Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2022ko abenduaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5358

EBAZPENA, 2022ko azaroaren 2koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Durangoko Eguzkitzagoiena bizitegi-sektorea (Bizkaia) urbanizatzeko Eguzkitzagoiena sektoreko ituntze-batzarrak sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2022ko irailaren 12an, Durangoko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari eskatu zion Durangoko Eguzkitzagoiena sektoreko ituntze-batzarrak sustatu duen Eguzkitzagoiena bizitegi-sektorea urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko irailaren 20an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II.E eranskinean biltzen diren proiektu publiko zein pribatuei.

Ebazpen honen xede den proiektua II.E eranskinean jasota dago; zehazki, eranskin horren E7 taldeko 7.b epigrafean aipatzen da. «Bizitegietarako eta merkataritza-guneetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuak, eremu urbanizatuetatik kanpo, baldin eta hektarea bateko edo gehiagoko azalera hartzen badute».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ebazpen hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Durangoko Eguzkitzagoiena sektoreko ituntze-batzarrak sustatu duen Eguzkitzagoiena bizitegi-sektorea urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, eta ebaztea proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duela, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeelako jarraian azaltzen ditugun arrazoi hauengatik:

A) Proiektuaren xedea da Durangoko Eguzkitzagoiena bizitegi-sektoreko bizitegi-eremu baten urbanizazio-obrak definitzea, barnean direla haren sarbideak eta espazio libreak, eraikin isolatuetako etxebizitza kolektiboen garapen berriari ekiteko, hori guztia indarrean dagoen udal-plangintzan oinarrituta: Durangoko Arau Subsidiarioak (2005ean behin betiko onartuak) eta horien aldaketa Eguzkitzagoiena PP-2 bizitegi-lurzoru urbanizagarriko sektoreari dagokionez (2008), eta, orobat, eremu horren Plan Partziala, 2008ko uztailaren 23ko Osoko Bilkuraren Erabakiaren bidez behin betiko onartua.

B) Durangoko Eguzkitzagoiena sektoreko ituntze-batzarrak sustatu duen Eguzkitzagoiena bizitegi-sektorea urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-agiria aztertzen da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Eguzkitzagoiena izeneko sektorea Durangoko udalerriaren hegoaldeko muturrean dago, udalerri horren hiri-perimetrotik 500 metro ingurura, oso ingurune landatarrean, eta Eguzkitza biderantz jaisten den hegal bateko lurrak hartzen ditu. Hirigintzaren ikuspuntutik, lurzoru urbanizagarria da, Durangoko plangintza indardunaren arabera (Arau Subsidiarioak), zeina berrikusten ari baita gaur egun.

Sektoreak 119.011 m2-ko azalera gordina du, eta hari atxikita daude espazio libreen sistema orokor bat (sektorearen ipar-mendebaldean dago, eta 84.141,16 m2 ditu) eta bide-sistema orokor bat (6.665,84 m2 ditu).

Hirigintza-garapenean jasotzen da sektorean gaur egun dauden bideak oinarritzat hartu eta handitu egingo direla. Zehazki, sektorearen ipar-mendebaldean, Eguzkitza bidea igarotzen da sektorearen beheko mugan barrena; bide horretatik, beste bide bat abiatzen da, Santikurutzeraino igotzen dena, sektorearen ipar-mendebaldeko mugatik oso gertu. Bide horretatik beste bide bat abiatuko da beheko aldean, eraikin berrietarako sarbidea izango dena. Lurraren ezaugarriak direla eta, eraikinak lerrokadura mailakatuetan antolatuko dira, Eguzkitza bidearekiko paralelo.

Indarrean dagoen plangintzaren arabera, 27.809 m2-ko eraikigarritasuna ezartzen da etxebizitza libreetarako, 2.105 m2-koa udal-etxebizitza tasatuetarako eta 5.789 m2-koa babes ofizialeko etxebizitzetarako.

Hegalaren beheko aldean, Eguzkitza eta Santikurutz bideetan, babes ofizialeko bi etxebizitza-bloke, irakaskuntzako lurzati bat eta lehendik zegoen ponpaketa-biltegi bat antolatzen dira. Aurrerago, goiko kotan, etxebizitza kolektiboko bizitegi-eraikinen hiru lerrokadura antolatzen dira, eraikin isolatuetan. Etxebizitza kolektibo libreko 16 bizitegi-bloke proiektatzen dira, S+BS+2 profilekoak eta beheko solairuan lorategiak dituztenak, baita etxebizitza tasatuko bloke bat ere. Guztira, 357 etxebizitza berri aurreikusten dira.

Etxebizitzen artean, erdialdean, kirol-ekipamendu pribatuko bi lurzati antolatzen dira, kirol-ekipamendu publikoko lurzati bat goiko kotan, eta ekipamendu sozial komertzialeko lurzati bat Santikurutz bidearen ondoan. Bide-sistema orokorraren azalera 6.665,84 m2 da.

Gainera, 84.141,16 m2-ko azalera xedatzen da eremuaren goiko aldean (283 kotaraino, non piknikgunea duen begiratoki bat proposatzen baita), espazio libreen sistema orokorraren barruan, ibilgailuetarako eta oinezkoentzako sarbidea izango duena. Sistema orokorrari atxikitako azaleraren zati bat, 39.000 m2 zehazki, harizti atlantikoko espezieekin hidroerein eta zuhaitzberrituko da. Goiko aldean, begiratoki bat jarriko da, eta koniferoak landatzea ere aurreikusten da. Bestalde, espazio libreen tokiko sistemarako lagapenak behealdean daude, Eguzkitza bidearen ondoan (187 kota, jolasgunea dagoen tokia), sektorearen eta inguruan aurreikusitako jarduera ekonomikoen erabileren arteko hesi gisa. Espazio horiek 38.692,72 m2-ko azalera izango dute, eta zuhaitz-hesi bat izango dute Eguzkitza bidearen aurrean. Bi berdegune horiek (sistema lokala eta sistema orokorra) lotuta egongo dira oinezkoentzat, eta hirigunetik naturagunera igarotzea erraztuko dute.

Era berean, oinarrizko zerbitzu-sare guztiei dagozkien azpiegiturak garatzea aurreikusten du proiektuak (saneamendua, ur-hornidura, energia elektrikoa, telefonia eta abar).

Eremuaren malda handia dela eta, hegalean baitago, bi motatako euste-hormen bidez urbanizatuko da esparrua: hormigoi armatuzko hormak (14 m garai gehienez, rokodromo gisa erabiliko den euste-hormaren kasuan), eta lur indartuko horma berdeak, zeinek lurra txarrantxatuko baitute eta aldi berean eremuen arteko kota-aldeak konponduko baitituzte.

Horrek guztiak lur-mugimendu handia dakar: proiektuak aurreikusten duen indusketa-bolumena 284.018 m3 da. Material horietako gehienak gune horretako indusketa-betelanetarako berrerabili nahi dira; jotzen da soberakinen bolumena 22.786 m3 dela, eta horiek proiektuaren eremutik kanpo eramango dira, zabortegira edo soberakindegira.

Urbanizazio-proiektuaren eranskinean ageri den Obra Planean ezarritakoaren arabera, obrak gauzatzeko epea 18 hilabete da.

Azken batean, urbanizazio-proiektuaren xedea da indarrean dagoen plan partzialak aurreikusten duen eremuaren bizitegi-erabilera gauzatzeko beharrezkoak diren obrak eta jarduketak definitzea: bideak, lurrazaleko aparkalekuak, aisialdi-eremu publikoak, kirol-eremua, haur eta gazteentzako parke bat eta aisiarako gune bat, eta «Begiratokia», zeina eremuaren goialdean baitago eta piknikgunea baitu. Lurzati pribatuak berdinduta utziko dira, baina ez da esku-hartzerik egingo haietan harik eta eraikitzen den arte.

Alternatibei dagokienez, sustatzaileak prestatutako dokumentazioan justifikatzen da ezen, proiektuak Sektoreko Plan Partzialean jasotako zehaztapenak garatu nahi dituenez, plan horretan antolatutakoa dela alternatiba bakarra.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren eremua Durangoko udalerriaren hegoaldean dago, Eguzkitza bidera jaisten den malda handiko hegal bateko lurretan. Guztira 119.011 m2-ko azalera du, eta, hirigintzaren ikuspegitik, lurzoru urbanizagarria da. Gaur egun, lurzoruaren erabilera landa-inguruneari –nekazaritza eta basogintzakoari– lotutako ustiategiei dagokie, eta nabarmentzekoak dira belardi atlantikoen mosaiko batek, baso naturalek eta birpopulaketako pinudiek hartzen dituzten azalera zabalak. Sektoretik Durango udalerriko egungo hiri-bilbera 500 metro baino gehixeago dago.

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

• Proiektuaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan dago. Funtsean, Elorrio II (ES059MAR002750) gisa identifikatutako ur-masaren arroan dago, Ibaizabalen ibaiadarrean. Hego-mendebaldeko muturra Ibaizabal I (ES059MAR002780) ur-masaren isurtze-arroan sartzen da. Azterketa-eremuan barrena ez da ur-ibilgurik edo jariatzerik igarotzen.

• Lurpeko urei dagokienez, eremua hegoaldeko antiklinorioko (ES017MSBT017.006) ur-masaren gainean dago, eta ez da identifikatu interes hidrogeologikoko eremurik.

• Bertan dagoen landarediari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak espediente honi buruz egindako txostenean jaso dituen estimazioen arabera, eremu horretako zenbait azalera esanguratsutan eskualdearen intereseko baso naturalak daude (hariztia/baso misto atlantikoa), baita Batasunaren intereseko 6510 BIH habitata ere, hots, «Altitude baxuko sega-belardi elkorrak» (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis). Txosten horren arabera, tokiko konexio ekologikoetarako balio handia duten belardi eta baso autoktonoen mosaikoa da, ia 9 ha-koa.

Dauden iturri bibliografikoetan eta datu-baseetan oinarrituta, ingurumen-dokumentuak ez du identifikatzen proiektuaren eremuan arriskuan dagoen flora- edo fauna-espezierik.

• Proiektuaren xede den berezko eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago katalogotan jasotako espazioen barruan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementuen barruan ere.

• Halaber, ez da aurkitu kultura-ondareko elementu deklaratu edo inbentariaturik.

• Azterketa-eremua bi paisaia-arrotan banatzen da. Iparraldean, Durangoko arroa, eta hegoaldean, Abadiñokoa. Ez daude katalogatuta, eta ez dute paisaia-balio nabarmenik.

• Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, ez da hauteman azpian dituen akuiferoen kutsadurarekiko kaltebera denik, eta eremuaren mendebaldeko muturrean dagoen konifero-masa bat soilik identifikatzen da sute-arrisku oso handikotzat. «Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan» jasotako lekurik ere ez da identifikatu eremuaren barruan.

• Zaratari dagokionez, Eguzkitza eta Santikurutz bideak dira inguruko zarata-foku nagusiak; bide horiek eremuaren iparraldeko eta mendebaldeko mugetan barrena igarotzen dira, hurrenez hurren. Durangoko Zarataren Mapak, udalerriaren zonakatze akustikoari dagokionez, eraikitzekoa den bizitegi-eremu batean sartzen du eremua. Era berean, aurkeztutako azterketa akustikoak eremuko maila akustikoak modelizatzen ditu. Oraingo egoeran, eguneko, arratsaldeko eta gaueko tarteei dagokienez, ondorioztatzen du bete egiten direla aztertutako hiru aldietarako Kalitate Akustikoko Helburuak (KAH).

