Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2022ko azaroaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKO LEGEBILTZARRA
4779

ERABAKIA, Eusko Legebiltzarraren ondasun eta eskubideen inbentarioari buruzko arauak onartu eta argitaratzeari buruzkoa.

Mahaiak, 2022ko urriaren 25eko bileran, agindu du Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara daitezela ondasun eta eskubideen inbentarioari buruzko arauak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 28a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

EUSKO LEGEBILTZARRAREN ONDASUN ETA ESKUBIDEEN INBENTARIOARI BURUZKO ARAUAK
ZIOEN AZALPENA

Administrazio parlamentarioa Legebiltzarraren autonomia instituzional eta antolamenduzkoaren adierazpena da eta, tradizioz, definizio hau ematen zaio: instituzio parlamentarioari agindu zaizkion funtzioak (ordezkaritzakoa, legegintzakoa, finantzarioa eta Jaurlaritza kontrolatzekoa) gainerako botere publikoekiko autonomiaz eta independentziaz betetzeko antolaketa, pertsonal, material eta teknikaren aldetik euskarri diren organoen multzoa.

Eusko Legebiltzarraren autonomia instituzio parlamentarioaren funtzionamendu autonomo eta independentea bermatzeko behar-beharrezko elementu utziezinetako bat da, eta osatu beharra dago Ganberaren Ondasun eta Eskubideen Inbentarioaren kudeaketa legezkotasunaren arabera egiten dela bermatzeko beharrezkoak diren antolakuntza-tresnak eta prozedurak egituratuz instituzioaren barnean.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

Ondasun eta Eskubideen Inbentarioan jasota daude Eusko Legebiltzarraren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak, baita erabiltzeko lagata edo atxikita dituenak ere.

II. TITULUA
ONDASUN ETA ESKUBIDEEN INBENTARIO OROKORRA
I. KAPITULUA
DEFINIZIOAK ETA PRINTZIPIO OROKORRAK

1. artikulua.– Kontzeptua.

Eusko Legebiltzarraren Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa da behar bezala balioztatuta dauden eta, araudi honen arabera, inbentariatu behar diren ondasun eta eskubide guztien zerrenda sistematizatua.

2. artikulua.– Ondasun inbentariagarriaren eta inbentariaezinaren kontzeptua.

1.– Ondasun inbentariagarriak dira Eusko Legebiltzarraren ibilgetu materiala osatzen dutenak, hau da, ondare-elementu ukigarri guztiak, higigarriak zein higiezinak, Ganberaren jarduera administratiboan modu jarraituan erabiltzen direnak eta ezaugarri hauek dituztenak:

a) Era jarraituan erabiltzen dira Ganberaren jardueran, beraz, ez dira izango saltzeko edo erabilera orokorrerako.

b) Ekitaldi ekonomiko bat baino gehiago iraungo duen bizitza baliagarria dute. Eusko Legebiltzarraren jarduerari egiten dion ekarpena osatzen duten zerbitzuak emateko gai den bitartean iraungo du aktiboaren bizitza baliagarriak.

c) BEZik gabe 300 eurotik gorako banakako prezioa duten ondasun higigarriak.

d) Jada inbentariatuta dagoen ondasun bati balioa handitzen dioten aktiboak, hala nola ordenagailuei txartelak edo disko gogorrak eranstea, erradiadoreak instalatzea, egitura aldatzeko obrak eta abar, edozein dela ere haien kostua, eta ez badira haiek ordezteko edo konpontzeko.

Hala ere, salbuespen hauek daude, eta, nolanahi ere, inbentarioan jaso beharko dira, edozein dela ere haien balioa:

– Altzariak: aulkiak, mahaiak, armairuak, tiradera-altzariak, artxibategiak eta abar.

– Informazio-prozesuetarako ekipamenduak: ordenagailuak, monitoreak, inprimagailuak, eskanerrak, funtzio anitzeko ekipamenduak, proiektagailuak, bideo- eta argazki-kamerak, telebistak, audioa eta bideoa erreproduzitzeko ekipamenduak.

– Etxetresna elektrikoak: hozkailuak, mikrouhin-labeak eta abar.

Horiek horrela izanik ere, inbentarioan sartu ahal izango dira 300 euroko (BEZik gabe) gutxieneko zenbateko inbentariagarrira iristen ez diren ondasun higigarriak, baldin eta Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak komenigarritzat jotzen badu haiek inbentariatzea kasu jakin bakoitzean interesekoak diren arrazoiengatik, edo ondasun-sorta edo -multzo bat, ondasun horietako bakoitzaren balioa 300 euro edo gehiago (BEZik gabe) ez izanik ere haien totala multzo identifikatu bat bada eta sail bererako badira.

Inbentarioan nahitaez sartu beharko dira artistikotzat jotzen diren ondasunak, edozein dela ere haien eskuratze-prezioa.

2.– Halaber, inbentariagarriak izango dira Eusko Legebiltzarraren ibilgetu immaterialeko ondasunak, hau da, ondare-elementu ukigaitz eta eskubide guztiak, balioespen ekonomikoaren gai izan daitezkeenak eta, horrez gain, aurreko apartatuan ibilgetu materialerako zehaztutako ezaugarriak betetzen dituztenak.

Inbentariagarriak izango dira jabetzan eskuratzen diren aplikazio informatikoak (programak eta softwareak), eta erabilera- eta ustiatze-lizentzia batekin eskuratzen direnak eta urtero berritu beharrekoak ez direnak, baldin eta haien balioa 300 euro edo gehiago bada (BEZik gabe), haiek garatzeko eta instalatzeko gastu guztiak kontuan hartuta. Ez dira inbentariagarriak izango aplikazio informatiko inbentariagarriak mantentzeko, zaintzeko edo kontrolatzeko gastuak. Era berean, ez da banakatuko CPU bat erostean barne datozen programa informatikoen prezioa, ezta teklatuarena eta saguarena ere, guztizko prezioarekin inbentariatu beharreko elementu bakarra osatuko baitute.

3.– Ondasun higigarri inbentariaezinak.

Inbentariaezintzat joko dira gisa honetako ondasunak:

– bulegoko material arina (grapagailuak, zulagailuak, boligrafoak eta abar), material noble, elektroniko eta elektrikoekin eginda dauden eta irizpide ekonomikoa aplikatzearen ondorioz inbentaria daitezkeen objektuak izan ezik;

– erabilera suntsikorreko materiala, azkar hondatzen dena, alegia, erabilerarekin kontsumitzen dena, edozertarako erabiltzen dela ere (papera, konposatu kimikoak, garbiketa-materiala, elikadura-produktuak eta abar), eta edozein dela ere haren kostua;

– norberak erabiltzeko tresnak (bihurkinak, aliketak, mailuak eta abar) eta aparailu txikiak (euskarriak, USB memoriak, pendriveak ata abar);

– makinen, instalazioen eta ekipamenduen ordezko materiala (instalazio elektrikoko kableak, diferentzialak, entxufeak, banaketa-kaxak, torlojuak, bonbillak eta abar);

– gortinak, pertsianak eta antzekoak, balio oso berezia dutenak izan ezik;

– sabai- eta horma-lanpara finkoak, balio berezia dutenak izan ezik;

– software-pakete estandarrak (MS Office, Windows XP eta abar) eta datu-baseak erabiltzeko lizentziak.

3. artikulua.– Inbentario-unitatearen printzipioa.

Ondasunak inbentarioan sartzeko, ondasun bakoitza unitate gisa hartuko da eta, salbuespen arrazoiturik ezean, izendapen independente bat eta berezko «inbentario-kode» bat egokituko zaizkio.

Helburu horrekin berarekin, unitate inbentariagarri bakarra osatuko dute ondasun higiezinek eta obrako elementuek edo elementu osagarriek, zeinak, fisikoki banatu edo ordezkatzeko modukoak diren arren, egoera horretan ez duten balio diseinatu zirenean ezarri zitzaien xederako.

Izendapen bakar batean batu ahal izango dira, «inbentario-kode» bakarrarekin, sortez edo bildumez osatutako ondasunak, baldin eta batera eskuratu badira ekitaldi ekonomiko berean.

4. artikulua.– Alta- eta baja-arrazoiak.

Honako hauek izango dira ondasun eta eskubideei inbentarioan alta edo baja emateko arrazoiak: erosketa, jaraunspena, legatua, dohaintza, lagapena, erabiltzeko lagapena, trukea, errentamendua (finantzarioa edo ez finantzarioa), usufruktua, galera, suntsitzea, erabateko amortizazioa, preskripzioa eta zuzenbidean onartutako beste edozein zio.

5. artikulua.– Balioztatze-arauak.

Honako arau hauek bete beharko dira inbentarioko ondasunak eta eskubideak balioztatzeko:

a) Kostu bidezko eskuraketak badira, ondasun inbentariagarriak balioztatzeko irizpide orokorra eskuratze-prezioa izango da, honela kalkulatuta: saltzaileak fakturatutako prezioa ken aplikatutako beherapenak, balizko deskontuak edo hobariak, gehi funtzionamenduan jarri bitartean sorrarazitako gastuak (garraioa, instalazioa, aseguruak eta gastu osagarriak) eta dagokion balio erantsiaren gaineko zerga erantsita, baldin, jasan beharrekoa izanik, kengarria ez bada. Ondasunen eskuratze-prezioaren balioa mantendu egingo da, benetako murrizketarik ez badago, eta berdin jarraituko du hurrengo ekitaldietan, baldin eta, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, irizpideak aldatzen ez badira.

Arau honetan sartuko dira kostu bidezko eskuraketak, salmenta-, hornikuntza-, obra-, nahitaezko desjabetze-, ebazpen-kontratuen ondorioz egindakoak eta diruzko kontraprestazio bat dakarten eragiketa guztiak.

Kostu bidezko eskuraketek inbentarioan alta ematea eragingo dute jasotze-agiri administratiboa egiten den unean; hala ere, idatzohar hori ordaintze-agindua emateko unean egitea erabaki ahal izango da.

b) Irabazizko eskuraketak, doan eskuratutako ondasunak edo lagapen gisa jasotakoak badira, eskuratze-prezioa izango da ondasun horien salmenta-balioa ondarean txertatzeko unean, hau da, balizko erosle batek ordainduko lukeen prezioa, ondasun horren kokapena eta egoera kontuan hartuta; prezio hori zehazteko erabili ahal izango dira aditu espezializatuek egindako tasazioak, merkatu antolatuetako batez besteko balioak, ohiko enpresa hornitzaileen prezio-zerrendak edo orokorrean onartutako beste prozedura batzuk. Benetako balioa inoiz ez da merkatukoa baino handiagoa izango.

Inbentariatutako ondasunaren kokapena aldatzen bada, beharrezkoa izanik berriro garraiatzea, instalatzea edo muntatzea, zenbateko horrek ez du ondasunaren ondare-balioa gehitzen eta «Funtzionamendu-gastuak» deritzon II. kapituluko gastua izango da.

6. artikulua.– Amortizazioa.

1.– Ekitaldiaren bukaeran, gutxienez, zuzendu egingo da ondasun eta eskubideen inbentarioa, ondasunen erabileraren, zahartzearen edo zaharkitze teknologikoaren ondorioz ondasun horiek amortizazioagatik jasan dituzten balio-galerak islatzeko.

2.– Inbentarioko eskubideak, kasua bada, eta ondasunak amortizatzeko honako arau hauen arabera jokatuko da:

a) Ondasun higigarrien eta higiezinen kasuan, kokatuta dauden lursailak kanpoan utzita, balioetsitako bizi baliagarriaren arabera. Ondasun-atxikipenei eta lagapen mugagabeei alta ematen zaie inbentarioan eta jabetzako ondasun gisa amortizatzen dira.

Epe-mugarik gabe lagatako ondasunek inbentarioan alta emanda jarraituko dute, baina ez dira amortizatuko lagapen mugagabearen unetik.

b) Eduki ekonomikoko eskubideen kasuan, eskubide horiek indarrean egongo diren urte-kopuruaren arabera. Eskubide horiek betierekoak edo biziartekoak badira, ez dira amortizatuko.

c) Higigarri historiko-artistikoak, balore negoziagarriak, kredituak eta ibilgetu finantzarioa osatzen duten gainerako eskubideak ez dira amortizazioaren mende egongo.

3.– Amortizazioaren urteko zenbatekoa kalkulatzeko, Eusko Legebiltzarraren ondasunek honako balio-bizitza dute:

a) Telefono mugikorra: 2 urte.

b) Ibilgetu immateriala (aplikazio informatikoak): 4 urte.

c) Elementu informatikoak eta inprimatze- eta fotokopiatze-elementuak: 6 urte.

d) Liburuak, aldizkariak eta beste argitalpenak: 6 urte.

e) Garraio-elementuak: 8 urte.

f) Altzariak eta etxetresna elektrikoak: 10 urte.

g) Instalazioak: 15 urte.

h) Hobekuntzak eraikuntzetan: 25 urte.

i) Eraikinak eta garajeak: 100 urte.

7. artikulua.– Hornidurak.

Inbentarioko ondasun eta eskubideen balioa ere zuzendu egingo da urtean behin, gutxienez, hartara ondasun edo eskubide horiek izango dituzten eta haien merkatu-balio erreala inbentarioko balioaren azpitik, metatutako amortizazioa kenduta, jarriko duten balio-galera itzulgarri edo kontingenteak islatzeko.

Merkatu-balio erreala une bakoitzean egindako tasazioaren ondoriozko balioa izango da.

II. KAPITULUA
INBENTARIOAREN EGITURA
I. SEKZIOA
ONDASUNEN ETA ESKUBIDEEN SAILKAPENA

8. artikulua.– Ondasunen eta eskubideen sailkapena.

Eusko Legebiltzarraren Inbentarioa osatzen duten ondasun eta eskubideak ondasun-talde, -azpitalde, -familia eta -moten arabera sailkatuko dira, I. eranskinean zehazten den egituraren arabera. Sailkapen hori inbentarioan islatuko da ondasun inbentariagarri bakoitzari «inbentario-kode» bat esleituz.

9. artikulua.– Oinarrizko informazioa.

Hurrengo artikuluetan higigarrientzako eta funts bibliografikoarentzako ezartzen dena eragotzi gabe, inbentarioak ondasun eta eskubideei buruzko informazio hau jasoko du, gutxienez: «inbentario-kodea», deskribapena, alta-eguna, baja-eguna, kokapena, kalifikazio juridikoa, erabilera-egoera, balioa abenduaren 31n eta balioztatze-zuzenketak.

II. SEKZIOA
ONDASUN HIGIGARRIAK

10. artikulua.– Ondasun higigarriak.

Inbentarioaren barruan ondasun higigarrien sekzioa egongo da, I. eranskineko 3tik 7ra bitarteko taldeetan sartutako ondasun inbentariagarriek osatuko dutena.

Sekzio hori prestatu eta mantentzeko ezinbestekoa da bertan sartutako ondasunek erakutsi ditzatela, aurreko artikuluan aipatzen den informazioaz gain, II. eranskinean adierazten diren informazio-eremuak.

11. artikulua.– Kodea eta etiketak.

Inbentarioa behar bezala kudeatzeko, higigarrien sekzioan jasotako ondasunek etiketa identifikagarri bat izango dute itsatsita, non elementu inbentariagarri bakoitzari esleitutako «inbentario-kodea» agertuko den. Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak etiketak emango dizkie ondasun higigarriak eskuratzen dituzten zuzendaritza edo zerbitzuei.

III. SEKZIOA
FUNTS BIBLIOGRAFIKOA

12. artikulua.– Funts bibliografikoa.

Legebiltzarraren funts bibliografikoa jasota egongo da ondasunen inbentarioan, «Funts bibliografiko historikoa» 3.2 azpitaldearen eta «Liburuak, aldizkariak eta beste argitalpen batzuk» 6. taldearen barruan. Liburutegian erregistratuko dira eta urtean zehar eskuratutako bibliografia guztiagatik alta bat emango da, balio zenbatetsia eta aurreko ekitaldiarekiko aldakuntza, gutxienez, jasoko dituen ohar orokor baten bidez.

13. artikulua.– Sartzen diren ondasunen zerrenda.

Erantsitako agiri gisa sartuko dira inbentarioan funts bibliografikoa osatzen duten tituluen zerrenda zehatza, horien kokapena, egoera, altak eta bajak, Azterlanen Zuzendaritzak zehaztutako era eta baldintzetan.

III. KAPITULUA
INBENTARIO-ERAGIKETAK

14. artikulua.– Kontzeptua.

Inbentario-eragiketak dira inbentarioa osatu, mantendu edo eguneratzeko bitarteko informatikoen bidez egindako datuen grabazioa edo liburuetako oharrak edo erregistroak.

II. eranskinean ezarrita daude informazioa biltegiratu eta emateko erabili beharreko prozedurak eta dokumentuak.

15. artikulua.– Motak.

Honako hauek dira inbentario-eragiketak:

1.– Alta-eragiketak.

Eragiketa hauen bidez Eusko Legebiltzarrak eskuratutako ondasun-multzo bat inbentarioan sartzen da, nola prezioaren bidez hala irabazi asmoz, eta inbentarioan idatzohar bat sortzen da horietako bakoitzarentzat.

2.– Baja-eragiketak.

Eragiketa hauen bidez ondasun-multzo bat inbentariotik ateratzen da, nola hirugarren bati prezio bidez besterentzeagatik hala doan lagatzeagatik.

3.– Eragiketa mistoak.

Eragiketa hauen bidez ondasun-multzo bat inbentarioan sartzen da, altei ematen zaien tratamendu berarekin, eta, kontraprestazio gisa, beste ondasun-multzo bat inbentariotik ateratzen da, bajei ematen zaien tratamendu berarekin, eskudirua erabilita edo erabili barik.

Eragiketaren oreka ekonomikoaren arabera, izan daitezke truke puruak, eskudiruzko konpentsazioa duten trukeak eta parte batean gauzaz ordaindutako salmentak.

4.– Erabilera lagatzeko eragiketak eta parekoak.

Eragiketa hauen bidez Eusko Legebiltzarrak beste erakunde bati esleitzen dio inbentarioan dagoen ondasun baten erabilera, baina horren jabetzari eusten dio, hala nola erabilera-lagapena eta atxikipena. Halaber, talde honetan sartzen dira aurreko eragiketen ondorioak deuseztatzen dituztenak, hala nola erabilera-lagapena bihurtzea, erabilera-lagapena bukatzea epea betetzean eta berriz sartzea. Lagatako ondasunak inbentarioan «lagata» edo «atxikita» gisa markatuta geratzen dira, baina ez zaie baja ematen, Eusko Legebiltzarrak ez baititu horien gaineko eskubideak galtzen.

5.– Erabilera eta kokapena aldatzeko eragiketak.

Eragiketa hauen bidez ondasun-multzo baten erabilera edo kokapena aldatzen da, baina Eusko Legebiltzarraren inbentarioan jarraitzen dute.

6.– Zuzentzeko eragiketak.

Eragiketa hauek baliogabetzeko edo aldatzeko izan daitezke.

Baliogabetzeko eragiketen bidez erregistroak ezabatzen dira, horiei alta eman ondoren antzemandako hutsak zuzentzeko.

Aldatzeko eragiketen bidez ondasun bati edo ondasun-multzo bati dagozkion datuak aldatzen dira, horiei alta eman ondoren antzemandako hutsak zuzentzeko edo datuak osatzeko.

7.– Tasazioak.

Eragiketa hauen bidez ondasun baten balioa zenbatesten da, irabazi asmoz egindako eskuraketa bat delako edo ondasunaren eskuratze-prezioa eguneratu gabe dagoelako.

Organo eskudunak, bere kabuz edo goragoko organoek eskatuta, tasazioak aginduko ditu, araudi honetako hurrengo artikuluaren arabera, eta teknikari edo peritu adituek egingo dituzte, tasatu beharreko objektuaren arabera.

8.– Balioztatze-zuzenketak.

Eragiketa hauen bidez inbentarioko ondasun eta eskubideei egindako amortizazioen zenbatekoa eguneratzen da edo horien balioaren araberako hornidura egiten da, balio-galera itzulgarri edo kontingenteak direla-eta.

IV. KAPITULUA
INBENTARIOA KUDEATZEA

16. artikulua.– Organo eskuduna.

Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuaren eskumena izango da Eusko Legebiltzarraren Ondasun eta Eskubideen Inbentarioko datu, dokumentu eta artxibo guztiak sortzea, eguneratzea, mantentzea eta zaintzea.

17. artikulua.– Egiaztatzea.

Legegintzaldi bakoitzeko lehenengo bilkura-aldian zehar, inbentarioaren egiaztapen fisikoa egingo da. Egiaztapen horren emaitzak ikusita, inbentarioa eguneratuko da eta beharrezkotzat jotzen diren tasazioak aginduko dira.

18. artikulua.– Laguntzeko betebeharra.

Eusko Legebiltzarreko zuzendaritza edo zerbitzu guztiak, baita talde parlamentarioak eta lagatako ondasunen hartzaileak edo enpresa-kontratistak ere, behartuta daude une oro laguntza ematera eta lankidetzan aritzera, ofizioz edo Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak eskatuta, inbentarioko datuen egiazkotasuna bermatzeko, honako hauek jakinaraziz:

a) jasotzen dituzten ondasunak edo eskubide-aitorpenak;

b) beren bulegoetatik beste bulego batzuetara eramandako ondasunak. Nolanahi ere, jakinarazpenean jaso beharko dira tokiz aldatuko den ondasuna, esleituta daukan «inbentario-kodea», ondasunaren deskribapen laburra, zer tokitatik eraman nahi den eta, baimena jaso ondoren, zer lekutara eramango den, zehatz-mehatz espezifikatuz aurrerantzean non kokatuko den;

c) narriatu, desagertu edo hondatutako ondasunak, batez ere, beste batzuk ipintzen badira haien ordez.

19. artikulua.– Jakinarazteko betebeharra.

Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaizkio inbentarioaren osaera aldatu dezaketen kontratu, hitzarmen edo egintza guztiak, izan daitezkeen altak eta bajak, batez ere.

20. artikulua.– Legebiltzarraren erabilerari atxikitako ondasunak desafektatzea.

Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak, inbentarioko ondasunen baja izapidetu aurretik, ondasun horien zerrenda bidali beharko dio Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, Legebiltzarraren erabilerara desafektatzea erabaki dezan.

21. artikulua.– Urteko kontuan sartzea.

Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuak, aurrekontu-ekitaldia itxi eta hurrengo hiru hilabetetan, Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa eta, kasua bada, eranskinak bidali beharko ditu Eusko Legebiltzarreko Kontu Hartzailetzara, urteko kontuan sar daitezen.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arartekoaren inbentarioaren araubidea.

Arau hau Arartekoaren instituzioari aplikatuko zaio, instituzio horren titularraren zuzendaritza- eta administrazio-eginkizunak alde batera utzi gabe.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudi honetan aurreikusitako zenbatekoak eguneratzea.

Arau honetan aurreikusitako zenbatekoak eguneratu egingo dira Kontu Hartzailetzaren proposamenez eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onartu ondoren. Onetsitako zenbatekoak Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.

Indargabetu egiten dira arau hauetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Argitaratzea.

Arau hau Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean, Gardentasunaren Atarian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea

Arau hauek Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko dira indarrean.

I. ERANSKINA
ONDASUNEN TALDEAK, AZPITALDEAK ETA FAMILIAK

1.– Ondasun higiezinak.

1.1.– Eraikuntzak.

1.2.– Instalazio teknikoak eta bestelako instalazioak.

2.– Ibilgetu immateriala.

2.1.– Eskubide errealak.

2.2.– Ikerkuntzarako eta garapenerako gastuak.

2.3.– Aplikazio informatikoak.

3.– Higigarri historiko-artistikoak.

3.1.– Funts artistikoa.

3.1.1.– Pintura.

3.1.2.– Eskultura.

3.1.3.– Bestelako obra grafikoa.

3.2.– Funts bibliografiko historikoa.

5.– Garraio-elementuak.

6.– Liburuak, aldizkariak eta beste argitalpenak.

7.– Altzariak.

Bulegoko materiala.

Altzariak.

Informazioa prozesatzeko ekipamenduak.

Ikus-entzunezko ekipamenduak.

Makineria.

Sanitarioa.

Etxetresna elektrikoak.

Beste material batzuk.

Sukalde-ostalaritzako altzariak.

II. ERANSKINA
PROZEDURA

1.– Inbentarioan alta ematea.

Eusko Legebiltzarrak egindako gastuak inbentariatzeko modu bakarra Ganberaren aurrekontuko «Inbertsioak» izeneko VI. kapituluaren bidez izango da. Aurrekontuko «Funtzionamendu-gastuak» izeneko II. kapituluaren bidez eskuratutako ondasunak ezin dira inbentariatu, ez baitira inbertsioa, gastua baizik.

Kontratu eta hitzarmenen bidez eskuratutako ondasunak Eusko Legebiltzarraren jabetzakoak dira eta bere ondasuna handiagotuko dute, kontratuan edo emakidaren ebazpenean esanbidezko egintzarik ez badago. Eusko Legebiltzarraren aldeko dohaintzetatik datozen ondasunei inbentarioan alta ematea tramitatzeko, Ganberako Mahaiak aldez aurretik dohaintza horiek onartu beharko ditu.

Faktura beraren bidez zenbait ondasun desberdin eskuratzen badira eta horiek, ondasunak sartzeko irizpideen arabera, inbentarioan sartu behar badira (esate baterako, mahaia, aulkia, artxibategia...), inbentario-fitxa berezi bat beteko da horietako bakoitzarentzat. Objektu berdinak eta prezio berekoak badira, inbentario-fitxa bakarra beteko da, unitate-kopurua zehaztuta.

Derrigorrez bete beharreko datuak:

a) Elementuaren deskribapena: argi adieraziko dira inbentariatzen den ondasunaren deskribapena eta unitate-kopurua.

Inbentarioan sartzearen arrazoia gastu-espedientea bada, erantsi egingo dira kontabilitate-agiriaren zenbakia eta faktura, non eskuratzen diren elementuen deskribapen zehatza azaldu beharko den.

Ordezkatze-inbertsioetako eskuraketetan, ordezkatu beharreko elementuaren baja-eskabidea erantsiko da.

Ordezkatze-inbertsiotzat jotako eskuraketa bat egiten denean, elementu zaharra beste eraikin, zuzendaritza edo zerbitzu batean erabiltzen jarraituko bada, baja eskatu ordez, kokapen-aldaketa eskatuko da.

b) Ondasunaren egoera, nola eskuratu zen adierazita: jabetza, leasing, ustiatze-lagapena, alokairua, dohaintza edo beste edozein eskuratze-titulu. Jaraunspen, legatu edo dohaintzaz eskuratua bada, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren onarpena jasotzen duen agiria eman beharko da.

c) Kokapena:

Kokapen ekonomikoa: gastua bere gain hartzen duen unitate organikoa adieraziko da.

Kokapen funtzionala: elementua esleitzen zaion antolakuntza-unitatea.

Kokapen geografikoa: eraikina, solairua, lokala (zuzendaritza, zerbitzua, talde parlamentarioa, aretoa, prestakuntza-gela eta abar).

d) Ondasunaren balioespena:

Eskuratze-prezioa: unitate bakoitzaren prezioa, BEZa barne, adieraziko da, eta aurkeztutako fakturarekin bat etorri beharko da.

Deklaratutako balioa dokumentu ofizialean: fakturarik gabeko eskuraketen kasuan.

Zenbatetsitako balioa: inbentariatu beharreko ondasunaren balioa ezagutzen ez denean.

e) Ondasunaren argazkia (aukerakoa).

1.1.– Ondasun higiezinak.

Eraikuntzak, edozein erabileratakoak direla ere, ondasun higiezin gisa sartuko dira inbentarioan.

Eskuratze-prezioaren parte izango dira, izaera iraunkorra duten instalazio eta elementu guztiez gain, eraikuntzari datxezkion tasak eta obra-proiektuaren eta -zuzendaritzaren aukerako ordainsariak. Banatuta azaldu beharko dira lursailaren balioa eta eraikinena eta beste eraikuntzena. Eraikinak inbentarioan sartuko dira obren jasotze-aktan agertzen den egunean; horregatik, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzura igorri beharko dira obren jasotze-aktaren kopia eta likidazio-ziurtagiria, zenbateko osoa eta haietan egindako aldaketa edo hobekuntza guztiak adierazita.

Ondasun higiezinen inbentarioan sartuko dira Eusko Legebiltzarrarentzako mota guztietako eraikinak erostearen edo eraikitzearen ondorioz sortutako gastu guztiak, eta eraikinaren gaitasun produktiboa areagotuko edo haren bizitza baliagarria luzatuko duen hobekuntza dakartenak.

Instalazio berri inbentariagarriak, eraikina funtzionamenduan jarri ondoren eskuratu badira eta, duten izaeragatik, instalazio horien hobekuntzatzat har ezin badira, «inbentario-kode» propioa izango dute eta ondasun higigarrien inbentarioan sartuko dira (instalazio teknikoak, elektrikoak, komunikaziokoak eta abar).

Eraikin batean egindako gastuak, ohiko mantentzeari badagozkio, edo lehendik dauden beste batzuk konpontzeko, kontserbatzeko edo ordezkatzeko baino ez badira, ez dira inbentarioan sartuko eraikuntzen balio handiagoa gisa, baizik eta aurrekontuko «Funtzionamendu-gastuak» izeneko II. kapituluari egotziko zaizkio gastu arrunt bezala (pintura, atea ordezkatzea, leihoa, kableak, entxufeak, sanitarioak...).

1.2.– Ondasun higigarriak.

Datu espezifikoak ekipamendu/altzariei buruz.

– Marka.

– Modeloa.

– Neurriak cm-tan: altuera/zabalera/sakonera.

– Kolorea (aukerakoa).

– Akabera (aukerakoa).

– Oharrak (aukerakoa).

Datu espezifikoak informazioa prozesatzeko ekipamenduei buruz (hardwarea).

– Marka.

– Modeloa.

– Serie-zenbakia (aukerakoa).

– Oharrak (aukerakoa).

Datu espezifikoak aplikazio informatikoei buruz (softwarea).

– Marka.

– Modeloa.

– Serie-zenbakia (aukerakoa).

– Lizentzia-kopurua.

– Oharrak (aukerakoa).

Datu espezifikoak ondasun higigarri artistikoei buruz.

– Titulua.

– Egilea.

– Sortze-data.

– Oinarri-materiala.

– Materiala.

– Neurriak cm-tan: altuera/zabalera/sakonera.

– Oharrak (aukerakoa).

Datu espezifikoak ibilgailuei buruz.

– Matrikula.

– Marka.

– Modeloa.

– Potentzia CV-tan.

– Tara kg-tan (aukerakoa).

– Kolorea (aukerakoa).

– Erregaia.

– Ekipamendua (aukerakoa).

– Oharrak (aukerakoa).

2.– Inbentarioan baja ematea.

Baja eman beharreko elementu bakoitzari buruzko agiri bat bete beharko da, salbu eta objektu berdinak badira eta non dauden jasota badago; kasu horretan, agiri bakarra bete ahal izango da, bertan adierazita baja ematen zaien elementuen kopurua eta horietako bakoitzaren inbentario-kodea. Ondasunaren baja eskatzen duen zuzendaritza edo zerbitzuko arduradunak sinatu beharko du inbentarioan baja emateko dokumentua.

Ez da onartuko amortizatuta ez dauden ondasunei zaharkituta egoteagatik baja ematea. Ez dira inbentarioko bajak tramitatuko eskabidearekin batera dagozkion egiaztagiriak aurkezten ez badira.

Derrigorrez bete beharreko datuak:

a) Elementuaren identifikazioa: «inbentario-kodea» (jakinez gero, inbentarioko aplikazioak emandako zenbakia).

b) Inbentarioan baja eman nahi zaion ondasunaren deskribapena.

c) Eskuratze-data, ondasuna amortizatuta dagoen jakiteko.

d) Kokalekua. Baja eman behar zaion ondasunaren kokapen geografikoa adierazi.

e) Bajaren zioa.

i.– Baja berrerosketagatik.

ii.– Baja materialaren narriaduragatik: kasu honetan bi egoera hartzen dira kontuan, hots, ondasuna erabat eta betiko erabiliezin bihurtzen denean eta egin daitekeen konponketa antiekonomikoa denean. Baja-eskaerarekin batera, ondasuna atxikita dagoen zuzendaritza edo zerbitzuko arduradunaren idazkia aurkeztuko da, egoera zein den azalduz, konponketaren aurrekontua barne. Gauza erabat galtzea edo ezin erabilizkoa bihurtzea eragiten duten ezbeharren kasuan, ondasuna atxikita dagoen zuzendaritza edo zerbitzuko arduradunaren idazkia erantsiko da, gertatutako ezbeharrari buruzko zehaztasunak emanez. Kasu honetan, aldi berean tramitatuko dira baja eta ezbeharraren partea, aseguru-konpainiak kalte-ordaina ordaintzeko egin beharrekoa, asegurutik kanpo utzitako arriskua ez bada.

iii.– Baja delitu edo hutsegite batengatik (lapurreta, ebasketa eta abar): dagokion organoaren aurrean egindako salaketa aurkeztuko da baja-agiriarekin batera. Kasu honetan, aldi berean tramitatuko dira baja eta ezbeharraren partea, aseguru-konpainiak kalte-ordaina ordaintzeko egin beharrekoa, asegurutik kanpo utzitako arriskua ez bada.

iv.– Ondasun zaharkituak: ondasun hauek, ibili arren, ez dira egokiak egungo egoeraren arabera. Beste administrazio publiko batzuetan edo gizarte-ongintzazko izaera duten entitateetan erabiltzeko laga daitezkeen ondasunen kasuan, aukera hori adieraziko da baja-partean, dagokion apartatuan.

3.– Kokapena aldatzea eta zuzenketak egitea inbentarioan.

3.1.– Kokapena aldatzea.

Inbentariatutako elementu baten kokapen-aldaketa gertatzen da ondasun baten, batzuen edo guztien mendekotasun funtzionala edo geografikoa aldatzen denean jatorrizko kokapen batetik helmugako kokapen berri batera. Elementu baten lekualdatze hutsak, haren kokapen funtzionala edo geografikoa aldatu gabe, ez du esan nahi tokiz aldatzen denik edo aldatu behar denik.

Kokapena aldatzeko eskatzeko agirian adieraziko dira aldatu beharreko ondasun bakoitzaren «inbentario-kodea» eta horietako bakoitzaren deskribapena, eta jatorriko kokapena eta helmugako kokapena beteko dira.

3.2.– Zuzentzea.

Ondasun baten ardura duen zuzendaritza edo zerbitzu batek egiaztatzen badu inbentarioan jasota dauden datuak ez direla zuzenak, Kudeaketa Ekonomikoaren Zerbitzuari jakinaraziko zaio gertaera hori, zuzendu dezan. Aldatu beharreko ondasunaren «inbentario-kodea» eta Ondasun eta Eskubideen Inbentarioan dauden datu okerrak bidaliko dira.

Zuzenketa kokalekuari badagokio eta transkripzio-akats baten ondorio ez bada, kokapen-aldaketa bat egin beharko da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala