2.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 2022-2023 ikasturtean ikastetxe batean egin duten ikasleek ikastetxe eta hizkuntza-eredu horretan bertan egin ahal izango dute Batxilergoa, onarpen-eskabidea egin beharrik gabe, Arte Batxilergoan izan ezik (bi adarretako edozeinetan) mota horrek dituen ezaugarri berezien ondorioz. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan hizkuntza-eredu batean eskolatu arren, ikastetxe horretan Batxilergoan ez badago hizkuntza-eredu hori, ikasle horiek Batxilergoko 1. mailan beren ikastetxean dauden hizkuntza-ereduetan matrikulatzeko aukera dute, onarpen-eskabiderik egin beharrik gabe, Arte Batxilergoan matrikula egin nahi dutenek salbu (bi adarretako edozeinetan).

3.– Ikastetxeek Batxilergoko maila, hizkuntza-eredu eta mota bakoitzean egoki iritzitako plaza kopurua gorde beharko dute, aurreko bi apartatuetan aipatutako ikastetxeko ikasleen eskubideak bermatzeko.

4.– 2022-2023 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza onartuak izateko eskabidea egin duten Batxilergoko ikastetxeari atxikitako batean egin duten ikasleek lehentasuna izango dute. Beraz, ikasle horiek atxiki gabeko ikastetxeetatik datozenen aurretik egongo dira, Arte Batxilergoan matrikula egin nahi dutenak salbu (bi adarretako edozeinetan), mota horrek dituen ezaugarri berezien ondorioz. Lehentasun hori galdu egingo da Zientzien eta Teknologia Batxilergoa, Batxilergo orokorra edo Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoa atxiki gabeko ikastetxe batean egiteko plaza eskatzen dutenean.

5.– Musika- eta dantza-ikasketa arautuak eta Batxilergoa aldi berean egiten ari diren ikasleek eta errendimendu handiko kirol-programetan dihardutenek lehentasuna izango dute Hezkuntza Sailak zehaztutako Batxilergoko ikastetxeetan onartuak izateko, eta atxiki gabeko ikastetxe batetik datozen ikasleen aurretik egongo dira. Lehentasun hori galdu egingo da beste ikastetxe batean plaza eskatzen den unean. Ez da beharrezkoa izango egiaztagiria aurkeztea, baldin eta ikaslea EAEko Musikako irakaskuntza arautuko ikastetxe batean matrikulatuta badago.

Apartatu honetan jasotako ikasleek lehentasun-eskubideaz baliatzeko, ikasleentzat aurreko apartatuan jasotzen diren eskubideak bete behar dituzte.

Atal horretan aipatzen diren ikastetxeak agindu honen III. eranskinean agertzen dira.

Zortzigarrena.– Prozesuari buruzko informazioa.

Onarpen-eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatu guztiek informazio hau emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso eta legezko tutoreei eta ikasleei eurei, eta ikastetxeko iragarki-taulan jarriko dute:

a) Ikasleak Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuetan onartzeko araudia.

b) Ikastetxearen eragin-eremuak eta haren mugakideak.

c) Eskabideak egiteko epeak.

d) Prozesuaren egutegia.

e) Ikastetxeko Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak baremoaren apartatuan ezarritako puntuazioa emateko askatasunez erabakitako irizpideak zehazten diren agiria.

f) Eskabideak aurkezteko aldian ikastetxeko idazkaritzak jendaurreko arreta-zerbitzua emateko izango dituen egutegia eta ordutegia.

g) Onartzeko prozesuari buruz maizenik egiten diren galderen erantzunen agiria.

Bederatzigarrena.– Onarpen-eskabideak.

1.– Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adingabea bada eta ez badago legez emantzipatuta, eskabidea ikaslearen aitak, amak edo tutorea den pertsona edo erakundeak aurkeztu behar du. Banandutako edo dibortziatutako familiak izanez gero, eskabidea aurkezten duen pertsonak beste gurasoaren baimena izan beharko du, edo, halakorik ezean, eskabidea bermatzen duen ebazpen judizial bat. Eskaera egiteko unean ikaslea adinez nagusia bada edo legez emantzipatuta badago, ikasleak berak aurkeztuko du eskabidea.

2.– Epez kanpo ez da eskabiderik onartuko. Epean aurkeztutako matrikula-eskabide guztiak onartu eta izapidetu beharko dituzte ikastetxeek eta, hala behar bada, barematu.

3.– Eskabidea egitean edo eskabideak egiteko ezarrita dagoen epean aurkeztuko dira barematzekoak diren egoerak egiaztatzeko beharrezkoak diren agiriak. Eskabideak onartzeko epea amaitu ondoren ez da beste agiririk onartuko.

4.– Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek ikastetxeari jakinarazi beharko diote egoera hori, dagozkien plazak eta beharrezkoa izan dezaketen laguntza berezia gordetzeko.

5.– Pertsona bakoitzak eskabide bakarra egin ahal izango du 2023ko martxoaren 27tik apirilaren 21era, biak barne. Ikastetxe batean edo gehiagotan hainbat eskabide aurkeztuz gero, eskatzaileak ikastetxea aukeratzeko eskubidea galduko da. Nolanahi ere, interesdunak entzunaldiko izapidea izango du, nahitaezkoa baita. Ondorioz, bikoiztutako eskabideak azkenengoz izapidetuko dira, epean aurkeztutako gainerako eskabideei plazak esleitu eta gero.

6.– Eskabidean, gehienez, hogeita lau eskabide egin ahal izango dira, lehentasunaren arabera antolatuta. Eskaera bakoitzean, ikastetxe, hizkuntza-eredu eta Batxilergo mota bana aukeratuko dira, ikastetxeak hizkuntza-eredu hori eskaini ala ez.

7.– Ikastetxe batek ez badu eskaintzen lehenengo eskabideko hizkuntza-eredua, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak aztertuko du maila eta eredu horretako taldea sortzeko aukerarik baden ikastetxean bertan edo inguruan, betiere behar adina eskabide badaude eta plangintzak posible egiten badu. Dena den, ikasleak parte hartuko du onartzeko prozesuan, eskaintzen diren ereduetan egin dituen gainerako eskabideekin.

8.– Maiatzaren 3an, eskatzaileen zerrenda argitaratuko da, maila, mota eta hizkuntza-ereduen arabera antolatuta.

9.– Onartzeko prozesuan atzera egin ahal izango da maiatzaren 17ra arte. Atzera egiteak eskubidean jasotako aukera guztietan du eragina. Eskabidea linean izapidetu bazen, hala egingo da atzera ere, Ikasgunea atarian sartu ondoren. Eskabidea aurrez aurre izapidetu bazen, atzera egiteko idatzia aurkeztu beharko du eskatzaileak, eskabidea aurkeztu zuen ikastetxean. Ondoren, ikastetxeak idazki hori artxibatuko du egin zen eskabidearekin batera.

10.– Honako bi modu hauetako batean aurkeztu ahalko dira eskabideak:

– Linean, Hezkuntza Sailak horretarako prestatutako aplikazio informatikoaren bitartez. Lineako eskabidea apirilaren 21eko 23:59ra arte aurkeztu ahal izango da; ordutik aurrera, aplikazioa ez da aktibo egongo. Aplikazioan sartzeko, «Ikasgunea» ataria erabili beharko da (https://ikasgunea.euskadi.eus).

– Lehen aukeran jarritako ikastetxearen idazkaritzan bete ahal izango du eskabidea interesdunak, eta idazkaritza horrek sartuko ditu eskatzaileak eskabideari buruz emandako datuak.

Hautatutako ikastetxean egiten bada eskabidea, interesdunak NANa edo identifikatzeko agiria aurkeztuko du, eta eskatutako datu guztiak emango ditu, ikastetxe horretako langileek aplikazio informatikoan sar ditzaten. Horrez gain, aukeratutako ikastetxean entregatu beharko ditu kasuan-kasuan egoki diren agiri guztiak.

Eskabidea linean eginez gero, beharrezkoak diren dokumentuak erantsiko dira eskaneatuta, bai nahitaezkoak, bai baremazio-prozesuan puntuak egiaztatzen dituztenak. Eskabidea bete eta gorde ondoren, lehenengo tokian hautaturiko ikastetxera bidaliko du informatika-aplikazioak, eta horrek bideratuko du. Eskatzaileak nahi duenean jaso ahal izango du eskabidearen frogagiria, eta zirriborrotzat hartuko da ikastetxeak izapideak egin arte.

Hamargarrena.– Eskabidearen zuzenketa.

Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo eskatutako nahitaezko agiri guztiak ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren agiriak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.

Hamaikagarrena.– Ikastetxe batean aurkeztutako eskabidea berrestea eta grabatzea.

Eskabidea ikastetxe batean aurkeztuz gero, eskabidearen datuak sartu eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, ikastetxeak eskatzaileari inprimaki bat erakutsiko dio; bertan, honako datu hauek jasoko dira: datu pertsonalak, egindako eskabideak, baremaziorako argudiatu diren arrazoiak eta aurkeztutako agiriak.

Eskatzaileak, berriz, sartutako datuak aztertuko ditu, eta, konforme baldin badago, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak, orduan, eskatzaileak sinatutako inprimakia zigilatu eta lehen sartutako datuak grabatuko ditu. Inprimaki hori, sinatuta eta zigilatuta dagoenean, eskatzaileak egindako eskabideen frogagiria eta egiaztagiria izango da.

Eskabidea sistema informatikoan grabatutakoan, haren izapideen jarraipena bi erara egin ahal izango da: aurrez aurre edo linean.

Hamabigarrena.– Eskabidearen datuak aldatzea.

Eskatzaileek 2023ko apirilaren 21era arteko epea izango dute (egun hori barne) grabatutako daturen bat aldatu edo zuzentzeko. Egun hori igarota, ez da aldaketarik edo zuzenketarik onartuko.

Eskabidea linean egin bazen, eskabideari alta eman ondoren, eskatzaileek aplikazioaren bidez aldatu edo zuzendu ahal izango dituzte grabatutako datuak 2023ko apirilaren 21era arte. Lehenengo lekuan eskatutako ikastetxea eskabidea izapidetzen hasi delako, aldaketarik edo zuzenketarik ezin bada egin, ikastetxe horrekin jarri beharko da harremanetan.

Eskabidea hautatutako ikastetxean egin bazen, eskabidea aldatu nahi dutenek ikastetxera bertara joan eta bertan eskatu beharko dute aldaketak egitea.

Dagokion zuzenketa egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik eman zitzaion jatorrizko inprimakia, sinatuta eta zigilatuta, aurkeztea. Egin beharreko zuzenketak egin ondoren, beste inprimaki bat emango zaio, sinatuta eta zigilatuta; orduan, zaharra apurtu eta datu berriak balidatuko dira.

Eskabideko datuak grabatuta ere, inoiz ez da aldatuko hurrenkera-zenbaki hori, hots, eskabidea lehenengo aldiz grabatu zenean ausaz esleitu zitzaiona.

Hamahirugarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Nahitaezko agiriak, ikaslearen adina edozein izanda ere.

– Ikaslearen NANaren edo AIZren fotokopia. Ez da aurkeztu beharko, baldin eta linean izapidetu bada eta agiri hori nortasun-datuak kontsultatzeko zerbitzuak balidatu badu.

b) Nahitaezko agiriak ikaslea adingabea bada.

– Ikasleari dagokion familia-liburuko orriaren fotokopia edo beste ziurtagiri ofizialen bat. Familia-harreran dauden ikasleek, familia-harrera egoeraren ziurtagiri ofiziala.

– Eskaera egiten duen pertsonari (aita edo ama) dagokion familia-liburuko fotokopia edo pertsona hori ikaslearen legezko tutorea dela ziurtatzen duen agiri ofiziala.

– Eskabidea egiten duen pertsonaren NANaren edo AIZren fotokopia: aitarena edo amarena, edo legezko tutorearena. Ez da aurkeztu beharko, baldin eta linean izapidetu bada eta agiri hori nortasun-datuak kontsultatzeko zerbitzuak balidatu badu.

– Banandutako edo dibortziatutako familiek Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloa betetzen dutela egiaztatzen duen agiria (ezkontide ohiaren baimen idatzia, ebazpen judiziala edo eskabidea bermatzen duen behin-behineko neurria, etab.).

c) Halaber, baremoko edozein apartaturen puntuazioa eskatzen denean, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Apartatu edo azpiapartatu batean puntuatzeko balio duten agirietako bat aurkezten ez bada, batere punturik gabe geratuko da apartatu edo azpiapartatu hori. Horrek ez du eskabidea baliogabetuko, ezta gainerako apartatuetako edo azpiapartatuetako puntuazioak ere.

2.– Aurrez aurreko izapideetan, dokumentazio guztia (bai nahitaezkoa bai baremazioan puntuak lortzeko beharrezkoa dena) lehenengo eskatu den ikastetxean aurkeztuko da, beste edozein ikastetxek baremazio-puntuak egiaztatzeko eman beharreko dokumentazioa izan ezik. Hori ikastetxe bakoitzaren idazkaritzan aurkeztu beharko da, lehenengo eskatu den ikastetxean eskabidea erregistratu ondoren. Horretarako, eskabidean adierazita egon behar dira puntuazioa eskatzen den ikastetxe bakoitzaren baremoko apartatuak.

Familia-bizilekuari edo lantokiari dagozkion puntuak egiaztatzeko, aski izango da behar diren ziurtagiriak lehenengo eskabidean aukeratutako ikastetxean aurkeztea, eta eskabide guztietarako baliagarriak izango dira, puntuazioa guztietan alda daitekeen arren. Eskabidea bakoitzeko, ziurtagiriak kontuan hartuta, aplikazio informatikoak puntuazio hoberena emango du. Udalak familia-bizilekuari buruz egindako ziurtagiria gehienez hiru hilabete lehenago egindakoa izango da.

3.– Internet bidezko izapideetan, dokumentazio guztia eskaneatuko da, eta, ondoren, eskabidearekin batera bidali beharko da Hezkuntza Sailak abian jarritako aplikazio telematikoaren bitartez.

4.– Hezkuntza-administrazioak noiznahi egiaztatu ahal izango du ekarri zaizkion dokumentuen benetakotasuna.

Hamalaugarrena.– Baremazioa.

1.– Ikastetxeak ez ditu eskabideak barematu beharko, ez hezkuntzarako laguntzen premia bereziak dituzten ikasleentzat gordetako plazetan, ez gainerako plazetan, baldin eta, lehentasun-hurrenkera edozein izanda ere, maila, mota eta hizkuntza-eredu baterako jasotako eskabideen kopurua kasu bakoitzean eskuragarri dagoen plaza-kopurua baino txikiagoa bada.

2.– Maila, mota eta hizkuntza-eredu jakin batean jasotako eskabideen kopurua, horien lehentasun-ordena edozein dela ere, plaza eskuragarrien kopurua baino handiagoa bada, ordea, ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenak edo itunpeko ikastetxeen titularrak, ikastetxearen eskola-kontseiluak gainbegiratuta, jaso dituen eskabideak barematuko ditu, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan aipatzen diren baremoaren eta hori aplikatzeko arauen zein jarraibide hauen arabera.

Lehenengo eskatu den ikastetxeak apartatu guztiak barematu beharko ditu. Bestalde, eskabidean aipatu diren gainerako ikastetxeek agindu honen IV. eranskineko baremoaren a), b), d), k) eta l) apartatuak barematuko dituzte.

Hamabosgarrena.– Eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean matrikulatuta dauden neba-arrebak izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa eskatzaileak eskatutako ikastetxean edo atxikitako batean neba-arreba bat edo gehiago matrikulatuta izateagatik emango da. Apartatu honetan kontuan hartuko diren bakarrak Hezkuntza Sailak arautako onarpen-prozesuko mailaren batean matrikulatuta dauden neba-arrebak izango dira.

2.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, ikaslearen onarpen-eskabidea aurkezten den ikasturtean gertatu beharko da egoera hori, hau da, 2022-2023 ikasturtean.

3.– Senidea dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da.

4.– Apartatu honi dagokion puntuazioa ematean, neba-arrebatzat joko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edo behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreran dauden adingabeak ere.

5.– Era berean, apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da ikaslearen bi gurasoetako baten legezko bikotea den pertsona. Pertsona horren seme-alabak ere neba-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

6.– Gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edo izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar da.

Hamaseigarrena.– Ikaslearen edo aitaren, amaren edo legezko tutorearen familia-bizilekuaren edo lantokiaren gertutasunari dagokion baremoko apartatuari aplikatzeko arauak.

1.– Apartatu horri dagokion puntuazioa agindu honen IV. eranskinean zehaztutako sei azpiapartatuetako batengatik bakarrik emango da. Eskatzaileek azpiapartatu bat aukeratu beharko dute puntuazioa lortu ahal izateko.

2.– Eskaera egiteko unean ikaslea adingabea bada eta ez badago legez emantzipatuta, familia-egoitzatzat hartuko da ikaslea aitarekin edo amarekin edo legezko tutorearekin bizi den tokia. Familia-bizilekua egiaztatzeko, ikaslea aitarekin, amarekin edo lege-tutorearekin bizi dela egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da, gehienez hiru hilabete lehenago egindakoa.

Aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.

Eskaera egiteko unean ikaslea adinez nagusia bada edo legez emantzipatuta badago, ikasle eskatzailea bera bizi den tokia hartuko da familia-bizilekutzat. Horrelakoetan familia-egoitza egiaztatzeko dagokion Udalak gehienez hiru hilabete lehenago egindako errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta ziurtagiri horretan ikaslearen egoitza agertu beharko da, eta, hala dagokionean, emantzipatua denaren ziurtagiri ofiziala.

3.– Bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak errolda-ziurtagirian ageri den bizilekuari esleituko zaizkio, betiere hezkuntza-administrazioak ebazten ez badu -jarraian adieraziko dena aplikatuta- puntu horiek ez direla eman behar.

Errolda-ziurtagiriak, aurkako frogarik ezean, bizilekuaren presuntzio balioa du. Badira froga-elementuak presuntzio hori hutsaldu dezaketenak, hala nola ur-, elektrizitate-, gas- edo telefono-horniduren titulartasuna eta kontsumoak, erroldaren datu historikoak, elkarrekin bizi diren pertsonak, dokumentu fiskalak, adierazitako bizilekua jasotzen duten banketxeetako edo zerbitzu-hornitzaileen dokumentuak, beste etxebizitza batzuk jabetzan izatea eta erabiltzea, eta egiazko bizilekua eta errolda-ziurtagirian adierazitakoa bat ez datozela ondorioztatzera eraman diezaguketen bestelako dokumentu publiko edo pribatuak.

Ikastetxe edo maila bateko onartze-prozesuan parte hartzen duen pertsona batek erreklamazio bat aurkezten badu hezkuntza-administrazioaren aurrean beste parte hartzaileren batek bizilekuaren gertutasunaren apartatuan jasotako puntuazioarengatik, erreklamazioan adieraziko ditu hori jartzeko arrazoiak edo zantzuak. Ondoren, hezkuntza-administrazioak, puntuazioan zalantzak dituenean, eskatzaileari dokumentuak edo bestelako elementuak aurkezteko eskatuko dio, bizilekua egiaztatzeko.

Errekerimendua jaso duen pertsonak ez badu aurkezten dokumentazio edo froga-elementu osagarririk horretarako emandako epean, hau da, eskatzailearen frogatze-jarduera osagarririk ez badago, nahikoa arrazoi izango da aipatutako puntuak ez esleitzeko, betiere, errekerimenduaren jakinarazpena jasota geratu bada espedientean. Horrelako egoeretan, edo aurkeztutako dokumentuak ez badira nahikoak froga modura, hezkuntza-administrazioak berariazko ebazpena emango du bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak ezin direla esleitu adierazteko.

Ebazpen horrek zer zio konkretutan oinarritzen den adieraziko du, eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio.

4.– Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dagoenean ikaslearen edo ikasle adingabearen aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia, eskabidea aurkeztean, bizilekuaren gertutasunaren ordez, egoera hori baloratzea eskatu ahal izango da.

Horrela egiten bada, besteen konturako langileen kasuan, ikasleak, aitak, amak edo legezko tutoreak lan egiten duen enpresako titularrak edo arduradunak ziurtagiria egin beharko du, egoera hori egiaztatzeko.

Jarduera norbere kontura egiten bada, lantokia egiaztatuko da ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotearen ziurtagiriaren bidez. Indarreko araudiari jarraikiz, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea nahitaezkoa ez bada, dagokion udalak egindako irekitze-baimenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

5.– Lantokia ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik ematen den puntuazioa zenbatzean, ikaslearen gurasoetako edozeinen legezko bikotekidea ere ikaslearen gurasotzat hartuko da.

Ikaslearen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburuaren kopia edo izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar da.

6.– Eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean dagoenean ikaslearen, aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia, ez da kontuan hartuko.

7.– Eskatzailearen lantokia edo aitarena, amarena edo legezko tutorearena ikastetxetik gertu egoteagatik lortutako puntuazioa ez da bateragarria izango bizilekuaren gertutasunari dagokionarekin, ez eta ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxean lan egiteagatik lortutako puntuazioarekin ere.

8.– Eragin-eremuaren kontzeptu horietako bakar bategatik ere punturik lortu ez dutenek, baldin eta ikastetxea kokatuta dagoen udalerrian bizi badira, apartatu honetan puntu bat lortzeko eskubidea izango dute. Bizilekua EAEren barruan badute, baina ikastetxea dagoen udalerritik kanpo, puntu erdi emango zaie.

9.– Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako egin behar diren distantziei buruzko zehaztapen guztietarako, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren (DEA) erreferentziazko geoatarian (geoEuskadi) dauden datuak erabiliko dira.

Hamazazpigarrena.– Familia-unitatearen urteko errentei dagokien baremoko apartatua aplikatzeko arauak, eta seme-alaben kopuruaren eragina.

1.– Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren eranskinean adierazitako puntuak lortzeko behar diren diru-sarrera konputagarriak izango dira familia-unitateko kide guztiek 2021eko zerga-ekitaldian izandako zerga-oinarri orokorrari eta aurrezkiaren zerga-oinarriari dagozkienak. Baremoko apartatu honetan punturik lortzeko, batura horrek ez du 13.370,00 euroko muga gainditu beharko. 2021eko lanbidearteko gutxieneko soldatari dagokio kopuru hori. Horren ondorioz, puntu horiek lortu nahi dituzten eskatzaileek hezkuntza-administrazioari baimena eman beharko diote dagokion foru-ogasunean hori egiaztatu dezan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez diren eskatzaileek familia-unitateko diru-sarreren puntuak lortzeko eskubidea eskuratu nahi badute, familia-unitateko kide guztien 2021eko banakako errenta-aitorpenen kopia aurkeztu beharko dute edo, hala badagokie, baterako aitorpena. Familia-unitateko kideren batek, zerga-araudiari jarraituz, urte horretan errenta-aitorpena egin ez badu, ogasunak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da aitorpena egin ez dela egiaztatzeko.

3.– Jarraibide honen aurreko apartatuetan ezarritakoaren ondorioetarako, familia-unitatetzat hartuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan ezarritakoa. Horretaz gainera, familia-unitatetzat hartuko da onarpen-eskabidearen helburu den adingabea familia-liburuan ageri diren gurasoekin batera; hala ere, ez da horrela izango, hitzarmen arautzaile baten bidez egiaztatzen bada adingabearen zaintzaren gaineko ardura banatua dagoela.

Ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa gertatuz gero, edo izatezko bikotearen bizikidetza deseginez gero, baremoa aplikatzerakoan, ikaslearen zaintza ebazpen judizial irmo bidez edo hitzarmen arautzaile bidez esleitua duenaren errenta baino ez da aintzat hartuko. Berdin jokatuko da tutoretza judizialaren, familia-harreraren edo antzeko babes-neurrien kasuan, halakoetan gurasoak ez diren beste pertsona fisiko batzuen esku geratzen baita ikasle adingabearen jagoletza. Edozein administrazio publikok tutoretza badauka, irizpide horretan, gehieneko puntuazioa ezarriko da.

4.– Neba-arreben kopurua familia-liburuaren, jaiotza-agiriaren edo harreman hori egiaztatzen duten bestelako dokumentu ofizialen kopiarekin egiaztatuko da. Bakarrik adingabeko neba-arrebak hartuko dira kontuan.

Hemezortzigarrena.– Eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean lan egiten duten senideak izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emango da eskatzailearen aitak edo amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean edo atxikitako batean lan egiten badu. Bi egoerak gertatu arren, bakarragatik emango da puntuazioa.

2.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, ikaslearen onarpen-eskabidea aurkezten den ikasturtean gertatu beharko da egoera hori, hau da, 2022-2023ko ikasturtean.

3.– Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.

4.– Apartatu honi dagokion puntuazioa ematean, ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da ikaslearen gurasoetako edonoren legezko bikotea den pertsona. Pertsona horren seme-alabak ere neba-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

5.– Gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edo izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar da.

Hemeretzigarrena.– Ikaslearen desgaitasunari, edo aita, ama edo legezko tutorearen, edo anai edo arrebaren baten desgaitasunari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da IV. eranskinean aurreikusitako bi aukeretako edozeinengatik:

2.– Puntuazio hori emango da, baldin eta % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badu. Nahiz eta bi edo gehiago izan desgaitasuna duten eta hortaz kontzeptu honengatik puntuazioa lortzeko aukera ematen duten pertsonak, haietako bakar batengatik baino ez dira emango puntuak.

3.– Lurralde historikoko foru-aldundiko gizarte-ekintzako departamentuak edo Estatuko organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da desgaitasuna. Bertan, legez onartuko da eragindako pertsonak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela.

4.– Anaia edo arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.

5.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, neba-arrebatzat joko dira familia-unitate berean legezko tutoretza-egoeran edo behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreran dauden adingabeak ere.

6.– Era berean, apartatu honi dagokion puntuazioa emateko, ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da ikaslearen bi gurasoetako baten legezko bikotea den pertsona.

Pertsona horren seme-alabak ere neba-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

7.– Gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edo izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar da.

Hogeigarrena.– Familia-unitatea arrazoi hauengatik lekuz aldatzeari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.

1.– Puntuazio hori emango da epigrafean adierazitako edozein gertakarirengatik.

2.– Egoera hori dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.

Hogeita batgarrena.– Familia ugariko kide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Eskatzailea EAEn bizi bada eta familia ugariko kidea dela adierazten badu, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari galdetuko zaio kategoria hori lortzeko, eta ondoren emango zaio dagokion puntuazioa. Egoera hori egiaztatu ezin bada, eskatzaileak ezarritako epean aurkeztu beharko du frogagiria «Ikasgune» atarian, izapidea linean egin bada, eta lehenengo eskaria egin duen ikastetxean, eskaria aurrez aurre izapidetu bada.

2.– Eskatzaileak EAEn bizi ez badira, familia ugaria dela egiaztatzeko, bizi diren autonomia-erkidegoak emandako titulu ofiziala aurkeztuko da.

Hogeita bigarrena.– Guraso bakarreko familiako kide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, guraso bakarreko familia izango da ikaslearen guraso-ahala pertsona bakar batek duenean edo bi pertsonek izan arren, ikaslearekin bizi den beste gurasoarekiko urruntze-agindua duenean, betiere ikaslearekin bizi den eta guraso-ahala duen gurasoak ez badu legezko bikotekidea den beste hirugarren pertsona batekin lotura berririk.

2.– Familia-liburuaren kopia, Erregistro Zibileko ziurtagiria, urruntze-aginduaren kopia edo beste agiri ofizial batzuen bidez egiaztatuko da.

Hogeita hirugarrena.– Familia-harrerako egoerari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa eskatzailea familia-harreran bizi bada emango da.

2.– Egoera hori egiaztatzeko, dagokion foru-aldundiko gizarte-politiketan eskumena duen Sailaren ziurtagiria aurkeztuko da.

Hogeita laugarrena.– Erditze anizkoitzean jaiotako ikasleei dagokien baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa erditze berean jaiotako seme-alaba kopuruaren arabera emango da, baldin eta eskabide guztientzako ikastetxe berean eta ordena berean egiten bada.

2.– Egoera hori egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia, jaiotze-agiria edo beste agiri ofizial batzuk aurkeztuko dira.

Hogeita bosgarrena.– Ordezkaritza Organo Gorenak edo ikastetxeko eskola-kontseiluak ezarri duen beste edozein egoerari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako eskola-kontseiluek irizpide bat edo bat baino gehiago ezarri ahal izango dute, hala nahi izanez gero, eskatzaileei gehienez puntu osagarri bat emateko.

2.– Puntuazio osagarria emateko bete behar diren irizpideak objektiboak izan behar dira. Irizpideak eta egiaztatzeko baldintzak ikastetxearen organo eskudunak onartu, eta aditzera emango dira eskabideak bidaltzeko epea hasi baino lehen.

Era berean, aplikazio informatikoan, ikastetxe bakoitzak dokumentu bat sartu beharko du 2023ko martxoaren 17ko 23:59 baino lehen. Dokumentu horretan puntuazioa emateko irizpideak egongo dira zehaztuta, eskabidea bide telematikotik egiten dutenek informazio hori eskura eduki ahal izateko. Dokumentu horren beraren kopia erakutsiko da ikastetxeko iragarki-oholean.

3.– Puntuazioa kontzeptu batengatik edo bat baino gehiagorengatik eman ahal izango da. Hainbat kontzepturengatik ematen denean, kontzeptu horien artean banatu ahal izango da, edo zuzenean eman horietako bat betetzen bada.

4.– Puntuazio osagarri hau emateko irizpideak desberdinak izan daitezke kurtsoko edo hezkuntza-mailako.

5.– Apartatu honen puntuazioa emateko bete behar diren irizpideen artean, baremoaren beste apartatuei dagozkien kontzeptu bat edo bat baino gehiago sar daitezke. Horrela, horien puntuazioak gora egingo du nahi den neurrian, kontuan hartuta, guztira, apartatu horrengatik ezin dela puntu osagarri bat baino gehiago eman.

6.– Apartatu horretarako onartu diren irizpideen artean ezin dira ezarri jaiotzan, arrazan, sexuan, erlijioan, iritzian, edo beste egoera edo baldintza pertsonal edo sozial batzuetan oinarritutako irizpide baztertzaileak. Gainera, ezingo da puntuaziorik eman horretarako antolatutako proben edo azterketen ondorioz. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak balidatu beharko ditu ikastetxe bakoitzeko irizpideak. Balidazio-epea 2023ko martxoaren 24an amaituko da. Ikastetxeak onartutako irizpideren batek aurreko baldintzak betetzen ez baditu, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak irizpide hori aldatzeko eskatuko dio ikastetxeari. Aldaketa hori egiteko eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak agiri berria balidatzeko epea 2023ko martxoaren 24an amaituko da.

7.– Hezkuntza Sailaren mendeko Ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenek eta itunpeko ikastetxe pribatuen eskola-kontseiluek ezarri behar dituzte bete behar diren baldintzak, apartatu honetan ezarri diren irizpide guztiak bete direla onartu ahal izateko.

8.– Instrukzio edo jarraibide honetan ezarritakoa betetzen ez duten ikastetxeek ezin izango dute baremoaren puntuazio hau aplikatu: ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak edo eskola-kontseiluak libreki zehazteko beste inguruabarrei dagokiena.

Hogeita seigarrena.– Kooperatiba-bazkide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emango da eskatzailearen aita edo ama edo legezko tutorea eskatutako ikastetxeko kooperatiba-bazkide bada.

2.– Egoera horren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

Hogeita zazpigarrena.– Espediente akademikoari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Apartatu honi dagokion puntuazioa emango da, baldin eta eskatzaileak DBHko azken mailan amaitutako espediente akademikoan baremoan adierazitako bi aukeretako baten pareko nota edo handiagoa badu.

2.– Eskatzaileak ez badu DBH EAEn egin, espediente akademikoaren kopia edo egoera horren ziurtagiria aurkeztuko da.

Hogeita zortzigarrena.– Genero-indarkeriaren biktimei dagokien baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da, baldin eta eskatzailea edo eskatzailearen ama edo legezko tutorea genero-indarkeriaren biktima bada.

2.– Genero-indarkeriaren biktima izatearen baldintza egiaztatzeko, Genero-indarkeriaren aurka babes integrala emateko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan aipatutako moduetatik edozein erabili ahal izango da. Artikulu horretan xedatutakoaren arabera, genero-indarkeriako egoerak honela egiaztatuko dira: genero-indarkeriako delitu batengatiko epai kondenatzaile batez, babes-agindu batez edo biktimaren alde kautelazko neurri bat agintzen duen beste edozein ebazpen judizialen bitartez, edo, bestela, Fiskaltzaren txosten baten bitartez, zeinean adierazten baitu aztarna batzuk badaudela eskatzailea genero-indarkeriaren biktima dela adierazten dutenak. Genero-indarkeriaren egoera egiaztatu ahal izango da, halaber, gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako administrazio publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen txostenaren bidez.

Hogeita bederatzigarrena.– Terrorismoaren biktimei dagokien baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

1.– Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da eskatzailea edo aita, ama edo legezko tutorea terrorismoaren biktima bada.

2.– Egoera hori egiaztatuko da Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren edo Estatuko edo beste autonomia-erkidego bateko antzeko erakunde baten ebazpen bidez.

Hogeita hamargarrena.– Errentari buruzko datuen egiaztapena.

Errentaren datuen egiaztapenaren emaitzak lortzean, horrela jokatu beharko da:

1.– Eskatzaileen aitorpenak egiaztatu arte, puntuazioa egiaztapena baimendu duten pertsonei dagokiela ulertuko da, baina, egiaztapen hori egin ondoren, onartutako eta baztertutako ikasleen zerrendak osatzeko, aldaketak egin ahal izango dira.

2.– Egiaztapenen emaitzak jaso ondoren, Ogasunaren ziurtagiriak ontzat emango dira errenta balioesteko.

3.– Egiaztapenen emaitzak behin-behineko zerrendak argitaratu ondoren jasotzen badira, egoera hau kontuan hartuko da behin betiko zerrendak egitean.

Hogeita hamaikagarrena.– Onartuta dauden eta itxarote-zerrendan dauden ikasleen zerrendak.

1.– Barematu behar ziren eskabideei baremoa ezarri ondoren, ikastetxe bakoitzean jaso diren eskabide guztiak horrela ordenatuko dira:

a) Lehenik, eranskin honen zazpigarren jarraibideko 4. eta 5. apartatuetan ezartzen diren lehentasunak betetzen dituztenak.

b) Ondoren, beste eskabide guztiak.

Aipatutako bi talde horietako bakoitzaren barruan, eskabideak ordenatzeko, lortutako puntuazioa hartuko da kontuan; berdinketarik badago, baremoko irizpideetan lortutako puntuaziorik handienari erreparatuko zaio, banaka alderatuta eta hurrenkera honetan:

– Puntu gehien lortu duena eskatutako ikastetxean neba-arreba bat edo gehiago izateari dagokion apartatuan.

– Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikaslearen bizilekuaren gertutasuna, edo eskatzailearen beraren lantokiarena, edo haren aita, ama edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasuna.

– Puntu gehien duena familia-unitatearen urteko errentaren apartatuan.

– Puntu gehien lortu duena eskatutako ikastetxean lan egiten duen senideren bat izateari dagokion apartatuan.

– Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikasleak desgaitasunen bat izatea edo desgaitasuna ikaslearen aitak, amak, legezko tutoreak edo neba-arrebaren batek izatea.

– Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: familia-unitatea lekuz aldatzea honako arrazoi hauengatik: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.

– Familia ugariaren apartatuan lortutako puntuaziorik handiena.

– Puntu gehien lortu duena guraso bakarreko familiako ikasleen apartatuan.

– Puntu gehien lortu duena apartatu honetan: ikasle eskatzailea familia-harreran egotea.

– Puntu gehien lortu duena erditze anizkoitzean jaiotako ikasle apartatuan.

– Puntu gehien lortu duena eskola-kontseiluak edo ikastetxeko ordezkaritza organo gorenak askatasun osoz zehaztutako irizpideen apartatuan.

– Puntu gehien lortu duena ikastetxeko kooperatiba-bazkide izatearen apartatuan.

– Puntu gehien lortu duena espediente akademikoaren apartatuan.

– Puntu gehien lortu duena genero-indarkeriaren biktima apartatuan.

– Puntu gehien lortu duena terrorismoaren biktimen apartatuan.

Antolamendu honen arabera, Hezkuntza Saileko aplikazio informatikoak adieraziko du zein pertsonak duen plazak okupatzeko eskubide handiena. Horretarako, ikastetxe, maila, mota eta hizkuntza-eredu konbinazio bakoitzerako jasotako eskabide guztiak izango ditu kontuan, lortutako puntuazioaren arabera.

2.– Ondoren, ikastetxeko organo eskudunak baietsiko ditu onartutakoen eta itxarote-zerrendan daudenen behin-behineko zerrendak eta jarraibide hauek onartzen dituen aginduan adierazitako egunean eta tokian argitaratuko dira.

Jarraibide hauek onartzen dituen aginduan adierazitako epean aurkeztu ahal izango dira erreklamazioak eta behin-behineko zerrenda onartu zuen organo berak ebatziko ditu. Ikastetxeak egoki iritziz gero, dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxe eta Plangintza Lurralde Buruzagitzara igorriko du kontsulta.

Ikastetxeko organo eskudunak baietsiko ditu onartutakoan eta itxarote-zerrendan daudenen behin betiko zerrendak. Jarraibide hauek onartzen dituen aginduan adierazitako egunean eta tokian argitaratuko dira zerrenda guztiak.

Onartutako eta argitaratutako zerrendek jarraibide hauek onartzen dituen aginduan adierazitako argibideak izan beharko dituzte.

3.– Onartutakoek zuzenean galduko dute jatorrizko ikastetxean zeukaten plaza. Egoera hau kontuan hartuko da aurreko prozesuan.

4.– Eskatutako plazarik lortu ez duten ikasleek edo lehentasun gutxiagoko plaza lortu dutenek itxarote-zerrendan jarraituko dute. Beraz, plazarik lortu ez dutenek itxarote-zerrendan sartuko dira eskabide guztietarako, eta plaza lortu dutenek lehentasun handiagoko eskabideetan jarritako ikastetxeetako eta ereduetako itxarote-zerrendetan sartuko dira.

Hogeita hamabigarrena.– Erreklamazioak.

Behin-behineko zerrenden aurka, erreklamazioak egin daitezke, ikastetxearen Ordezkaritza Organo Gorenean edo eskola-kontseiluan aurkeztuta, agindu honen 2. artikuluan xedatutako epean. Erreklamazioa Hezkuntza Sailak abian jarritako aplikazioaren edo Interneten bidez egingo da, edo aurrez aurre. Aurrez aurreko erreklamazioaren kasuan, izapidea lehenengo eskabidean eskatutako ikastetxean (baremoaren edozein apartatutarako) egin ahal izango da, edo eskatutako beste edozein ikastetxetan (horri dagozkion baremoko apartatuetarako). Hori horrela izan arren, erreklamazioa justifikatzeko aurkezten den dokumentazioa erreklamatzen den zerrendari dagokion ikastetxean entregatu beharko da.

Erreklamazioa aurkezten den ikastetxeak jaso beharko du dagokion aplikazio informatikoan. Ostean aurkeztutako erreklamazioaren kopia bat inprimatu, zigilatu eta erreklamazioa aurkeztu duen pertsonari eman beharko dio, erreklamazio hori aurkeztu izanaren egiaztagiri modura.

Behin betiko zerrendaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean.

Aurkeztutako errekurtsoak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak bildu ahal izango ditu Administrazioak.

Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ikaslea behar bezala eskola daitekeela bermatzeko moduko epean eman beharko du ebazpena, eta azken horrek administrazio-bidea agortuko du.

Hogeita hamahirugarrena.– Matrikula formalizatzeko epeak.

1.– Ikastetxe batean behin betiko onartutakoen zerrendan daudenek eta prozesuan parte hartu beharrik gabe plaza bat gordeta zeukatenek (ikastetxean matrikulaturik egon eta maila errepikatuko dutenek nahiz DBHko 4. mailatik Batxilergoko 1. mailara edo Batxilergoko 1. mailatik 2. mailara pasatuko direnek) ohiko aldian egin beharko dute matrikula, 2023ko ekainaren 19tik uztailaren 4ra bitartean, biak barne, halaxe xedatuta baitago agindu honen 2. artikuluan.

Plaza izateko eskubide duen pertsona batek ez badu bere matrikula ezarritako epean formalizatzen, galdu egingo ditu esleitu edo gorde zitzaion plazaren gaineko eskubide guztiak.

2.– Uztailaren 5etik irailaren 29ra bitartean libre dauden eskola-plazak eskainiko zaizkie itxarote-zerrendan daudenei, hurrenkera onenen arabera.

3.– Itxarote-zerrendakoei plaza horiek eskaini ondoren, onartu ezean, 2023ko irailaren 29ra arte, ikastetxeak matrikula egin ahal izango die hala eskatu eta eskakizunak betetzen dituztenei.

4.– 2023ko irailaren 30etik aurrera, matrikulak formalizatzeko, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 18., 22. eta 23. artikuluetan xedatutakoa bete beharko da. Batxilergoan, ikastetxeek ezin izango dute matrikulatu inor askatasun osoz. Norbaitek data hori igaro ondoren Batxilergoan matrikulatu nahi badu, dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxe eta Plangintza Lurralde Buruzagitzari eskatu beharko dio. Ordezkaritzan bertan zuzenean egin dezake eskabidea, edo matrikulatu nahi duen ikastetxearen bidez.

Bezala justifikaturiko salbuespenezko kasuetan baino ez du emango Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxe eta Plangintzaren Lurralde Burutzak 2023ko irailaren 30etik aurrera Batxilergoan inor matrikulatzeko baimena. Ikastetxeek ezingo dituzte pertsona horiek matrikulatu Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren aurretiazko baimenik gabe.

Hogeita hamalaugarrena.– Matrikula baieztatzea.

Pertsona baten matrikula egin ostean, ikastetxeak aplikazio informatikoak emandako inprimakia inprimatu eta ikasleari emango dio. Inprimaki hori zigilatu ostean, behin-behineko matrikularen egiaztagiri modura erabili ahalko da.

Hala ere, ikasleak behin betiko matrikula egiteko, mota eta hizkuntza-eredu horretan talde bat eratzeko beharrezkoa den gutxienezko ikasle kopurua lortu beharko da. Era berean, hasieran hautatutako aukerako ikasgai bakoitzean matrikulatu ahal izateko, ikasgai jakin horretan talde bat eratzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle kopurua lortu beharko da.

Ikasgairen batean taldea eratzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle kopurua lortzen ez bada, ikastetxea ikasgai hori hautatutako pertsonekin harremanetan jarriko da, hasierako hautaketa alda dezan. Ikastetxeak behin betiko matrikula egiaztatzeko beste inprimaki bat emango dio ikasleari.

Hogeita hamabosgarrena.– Matrikula ezeztatzea.

Aurreikusitako eskolatze urteak ez agortzeko, ikasleek ikasten ari diren ikastetxeko zuzendariari matrikula ezeztatzeko eskatu ahal izango diote egoera hauetan: gaixotasuna, lanpostu batean hasi edo ikasketak normaltasunez egitea eragozten duten betebehar pertsonal edo familiarrak izatea.

Eskabideetarako epea 2024ko apirilaren 26an amaituko da. Eskabideak ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio eta nahitaezko ziurtagiriak atxiki beharko dira.

Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxe publiko edo pribatuko zuzendariak ebatziko du eskabidea, eta aldekoa izango da, baldin eta soilik aurrez azaldutako egoeraren bat badago.

Ebazpena ikaslearen dokumentazio ofizialean idatzita geratuko da. Ikastetxea pribatua izanez gero, ebazpenaren berri emango zaio atxikitako ikastetxe publikoren zuzendariari.

II. ERANSKINA
2023-2024 IKASTURTEAN HEZKUNTZA SAILAREN MENDEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUETAN EGUNEKO IKASKETA-ERREGIMENEKO AURREZ AURREKO IKASKUNTZAKO BATXILERGOKO IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURA INFORMATIKOARI BURUZKO JARRAIBIDE OSAGARRIAK

Lehenengoa.– Prozedura informatikoaren nahitaezkotasuna.

Agindu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Sailak horretarako berariaz diseinatu duen prozedura informatiko zehatzaren bidez gauzatu beharra dago 2023-2024 ikasturterako Batxilergoko ikasleen onarpena.

2023-2024 ikasturtean ikasketa horiek emango dituzten Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatu guztiak beharturik daude hizpide dugun aplikazio informatikoa erabiltzera, betiere, jarraibide hauetan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarritako baldintzetan.

IKASTETXE, IKASTURTE, BATXILERGO MOTA ETA HIZKUNTZA-EREDU BAKOITZEKO PLAZEN ESKAINTZAREN DEFINIZIOA

Bigarrena.– Eskaintzaren datu orokorrak sartzea.

Aplikazio informatikoan, Hezkuntza-administrazioak 2023ko martxoaren 24ko 23:59 baino lehen sartuko ditu Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko nahiz itunpeko ikastetxe pribatuen eskaintzari buruzko datuak, eta Batxilergoko maila bakoitzerako zehaztuko du zer batxilergo-mota eta zer hizkuntza-eredutan eskaintzen duten ikastetxeek, baita zenbat talde eskainiko diren guztira maila bakoitzean.

Datu horiek hezkuntza-administrazioak berak baino ezin ditu aldatu 2023ko apirilaren 26ko 23.59ak arte.

Hirugarrena.– Eskaintzaren banaketa, moten eta hizkuntza-ereduen arabera.

Talde kopuru maximoak zehaztuko du ikastetxe bakoitzaren hasierako plazen kopuru maximoa ikasturte bakoitzerako. Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan 30 plaza izango ditu talde bakoitzak, eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 35.

Ikastetxe publiko edo itunpeko ikastetxe pribatu bakoitzari dagokio ezartzea eta aplikazio informatikoan sartzea ikasturte bakoitzerako plazen guztizko kopuruaren banaketa, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzaren arabera. Horretarako, kontuan izan beharko da mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean den eskaria.

Laugarrena.– Plazak gordetzea maila, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean.

Behin maila bakoitzeko plazen guztizko kopurua banatuta, ikastetxe bakoitzari dagokio aurreikustea eta aplikazio informatikoan sartzea mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean gorde behar diren plazen kopurua honako talde hauentzat:

a) Ikasle errepikatzaileak: Batxilergoko 1. eta 2. mailan egun matrikulatuta dauden eta ikastetxe, hizkuntza-eredu eta mota berean maila errepikatuko dutela aurreikusten den ikasleak.

b) Aurreko maila batetik datozen ikastetxeko ikasleak:

– Egun ikastetxean DBHko 4. mailan matrikulatuta egon eta ikastetxean bertan Batxilergoko 1. maila egingo dutela aurreikusten den ikasleak, Arte Batxilergoan (bi adarretan) izan ezik, gainerako beste guztietan. Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 6.bis.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ikasleek ikastetxean jarraitzea bermatuko da ikastetxean ematen diren ikasketak amaitu arte, Arte Batxilergoko ikasketetan izan ezik.

– Egun Batxilergoko 1. mailan matrikulatuta dauden eta 2. maila ikastetxe, hizkuntza-eredu eta mota berean egingo dutela aurreikusten den ikasleak.

Halaber, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 20.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatu guztiek gorde beharko dute, izena aurrez emateko eta matrikulatzeko epea amaitu arte, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleak eskolatzeko Hezkuntzako lurralde ordezkariak zehaztutako plaza kopurua.

Hezkuntza-administrazioari dagokio aplikazio informatikoan sartzea ikastetxe, ikasturte, Batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean arrazoi horregatik gorde behar diren plazen kopurua.

Aplikazio informatikoan, 2023ko apirilaren 26ko 23:59 baino lehen sartu beharko dira datu hauek: nola banatzen den eskaintza mota bakoitzaren eta hizkuntza-eredu bakoitzaren arabera, eta plazak gordetzeari buruzko datuak haietariko bakoitzean.

Bosgarrena.– Eskaintzaren behin betiko egituraketa.

Ikastetxe bakoitzean ikasturte, Batxilergoko mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskaintzen diren plazak kalkulatzeko, eragiketa hau egin beharra dago: kendu behar zaio ikastetxeak modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskainitako plaza-kopuruari plaza gordeen kopurua (plaza gordeak dira: ikasle errepikatzaileentzako plazak + aurreko mailako ikasleentzako plazak + hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako plazak).

Seigarrena.– Eskainitako plazak berrestea.

2023ko apirilaren 26ko 23:59 baino lehen sartu beharko dute Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatu guztiek eskaintzari eta plazak gordetzeari buruzko datuak.

2023ko maiatzaren 3ko 23:59 baino lehen, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Ikastetxe eta Plangintzaren Lurralde burutzek berrikusi beharko dituzte beren lurralde historikoko ikastetxeek sartu dituzten datu guztiak, eta zuzendu beharko dituzte ikastetxearen baimenarekin bat ez datozenak. Zuzenketarik eginez gero, kasuko ikastetxea jakinaren gainean jarri beharko dute.

IRAKASGAIEN BLOKEAK DEFINITZEA

Zazpigarrena.– Ikastetxeek zenbait irakasgai-bloke definitzeko aukera.

Nahi duten ikastetxeek aplikazio informatikoan zehaztu ditzakete ikasgai zehatzez osatutako irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago. Zehaztapen hori guztiz aukerakoa izango da ikastetxeentzat, eta xede bakarra izango da ikastetxeari erraztea ikasle bakoitzak egingo dituen irakasgaiei buruzko datuak sartzea.

Horrela, datu horiek sartzen badira pertsona baten eskabidean edo azken horren matrikula formalizatzean, nahikoa izango da irakasgaien bloke aukeratua zehaztearekin bloke horretako ikasgai guztiak automatikoki jasotzeko, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa izango horiek banan-banan zehaztea.

Irakasgaien blokeak definitu nahi dituzten ikastetxeek aplikazio informatikoan sartu beharko dituzte blokeok 2023ko uztailaren 4a baino lehen.

ONARPEN-ESKABIDEAK

Zortzigarrena.– Onarpen-eskabidea aurkeztea.

Eskabidea ikastetxe batean aurkeztuz gero, interesdunak NANa edo identifikatzeko agiria aurkeztuko du, eta eskatutako datu guztiak emango ditu, ikastetxe horretako langileek aplikazio informatikoan sar ditzaten. Horrez gain, aukeratutako ikastetxean entregatu beharko ditu kasuan-kasuan egoki diren agiri guztiak.

Bederatzigarrena.– Eskatzailea bilatzea aplikazioaren datu-basean.

Datuak sartzea errazte aldera, eskabideko datuak sartzen dituzten ikastetxeko langileek egiaztatu egin beharko dute pertsona eskatzailea aplikazio informatikoko datu-basean dagoen. Horretarako, pertsona hori bilatu beharko dute haren daturik bereizgarrienak oinarri hartuta: NAN, izena, abizenak, jaiotze-data eta sexua.

Bilaketa egindakoan, aplikazio informatikoak ekarriko du sartutako datuekin bat datorren pertsonaren edo pertsonen zerrenda. Zerrendan ageri bada eskatzailearen izena, hura aukeratuko da, eta ez da beharrezkoa izango dagoeneko datu-basean jasota dauden pertsona horren datuak berriz sartzea.

Aitzitik, bilaketa egin eta aplikazio informatikoak ez badakar emaitzarik edo ekarri dituenak ez badagozkio eskatzaileari, erregistro berria zabaldu beharko da pertsona horrentzat, eta haren datu guztiak sartu.

Hamargarrena.– Eskabidearen datuak sartzea.

Eskatzaileak edo eskabidea jaso duen ikastetxeak honako datu hauek sartu beharko ditu, ezinbestez, aplikazio informatikoan:

a) Eskatzailearen datu pertsonalak.

b) Egindako eskabide guztiak, lehentasun hurrenkeran.

c) Eskatzaileak alegatutako inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har daitezen.

d) Eskatzaileak aurkeztutako agiriak.

Hamaikagarrena.– Eskatzailearen datu pertsonalak.

Honako datu hauek sartu behar dira:

– Eskatzailearen Hezkuntza Nortasun Agiriaren zenbakia (HNA).

– Eskatzailearen NANaren zenbakia edo beste identifikazio-agiriren batena, espainiar nazionalitatea ez badu.

– Eskatzailearen izena eta bi abizen. Eskatzailearen nazionalitatea ez bada espainiarra eta bigarren abizenik ez badu, inguruabar hori jaso beharko da.

– Eskatzailearen sexua, jaioteguna eta jaioterria, helbidea eta telefono-zenbakia.

– Eskatzailea eskabidea egin duen unean eskolatua dagoen ikastetxea, maila eta ikasturtea.

– Eskatzaileak hezkuntza-laguntzako premia bereziren bat badu, inguruabar hori jasoko da.

– Eskatzailea adingabea bada, gutxienez pertsona arduradun baten datuak (aitarenak, amarenak edo legezko tutorearenak).

Hamabigarrena.– Pertsona eskatzailearen eskabideak, lehentasun hurrenkeran.

Lehendabizi, aplikazio informatikoan sartu behar dira eskatzaileak ikasi nahi duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo portugesa).

Ondoren, eskatzaileak gehienez 24 eskabide egin ditzake, lehentasun hurrenkeran zenbakiak jarrita. Eskaera bakoitzean zehaztu beharko dira ikastetxea, ikasturtea, Batxilergo-mota eta hizkuntza-eredua. 2022-2023ko ikasturtean Batxilergoa ikasten ari direnek plaza eskatu ahal izango dute hurrengo ikasturtera pasatzeko edo egun ikasten ari diren maila errepikatzeko.

Aurreko elementuetako batekin (ikastetxea, mota edo hizkuntza-eredua) bat ez datorren eskabidea egiteko, eskabide berria egin beharra dago.

Hamahirugarrena.– Ikasgaiak aukeratzea.

Hala nahi duten ikastetxeek eskatzaileak egiten dituen eskabideetatik lehenengoan sar ditzakete egin nahi dituen aukerako ikasgaiei buruzko datuak. Aplikazio informatikoan irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago aurretiaz definitu dituzten ikastetxeetan, bloke horiek erabil daitezke aukeratutako ikasgaiak sartzeko.

Ikastetxeentzat guztiz borondatezkoa izango da aipatutako datuak sartzea, eta horren helburu bakarra izango da ikastetxeak aurretiaz edukitzea ikasle bakoitzak lehentasunez egin nahi dituen ikasgaiei buruzko informazioa. Datu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko plazak esleitzeko prozesuan.

Eskatzaileak eskabidea egiteko unean aukeratutako ikasgaiek ez dute eraginik izango azkenean matrikulatuko den ikasgaietan, matrikula formalizatzeko unean aukeratu beharko baititu.

Hamalaugarrena.– Eskatzaileak alegatutako inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har daitezen.

Honako datu hauek sartu behar dira aplikazio informatikoan:

1.– Baremoko A apartatuari buruzko datuak.

– Eskatzaileak eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean neba-arreba bat edo gehiago baditu matrikulatuta, marka jarri beharko da dagokion laukian.

2.– Baremoko B apartatuari buruzko datuak.

– Baremoko B apartatuko puntuak lortzeko eskatzaileak alegatu dituen helbideak zehaztuko dira (eskatzailearen bizilekua edo aitaren, amaren, legezko tutorearen edo ikaslearen beraren lantokia).

3.– Baremoko C apartatuari buruzko datuak.

Eskatzaileak alegatzen badu 2021. urteko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak ez dituela gainditzen 13.370,00 euro, ezaugarri hori jasoko da. Errenta-aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoan aurkeztu bada, eskatzaileak hezkuntza-administrazioari baimena emango dio baieztapen horren egiazkotasuna egiazta dezan Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunetan. Aitzitik, errenta-aitorpena Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin bada, 2021. urteari dagokion aitorpenaren fotokopia aurkeztu behar da, eta aipatutako datua dagokion laukian markatu.

– Alegatuz gero eskatzaileak neba-arreba adingabeak dituela, zenbat dituen adierazi behar da.

4.– Baremoko D apartatuari buruzko datuak.

– Alegatuz gero eskatzailearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiten duela, marka jarri beharko da dagokion laukian.

5.– Baremoko E apartatuari buruzko datuak.

– Eskatzaileak desgaitasunen bat duela alegatuz gero, marka jarri beharra dago dagokion laukian.

– Eskatzailearen aitak, amak, legezko tutoreak edo neba-arrebetako batek desgaitasunen bat duela alegatuz gero, marka jarri beharko da dagokion laukian.

6.– Baremoko F apartatuari buruzko datuak.

– Arrazoi hauengatik familia-unitatea lekualdatzea alegatuz gero: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.

7.– Baremoko G apartatuari buruzko datuak.

– Adierazi beharra dago eskatzailearen familia ugaria den ala ez. Hala bada, zehaztu beharra dago familia ugari orokorra ala berezia den.

8.– Baremoko H apartatuari buruzko datuak.

– Adierazi beharra dago eskatzailea guraso bakarreko familiakoa bada.

9.– Baremoko I apartatuari buruzko datuak.

– Adierazi beharra dago eskatzailea harrera-familia batean badago.

10.– Baremoko J apartatuari buruzko datuak.

– Adierazi beharra dago eskatzailea erditze anizkoitzean jaioa bada eta onarpen-eskabidea erditze berean jaiotako neba-arrebaren batekin batera egiten badu.

Ikaslearen «anaia/neba» edo «arreba/ahizpa» diren pertsonak esleitzeko prozesuak aurkituko ditu sisteman. Eskabidea egindako ikastetxe bakoitzean «erditze anizkoitz» irizpideagatik emango den puntuazioa, egun berean jaio eta ikastetxe horretan eskabidea egin duten neba-arreben araberakoa izango da.

Eskabideak irizpide honetan zuzen barematzeko, lehenengo hautatu den ikastetxeak behar bezala jaso beharko du erditze berean jaiotako neba-arreben arteko ahaidetasuna ikaslearen fitxako «zerikusia duten pertsonak» apartatuan.

11.– Baremoko K apartatuari buruzko datuak.

– Zehaztu beharra dago Eskola Kontseiluak edo ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak askatasunez zehaztutako irizpideetatik zein alegatzen dituen eskatzaileak, eta irizpide horien arabera eskatzaileari zer puntuazio dagokion.

12.– Baremoko L apartatuari buruzko datuak.

– Eskatzailearen familiako kideren bat eskatu den ikastetxeko bazkide kooperatibista bada, marka jarri beharko da dagokion laukian.

13.– Baremoko M apartatuari buruzko datuak.

– Eskatzailea EAEn ari bada DBH egiten edo egin badu, sistema informatikoak kalkulatuko du DBHko amaitutako azken mailaren batez besteko nota.

– Eskatzaileak DBH ez badu EAEn egin, espediente akademikoa aurkeztu beharko du, eta ikastetxeak kalkulatu eta sartuko du DBHko amaitutako azken mailaren batez besteko nota.

Esleipen-prozesuak batez besteko nota horren arabera emango du espediente akademikoaren puntuazioa.

14.– Baremoko N.1 apartatuari buruzko datuak.

– Zehaztu beharra dago emakumezko eskatzailea edo eskatzailearen ama edo legezko tutorea den emakumezkoa genero-indarkeriaren biktima bada.

15.– Baremoko N.2 apartatuari buruzko datuak.

– Zehaztu beharra dago eskatzailea edo aita, ama edo legezko tutorea terrorismoaren biktima bada.

Hamabosgarrena.– Eskatzaileak aurkeztutako agiriak.

Eskatzaileak aurkeztutako agiri bakoitzari dagozkion laukiak markatuko dira.

Hamaseigarrena.– Eskabideetako datuak sartzeko epea.

2023ko apirilaren 26ko 23:59 baino lehen amaitu beharko dute Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxe pribatu guztiek eskabideei buruzko datuak sartzen. Ordura arte ikastetxeek datu berriak sartu ahal izango dituzte aplikazio informatikoan, baita sartutako datuetan egin beharreko zuzenketak egin ere.

ESKABIDEEN BAREMAZIOA ETA PROZEDURA

Hamazazpigarrena.– Eskabideen baremazioa.

2023ko martxoaren 27tik aurrera, aplikazio informatikoari esker, ikastetxe bakoitzak une oro jakin ahal izango du zer-nolako eskari dagoen maila, batxilergo-mota eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazetarako, eta eskari horren banaketa alderatu ahal izango du ikastetxe bakoitzak eranskin honetako bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren jarraibideetan ageri den prozedurari jarraituz zehaztutako eskaintzaren banaketarekin. Datu horiei esker, ikastetxeak eskaintzako hasierako datuak aldatu ahalko ditu posible den guztietan, benetan dagoen eskabidera egokitzeko. Aurrez zehaztu bezala, 2023ko apirilaren 26ko 23:59ra arte egin ahal izango dira aldaketak.

Momentu horretatik aurrera, behin ikastetxeko eskaintzaren eta eskariaren datuetan aldaketak egiteko epea bukatu ostean, maila, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzerako aurkeztutako eskabide guztiak onar daitezkeen edo ez zehaztuko du aplikazio informatikoak. Onartu ahal badira, ez da beharrezkoa izango aurkeztutako eskabideak barematzea.

Ezin badira onartu, hau da, maila, mota eta hezkuntza-eredu batean eskaintza baino eskabide gehiago badago, ikastetxeak eskabide guztiak barematu beharko ditu, eskatzaileek aurkeztutako agiriak aztertu ondoren. Eskabideko lehenengo aukera ikastetxe bera bada, apartatu guztiak barematu beharko ditu, baina lehenengo aukera beste ikastetxe bat bada, baremoko a), b), d), k) eta l) apartatuak barematu beharko ditu.

Ikastetxeak ezin izango du aldatu eskatzailearen familia-unitatearen errenta-aitorpenari dagokion apartatua, betiere, eskatzaileak hezkuntza-administrazioari baimena eman badio datu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunetan egiaztatzeko. Kasu horietan hezkuntza-administrazioak aldatuko du baremazioaren apartatua, betiere, Ogasuneko datuek ez badute erakusten 2021. urteko errenta-aitorpeneko zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren batura 13.370,00 eurotik gorakoa ez dela.

Bestetik, ikastetxeak apartatu bakoitza barematzerakoan agindu honen I. eranskinaren jarraibideetan ezarritako baremazio-arauak aplikatu beharko ditu.

Barematu beharra daukaten ikastetxe guztiek 2023ko maiatzaren 3ko 23:59 baino lehen bukatu beharko dute prozesua.

Hemezortzigarrena.– Prozedura.

2023ko maiatzaren 10a baino lehen, Hezkuntza Saileko aplikazio informatikoak adieraziko du zeinek duten plazak okupatzeko eskubide handiena. Horretarako kontuan izango ditu sartutako datu guztiak eta indarrean den araudiak ezarritakoa aplikatuko du, jarraian azalduko den bezala.

Hasteko, aplikazio informatikoak kontuan izango ditu agindu honen I. eranskineko zazpigarren jarraibideko 4. eta 5. apartatuetan ezarritako lehentasunak.

Horren ondoren, aplikazio informatikoak eskabideak barematuko ditu agindu honen IV. eranskinean ezarritako baremoaren arabera, eta lortutako guztizko puntuazioaren eta agindu honen I. eranskineko hogeita hamaikagarren jarraibidean berdinketa hausteko ezarritako irizpideen arabera ordenatuko ditu. Irizpide horiek ezarri ondoren ere berdinketarik badago, eskabide bakoitzari ausaz emandako ordena zenbakiaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera. Familia berekoak ikastetxe berera joan ahal izatea ez oztopatzeko, bi neba-arreba hezkuntza-maila berean daudenean eta baremo-puntuazio bera dutenean, ausazko prozeduran emaitza okerrena lortu duen neba-arreba emaitza onena atera duenaren ondoan jarriko da zerrendan, hurrengo postuan.

Gehienez plaza bat esleituko da eskatzaile bakoitzeko, eskabidean agertzen diren eskabideen ordena errespetatuz.

ONARTUTAKOEN ETA ONARTU GABEEN ZERRENDAK ETA ERREKLAMAZIOAK

Hemeretzigarrena.– Onartutakoen eta itxarote-zerrendan daudenen zerrendak.

Aplikazio informatikoak emango ditu onartutakoen eta itxarote-zerrendan daudenen behin-behineko zerrendak.

Baremaziorik egin behar izan ez den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak onartutakoen zerrenda osatuko du Batxilergoko mota nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean. Zerrenda hori ordena alfabetikoan egongo da (lehen abizena, bigarren abizena eta izena).

Baremazioa egin behar izan den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak onartutakoen zerrenda osatuko du Batxilergoko mota nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean, baremoko guztizko puntu kopuruaren arabera ordenatuta, handienetik txikienera, eta berdinketa hausteko ezarritako irizpideekin bat. Zerrenda horrek baremoko apartatu eta azpiapartatu bakoitzean pertsona bakoitzak lortutako puntuazioa zehaztuko du, baita berdinketak hausteko esleitutako ausazko zenbakia ere.

Hogeigarrena.– Erreklamazioak aurkeztea.

Pertsona batek erreklamazio bat aurkezten duenean, ikastetxeak pertsona horri dagokion «Erreklamazioak» pantailara joko du, eta erreklamazioaren xede diren baremoaren apartatuak, erreklamazioa aurkeztu duen pertsonak emandako arrazoiak eta aurkeztutako dokumentuak sartuko ditu bertan. Ondoren, aurkeztutako erreklamazioaren kopia inprimatu beharko du, eta, zigilatu ondoren, erreklamazioa egin duen pertsonari eman beharko dio.

Hogeita batgarrena.– Erreklamazioak ebaztea.

Ikastetxeak 2023ko maiatzaren 24a baino lehen ebatzi beharko ditu aurkeztutako erreklamazio guztiak.

Horretarako, aplikazio informatikoan erreklamazioa aurkeztu duen pertsonari dagokion «Erreklamazioen ebazpena» pantailara jo beharko du. Pantaila horretan agertuko da erreklamazioa baremoko zein apartatuaren aurka aurkeztu den. Ikastetxeak erreklamazioa baztertu edo onartu beharko du, osorik edo zati batean. Horretarako, aplikazio informatikoko eremu egokiak markatu beharko ditu, eta, egokia bada, baremoko dagokion apartatuan edo azpiapartatuan emandako behin-behineko puntuazioa aldatuko du.

Erreklamazioa osorik edo zati batean onartzen bada, erreklamaziogilearen baremoan dagokion puntuazioa aldatuko da.

Hogeita bigarrena.– Onartutakoen eta itxarote-zerrendan daudenen behin betiko zerrendak.

Aplikazio informatikoak onartutako eta itxarote-zerrendako pertsonen behin betiko zerrendak emango ditu. Zerrenda hauek berdin ordenatuta egongo dira, zehaztapen berberak izango dituzte eta behin-behineko zerrenden modu berean argitaratuko dira.

Maila eta hizkuntza-eredu jakin batean plaza eskuragarririk ez daukaten ikastetxeetan, eskatutako plazak lortu ez dituzten ikasleen edo lehentasun txikiagoko plaza lortu duten ikasleen itxarote-zerrendan sartuko dira. Beraz, plazarik lortu ez dutenek itxarote-zerrendan sartuko dira eskabide guztietarako, eta plaza lortu dutenek lehentasun handiagoko eskabideetan jarritako ikastetxeetako eta ereduetako itxarote-zerrendetan sartuko dira. Itxarote-zerrendaren iraunaldia amaituko da agindu honen 2. artikuluan ezarri den datan.

MATRIKULA FORMALIZATZEA

Hogeita hirugarrena.– Matrikula egitea.

Batxilergorako aplikazio informatikoaren bitartez egin beharko dira matrikula guztiak, nahiz ohiko epekoak nahiz hau amaitu ondorengoak. Matrikulatutako pertsonaren datu guztiak eta matrikularen berrespena sartu beharko dira aplikazio horretan.

Matrikulatuko den pertsona ez bada ageri aplikazioaren datu-basean, ikastetxeak erregistro berria ireki beharko du pertsona horrentzat, eta lehenik haren datu pertsonalak sartu beharko ditu, eta, ondoren, matrikulazioari dagozkionak.

Gehien-gehienetan, matrikulatuko den pertsona aplikazio informatikoaren datu-basean ageriko da, bai sartzeko eskabidea aurretiaz egin duelako, bai 2022-2023ko ikasturtean ikastetxean edo Euskal Autonomia Erkidegoko beste ikastetxeren batean matrikulatua egon delako. Kasu horretan, matrikulazioari buruzko datuak soilik sartu beharko dira, hau da:

– Zein mailatan matrikulatu den.

– Egingo duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo portugesa).

– Matrikulatuko den hizkuntza-eredua.

– Zehaztu beharra dago eskatzaileak Lanbide Heziketako Teknikari edo Goi-mailako Teknikari titulua edo Dantza edo Musika ikasketa profesionaletako Teknikari titulua badu edo lor badezake (bai ala ez). «Bai» markatuz gero, bi aukeretako bat adierazi behar da.

– Batxilergoko 1. mailan matrikulatzen bada, zehaztu beharra dago pertsona horrek maila errepikatuko duen ala ez (bai ala ez).

– Matrikulatzen den Batxilergoko mota zehaztu beharra dago (Arteak: Arte Plastikoak, Irudi eta Diseinua bidea edo Musika eta Arte Eszenikoak bidea; Zientziak eta Teknologia, Orokorra; Giza eta Gizarte Zientziak).

– Zehaztu beharra dago ikaslea zer irakasgai-bloketan matrikulatzen den, eranskin honetako zortzigarren arauan xedatutakoa aplikatuz irakasgai-blokeak zehaztu dituzten ikastetxeetan baino ez. Irakasgaien blokea markatuz gero, pertsona automatikoki matrikulatuko da bloke horretako ikasgai guztietan, banan-banan markatu beharrik gabe.

– Zehaztu behar dira ikaslea matrikulatu den ikasgai guzti-guztiak (komunak eta aukerakoak). Mailako ikasgai guztietan matrikulatu direnak automatikoki matrikulatuko dira ikasgai komun guztietan, eta ez dira banan-banan markatu beharko.

– Zehaztu beharra dago ikasleak ikastetxean bertan edo urrutiko ikaskuntzaren bidez egingo dituen matrikulatutako aukerako ikasgai guztiak. Urrutiko ikaskuntza aukeratu ahal izango du soilik ikasleak ikasgai batean matrikulatu nahi badu eta ikastetxeak ezin badu eskaini, dela antolakuntzaren eraginez, dela dagokion taldea osatzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle-kopurua bildu ez duelako. Ikasleei ez zaie baimenik emango urrutiko modalitatean matrikulatzeko ikastetxean ematen den ikasgai batean.

– Batxilergoko 2. mailako ikasleen matrikuletan zehaztu behar dira, hala badagokio, gainditzeke izan eta matrikulatzen den lehenengo mailako ikasgai guztiak.

Hogeita laugarrena.– Aurkeztutako agiriak.

Ikastetxeak, halaber, aplikazio informatikoan adierazi beharko ditu matrikula egitean pertsona bakoitzak aurkeztu dituen agiriak.

Hogeita bosgarrena.– Matrikula baieztatzea.

Matrikulako datu guztiak sartutakoan, ikastetxeak grabatu egingo du. Jarraian, aplikazio informatikoak emandako inprimakia inprimatu eta ikasleari emango dio.

Egindako matrikula horretan ondoren aldaketak egonez gero, aplikazio informatikoan jaso beharko dira berehala. Era berean, ikastetxeak behin betiko matrikula egiaztatzeko beste inprimaki bat emango dio ikasleari.

Hogeita seigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko itunpekoak ez diren ikastetxe pribatuetako eta atzerriko ikastetxeetako Batxilergoko ikasleen matrikulazioko datuak sartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoa eskaintzen duten itunpekoak ez diren ikastetxe pribatuak eta atzerriko ikastetxeak ez daude behartuta aplikazio informatiko hori erabiltzera ikasleak hartzeko prozesuan.

Nolanahi ere, ikastetxe horiek guztiek aplikazio informatiko horretan sartu beharko dituzte ikastetxean Batxilergoko lehenengo nahiz bigarren mailan matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2023ko irailaren 29an amaituko da.

MATRIKULA EZEZTATZEA

Hogeita zazpigarrena.– Matrikula ezeztatzea.

Matrikula bat ezeztatzeko eskabide bat onartzen denean, ikastetxeak inguruabar hori aplikazio informatikoan jaso beharko du. Kudeaketa hori egiteko epea 2024ko maiatzaren 3an amaituko da.

ESTATISTIKA-DATUAK BALIDATZEA

Hogeita zortzigarrena.– Estatistika-datuak balidatzea.

Agindu honen 5. artikuluan xedatu bezala, ikastetxeek 2023ko uztailaren 7ra arteko epea izango dute (egun hori barne), Batxilergoan egindako ohiko aldiko matrikulazioari buruzko datu globalak aplikazio informatikoan balidatzeko.

Halaber, aplikazio informatiko horretan, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean balidatu beharko dituzte Batxilergoko matrikularen behin betiko estatistika-datuak.

III. ERANSKINA
MUSIKAKO IKASKETA ARAUTUAK IKASTEN DITUZTEN IKASLEEK SARTZEKO LEHENTASUNA DUTEN IKASTETXEAK
ARABA
(Ikus .PDF)
GIPUZKOA
(Ikus .PDF)
BIZKAIA
(Ikus .PDF)
DANTZAKO IKASKETA ARAUTUAK IKASTEN DITUZTEN IKASLEEK SARTZEKO LEHENTASUNA DUTEN IKASTETXEAK
ARABA
(Ikus .PDF)
ERRENDIMENDU HANDIKO KIROL-PROGRAMAK EGITEN DITUZTEN IKASLEEK SARTZEKO LEHENTASUNA DUTEN IKASTETXEAK
ARABA
(Ikus .PDF)
GIPUZKOA
(Ikus .PDF)
BIZKAIA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
IRIZPIDEAK ETA BAREMOA
LEHENTASUNEZKO IRIZPIDEAK

a) Neba-arreba bat edo gehiago egotea ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean matrikulatuta. Apartatu honetako gehieneko puntuazioa: 6,5 puntu.

– Neba-arreba bat edo gehiago daude eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean matrikulatuta: 6,5 puntu.

b) Bizilekuaren edo lantokiaren gertutasuna (kontzeptu horiek ez dira metagarriak). Apartatu honetako gehieneko puntuazioa: 7 puntu.

– Eragin-eremuaren barruan, ikaslearen bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxe publikoa edo itunpeko ikastetxea eskatu bada. 7 puntu.

– Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dago ikaslearen bizilekua: 5 puntu.

– Eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakide batean dago ikaslearen bizilekua: 2 puntu.

– Eskatutako ikastetxearen udalerrian dago ikaslearen bizilekua, baina haren eragin-eremutik eta eremu mugakideetatik kanpo: 1 puntu.

– Ikasleak bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, baina ikastetxea kokatuta dagoen udalerritik eta eragin-eremu zein eremu mugakideetatik kanpo: 0,5 puntu.

– Ikaslearen lantokia edo aitaren, amaren edo legezko tutorearena, ikaslea adingabea bada, eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dago: 2 puntu. (Puntu horiek bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxean edo ikastetxe atxiki batean lan egiteagatik ematen diren puntuekin).

c) Familia-unitatearen urteko errenta (kontzeptu metagarriak dira, harik eta apartatuko gehieneko puntuazioa lortu arte). Apartatu honetako gehieneko puntuazioa: 3 puntu.

– 2021eko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren batura 13.370,00 eurotik gorakoa ez bada: 2 puntu.

– 2021eko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak zenbateko hori gainditzen badu: 0 puntu.

– Horrez gain, aurreko kasuetan, 0,25 puntu gehituko dira eskatzailea ez den seme-alaba adingabe bakoitzeko.

IRIZPIDE OSAGARRIAK

d) Ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxean lan egiten duten senideak izatea. Apartatu honetako gehieneko puntuazioa: 5 puntu.

– Eskatutako ikastetxean edo ikastetxe atxiki batean lan egiten dute aitak, amak edo legezko tutoreak: 5 puntu (puntu horiek bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxearen eragin-eremuan lan egiteagatik ematen diren puntuekin).

e) Desgaitasuna:

– Ikasle eskatzailearena baldin bada: 2 puntu.

– Aitarena, amarena, legezko tutorearena edo neba-arrebaren batena baldin bada: 1 puntu.

– Apartatu honetako gehieneko puntuazioa: 2 puntu.

f) Familia-unitatea arrazoi hauengatik lekuz aldatzea: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana, edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.

– Apartatu honetako gehieneko puntuazioa: 0,5 puntu.

g) Familia ugariko kide izatea.

– Maila bereziko familia ugariko kide izateagatik: 1,5 puntu.

– Maila orokorreko familia ugariko kide izateagatik: 1 puntu.

h) Guraso bakarreko familiako ikasle adingabeak.

– Guraso bakarreko familiakoa izateagatik: 1 puntu.

i) Familia-harrerako egoera.

– Ikasle eskatzailea familia-harreran egoteagatik: 1 puntu.

j) Erditze anizkoitzean jaiotako ikasleak.

– Bi haurreko erditzean jaiotzeagatik: 1 puntu.

– Erditze berean jaiotako beste neba-arreba bakoitzeko: 0,25 puntu.

– Apartatu honetako gehieneko puntuazioa: 1,5 puntu.

k) Ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenaren edo eskola-kontseiluaren ustez garrantzitsuak diren bestelako egoerak.

– Ikastetxeko eskola-kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak ezarritako baldintzengatik, aurretik esandakoak izan daitezkeenak. Horiek irizpide publiko eta objektiboei jarraikiz eta jaiotza-, arraza-, sexu-, erlijio-, iritzi-arrazoiengatik edo beste edozein egoera edo baldintza pertsonal edo sozialengatik inor baztertu gabe ezarri dira: puntu 1 gehienez. Baldintzak aditzera eman beharko dira eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehen.

l) Bazkide kooperatibista izatea.

– Familia-unitateko kideren bat eskatu den ikastetxeko kooperatiba-bazkide izateagatik: 0,5 puntu.

m) Espediente akademikoa (DBHn amaitutako azken mailari dagokiona):

– Nota bikain izatea (9): 1 puntu.

– Nota oso ongi izatea (7): 0,5 puntu.

n) Beste batzuk:

1) Genero-indarkeriaren biktima izatea.

– Genero-indarkeriaren biktima izateagatik: 1 puntu.

2) Terrorismoaren biktima izatea.

– Terrorismoaren biktima izateagatik: 1 puntu.

Apartatu honetako gehieneko puntuazioa: 2 puntu.


Azterketa dokumentala