Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2023ko otsailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
578

EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 12koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen-txosten estrategikoa, Mutrikuko (Gipuzkoa) 1. BA «Calogero» (arau subsidiarioak; 2-EU eta 3-EU) Plan Bereziaren Aldaketarena.

AURREKARIAK

Mutrikuko Udalak, 2022ko abenduaren 9an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Mutrikuko 1. BA «Calogero» (arau subsidiarioak; 2-EU eta 3-EU) Plan Bereziaren Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko azaroaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Mutrikuko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horretan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumen-babes maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Mutrikuko 1. BA «Calogero» (arau subsidiarioak; 2-EU eta 3-EU) Plan Bereziaren Aldaketa –aurrerantzean, Plana–; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako ondorio garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer kondizio ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Mutrikuko (Gipuzkoa) 1. BA «Calogero» (arau subsidiarioak; 2-EU eta 3-EU) Plan Bereziaren Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:

A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da 1. BA «Calogero» arearen Barne Eraberrikuntzako Plan Bereziak (aurrerantzean BEPB) ezarritako antolamendu xehatua aldatzea. Plan hori 2007ko martxoan onetsi zen behin betiko, sustatzaileak emandako informazioaren arabera.

1.– BA «Calogero» areak 8.387,78 m2-ko azalera du, eta BEPBk 53 etxebizitza eraikitzea ahalbidetzen du, eraikuntza irekiko 5 lurzatitan antolatuta, 7.085 m2(t)-ko eraikigarritasunarekin: horietatik 6.371 m2(t) bizitegi-erabilerarako dira, eta 714 m2(t), garajeetarako.

Gero, BEPBren aldaketa bat izapidetu zen, eta hirigintzako jarduketa-programa (HJP) bat idatzi zen. Programa hori 2009ko martxoan onetsi zen behin betiko, eta hiru exekuzio-unitate independente zehazten zituen eremua garatzeko. 2021eko ekainean amaitu zen 1-EUren garapena, 2.145,41 m2-ko jarduketa-azalerarekin, eta 2-EU eta 3-EU unitateak exekutatu gabe geratu ziren. Bi unitate horien garapenak dituen arazoak ikusita, BEPB aldatzea erabaki da, 2-EU eta 3-EU unitateei dagokienez. Unitate horiek, guztira, 6.242,37 m2-ko azalera dute, eta horietatik 5.380,92 m2 2-EU unitateari dagozkio eta 861,45 m2, 3-EU unitateari.

Planak antolatutako azalera, guztira, lehen adierazitakoa baino pixka bat handiagoa da; izan ere, 1-EU unitatearen zati txiki bat (309,09 m2) atxikitzen zaio eremuari, hiri-espazio libreen zona bati eta espaloi eta espazio libreen zona bati dagokiona.

Hauek dira Planak dakartzan aldaketa nagusiak:

– Eremuaren goiko zonako etxebizitzak indarrean dagoen plangintzan proposatutakoa baino sestra txikiagoan ezarriko dira (+71 kotan, +75 kotan beharrean), eraikinak mendi-hegalean gehiago integratzeko eta haien profila bateratzeko, eta, horrela, haien ikusizko inpaktua gutxitzeko.

– Ezetsi egin da Jose Maria Altzibar eta Txurruka tenientearen kaleen artean indarrean dagoen plangintzan proposatutako ibilgailuen bidea egitea, hura gauzatzeak konplexutasun teknikoa izango lukeelako, baita arrisku geologikoak eta funtzionaltasun zalantzagarria ere, eta, halaber, kostu ekonomiko handia ekarriko lukeelako. Horren ordez, bide bat antolatuko da (e.1.3.1 lurzatia, 805,48 m2-koa), Altzibar kalea eremuaren goiko aldeko etxebizitzen garajeetarako sarbideraino lotuko duena. Barneko konexioa oinezkoentzat izango da, igogailuen eta pasabideen sistema baten bidez, Mutrikuko goiko auzoak futbol-zelaiaren zonarekin lotzeko.

– Espazio libreen (f.1.3.1 lurzatia) zuzkidura bat sortuko da, tokiko sistemarako. Zuzkidura horrek 2.754,11 m2-ko azalera izango du, indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako 2.000 m2-en aldean. Horrez gain, espaloien eta oinezkoentzako espazioen f.1.3.2 lurzatia antolatu da, 570,99 m2-ko azalerarekin, eta, horrela, espazio libreen azalera, guztira, 3.325,10 m2-koa izango da.