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, proiektatutako jarduketen inpaktu esanguratsuenak obra-fasean gertatuko dira, honako hauen ondorioz: landaredia moztea eta sastrakatik garbitzea, lurra mugitzea eta soberakinak sortzea, hondakinak sortzea, makinak lekuz aldatzea, ustekabeko isurketak egitea, jariatzeek lurrazaleko urei kalte egitea eta emisio atmosferiko eta akustikoek herritarrei eragozpenak eragitea.

Aurkeztutako dokumentazioaren eta espedientean dauden txostenen arabera, bereziki garrantzitsua da aurreikusitako urbanizazio-obren ondorioz baliabide naturalak galtzea (lurzoruak eta landaredia), Batasunaren intereseko habitatak eta baso naturalak barne.

Alderdi horiei dagokienez, espedientean Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostena dago jasota, eta, Zuzendaritza horren ustez, proiektuak Batasunaren intereseko landaredian eta habitatetan dituen ondorioen azterketa berrikusi behar da, alderdi horiek ez direlako behar bezala aztertu aurkeztu den ingurumen-dokumentuan. Zuzendaritza horrek uste duenaren eta haren datuetan ageri denaren arabera, proiektua gauzatzeak ekarriko du belardi-mosaiko baten ia 9 ha desagerraraztea –Batasuneko intereseko 6510 kodeko habitataren («Altitude baxuko sega-belardi elkorrak», Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis) 5,6 ha–, bai eta tokiko konexio ekologikoetarako balio handia duten baso naturalak ere (3,2 ha harizti/baso misto atlantiko). Zuzendaritza horren iritziz, ingurumen-dokumentuak gutxietsi egin du proiektua gauzatzeak Batasunaren intereseko landaredian eta habitatetan eta oro har baliabide naturaletan izango duen eragina; bestalde, Zuzendaritzaren ustez, sustatzaileak aurkeztu duen zuzenketa-neurrien proposamena ez da nahikoa inpaktu horiek zuzendu edo konpentsatzeko.

Era berean, garrantzitsuak dira planteatzen diren lur-mugimendu garrantzitsuen ondoriozko inpaktuak, lekuaren geomorfologia aldatzearekin eta indusketa-soberakinak sortzearekin eta kudeatzearekin lotutakoak, zeinek 284.018 m3-ko indusketa-bolumena baitakarte (haietatik, 22.786 m3-ko soberakinak eramango dira zabortegira edo soberakindegira), eta, orobat, lekua urbanizatzeko beharrezkoak diren ezpondak, hormigoi armatuzko euste-hormak eta horma berdeak –horietako batzuk handiak dira– egitearekin lotutakoak.

Ingurumen-dokumentuan, proiektuaren obra-faseari lotutako inpaktu akustikoaren azterketa dago jasota, eta han ondorioztatzen da fase horretan gainditu egingo liratekeela sektore horren inguruko bi baserriren bizitegi-erabilerarako definitutako kalitate akustikoko helburuak. Bestalde, gehieneko immisio-balioak ez dira gainditzen; bai, ordea, jarduera berriei aplikatu beharreko immisio-balioak. Ondorioz, ingurumen-dokumentuak proposatzen du ezen administrazio eskudunak, ingurune-zarataren arloan aplikatu beharreko araudia betetzeko, aldi baterako baimena eman dezala urbanizazio-obrak egingo diren ingurune hurbilean kalitate akustikoaren helburuak behin-behinean eteteko, obrek irauten duten bitartean, hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

Azaldutakoa ikusita, eta bereziki Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak egindako txostena aintzat hartuta, ezin da baztertu aurkeztu den urbanizazio-proiektuan aurreikusitako jarduketek ingurumenean ondorio esanguratsuak izatea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako baldintzetan.

Bigarrena.– Erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua prestatzea, ebazpen honen eranskinean adierazten den moduan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Durangoko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 2a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.

ERANSKINA

1.– Irismen-dokumentua: ingurumen-inpaktuaren azterketaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta VI. eranskinean xedatzen dituenak.

Aurrekoari jarraikiz, garatzen diren atalek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:

1) Proiektuaren deskribapen orokorra eta lurzoruak eta bestelako baliabide naturalek etorkizunean izango duten erabileraren aurreikuspena. Jardueren ondorioz sortuko diren materia- edo energia-hondakin, -isurketa eta -emisio motak eta kopuruak zenbatestea.

2) Aztertutako alternatiba nagusiak azaltzea, zero alternatiba barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia), eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusiak justifikatzea, proiektuak eragindako ingurumen-ondorioak kontuan hartuta.

3) Ingurumen-inbentarioa egitea eta interakzio ekologiko edo ingurumen-interakzio garrantzitsuenak deskribatzea.

4) Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balioespena: proiektuak zuzenean nahiz zeharka izan ditzakeen ondorioen ebaluazioa, kontuan hartuta biztanleria, giza osasuna, flora, fauna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, lurzorua, zorupea, airea, ura, faktore klimatikoak, klima-aldaketa, paisaia eta ondasun materialak (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne), betiere ingurumen-efektuak aintzat hartuta. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko interakzioari, proiektua egikaritu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.

5) Proiektuaren kalteberatasuna. Istripu larri edo hondamendi garrantzitsuren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kontrako efektu esanguratsuen deskribapena.

6) Ingurumenaren gaineko kontrako efektuak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak.

7) Ingurumena zaintzeko programa.

8) Azterketaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Azterketa egitean izandako informazio- edo teknika-zailtasunen txostena, zailtasunik izan bada.

Proposatzen diren jarduketen eta ziurrenik kalteak jasango dituen ingurunearen ezaugarriak direla eta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, ingurumen-inpaktuaren azterketan aipatutako atalak garatu beharko dira, ondoren adierazitako hedadurarekin eta xehetasun-mailarekin.

1.1.– Proiektuaren deskribapena eta proiektuko ekintzak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapen bat izan behar du barne, bai eta etorkizunari begira lurzoruaren eta bestelako baliabide naturalen erabilerari dagokionez aurreikus daitezkeen eskakizunen azalpena ere. Halaber, jardueren ondorioz sortuko diren materia- edo energia-hondakin, -isurketa eta -emisio motak eta kopuruak zenbatetsi behar ditu eta, zehazki, ingurumen-baldintzetan ondorio esanguratsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu, egikaritze-fasea eta funtzionamendu-fasearen azterketa xehatuaren bitartez.

Ingurumen-inpakturen bat izan dezaketen proiektuko ekintza guztiak identifikatu behar dira, babes- eta zuzenketa-neurri egokienak hartzen direla bermatzeko.

Saihestu eta zuzendu nahi diren eraginak proiektuan proposatutako jarduketetatik nahiz berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke (sarbideak, zerbitzuen hornidura, soberakinen kokapena, obrarako instalazio lagungarriak, eta abar). Beraz, antolamendu-eremuaren esparruan garatutako jarduketez gain, urbanizazioaren azpiegiturak eta zerbitzuak sistema orokorrekin (saneamenduak, sare elektrikoa, bide-sarea, eta abar) konektatzeko kanpoko lurretan gauzatzen diren jarduketak ere sartu beharko dira urbanizazio-proiektuaren deskribapenean.

Jarduketa horiek guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litzakeen ondorioak kalkulatzeko eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuta.

Aurrekoa kontuan hartuz, eta ebaluatzen ari den proiektuaren ezaugarriak ikusita, besteak beste, honako alderdi hauek azaldu beharko dira xehetasunez:

• Proiektuaren eremuaren kokalekua eta mugak.

• Jarduketa-esparruaren definizioa. Proposatutako antolamenduaren ezaugarriak eta deskribapen xehatua. Guztizko lurzoru-beharrak. Urbanizatu behar den eremuaren oinplanoak eta sekzioak jasoko dira, eta antolamendu-proposamen xehatua egingo da. Proposamen horretan, urbanizatu behar den eremua mugatuko da, eta aurreikusten diren erabileretara (zuzkidura-arlokoak, espazio libreak, ekipamenduak) bideratutako lurzatiak, bide-sarea (sartzeko bideak eta barne-bideak), aparkalekuak, parkeak, lorategi-zonak eta abar kokatu eta identifikatuko dira.

• Proiektatutako ezpondak, luzera, malda eta gehieneko altuera. Lur-erauzketei eusteko beharra, hala badagokio; hala nola gunitatzea eta ainguratzeak.

• Proiektatutako fabrika-obrak: kokalekua, tipologia eta bakoitzaren ezaugarrien deskribapena.

• Sarbideak eraikitzeko ezaugarriak, baita barneko bideen ezaugarriak ere: oinplanoko trazadura, luzera eta ereduzko sekzioak.

• Obra zibileko beste premia batzuk: beharrezko egiturak, ezaugarriak.

• Zerbitzu-hornidura: euri-urak drainatzeko sarea, saneamendu-sarea, ur-hornidura, elektrizitatearena, gasarena, telefonia-sarea, argiteria, e.a., xehetasun nahikoaz, hartara aurreikusten diren trazaduren, lursailen okupazioaren eta obra horietako bakoitzaren ezaugarri orokorren egokitasuna aztertu ahal izateko, ingurumenaren ikuspegitik. Aurreikusitako trazaduren oinplanoenak eta sekzioak; gainera, sare orokorrekiko harguneak non izango diren zehaztuko da.

• Azterketak kuantifikatu egin beharko du aurreikusten diren garapenek baliabide hidrikoen zenbateko eskaria eragiten duten. Ur-bilketak egin behar badira, horien ezaugarriak adieraziko dira eta Demarkazioko Plan Hidrologikoarekin bateragarriak diren ebaluatuko da.

• Lur-mugimenduak.

– Sortuko den erliebearen ezaugarriak, egungo eta lur-mugimenduaren ondoko egoeren profil topografikoak barne.

– Lur-mugimenduen balantzea. Lurren balantzea kalkulatzea:

– Maileguak: hala badagokio, proiektua gauzatzeko behar diren mailegu-materialak kuantifikatzea. Obratik kanpoko materialaren bolumena. Material horien jatorria eta ezaugarriak. Maileguak lortzeko zonak identifikatzea. Hala dagokionean, jarduketa horien ondoriozko eraginak, zuzenketa-neurriak eta eragin horiek minimizatzeko kontrolak, mailegu-eremuen eta horiei lotutako azpiegituren kokalekua zehazteko planoa (E: 1:5.000).

– Soberakinak: obra-eremutik kanpo kudeatu beharreko indusketa-lanen soberakinak kuantifikatzea. Materialon gaineko kudeaketa-proposamena, soberakindegiaren kokaleku alternatiboak, erabakiaren justifikazioa, jarduketen ondoriozko eraginak (barnean dela soberakindegira bitarteko garraioaren arazoari buruzko azterlana, kamioiek instalaziorantz zirkulatzearen ondorioz trafikoa handitzeak duen inpaktua aintzat hartuta) eta eraginak minimizatzeko aurreikusten diren zuzenketa-neurriak eta kontrolak. Soberakindegien eta horiei lotutako azpiegituren kokalekua zehazteko planoa (E: 1:5.000). Soberakindegia non kokatu erabakitzeko, irizpide hauek hartu beharko dira kontuan:

– Lehentasuna emango zaio soberakinak obra honetan edo ingurukoetan, edo eremu degradatu hurbilekoen lehengoratze-obretan berrerabiltzeari.

– Ur-ibilgu iraunkorrak dituzten ibarbideak salbuetsita geratuko dira, baita natura-intereseko flora- eta fauna-komunitateak ere.

– Dauden bideak eta errepideak erabiliko dira ahal den guztietan.

– Soberakindegietarako sarbideen eraginpeko populazioaren gaineko ondorioak ahal den guztian minimizatuko dira.

Nolanahi ere, soberakindegi berriak aurreikusten badira, horien proiektuak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuarekin bat egingo dira, eta, beraz, dekretu horren 26. artikuluan zehazten diren ur- eta biodibertsitate-gaietako organo eskudunen txosten nahitaezko eta lotesleetatik eratortzen diren emaitzak, baldintzak eta neurriak jaso beharko dira proiektu horietan.

• Obren ondorioz eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortzen badira, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira, eta dekretu horren 4. artikuluan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aipatutako Hondakin Kudeaketako Plana idatzi beharko da.

• Isuriak sortzea obra-fasean: isurien izaera, arazketa-sistemak eta isurien azken helmugak.

• Emisioak (hautsa, zarata, bibrazioak) eta isuriak sortzea; horien izaera, tratamenduak.

• Obra-fasearen karakterizazio akustikoa. Zarata-maila esanguratsuak eragin ditzaketen ekintzak, proiektuaren faseak eta makinak identifikatuko dira.

• Argi-emisioak. Urbanizazio berriaren argiztapen-proposamenean, kanpoko argiztapenaren erabilera eraginkorra egiten dela justifikatu beharko da, oinezkoei, ibilgailuei eta jabetzei eskaini behar zaien segurtasunari kalterik egin gabe. Horri gagozkiola, urbanizazioaren kanpoko argiztapenaren instalazioaren diseinuari, egikaritzeari eta mantentzeari dagokionez, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan ezartzen duena hartuko da kontuan. Dekretu horren bidez onartzen dira kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-eraginkortasunari buruzko araudia eta horretarako jarraibide tekniko osagarriak (EA-01etik EA-07ra).

• Ingurumenerako, osasunerako eta ondasun materialetarako arriskutsuak diren bestelako jarduketak egoteko aukera zehaztea.

• Eraginpean egon litezkeen zerbitzuak (elektrizitatea, ur-hornidurarako eta -saneamendurako sistemak, bideak) etetea eta berrezartzea.

• Obra-instalazio lagungarrien kokalekua: makineria, lurrak eta obrako materialak biltzeko guneak, hormigoi-makinak eta kamioien gurpilak garbitzeko guneak, bulegoetarako eta langileentzako instalazioak, eta abar. Ezinbestekotzat jotzen da proiektuaren eragin-eremuan dauden gune kalteberenen inguruak baldintza espezifikoak izatea gune horiek non kokatu erabakitzeko.

• Obra-plana. Obra gauzatzeko epea. Jarduketari aurreikusten zaion iraunaldia.

Atal honetako informazioarekin batera, edukiak hobeto ulertzeko beharrezkoak diren proiektuaren eskalako planoak emango dira, barnean direla proiektatutako jarduketen oinplanoak, luzetarakoak nahiz zeharkakoak. Proiektuaren ezaugarriei buruzko bestelako informazio grafikoaz gain, plano hauek aurkeztu beharko dira:

• Jarduketen oinplanoa.

• Proiektatutako jarduketen zeharkako profilak eta ereduzko sekzioak.

• Zerbitzu-sareak. Oinplanoak; halaber, zehaztu beharko da non izango diren sare orokorrekiko harguneak.

• Proiektatutako bideen oinplanoa eta ereduzko sekzioak.

• Aurreikusitako fabrika-obrak eta egiturak.

• Jarduketen eraginpean dauden zerbitzuak eta horien berrezarpena.

• Drainatze-sarearen planoak (urak biltzea, isurketa-guneak, eta abar).

• Obra-instalazio lagungarrien eta horien sarbideen kokalekua zehazteko planoak.

• Mailegu-eremuen eta, hala badagokio, haiei lotutako azpiegituren kokalekua zehazteko planoa.

1.2.– Alternatibak aztertzea eta hartutako irtenbidea justifikatzea.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan, teknikoki bideragarriak diren hautabideak aztertu beharko dira, zero alternatiba barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia), eta hartutako irtenbidea justifikatu beharko da, proiektatutako jarduketa guztien espazio-antolamendua kontuan hartuta. Alternatiben azterketa urbanizazio-proiektuari dagozkion alderdi hauei ere aplikatuko zaie: zenbait eraikuntza- edo trazadura-irtenbide plantea ditzaketenei (zerbitzu-sareak eta urbanizazioari erantsitako beste azpiegitura batzuk, hala nola drainatze jasangarriko sistemak) eta obretan sortutako indusketa-soberakinen kokalekuari, halakorik sortu bada.

Aukerarik onena hautatzeko, irizpide anitzeko azterketa globala hartu beharko da oinarritzat, alderdi ekonomikoak ez ezik gizarte- eta ingurumen-alorrak aintzat hartuta.

Alternatibak baloratzeko prozesu horretan, bereziki erreparatuko zaie Batasunaren intereseko habitatak eta eskualdearen intereseko baso naturalak egoteari eta antzeko beste alderdi batzuei. Horri dagokionez, azterketak zenbait irtenbide proposatu behar ditu; ingurumenaren osagai baliotsuenen gaineko eragina murrizteko, batez ere ekosistema horiei lotutako landaredia natural eta fauna eta flora mehatxatuaren gainekoa.

Atala bukatzeko, hautatutako alternatiba argudiatu beharko da, eta, horretarako, bermatu beharko da hautatutako aukera bideragarria dela bai teknikoki bai ingurumenari dagokionez, eta ahalegina egingo dela ahalik eta eraginik txikiena izan dezan ingurumenaren osagaietan.

1.3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

Atal honetan, eremua deskribatuko da, osagai baliotsuenak eta proiektuko ekintzen eragina gehien jasan dezaketenak nabarmenduta. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-baldintzak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterlan bat ere.

Ingurumen-inbentarioa atalez atal baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (tokiko mailan, eskualdekoan, eta abar).

Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.

Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.

Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko da.

Ezertan eragotzi gabe aurretik esandakoa, proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak alderdi hauek jorratuko ditu:

Geologia eta geomorfologia.

Proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarri geologiko eta geomorfologikoak. Baldintzatzaile geoteknikoak. Interes geologiko/geomorfologikoa duten gune, eremu eta ibilbideen identifikazioa.

Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia.

• Material litologikoen iragazkortasuna. Akuiferoen kalteberatasuna. Kalteberatasun handiko eremuen, birkarga-eremuen, hustutegien eta abarren identifikazioa, halakorik balego, eta eremu horien eta proiektuaren arteko lotura.

• Eremuan edo ingurune hurbilean dauden eta jarduketen eragina jasan dezaketen ur-guneak.

Eremu horretan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena.

Inpaktua behar bezala ebaluatzeko eta babes- eta zuzenketa-neurri egokiak ezartzeko, kartografikoki zehaztu behar da proiektuaren eragin-eremuko landaredi autoktonoaren, Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdearen intereseko habitaten banaketa. Kartografia hori habitatak zehazki mugatzeko erabiliko da –bereziki, lehentasunezkoak–, proiektuak eragin ez diezaien.

Aipatutako intereseko habitat eta komunitateei dagokienez, proiektuaren eraginpean egongo den azalera kuantifikatu beharko da, eta habitat horietako bakoitzak tokian-tokian, eskualdean eta abar duen adierazgarritasunarekin kontrastatu, habitat horien azaleraren galera objektiboki ebaluagarria izan dadin eta proiektuaren eraginari buruzko irizpen argia eman ahal izateko.

Azterketa egiteko abiapuntu gisa, geoEuskadin dagoen kartografia tematikoa erabil daiteke, baina informazio hori eremuan bertan kontrastatu eta eguneratu beharko da, xehetasun-kartografia in situ eginez, ahal dela GIS tresnen bidez, natura-balio handieneko elementuak identifikatzea eta horiek kuantifikatzea ahalbidetuko duen eskala batean.

Landarediaren karakterizazioa botanikako espezialista batek egin beharko du, eta barnean hartuko ditu landare-komunitateen kontserbazio-maila, egituraren konplexutasuna, espezie bereizgarri, enblematiko edo esanguratsuak eta arriskuan diren fauna-espezieak hartzeko ahalmena (hazteko, babesteko eta elikatzeko eremuak).

Azterketa horrek barne hartuko ditu espezie aloktono inbaditzaileen identifikazioa eta kokaleku zehatza.

Igarobide ekologikoak. Habitaten konektibitatea/zatiketa.

Horri dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketan aztertu beharko da zer eragin duen proiektuak lurraldearen konektibitate ekologikoan, eta, hala badagokio, beharrezko prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak proposatu beharko ditu.

Paisaia.

Proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak aintzat hartuta, urbanizazioaren ikusizko eraginaren ebaluazioak bereziki xehea izan behar du, eta gaur egungo egoera eta etorkizunekoa (proiektua gauzatu ondokoa) konparatu beharko ditu. Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

• Jarduketaren ikusgaitasuna ikuseremuaren zenbait gunetatik, ibilienak eta paisaiaren kalitate handiena dutenak lehenetsita, eta gaur egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuz.

• Kalitatea.

• Hauskortasuna.

Ondare historikoa, artistikoa eta kulturala.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak kontuan hartu behar du proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-ondasunen gaineko balizko eragina. Ondasun horiek identifikatzeko, kontuan hartuko dira inbentario hauek: Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusia eta Arkeologia Ondarearen Inbentarioa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarenak biak ala biak, eta beste erakunde batzuetan (foru-aldundiak, udalak eta beste batzuk) dauden inbentarioak.

Dokumentazio grafikoa.

Atal honetan, irudikapen kartografikoak sartu beharko dira (pdf formatuan eta geoerreferentziatuta; alegia, pdf-ek eremuaren koordenatuak jaso beharko dituzte UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean), bai eskala orokorrean bai xehetasunezkoan, jarduketa-eremuko ingurumen-inbentarioko alderdi garrantzitsuenen ingurukoak, kasu bakoitzean erabilitako eskala adierazita. Besteak beste, plano hauek jasoko dira: Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdearen intereseko landarediaren mugaketa kartografikoaren planoak, intereseko florari eta faunari begira kalteberak diren guneenak, eta, hala badagokio, proiektuaren eragin-eremuan dauden kultura-ondareko elementuenak.

Halaber, sintesi-kartografia bat prestatuko da, ingurumen-inbentarioko elementu nabarmenenak jasoko dituena.

1.4.– Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.

Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioaren elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioaren ondorio dira. Eraginaren garrantzia zenbatesteko, kontuan hartu behar dira zuzenean nahiz zeharka proiektuaren eraginpean izango diren baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-fasean eta funtzionamendu-fasean eragindako inpaktuak bereiziko dira.

Inpaktuak baloratzeko, proiektutik eratorritako jarduketa guztiak hartuko dira kontuan, hala nola soberakindegi berriak egitea (hala badagokio), soberako materialak soberakindegietara eramatearen ondoriozko trafikoa, sarbide iraunkorrak eta aldi baterakoak, instalazio osagarriak, lurren eta materialen aldi baterako metaketak eta abar.

Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, eta, horretarako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuko dira, zuzenketa-neurriak erabiliz.

Ingurumen-inpaktuak baloratzeko erabilitako zenbateste-prozesuak eta metodologiak aipatuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren arabera muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.

Zaratari dagokionez, obren eragin akustikoaren balorazioa sartuko da, zarata-maila esanguratsuak eragin ditzaketen ekintzak, proiektuaren faseak edo makineria kontuan hartuta. Obren ondorioak eta proiektuaren ustiapenarenak (zarata eta bibrazioak) pairatu ditzaketen eraikuntzen tipologia zehaztuko da (etxebizitzak, industriak). Era berean, zehaztuko da zein diren eremuko zarata-iturriak ustiapen-fasean, eta proiektua garatu ondoren esparruko kalitate akustikoko helburuak betetzea espero den ala ez.

Bereziki, eta besteak alde batera utzi gabe, kontuan hartuta proiektuaren ezaugarriak eta eragindako ingurunearenak, ingurumen-inpaktuaren azterketak bereziki baloratu beharko ditu ingurumen-inpaktu hauek: natura-baliabideei eragin diezaieketenak, Batasunaren intereseko habitatak eta landaredi natural autoktonoa ukitzen dituztelako edo askotariko espezieak elikatu, babestu eta ugaltzeko garrantzitsutzat hartzen diren beste habitat batzuk ukitzen dituztelako.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan, proiektua osatzen duten elementuek eragindako landaredi mota bakoitzaren azalerak zehaztu behar dira, horiei eska dakiekeen definizioaren arabera (ingurumen-inbentarioa egiteari buruzko puntuan zehazten da).

Obra-faseko aldi baterako okupazioa (nolabaiteko berreskuratze-ahalmena izango da, mugatua bada ere) eta okupazio iraunkorra bereiziko dira. Batasunaren intereseko landarediaren eta habitaten gaineko inpaktua baloratzeko, eraginpeko azalera ez ezik, kontserbazio-egoera, adierazgarritasun-maila eta konektagarritasuna ere hartuko dira kontuan.

Paisaiaren gaineko inpaktuak ere garrantzizkoak izango dira, naturaltasun handiko eremuetan gertatuko baitira eraginak, baita giza habitataren kalitatearen gaineko inpaktuak ere, emisio akustikoak areagotu egin dira eta.

1.5.– Proiektuaren kalteberatasuna.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren azterketak berariazko atal bat izango du proiektuak istripu larrien edo hondamendi naturalen aurrean kaltebera izateak dakartzan arriskuen ebaluazioari buruz eta istripu larriak edo hondamendi naturak gertatuz gero ingurumenean sor daitezkeen kontrako efektu esanguratsuei buruz; proiektuari atal hau aplikatzen ez bazaio, berriz, inguruabar hori justifikatzeko txostena jasoko du azterketak.

Horrelako ezbeharrek ingurumenean sortzen dituzten kontrako efektu esanguratsuak prebenitzeko eta leuntzeko aurreikusitako neurri guztiak jaso behar dira deskribapenean, bai eta halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.

Helburu hori lortze aldera, proiektuari aplikatu beharreko arauei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutako informazio garrantzitsua erabili ahal izango da.

Atal hau proiektuari aplikatu behar ez zaiola iriztekotan, justifikazio-txostena erantsi beharko da.

1.6.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak proposatzea.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazi beharko da zer neurri aurreikusten diren aztertutako inguruneko elementu bakoitzak izango dituen ingurumen-ondorio negatibo esanguratsuak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko.

Babes- eta zuzenketa-neurriak eta, beharrezkoa bada, konpentsazio-neurriak diseinatzeko, proiektua gauzatzeko behar diren elementu eta jarduketa guztiak hartu behar dira kontuan, eta bat etorri behar dute inpaktuekin; zehazki, proiektuak hartzen duen espazioko ingurumen-elementu eta -balioen gaineko ekintzek eragindakoekin.

Zehatz-mehatz identifikatu eta deskribatuko da inpaktuak prebenitzeko eta zuzentzeko ekintza bakoitza. Deskribapenak xehetasun-maila nahikoa izan beharko du hautemandako ingurumen-inpaktuak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatzeko, egikaritze-proiektuek izan ohi dituzten atalak barne hartuta: memoria, neurketen koadroa, obra-unitateen definizioa, aurreikusitako neurri bakoitzari dagokion aurrekontuko partida eta preskripzio teknikoen agiria, baita hori guztia hobeto ulertzeko behar den kartografia ere.

Zehazki, eta ezertan galarazi gabe aurreko ataletan eskatutako analisien emaitzen ondorioz sartu beharko liratekeen beste neurri batzuk, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien proiektuak neurri hauek hartu eta garatuko ditu, besteak beste:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

• Bereziki, Batasunaren intereseko habitaten, baso-masa autoktonoen eta intereseko espezieen gaineko eragina saihesteko, minimizatzeko edo konpentsatzeko neurriak proposatuko dira, baita lurraldearen konektibitate ekologikoari eusten eta hura hobetzen laguntzekoak ere. Ildo horretan, kontuan izan beharko da Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak espediente honi buruz egindako txostena.

• Obren eraginpeko eremua balizatzea, sarbide osagarriak, metatzeak eta abar barne, balizatutako eremua gaindi ez dezan obrak.

• Zuhaitzak eta mantendu behar diren gainerako elementuak seinalatu eta babestu egin beharko dira, haien kontserbazioa bermatu ahal izateko.

• Proiektuaren eragin-eremuan eta haren ingurune hurbilean dauden gunerik kalteberenak instalazio osagarriak kokatzeko egokiak ez diren gunetzat hartuko dira.

• Neurriak hartu beharko dira eraginpeko eremuan ager daitekeen flora aloktonoaren inbasio-prozesuak ekiditeko. Landareztatze-proiektuaren barruan, landare-espezie aloktono inbaditzaileak kontrolatzeko eta, kasuan-kasuan, desagerrarazteko beharrezko diren jarduketak sartuko dira.

Sistema hidrologikoa eta hidrogeologikoa babesteko neurriak.

• Metatze-zonak eta eremu osagarriak egoki kokatzea, zuzeneko nahiz jario bidezko eragina saihesteko ibai-sisteman.

• Makineria eta instalazio osagarriak egokitzeko neurriak (iragazgaiztea, drainatze-sarea eta abar).

• Obra-eremuetan, eta batez ere kamioiek ibili behar dutela aurreikusten den irteeretan, ibilgailuak garbitzeko instalazioak ipini beharko dira dekantazio-putzuetara konektatuta. Azterlanak azaldu beharko ditu elementu horien ezaugarriak, kokapen zehatza eta tamainaren justifikazioa.

• Drainatze-sarearen proposamena, proiektuaren ondoz ondoko garapen-fase guztietan aplikatzekoa, une oro bermatuz sortuko diren jariatze-uren bilketa, solidoen atxikitze egokia eta isurketa mugatu eta indarreko araudiaren araberakoa. Horretarako, sedimentuak atxikitzeko gailuak diseinatuko dira, hala nola dekantazio-putzuak eta hesi iragazleak.

• Urbanizatu beharreko gunetik hurbil dagoen eremuko ur-hartuneak babesteko neurriak.

Eragindako espazioak leheneratzeko eta urbanizazio-jarduketak paisaian integratzeko neurriak.

• Eragindako landare-estalkia leheneratzeko eta jarduketak paisaian integratzeko proiektu bat idatziko da, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak espediente honi buruz egindako txostenean adierazitakoari erantzun beharko diona: harizti/baso mistoaren azalera ukituaren halako bi edo gehiago den azalera leheneratzea (hau da, gutxienez 6,4 ha-ko azalera), proiektuaren eremuan edo gertuko beste gune batean.

• Leheneratzea aplikatuko zaie proiektua gauzatzearen eragina jasaten duten azalera guztiei, barnean direla lur-mugimenduetan sortutako ezpondak eta orobat konpentsazio-neurriak aplikatzen diren azalerak. Era berean, leheneratze-proiektuan, hormak paisaian integratzeko neurriak jasoko dira.

• Proiektuak aurreikusi beharko du obrak eraginpean hartzen dituen eta landare-estalki iraunkorra izan dezaketen azalera guztien landare-estalkia leheneratzea, bai eta sortzen diren lorategi-eremuak ere. Landareztatzeko, inguruko baldintza bioklimatikoetara egokituta dauden eta mantentze-lanik apenas behar duten landare-espezieak erabiliko dira. Hala badagokio, ura ahalik eta gehien aurrezteko sistemak jarriko dira, eta ura berrerabiltzea ahalbidetzen duten sistemak sustatuko dira. Edonola ere, urbanizazio-proiektuan sartzen diren eremuko espazio libreen diseinuak «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua»ri jarraituko dio (Ihobe, 2017).

• Landareztatze-proiektuak bere memorian jaso beharko du hauen guztien justifikazioa: proposatzen diren teknikak, hautatu diren espezieak, landaketa-dentsitateak, landareen tipologia, hidroereintzen osaera eta dosiak eta lurzoru begetalaren lodiera.

Herritarrei sorrarazitako eraginak eta eragozpenak murrizteko neurriak.

• Obra-fasean zarata-mailak minimizatzeko neurrien proposamena.

• Atmosferaren kalitatea babesteko neurrien proposamena, hautsa, zaratak, usainak eta lurraldearen irisgarritasunarekin eta iragazkortasunarekin lotutako bestelako eragozpenak barne.

• Mugatzea obrako lanen ordutegia, makinen zirkulazio-abiadura eta abar.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

• Hondakinak obra-fasean kudeatzeko proposamena. Bilketa-, biltegiratze- eta tratamendu-sistemen deskribapena.

1.7.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea izango da, bertan adierazitako jarraibideekin eta zuzenketa-neurriekin batera.

Programaren helburuak zehaztuko dira eta, helburu bakoitzarentzat, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki non dauden jakiteko planoko kokapena eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere adieraziko da.

Kalitate-helburuak legediak edo oro har onartuta dauden azterketa teknikoek zehazten dituzten muga-balioen edo gida-balioen araberakoak izango dira. Hala ere, proiektuak eragindako eremuaren xehetasun eta ezaugarriek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira beharrezkoa irizten den parametroetan.

Era berean, dagokion aurrekontua gehitu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko.

Proiektuari eta proiektuak ingurunean duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, programak jarraian adierazitako kontrolak izan beharko ditu:

• Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.

• Intereseko landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

• Intereseko flora- eta fauna-espezieen gaineko eraginak kontrolatzea, hala badagokio.

• Obrako jardunbide egokien kontrola, hauek saihesteko: hondakinak botatzea, lurzorua edo urak kutsatzea olio-jarioen, hormigoi-esneen eta lur-arrasteen ondorioz, eta herritarrei eragozpenak sortzea zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.

• Lur-mugimenduen eta indusketa-materialen kudeaketaren kontrola.

• Zarata kontrolatzea obra-fasean.

• Sortutako hondakinen kudeaketaren kontrola.

• Leheneratze-lanen kontrola.

• Aurreikusitako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko beste kontrol batzuk.

Kontrol-puntuen kokalekua kartografikoki adierazi beharko dira.

1.8.– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta haren ondorioen laburpen-dokumentu bat idatzi beharko da, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak VI. eranskinean ezarritako ezaugarriekin. Dokumentuan labur-labur eta jendeak ulertzeko moduan bildu beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua, eta aurreikusitako inpaktuak ekiditeko edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, jendeari informazioa emateko.

Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean izan diren zailtasun tekniko edo informatiboak aipatu beharko dira.

2.– Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, egiaztapen batzuk egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari bidaliko dizkio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskaera eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, hala nola proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitza, eta jaso diren alegazio eta txostenen ingurumen-edukiari buruz sustatzaileak egin dituen oharren dokumentu bat, azaltzen duena nola hartu diren kontuan oharrok.

Dokumentazioa xede horretarako egin diren jarraibideak aintzat hartuta aurkeztu behar da, zeinak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian baitaude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumena/), dagokion atalean [Arloak > Ingurumen-ebaluazioa > Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzea> Eskaerak aurkeztea].

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa gidaliburuaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gidaliburua ingurumen-organoaren web-orrian dago eskuragarri, esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/eia/es_def/adjuntos/2022_GUIA-presentacion-documentacion_v4.pdf


Azterketa dokumentala