Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2023ko otsailaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
883

AGINDUA, 2023ko otsailaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez malgutze-neurri hauek hartzen baitira Gauzatu-Industria, Bideratu Berria, Bideratu COVID-19, Indartu, Bateratu COVID-19 eta Bilakatu COVID-19 programei begira: itzulketak geroratzea eta inbertsioak egiteko eta/edo enplegua sortzeko epeak luzatzea, Errusiak Ukrainaren aurka egindako eraso militarrak eragin duen krisiari erantzutearren.

Errusiak Ukrainaren aurka egindako eraso militarra, ezarritako zehapenak eta hartutako gainerako kontraneurriak ekonomiari erasaten ari zaizkio Europar Batasuneko merkatu osoan, eta askotariko ondorioak ari dira pairatzen enpresak, zuzenean zein zeharka. Ondorio horietako batzuk dira eskaria murriztea edota gaur egungo kontratuak eta proiektuak etetea, eta hori negozio-bolumena galarazten ari da, baita hornidura-kateetan nahasmenduak sortzen ere, bereziki, lehengaietan eta aurreproduktuetan, bai eta beste sargai batzuetan ere, ez baitaude eskuragarri, ez merke.

Gainera, elektrizitatearen eta gasaren prezioen gorakada energiaren merkatuari kalte larria egiten ari zaio, Errusiak Ukrainari militarki eraso egin aurretiko maila dagoeneko altuetatik oso gora daudenez. Energiaren prezio altu horiek kalteak eragiten ari dira herritarren erosahalmenean, eta horrek, pobrezia zabaltzea ez ezik, ekonomiaren sektore nagusietako enpresen lehiakortasuna murriztea ere ekarri du, batez ere energia-kontsumo handiko industrietan. Izan ere, fabrikazio-kostu handiagoei aurre egin behar diete, eta horrek, kasu jakin batzuetan, arriskuan jar dezake enpresen jarraitutasuna –beste egoera batean errentagarriak izango lirateke–, eta, ondorioz, zuzenean eragin diezaioke enpleguari.

Ondorio horiek guztiek, oro har, ekonomiaren nahasmendu larria eragin dute, eta ezinbestekoa da egoera horri erantzun ekonomiko koordinatua ematea, eragin negatiboak –ekonomikoak eta sozialak– arintzeko, ekonomia-jarduerak eta enplegua zaintzeko eta beharrezkoak diren egiturazko doikuntzak egiteko.

Gatazka belikoaren ondorioen zuzeneko eragina pairatzen ari diren jarduera-sektoreei lagundu behar zaie; bereziki, gatazka horrek ukitutako herrialdeekin zuzeneko lotura dutenei. Gatazkak industrian duen inpaktua aldaketak eragiten ari da ekoizpen-planetan, baita geldialdiak ere lantegietan, elektrizitatea eta erregaiak nabarmen garestitzeaz gain.

Enpresak ahalegin handiak egiten ari dira COVID-19aren pandemiak eta gaur egungo krisi belikoak eragindako zailtasunak gainditzeko. Krisi horren ondorioak COVID-19arenak baino okerragoak izan daitezke, eta aldaketak eragiten ari da ekoizpen-planetan, baita geldialdiak ere lantegietan, elektrizitatea eta erregaiak nabarmen garestitzeaz gain. Beraz, beharrezkoa da gatazka belikoaren ondorioak zuzenean pairatzen ari diren jarduera-sektoreetako enpresei laguntzea.

Eusko Jaurlaritzak enpresak egiten ari diren ahaleginetan lagundu nahi du; bereziki, gatazkak eragiten dien herrialdeekin zuzeneko lotura duten enpresei. Hain zuzen, lehiakorrak izateko gaitasuna duten enpresak eta/edo jarduera-sektoreak sendotu nahi ditu, bideragarriak izaten jarrai dezaten, lehenbailehen suspertu ahal izan daitezen eta posizionamenduari eta lehiakortasunari euts diezaieten.

Aurrekoetan bezala, 2020ko martxoaren 24ko, 2021eko ekainaren 16ko eta 2022ko ekainaren 1eko aginduen bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, inbertsiorako laguntza-programen kudeatzaile eta sustatzaile den aldetik, beharrezkotzat jotzen du Gauzatu-Industria, Bideratu Berria, Bideratu COVID-19, Indartu, Bateratu COVID-19 eta Bilakatu COVID-19 laguntza-programen eskakizunak malgutzeko neurriak hartzen jarraitzea, balizko likidezia- eta kaudimen-tentsioak ekiditeko eta enpresen iraunkortasuna eta jarraitutasuna bultzatzeko.

2022ko urriaren 28an, Europako Batzordeak estatu-laguntzen aldi baterako krisi-esparrua aldatu du, Batasuneko estatuei aukera ematen diena estatu-laguntzei buruzko arauetan aurreikusitako malgutasuna erabiltzen jarraitzeko, eta, hala, Errusiak Ukrainaren aurka hasitako gerra dela-eta ekonomiari laguntzeko, eta, besteak beste, aldi baterako krisi-esparruan ezarritako neurri guztiak 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu ditu. Gainera, Batzordeak, data horretan bertan, erabaki du 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzea susperraldi jasangarrirako inbertsioetarako laguntzak aplikatu ahal izateko epea, estatu-laguntzen COVID-19aren aldi baterako esparruan.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

1 artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da malgutze-neurriak hartzea itzulketak geroratzeko datei eta inbertsioak egiteko eta/edo enplegua sortzeko aldiak luzatzeari dagokienez, jarraian aipatzen diren laguntza-programen onuradun direnei eta Errusiak Ukrainaren aurka egindako eraso militarrak eragin duen krisiaren erronka ekonomikoei aurre egin behar dieten enpresei likidezia eta finantzaketa bermatzeko eta kaudimen-arazoak ekiditeko.

– Gauzatu-Industria: oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren ETEak sortzea eta garatzea bultzatzeko laguntzak.

– Bideratu Berria: krisian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak.

– Bideratu COVID-19: COVID-19aren inpaktu ekonomikoaren eraginez krisian dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak.

– Indartu: Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait eremuren eta erkidegoko urteko batezbestekotik gorako langabezia-tasa (deialdi bakoitzean finkatuko da) duten udalerrien lehiakortasuna hobetzera eta garapen ekonomikora bideratutako ekoizpen-inbertsioetarako laguntzak.

– Bateratu COVID-19: COVID-19ak eragindako enpresei zuzendutako laguntzak; alegia, sendotze-jarduerak egiten dituzten enpresei.

– Bilakatu COVID-19: COVID-19ak eragindako enpresei zuzendua, hots, negozio-lerroetan, produktuetan, zerbitzuetan eta merkatuetan gaitasun berriak garatuz, dibertsifikatzeko eta/edo birlokalizatzeko jarduerak egiten dituzten enpresei.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren neurriak hauentzat bakarrik dira: Gauzatu-Industria, Bideratu Berria, Bideratu COVID-19, Indartu, Bateratu COVID-19 eta Bilakatu COVID-19 laguntza-programen indarreko edozein deialdiren babesean dagoeneko onuradun diren enpresentzat.

2.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituzten erakundeek (programei atxikita daudenek) soilik balia ditzakete malgutze-neurriok.

Betebehar horiek betetzen direla automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, programa horiek kudeatzen dituen organoak, salbu eta onuraduna modu arrazoituan aurka agertzen bada, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua– ezarritakoarekin bat etorriz, eta, orduan, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.

3.– Neurri hauen onuradun izateko, erakundeek behar bezala egiaztatu beharko dute krisiak nola eragozten edo zailtzen dien artikulu honetako 1. apartatuko programen babesean emandako dirulaguntzak onartzean euren gain hartutako betebeharrak betetzea. Horretarako, agindu honetako 4.2 artikuluan eskatutako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte. Hona hemen eraginen adibide batzuk:

– Jarduerarik gabeko aldiak izatea, fakturazioa galtzea eta eskaerak murriztea.

– Hornidura-kateak etetea eta Errusiatik edo Ukrainatik egin behar zaizkion ordainketak egiteke egotea.

– Zibererasoak izateko arriskua handitzea.

– Egungo krisiak eragindako sargai edo lehengai espezifikoen prezioek gora egitea.

– Gasaren eta elektrizitatearen prezioek nabarmen egitea gora eta prezio horiek jasanarazteko gai ez izatea eta abar.

Enplegu-murrizketaren kasuan, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten bidez (ABEE) justifikatuta egotea.

4.– Gauzatu-Industria, Bideratu Berria, Bideratu COVID-19, Indartu, Bateratu COVID-19 eta Bilakatu COVID-19 programen erakunde onuradunek, agindu honek eragiten dienean izan ezik, jasotako laguntzak ematea arautu zuten xedapenetako bakoitzean ezarritakoari jarraituko diote.

3. artikulua.– Malgutze-neurrien tipologia.

1.– Laguntza itzulgarrien itzulketa-kuotak geroratzea.

Gauzatu-Industria, Bideratu Berria eta Bideratu COVID-19 programetan, erakundeek 2023ko otsaileko eta/edo uztaileko kuoten itzulketa atzeratu ahal izango dute. Kuota horiek ordaintzeko epe berria hasierako ebazpenean edo emandako luzapenetan aurreikusitako itzulketen egutegia amaitzen denean hasiko da. Kasu horietan, atzeratutako kuotak itzultzeko epea zehaztuko duen ebazpena emango da.

Hala ere, Ekonomia eta Ogasun Sailak emandako zatikatze-ebazpen baten mende dauden itzulketak agindu honetatik kanpo geratzen dira.

2.– Inbertsioa egiteko eta enplegua sortzeko aldia luzatzea.

Inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko edo mantentzeko aldia luzatu ahal izango da, betiere exekuzio-epeak, ohiko eta ezohiko luzapenak barne, amaituta ez badaude.

– Gauzatu-Industria eta Indartu programak.

Luzapen gehigarri bat eman ahal izango da, gehienez 6 hilabetekoa, inbertsiorako eta enplegua sortzeko edo mantentzeko aldia amaitzen den egunetik aurrera, ohiko eta ezohiko luzapenak barne, halakorik balego, 2022ko deialdiaren onuradunentzat izan ezik.

– Bateratu COVID-19 eta Bilakatu COVID-19 programak.

Luzapen gehigarri bat eman ahal izango da, gehienez ere 12 hilabetekoa, inbertsiorako eta enplegua sortzeko edo mantentzeko aldia amaitzen den egunetik aurrera, ohiko eta ezohiko luzapenak barne, halakorik balego.

4. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileek, betiere laguntza emateko ebazpenean eta luzapenetan (kasua bada) hasieran aurreikusitako epeak amaitu baino lehen, kuotak itzultzeko epeak eta/edo inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko epeak aldatzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute, deialdia edozein dela ere, eta dirulaguntza eman zuen organoak berariaz onetsi beharko du eskaera hori.

Eskabidearekin batera, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

2.– Eskabidean, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Laguntza itzulgarrien itzulketa-kuotak geroratzeko:

– Justifikazio-memoria, gatazka belikoak eragindako krisiaren eta/edo elektrizitatearen eta gasaren prezioen igoeraren ondorioz hurrengo epemugan itzuli beharreko laguntza itzultzeko zailtasuna azaltzen duena.

– Azalpen-memoria, kualitatiboa eta kuantitatiboa, krisi belikoaren eraginari eta energia-prezioen igoerari buruzkoa, balorazio ekonomikoa eta finantzarioa barne.

– Ondorio horiek arintzeko, hurrengo hilabeteetarako aurreikusitako jarduketa-plana.

– Urteko kontu auditatuak eta/edo 2022ko ekitaldiko sozietateen gaineko zerga.

b) Inbertsioa egiteko eta enplegua sortzeko aldia luzatzeko:

– Egindako inbertsioen justifikazio-memoria. Bertan, gutxienez, exekutatutako inbertsioak eta gastuak eta egiteko daudenak biltzen dituen taula bat egongo da. Era berean, eskaera egin arte enpleguak izan duen bilakaera jasoko da (ABEE bat aplikatu bada, erantsi dokumentazioa), eta sexuaren arabera banakatu beharko da.

– Memoria xehatua, laguntza emateko ebazpenean ezarritako aldian inbertsioaren eta enpleguaren baldintzak betetzeko dituzten zailtasunen gainekoa.

3.– Eskabideak eta gainerako dokumentuak, bai eta eskaeraren ondoko izapideak ere, barne hartuta jakinarazpenak, frogagiriak eta errekurtsoak, onuradun izan ziren deialdi bakoitzean adierazitako bidetik aurkeztuko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta eskatutako agiriak. Era berean, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.

5.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2023ko irailaren 29ko 12:00etan amaituko da.

5. artikulua.– Ebazteko epea.

1.– Dirulaguntza eman zuen organoak ebatziko ditu agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak. Gero, ebazpena jakinarazi beharko die erakunde eskatzaileei, hilabeteko epean gehienez, eskabidea aurkeztu den egunetik aurrera. Epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako ondorioei dagokienez.

2.– Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo aurreko artikuluan zerrendatutako agiriren bat falta dela edo akatsen bat dagoela hautemanez gero, enpresa interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzendu edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzala 10 eguneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, dagokion organoak aurretiaz ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoari jarraikiz.

3.– Itzulketa-kuotak geroratzeko edo inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko epea luzatzeko eskabideak baiesten dituzten ebazpenek emakidan aurreikusitako egutegia edo, halakorik balego, luzapenak aldatuko dituzte, eta itzulketa-data berriak edo inbertsioa egiteko edo enplegua sortzeko aldiak zehaztuko.

4.– Inbertsioak egiteko eta enplegua sortzeko aldiak aldatzeko ebazpenak Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak jakinaraziko dizkie horien kudeaketa teknikoan eta finantzarioan laguntzen duten erakundeei; alegia, hauei: Basque Trade & Investment, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia, FEI-Finantzen Euskal Institutua eta SOCADE-Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea. Horrela, egoki diren neurriak hartu ahal izango dituzte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 15a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala