Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2022ko azaroaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4986

1679/2022 EBAZPENA, urriaren 28koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez 2022-2023 ikasturteko bigarren lauhileko euskara ikastaroetarako deia egiten zaie Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileei eta berari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei.

Horretarako kontuan hartu da azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilpena Arauzkotzezkoa, eta lege hori garatzen duten dekretuak: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan euskararen erabilera normaltzeko plangintza arautzeko den apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua eta euskararen erabilera Osakidetza Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua. Halaber, kontuan hartu dira Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 3. Plana (2022ko urtarrilaren 27an onartua) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak (aurrerantzean Osakidetza), hizkuntza-prestakuntzaren eta normalizazioaren arloan sinatutako lankidetza hitzarmena.

Hori dela eta, hau

EBATZI DUGU:

Atal bakarra.– Osakidetzako langileentzako 2022-2023 ikasturteko euskara-ikastaroetarako deialdia onartzea, I., eta II. eranskinetan ezarritako oinarriekin bat etorrita. Deialdi honek 2022-2023 ikasturteko bigarren lauhilekoa arautzen du, eta hirugarren hizkuntza-eskakizuna arteko ikastaroak eskaintzen ditu.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak azaroan argitaratuko du 2022-2023 ikasturteko bigarren lauhilekorako euskara-ikastaroen deialdia egiteko ebazpena, IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakunde publikoetako langileentzat.

Ebazpen honetan jasotako aurreikuspenen eta IVAPen ebazpen horren artean desadostasunik badago, azken horretan xedatutakoa nagusituko da.

Era berean, IVAPen ebazpena aplikatuko da deialdi honetan berariaz aurreikusi ez diren gai guztietan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 28a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendari,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Deialdi honen helburua da Osakidetzako langileen euskarazko hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.

Bigarrena.– Nori zuzendua.

1.– Deialdi honetan parte har dezakete Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere, baldin eta 2022-2023 ikasturteko euskara-ikastaroen deialdi orokorra arautu zuen 1025/2022 ebazpenaren datatik (2022ko apirilaren 4.a) deialdi honetako ikastaro-modalitate bakoitzari dagozkion eskabideak aurkezteko epea amaitu arte zerbitzu aktiboan, senitartekoak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan badaude.

2.– Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du, horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideei jarraituko die, hau da, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideei.

3.– Halaber, ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du, horretarako duen aurrekontuaren bidez. Langileak Osakidetzaren laguntza jaso ahal izateko, Giza Baliabideen zuzendariak 2018ko martxoaren 12an emandako 2/2018 Jarraibideetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Aurrekontua nahikoa ez balitz, aipatu 2/2018 Jarraibideetan ezarritako lehentasun irizpideak ezarriko dira. Jarraibide horiek ordu-kreditua agortuta izanda euskara ikasten jarraitu ahal izateko ohiz kanpoko laguntzari buruzkoak dira.

4.– Lanorduetan euskarazko prestakuntza jasotzeko baimenak ematerakoan, zerbitzu-erakundeek Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 3. Planaren 8.1.2. puntuan ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte, baita Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak Instrukzio bidez ezarriko dituen irizpideak ere.

Hirugarrena.– Arau orokorrak eta ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

3.1.– Arau orokorrak.

2022-2023 ikasturteko bigarren lauhilekoaren egutegia kontuan hartuta, ondoren zerrendatutako gaiak arautzeko 2022-2023 ikasturteko deialdi nagusiaren oinarriak aplikatuko dira (1025/2022 Ebazpena, apirilaren 4koa; Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean 2022ko apirilaren 20an argitaratua).

– Mailaketa-probak (6.1. oinarria): Beharrezko bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du langilea. IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraziko dio mailaketa proba nork egin behar duen, baita non eta noiz egin behar duen ere.

– Administrazio-taldeak antolatzea (6.2. oinarria): Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da, eta bertan adieraziko dira jai eta zubi egunak.

– Matrikula orriaren bitartez eskolatzea, matrikulatzea, matrikula-orria ordaintzea eta kostua (6.3., 6.4. eta 7.3 – oinarriak).

– Liberatutako pertsonala. Betebeharrak eta ordainsariak (6.5 oinarria).

– Eskolan hastea eta berandu hastea (8.1. eta 8.2. oinarriak).

– Lanorduetako ikastaroen asistentzia-arauak (8.3. oinarria).

– Ikastaroari uko-egitea (9. oinarria).

– Eskola behin betiko uztea (10. oinarria).

– Ordu-kredituari buruzko araubidea (11. eta 12. oinarriak).

– Eskaintzen diren moduluak (egunean 2/3 ordukoak, trinkoak).

Administrazio-taldeak osatze aldera, deialdi osagarri honetan mailaketa-proba bakarra egingo da.

3.2.– Ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

Oraingo deialdi honetan otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesdunek, betiere baldintza hauen pean:

a) Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean, ez lanorduetan ez lanorduz kanpo. Urrian hasi ez direnek, beraz, otsailean lanorduetako bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa eskatu ahal izango dute soilik.

b) Urrian hasi diren ikasleek, aldiz, lanorduetako ikastaro trinkoa edo barnetegia nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.

Modulu aldaketei dagokienez, oraingo deialdi honetan ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi.

Lanorduz kanpoko ikastaroetan ezingo da barnetegiko ikastarorik egin.

Ikastaroek, betiere, HABEk araututako ikastaro-moduluak izan behar dute, eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan behar dute.

Laugarrena.– Eskabideak egiteko eta tramitatzeko epeak.

Interesdunek deialdi honetan eskabide elektronikoa bete beharko dute eta deialdian eskainitako modulu eta ordutegi bakarra aukeratu.

Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da, euskara ikastaroak eskatzen dituztenen artean, aukeraketa egitea.

Zerbitzu-erakundeetako langileen zuzendaritzek jasotako eskaerak aztertu eta Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarritako aukeraketa irizpideen arabera onartuko edo ukatuko dituzte.

Eskabideak zerbitzu-erakundeen langileen zuzendaritzek kudeatuko dituzte Giza Baliabideen Zuzendaritzak horretarako ezarritako aplikazio informatikoaren bidez.

IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez emango dio Osakidetzak baimendutako eskaeren berri IVAPi.

IVAPek eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio Osakidetzari baztertutako eskaerak zeintzuk diren.

4.1.– Eskabideak non eta nola aurkeztu.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten langileek eskaera telematikoa egin beharko dute, Osakidetzaren intranet korporatiboaren bidez. Hona hemen helbideak eta bideak:

www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskarazko prestakuntza > Euskalduntze ikastaroak > 1-2-3HE prestatzeko ikastaroak > 2022-2023 ikasturtea: otsail-ekaina deialdia > Eskainitako ikastaroak / Eskaerak).

www.osakidetza.euskadi.eus (Online zerbitzuak > Profesionalentzako zerbitzuak > Intranet Korporatiboa).

Eskaera telematikoa egitea ezinezko den kasuetarako, interesdunek zerbitzu-erakundeetako langileen zuzendaritzetan aurkeztu ahal izango dute izena emateko eskabidea.

Deialdian onartua izateko beharrezkoa da eskabidea epearen barruan eta behar bezala aurkeztea, aurreikusitako modalitateetako edozeinetan.

4.2.– Lanorduetako ikastaroetarako eskabideak.

Eskabidea egiteko epea: 2022ko azaroaren 17tik 28ra bitartean, biak barne.

Onartutako eta ez onartutako eskaeren zerrendek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2022ko abenduaren 9rako.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskaeretan egokitzapenak egin ahal izango ditu eta behin betiko eskaeren berri emango dio IVAPi 2022ko abenduaren 16rako. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ezta aldaketarik ere onartuko.

Zerbitzu-erakundeen zuzendaritzek interesdunei jakinaraziko diete idatzizko jakinarazpenaren bidez haien eskabidea baimendu duten ala ez. Onartu ez dutenean, arrazoia espresuki azaldu beharko diete interesdunei. Jakinarazpena 2022ko abenduaren 8rako egin beharko da beranduen ere. Halaber, zerbitzu-erakundeek zabalkunde handiena duen hedabideen bidez emango dute jakinaraztera onartuen eta ukatuen zerrenda (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula...).

Aukeratutako langileen behin betiko zerrendaren arabera osatuko dira ikastaroak eta taldeak.

4.3.– Lanorduz kanpoko ikastaroetarako eskabideak.

Eskabidea egiteko epea: 2022ko azaroaren 17tik abenduaren 7ra bitartekoa izango da, biak barne.

Onartutako eta ukatutako eskaerek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2022ko abenduaren 20rako.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak onetsitako eskaeren berri 2023ko urtarrilaren 5erako eman beharko dio IVAPi. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik, ez aldaketarik onartuko.

4.3.1.– Baimendu eta baztertuko eskaeren zerrendak jakinaraztea.

Zerbitzu-erakundeen zuzendaritzek interesdunei jakinaraziko diete idatzizko jakinarazpenaren bidez haien eskabidea baimendu duten ala ez. Onartzen ez dutenean, arrazoia espresuki azaldu beharko diete interesdunei. Jakinarazpena 2022ko abenduaren 28rako egin beharko da beranduen ere. Halaber, zerbitzu-erakundeek zabalkunde handiena duen hedabideen bidez emango dute jakinaraztera onartuen eta ukatuen zerrenda (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula...).

Idatzizko jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita, interesdunek 10 egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak bere zerbitzu-erakundeko langileen zuzendaritzari egoki iritzitako erreklamazioa aurkezteko.

Erreklamazioak Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan aurkeztu ahal izango dira eta, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako edozein eratan.

Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroetan onartzeko araubidea.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak aldiro-aldiro arautuko ditu aukeratzeko irizpideak eta prozedurak, eta euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren araberako aldaketa eta egokitzapenak egingo ditu.

Lanorduetako ikastaroetarako aukeraketa-irizpideak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarriko ditu. Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da, lanorduetako euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.

Seigarrena.– Lanorduetako ikastaroak.

Ebazpen honen II. eranskinean daude adierazita deialdi honetan, lanorduetan, egin daitezkeen ikastaroak.

Deialdi hau 2022-2023 ikasturteko bigarrena da, eta bertan egiten den ikastaro-eskaintza mugatua da, gorago aipatu den apirilaren 4ko 1025/2022 Ebazpenean iragarri bezala.

Ikastaroen hasiera eta amaiera egunak eta ordutegiak II. eranskinean zehaztutakoak dira. Halere, IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.

Zazpigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.

7.1.– Ikastaroen eskaintza eta baldintzak.

Lanorduz kanpoko ikastaroak eskatzeko baldintzak deialdi honen hirugarren oinarriaren 2. puntuan ezarri dira.

IVAPek matrikula-orriaren bidez finantzatuko dituen ikastaroen zehaztapena III. eranskinean dago jasota.

Deialdi osagarri honetan ez da onartuko autoikaskuntzan aritzeko eskaerarik.

Ikastaroek, betiere, HABEk araututako ikastaro-moduluak izan behar dute, eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan behar dute.

Eskaintza honetatik kanpo geratzen dira barnetegiko ikastaroak.

7.2.– Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzea.

Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, matrikula-orri bana bidaliko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, honek eskatzaile bakoitzari berea helarazi diezaion.

Matrikula-orriaren bitartez langilea edozein euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan matrikulatu ahal izango da.

Matrikulatzeko ezinbesteko izango da langileak matrikula-orria euskaltegian entregatzea.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta arinen itzuli behar du matrikula orria IVAPera. Matrikula-orria itzultzeko prozedura apirilaren 4ko 1025/2022 Ebazpenaren bederatzigarren oinarrian dago jasota.

Langileak egin duen matrikulak honako baldintza hauek betetzen baditu, IVAPek matrikularen kostu osoa ordainduko du:

1) Matrikula-orria garaiz entregatzea euskaltegian: ikastaroa hasi baino lehen aurkeztu beharko da.

2) Aurreko 7.1. oinarriak ezartzen dituen ikastaroen ezaugarriak betetzea.

Langileak egin duen matrikulak aurreko baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, ukapenaren berri emango dio Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari.

Zortzigarrena.– Ikastaroen hasierari buruzko arau orokorrak.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. IVAPek bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

Moduluz aldatzen diren ikasleen kasuan, hasiera-dataren erreferentzia ikastaro trinkoa izango da, beraz

– Ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzen diren ikasleek lehenik eta behin ikastaro trinkoa bukatu behar dute, eta ondoren aldatuko dira 2 orduko ikastarora.

– 2 orduko ikastarotik trinkora aldatzen diren ikasleek 2 orduko ikastaroan jarraituko dute harik eta ikastaro trinkoa hasi arte.

Bederatzigarrena.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betez, jakinarazten da deialdi honen eremuan euskara-ikastaroak kudeatzeko datu pertsonalen tratamendua, alde batetik, Osakidetzaren ardurapean egingo dela, eta, beste alde batetik, IVAPen ardurapean.

Interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak Osakidetzak tratatuko dituela eta Giza Baliabideen Kudeaketa Integratua izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua da Osakidetzako langileak kudeatzea, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko. Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke. Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/datuenbabesa

Halaber, interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak IVAPek tratatuko dituela eta Eaeko Administrazio Publikoetako Langileen Euskalduntzea izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea gestionatzea, bai eta hizkuntza-gaikuntzagatik esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere. Hori guztia, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun baten arabera. Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke. Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0215_eu.html

II. ERANSKINA
BARNETEGIKO IKASTAROAK ETA ADMINISTRAZIOKO LANGILEEZ OSATUTAKO TALDEAK

1.– Barnetegiko ikastaroak.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira ondorengo egutegiaren arabera:

Maizpide (Lazkao): otsailak 20 – ekainak 22.

Aurten Bai (Zornotza): otsailak 20 – ekainak 30.

Barnetegiko ikastaroak euskaltegien egutegiari eta ordutegiari egokituko zaie.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.

2.– Bost orduko ikastaroak.

Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.

Bigarren lauhilekoaren iraupena ondorengoa izango da: 2022ko otsailaren 20tik ekainaren 28ra.

2023ko apirilaren 6tik 14ra artekoak, biak barne, Aste Santuko oporraldia izango da, eta beraz, ez dira eskola egunak izango.

Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

3.– Modulu aldaketak.

3.1.– Bost orduko ikastarotik bi orduko ikastarora:

Bost orduko ikastarotik IVAPeko bi orduko talde batera aldatzen diren ikasleek ondorengo egutegia izango dute: 2023ko otsailak 20 – 2023ko ekainak 23.

Administrazioko taldeetako ikastaroen ordutegia 08:00etatik 10:00etara izango da Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen.

2023ko apirilaren 3tik 14ra artekoak, biak barne, Aste Santuko oporraldia izango da, eta beraz, ez dira eskola egunak izango.

Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.

Matrikula-orriaren eskolatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko dute.

3.2.– Bi orduko ikastarotik bost orduko ikastarora:

Bi orduko ikastarotik IVAPeko bost orduko talde batera aldatzen diren ikasleek eranskin honen 2. puntuan adierazitako egutegia izango dute.

Aldiz, matrikula-orriarekin eskolatzen dien ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia izango dute.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala