Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2022ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5750

EBAZPENA, 2022ko urriaren 31koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko (Araba) ekialdeko hedapenaren 7. sektoreko Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren 3. aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2022ko uztailaren 21ean, Vitoria-Gasteizko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Gasteizko ekialdeko hedapenaren 7. sektoreko Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plana) 3. aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko abuztuaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horretan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaituta eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, aipatu legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura ere, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren esparruan egin dira funtsezko izapideak.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gasteizko ekialdeko hedapenaren 7. sektoreko Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren 3. aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

3. aldaketa puntualak arau-esparrua ezarri nahi du, aplikatu beharreko eraikuntza-ordenantza berriak, alegia; bertan, honako parametro hauek zehazten dira: Vitoria-Gasteizko HAPOko 7. sektorean bizitegi-kalifikazioa duten 3 lurzatien okupazioa, atzeraemanguneak, lerrokadurak, altuerak, hegalak, partzelazio-baldintzak eta abar.

Araudia egokitzen da, HAPOren OA-7 ordenantzan zehaztutakoen antzeko etxebizitzak (etxebizitza kolektibo txikiak, Lorategi Hiriko etxeak bezalakoak) aipatutako 7. sektoreko 3 etxaditan gauzatzeko, OA-8 ordenantzako etxe moten ordez (familia bakarreko etxebizitza atxikiak, hainbat mailatakoak eta lorategi pribatudunak). Hori, hain zuzen ere, sektore horretako jatorrizko Plan Partzialean dago jasota, baina Planaren 2. aldaketa puntualean zehaztu zen, eta 2009ko martxoaren 27an onartu zen behin betiko (2009ko ekainaren 19ko ALHAO).

3. aldaketak ez du 2. aldaketan aurreikusitako etxebizitza kopurua aldatzen (Plan Partzialean planteatutakoak handitzen zituen), eta, beraz, hasierako Plan Partzialean ezarritako gehieneko eraikigarritasunari eusten zaio. Era berean, ez du aldatzen solairu eraikigarrien gehieneko kopurua (sotoa+B+2+e); izan ere, 2. aldaketa onartu zenean, solairu batetik bi izatera igaro zen.

Aldaketa honek gauzatzeko dauden sektoreko 3 bizitegi-lurzatiei eragiten die. Hauek dira lurzati horien azalerak, eraikigarritasunak eta gehieneko etxebizitza kopurua: RU-2 (azalera: 3.100,89 m2; gehieneko eraikigarritasuna: 1.950 m2; gehieneko etxebizitza kopurua: 19); RU-5 (azalera: 3.505,34 m2; gehieneko eraikigarritasuna: 2.400 m2; gehieneko etxebizitza kopurua: 23); eta RU-9 (azalera: 3.020,93 m2; gehieneko eraikigarritasuna: 2.100 m2; gehieneko etxebizitza kopurua: 20).

Ingurumen-dokumentu estrategikoak (IDE) 0. aukera aurkezten du –ez jardutekoa–; 1. aukerak –hautatuak–, baina, bizitegi-erabilerako etxadien gainean gauzatu beharreko etxebizitzaren tipologiari baino ez dio eragiten, eta aplikatu beharreko eraikuntza-ordenantza berriak ezartzen ditu (okupazioa, atzeraemanguneak, lerrokadurak, altuerak, hegalak, partzelazio-baldintzak, etab.). Horrela, aldatu egiten dira eraikuntza eta erabilerak arautzen dituzten ordenantzak, bai eta xehetasun-azterketak ere, bizitegi-lurzatiei dagokienez.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak proiektuetarako esparrua ezartzen duen neurria: proposatutako planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Planaren eremua hiri-lurzoru finkatua da, eta, beraz, Planak ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea; gainera, aurreikusitako garapenean energia-aurrezpena eta efizientzia indartzeko neurriak sar daitezke.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo nabarmenik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ibilguen zaintzari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-legeria txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Aldaketaren jarduketa-eremua bat dator Vitoria-Gasteizko HAPOko 7. sektorearen (Salburua) mugaketarekin. Sektore horrek muga hauek ditu: iparraldean, Salburuko KBE-HBBE (ES2110014); hegoaldean, Brusela hiribidea eta N-104 errepidea; mendebaldean, 8. sektorea; eta ekialdean, Elorriagako herrigune txikia.

Sektoreak 103.074 m2-ko azalera du guztira, eta sestra gaineko gehieneko bizitegi-azalera eraikigarria 15.600 m2-koa da.

Gaur egun, sektorea oso-osorik urbanizatua dago, eta lorategi pribatua duten dentsitate txikiko etxebizitzekin partzialki gauzatua. Honako hauek falta dira: aldaketa honek eraginpean hartzen dituen 3 bizitegi-lurzatiak, eta hirugarren sektoreko erabilerarako eta ekipamenduetarako lurzatiak.

Ingurumenari dagokionez, azpimarragarriena da eremuak Salburuko KBE-HBBEarekin (ES2110014) egiten duela muga iparraldean, baina ingurune antropizatua duen eta hirigintza-garapena onartuta zegoen eremu batean. Eremua aipatu KBE-HBBEaren babes-eremu periferikoaren barruan dago.

Eremua uren kutsadurarekiko kalteberatasun-maila handiko eremu batean dago, akuiferoa kargatzeko eremua delako. Era berean, nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dagoen eremu batean dago, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2014ko urtarrilaren 21eko Aginduaren arabera. Agindu hori nekazaritzako nitratoek ura kutsatzeko arriskua duten zonetan ingurune kaltebera izendatutakoei eusteko da.

Aldaketaren eremua ere interes hidrogeologikoko eremu batean dago sartuta (inbentarioko kodea: V06GIS.URA0410G).

Faunari dagokionez, geoEuskadin argitaratutako kartografiaren arabera, Salburuko KEB-HBBEa interes bereziko eremu gisa identifikatuta dago bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola), Arabako Foru Aldundiak azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduaren bidez onartutako kudeaketa-planaren arabera. Haren bidez, Arabako Lurralde Historikoan Mustela lutreola bisoi europarra Kudeatzeko Plana onartu zen (2003ko abenduaren 5eko ALHAO). Gainera, Errekaleor ibaia, sektoreko zati txiki batean dagoena, Araban uhalde-enararen (Riparia riparia) banaketa naturaleko eremu gisa identifikatuta dago 3. eremuaren barruan, Zadorra ibaiaren eta haren ibaiadarren erdiko tartea (Vitoria-Gasteiz, Arrazua-Ubarrundia eta Burgeluko udal-mugarteak), Diputatuen Kontseiluaren martxoaren 7ko 22/2000 Foru Dekretuaren bidez, «Uhalde-enara (Riparia riparia)» hegaztiaren Kudeaketa Plana onartzekoa, espezie mehatxatua baita eta hori babesteak neurri espezifikoak eskatzen baititu (2000-03-27ko ALHAO).

Era berean, aldaketa honen eremua Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduak mugatzen duen «Salburua sektorea» izeneko abifaunaren babes-eremuaren barnean dago. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatu ziren, eta abifaunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratu.

Vitoria-Gasteizko udalerriaren zati handi bat EAEko Korridore Ekologikoen Sarean sartuta dago, Gasteizko Eraztun Berde gisa, eta plan honen eremuan, Errekaleor ibaiari dagokion lotura-eremua du.

Egoera akustikoari dagokionez, Planaren egoera akustiko globalaren azterketa kualitatiboa egin da, eta, zonarako dauden zarata-mapen azterketaren arabera, A motako antolamendu-eremuari aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete dira: nagusiki bizitegi-erabilerarako diren lurralde-sektoreak. Etorkizuneko hirigintza-garapenetan, kanpo-espazioen KAHak 60 dB(A) izango dira, goizez eta arratsaldez, eta 50 dB(A) gauez. Azterketa horretan jasotakoaren arabera, ez da aurreikusten Planaren eremuari eragingo dion zarata-foku berririk. Halaber, ez da aurreikusten 20 urteko epean egungo fokuen funtzionamendu-baldintzak nabarmen handituko direnik.

Eragin akustikoari buruzko azterlanean, gainera, bermatzen da etxebizitzen barruko zarata-maila ez dela inolaz ere 30 dB(A) baino handiagoa izango egunez eta arratsaldez, ezta 20 dB(A) ere gauez, kontuan hartuta fatxadaren gutxieneko isolamenduak 30 dB(A) izan behar duela (HR oinarrizko dokumentuaren 2.1 taulan ezarritakoaren arabera). Balio horiek, nolanahi ere, 40 dB(A)-ko mugatik behera egongo dira goizez eta arratsaldez, eta 30 dB(A)-tik behera, gauez. Logelen barruko kalitate akustikoko helburuen 5. taulan daude ezarrita.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, aztergai dugun eremu osoa akuiferoen kalteberatasunagatiko arrisku-eremua da.

Planaren eremuaren barruan, Errekaleor ibaiaren inguruan, sute-arrisku handia dago, bai eta uholde-arriskua ere; dena den, haren ingurunea berdegunea denez, ez da ondorio nabarmenik aurreikusten.

Aintzat hartu dira 3. aldaketaren ezaugarriak, eta kontuan izan da aldaketa horrek aplikatu beharreko eraikuntza-ordenantzak baino ez dituela aldatzen, parametro hauek zehazten baitituzte: okupazioa, atzeraemanguneak, lerrokadurak, altuerak, hegalak, partzelazio-baldintzak eta abar. Horrenbestez, ondorioztatu da proposatutako aldaketak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, 7. sektoreko Plan Partzialaren indarreko antolamenduari dagokionez.

Beraz, espero diren ondorioak etxebizitza berriak eraikitzeko obrak egitearekin egongo dira lotuta: hondakinak, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea; makinak joan-etorrian ibiltzea; lurpeko fluxuei eragitea; istripuzko isurketengatik lurzoruari eta urari eragitea; emisio atmosferikoek eta akustikoek eragozpenak sortzea; baliabideak kontsumitzea, eta abar. Dena den, eragin horiek, indarrean dagoen antolamenduarekin sortuko liratekeenen aldean, ez dira oso desberdinak izango.

Laburbilduz, kontuan hartuta eremuaren ezaugarriak, proposatutako jarduketak eta egungo Planarekin sortzen diren kalteak, uste da ondorioak txikiak izango direla, eta, gehienak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, eta, bereziki, lurzorua babesteari eta lurpeko urak, zaratarekin, hondakinekin eta isurketekin kutsatzeko arriskua duten eremuak babesteari buruzkoa, eta obrak horrelako jarduketetarako jardunbide egokiak betez egiten badira, behar-beharrezkoa den azalera baino gehiagori eragin gabe.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Gasteizko ekialdeko hedapenaren 7. sektoreko Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren 3. aldaketa puntualari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana gauzatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

Planaren ondoriozko eragin posibleak minimizatzeko, lurzoruaren zehaztapen eraldatzaileen garapena, ahal den neurrian, garapen berria hartzeko baldintza onak dituzten eta dagoeneko artifizializatuta dauden lurzatietako eremuetara mugatu beharko da.

Nolanahi ere, eremuan aurreikusitako jarduketak bateragarria izan beharko du indarreko Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian xedatutakoa betetzearekin, betiere alde batera utzi gabe administrazio hidrauliko eskudunak Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa.

Zaratari dagokionez Planean hartu beharreko erabakien artean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik gauzatu eremu batean baldin eta kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe aipatu arauaren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egiteko:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea eta hondakinak kudeatzea.

– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-etxolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak. Olio erabiliak Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makinen parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Ahal dela, iragazgaiztu gabeko eremuetan ez da egingo makineria mantentzeko lanik. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Arreta berezia jarriko da saneamendu-sarea gauzatzean eta sare orokorrarekin lotzean; izan ere, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira ur beltzen isuriak edo ihesak eragozteko.

– Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta eraikuntza posible berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak ezarriko dira. Espezie autoktonoak erabiliko dira.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak argitaratutako eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua eta/edo kontsumoa murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

• Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, ez dela aurreikusten Gasteizko ekialdeko hedapenaren 7. sektoreko Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren 3. aldaketa puntualak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, Planak ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Gasteizko ekialdeko hedapenaren 7. sektoreko Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren 3. aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, non eta ez zaion ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 31.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala