Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2022ko urriaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4309

AGINDUA, 2022ko irailaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2022ko ekitaldirako laguntza-deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan ardoa, sagardoa eta artisau-erara egindako garagardoa sustatzeko –«Basque Wine programa»–.

Elikagaien merkatu globalean, bereziki mahastizaintza- eta ardogintza-industriaren kasuan eta sagardo naturala eta artisau-garagardoa egiten dutenen kasuan, ezinbestekotzat jotzen da agindu honetan jasotzen diren mekanismoak sustatzea, sektorea sustatzeko eta pairatzen ari den egoera zaila arintzeko xedearekin, batetik, 2020an eta 2021eko parte batean COVID-19arengatik Horeca kanala itxi baita, eta, bestetik, Errusiak Ukraina inbaditu izanak eta horrek energiaren eta lehengaien prezioen igoerak eragindako mundu-krisia dela eta.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak dirulaguntzen plan estrategiko bat dauka, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onartua, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, eta haren barruan dago agindu honen bidez iragartzen den laguntza, www.euskadi.eus webgunean kontsulta daitekeena.

Horregatik, aurrekontu-estaldura nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera, laguntza-deialdi hau egiten da ardoa, sagardoa eta artisau-erara egindako garagardoa sustatzeko.

Bestalde, estatu mailako laguntza bat denez, estatu-laguntzen gaineko Europar Batasuneko araudia bete behar da. Kasu honetan, laguntza honi jarraikiz emango da: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzekoa; laguntza, gehienez, 200.000 eurokoa izango da enpresa bakoitzeko, hiru urtetan.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2022ko ekitaldian laguntza-programa bat ezartzea, barne-merkataritzan Basque Wine markako produktuak sustatzeko EAEko ardo, sagardo natural eta artisau-erara egindako garagardoen kontsumitzaileen artean.

Agindu honen ondorioetarako, Espainiako Estatuaren barruan dauden merkatu guztiak hartzen dira barne-merkataritza gisa.

2.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatuko zaie laguntza hauei.

Bigarrena.– Pertsona onuradunak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradun izan daitezke hamar milioi euroko edo hortik beherako negozio-bolumena duten ETEak, bereizgarri hauek babestutako edariak ekoizten badituzte:

– Basque Beer.

– Txakoli de Alava - Arabako Txakolina, Txakoli de Bizkaia - Bizkaiko Txakolina, Txakoli de Getaria - Getariako Txakolina.

– Euskal Sagardoa.

– Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren kasuan, gutxienez % 85 Arabako Errioxako eskualdean ekoitzitako mahatsarekin egindakoak eta etiketan hala egin direla zehaztuta dutenak (eskualdeko ardoa, udalerriko ardoa edo mahasti berezia).

Hirugarrena.– Betekizunak.

1.– Laguntza hauen onuradun izateko, eskatzaileek, bigarren ebazpen-zatian zehaztutako eremu subjektiboan egoteaz gain, honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) 2022an laugarren ebazpen-zatian aurreikusitako diruz laguntzeko jardueraren bat garatu izana edo garatzen aritzea, betiere jarduera hasi izanaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu badute edo Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroan izena emanda badaude.

b) Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera, bat etorriz kategorien araberako salbuespen-erregelamendu orokorrean xedatutakoarekin, betiere.

c) Berreskuratze-agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

d) Dagokion foru-aldundiarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea egiaztatzen duen ziurtagiria.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak modu arrazoituan uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

2.– Ezingo dute lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako zirkunstantzietako batean dauden pertsonek edo erakundeek:

a) Epai irmo bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu dutenak zigor bidez, edo delitu hauetako bat egiteagatik kondenatuak izan direnak: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legez kontrako ordainarazpenak edo hirigintza-arloko delituak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu dituztenak, konkurtso-deklarazioa jaso dutenak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende daudenak edo desgaituta daudenak Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Errudun deklaratu izanik, hori eragin duen kausa dela-eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo pertsona juridikoen ordezkaritza legala dutenak sartuta egotea Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legean, Herri-administrazioen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aipatutako kasuren batean, edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak izatea, bertan ezarritako baldintzetan edo arlo horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudietan ezarritakoetan.

e) Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.

f) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu ez dituztenek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 21. eta 25. artikuluetan ezarritako baldintzetan.

g) Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

h) Halaber, ezin izango dituzte deialdi honetako laguntzak jaso sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik zehapen administratibo edo penalak dituztenek, ez eta debeku horrekin zigortuta daudenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.

3.– Laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, goragoko apartatuetan xedatutakoa betetzeaz gain, betekizun espezifiko hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

a) Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroan izena emanda egotea.

b) Produktu hauetakoren bat egitea:

– Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuak babestutako ardoa. Kasu horretan, erabilitako mahatsaren gutxienez % 85 Arabako Errioxako eskualdean ekoitzitako mahatsa izango da, eta etiketan hala zehaztuta egongo da (eskualdeko ardoa, udalerriko ardoa edo mahasti berezia). Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailearen ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan adierazi beharko da gutxienez % 85 Arabako Errioxako eskualdean ekoitzitako mahatsarenarekin egina dagoela.

– Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina Jatorri Deiturek babestutako ardoa. Kasuaren arabera, honela egiaztatuko da:

• Arabako Txakolina jatorri-deituraren Kontseilu Arautzailearen ziurtagiria.

• Bizkaiko Txakolina jatorri-deituraren Kontseilu Arautzailearen ziurtagiria.

• Getariako Txakolina jatorri-deituraren Kontseilu Arautzailearen ziurtagiria.

– Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren babespeko sagardo naturala. Euskal Sagardoa bereizgarria erabiltzeko baimena duela egiaztatuko da.

– Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako garagardoa, «Basque Beer» bereizgarriari helduta. «Basque Beer» bereizgarria erabiltzeko baimena duela egiaztatuko da.

Laugarrena.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eta gastu finantzagarriak.

1.– Honako jarduera hauek jaso ahal izango dituzte deialdi honetako laguntzak, 2022ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era garatzen badira osorik:

a) Izaera profesionala duten azoketan edo merkataritza-lehiaketetan erakusketari gisa parte hartzea, merkataritza-jarduerak garatzeko, produktuak erakutsiz erakusmahai indibidual edo partekatuetan.

b) Azoketara joatea, hau da, eskatzaileak bisitaldiak egitea profesionalei zuzendutako azoketara.

c) Estatuaren barruko merkatuetan produktuak aurkeztea, hau da, enpresa eskatzailearen produktuak aurkeztea edo dastatzeko aukera ematea, merkataritza-harremanak areagotzeko.

d) Salmenta-puntuetan sustapen-jarduera zehatz eta espezifikoak egitea, produktuaren publizitatea eginez eta hura dastatzeko aukera emanez, kontsumitzailearen oniritzia lortzeko. Sustapen-jarduera zehatz eta espezifiko horietako bakoitzak gehienez hilabeteko iraupena izango du.

e) Ikus-entzunezko katalogoak eta materialak, hau da; enpresaren irudiari eta produktuei buruzko dibulgazio-materialak egitea.

f) Publizitate-kanpainak komunikabide orokorretan (telebista, irratia, prentsa, aldizkariak). Gaztelaniaz eta/edo euskaraz. Ez da atzerriko hizkuntzetan onartuko.

Laguntzak produktu horiek sustatzeko finantzaketa-beharrak estaltzeko erabili beharko dira, eta, beraz, ezin izango dira erabili banatzaileek ekoizleei erositako produktuen prezioa edo bolumena aldatzeko. Ez da diruz lagunduko ez produktua ez haren bidalketa.

2.– Aurreko puntuan aurreikusitako ekintzetan diruz lagundu daitezkeen gastuak III. eranskinean zehaztutakoak izango dira. Dena den, gastu horiek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritako betebeharrak.

Bosgarrena.– Finantzaketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2022rako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako zehaztutako aurrekontu-kredituen kargura finantzatuko dira laguntzak, eta ezin izango dira berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000,00) eurotik gorakoak izan.

2.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin behar da, eta horren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Seigarrena.– Bateraezintasunak.

Deialdi honen bidez diruz lagundutako ekintzek ezingo dute jaso Lehiatu Sustapena programaren dirulaguntzarik (horren araudia 179/2014 Dekretuan dago jasota, EAEtik kanpoko merkatuetan nekazaritzako, elikagaigintzako, arrantzako eta basogintzako produktuak sustatzeko laguntzei buruzkoa), ezta OCM Promoción programaren dirulaguntzarik (hemen arautuak: 1363/2018 Errege Dekretua, azaroaren 2koa, Espainiako mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari 2019-2023 aldian laguntzeko programaren neurriak aplikatzeari buruzkoa; eta 227/2014 Dekretua, abenduaren 9koa, EAEko mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko Batasuneko laguntza-neurriak garatu eta aplikatzeari buruzkoa) eta helburu bererako bestelako laguntza-programen dirulaguntzarik ere.

Zazpigarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Laguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen % 50 izango da, eta gehienez hamabost mila (15.000) euro onuradun bakoitzeko.

2.– Nolanahi ere, eta bat etorriz laguntza hauek biltzen dituen minimis araubidearekin, enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 200.000 eurotik gorakoa izango hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan. Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia izango da 2022ko ekitaldi fiskala eta aurreko bi ekitaldi fiskalak.

Zortzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea, eskabide-eredua eta dokumentazioa.

1.– Dirulaguntza-deialdirako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa –hor eskuratu daitezke tramitaziorako jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta horren bidez sar daiteke eskabide-formulariora– helbide honetan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1200502

Agindu honen I. eranskinean dago inprimakiaren edukia. Prozeduraren eskuliburua onartzen da, zeina eskuragarri egongo baita https://www.euskadi.eus webgunean eta argitara ematen baita agindu honen III. eranskinean.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikulua betetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dira agindu honetan araututako laguntzetarako eskabideak; horretarako, ebazpen-zati honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikora jo behar da.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1200502

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Helbide honetan zehazten dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikora helbide honen bitartez sar daiteke: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

5.– Eskabidearekin batera, agindu honen II. eranskinean adierazitako dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute.

Eskatutako dokumentazioa lehendik entregatuta badago administrazio honetan edo beste batean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egon, horiek aurkeztutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta zein unetan aurkeztu zituen dokumentuak. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimen inplizitu horri laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak ikusiko balu eskatzaileak aurkeztu dokumentazioak ez dituela betetzen agindu honetan xedatzen diren betekizunak, horren berri emango dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean behar diren zuzenketak egin ditzan edo dagokion dokumentazioa aurkez dezan. Halaber, adieraziko dio hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera.

6.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

Bederatzigarrena.– Laguntzak kudeatzea.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza izango da deialdi honek arautzen dituen laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Sustapen-eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, zeinean bermatuta egongo baita emakumeen eta gizonen presentzia, ez bada arrazoi oinarrituak, objektiboak eta arrazoituak daudela hala ez izateko. Hiru pertsonek osatuko dute batzordea, eta bokal gisa arituko dira; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko kideak izango dira hirurak, eta horietako bat, zehazki, Enpresa Programaren arduraduna izango da. Beste biak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikarien artetik aukeratuko dira.

Agindu honetan araututako deialdirako, hauek osatuko dute balorazio-batzordea: Elisa Torre-Enciso Enciso andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren Enpresa Programaren arduraduna, lehendakaria izango da; Iñaki Aresti Uribe jauna, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, bokala izango da; Mirari de Prado Embid andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, bokala eta idazkaria izango da; Marisa Fraile Correa andrea, Zuzendaritzaren Enpresa Programaren arduraduna, ordezko lehendakaria izango da; Pablo Mauricio Arenas Alegría jauna, Zuzendaritzako teknikaria, ordezko bokal izango da, eta Nora Beltrán de Otalora Errasti andrea, Zuzendaritzako teknikaria, bokala eta ordezko idazkaria izango da.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, adituei eskatu ahal izango die bere bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean.

3.– Balorazio-batzordeak proiektuen bideragarritasuna aztertu eta espedienteak balioetsi aurretik, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari batek eskabide bakoitza aztertuko du: proiektu bakoitzaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo du, eta, haren arabera, proiektuak agindu honetako eskakizunak betetzen dituen aztertzeko txosten bat egingo du, batzordeari aurkeztuko diona.

4.– Hauek izango dira balorazio-batzordearen egitekoak:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuen eskabideak ebaluatzea, hau da, proiektuak eta agindu honetan ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila balioestea, laguntza motaren arabera.

c) Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza emango zaion proposatzea.

5.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen bakarra aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak, gutxienez, agindu honetako hamalaugarren xedapen-zatian adierazitako edukia izan beharko du.

6.– Balorazio-batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

Hamargarrena.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Laguntzak esleitzeko, norgehiagoka-prozedura bati jarraituko zaio, eta, prozedura horretan, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide guztiei deialdi horretako laguntzak emango zaizkie, baldin eta eskatutako baldintza objektibo eta subjektiboak betetzen badituzte. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, zortzigarren ebazpen-zatian aurreikusitako gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak kontuan hartuta.

2.– Zazpigarren ebazpen-zatian adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa balitz aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, dagozkion zenbatekoen dirulaguntzak esleituko dira. Hala ez bada, hasieran kalkulatutako zenbatekoan, halakorik balego, beren plantillan gutxienez % 40 emakumeak direla eta haien zuzendaritza-organoetan emakumeek proportzio gutxienez orekatuan parte hartzen dutela egiaztatzen duten erakundeen eskabideei erantzungo zaie, bat etorriz Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko 8/2015 Legearen 20.3 eta 20.5 artikuluetan aurreikusitakoarekin. Zuzkidura ekonomikoa nahikoa ez bada irizpide hori (plantillan % 40 emakumeak) betetzen duten eskabide guztiei erantzuteko, laguntza horietara bideratutako zenbateko ekonomikoa eskaera horien artean hainbanatuko da; gainera, laguntza-ehunekoaren murrizketa aplikatuko da, zuzkidura hori nahikoa izan arte.

3.– Plantillan gutxienez % 40 emakumeak direla egiaztatu duten erakundeen eskabideei erantzun ondoren, hasieran kalkulatutako gehieneko zenbatekoan deialdiaren zuzkiduran geldikinen bat geratu bada, geldikin hori gainerako eskabideei aplikatuko zaie, soberakina horien artean banatuta. Horretarako, kalkulatutako zenbatekoen murrizketa lineala aplikatuko da, zuzkidura hori estaldura osorako nahikoa izan arte.

Hamaikagarrena.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak aztertutakoan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak deialdia ebatziko du, ebazpen bakar baten bidez. Ebazpen horretan, eskatutako laguntzak eman ala ukatu egingo ditu.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

Baietsitako eskabideei dagokienez:

a) Onuradunen izena edo izen soziala, IFK edo NAN (pertsona fisikoen kasuan, NANaren lau digitu soilik).

b) Diruz lagundu daitekeen gastua.

c) Dirulaguntzaren ehunekoa eta laguntzaren guztizko zenbatekoa.

Ezetsitako eskabideei dagokienez:

a) Eskatzaileen izena edo izen soziala, IFK edo NAN (pertsona fisikoen kasuan, NANaren lau digitu soilik).

b) Eskabidea ezesteko arrazoiak.

3.– Pertsona onuradunei dirulaguntzok eman eta ordaintzeko, amaituta izan behar dute EAEko administrazio orokorrak eta bere organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan abian jarri ahal izan den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

4.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Dena dela, onuradun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, eta, gainera, banakako eranskin baten bidez, ebazpenean bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak azalduta, banakatuta eta behar bezala arrazoituta.

Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Bestalde, 39/2015 Legearen 40.2 artikuluak jakinarazpenetarako eskatzen dituen zehaztasun guztiak jarri behar dira argitalpenetan ere.

Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

5.– 4. paragrafoan aurreikusitako epea amaituta, interesdunei ez bazaie deialdiaren ebazpena jakinarazi, eskabidea ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.– Prozedurako ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Hamabigarrena.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Gastuen justifikazioa laguntza hauen prozedura-eskuliburuan adierazitakoaren arabera aurkeztuko da (agindu honen III. eranskinean dago jasota), hamabost egun naturaleko epean ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera. Dena, den, gastuen justifikazio-araubidea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren araberako izan beharko da.

Justifikazioak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Ordainketak egiteko, eskabidea egin beharko da, emandako laguntzaren xede den sustapen-gastua gauzatu izana justifikatuta. Ez da ordainduko laguntzaren aurrerakinik.

3.– Onuradunei ordainduko zaie laguntza, zuzenean.

4.– Agindu honetan jasotako laguntzei dagokienez, ordainketa bakarra egingo da, interesdunak aurrez eskatuta.

5.– Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere bi hilera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ogasun eta Ekonomia Sailak ordainketa egin dezan.

6.– Emandako laguntzaren xede diren sustapen-jarduerak ez badira gauzatzen ezarritako gehieneko epeetan, edo eman den laguntzaren xedeko gastuaren gauzatu izanaren egiaztagiria ez bada aurkezten epe horietan beraietan, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala dagokionean, agindu honen hurrengo oinarrian xedatu itzulera-prozedura jarriko da abian.

7.– Ez da inolako ordainketarik egingo, halaber, pertsona onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

Hamahirugarrena.– Pertsona onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetako laguntzen onuradunek artikulu hauetan jasotako betebeharren araubidea bete behar dute: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua –testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen–; eta, bereziki, hauek bete behar dituzte:

a) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen helburua betetzea, proiektua egikaritzea, jarduera egitea edo jarrera hori hartzea.

b) Dirulaguntza ematen duen erakundeari edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela.

c) Laguntza ematen duen erakundearen egiaztatze-jarduketen mende jartzea, baita, laguntza Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eskuratzen denean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen mende ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusten diren jarduketez gain.

d) Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izana. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Agindu honen xede den laguntza 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) de minimis Erregelamenduan araututa dagoenez, eskatzaileek aurreko bi zerga-ekitaldietan eta indarrekoan jasotako de minimis laguntzen gaineko adierazpena aurkeztu beharko dute, laguntzok erregelamendu honen edo bestelako de minimis erregelamenduen mende badaude.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, laguntza edo dirulaguntza likidatu arte.

f) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

g) Emandako laguntza onartzea. Ildo horretan, onuradunak ez badu dirulaguntza espresuki onartzen dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik aurrera hamabost eguneko epean, uko egin dioela ulertuko da.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, zeren eta egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren 4. apartatuan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

j) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan jasotzen diren kasuetan.

k) Onuradunek eta dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin lotuta dauden hirugarrenek lankidetza eta beharrezko agiriak eman beharko dizkiete honako hauei, kontrol-jarduerak egiten dituztenean eta dirulaguntza ematen duen administrazioaren esparruaren barruan: Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusia, autonomia-erkidegoena edo toki-korporazioena. Horiez gain, Europar Batasunaren araudiaren arabera finantza-kontrolerako egitekoak esleituta dituzten erakundeei ere eman beharko diete informazio hori; xede horretarako, ahalmen hauek izango dituzte:

– Sarbide librea egiaztatu beharreko agirietara, informatika-euskarria duten programak eta artxiboak barne.

– Negozio-lokaletan sartzen utzi behar diete, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietan eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak direnez egiaztatzeko arakatu beharreko tokietan ere.

– Dirulaguntza oker jaso, gozatu edo erabili delako zantzuak agertzen dituzten eragiketen inguruko fakturak edo antzeko edo ordezko dokumentuak gorde behar dituzte, edo haien kopiak eman.

– Dirulaguntza kobratu den finantza-erakundeko banku kontuko edo funtsak baliatzeko erabili den kontuko informazio guztia eman behar diete.

Eginbehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren arabera, eta hala badagokio, zehapenak ezarri ahalko dira.

2.– Halaber, laguntza hauen onuradunek 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak bete beharko dituzte (4/2005 Legea, otsailaren 18koa, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzekoa), hala nola, tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua. Publizitatean eta sortzen dituzten dokumentuetan, hizkeraren eta irudien erabilera inklusiboa egingo dute, sexuarekin lotutako rolak eta estereotipoak saihestuz.

3.– Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik bat ere jaso ez bada azken 5 urteetan, Hirugarrenen Alta dokumentua aurkeztu beharko da, eman den laguntza ordaintzeko; hau da, dirulaguntza ordaindu aurretik egin behar da.

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Hamalaugarrena.– Aldaketak.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, dirulaguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Funtsezko aldaketatzat joko da langileen artean gutxienez % 40 emakumeak izatearen baldintza ordainketa egin arte ez mantentzea, betiere irizpide hori erabili bada laguntza emateko edo kuantifikatzeko. Kasu horretan, ebazpena aldatuko da, eta eskaerei dagozkien irizpideak aplikatuko dira.

Hamabosgarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo mantentzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat denean.

2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen egoeretako batean egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 artikuluan xedatuarekin. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondore guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan. Administrazioko arau-hausteak izango dira Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako jokabideak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VII. tituluko III. kapituluan jasotakoak ere.

Hamaseigarrena.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml

Hamazazpigarrena.– Baliabideak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Hemezortzigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 21a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala