Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2022ko urriaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4270

80/2022 EBAZPENA, irailaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko Akordioa baimentzeko Erabakia, 2022-2023 ikasturtean Ertzaintzako langileei zuzendutako euskalduntze-ikastaroak lan-ordutegitik kanpo antolatzeko dena.

Gobernu Kontseiluak, 2022ko irailaren 20an egindako bilkuran, Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko Akordioa baimentzeko Erabakia hartu zuen, 2022-2023 ikasturtean Ertzaintzako langileei zuzendutako euskalduntze-ikastaroak lan-ordutegitik kanpo antolatzeko. Bada, behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioa baimentzeko Erabakiaren testua, zeinaren helburua baita 2022-2023 ikasturtean Ertzaintzako langileentzako euskalduntze-ikastaroak lan-ordutegitik kanpo antolatzea. Ebazpen honen eranskinean azaltzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 27KO 80/2022 EBAZPENARENA.
ERABAKIA, EUSKO JAURLARITZAKO SEGURTASUN SAILAREN ETA HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN (HABE) ARTEKO KUDEAKETA-GOMENDIOARI BURUZKO AKORDIOA BAIMENTZEKO DENA. AKORDIO HORREN XEDEA DA 2022-2023 IKASTURTEAN ERTZAINTZAKO LANGILEEN LANORDUZ KANPOKO EUSKALDUNTZE IKASTAROAK ANTOLATZEA

Erabaki-proposamen honen xedea da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko Akordioa Gobernu Kontseiluaren baimenaren mende jartzea, 2022-2023 ikasturtean lan-ordutegitik kanpo Ertzaintzako langileentzako euskara-ikastaroak antolatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila da, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez, Ertzaintzan hizkuntza-normalizazioaren arloan eskumena duen organoa, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

HABE, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko azaroaren 25eko 29/1983 Legearen arabera, administrazio-izaerako erakunde autonomoa da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikia. Nortasun juridiko propioa du, bai eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa ere, eta bere eginkizunen artean dago helduei euskara irakastea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko helduen euskalduntzea eta alfabetatzea bultzatzea eta sustatzea.

HABEk Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzaren beharrei erantzuteko behar diren antolakuntza eta baliabideak ditu.

Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak 29. artikuluan xedatzen duenez, beste sail bateko organoei edo haien mendekoei egindako kudeaketa-gomendioetan, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak nahitaezko txostena egin du, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaio, baimena eman dezan.

Ondorioz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak, proposamena aztertu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko Erabakia baimentzea, 2022-2023 ikasturtean lan-ordutegitik kanpo Ertzaintzako langileentzako euskara-ikastaroak antolatzeko.

Bigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak agindua emango du, hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.


Azterketa dokumentala