Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2022ko irailaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4062

AGINDUA, 2022ko abuztuaren 31koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira zigortuak birsozializatzeko proiektu komunitarioak helburu dituzten dirulaguntzak norgehiagoka-araubidearen arabera emateko oinarri arautzaileak eta deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuak 10.14 artikuluan aitortzen du Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela espetxeetako eta gizarteratzeko erakundeen antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan, arlo zibileko eta zigor- eta espetxe-arloetako legeria orokorrarekin bat.

Bestalde, 12.1 artikuluak gure autonomia-erkidegoari esleitzen dio Estatuaren espetxe-legeria betearazteko eskumena.

Eskumen horien bitartekoak eta baliabideak ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuaren eta uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren bidez eskualdatu dira. Izan ere, bi xedapen horiek Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren 2021eko maiatzaren 10eko Erabakia onartzen dute, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Justizia Zuzendaritzari dagokio espetxe-legeria betearaztea, Jaurlaritzak eremu horietan dituen gainerako jarduerekin koordinatuta.

Espetxe-politikaren funtsezko xedea da, arau-esparruaren barruan, birsozializatzeko eta gizarteratzeko programen hobekuntza bultzatzea, nazioarteko testuetan eta Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluan jasotako gizarteratze-printzipioa gauzatu ahal izateko, hain zuzen.

Espetxe-tratamendua birsozializazioa sustatzeko bidea da, eta barneratuen trebetasunak garatzera, hobetzera eta aurretiazko delitu-jokabideei lotutako arazo espezifikoei irtenbideak ematera bideratutako prestakuntza-programak eta -esku-hartzeak diseinatzean islatzen da.

Birsozializazio horretarako bidea prestatzeak hainbat politika publiko uztartzea eskatzen du, baina gizartearen inplikazioa eta parte-hartzea ere ezinbestekoa da; horregatik, printzipio komunitarioa euskal espetxe-ereduaren balioetako bat da.

Esku-hartze horiek bultzatutako aldaketa pertsonala posible da administrazio publikoen eta gizarte-erakundeen baterako ahaleginari eta lankidetzari esker; izan ere, herritar horien birsozializazioan aktiboki parte hartzen dute, eta haien parte-hartzea funtsezkoa da gizarteratzeko, inklusiorako eta komunitate-eraldaketarako prozesuetan.

Espetxeen Lege Organiko Orokorrak berak, 69.2 artikuluan, aitortzen du herritarren eta presoak birsozializatzeko lanetan diharduten erakunde edo elkarte publiko edo pribatuen lankidetza eta partaidetza hori, presoak erregimen arruntean eta irekian gizarteratzeko.

Bestalde, Espetxeen Erregelamenduaren 62. artikuluan erakunde eta elkarte publiko eta pribatuen lankidetzaz hitz egiten da, erakundeak nola egiaztatuko diren, esku hartzeko programak nola onartuko diren, espetxeetan erakunde eta entitate horietako langile eta boluntarioen sarrerak nola kudeatuko diren, eta jarraipenerako, ebaluaziorako eta abarretarako sistemak.

Beraz, lankidetza-programak garatzeko, beharrezkoa da espetxe-administrazioak programa horiek onartzea, kasuan kasuko tratamendu-batzordeak txostena egin ondoren, eta erakundea edo elkartea erakunde laguntzaileen erregistro batean inskribatzea, adierazpen hutsez.

Eskakizun hori beharrezkoa da bermatzeko hirugarren sektorearen parte-hartzeak benetan eta modu nabarmen, seguru eta eraginkorrean osatuko duela espetxe-administrazioak egindako lana, ez dela elementu desitxuratzaile edo erredundantea izango, eta zigortuentzat, gobernuz kanpoko elkarte eta erakundeetako langileentzat eta espetxeko langileentzat arriskuak prebenitzeko moduan egingo dela.

Euskal Autonomia Erkidegoan zigortuak birsozializatzen laguntzeko sare komunitario bat dago, hirugarren sektoreko fundazioek eta elkarteek osatua. Sare horren helburua da zigortuek eta presoek eskubide osoko herritar gisa beren bizitza orientatzeko aukera izatea eta, espetxea utzi eta gero, komunitatean erabat integratu daitezela aktibo sozial gisa.

Ildo beretik, zigorrak baldintzapean etenda dauzkatenekin ere egiten dute lan, gizarteratzeko ibilbideak ezartze aldera; horrela, pertsona batzuek beren bizitza berregiteko aukera izan dezaten eta gure gizartearentzat aktibo bihur daitezen, kartzelako bizimoduak gizarteratzeko dakartzan ondorio kaltegarriak jasan gabe.

Bestalde, zigor-arloko legeriak eskubideez gabetzen duten beste zigor batzuk arautzen ditu, hala nola gizartearentzat lan egiteko zigorrak, segurtasun-neurri jakin batzuk, baita askatasunaz gabetzeko zigorren betearazpena etetea eta zigorrak ordeztea ere.

Hirugarren graduko barneratuekin, baldintzapean askatutakoekin, garatu beharreko programak eta lantegiak indartu behar direnez, eta zigorrak eta ordezko neurriak betearazi eta horien jarraipena egin behar denez, beharrezkoa da lan hori babestuko duten kanpoko erakundeen laguntza izatea. Testuinguru horretan, hirugarren sektoreko erakundeekiko lankidetza eta elkarlana bultzatu nahi da, bai eta erakundeok nolabaiteko laguntza ekonomikoa jasotzea ere.

Sare komunitario hori izatea duela 20 urte baino gehiago abiarazitako arrakasta handiko esperientzia da gure herrialdean; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan espetxe-eredua garatzeko programazioak bultzatu nahi du, zigor-legearekin gatazkan sartu diren pertsonen gizarteratze- eta birgizarteratze-politikak finkatu nahi dituen ikuspegi komunitarioa bere modu guztietan aintzat hartzeko.

Gizarte zibilaren konpromisoa eta, ildo horretan, hirugarren sektoreko erakundeen ekimenak, beren konpromiso sozialarekin, era profesionalean eta koordinatuan ari dira lanean Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeekin, eta Eusko Jaurlaritzarekin modu eraginkor eta gardenean lankidetzan aritu dira.

Helburu horrekin eta administrazio-ebazpenaren objektibotasuna bermatze aldera, agindu honetan jasoko dira, zehaztasun guztiz, dirulaguntzetarako irizpideak. Hauxe da aplikatu beharreko lege-esparrua: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, hura garatzen duen erregelamendua onartzen duena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena dirulaguntzen arloan, betiere aurrekoen kontrakoa esaten ez badu; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Azkenik, agindu honetan proposatutako dirulaguntzek ez dakarte estatu-laguntzarik; izan ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera, estatu-laguntzaren kontzeptuari buruz Batzordeak egindako komunikazioaren arabera, estatu-laguntzei buruzko arauak laguntza-neurriaren onuraduna «enpresa» denean baino ez dira aplikatzen.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz,

honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Agindu honek dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzen ditu, norgehiagoka-araubidean, honako proiektu komunitario hauetarako: EAEko espetxeetan zigortutako pertsonak birsozializatzeko proiektuak; askatasunaz gabetzeko zigorraren betearazpena eten zaien zigortuak birsozializatzekoak; eta askatasunaz gabetzeko zigorraren ordezko neurriak eta gizarte-arretako programa jakin batzuk betearazten eta horien jarraipena egiten laguntzeko proiektuak.

2. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak.

Zehazki, agindu honen aplikazio-eremuak diruz lagun daitezkeen proiektu-mota hauek hartzen ditu:

a) Gaixotasun terminalak dituzten edo gaixotasun larri sendaezina duten espetxeetako barneratuei harrera-plaza soziosanitarioak eskaintzeko programak.

b) Erregimen irekian edo parekagarrian dauden eta seme-alabak dituzten ama zigortuei harrera-baliabideak emateko programak.

c) Erregimen irekian edo parekagarrian egonik, mendekotasun-arazoak edo osasun mentaleko arazoak dituzten zigortuei edo bestelako laguntzarik ez dutenei egonaldi labur, ertain edo luzeko harrera-baliabideak emateko programak.

d) Eguneko ordu jakin batzuetan, pertsonak ingurune irekian artatu, zaindu, errehabilitatu eta sozializatzeko eguneko zentroko programak.

e) Zigortutako atzerritarren integrazioan orientazioa erraztera berariaz bideratutako programak.

f) Prozesu errestauratiboen testuinguruan zigortuak erantzule egiten laguntzeko programak. Biktimei eragindako kalteaz eta galeraz jabetzen, haiek bere gain hartzen eta konpontzen lagunduko duten ekimenak.

g) Aisialdi hezigarriko jardueren programak, trebetasun pertsonalen eta sozialen garapena bultzatu eta zentroetan emandako denborari balioa eta erabilgarritasuna emango diotenak, eta haien sozializazioa eta aldaketa pertsonaleko prozesua sustatuko dutenak. Ikusizko arteekin, arte plastikoekin, eszenikoekin eta ikus-entzunezkoekin lotutako ekimenak; barneratuen sorkuntzak sustatzeko lehiaketak, erakusketak, erakustaldiak eta azokak antolatzea; ariketa fisikoa eta kirola egitea; irteera kulturalak eta naturan zeharreko ibilaldiak; aisialdiko hezkuntza, eta abar.

h) Bizikidetzaren, gizarteratzearen, laneratzearen eta garapen komunitarioaren arloko programak: gizarteratzeko eta laneratzeko lankidetza-ekimenak, laguntza, aholkularitza edo prestazioen kudeaketaren bidez Lanbideren eta Aukerak agentziaren eskaintza erabat osatuko dutenak. Era berean, barneratuak gizartera egokitzea prestatu eta sustatuko duten ekimenak, duten errespetuzko balioak eta pertsonen arteko trebetasunak sustatuko dituen bizikidetza indartuz, bizitza komunitario osoaz gozatzea ahalbidetzeko.

i) Psikologia- eta hezkuntza-arloetan esku hartzeko programak baldintzapeko askatasuneko egoeran dauden pertsonentzat: baldintzapean askatutako pertsonei laguntza emateko harrera-programak, hala nola prestakuntza-, lan- eta kultura-programak, sexu-heziketakoak, ingurumenaren defentsakoak, animaliak babestekoak, tratu-berdintasunekoak eta diskriminaziorik ezaren aldekoak, eta antzeko beste programa batzuk, edo alkohola, droga toxikoak edo substantzia estupefazienteak kontsumitzeari uzteko programak, edo mendekotasuna sortzen duten beste portaera batzuk tratatzekoak.

j) Askatasunaz gabetzeko zigorren ordezko zigorrak eta neurriak betearazten eta horien jarraipena egiten laguntzeko programak: gizartearentzako lanak egiteko plazak erreserbatzeko programak.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 6.200.000 eurokoa da; horietatik, 3.700.000 euro 2022. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2.500.000 euro, berriz, 2023rako konpromiso-kredituari, aurrekontuan aurreikusita baitaude.

2.– Adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, aurrekontu-baliabideak egonez gero, indarrean dagoen legerian aurreikusitako kreditu-loturako edo aurrekontu-aldaketako araubidearen arabera, baina prozedura ebatzi baino lehen handitu beharko da. Hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez.

4. artikulua.– Proiektuek bete beharreko baldintzak.

1.– Proiektuek dirulaguntza jaso ahal izango dute, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Agindu honen 2. artikuluan jasotako modalitateetako batekoa izatea.

b) Espetxeetan hasten diren proiektuek aldez aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioaren onarpena izatea edo, bestela, deialdi hau ebatzi aurretik lortzea.

c) Laguntza integraleko metodologia erabiltzea.

d) 2022an hasi eta 2022ko eta 2023ko ekitaldien artean gauzatzea.

2.– Baldintzak proiektuak gauzatu aurretik eta diruz laguntzeko aldi osoan bete beharko dira.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, dirulaguntzaren xede den jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak eta hertsiki beharrezkoak direnak, baldin eta 2022. eta 2023. urteetan egiten badira.

Egindako gastutzat hartuko dira agindu honen 21. artikuluan zehazten den justifikazio-aldia amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

2.– Honako gastu hauek lagundu daitezke diruz:

Zuzenekoak: halakotzat hartuko dira diruz laguntzen den jarduera edo programa garatzetik berariaz eratortzen direnak.

Zeharkakoak: kostu aldakorrak dira, onuradunak egindako zenbait jarduerari egozten zaizkienak, edo, bestela, egiturazko kostuak, diruz laguntzen den jarduerari zuzenean egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak hura gauzatzeko.

Zeharkako kostuak diruz lagundutako jarduerari egotzi beharko dizkio onuradunak, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera arrazoiz dagokion zatian, eta, betiere, kostu horiek jarduera benetan gauzatzen den aldiari badagozkio.

Aurrekoa oinarri hartuta, honako hauek hartuko dira, besteak beste, zeharkako kostutzat:

Proiektuari zeharka lotutako langileen gastuak: administrariak.

Zerbitzu profesional independenteen kostuak, proiektua gauzatzeak sortutakoak: lan-, zerga- eta administrazio-arloko aholkularitza edo kudeaketa.

Funtzionamendu- eta egitura-gastuak: egoitzaren bulegoa alokatzea, hornidurak.

Material administratiboaren gastuak.

Finantza-zerbitzuei egindako ordainketetatik eratorritako gastuak.

Ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko higiezinak edo ondasun inbentariagarriak erosteko gastuak, ez eta alokairu-gastuak ere, baldin eta diruz lagundutako jarduera garatzeko errentan hartutako higiezinen titulartasuna, osorik edo zati batean, erakunde onuraduneko kide batena edo batzuena bada; protokolozko arretak; ezta bazkideentzako, langileentzako edo boluntarioentzako ekitaldi, aurkezpen edo ospakizunetako janari- eta edari-gastuak ere.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua inola ere ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

3.– Proiektua gauzatzeko aurrekontu banakatuan jasota dauden gastuak diruz lagungarritzat joko dira, baldin eta dirulaguntza jasotzeko betekizunak betetzen badituzte, artikulu honetan ezarritakoaren arabera.

4.– BEZaren zenbatekoa ez da diruz lagun daitekeen gastua izango, baldin eta gero berreskuratu edo konpentsatu badaiteke. Horrelakoetan, frogagirien zerga-oinarriaren zenbatekoa hartuko da gastutzat.

5.– Eskabidea egiten duen entitateak aurkeztutako aurrekontuan artikulu honen arabera diruz lagundu ezin diren gastuak jasotzen badira, Balorazio Batzordeak kendu edo garbitu egingo ditu, diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoaren barruan sartzen den zehazteko asmoz; izan ere, munta hori dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria izango da.

6.– Diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko erakunde onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioari dagokionez, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu erakunde onuradunak, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haien ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago aski erakunde haiek egin, eman edo hornitzeko, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

6. artikulua.– Azpikontratatzea.

1.– Diruz lagunduko diren proiektuetako jarduerak azpikontratatu ahal izango dira, baina gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino eta soilik irabazi-asmorik gabeko erakundeekin. Inola ere ezingo dira dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak azpikontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote.

2.– Erakunde onuradunak ezin izango du, inola ere, diruz lagundutako jardueren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin hitzartu:

a) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsonak edo erakundeak.

b) Kontratuaren xede den jarduera gauzatzeko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeak.

c) Bitartekari edo aholkulariak, baldin eta ordaindu beharrekoa eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin gisa definitzen bada, ordainketa hori ez badago justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuek merkatuan duten balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin lotutako pertsonak edo erakundeak, salbu eta organo emailearen aldez aurreko berariazko baimena lortzen bada eta diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez badu gainditzen lotutako erakundeak egindako kostua. Kostua justifikazioan egiaztatu beharko da, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberetan.

e) Deialdi edo programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatu duten baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezkoa den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo erakundeak.

7. artikulua.– Dirulaguntza eskatzeko baldintzak eta baldintza horiek egiaztatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak eskatu eta haien onuradun izateko, erakundeek betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko erakundeak izatea, legez ezarritako moduan eratuak eta, izaera juridikoa aintzat hartuta, dagokien erregistroan inskribatuak.

b) Egoitza eta jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak betetzea eta artikulu horretan xedaturiko debekuen eraginpean ez egotea.

d) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan laguntzak edo dirulaguntzak emateko ezarritako debekuren baten eraginpean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua) onuradun izateko ezartzen diren debekuetatik bat ere ez dutela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da notarioaren aurrean edo administrazio-agintaritza batean (horretarako, agindu honen I. eranskineko eskaera-inprimakian dagoen erantzukizunpeko adierazpena bete ahal izango da).

Justizia Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du, erakundeak horretarako baimena ukatzen ez badio, erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, halaxe ezartzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoan.

Erakunde eskatzaileak berariaz adierazten badu egiaztatze horren aurka dagoela, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, Dirulaguntzen Legearen Erregelamendu Orokorrak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendua) 22. artikuluan arautzen dituen administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dizkio deialdia kudeatzen duen organoari.

3.– Onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitzearen baldintzapean.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Eskabideak bide elektronikoz izapidetuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040811). Bertan daude bide elektronikotik izapidetzeko azalpenak, eranskinak eta inprimakiak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: Gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos Euskaraz, https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

Ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira izapide elektronikoak; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da ordezkaritza, honako helbide hauen bidez: gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/representantes Euskaraz, https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu.

2.– Honako hauek arautzen dituzte izapide elektronikoak: urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak; otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio elektronikoari buruzkoak; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarenak, Platea e-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duenak.

9. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Justizia Zuzendaritzari dagokio deialdi hau kudeatzea.

10. artikulua.– Eskabidea.

1.– Eskabideetan, agindu honen 2. artikuluan zehaztutako modalitateren bat garatzen duen proiektu bat aurkeztuko da. Modalitate bat baino gehiago garatzen dituzten erakundeek eskabide bat aurkeztu beharko dute modalitate bakoitzeko.

Era berean, modalitate baten barruan hainbat proiektu garatzen dituzten erakundeek eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Proiektuen hartzaile izan daiteke hauetako edozein: espetxeetan barneratuta dauden edo baldintzapeko askatasuna duten pertsonak, askatasunaz gabetzeko zigorraren betearazpena eten zaien zigortuak, edo ordezko zigor eta neurrietara kondenatutako pertsonak.

2.– Erakundeek gehienez lau eskabide aurkeztu ahal izango dituzte. Erakunderen batek eskabide gehiago aurkezten baditu, organo kudeatzaileak hamar eguneko entzunaldia emango dio interesdunari, muga hori gainditzen duten eskaerak kentzeko. Hala egin ezean, ezetsi egingo dira ebaluazio-batzordearen balorazioan puntuazio txikiena lortzen duten eskabideak, gehieneko kopurua gainditzen dutenen artean.

3.– Erakundeek ezingo dute aurkeztu dirulaguntzen programa-modalitate bakoitzerako diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa baino zenbateko handiagoko dirulaguntza-eskaerarik. 5.5 artikuluan xedatutakoa aldez aurretik aplikatzeari kalterik egin gabe, gehieneko zenbateko horiek gainditzen dituzten eskabideak ezetsi egingo dira, ezesteko egintza bera beste izapiderik gabe.

4.– Erakundeek hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskabidea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak betetzeko, agindu honen I. eranskineko eredua erabili beharko da, eta gero bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040811).

5.– Erakundeek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentazioa. Halaber, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

11. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Eratze-eskritura, estatutuak eta erakundea, izaera juridikoa kontuan hartuta, dagokion erregistroan inskribatuta dagoelako egiaztagiria.

b) Diruz laguntzea nahi den proiektuaren gaineko memoria. Memoria egiteko eredu normalizatua («Proiektuaren memoria») agindu honen II. eranskinean jasotzen da, eta hemendik jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040811

Memorian zehaztu beharko da 2. artikuluan jasotzen diren aukeretatik zeinetan kokatzen den proiektua. Erakundeek argi eta zehaztasunez azaldu beharko dute zertan datzan jarduera eta zigortuekin egingo den lana, zein diren proiektuaren helburu zehatzak eta zein metodologia erabiliko den.

c) Proiektua gauzatzeko kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua; beste finantza-iturririk izanez gero, zehaztu egin beharko da, eta, halakorik ez badago, zinpeko adierazpen baten bidez adierazi beharko da ez duela proiektua finantzatzeko ez baliabide propiorik, ez kanpokorik. Eredu normalizatua («Aurrekontu banakatua») agindu honen III. eranskinean jasotzen da, eta hemendik jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040811

2.– Eskabideak baloratzeko, aurreko paragrafoan aipatutako dokumentuak bakar-bakarrik hartuko dira kontuan. Dena dela, erakundeek dokumentu osagarriak aurkeztu ahal izango dituzte, proiektua hobeto baloratzen lagunduko dutela uste badute.

3.– Jarduerak dagoeneko bukatuta baldin badaude, egindako gastuak justifikatzeko behar diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, agindu honetan eskatzen den moduan.

4.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak espedientea behar bezala osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eta azalpenak eska diezazkioke erakunde eskatzaileari. Gainera, eskatzaileak emandako datuak egiaztatu ahal izango ditu.

12. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

Organo kudeatzaileak egiaztatzen badu erakunde eskatzaileren batek aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta dela edo aurreko artikuluetan adierazitako betekizunak betetzen ez direla, eskatuko dio hamar eguneko epean hutsa zuzen dezala edo dagozkion agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko dio horrela egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, aldez aurretik ebazpena emango da, inguruabar horren berri emateko, eta, bertan, egitateak eta aplikatu behar diren arauak zehaztuko dira.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio Batzorde bat eratuko da, zeinak dirulaguntzak baloratzeko proposamena egingo baitu.

2.– Honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:

a) Batzordeburua: Pablo Martinez Larburu. Ordezko batzordeburua: Beatriz Agirre Alberdi.

b) Batzordekideak:

Benito Aguirre Gonzalez (Ordezkoa: Mercedes Iruarrizaga Sagredo).

María Vicenta Alonso de la Cruz, (Ordezkoa: Jesus Maria Guerrero Guecho).

María Angeles Moreno Mata. (Ordezkoa: Hector Valladares Narganes).

c) Idazkaria: Naiara Madariaga Mesanza.

14. artikulua.– Txostenak.

1.– Organo kudeatzaileak ofizioz eskatuko die kasuan kasuko espetxeari edo espetxeei deialdian aurkeztutako programen interesari, beharrari, esperientziari eta bideragarritasunari buruzko txostena, espetxeetako helburu estrategikoei dagokienez, bai eta jada ezarrita dauden beste programa batzuekiko osagarritasunari eta bikoiztasunik ezari buruzko txostena ere.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan dagokien baimenarekin funtzionatzen ari ez diren programa berriak baldin badira, programaren baimena ofizioz izapidetuko da, espetxe-erregelamenduaren 62. artikuluan xedatutakoaren arabera. Aldez aurreko baimenik ez duten programak baimendu egingo dira, balorazio-batzordearen iritziz eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute.

15. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Eskabideak honako balorazio-irizpide eta puntuazio-eskala hauen arabera baloratuko dira:

a) Aurkeztutako proiektuaren interesa eta espezializazio-maila (gehienez 50 puntu).

Atal honen barruan, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1) Proiektuen egokitasun-maila eta interes publikoa: 20 puntu, gehienez.

Proiektua espetxe-ereduarekin eta espetxeetako biztanleriaren beharrekin bat datorren baloratuko da, baita espetxeetan ezarrita dauden beste programa batzuekiko osagarritasuna eta bikoiztasunik eza ere.

2. artikuluko a), b), c) eta d) apartatuetan jasotako programei 0 eta 20 puntu bitartean emango zaizkie.

2. artikuluko e) eta f) apartatuetan jasotako programei 0 eta 15 puntu bitartean emango zaizkie.

2. artikuluko g), h), i) eta j) apartatuetan jasotako programei 0 eta 12 puntu bitartean emango zaizkie.

2) Arreta berezia ematea gizarte-bazterketa jasateko arrisku handiena duten edo gizarteratzeko zailtasunak dituzten pertsonen kolektiboei, eta, zehazki, honako hauei: espetxearekiko ohitze-maila altuko pertsonei, emakumeei, gazteei, ijito-herriari eta migratzaileei; era berean, espetxeetan dauden edo baldintzapean askatuta dauden pertsonen premiei erantzutea: gehienez 5 puntu.

3) Proiektuaren xede den erabiltzaile-profilak kolektibo espezifikoak edo kalteberatasun handikoak kontuan hartzea; arreta berezia ematea toxikoen kontsumoarekin edo osasun mentalarekin edo kalteak murriztearekin lotutako bide luzea duten pertsonei: 5 puntu, gehienez.

4) Esku-hartzearen intentsitate-maila: proiektuko esku hartzeko jarduketen kopurua eta espezifikotasuna: 10 puntu, gehienez.

5) Aurkeztutako proiektuak hartzen duen lurralde-irismena: 5 puntu, gehienez. Puntuazio handiagoarekin baloratuko dira espetxe gehiagotan edo hainbat lurraldetako zigortuak etengabe artatzeko proiektuak.

6) Proiektuaren bidez arreta jaso dezakeen espetxe-biztanleriaren kopurua: 5 puntu, gehienez.

b) Proiektuaren eduki teknikoa (gehienez 10 puntu).

Atal honen barruan, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1) Proiektua proposatutako helburuetara egokitzea: 2 puntu, gehienez.

2) Egikaritze-egutegiaren arrazoizkotasuna: 2 puntu, gehienez.

3) Garatu nahi diren jarduera zehatzen deskribapena argia izatea: 2 puntu, gehienez.

4) Ebaluazio-adierazleak zehaztea: 2 puntu, gehienez.

5) Erakundeak dituen baliabide tekniko eta materialen arabera egindako jardueren kontrola: 2 puntu, gehienez.

c) Aurkeztutako proiektua gauzatzeko gaitasuna (gehienez 30 puntu).

Atal honen barruan, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1) Proiektuaren urte anitzeko bideragarritasun egiaztatua, urteen arabera. Horretarako, proiektua gutxienez azken bi urteetan garatu izana baloratuko da (10 puntu, gehienez).

2) Euskal Autonomia Erkidegoko espetxe-ingurunearen eta diruz laguntzea nahi den esku-hartzearen xede den gizataldearen eta ezagutza egiaztatua: 10 puntu, gehienez.

3) Jarduera zenbait erakundek egitea elkarlanean, edo zenbait erakundez osatutako sare edo federazio batek egitea elkarlanean: 8 puntu, gehienez.

4) Proiektuaren autofinantzaketa, haren ehunekoaren arabera (2 puntu, gehienez).

d) Proiektuaren aurrekontua (gehienez 10 puntu).

Atal honen barruan, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1) Guztizko aurrekontua esku-hartzearen benetako kostuari egokitua izatea: 2 puntu, gehienez.

2) Plaza edo esku-hartze baten batez besteko kostua: 2 puntu, gehienez.

3) Aurrekontuaren arabera artatzen diren kasuen eta/edo esku-hartzeen kopurua: 2 puntu, gehienez.

4) Ratioak, proiektua gauzatzen duten profesional- eta boluntario-motaren arabera: 4 puntu, gehienez. Borondatezko esku-hartze komunitarioaren garrantzia balioetsiko da.

Erakundeek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte edozein dirulaguntza eskuratu ahal izateko. 60 puntu baino gutxiago lortzen dituztenei ezezkoa emango zaie.

Nolanahi ere, espedientean jaso beharko dira irizpide bakoitza aplikatzean baloratu diren alderdi zehatzak, bai eta puntuazioaren eta dirulaguntzaren zenbatekoaren arteko erlazioa ere.

Proposatutako proiektuak balorazio-irizpide horiek aplikatuta lorturiko puntuazioaren arabera sailkatuko dira (guztira 100 puntu, gehienez). Dirulaguntzak ondoz ondo emango zaizkie proiektuei, puntuazio handienetik txikienerako hurrenkeran, harik eta erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte.

16. artikulua.– Zenbatekoa zehaztea.

1.– Balorazio-batzordeak aukera izango du diruz laguntzekoak ez diren gastuak edo proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak hartzen dituzten eskabideetako diru-kopuruak doitzeko, dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztu baino lehen.

2.– Urte bakoitzerako aurreikusitako aurrekontu-kreditua nahikoa bada, 60 puntu edo gehiago lortu dituzten eskabide guztiek eskatutako zenbatekoa jasoko dute, edo, bestela, dagokien gehieneko kopurua.

3.– Aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera jarduteko, balorazio-batzordeak 60 puntu edo gehiago lortu dituzten diruz laguntzeko moduko proiektuak hautatuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera, deialdi honetan aurreikusitako zenbateko osoa agortu arte.

4.– Proiektu bati eman dakiokeen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, banaka hartuta, honako hau izango da, diruz lagun daitekeen proiektu-mota bakoitzaren arabera:

a) 2. artikuluko a) apartatuan zerrendatutako programetan, gehieneko zenbatekoa 400.000 eurokoa izango da urteko.

b) 2. artikuluko b), c) eta f) apartatuetan zerrendatutako programetan, gehieneko zenbatekoa 250.000 eurokoa izango da urteko.

c) 2. artikuluko d) apartatuan zerrendatutako programetan, gehieneko zenbatekoa 350.000 eurokoa izango da urteko.

d) 2. artikuluko e) apartatuan zerrendatutako programetan, gehieneko zenbatekoa 170.000 eurokoa izango da urteko.

e) 2. artikuluko g), h) eta i apartatuetan zerrendatutako programetan, gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa izango da urteko.

5.– Balorazio-batzordeak programa-mota bakoitzean 60 puntu edo gehiago jasotzen dituzten eskabideak sailkatuko ditu, eta haien artetik puntuaziorik handiena lortu dutenak hautatuko ditu, programa horietarako muga gisa ezarritako zenbateko osoa bete arte. Hautatutako erakundeek eskatu duten zenbatekoa jasoko dute, edo, bestela, proiektu bakoitzeko banakako dirulaguntzari dagokion gehieneko zenbatekoa.

Gainerako eskabideak ezetsitzat joko dira.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio Batzordearen balorazio-proposamena ikusita, eskatutako dirulaguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena emango du Justiziako zuzendariak, eta, bertan, proiektu bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da, diruz lagundutako proiektuak irauten duen urteko ekitaldika banakatuta. Ebazpena bide elektronikoak erabiliz jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek jakin dezaten.

2.– Eskabideak ebazteko eta dirulaguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena jakinarazteko gehienezko epea bost hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

3.– Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

4.– Onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitzearen baldintzapean.

18. artikulua.– Onarpena.

1.– Erakunde onuradunen aldetik dirulaguntza onartzeak esan nahi du onartu egiten dituztela agindu honetan ezarritako arau guztiak, bai eta honako hauetan ezarritako bermeak eta diru-itzulketen eta zehapenen erregimena ere: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

2.– Laguntza onartu egin dela ulertuko da, baldin eta laguntza emateko ebazpena jakinarazi den egunaren biharamunetik aurrera 5 egun pasatu ondoren erakunde onuradunak besterik adierazi ez badu.

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Halaber, honako betebehar hauek izango dituzte erakunde onuradunek:

a) Emandako dirulaguntzak xede duen proiektu zehatza gauzatzeko erabiltzea dirulaguntza hori, agindu honen 22.1.b) artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa bada izan ezik.

b) Dirulaguntza kudeatzen duen organoari jakinaraztea, baldin eta dirulaguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak eta baldintzak (osorik edo zati batean) betetzea edo dirulaguntzaren xede den proiektua burutzea ezinezkoa egiten duen gerora sortutako gorabeheraren bat gertatzen bada.

c) Dirulaguntzaren organo kudeatzaileari jakinaraztea proiektuak gauzatzeko aldian diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntza eman dietela edo ukatu dietela, horren berri izan bezain laster.

d) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, dirulaguntzen zertarakoa fiskalizatzeko funtzioak betez, eskatzen dieten informazio guztia ematea.

e) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea dela eta argitaratzen diren programa, iragarki-kartel, argazki eta idatzizko edo soinuzko gainerako materialen publizitate-aleetan berariaz eta argi adieraztea Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dela, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunari buruzko eskuliburua onartzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Informazioa eta eskaerak honako webgune honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/identidad_corporativa.html

20. artikulua.– Ordainketa.

1.– Ordainketa-erregimena honako hau izango da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.11 artikuluan ezarritakoaren arabera:

Diruz lagundutako programa 2022an soilik gauzatzekoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamabost (% 75) aurretiaz ordainduko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazita eta onartzeko epea igarota. Gainerako ehuneko hogeita bosta (% 25) 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen ordainduko da, 21. artikuluan, aipatutako dokumentuak Justizia Zuzendaritzan aurkeztu ondoren.

Diruz lagundutako programa 2022an eta 2023an gauzatzekoa bada, ordainketak aurkeztutako proiektua gauzatzeko erritmoaren arabera banatuko dira, dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutakoaren arabera. Bestela, honela egingo da ordainketa:

Lehenengo ordainketa, dirulaguntza emateko ebazpena jakinaraztean egingo da, behin onartzeko epea igarota; dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar (% 50) ordainduko da, 2022ko ordainketa-kredituaren kargura, baldin eta 2022an proiektuaren % 50 gauzatzea aurreikusita badago. Nolanahi ere, 2022ko ordainketa-kredituaren kargura ordaindu beharreko ordainketa aurreratua bat etorriko da aurkeztutako proiektuan 2022rako aurreikusitako gauzatze-ehunekoarekin.

Bigarren ordainketa, ehuneko hamarrekoa (% 10), 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen, 2023ko konpromiso-kredituaren kargura, 21. artikuluan aipatutako dokumentuak Justizia Zuzendaritzan aurkeztuta justifikatu ondoren.

Hirugarren ordainketa, ehuneko hogeikoa (% 20), 2023ko uztailaren 1a baino lehen, 2023ko konpromiso-kredituaren kargura, 21. artikuluan aipatutako dokumentuak Justizia Zuzendaritzan aurkeztuta justifikatu ondoren.

Laugarren ordainketa 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen, diruz lagundutako jarduera amaitu ondoren, laguntza likidatzetik ateratzen den zenbatekoarena.

Hasieran onartutako banaketa aldatzeko, dagokion urterokoen doikuntza izapidetu beharko da gastu-espedientean.

2.– Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, osorik eman daitezke laguntza ematearen aldeko ebazpena jakinarazi baino lehen amaituta dauden jarduerei dagozkien dirulaguntzak, ordainketa bakarraren bidez, baldin eta erakundeak osorik justifikatu badu dirulaguntzaren xedea, aurreko paragrafoan adierazitako justifikatzeko agiriak aurkeztuta.

3.– Ez da ordainketarik egingo, onuradunak ez baditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduna bada itzulketa bidezkoa dela adierazteko ebazpen bidez.

4.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistroan egon beharko du erregistratuta.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan jasota dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, modu elektronikoan egin ahal izango du, egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

5.– Hala badagokio, aintzat hartuko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako berme-araubidea (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena).

Ordainketa aurreratuaren zenbatekoa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren erakunde onuradunak, dagokion ordainketa jaso aurretik, aurreratutako zenbatekoari dagokion bermea, abala edo fidantza eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta justifikatzeko dokumentazioa.

1.– Erakunde onuradunek dirulaguntza kudeatzen duen organoari justifikatu behar diote dirulaguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, baita dirulaguntzaren xede den proiektua burutu izana ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, justifikazioko kontuaren bidez, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen eta diruz lagundutako programa indarrean dagoen hurrengo urteetako egun bera baino lehenago:

a) Justifikatzeko memoria: edozein formatutan aurkeztuko da, zehatz-mehatz deskribatuko du ekitaldian burututako jarduera, eta honako hauek zehaztuko ditu, gutxienez: erabiltzaileen kopurua, sexuaren arabera bereizita, eta, hala badagokio, gizarteratzeko eta laneratzeko zaila den talderen batekoa den (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, etorkinak, emakumeak edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak). Ahal izanez gero, dirulaguntza jaso duen jarduera burutu dela ziurtatzen duten argazkiak edota dokumentu grafikoak aurkeztuko dira memoriarekin batera, eta, hala dagokionean, argitaratutako programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleak ere bai.

b) Aldi horretako jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua, agindu honen IV. eranskinean jasotzen den ereduaren araberakoa. Helbide honetan jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0040811. Inprimaki horretan, honako informazio hau adierazi behar da, gutxienez:

1) Proiektuaren jarduerarako egin diren inbertsioen eta justifikatzen den aldian emandako dirulaguntzaren kontura egindako gastuen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek proiektuaren kostu osoaren % 100 justifikatu beharko dute (eta ez bakarrik dirulaguntzaren zenbatekoa). Gastu bakoitza zein helbururekin egin den azalduko da labur-labur, eta gastuon dokumentuak aurkeztuko dira, datu hauekin: hartzekodunaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data. Faktura edo gastuen dokumentu osoa ez bazaio egozten emandako dirulaguntzari, zenbateko horretatik zenbat egozten den zehaztuko da.

2) Erakunde onuradunak, diruz lagundu den proiekturako, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako bestelako finantzaketa edo dirulaguntzen zenbateko eta jatorrien zerrenda xehatua, baldin eta aurretik haien berri ez bazitzaion eman organo kudeatzaileari.

c) Emandako dirulaguntzari egotzi ahal zaizkion fakturak eta ordainagiriak (proiektua gauzatzen duen dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulkiak), dirulaguntzaren zenbatekorainokoak gehienez.

2.– Proiektua burutu izana justifikatzeko agiriak bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta

3.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak ausaz aukeratutako gutxienez bost erakunde onuradun bisitatuko ditu, justifikazio-agirietan emandako informazioa egiaztatzeko eta justifikazio-agiri originalak eskatzeko (beharrezkotzat jotzen dituen kontu-ikuskapenak egiteko xedez).

22. artikulua.– Dirulaguntzak emateko betekizunak ez betetzea.

Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak.

1.– Betiere, ez-betetzeak dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo haren zati bat bere garaian aurkeztutako proiektuaren arabera onartu zen jarduerari ez dagokion bestelako jarduera baterako erabiltzea.

b) Diruz lagundutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, funtsezkotzat hartzen ez direlako, eskaera arrazoitua egin ostean, Justiziako zuzendariak esanbidez baimentzen baditu, betiere dirulaguntzaren onuradun izateko deialdi honetan ezarri diren gutxieneko betekizunak betetzen badira. Gutxieneko betekizunak hauek izango dira: erakunde onuradun izateko baldintza guztiei eustea; proiektuak, proiektu bera izanda eta erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak direla-eta, aurrez ikusitakoa baino zigortu eta preso gutxiagori ekartzea onurak; edo, gizarteratze-helburuak beteta, helburu horiek antzeko gizarteratze-proiektuekin lortu izana.

c) Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan azaltzen den daturen bat benetakoa ez izatea.

2.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean edo agindu honetan ezarritako baldintzak, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta ordura arte jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, honako hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: azaroaren 17ko 38/2003 Legean (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra), azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen du) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu).

23. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Beste edozein administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk eman dezakeen dirulaguntza edo laguntza ororekin bateragarriak dira dirulaguntza hauek. Alabaina, helburu berbererako eskuratutako dirulaguntzen zenbateko guztia aurrekontua baino handiagoa bada, agindu honen bidez emandako dirulaguntzaren zenbatekoari gehiegizko zenbatekoa kenduko zaio.

24. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen dela, eta 2. artikuluan ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira, dirulaguntza eman duen ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Justiziako zuzendariak likidazioa egiteko ebazpena emango du, eta, ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 31.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala