Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

157. zk., 2022ko abuztuaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
3617

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 26koa, Langileak Kudeatzeko zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren III. eranskina: «Titulazioen eta espezialitateen taula»; agindu horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez (2012-09-11ko EHAA) onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrendak kudeatzeko araudia; II. eranskinean, Espezialitateen eta Irakasgaien zerrenda biltzen da, eta III. eranskinean, irakaskuntza-maila ezberdinetako espezialitateen zerrendetan sartzea ahalbidetzen duten titulazioen taulak.

Agindu horren azken xedapenetako bigarrenaren bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza gaitzen da, behar izanez gero eta dagokion ebazpenaren bidez, ordezkaritza sindikalarekin dagokion negoziazioa egin ondoren, ikasturtean zehar eta, bereziki, birbaremazio-prozesu bakoitza hasi aurretik, aipatutako taulan jasotako espezialitateren bat emateko gaitasuna emango duten titulazio berriak sar ditzan, edo lehendik daudenak alda ditzan. Horretarako, batzorde batek egin daitezkeen txertaketak, aldaketak eta baliokidetasunak ebaluatuko ditu, eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari proposamen egokiak egingo dizkio. Batzorde horretako kideak honako hauek izango dira: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzako eta Plangintza eta Antolaketako Zuzendaritzako teknikariak eta Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskatzaile bat.

Azaldutakoarekin bat etorriz, ordezkapenetarako hautagaien zerrendetara sarbidea ematen duten titulazio berriak gehitzeko beharra ikusi da, aipatutako Batzordeak titulazioen ikasketa-planak aztertu ondoren eta zerrenda horietako espezialitate jakin batzuk emateko egokiak diren ikertu ondoren. Bestalde, Batzorde horren azterketa behar izan ez duten beste titulazio batzuk ere gehitzeko beharra ikusi da, dagoeneko badauden titulazioen beste hezkuntza-plan bateko titulazio baliokideak direlako edo dagoeneko badauden titulazioekin lotuta daudelako.

Bigarren Hezkuntzako hizkuntza-espezialitateen zerrendei dagokienez, sarbide-titulazioak berrikusi dira, kontuan hartuta beharrezkoa dela horietan hautagai berriak sartzea dauden ordezkapen-premiei aurre egiteko; horren ondorioz, sartzeko baldintzak zabaldu dira 2. kidetasunarekin.

Bestalde, III. eranskinean («Titulazioen eta espezialitateen taula»)«Gradua Itsas Ingeniaritzan» izendapenaren ordez «Itsasketako Gradua» izendapena jarri da, erabaki judizialen ondoriozko izendapen-aldaketa dela eta. Era berean, eranskin horren euskarazko bertsioan, «Gradua Marinan» izendapena zuzendu da, eta haren ordez «Itsasketako Gradua» izendapena jarri da.

Beraz, sindikatuen ordezkariekin negoziatu ostean, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako aldaketa hau egitea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren III. eranskinean («Titulazio eta espezialitateen taulak») –Agindu horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia–: irakaskuntzako espezialitate jakin batzuk emateko gaitzen duten titulazio berriak sartzea. Bigarren Hezkuntzako Italiera, Frantsesa, Ingelesa, Alemana, Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura espezialitateetan, argiagoa izan dadin, sartzeko baldintza berriak islatzen dira osorik, sartutako aldaketekin.

Hori guztia ebazpen honen eranskinean aurreikusten da.

Bigarrena.– III. eranskinean («Titulazioen eta espezialitateen taula»), «Gradua Itsas Ingeniaritzan» izendapenaren ordez «Itsasketako Gradua» izendapena jartzea, erabaki judizialen ondoriozko izendapen-aldaketa dela eta.

Hirugarrena.– III. eranskinaren («Titulazioen eta espezialitateen taula») euskarazko bertsioan, «Gradua Marinan» izendapenaren ordez «Itsasketako Gradua» izendapena jartzea.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zerrendak irekitzea.

Ebazpen honetan aurreikusten diren aldaketak ez zaizkie berau indarrean sartu aurretik zerrendak irekitzeko deitutako prozedurei aplikatuko.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zerrendak irekita mantentzea.

Ebazpen honetan aurreikusten diren aldaketak ez zaizkie berau indarrean sartu aurretik zerrendak irekita mantentzeko prozeduretan egiten diren eskaerei aplikatuko.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zerrendak birbarematzeko prozesua.

2023/2024 ikasturterako zerrenden birbarematze-prozesuari aplikatuko zaizkio ebazpen honetan aurreikusten diren aldaketak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen hau 2022ko irailaren 8tik aurrera jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 26a.

Langileak Kudeatzeko zuzendaria,

BLANCA MARIA GUERRERO OCEJO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala