Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2022ko azaroaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4948

AGINDUA, 2022ko urriaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2022-2023 ikasturterako laguntzetarako deialdia egiten duena, Haur Hezkuntzako lehen zikloko titulartasun pribatuko ikastetxeentzat.

Abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren bidez (abenduaren 31ko EHAA, 249. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko zero eta hiru urte bitarteko umeen haur-eskolak arautu ziren, 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetarako. Dekretu horretan, ziklo horretako xedeak eta helburuak zehaztu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeek bete beharreko kalitate-baldintzak ezarri ziren.

2002/207 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarri ziren hezkuntza-eskaintza planifikatzeko lehentasun-irizpideak: hiru urtetik beherakoentzako oraingo eskaintza sendotzea, lehentasuna ematea maila sozioekonomiko apalagoa duten inguruei, Haur Hezkuntzako lehen zikloko titulartasun publikoko ikastetxeak sustatzea, eskaintza sendotzea, eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kopurua areagotzea halako eskaintzarik ez duten inguruetan.

Azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuak, ildo beretik, luzatu egin zuen 297/2002 Dekretuaren zenbait artikuluren indarraldia, bai eta, besteak beste, Haur Hezkuntzako lehen zikloko titulartasun pribatuko ikastetxeentzako dirulaguntzetarako deialdiak arautzen dituen dekretu horren hirugarren xedapen gehigarriaren indarraldia ere.

Hirugarren xedapen gehigarri horrek xedatzen duenez, Hezkuntza Sailak laguntza ekonomikoen deialdi bat egingo die ikasturtero zero eta hiru urte bitarteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-ikastetxeei, egungo eskaintza sendotu edo, beharrezkotzat jotzen denean, handitzeko.

Era berean, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 3/2008 Legearen 19. artikuluak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak neurriak jarriko ditu zero eta hiru urte bitarteko umeentzako haur-eskolak sendotzeko.

Aipatutako xedapenak betetzeko, agindu honen xedea da behar bezalako baimena duten Haur Hezkuntzako lehen zikloko titulartasun pribatuko ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egitea 2022-2023 ikasturterako. Beraz, laguntzen helburua da Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe horiei eusteko gastuak arintzea, familiek egin beharreko ordainketak gutxitzeko asmoz.

Era berean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan ezarritakoaren arabera jardungo da, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubideari buruzko xedapenetan eta arau-hausteen eta zehapenen araubideari buruzkoetan ezarritakoaren arabera, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

Horregatik guztiagatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastuen aurretiazko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarritzat hartuta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta dotazio ekonomikoa.

Deialdi honen xedea da EAEko Haur Hezkuntzako lehen zikloko titulartasun pribatuko ikastetxeei dirulaguntzak ematea, 2022-2023 ikasturtean. Deialdi honetan, 25.095.000 euroko dirulaguntza emango zaie, gehienez.

2. artikulua.– Helburua.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak emango dira EAEko Haur Hezkuntzako lehen zikloko titulartasun pribatuko ikastetxeei eusten laguntzeko, familien kuotak gutxitu eta homogeneizatzeko, familia eta lana uztartzeko zerbitzua eskaintzeko eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko. Izan ere, dagoen eskaintza sendotu nahi da, eta, beharrezkotzat joz gero, handitu, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak aipatzen dituen plangintza-irizpideekin bat etorrita, betiere.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan, EAEko Haur Hezkuntzako lehen zikloko titulartasun pribatuko ikastetxeek hartu ahal izango dute parte, baldin eta 2022-2023 ikasturtean etapa hori emateko baimena badute.

2.– Laguntza ematea eta, hala bada, ordaintzea baldintzatuta dago; hain zuzen ere, horretarako, amaituta egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako izaera bereko laguntzak edo dirulaguntzak direla-eta hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

3.– Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duten jarduerei, ez eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legerian ezarritako baldintzetan, martxoaren 3ko 1/2022 Legean xedatutakoaren arabera.

4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean dauden pertsonak edo entitateak ezin izango dira onuradun izan. Eskatzaileak dirulaguntzak jasotzeko debekurik ez duela egiaztatuko da 13. artikuluaren 4., 5., 6. eta 7. apartatuetan agertzen den moduan, eta aplikagarria izango da Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikulua.

4. artikulua.– Diruz lagundu beharreko postu kopurua zehaztea.

2020, 2021 eta 2022an jaiotako haur guztien matrikularen datu banakatuak eta baimendutako ikasgeletan adinaren araberako banaketa ikastetxe bakoitzak sartuko ditu EAEko unibertsitateaz kanpoko ikasleen erregistro-aplikazioan. Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritzak 2022ko abenduaren 15ean aterako ditu datuak aplikaziotik, eta kontuan hartuko ditu ikastetxe bakoitzak jasoko dituen zenbatekoak kalkulatzeko. Honako hauek dira laguntza hauek kudeatzeko erabiliko diren ikasleen datu pertsonalak:

– Izena eta bi abizen.

– Jaioteguna.

Dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartuko diren postu okupatuak zehazteko asmoz, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

Hiru tarteetan, diruz lagunduko dira okupatutako postu guztiak, betiere baimendutako ikasgeletan 2022-2023 ikasturterako finkatutako mugarekin.

Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 2022ko azaroaren 15ean matrikulatuta dauden ikasleak zenbatuko dira. Ondorio horietarako, ez dira matrikulatutzat joko 2022ko azaroaren 15az geroztik jaiotako haurrak.

2022ko maiatzaren 15a baino lehenago jaiotako ume matrikulatuek ikasturte osoko dirulaguntza jasotzeko eskubidea izango dute, hau da, 2022ko irailetik 2023ko uztailera bitartean.

Matrikulatuta dauden gainerako haurrek irizpide hauen arabera izango dute dirulaguntza jasotzeko eskubidea:

Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean jaiotakoek, 2022ko urritik 2023ko uztailera bitartean.

Ekainaren 16tik uztailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2022ko azarotik 2023ko uztailera bitartean.

Uztailaren 16tik abuztuaren 15era bitartean jaiotakoek, 2022ko abendutik 2023ko uztailera bitartean.

Abuztuaren 16tik irailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2023ko urtarriletik uztailera bitartean.

Irailaren 16tik urriaren 15era bitartean jaiotakoek, 2023ko otsailetik uztailera bitartean.

Urriaren 16tik azaroaren 15era bitartean jaiotakoek, 2023ko martxotik uztailera bitartean.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren kalkulua.

1.– Hiru adin-tarteetan, okupatutako postu bakoitzeko finantzatu beharreko zenbatekoa urteko moduluaren % 60koa izango da:

(Ikus .PDF)

2.– Dirulaguntza ikastetxe bakoitzak bere egutegian ezartzen duen jarduera-hilabete kopuruarekiko proportzionala izango da, eta ezingo da 10 hilabetetik beherakoa izan. Jarduera uztailaren 15era arte luzatu beharko da, gutxienez, dirulaguntza osoa lortu ahal izateko. Ikastetxeren baten jarduera eteten denean, ez da kontuan hartuko hilabeteen muga.

3.– Ikastetxearen egutegia horretarako sortutako aplikazioan bete beharko da. Aplikazio horretatik aterako dira dirulaguntza kalkulatzeko datuak.

4.– Lehenengo artikuluan ezarritako zenbatekoa ez bada nahikoa egin diren eskaera guztiei erantzuteko, ateratzen den zenbatekoa hainbanatu egingo da, guztizko zenbatekoa ezarritako mugara egokitzeko.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Pertsona edo erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko. Ez da paperezko dokumentaziorik onartuko.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097012

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak –zuzenketak eta justifikazioak barne– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, eta helbide honetan eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7. artikulua.– Betebeharrak, baldintzak eta akreditazioa.

1.– Organo kudeatzaileak behar beste aldiz eta automatikoki egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten pertsonek edo erakundeek Gizarte Segurantzarekiko eta Ogasunarekiko betebeharrak betetzen dituztela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz.

2.– Eskabideetan jasota egongo da laguntza eskatzen duen pertsonak edo erakundeak beren-beregi onartu ahal izango duela organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea. Hala ere, Administrazio Publikoak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko eskumenak ditu. Edonola ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, kasu horretan, eskumena duen organoak emandakoak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

3.– Ez da berriro aurkeztu behar lehenagoko deialdietan Administrazioan aurkeztutako dokumentaziorik. Horretarako, interesdunak dokumentazioa aurkeztu zuen eguna eta administrazio-erakundea adierazi beharko ditu.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 eta 6. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla jakinaraztea, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik etorriak.

– Bete beharreko itzulketa-prozedura guztiak bukatuta egotea, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluarekin bat etorriz.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik sortutakoak barne.

– Eskatzailea ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako inolako egoeratan.

– Eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

5.– Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide honetara jo beharko du: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak (I. eranskina) bide elektronikoz aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097012/web01-tramite/eu/

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.

3.– Deialdi honetan sartzeko, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskabidearekin batera, honako agiriak ere aurkeztu behar dira, nahitaez (agindu honen eranskinak https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097012/web01-tramite/eu/ webgunean daude eskuragarri)

a) 2022-2023 ikasturterako eskatutako eta/edo jasotako bestelako laguntzen zerrenda (II. eranskina)

b) 5.6 artikuluan aipatutako Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan alta emanda egon ezean, eskatzaileari ikastetxearen izenean jarduteko baimena ematen dion notario-ahalordea edo egiaztagiria. Era berean, dokumentu hori ez da beharrezkoa izango aurreko deialdietan aurkeztu bada.

c) 2022-2023 ikasturteko aurrekontua (III. eranskina)

d) Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeko hezitzaileen zerrenda, lan-egoera, ikasketen titulazioa eta euskarako titulazioa adierazita (IV. eranskina). 2022-2023 ikasturtean kontratatutako pertsonen tituluen eta lan-kontratuen fotokopiak aurkeztu beharko dira, kontuan izanik pertsona horiek ezin direla aurreko ikasturteko irakasleen zerrendan agertu.

e) 2022an jaiotako umeen familia-liburuen fotokopiak.

5.– Hezkuntza-proiektua Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxean gordeko da, eta agindu honen 15. artikuluan ezarritako jarraipen-batzordearen esku egongo da. Hezkuntza-proiektu horrek honako hauek jasoko ditu, besteak beste:

a) Haurren kopurua, honakoen arabera: adinak, taldekatzeko irizpideak, eta unitate-kopurua (azken horiek, adinaren eta hizkuntza-ereduaren arabera).

b) Unitate bakoitzeko haur-hezitzaileen zerrenda, honako hauek jasota: lan-egoera, titulazioa eta hizkuntza-gaitasuna. Laguntza-langileen zerrenda ere jasoko da.

c) Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxearen egutegia eta ordutegia, bai eta eskainitako zerbitzuak ere: jantokia, mediku- eta osasun-laguntza, laguntza psikologikoa, gurasoen eskola...

d) Jarduerak hezkuntza-eremuan dituen balio, helburu eta lehentasunen definizioa.

9. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta dokumentazioa zuzentzea.

1.– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria izango da dirulaguntzak emateko prozeduraren izapidegilea, eta prozedura ebazteko egoki iritzitako agiri guztiak eskatu ahal izango ditu.

2.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak zehaztasun faltaren bat edo hutsegiteren bat atzematen badu aurkeztutako eskabidean, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio, zuzentzeko.

Aipatutako epean eskatzaileak ez badu zuzenketarik egin, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68.1 artikuluetan jasotakoaren arabera eman behar den ebazpenaren ostean.

10. artikulua.– Deialdia ebaztea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta ukatzeko ebazpena Hezkuntzako sailburuordeak emango du sei hilabeteko epean. Ebazpen hori banan-banan eta elektronikoki jakinaraziko zaie interesdunei, eta emandakoak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, jende guztiak horren berri izan dezan.

Ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

2.– Epea amaitu eta interesdunei ebazpenik jakinarazi ezean, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

11. artikulua.– Laguntzak jasotzea eta justifikatzea.

1.– Dirulaguntza bi epetan ordainduko da. Lehenengoa emandako guztiaren % 30 izango da, eta Hezkuntzako sailburuak ebazpena onartu ostean emango da, agindu honen 10. artikuluan adierazitako moduan. Bigarren ordainketa, gainerako % 70ekoa, 2023ko uztailean ordainduko da.

2.– 2023ko ekainaren 1etik 15era, dirulaguntza jaso duten pertsonek edo erakundeek Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzara bidali beharko dute Haur Eskolak 2022-2023 ikasturtean izandako gastuen eta diru-sarreren justifikazioa (V. eranskina). Horretarako ezarritako inprimaki-eredua https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0097012/web01-tramite/eu/ egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

Justifikazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

3.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak justifikazioak egiaztatuko ditu. Onuradunek justifikaziorako jatorrizko agiri guztiak eta dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko balio juridikoa duten agiri guztiak eduki beharko dituzte zaintzapean eta Zuzendaritzaren eskura, Zuzendaritzak eskatzen duenerako.

4.– Aurkeztutako justifikazioa kontuan hartuta, diru-sarrerak egindako gastuak baino handiagoak direla egiaztatzen bada, Hezkuntzako Sailburuordetzak dirulaguntza kitatuko du; horretarako, atzemandako aldea gutxituko da, gainfinantzaketarik gerta ez dadin. Ondorio horietarako, organo horrek kitatze-ebazpena emango du, eta, horretarako, kontuan hartuko du abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura.

12. artikulua.– Bateragarritasunen araubidea.

Deialdi honen bidez lortutako kopurua bateragarria izango da hezkuntza arloan eskumenik ez duten administrazio publikoen edo erakunde pribatuen mende dauden organoen bidez lortutako beste edozeinekin, baina dirulaguntza guztien batura ezingo da izan ekarpen honen xede den gastuaren % 100 baino handiagoa. Halakorik gertatuz gero, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren pertsona edo erakundeek honako betebehar hauek dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publikotasun egokia emateko neurriak barne, Dirulaguntzei buruzko Legearen 18. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat etorriz):

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ebazpena interesdunei jakinarazi eta hamabost eguneko epean pertsona/erakunde onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz ez badiote uko egiten, dirulaguntza onartutzat joko da.

2.– Dirulaguntza helburu jakin baterako ematen da, eta horrexetarako erabili behar da.

3.– Dirulaguntzaren onuradunak, halaber, men egin behar die dirulaguntza eman duen administrazioak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin ditzaketen egiaztapen-ekintzei, eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin ditzakeen kontrol-ekintzei, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikuluan adierazitakoarekin bat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, eskumena duen sailaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak benetakoak direla egiaztatzeko.

14. artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta itzultzeko prozedura.

Laguntza emateko ezarri diren baldintzak betetzen ez badira, jasotako kopuruak eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Eta, bereziki, kasu hauetan:

a) Justifikatzeko obligazioa ez betetzea.

b) Laguntza ez erabiltzea eman den xederako.

c) Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.

d) Agindu honen 13. artikuluan ezarritako betebeharretakoren bat ez betetzea.

15. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak eta xedea behar bezala betetzen direla bermatzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira batzordeko kideak:

– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona, batzordeburu gisa arituko dena.

– Hezkuntzako ikuskaria.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat.

– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak izendatutako teknikari bat, idazkari gisa arituko dena.

16. artikulua.– Jarraipen-batzordearen egitekoak.

1.– Jarraipen-batzordeak, berak zehazten duen prozeduraren arabera, dirulaguntza jasotzen duen erakundeak betebeharrak zein neurritan betetzen dituen gainbegiratu ahal izango du.

2.– Horretarako, jarraipen-batzordeak, 11. artikuluan azaltzen den bigarren ordainketa egin aurretik, erakunde onuradunek aurkeztutako datuak aztertu ahal izango ditu, eta agindu zaizkion zereginak betetzeko beharrezko iritzitako agiri osagarri guztiak eska ditzake.

17. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Haur-eskolei eta irakaskuntza espezializatuei zuzendutako laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

– Helburua: 0-3 urte bitarteko udal titulartasuneko haur-eskolak diruz laguntzea, bai eta musika eta arte plastikotako ikastetxeak ere.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio osagarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiazko tramitazioa arautzen duen Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan xedatzen diren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzak ebatzi ahal izateko, kreditu nahikoa eta egokia egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023. urterako aurrekontu orokorretan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan araututako laguntzek ez dituzte betetzen EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako baldintza guztiak, eta, beraz, ez dira Estatu-laguntza, eta ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedura-gaietan agindu honek arautzen ez duenerako, osagarri gisa, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa beteko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren kontra, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntzako sailburuari. Horretarako hilabeteko epea izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau betetzeko behar diren jarraibide guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 24a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala