Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2022ko abenduaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5408

AGINDUA, 2022ko abenduaren 5ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan hegazti-gripearen aurka hartu beharreko prebentzio-neurriak.

Hegazti-gripea Orthomyxoviridae familiako A motako birus batek eragindako gaixotasun bat da; hegaztien hainbat espezieri erasaten die birus horrek, eta hainbat azpimota daude.

Azpimota horien artean, halaber, patogenotasun altuko eta baxuko aldaerak daude (IAAP eta IABP, hurrenez hurren); eta, AOMEren zerrendan sartuta dagoen eta nahitaez aitortu behar den gaixotasuna denez gero, zaintzapean dago.

Hegazti basatiek urtaroen arabera egiten dituzten migrazioek garrantzi berezia dute hegazti-gripearen hedapenean; batez ere itsas hegaztiak dira, kasu askotan asintomatikoak, zeinak gaixotasunaren erreserborio nagusia baitira.

Birusa oso hedatuta dago mundu osoan, eta gaur egun EBko ia estatu kide guztietan dago. Estatu horietan, 2022an, IAAP aldaeraren foku ugari jakinarazi dira hegazti basatietan, etxeko hegaztietan eta gatibuetan, eta H5N1 azpimota da nagusi guztietan.

Hegazti basatiek Europako kontinentean egiten dituzten migrazio-mugimenduetan erabiltzen dituzten migrazio-ibilbideetako bat da Euskal Autonomia Erkidegoa, eta 2022an H5N1 azpimotako 18 foku jakinarazi dira. Foku horiek guztiak hegazti basatietan daude, eta 3 lurralde historikoetan banatuta daude. Horren ondorioz, gaixotasuna etxeko hegaztien ustiategietan agertzeko arriskua areagotu egiten da. Hori dela eta, prebentzio-neurriak aktibatu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko hegazti-ustiategiak babesteko, arrisku handiko egoera horrek irauten duen bitartean.

Horrenbestez, lurralde historikoetako foru-aldundiei kontsulta egin ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.9 artikuluan, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan eta Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legearen 8. artikuluan ezarritakoaren babesean, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Biosegurtasuna indartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan honako debeku eta betebehar hauek aplikatuko dira:

a) Debekatuta dago Anseriformes eta Charadriiformes ordenetako txoriak amu gisa erabiltzea hegazti basatiak erakartzeko ehiza-jardueretan; salbuetsita daude laginketa-lanetarako erabilitakoak, hegazti-gripea zaintzeko programak direla bide eta ikerketa-proiektuak, azterketa ornitologikoak edo aginte eskudunak baimendutako beste edozein jarduera egitekoak, betiere aldez aurretik arriskuaren inguruko aldeko ebaluazioa egin bada eta biosegurtasuneko neurri egokiak aplikatuko direla egiaztatu ondoren.

b) Debekatuta dago etxeko hegaztiak elikatzea aire zabalean dauden hegazti basatientzako leku irisgarrietan, baldin eta hegazti basatiak bertara sartzea eragozten duten elikadura-sistemak ezarrita ez badaude, edo, hori ezinezkoa bada, txori-oihalak edo basa-hegaztiak elikatze- eta lehortze-puntuetara sartzea eragozten duen beste edozein gailu jarrita, hegazti basatiak etxeko hegaztientzako elikagaietara edo uretara iristea eta haiekin kontaktuan egotea galarazteko.

c) Debekatuta dago etxeko hegaztiei ura ematea, ur hori hegazti basatiak sar daitezkeen ur-biltegietatik hartua bada, salbu eta biltegi-ur hori baimendutako tratamenduen mende jartzen bada –hegazti-gripearen balizko birusak inaktibo bihurtu direla bermatze aldera– etxeko hegaztiek kontsumitu aurretik.

Jan-ontziak bezalaxe –adierazi den bezala–, animalien ongizateagatik etxeko hegaztientzat beharrezkoak diren kanpoko uraskak ere babestu beharko dira hegazti basatiak sartzetik.

d) Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legearen 3.7 artikuluan definitutako animalien kontzentrazio-zentroek, abeltzaintza-lehiaketak, laginak, erakustaldiak, azokak eta kultura-ospakizunak barne, bai eta etxeko hegaztien edo aire zabalean gatibu hartutako hegaztien edozein kontzentraziok ere, agintaritza eskudunaren baimena beharko dute, aldez aurretik arriskuaren aldeko azterketa eginda, eta baimen horrek aurreikusten duen baldintza-agiria nahitaez bete beharko dute.

Horri dagokionez, ez dira hegazti gatibutzat hartuko partikularrei konpainia-hegazti gisa saltzeko baimendutako saltoki batean daudenak, ezta saltoki batean dauden etxeko hegaztiak ere, ondoren txikizka partikularrei saltzeko.

e) Ehiza-jardueretarako ehiza-esparruak birpopulatzeko etxeko hegaztiak askatzeko, dagokion foru-aldundiaren berariazko baimena eskuratu beharko da, aldez aurretik eskatuta; ezinbestekoa izango da, halaber, arrisku-analisi batek aldeko irizpena ematea, biosegurtasun-neurri egokiak aplikatzen direla egiaztatu ondoren.

Bigarrena.– Erregistroak eta datu-baseak indartzea.

Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorra ezarri eta arautzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe, eta hegazti-haztegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituen uztailaren 27ko 637/2021 Errege Dekretuan ezarritakoa betez, dagokion foru-aldundiak eguneratzeko eskatu edo ofizioz eguneratu ahal izango ditu aipatutako errege-dekretuaren IV. kapituluan jasotako ustiategien erregistro-datuak, autokontsumokoak barne.

Hirugarrena.– Zaintza aktiboa indartzea.

Hegazti-gripearen aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen apirilaren 3ko 445/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluari jarraikiz, eta gaixotasunaren detekzio goiztiarreko sistemaren osagarri gisa, kasuan kasuko foru-aldundiak osasun-kontrolerako bisitak eta aldizkako analisiak egin ahalko ditu hegazti-gripeak bereziki erasaten dien espezieak dituzten ustiategietan eta gune zoologikoetan, arrisku-ebaluazioaren arabera egokia izanez gero.

Laugarrena.– Zaintza pasiboa indartzea.

1.– Pertsona orok (fisiko nahiz juridiko, publiko zein pribatu) izaera epizootikoko gaixotasunen foku guztiak berehala jakinarazi beharko dizkio aginte eskudunari, Animalien Osasunari buruzko 8/2003 Legearen 5. artikuluko lehen artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.– Hegaztien hilotzak aurkituz gero, bereziki itsas espezieak direnean, kasu guztietan foru-aldundietako zerbitzu eskudunei jakinarazi beharko zaie; zerbitzu horiek beharrezko neurriak hartuko dituzte hilotzetan IAAP birusa ez dagoela egiaztatzeko.

Bosgarrena.– Neurrien bilakaera eta ondorioak.

1.– Agindu honetan ezarritako neurriak aldatu edo kendu egingo dira egoera epizootikoaren eta gaixotasunaren bilakaeraren arabera.

2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da agindu honen indarraldia.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 5a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala