Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2022ko urriaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4441

EBAZPENA, 2022ko urriaren 10ekoa, Industria Administrazioko Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena; horren bidez, Arrasateko udal-mugartean «Udala Behekoa auzoan petrolio-gas likidotuak (PGL) andel finkoetan biltegiratzeko proiektua eta propano gas likidotua banatzeko sarea» deituriko instalazioa eraikitzeko aldez aurreko administrazio-baimena eman da.

Espediente-zenbakia: 20-CGY-2022-00001.

AURREKARIAK

1.– Aztertu da Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan irekitako espedientea, NED Suministro GLP, SAUk hala eskatuta, aipaturiko erreferentziazko instalaziorako baimena eskatu zuena, eta 76/2020 Dekretuan agindutako erregelamenduzko izapideak bete dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako 8/2004 Legean ezarritakoaren arabera.

OINARRI JURIDIKOAK

1.– Industria Administrazioko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza espediente hau ebazteko organo eskuduna da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (EHAA, 2021-03-05) emandako eskumena baliatuz.

Aipaturiko lege-manuak eta aplika daitezkeen gainerako xedapen orokorrak aztertu ostean, Gipuzkoako lurralde-ordezkariak

EBATZI DU:

Baimena ematea NED Suministro GLP, SAUri Arrasateko udal-mugartean «Udala Behekoa auzoan petrolio-gas likidotuak (PGL) andel finkoetan biltegiratzeko proiektua eta propano gas likidotua banatzeko sarea» deituriko instalazioa eraikitzeko.

Ebazpen hau aipaturiko 76/2020 Dekretuari eta honako baldintza orokor hauei jarraikiz eman da:

1.– Baimendutako instalazioa «Udala Behekoa auzoan petrolio-gas likidotuak (PGL) andel finkoetan biltegiratzeko proiektua eta propano gas likidotua banatzeko sarea» deituriko proiektuaren arabera gauzatu beharko da. Ángel Casas Bachiller industria-ingeniaria da proiektu horren egilea.

2.– Instalazioek gas-erregaien erabilerari zein banaketari eta horien jarraibide tekniko osagarriei buruzko erregelamendu teknikoan (919/2000 ED, uztailaren 28koa) ezarritakoa bete beharko dute, bai eta dagozkion xedapen eta arau teknikoak ere.

3.– Onetsitako proiektuan jasotako oinarrizko datuei eragiten dieten aldaketak egiteko, beharrezkoa izango da dagokion baimena lortzea.

4.– Baimentzen den instalazioa gauzatzeko epea 2 urtekoa izango da, baimenaren datatik zenbatzen hasita.

5.– Indarrean dauden xedapenen arabera instalazioetan egin beharko diren azterketa, entsegu eta proba orokorrak edo partzialak Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko zaizkio behar besteko aurrerapenaz.

6.– Instalazio-obrak amaitu ostean, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan Obra Zuzendaritzaren dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, bai eta proben aktak (erregistro grafikoekin) zein as-buil planoak ere.

7.– NED Suministro GLP, SAUk instalazioak amaitu direla jakinarazi beharko dio Lurralde Ordezkaritza honi, behin betiko onartu dezan eta martxan jarri izanaren berri ematen duen akta jaso dezan; baldintza hori bete gabe ezingo da martxan jarri.

8.– Ebazpen honetan baimena ematen da ezertan eragotzi gabe udal- eta probintzia-eskumeneko baimen edo lizentziak eta obrak egiteko behar diren gainerakoak, eta horietatik bereiz; beraz, ebazpen honek ez du eskatzailea salbuesten horiek guztiak lortu beharretik. Era berean, ebazpena ematean hirugarrenek izan ditzaketen eskubideak ez dira ezertan eragotzi, jabetza-eskubidea salbu.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Donostia, 2022ko urriaren 10a.

Gipuzkoako Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,

AGUSTIN AROSTEGI ARTETXE.


Azterketa dokumentala