– 3-EU unitatearen azalera aldatu egingo da, Beti-Alai lurzatiaren mugekin bat etor dadin, GI-3230 errepidearen ondoko lur-zerrenda bat izan ezik; izan ere, hor lurzatiaren muga atzera eman da, lehendik dagoen espaloia handitzeko. Espazio hori 2-EUn integratuko da. Planak Beti-Alai lurzatiko familia bakarreko etxebizitza finkatzen du, 463 m2(t)-ko eraikigarritasuna esleitzen dio eta gehienez 5 etxebizitza eraikitzeko eskubidea.

– Guztira, 53 etxebizitza eraikiko dira, eraikuntza irekiko 4 bizitegi-bloketan banatuta (a.3.2 blokea: 18 etxebizitza; a.3.3 blokea: 12 etxebizitza; a.3.4 blokea: 18 etxebizitza; eta a.3.5 blokea –Beti-Alai etxea–: 5 etxebizitza). Sestra azpian, garaje eta trastelekuetarako zenbait solairu daude antolatuak; guztira, 77 aparkaleku. Sestra azpiko solairuak ez dira hirigintza-aprobetxamendu gisa kontabilizatuko; beraz, eraikigarritasuna bizitegi-erabileratzat hartuko da. Eraikuntza-profila SOT+BS+V+TP izango da a.3.2, a.3.3 eta a.3.4 lurzatietarako, eta SOT+BS+II+TP a.3.5 lurzatirako.

Aukerei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak (aurrerantzean, IDE) aztertzen ditu 0 aukera, hau da, indarrean dagoen plangintza mantentzea, eta 1. aukera, Planak onartutakoa. Ezetsi egin da da 0 aukera; izan ere, 2007. urtetik –indarrean dagoen BEPB onartu zen urtetik, hain zuzen–, ezin izan da eremua garatu 2-EU eta 3-EU unitateei dagokienez.

Hautatutako aukerak orain arte aurreikusitako jarduketak garatzea ahalbidetu ez duten arazoak konpontzen ditu, eta antolamendu jasangarriago bat proposatzen du, espazio publiko gehiago askatzen duena, irisgarritasuna konpontzen duena eta Mutrikuko goiko auzoak futbol-zelaiaren eremuarekin lotzea ahalbidetzen duena.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako agirien arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren antolamendu-eremua bizitegi-erabilera globaleko hiri-lurzoru finkatu bat da, Mutrikuko gunearen hegoaldean kokatua. Aldaketak zenbait aldakuntza txertatzen ditu indarrean dagoen BEPBn, batez ere honako hauekin lotuta: Beti-Alai etxearen lurzatiaren mugaketa egokitzea, proposatutako eraikin berriak beheragoko sestra batean ezartzea eta hasiera batean eremuaren barne-konexiorako proposatutako ibilgailuen bidearen exekuzioa ezestea. Mantendu egingo da 1. BA «Calogero» eremurako indarrean dagoen plangintzan antolatutako eraikuntza-aprobetxamendua, 1-EU unitatean jada gauzatutakoa kenduta. Hala ere, sestrapean antolatutako garaje berriak ez direnez hirigintza-aprobetxamendu gisa zenbatuko, etxebizitza gehiago aurreikusten dira: 53, gehienez. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-ondorio nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afekzio-eremuan egin beharreko jarduketak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Aztertutako eremua Mutrikuko herrigunearen hegoaldean dago; mendebaldean, GI-3230 errepideak (Jose Maria Altzibar etorbidea, Mutrikuko hirigunetik igarotzean) mugatzen du, eta ekialdean, berriz, han dauden eraikinek eta GI-638 errepideak (Txurruka tenientearen etorbidea, hirigunearen barruan).

Kokalekutik hurbilen dagoen ur-ibilgua Ondabarro da. Aztertutako eremutik 400 metrora dago, gutxi gorabehera, eta Saturraran ibaiaren adarretako bat da. Ez da ur-punturik identifikatu Planaren xede den eremuan.

Aztertutako eremuko landaredia zenbait ortuz eta landaredi erruderal nitrofiloz dago osatua, eta Phyllostachys sp. espezie inbaditzailearen presentzia nabarmentzen da. Ez da flora-espezie mehatxaturik identifikatu. Eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, dagoen fauna hiri-inguruneetara eta hiri-periferiako inguruneetara egokitutakoa da, eta, era berean, eremu horretan ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu.

Planaren eremua Euskal Kostaldeko Geoparkearen barruan dago. Hala ere, aurreikusitako jarduketek ez dute eraginik izango espazio horren izendapenean zehaztutako interes-balioetan (Agindua, 2011ko martxoaren 18koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinen bidez argitara ematen baita Euskal Kostaldeko Geoparkearen nazioarteko izendapena eta Europako Geoparkeen Sarean zein Unescok lagunduriko Munduko Geoparke Nazionalen Sarean sartu izana.).

Ingurunean ez dago beste intereseko lekurik, naturagune babestuei, hezeguneei eta korridore ekologikoei dagokienez. Ez da detektatu, halaber, intereseko habitaten, katalogatutako paisaien eta kultura-ondasun izendatutako kultura-ondareko elementuen presentzia. Nolanahi ere, adierazi behar da Beti-Alai etxeak tokiko babeserako proposamena duela.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, IDEk adierazten du kokalekuaren mendebaldeko muturrean badagoela gainazal bat muturreko higadura-prozesu nabariak dituena –begi hutsez ikus daitezke–. Aitzitik, eremuaren hegoaldea higadura-maila oso baxuekin dago katalogatuta.

Bestalde, Planaren zirriborroaren arabera, azterketa geoteknikorik egin ez den arren: «Mutrikuko lurzoruak ezagutzeari esker, esan daiteke flyschak iparralderantz jotzen duela, itsasorantz, eta horrek esan nahi du arrokaren egitura mota horrek egonkortasun- eta bultzada-arazoak ekarriko dituela seguruenik. Horregatik, zuhurtzat jotzen da egin beharreko urbanizazio-obrak minimizatzea. 1-EU exekutatzean, igeltsuen presentzia eta zailtasun geoteknikoak izan ziren, eta horrek baieztapen hori berresten du».

Ez da beste arrisku esanguratsurik detektatu; izan ere, eremuak ez du uholde-arriskurik, ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik, eta akuiferoak kutsatzeko kalteberatasunik gabeko zona gisa dago katalogatuta eremua.

Egoera akustikoari dagokionez, azterlan akustiko bat aurkeztu da, eta, hor adierazten denez, zarata-iturri nagusiak bide-trafikoak sortutakoak dira. 2 metrora egindako mapek erakusten dutenez, gaur egungo agertokian, kanpoan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan zehaztutako kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen dira, etorkizuneko bizitegi-erabilerari eta lehendik dagoen bizitegi-eraikinari dagokienez.

Deskribatutakoa kontuan hartuta, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak eraikinen eraikuntza-obrekin eta urbanizazio-obrekin daude lotuak; izan ere, obra horiek lur-mugimenduak beharko dituzte, urbanizazioaren oinarri diren plataformak egiteko, bai eta aurreikusitako sestrapeko solairuak eraikitzeko ere.

Ekintza horien ondorioz, landaredia desagerraraziko da, emisio atmosferikoak izango dira, hondakinak sortuko dira, makinen joan-etorria egongo da, isurketak, zaratak eta abar izango dira. Horrek eragin diezaieke lurrazaleko urei (kasu honetan, euri-urak biltzeko sistemen bidez zeharkako afekzioak gerta daitezke) eta lurpeko urei, bai eta lurzoruei ere, isurketen ondorioz. Beste inpaktu posible batzuk emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenekin lotutakoak dira.

Garrantzi berezia dute detektatutako mendi-hegalen higadura- eta egonkortasun-arriskuek. Hori da, hain zuzen ere, Jose Maria Altzibar eta Txurruka tenientea kaleen arteko lotunea egitea –indarrean dagoen plangintzan proposatzen baita– ezesteko arrazoietako bat; izan ere, Planaren zirriborroan uste da hori egiteak kostu ekonomiko handia izateaz gain, arrisku geologikoak ere izango lituzkeela. Horren ordez, lehen esan bezala, oinezkoentzako irisgarritasuna konpontzen da igogailuen eta pasabideen sistema baten bidez, Mutrikuko goiko auzoak futbol-zelaiaren eremuarekin lotu ahal izateko. Nolanahi ere, etorkizuneko eraikuntza-proiektuak garapenaren bideragarritasuna bermatuko duten eraikuntza-kondizioak bete beharko ditu, identifikatutako higadura-arriskuei eta egonkortasun-arazoei dagokienez.

Proposatzen diren jarduketak eta horien ondorioak mugatuak direnez, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Bestalde, Beti-Alai etxearen gaineko jarduketei dagokienez, ez da aurreikusten kultura-ondarean eraginik izango dutenik, betiere Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ezarritako zehaztapenak betetzen badira. Zehazki, egungo itxitura perimetrala, ahal den guztietan, berrerabiltzeari dagokionez. Bestalde, eraikin hori ordezkatzea saihestu beharko da; haren bolumetria, kanpoko irudia eta oinarrizko banaketa tipologiko eta estrukturala gorde beharko da, eta egituraren material generikoa mantendu.

Ustiapen-fasean, litekeena da etxebizitza kopurua handitzeak berekin ekartzea, besteak beste, eremuko trafikoa eta mugikortasuna handitzea, hondakinen sorrera eta energia-iturrien erabilera areagotzea eta abar.

Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren emaitzei erreparatuta, ikusten da aurreikusitako etorkizuneko agertokian kalitate akustikoko helburuak betetzen direla kanpoan, Jose Maria Altzibar kalearen ondoko lurzati berriko gune txiki batean izan ezik, espaloian bertan, gauez. 20 urterako etorkizuneko agertokian, fatxadetan erasotzen duen soinuaren mapan, eguneko aldi guztietarako betetzen dira etorkizuneko eraikineko fatxada guztietan kalitate akustikoaren helburuak. Era berean, KAH horiek betetzen dira 3-EU unitatean lehendik zegoen eraikinaren fatxadetan.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Mutrikuko 1. BA «Calogero» (arau subsidiarioak; 2-EU eta 3-EU) Plan Bereziaren Aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira Planean.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera egikarituko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

– Kultura-ondarea babesteko neurriak:

• Beti-Alai lurzatiaren perimetro-itxitura atzera emateko, komeni da, ahal den neurrian, itxitura bera edo, gutxienez, haren elementurik esanguratsuenak berrerabiltzea.

• Beti-Alai etxea ordezkatzea jarduketa bateraezina izango litzateke Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek ezarritako irizpideekin. Ildo horretan, gomendatzen da Beti-Alai etxean egiten diren esku-hartzeek haren bolumetria, kanpoko irudia eta oinarrizko banaketa tipologiko eta estrukturala errespetatzea, eta egituraren material generikoa mantentzea.

Ondare Urbanizatua eta Eraikia Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan jasotako «Birgaitzeko esku-hartzeak» izeneko I. eranskinean definitutako «Sendotzea eta/edo Zaintzea eta apaintzea» izeneko esku-hartze kategoriak hartuko dira erreferentziatzat, eta «Zaharberritzea» kategoriako esku-hartzeak ere posible izango dira, goragoko babes-mailetan sartutakoez gain.

• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari. Ondoren, hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Identifikatutako arriskuekin lotutako neurriak:

• Higadura eta ezegonkortasuna: garapen-proiektuak eremuaren azterketa geoteknikoa barne hartuko du, garapenaren bideragarritasuna bermatuko duten eraikuntza-kondizioak zehaztuko dituena, detektatutako egonkortasun-arazoei eta higadura-arriskuei dagokienez.

• Ustiaketako zarata: Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatutako 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, ez badira kalitate akustikoko helburu horiek betetzen kanpoan, salbu eta ez den Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren bat. Plana onesteko, zehazki bermatuko da 213/2012 Dekretuaren 36., 37. eta 45. artikuluak betetzen direla.

Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.

– Beste prebentzio-neurri eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-etxolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

Mutrikuko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ahal dela, iragazgaiztu gabeko eremuetan ez da egingo makineria mantentzeko lanik.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrak egunez egingo dira.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-kondizio zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Obrengatik eragindako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz eragindako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kendu egingo dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

– Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak aplikatuko dira. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztien eta baso mistoaren ezaugarriak lehenetsita.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarrien sustapena ere. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

* Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

* Energia. Iturri berriztaezinen bidez energia gutxiago sortzea eta/edo energia horren kontsumoa murriztea.

* Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

* Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argiaren emisioak murriztea.

* Barne-kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako kondizioen arabera, eta betiere Ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik Mutrikuko 1. BA «Calogero» (arau subsidiarioak; 2-EU eta 3-EU) Plan Bereziaren Aldaketa gauzatzearen ondorioz, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Mutrikuko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehienezko epean, Mutrikuko 1. BA «Calogero» (arau subsidiarioak; 2-EU eta 3-EU) Plan Bereziaren Aldaketa onesten ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 12a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala