Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2022ko urriaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4269

AGINDUA, 2022ko irailaren 28koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira gizarte-ekonomian ekiteko laguntzen deialdirako oinarriak eta horien deialdia egiten baita 2022. urterako.

2021eko abenduaren 14an, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak bere sailaren 2022ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzeko Agindua sinatu zuen (partzialki aldatua 2022ko maiatzaren 30eko Aginduaren bidez). Planak Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren lehen helburu estrategiko gisa jasotzen ditu gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko sustapena eta laguntzak, eta kooperatiben eta lan-sozietateen ondorengo hazkundea eta sendotzea. Agindu honek estrategia hori gauzatzea dakar: Zuzendaritzak kudeatzen dituen laguntzen multzoaren barruan, Zuzendaritzaren aurrekontuaren % 50etik gorako zuzkidura ekonomikoa du Ekiteko Aginduak.

Aurtengo deialdiak berrikuntza garrantzitsuak ditu: alde batetik, aurreko ia ildo guztiei eutsi zaie, baina % 20 gehitu dira aurreikusitako laguntzak ematera bideratutako baliabideak. Izan ere, arauan aurreikusitako laguntza guztiak ordaintzen saiatu behar da, 2021. urteko egoeran erabili behar izan baitzen enpresa onuradunei eman beharreko zenbatekoaren murrizketa proportzionalaren errekurtsoa.

Bestalde, Europan egun dugun egoera politiko, sozial eta ekonomikoko jazoerek Eusko Jaurlaritza bultzatu dute Ukrainako gerra gure lurraldean eragiten ari den inpaktu sozial eta ekonomikoa arintzeko neurriak ezartzeko erabakia hartzera. Ondorioz, Gobernu Kontseiluak, 2022ko apirilaren 12an, bi funts sortzea onartu zuen: gizarte-erreskaterako funts bat, 15,1 milioi eurokoa, euskal herritar kalteberentzako eta errefuxiatu ukraniarrentzako gizarte-laguntza osagarriak finantzatzeko. Aldi berean, erreskate ekonomikorako funts bat sortu zen, 142,9 milioi eurokoa, enpresentzako eta mikroETEentzako, lehen sektoreko enpresentzako eta merkataritza-sektorerako laguntza osagarriak finantzatzeko.

Eusko Legebiltzarraren berariazko babesa duen Jaurlaritzaren aginduak betez, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak hiru laguntza-ildo antolatu ditu, eta horietatik bi arau honetan kokatzen dira: gizarte-ekintzailetzaren arloko laguntzak eta energia-kontsumoko kooperatibak sustatzeko laguntzak, horietako bakoitzak milioi bat euroko zuzkidura duela.

Gizarte-ekintzailetzarako laguntza bere garaian Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan eratu ziren eta Ukrainako gerrak kaltetu dituen gizarte-ekonomiako enpresentzako zuzkidura ekonomiko gisa ulertu da. Administrazioaren laguntza jasotzeko ezarritako baldintzek men egiten diote Eusko Legebiltzarrak berariaz esandakoari, eta egoera bikoitz batean jarduten dute: bai egindako inbertsio berriak indartuz, bai Ukrainako gerrak zuzenean sorrarazitako kostuen gehikuntzak eta horren ondorioek eragindako galerak konpentsatuz.

Energia-kontsumoko komunitateak sustatzeari dagokionez, gizarte-ekonomiako enpresen erakunde asoziatiboekin lankidetzan antolatu da, eta hausnarketak, zalantzak eta konponbideak partekatu dira. Kapituluak bi ardatz ditu: batetik, gizarte-ekonomiaren forma duen energia-komunitatearen eredua (komunitateak eratu aurreko ibilbide osoa hartzen duena) zabaltzea bultzatzea, eta, bestetik, nortasun juridiko propioa duten komunitateen finantza-muskulua indartzea.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, bat etorriz Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da gizarte-ekonomian ekiteko Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2022ko ekitaldian emango dituen laguntzen deialdia egiteko oinarriak onartzea, eta 2022. urterako deialdia egitea. Aginduak 5 kapitulu berezitu ditu.

II. kapitulua: Gizarte ekonomiako enpresak sortzen lagunduko duen ekosistema bat sortzeko laguntzak.

III. kapitulua: Gizarte ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko laguntzak.

IV. kapitulua: Gizarte-ekonomiako enpresa eratu berriak finkatzeko laguntzak.

V. kapitulua: Ukrainako gerraren eta Errusiari jarritako zehapenen ondorioak jasan dituzten enpresen ekintzailetzarako laguntzak.

VI. kapitulua: Gizarte ekonomiaren forma daukaten erkidego energetikoak sortzeko eta finkatzeko laguntzak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak:

1.– Agindu honen xedea betetzeko, bost milioi eta berrogeita bost mila (5.045.000) euro bideratuko dira.

2.– Honela banatzen da aurreko apartatuan aipatutako zenbateko orokorra:

II. kapituluan jasotakoa betetzeko, laurehun eta laurogei mila (480.000) euroko zenbatekoa erabiliko da, honela banatuta: hirurehun eta laurogeita lau mila (384.000) euroko ordainketa-kreditua 2022ko ekitaldirako, eta laurogeita hamasei mila (96.000) euroko konpromiso-kreditua 2023ko ekitaldirako.

III. kapituluan jasotakoa betetzeko, bi milioi laurehun eta hogei mila (2.420.000) euroko zenbatekoa erabiliko da, honela banatuta: milioi bat bederatziehun eta hogeita hamasei mila (1.936.000) euroko ordainketa-kreditua 2022ko ekitaldirako, eta laurehun eta laurogeita lau mila (484.000) euroko konpromiso-kreditua 2023ko ekitaldirako.

IV. kapituluan jasotakoa betetzeko, ehun eta berrogeita bost mila (145.000) euroko zenbatekoa erabiliko da, 2022ko ekitaldiari dagozkionak osorik.

V. kapituluan jasotakoa betetzeko, milioi bat (1.000.000) euroko zenbatekoa erabiliko da, 2022ko ekitaldiari dagozkionak osorik.

VI. kapituluan jasotakoa betetzeko, milioi bat (1.000.000) euroko zenbatekoa erabiliko da, honela banatuta: bostehun mila (500.000) euroko ordainketa-kreditua 2022ko ekitaldirako, eta bostehun mila (500.000) euroko konpromiso-kreditua 2023ko ekitaldirako.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizun orokorrak:

1.– Deialdian agertzen diren laguntzak eskuratzeko, ezinbestekoa da ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako inolako debeku-egoeratan.

2.– Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, betekizun orokor hauek betez gero:

– Aurkeztutako eskabidearen gaineko ebazpena eman aurretik, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotea, eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzan inskribatuta.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea. Halaber, itzultze-betebeharra egunean izan beharko dute, hala badagokio.

– Ez edukitzea ezarrita dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-arloko edo administrazio-arloko zehapenik, eta ez egotea hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean.

– Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

– Erantzukizunez adieraztea xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu ote zaion administrazio publiko honi edo beste batzuei, eta zein den eskariaren egoera: eskatuta, izapidetzen edo emanda.

– Berdintasun-plana indarrean eduki behar da, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoenean. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, neurriak izatea sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

3.– Artikulu honetan jasotako betebehar guztiak beteta egon beharko dira, bai eskabidea egiten den datan, bai ordainketak egiten diren unean.

4.– Erakunde eskatzaileari laguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, emandako laguntzaren ordainketa jasotzeko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke https://www.euskadi.net/hirugarrenak helbidean.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek adierazi behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena baino lehen, eta gehienez 15 eguneko epean, adierazpenean aipatutako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko eskatuko da, horien egiaztatze positiboa posible den kasuetan.

2.– Eskabidea aurkezteak dakar baimena ematea Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete egiten direla, salbu eta berariaz ukatzen bada baimen hori. Kasu horretan, erakunde onuradunak Ogasun eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantziek igorritako ziurtagiri egokiak aurkeztu beharko dituzte. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko eta onuradun gisa jarraitzeko harik eta onartutako dirulaguntza likidatu arte; horrenbestez, dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean, egiaztatu egingo da ea betetzen diren betebehar horiek.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek idatziz bazter dezaten organo kudeatzaileek datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatu ahal izatea. Kasu horretan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko dokumentuak.

4.– Eskabidean erantzukizunpeko adierazpena sartuko da, eta, horren bidez, 3.f) artikuluan zerrendatutako betekizunak betetzen dituztela aitortuko dute erakunde onuradunek. Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena baino lehen, eta gehienez 15 eguneko epean, adierazpenean aipatutako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko eskatuko da, horien egiaztatze positiboa posible den kasuetan.

5. artikulua.– Bitarteko elektronikoen erabilera.

1.– Agindu honetan jasotako laguntza-eskabidea izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa honako helbide hauetan dago eta, bertan, eskuragarri daude izapide-jarraibideak, erantzukizuneko adierazpenak eta ereduak, bai eta eskabideak egiteko formularioetarako lotura ere:

II. kapitulua.– Gizarte ekonomiako enpresak sortzen lagunduko duen ekosistema bat sortzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217901

III. kapitulua.– Gizarte ekonomiako enpresak eratzeko eta sustatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217902

IV. kapitulua.– Gizarte-ekonomiako enpresa eratu berriak finkatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217903

V. kapitulua.– Ukrainako gerraren eta Errusiari jarritako zehapenen ondorioak jasan dituzten enpresen ekintzailetzarako laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217904

VI. kapitulua.– Gizarte ekonomiaren forma daukaten erkidego energetikoak sortzeko eta finkatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217905

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https:// www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Prozedura guztia ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da, eta, horretarako, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistroan izena eman beharko du, honako helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: modua eta epea.

1.– Eskabideak 5.2 artikuluan aipatzen den egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide normalizatu baten bidez eginen dira.

2.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideen atal guztiak beteta ez badaude, edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskabidea. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

2.– Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, bide elektronikoz aurkeztu beharra jakinaraziko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, aurkezpen-datatzat hartuko da eskabidea bide hori erabiliz aurkeztu den eguna.

8. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Banan-banan aztertuko dira, 2. artikuluan adierazitako bost kapituluen arabera, agindu honetan xedatutako betekizun guztiak betetzen dituzten laguntza-eskabideak. Kapitulu bakoitzera bideratutako baliabide ekonomikoa nahikoa bada erakunde onuradunen eskabideei erantzuteko, agindu honetan zehaztutako parametroen araberako zenbatekoa emango da.

2.– Deialdira esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura nahikoa izango ez balitz 2. artikuluan zehaztutako kapituluetan zerrendatutako nahitaezko betekizun guztiak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, honela jokatuko da:

Baiespen-eskabide guztiei erantzuteko behar beste baliabide dituzten kapituluak modu autonomoan ebatziko dira.

Ondoren, jada ebatzitako kapituluetan saldo-soberakinik ote dagoen egiaztatuko da, eta, halakorik badago, saldo horiek funtsik gabeko kapituluetara bideratuko dira, hasieran kapitulu bakoitzera bideratutako guztizkoekiko proportzioan banatuta.

Hala eta guztiz ere, dauden baliabide ekonomikoak ez badira hasieran aipatutako parametroen arabera kalkulatutako zenbatekoak emateko adinakoak, zenbateko horiek murriztuko dira, eskabideen artean hainbanaketa bakar bat aplikatuz, banan-banan, kapitulu bakoitzerako.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzako, beste edozein administrazio edo erakunde publikok emandakoekin.

2.– Dirulaguntza beste lurralde-administrazio batzuetatik edo haien mendeko erakunde publikoetatik datozenekin uztartzen bada, eta laguntzen baturak 20., 25., 32., 38. eta 43. artikuluetan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, hurrenez hurren, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

3.– Laguntzen agindu honetako jarduketetan bateraezintasun-araubidea aplikatzeari dagokionez, honako berezitasun hauek hartuko dira kontuan:

a) 22.1 artikuluan jasotako diruz lagundu daitekeen jarduerari dagokionez, langabeziagatiko prestazioak, ordainketa bakarreko modalitatean (langabezia-kapitalizazioa), ez dauka arau honen xede eta helburu bera.

b) 25.1 artikuluan jasotako eman beharreko zenbatekoa zehazteari dagokionez, eta 22.1 artikuluko jardueraren dirulaguntza beste lurralde-administrazioetatik edo haien mendeko erakunde publikoetatik datozen helburu eta xede bereko laguntzekin uztartzen bada, eta horien baturak bazkide langileek edo lan-bazkideek harpidetutako kapitalaren guztizkoa gainditzen badu, agindu honen 25.1.c) artikuluak aipatutakoaren arabera, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntza murriztuko da. Administrazio honek gehienez ematen duen dirulaguntzak ez du inoiz 30.000 euroko muga gaindituko eratutako erakunde bakoitzeko.

c) 22.2 artikuluko jarduera bateragarria izango da ekitaldi honetarako Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatutako gizarte-ekonomiako enpresei laguntza teknikoa emateko aginduan arautzen diren laguntzekin.

d) 29. artikuluan jasotako jarduerei dagokienez, 29.1.a) eta 29.1.b) apartatuetan deskribatutako jarduerak bateragarriak izango dira elkarren artean, eta metatu ahal izango dira.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraz, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

4.– Halaber, baldintzapean geratuko da agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzaren pean.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketaren bat izanez gero, betiere haren helburua betetzat jotzen bada, eta nolanahi ere beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatuek aldi berean emandako laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta helburu horietarako edonolako diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko ebazpena. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberan jasotako zenbatekoak.

12. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta erakunde interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 baino gehiago erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da, eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko, betiere proiektuaren helburuen edo faseen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduketa berri bat.

3.– Hauek dira dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen gaineko arau-hauste horiek zehatzeko, diru-zehapenak jarriko dira, eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zehapenak ere.

13. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Arau aplikagarriak betetzen ez diren kasuetan, emandako dirulaguntza itzultzeko prozedura honako hau izango da:

Gizarte Ekonomiaren zuzendariak laguntza jaso duen erakunde onuradunari jakinaraziko dio prozedura hasi dela eta zein izan diren horretarako arrazoiak, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.

Alegazioak jasota, edo horretarako epean alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpen bat emango du, eta, horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola, gehienez bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Laguntzak itzultzeko prozedura, gehienez hamabi hilabetekoa izango da.

Borondatezko aldian itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraikiz ekin diezaion premiamendu-bidetik.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezartzen direnak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Alarma-egoera amaitu ondoren, berriro ekitea lan-jarduerari, eta dirulaguntza jasotzeko xede izan ziren bazkide langileek gutxienez lau hilabetez jarraitzea enpresan, jarduera berriz hasten denetik aurrera.

b) Gizarte Ongizate Zuzendaritzari jakinaraztea baldin eta beste dirulaguntzarik edo laguntzarik jasotzen badute helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

c) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari jakinaraztea baldin eta aldatzen bada dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektibo oro.

d) Gertaeraren batek funtsean eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri eman beharko zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri eman beharko zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

f) Erakunde onuradunak jasotako dirulaguntzaren zenbatekoaren berri ematea erakundeen urteko kontuen memorian.

g) Laguntza ematen duen erakundearen egiaztatze-jarduketen mende geratzea, eta, laguntza edo dirulaguntza Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eskuratzen denean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen mende ere geratzea, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusten diren jarduketez gain.

15. artikulua.– Datuak babestea.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera.

II. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESAK ERATZEN ETA ONDOREN SENDOTZEN LAGUNTZEKO EUSKAL SARE PUBLIKO-PRIBATUA BULTZATZEKO ETA INDARTZEKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

a) Ideien lehiaketak diseinatzea eta egitea, gizarte-ekonomian espiritu ekintzailea sustatzeko eta enpresaren kultura zabaltzeko.

b) Gizarte-ekonomiako ereduaren preskriptoreen sarea optimizatzea eta osatzea, tresnak emanez (informazioa eta ezagutza) ekintzailetza kolektibora bideratutako ibilbideetarako «sarrerako ate» izan daitezen. Honako hauek joko dira diruz lagundu daitezkeen ekintzatzat:

1.– Enplegu-zerbitzu publikoetako langileen prestakuntzara bideratutako eduki espezifikoak garatzea, gizarte-ekonomiako ereduak enplegu-zentroetako arreta-, informazio-, orientazio- eta prestakuntza-zerbitzuetan sartzeko eta balioan jartzeko, zerbitzu horiek presentzialak zein birtualak izan.

2.– Gizarte-ekonomiako ereduak sartzea eta balioan jartzea LHko zentroetako, institutuetako eta unibertsitateetako orientazio-zerbitzuetan, eta, horretarako, lantalde bat sortzea Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzaren eta ikastetxe horietako ordezkarien artean.

3.– Lurraldeko eragileen artean (tokikoak, eskualdekoak, foralak, BICak) gizarte-ekonomiako ereduen balioa nabarmentzea indartzea.

4.– Ekintzailetzarekin lotutako beste eragile batzuen artean (merkataritza-ganberak, aholkularitzak, banku-fundazioak) gizarte-ekonomiako ereduen balioa nabarmentzea indartzea.

5.– Inplikatutako eragileekin aztertzea nola eman presentzia handiagoa gizarte-ekonomiari hainbat programatan, hala nola Urrats bat, Ikasenpresa, Graduondokoak.

6.– Lurralde Sustapen Planifikatuaren Programa beste eremu eta eskualde batzuetara hedatzeko aukera aztertzea, non ezagutzaren, finantzen, lurraldeko enpresen eta erakunde sustatzaile/dinamizatzaileen oinarriek bat egin dezaketen.

7.– Transformazio-, ondorengotza- eta birmoldaketa-prozesuak goiz detektatzeko antena bat diseinatzea eta sortzea, preskriptoreen sarearen informazioan oinarrituta.

c) Lurralde Sustapeneko Plan bat egitea eta ezartzea.

17. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Beren helburu sozialen artean gizarte-ekonomiako enpresak sustatzea eta eratzea duten gizarte-ekonomiako enpresen erakunde asoziatiboak eta gizarte ekonomiako enpresen arteko elkar-lankidetza egiturak edo taldeak, gutxienez bi urteko eskarmentua dutenak jarduera horiek egiteko: 16.a) eta 16.b) artikuluetako jardueretarako.

2.– Helburu soziala kooperatiba edo lan-sozietateen eraketa sustatzea duten pertsona juridikoak, irabazi-asmorik gabekoak badira, edo haien jabetza batik bat irabazi-asmorik gabeko erakundeen esku bada (hemendik aurrera, erakunde sustatzaileak): 16.a) eta 16.c) artikuluetako jardueretarako.

18. artikulua.– Onuradun izateko betekizun espezifikoak.

16.c) artikuluan definitutako jardueretan, erakunde eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte erakunde onuradun izateko:

Haien helburuen artean enpresa-sustapena izatea.

Lurralde-sustapeneko plan bat aurkeztea, ezinbesteko gutxieneko eduki honekin:

Helburu kuantitatibo eta kualitatiboak, gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko sustapenari buruzkoak, eta, hala badagokio, gizarte-ekonomiako enplegu asoziatiboa sortzekoak.

Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko eredua.

Ekintzailetza-prozesuaren faseak.

Sortuko diren gizarte-ekonomiako enpresen sustapen-prozesuari lotutako baliabide materialen eta giza baliabideen beharrezko oinarrizko egitura.

Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko plangintzan jasotakoa gauzatzeko behar diren gastuak, finantzaketa zehaztuta, eta barne direla xedea lortzeko atzerriko erakundeekiko lotu behar izan diren harremanetatik eratorritako gastuak.

Berariazko lankidetza izatean enpresa-jardueran arituko diren pertsonei etorkizuneko proiektuekin lotutako prestakuntza teknikoa emango dieten hezkuntza-erakundeekin.

Etorkizuneko proiektuei estaldura eman diezaieketen gizarte-ekonomiako enpresek edo erakundeek Lurralde Sustapeneko Planean parte hartuko dutela ziurtatzea. Proiektu bakoitzerako, planean zehaztu behar da laguntzaren nondik norakoa eta parte-hartze horren finantza-arloko edo beste edozein arlotako inplikazio-maila.

19. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

a) 16.a) eta 16.b) artikuluetako jarduketetarako: agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, non zehaztuko baitira aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak. Honako hauek jaso behar ditu memoria horrek, nahitaez:

– Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden aurreikusitako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.

– Diruz lagundu daitekeen jarduketaren garapenaren deskribapen-egutegia.

– Aurkeztutako proiektuen finantzaketa-plan xehatua.

– Programaren erakunde laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.

b) 16.c) artikuluko jardueretarako:

– Jarduketa-plana, agindu honen 18.2 artikuluan ezarritako baldintza eta betekizunekin.

– Lurraldean dauden 18.3 artikuluan aipatutako hezkuntza-erakundeen egiaztagiriak, eta erakunde horiek proiektuan duten inplikazioaren frogagiria.

– Etorkizuneko proiektuei babesa emateko gai diren gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek proiektuan duten parte-hartzeari buruzko egiaztagiria, 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Hala badagokio, Gizarte Segurantzako TC1 eta TC2 ereduen kopia, proiektua garatu den hilabeteei dagokiena, jardueran parte hartzen duten langileak TC2 ereduan identifikatuz. Enpresaren edo erakundearen legezko ordezkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren ehunekoari buruz.

20. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak, eskabidean aurkeztutako eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotu eta onartutako aurrekontu-plangintzan oinarrituta.

2.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:

a) 16.a) artikuluaren arabera diruz lagundu daitezkeen jarduketetarako: jardueraren kostuaren % 75, eta gehienez 10.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.

b) 16.b) artikuluaren arabera diruz lagundu daitezkeen jarduketetarako: jardueraren kostuaren % 85; gehienez 25.000 euro jaso ahal izango ditu erakunde onuradun bakoitzak.

c) 16.c) artikuluaren arabera diruz lagundu daitezkeen jarduketetarako: jardueraren kostuaren % 75, eta gehienez 30.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.

3.– Diruz lagundu ahal izango dira enpresaren edo erakunde onuradunaren berezko langileei egotz dakizkien gastuak, baldin eta egiaztatzen bada diruz lagundutako jarduerak garatzen zuzenean parte hartzen dutela eta horretarako trebakuntza dutela esku-hartzaileek. Kasu horretan, barneko langileen ordainsariak egotzi ahal izango dira, onartutako jardueran aritutako denboraren proportzioan.

21. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Kapitulu honetan jasotako dirulaguntzak ordaintzeko, formula hau aplikatuko da:

a) Lehenengo ordainketa, hots, guztizko dirulaguntzaren % 80, dirulaguntza emateko erabakia jakinarazi ostean egingo da, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, esanbidez uko egin ez bazaio, betiere.

b) Bigarren ordainketa, % 20 ordainduko da, agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu ondoren, eta zehazkiago:

2.– Bigarren ordainketa egiteko, erakunde onuradunak dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

– 16.a) eta 16.b) artikuluetako jarduketetarako:

● Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

● Memoria ekonomikoa, jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatuarekin. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, izandako desbideratzeak adieraziko dira.

● Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

– 16.c) artikuluaren arabera diruz lagundu daitezkeen jardueretarako:

Egindako sustapen-jardueraren urteko aldiaren memoria xehatua, non berariaz jasoko baita egindako jarduera osoa, gizarte-ekonomiako erakundeen sustapena eta, hala badagokio, zabalkunde-jardueratik eratorritako beste erakunde batzuena barne, eta egindako gastua justifikatzen duen dokumentazioa, jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuta. Egiaztagiri horiek guztiak dirulaguntza emateko ebazpenaren egunetik aurrera gehienez 18 hilabeteko epean aurkeztu beharko dira.

3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

III. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESAK ERATZEKO ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

22. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea, izaera hori ez duten enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzeko kasuak barne hartuta. Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat joko dira lan elkartuko kooperatibak, lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibak, nekazaritza-kooperatibak eta gainerako kooperatiba-motak, baldin eta lan-bazkideekiko izaera integrala badute (lan-bazkideek beste mota bateko bazkideekin modu orekatuan parte hartuko dute sozietate-organoetan); horiez gain, beste hauek ere gizarte-ekonomiako enpresatzat hartuko dira: lan-sozietateak, eta beren prestakuntza akademikoaren zati gisa eta dagokion instituzio akademikoaren tutoretzapean enpresa bat garatzen duten ikasleez osatutako kooperatiba-sozietateak.

2.– Gizarte-ekonomiako enpresa bat eratzearekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea, osteko jarraipena eta enpresa-kudeaketarako doako aholkularitza barne direla, enpresaren jarraipena sustatzeko eta horri eusteko helburuarekin, enpresa inskribatu eta urtebeteko epean.

3.– 2022an, honako ikasketa hauek egitea, gizarte-ekonomiako enpresa bat sustatzeko helburuarekin:

a) Honako ezaugarri hauek dituzten sozietate anonimoen edo mugatuen ekonomiaren eta finantzen bideragarritasunaren azterlana egitea: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zor gehiago izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahultzea edo desagertzea.

b) Ikerketa juridiko eta ekonomiko-finantzario baten bidez aztertu behar da ea bideragarria den langileek beren gain hartzea lanean ari diren enpresaren jabetza, belaunaldi-aldaketarik gabe.

23. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako hauek jaso ditzakete artikulu honetan bilduriko laguntzak:

1.– 22.1 artikuluko jardueretarako: 2021eko irailaren 1etik 2022ko irailaren 15era bitartean (biak barne) Kooperatiben Erregistroan edo Merkataritza Erregistroan erregistraturiko kooperatibak eta lan-sozietateak, hurrenez hurren. Ondorio horietarako, erregistroetan aurkeztutako data hartuko da erregistroan inskribatu izanaren datatzat.

2.– 22.2 artikuluko jardueretarako: helburu soziala kooperatiba edo lan-sozietateen eraketa sustatzea duten pertsona juridikoak, irabazi-asmorik gabekoak badira, edo haien jabetza batik bat irabazi-asmorik gabeko erakundeen esku bada (hemendik aurrera, erakunde sustatzaileak). 16.b) artikuluan «in fine» aipatzen diren kooperatibetarako, hezkuntza-proiektuen tutoretza duten instituzio akademikoak.

3.– 22.3 artikuluko jardueretarako: enpresa-bideragarritasuneko azterlanak legez egin ditzaketen kanpoko aholkularitza-enpresak. Aholkularitza-enpresa horien partaidetzan gehiengoa izan behar dute gizarte-ekonomia ordezkatzen duten erakundeek, edo kooperatibaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten aholkularitza-enpresek, gizarte-ekonomia ordezkatzen duen erakunderen batekiko lotura badute.

24. artikulua.– Onuradun izateko betekizun espezifikoak.

1.– 23.1 artikuluko erakunde onuradunentzat:

– Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkideen gizarte-ekonomiaren alorreko prestakuntza egiaztatzea, edo prestakuntza hori egiteko konpromisoa adieraztea.

– Lankidetza-akordio bat izenpetzea, enpresaren laguntza edo aholkularitza gauzatzeko, hala badagokio.

– Dirulaguntza eman aurretik, legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatiboren batean sartuta egotea.

– Bazkide langilearen sarrera mugagabea izango da eskabidea egiten den unean.

– Gizarte-ekonomiako enplegu berria sortzea.

Laneko segurtasunari eta laneko osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2.– 23.2 artikuluko erakunde onuradunentzat: 22.2 artikuluan ezartzen diren betekizunak betetzen direla egiaztatzea, eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea agindu hau argitaratu baino lehenago.

3.– 23.3 artikuluko erakunde onuradunentzat: Bideragarritasun-azterketa egiten den enpresako langileen edo gutxienez haren plantillaren heren baten lege-ordezkariek sinatutako konpromiso idatzi bat aurkeztu beharko da, hartan adieraziz gizarte-ekonomiako erakunde bat eratuko dela, enpresa bideragarria baldin bada.

25. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta mugak.

1.– Baremo hauen arabera kalkulatuko da zenbateko dirulaguntza eman behar zaion gizarte-ekonomiako enpresa sortu berri bakoitzari:

4.000 euro, lan-kontratu mugagabearekin sartzen den bazkide langile bakoitzeko. Halakotzat joko dira gizarte-ekonomiako enpresa eratzen denetik eta 2021eko irailaren 1etik 2022ko irailaren 15era bitartean (biak barne) sartzen diren bazkide langile guztiak.

Aurreko paragrafoan bazkide langileak aipatzen direnean, nekazaritza-kooperatiben kasuan, ulertu behar da eskubide osoko bazkideak aipatzen ari direla.

Aurreko aparatuan zehaztutako kopuruari 1.000 euro gehitu beharko zaizkio kasu hauetako bakoitzarengatik:

Emakumeak izatea, erakundeko bazkide langile edo lan-bazkideen gehiengoa emakumeak badira.

Desgaitua izatea, hau da, urritasun fisiko, psikiko edota sentsorialen bat izatea, eta gutxienez % 45eko minusbaliotasun onartua.

Eusko Jaurlaritzak eta Enplegu Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.

Guraso bakarreko familiako aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten ondorengo bat edo batzuk mendeko izatea.

Etxeko indarkeriaren biktimak izatea, alegia, egoera horretan daudela ulertuko da, pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen pertsonaren indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan direnean, betiere gertakari horiek salatu izan direnean, dagokien auzialdi polizial edo judizialetan.

Araututako laneratze-enpresa batean gizarteratze- eta laneratze-prozesua bukatu duten pertsonak izatea, baldin eta pertsona horien kontratazioa aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteetan gertatzen bada. Laneratze-enpresa horien kalifikazioa azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan arautzen da, eta horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dira. Kontratazioa gizarteratze- eta laneratze-prozesua amaitu eta berehala egiten bada, ez da eskatuko langabe gisa erregistratuta egotea.

Terrorismo-ekintzen biktima izan diren pertsonak izatea, Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren III. kapituluak horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.

Toxikomano ohiak izatea (alkoholiko eta drogazale ohiak). Agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.

Aurreko egoera batean baino gehiagotan badago pertsona bera, hasiera batean zehaztutako zenbatekoari 1.000 euro gehituko zaio egoera bakoitzeko, baina dirulaguntza gehienez 6.000 eurokoa izango da sartzen den bazkide langile bakoitzeko edo laneko bazkide bakoitzeko.

c) Dirulaguntzak, a) eta b) letren arabera kalkulatuta, ezin izango du inola ere gainditu sozietateko bazkide-langileek harpidetutako kapitalaren kopurua, eta 30.000 eurotik gorakoa ere ez da izango.

2.– 22.1 artikuluko jardueretarako: aurreko apartatua aplikatzearen ondoriozko kopuruaren % 100.

3.– 22.2 artikuluko jardueretarako: artikulu honen 1. apartatua aplikatzearen ondoriozko kopuruaren % 30.

4.– 22.3 artikuluko jardueretarako: bideragarritasun-azterlanaren kostu garbiaren % 100; gehienez 5.000 euro jaso ahal izango ditu eginiko azterlan bakoitzeko.

26. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan adierazitako dirulaguntzak ordaintzeko, formula hau aplikatuko da:

Lehenengo ordainketa, hots, guztizko dirulaguntzaren % 80, dirulaguntza emateko erabakia jakinarazi ostean egingo da, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, esanbidez uko egin ez bazaio, betiere.

Bigarren ordainketa, hots, % 20, agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak 28.1.a) artikuluan ezarritako epeetan aurkeztu ondoren ordainduko da, eta zehazkiago hauek:

22.1 artikuluko jardueretarako:

Agindu honen 28.1.a) artikuluan aipatzen den Bazkideen Liburuaren kopia konpultsatua edo erakundearen ziurtagiria.

Legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatibo batean sartuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

22.2 artikuluko jardueretarako: 27.2 artikuluak aipatzen duen memoria aurkeztu beharko da, artikulu horretan nahitaezkotzat jotzen diren dokumentuekin batera.

22.3 artikuluko jardueretarako: Egindako azterlanaren kopia eta hura gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten dokumentuak.

27. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

1.– 22.1 artikuluko jardueretarako:

a) Enpresa-proiektuari buruzko enpresa-plana edo -planak, lehen ekitaldi osoan burutuko diren jarduerak azaltzen dituztenak.

b) Kooperatibako edo lan-sozietateko langile bazkideen gizarte ekonomiaren arloko prestakuntza, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako akordioa egiaztatzen duten dokumentuak, prestakuntza hori irakatsiko duen erakundearen izena adieraziz.

c) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea, bat etorriz Prebentzio zerbitzuen arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

d) Bazkide-liburuaren kopia, baita enpresan sartutako pertsonekin egindako sozietate-kontratuen edo lan-kontratuen kopia ere.

e) Sustatutako erakundearen erregistro-inskripzioaren edo inskripzioaren aurkezpenaren kopia, eta sozietatean sartutako bazkide bakoitzaren kapitalerako ekarpenaren banku-frogagiria.

f) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia, edo horretarako eskabidea aurkeztu izana ziurtatzen duen dokumentuaren kopia.

g) Legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatibo batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

h) Hala badagokio, minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, minusbaliotasun-maila adieraziz.

i) Hala badagokio, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa, edo espetxeak emandako ziurtagiria.

j) Hala badagokio, bizikidetza-egiaztagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu bere kargura duela ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago, baldin eta kontratatutakoek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago.

k) Etxeko indarkeriaren biktima izan direnen kasuan, egoera hori etxeko indarkeriaren biktimak babesteko aginduaren bidez egiaztatzen duen agiria.

l) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu duten pertsonen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.

m) Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.

n) Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen jakinarazpenaren kopia, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak emana.

2.– 22.2 artikuluko jardueretarako:

a) Erakunde sustatzailearen eta sustaturiko erakundearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen dokumentazioa.

b) Aurreikusitako jarduerei, gastu-aurrekontuari eta finantzaketa-planari buruzko memoria zehatza.

c) Enpresa-jarraipen eta -aholkularitzarako plana, non aurreikusitako metodologia adieraziko baita.

3.– 22.3 artikuluko jardueretarako:

a) Bideragarritasuneko azterlaneko proiektuaren memoria.

b) Enpresa 16.3 artikuluan jasotzen diren egoeretako batean dagoela azaltzen duen justifikazioa.

28. artikulua.– Erakunde onuradunen betebehar espezifikoak.

1.– 22.1 artikuluko jardueretarako:

a) Dagokion erregistroan inskribatu ondorengo urtean, sustatutako enpresek hau egin beharko dute:

1.– Enpresa eratzen denean sortzen diren lanpostuen mailari eustea, horren arabera zehaztu baita dirulaguntzaren zenbatekoa; hala ez bada, laguntzak osorik edo partzialki itzuli beharko dira bere horretan gordetako lanpostu-kopuruaren arabera.

Aldi horretan, bazkideen artean, baja edo sarrera berririk izan bada, sarrera horiek hasierako sarreren baldintza soziolaboral berberetan egin behar dira.

Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, erakunde onuradunak bazkideen liburuaren kopia konpultsatua igorri beharko dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari, hamabi hilabeteko aldia amaitu eta hilabeteko epean. Aipatutako kopia konpultsatuaren ordez, sozietateak emandako ziurtagiri bat igorri ahal izango da, non zehaztuko baita ziurtagiria ematen den unean jardunean dauden bazkide langileen edo bazkide langile gisa gizarte-segurantzan alta emanda dauden pertsonen zerrenda, baita erakundea eratu zenetik emandako bajen zerrenda ere. Aurkeztu beharreko dokumentazioa epe horretan aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaio erakundeari, horiek aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igarota, eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta, hala badagokio, justifikatu gabeko aldiari proportzionalki dagokiona itzuli beharko dute haren erdia baino handiagoa bada, betiere.

2.– Egitura asoziatibo batean sartuta jarraitzea.

Artikulu honen 2. atalean aipatzen den memoriaren bidez egiaztatu beharko dira aurreko paragrafoetan ezarritako betekizunak; horretarako, dagozkion ziurtagiriak erantsiko zaizkio memoriari.

b) Erakundea behar den erregistroan inskribatu denetik hiru urte betetzen direnean, sustatutako erakundeek:

Gizarte-ekonomiako enpresa izaten jarraitzea.

Dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du egoera hori; horretarako, kooperatibek Kooperatiben Erregistroan aurkeztu behar dituzten urteko kontuak aztertuko ditu. Aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaie horiek aurkezteko ondorio horietarako. Epe hori igarota, konturik aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta ordaindutakotik justifikatu gabe dagoen aldiaren zati proportzionala itzuli beharko dute.

Onuradunak lan-sozietateak direnean, dirulaguntza ematen dien administrazioari aurkeztu beharko dizkiote kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailua egiteko legezko epean. Bestela, lehen deskribatutako prozedurari jarraituko zaio.

Egitura asoziatibo batean sartuta jarraitzea.

Dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du ea betetzen den 3 urtez egitura asoziatibo batean sartuta jarraitzeko betebeharra; horretarako, erakunde asoziatiboei ziurtagiria eskatuko die.

Nolanahi ere, agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak Erreserba Berezi batera zuzendu beharko dituzte diruz lagundutako kooperatiba eta lan-sozietateek, eta erreserba hori banatu ezinekoa izango da, harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; ukatu gabe, dirulaguntza jasotzen duen enpresan galerarik badago, galera horiek zenbateko horrekin konpentsatzeko aukera.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko modua aurreko 28.1.a) letran ezarritakoa bera izango da; baldintza ez betetzeak, berriz, letra horretan adierazitako ondorio berberak izango ditu.

2.– 22.2 artikuluko jardueretarako: erakunde sustatzaileek enpresa-planaren bilakaera azaltzen duen memoria aurkeztu beharko dute, hilabeteko epean, dirulaguntza eman eta urtebete igarotzen denetik aurrera.

Era berean, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hilabeteko epean, memoria bat aurkeztu beharko dute kooperatibaren edo lan-sozietatearen enpresa-bilakaera eta lortutako emaitzak azaltzeko, aurreko artikuluko a) letran aipatutakoarekin batera.

3.– Baldin eta, erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, lan elkartuko kooperatiba edo lan-sozietate eratuak ez badio eusten egitura asoziatibo batean sartutako gizarte-ekonomiako enpresa izateari 28.1.b) artikuluan adierazitako denboraz, diruz lagundu daitekeen jarduera izaten jarraituko du, gutxienez hemezortzi (18) hilabetekoa izan bada jarduketaren iraupena, betiere. Kasu horretan, enpresa eratzeko edo eraldatzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, aipatutako denbora-epea amaitzeko falta den denboraren proportzioan, eta onuradunak itzuli egin beharko du jaso duen gehiegizko kopurua.

4.– Erakunde onuradunak justifikatzen badu sozietatea galerengatik azkendu edo likidatu dela, sozietateak 28.1 artikuluko b) eta c) apartatuetan adierazitako betebeharrak bete dituela ulertuko da, emandako dirulaguntzari dagokionez behintzat.

IV. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESA ERATU BERRIAK FINKATZEKO LAGUNTZAK

29. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Kapitulu honen ondoreetarako, hauek hartuko dira diruz lagun daitezkeen jardueratzat:

Lanbide-heziketa enpresaren xedea osatzen duten zereginetan edo lan-trebakuntza hobetzeko zereginetan.

Enpresa-kudeaketako tresnen ezarpena, era honetako tresnetan langileei eman beharreko prestakuntza barne.

2.– Kapitulu honen babespean dirulaguntza jaso ahal izateko, jarduera horiek ekintzailetzarako 2018. eta 2022. urteen artean (biak barne) enpresa onuradunei zuzendutakoak edo enpresa onuradunek jasotakoak izan behar dute, enpresa eratzeko atalean.

30. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Dirulaguntza-lerro honen onuradun izan ahalko dira gizarte-ekonomiako enpresen erakunde asoziatiboak.

31. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

30. artikuluan aipatzen diren erakunde asoziatiboek, eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako memoria eta lan-plana. Bertan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.

b) 29.1.a) artikuluko jarduerei buruzko eskabideetan:

● Ikastaroaren ezaugarrien deskribapena, salbu eta erakunde onuraduna bera bada ikastaroa ematen duena. Kasu horretan, prestakuntza emango duen erakunde onuraduneko pertsonaren edo pertsonen curriculuma aurkeztu beharko da.

c) 29.1.b) artikuluko kudeaketa aurreratuko jarduerei buruzko eskabideetan:

● Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.

● Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu ez duela aholkularitzarekin edo pertsona fisiko aholkulariarekiko inolako loturarik, ez zuzenean ez zeharka, ez akzioen ez partizipazioen bidez.

32. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta mugak.

a) 29.1.a) artikuluan jasotako prestakuntzaren kasuan: ikastaroaren kostuaren % 85 emango da, eskabidean aurkeztutako eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotu eta onartutako aurrekontu-planifikazioaren arabera.

b) 29.1.b) artikuluko kudeaketa-tresnen kasuan: aholkularitza-enpresaren jardueraren kostuaren % 75 emango da, eta gehienez hiru mila (3.000) euro ezarritako tresna bakoitzeko.

Agindu honi egotzitako baliabide ekonomikoak betekizunak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko beharrezko diren horiek baino gutxiago badira, honela jokatuko da:

– Diruz lagun daitezkeen bi jardueretako bakoitzera 72.500 euro bideratu ondoren zenbatekoa ez bada aski apartaturen batean emandako dirulaguntzak ordaintzeko, horren arabera jokatuko da, hau da, egon daitezkeen soberakinak gehituko dira aski ez den partidara.

– Dauden baliabide ekonomikoekin ez bada aski, onuradun guztien artean hainbanatuko da.

33. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa bakarrean ordainduko da, dirulaguntza emango dela ebatzi ostean.

34. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

Dirulaguntzaren azken justifikazioa 2022ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da. Erakunde onuradunak memoria eta egindako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Horretarako, diruz lagundutako jarduerari egotzitako ordainagirien kopia elektronikoak aurkeztuko ditu. Lanen eta erabilitako materialen kopia ere aurkeztu beharko da.

V. KAPITULUA
UKRAINAKO GERRAREN ETA ERRUSIARI JARRITAKO ZEHAPENEN ONDORIOAK JASAN DITUZTEN GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESEN EKINTZAILETZARAKO LAGUNTZAK

35. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Ukrainako gerraren ondoriozko energiaren eta lehengaien kostuen gehikuntzak eta Errusiari ezarritako zehapen ekonomikoak.

Inbertsioak egiteko harpidetutako kapital sozialaren gehikuntzak.

36. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahal izango dira betekizun hauek betetzen dituzten gizarte-ekonomiako enpresak:

Oro har: Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatutako ekintzailetza-laguntzen onuradunak izatea.

Berariaz:

35.a) artikulurako: 2022ko otsailaren 1etik 2022ko urriaren 31ra bitartean, 2021eko maiatzaren 1etik 2022ko urtarrilaren 31ra aldiarekiko, helburu sozialari dagozkion jarduerak garatzeko energia-kostuak eta lehengaiak gehitu izana.

35.b) artikulurako: 2022an kapital soziala gehitu badute, Ukrainako gerraren ondoriozko inbertsioak eta Errusiari ezarritako zehapenak finantzatzeko.

37. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

35.a) artikuluko jarduerentzat: Erakunde eskatzaileek memoria ekonomiko bat aurkeztu beharko dute, non jasoko baitira fakturak eta aurreikusitako epean kostu energetikoak eta lehengaiak gehitu direla egiaztatzen duten bestelako dokumentuak.

35.b) artikuluko jarduerentzat: Harpidetutako kapital sozialaren gehikuntzaren ziurtagiria.

38. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta mugak.

35.a) artikuluko jarduerentzat: Emandako dirulaguntza aipatutako aldian egiaztatutako energia-kostuaren eta lehengaien gehikuntzaren % 50 izango da, honako irizpide honen arabera:

50 bazkide langile arte, gehienez 10.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.

50 bazkide langile baino gehiago, gehienez 20.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.

2.– 35.b) artikuluko jarduerentzat: emandako dirulaguntza harpidetutako kapitalaren % 100 izango da, eta gehienez 30.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.

39. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa bakarrean ordainduko da, dirulaguntza emango dela ebatzi ostean.

VI. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAREN FORMA DAUKATEN ERKIDEGO ENERGETIKOAK SORTZEKO ETA FINKATZEKO LAGUNTZAK

40. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

a) Gizarte-ekonomia gisa eratutako erkidego energetikoen ereduari buruzko informazioa eta hedapena.

b) Gizarte-ekonomiako formen artean sartutako sozietate-forma duten energia-komunitateak eratzeko bideragarritasun-azterlanak.

c) Gizarte-ekonomiaren forma duten energia-komunitateen aholkularitza, bi eremutan:

– Kooperatibaren kudeaketa.

– Energia-komunitatearen helburu soziala betetzea.

d) Gizarte-ekonomiako sozietate gisa eratutako erakundeen kapital sozial harpidetua gehitzea, nahitaezko edo borondatezko ekarpen gisa.

41. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Behar bezala eratutako erakunde hauek jaso ahal izango dute dirulaguntza lerro hau:

a) eta b): energia-komunitateen eraketa hedatzen edo sustatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak.

c) eta d): gizarte-ekonomiaren forma daukaten erkidego energetikoen ereduari buruzko informazioa eta hedapena.

42. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

Erakunde eskatzaileek, eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

40.a) artikuluko jarduerentzat: erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, aurreikusitako jarduerei buruzkoa. Hala badagokio, egindako bilerak eta bertaratutako interesdunen kopurua adierazi beharko dira. Toki-erakunderen baten laguntza izanez gero, toki-erakundearen erantzukizunpeko adierazpena erantsiko da, bertan parte hartu duela egiaztatzen duena.

40.b) artikuluko jarduerentzat: erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, energia-komunitateen bideragarritasuna eta ondorengo eraketa zehazteko egin beharreko jarduerei buruzkoa.

40.c) artikuluko jarduerentzat: aholkularitza- eta aholkularitza-jarduerak egiteko aurreikusitako memoria zehatza eta lan-plana.

40.d) artikuluko jarduerentzat: harpidetutako kapital sozialaren zabalkuntzaren ziurtagiria.

43. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta mugak.

40.a) artikuluen kasuan: jardueraren kostu garbiaren % 85 eta gehienez 20.000 euro jarduera bakoitzeko.

40.b) eta 40.c) artikuluen kasuan: jardueraren kostu garbiaren % 75, eta gehienez 20.000 euro jarduera bakoitzeko.

40.d) artikuluaren kasuan: eskabidea egiteko unean harpidetutako kapital sozialaren % 100, eta gehienez 50.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko.

44. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan adierazitako dirulaguntzak ordaintzeko, formula hau aplikatuko da:

a) Lehenengo ordainketa, hots, guztizko dirulaguntzaren % 50, dirulaguntza emateko erabakia jakinarazi ostean egingo da, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, esanbidez uko egin ez bazaio, betiere.

b) Bigarren ordainketa, hots, % 50, agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu ondoren ordainduko da, eta zehazkiago:

28.1.b) artikuluan aurreikusitako epean, 40.a), 40.b) eta 40.c) artikuluetako jardueretarako: Diruz lagundutako jarduerak egin direla justifikatzen duen memoria, egindako gastuen justifikazio ekonomikoarekin batera, eta, hala badagokio, gastu xehatuei lotutako fakturak.

Aurreko apartatuan adierazitako dokumentuak aurkezteko, 3 hilabeteko epea izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik aurrera, eta 2023ko irailaren 30a baino lehen, betiere.

40.d) artikuluko jarduerentzat: 2022ko ekitaldiko urteko kontuak onartu eta gehienez 3 hilabeteko epean, eta 2023ko irailaren 30a baino lehen, betiere.

45. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

40.d) artikuluaren kasuan, gizarte-ekonomiako enpresa gisa jarraitzea dagokion erregistroan inskribatu zenetik hiru urte betetzen direnean, eta 28.1.b) artikuluan jasotakora atxikiko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

De minimis araua.

Dirulaguntzen araubide hau, 22.1 eta 22.3 artikuluei dagokienez, Europako Batzordeak ezarritako de minimis arauari lotzen zaio (Batzordearen 1407/2013 (EE) 2013ko abenduaren 18ko Erregelamendua). Hortaz, Lan eta Enplegu Sailak behar diren neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako de minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den ekitaldi fiskala eta aurreko bi ekitaldi fiskalak aintzat hartuta. Dirulaguntza emateko ebazpenean, erakunde onuradunari jakinaraziko zaio emandako laguntza de minimis izaerakoa dela eta Administrazioak eskubidea duela uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko ekitaldi fiskaletan jasotako de minimis laguntza orori buruzko informazio guztia lortzeko erakunde onuradunaren aldetik.

Denbora-esparrua.

Laguntza hauek, 35. eta 40. artikuluen kasuan, zenbait neurriren mende daude: alde batetik, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren ostean, ekonomia indartzera bideratutako Estatuko laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruaren mende (EBAO, CI 131, 2022-03-24); eta, bestetik, Errusiak Ukraina inbaditu ostean, ekonomia babestera bideratutako laguntza-neurriei buruzko Aldi Baterako Esparruaren mende (SA102771 laguntza, Europar Batzordeak 2022-06-10ean baimendutakoa).

Bat etorriz Estatuko Aldi Baterako Esparruarekin, 2022-06-10etik aurrera, «eskumena duten agintariek laguntzak eman ahal izango dizkiete krisiak eragindako enpresei edo autonomoei, baldin eta guztirako balio nominalak ez badu gainditzen gehieneko zenbateko gordina, zergen eta bestelako atxikipenen aurretik, hau da, 500.000 euro enpresa edo autonomo bakoitzeko, kasu hauetan: zuzeneko dirulaguntzen, zerga- edo ordainketa-abantailen, aurrerakin itzulgarrien, bermeen, maileguen eta kapitalen forman egiten denean.»

Ulertu behar da laguntza globalak 500.000 euroko muga duela, eta kopuru horren barruan sartzen dela enpresa batek jaso ditzakeen laguntza publiko guztien batura, bi gertakari hauen ondorioz: Ukrainako gerraren ondorioz, eta Errusiari 2022ko otsailaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean ezarritako zehapenen ondorioz, aipatutako azken data horretan amaitzen baita Aldi Baterako Esparruaren indarraldia.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako lege orokorra).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio; beraz, honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Enplegu Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoarekin, betiere.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 28a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala