Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2022ko uztailaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3315

AGINDUA, 2022ko uztailaren 6koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez egiten baita obretarako gastuak finantzatzeko laguntza-deialdia, hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeak dituzten udal-jabetzako higiezinetan jolas-eremuak sortzeko edo hobetzeko (patio inklusiboak).

2030erako Hezkuntza Ekintza Esparrua («Kalitateko hezkuntza inklusibo eta bidezko baterantz, eta guztiontzako bizialdi osoko ikaskuntza baterantz») Unescoko 184 kidek onartu zuten Parisen, eta, horren bitartez, pertsonen bizitzak eraldatzeko baliabide gisa hartzen da hezkuntza. Zehazkiago, guztiontzako kalitateko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea proposatzen du. Konpromiso horren barruan, aitortzen da genero-berdintasuna garrantzitsua dela, eta, era berean, beharrezkoa dela kalitateko hezkuntza ematea, zeinak emaitzarik onenak eta bizialdi osoko ikaskuntzarako aukerak sustatuko dituen, testuinguru guztietan eta hezkuntza-maila guztietan.

Hezkuntza-politikak arautzeko eta gobernatzeko modu berriak urrun daude eredu burokratikoetatik, eta ikastetxeen autonomiaren alde egiten dute: ikastetxeek proiektu propioak garatzeko gaitasuna izan behar dute (emaitzekiko erantzukizunari lotuta), ikasleek hezkuntza-arloan arrakasta handiagoa izateko konpromisoaren barruan. Proiektu propioak garatzeko orduan funtsezkoa da ikastetxeko zuzendaritza-taldea, hark egiten baititu pedagogia eta kudeaketa mailako lider-lanak.

Ildo horretan, eskola inklusiboa garatzeko Esparru Planak zenbait ardatz estrategiko biltzen ditu, eta horren inguruan egituratzen dira bere helburuak. Hauek dira ardatz horietako batzuk: Bizikidetza, gizarte kohesionatu baterako eskola anitza egituratzeko ardatz gisa; eta egiturazko jardunak, kultura, politika eta praktika inklusiboak sustatzeko eta garatzeko.

Ekintza-esparru horrekin bat etorriz, aurrera doa Bizikasi Ekimena, eskola-jazarpenaren aurka eta bizikidetza positiboaren alde egiten duena euskal hezkuntza-sisteman. Ekimen horren helburu nagusia da ikastetxeak ikaskuntzarako eta garapen pertsonal eta sozialerako gune bilakatzea, bizikidetza positiboko eta zero tolerantziako inguru seguru bat eraikitzeko jazarpen-egoera posibleen aurrean. Horretarako, eskola-komunitateko kide guztien konpromiso partekatu etengabea eta jakintza baliatu beharko dira.

Alde horretatik, ukaezina da zenbait espaziok, esate baterako eskolako patioek, garrantzi handia dutela, harreman sozialak hor gertatzen direlako. Pertsonek espazioak eraikitzen dituzte, eta espazioek pertsonak eraikitzen dituzte. Espazioen diseinuak baldintzatu egiten du gure bizitzeko modua, bai eta elkarrekin bizitzeko modua ere. Espazioen konfigurazioa ez da neutroa: dauden premien, espazio horretan egongo diren pertsonen ezaugarrien, eta ezarritako lehentasunen araberakoa da konfigurazio hori, besteak beste. Hiri-espazio guztien artean, eskoletako patioak leku aproposak dira gai horiek guztiak aztertzeko (Dafne Saldaña, Julia Goula eta Helena Cardona, 2020).

Ikastetxeko espazio fisikoak ere hainbat gauzari buruz hitz egiten du, hainbat gauza transmititzen ditu, eta hainbat gauza irakasten ditu; besteak beste, hauek: harremanak izateko modua, egoteko modua, espazioen banaketa, bai eta jolasaren kontrola eta azpiegiturak ere.

Era berean, Euskal Hezkuntza Sistemarako II. Hezkidetza Planak, berdintasunerako eta tratu onerako bidean (otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren ildotik), helburu nagusi hau ezartzen du, besteak beste: «Baliabideen eta espazioen bidezko erabilera sustatzea. Espazioen banaketak eta erabilerak eta hezkuntza-ingurunearen antolamenduak ere zeregin garrantzitsua dute balio eta arau sozialen transmisioan. Hori dela eta, beharrezkoa da espazioak eta baliabideak modu orekatuan erabiliko direla bermatzea». Helburu hori ikastetxe bakoitzeko Hezkidetza Planaren parte da, eta, gainera, II. Plan horretako oinarrizko seigarren zutabea ere bada, eta hauxe dio:

«Ikastetxeetako espazioak, batez ere aisialdikoak, mutilek okupatu izan dituzte historikoki, lehia-jokoetan aritzeko. Gainera, mutilen eta nesken taldeak oso bananduta egon ohi dira espazio horietan, eta interakzio gutxi izaten dute batzuen eta besteen artean. Ikastetxeak lanean ari dira alor horretan, eta dagoeneko badira bestelako jolastokiak bilatzen dituzten proiektu arrakastatsuak, non jarduerak eta espazioaren banaketa diseinatuta baitaude harreman parekideagoak izateko eta era bidezkoagoan erabiltzeko. Hala ere, jarraitu beharra dago hezkidetza-espazioak sortzeko aukera emango duten estrategiak ezartzen.»

Aurreko guztia kontuan hartuta, jolastokietan bizikidetza lortu nahi badugu (edozein dela ere sexua, adina, sexu-orientazioa, gaitasunak eta generoaren adierazpena), espazioak birpentsatu beharko dira eta aipatutako harremanak sustatuko dituen esku-hartze bat egin beharko da (ikasleen parte-hartzearekin eta, ahal bada, familien laguntzarekin).

Aniztasunaren balioa eta aniztasunari emandako erantzunaren balioa aldatuz joan dira gure azkenaldiko historian. Haurren ikaskuntza-prozesuan laguntzeko moduak eguneratu dira, baina, kasu askotan, eskola-patioen egungo egitura eta diseinua ez da eguneratu bilakaera pedagogiko horrekin batera. Egoera horren ondorioz, patioen erabilera ez da bidezkoa; izan ere, hor errepikatzen diren rol, botere-harreman eta jarrerek sendotu egiten dituzte genero-kulturen definizioak eta nesken eta mutilen arteko desberdintasunak, eta, ondorioz, ez dago aukerarik ikasle guztiek inolako diskriminaziorik gabe parte hartu dezaten.

Argi dago eskola inklusibo baten garapenak trantsizio-prozesuak eta hausnarketa partekatua eskatzen dituela, ikasle guztiek modu eraginkorrean parte hartuko dutela bermatzeko. Horrek esan nahi du praktikan ahalik eta inklusio handiena bermatzen saiatu behar dugula hezkuntza-praktika guztietan eta ikastetxeko espazio guztietan, baita eskoletako patioetan ere.

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak ezartzen du toki-korporazioek eta Hezkuntza Administrazioak lankidetzan jardun behar dutela ikastetxeak sortu, eraiki eta mantentzeko, betiere indarrean dagoen legediari jarraikiz.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 1. artikuluan jasotzen diren printzipioen artean aurreikusten da hezkuntza-administrazioen eta toki-korporazioen arteko lankidetza, hezkuntza-politikaren plangintzan eta inplementazioan. Era berean, 8. artikuluaren 1. apartatuak ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek eta toki-korporazioek beren jardunak koordinatuko dituzte (bakoitzak bere eskumenen eremuan), hezkuntzarako baliabideen eraginkortasun handiagoa lortzeko eta lege horretan ezarritako helburuak lortzen laguntzeko.

Lankidetza horri esker, lehendik zeuden baliabide publikoak optimizatu ahal izan dira, bai eta Administrazioak egindako ahalegin eta jarduerei ahalik eta etekin handiena atera ere.

Horrenbestez, Hezkuntza Sailak komenigarritzat jotzen du hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko ikastetxeak dituzten udal-jabetzako higiezinetan jolas-eremuak sortzeko edo hobetzeko (patio inklusiboak), irakaskuntza hobetzen laguntzeko asmoz.

Hori dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea obretarako gastuak finantzatzeko laguntza-deialdia egitea da, hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeak dituzten udal-jabetzako higiezinetan jolas-eremuak sortzeko edo hobetzeko.

2.– Agindu honen ondorioetarako, obra hauek finantzatu ahal izango dira:

Patio inklusiboak sortzea, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako kalitateko harremanak eta esperientziak eraikitzeko eta ikasteko. «Patio inklusiboa» kontzeptuak honi egiten dio erreferentzia: jolas-garaian, jolasteko espazioak eta uneak sortzeari, eta, modu horretan, ikastetxeko neska-mutil guztiek beren intereseko jolas-jarduerak egin ahal izateari, inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegitik.

3.– Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu jada onartutako laguntza duten obrek, epearen barruan uko egin ez zaielako, Hezkuntza Sailaren Udalaguntza 2020 deialdiari dagokionez. Salbuespen batekin: udalak gerora eta modu justifikatuan uko egin izana, eta horren zenbatekoa itzuli izana.

4.– Obrak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasi behar dira, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen amaitu.

Obrak amaitzeko ezarritako epeari dagokionez, hala justifikatzen duten arrazoiak daudenean eta udal onuradunak epea amaitu baino lehen horretarako eskabidea egiten duenean, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak epea luzatu ahal izango du horretarako emandako ebazpen baten bidez, baina luzapen hori ez da inola ere izango bi hilabete baino gehiagokoa.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Agindu honen xede diren laguntzetarako, zazpi milioi (7.000.000) euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan 2022ko ekitaldirako horretarako ezarrita dagoen aurrekontuko partidatik.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izango dira hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeak dituzten udal-jabetzako higiezinetan jolas-eremuak sortzeko edo hobetzeko obra-proposamenak aurkezten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, baldin eta aipatutako obrak, hornidurak eta instalazioak 1. artikuluan jasotakoak badira.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.

1.– Obrei dagokienez, Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak balorazio-batzordeak onartutako aurrekontuaren % 90 beteko du.

2.– Eskabide bakoitzari emandako gehieneko zenbatekoa ezin izango da izan 87.120 euro (BEZa barne) baino handiagoa –hau da, 72.000 euro + BEZ–; hortaz, balorazio-batzordeak onartzen dituen eta 96.800 euro (BEZa barne) –hau da, 80.000 euro + BEZ– baino gehiagoko aurrekontuak dituzten eskabideei dirulaguntza ematen bazaie, ezarritako mugak hartuko dira kontuan.

3.– Obraren aurrekontuan ez dira sartuko proiektua idazteko, obra zuzentzeko eta obraren segurtasun eta osasun arloak koordinatzeko ordainsariak.

Halaber, ezin izango dira obraren aurrekontuan sartu udaleko langile den edozein pertsonaren ordainsariak.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezartzen direnez gain, hauek izango dira dirulaguntza eskuratzeko betebeharrak:

a) Higiezinaren jabe izatea.

b) Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea horretarako aukera kentzen duen legezko debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuak barne.

c) Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak, zuzenbide publikokoak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta hori horrela dela egiaztatu beharko dute eskabidea egiteko unean, bai eta dirulaguntza emateko eta ordaintzeko unean ere.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.

Honela egiaztatuko da aurreko artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen direla:

a) Titulartasuna idazkariak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da, korporazioaren inbentarioaren zerrendarekin.

b) Zehapenik betetzen ari ez dela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaio eskabideari.

c) Zerga-betebeharrak, zuzenbide publikokoak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaio eskabideari.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak bideratzeko, kontsultak egiteko eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean.

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096610)

Eskabidearen osteko izapideak kanal elektronikoaren bitartez egingo dira, helbide honetan: www.euskadi.eus/nirekarpeta

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096610)

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Ikastetxe batentzako baino gehiagorentzako finantzaketa eskatu nahi duten udalek ikastetxe bakoitzaren agiriak aurkeztu beharko dituzte, banaka.

5.– Aurkezten diren eskabideekin batera, agiri hauek ere erantsi beharko dira:

a) Gauzatze-proiektua aurkeztu behar bada edo halakorik aurkeztu behar ez bada, bi obra-mota bereiziko dira, Eraikingintza arautzeko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2. artikuluaren 2. puntuan xedatutakoaren arabera:

– Proiekturik behar ez duten obrak: teknikari eskudunak izenpetutako azalpen-memoria eta kontrataren aurrekontu orokor xehatua (BEZa barne). Obrak amaituta egonez gero, gauzatutako obren faktura edo amaiera-ziurtagiria aurkeztu ahal izango da.

– Proiektua behar duten obrak: gauzatze-proiektua, teknikari eskudunak izenpetua eta elkargo profesionalak bisatua. Obrak amaituta egonez gero, gauzatutako obren amaiera-ziurtagiria aurkeztu beharko da, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa zehaztu ahal izateko.

Oinarrizko proiektua ere aurkeztu ahal izango da, teknikari eskudunak izenpeturik. Kasu horretan, teknikari eskudunak izenpetutako eta elkargo profesionalak bisatutako gauzatze-proiektua aurkeztu beharko du eskatzaileak, ebazpena jakinarazi eta, gehienez ere, hilabeteko epean.

Proiektua erredaktatu duen arkitektoa udaleko langilea bada, ez da elkargoaren bisaturik aurkeztu beharko.

b) Agiri hauek kasu guztietan aurkeztu beharko dira:

– 6. artikuluan aipatutako agiriak.

– Udal-organo eskudunaren akordioa, zeinaren bitartez onartzen baita aurkeztutako proiektua edo aurrekontua.

– Eskabideari edo obra bererako beste finantzaketa-iturri batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, beste finantzaketa-iturri batzuei buruzko inprimakiaren bitartez. Aipatutako inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096610

– «Datu-orria» izeneko inprimaki normalizatua. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096610

9. artikulua.– Eskabideak balioestea.

1.– Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.

Balorazio-batzorde batek aztertu eta sailkatuko ditu eskabideak, eta hauek izango dira batzorde horretako kideak:

a) Batzordeburua: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria.

b) Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria, edo hark izendatutako pertsona.

c) Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzako Eskola Eraikuntzen Zerbitzuaren arduraduna.

d) Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako teknikari bat. Idazkari-lanetan arituko da, eta ahotsa izango du, baina botorik ez.

Balorazio-batzorde horrek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari helaraziko dio proposamena, eta bertan adieraziko dira ikastetxeak eta laguntzen zenbatekoak, agindu honetan aurreikusitako esleipen- eta kuantifikazio-irizpideak aplikatuz.

2.– Gutxienez 10 puntu 1. apartatuan (Proiektuaren formulazioa) eta 13 puntu baremoaren puntuazio osoan lortzen dituzten proiektuak onartutzat joko dira, eta eranskineko kalitate-irizpidea betetzeak puntu 1 balioko du.

3.– 2. artikuluan adierazitako zuzkidura ez balitz nahikoa izango aurkeztutako eskabide guztiei aurre egiteko (betiere, 13. artikuluko irizpideen arabera kalkulatutako zenbatekoetan), eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da aipatutako zuzkidura, horietako bakoitzarentzat hasieran kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean, eskabide guztiak ordaintzeko beharrezkoa den zenbateko osoa kontuan hartuta.

10. artikulua.– Bateragarritasuna.

Deialdi honen xede den finantzaketa bateragarria izango da beste edozein finantzaketa-iturrirekin. Deialdi honen xede diren jarduketak hainbat administraziok laguntzen badituzte diruz, eta laguntza guztien diru-kopuru osoa handiagoa bada gauzatze-kostu osoa baino, agindu honen bidez emandako finantzaketaren zenbatekoa murriztu egingo da, soberan emandako zenbatekoa kenduz.

11. artikulua.– Udalen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38//2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezartzen direnez gain, agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren udalek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Udalen ardura izango da proiektu osoa idaztea, obrak eta haien zuzendaritza fakultatiboa esleitzea, baita eraikuntzetako segurtasunari eta osasunari buruzko araudia betearaztea ere. Erantzukizuna karpak kontratatzeari eta instalatzeari buruzkoa izango da, hori baldin bada diruz lagundutako jarduera.

b) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek ez badiote berariaz uko egiten «Nire Karpeta» atalaren bitartez, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.

c) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute.

d) Deialdi honetan emandako dirulaguntzari dagokionez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatzen duten informazio guztia bidaltzea.

e) Obra deskribatzen duen kartel bat jartzeko aukera ematea Hezkuntza Sailari. Erantsitako ereduaren arabera egingo da kartel hori, A3 formatuan inprimatuta.

f) Lanak egiteko laguntzak eskatu izana, eta, hala badagokio, lortu izana jakinaraztea.

g) Bermatu beharko da ez dela bidezkoa izango xedea aldatzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluak 5 urterako ezartzen duen gutxieneko epean.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, eta sailbuordeak deialdiko prozedurari amaiera ematen dion ebazpena emango du, sei hilabeteko epean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa.

Halaber, emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, soilik informazio gisa.

2.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena ez bada jakinarazten adierazitako moduan eta epean, eskabideak ezetsitzat joko dira, hala agintzen baitute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 25. artikuluek. Edonola ere, lege horren arabera, Administrazioak berariazko ebazpena eman beharko du.

3.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

4.– Deialdiko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

13. artikulua.– Emandako laguntza ordaintzeko araubidea eta justifikatzeko betebeharra.

1.– Bi epetan ordainduko zaio dirulaguntza dagokion udalari:

a) % 15eko zenbatekoa, deialdia ebaztean, agindu honen 11.b) artikuluan adierazitako epea igaro eta gero, eta dirulaguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainerako % 85a, egindako inbertsioa justifikatu eta gero. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira «Nire Karpeta» atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/):

– Obrei dagokienez: obra-zuzendaritzaren amaierako egiaztagiria edo obra amaitutzat ematen duen udal-egiaztagiria. Dagokion zenbatekoa zehaztu beharko da, eta fakturak edo behar diren justifikazio-agiriak erantsi.

– Helburu bererako lortutako beste finantzaketa-iturri batzuk jaso izanari edo jaso ez izanari buruzko adierazpena, agindu honen 10. artikuluan xedatzen den bezala. Beste iturri batzuetako dirua jaso baldin bada, kopurua adierazi beharko da. Adierazpen hori egiteko, beste finantzaketa-iturriei buruzko inprimakia bete beharko da. Aipatutako inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096610

2.– Finantzatutako obra amaitu eta, gehienez ere, hilabeteko epean aurkeztu beharko dira adierazitako justifikazio-agiriak, eta 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen, betiere. Justifikazio-agiriak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalaren bitartez https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, agindu honen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera luzapena jaso duten obren kasuan, justifikazio-agiriak 2023ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.

3.– Udalak aurkeztutako justifikazioa aztertu, eta egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueren kontzeptu guztien amaierako benetako kostua txikiagoa dela Balorazio Batzordeak onartutako aurrekontua baino –zeinetan oinarrituta kalkulatu baitzen dirulaguntzaren zenbatekoa–, zenbatekoa aldatu egingo da, amaierako benetako laguntzak ez dezan gainditu agindu honen 4. artikuluan adierazitako ehunekoa, onartutako aurrekontuarekiko.

14. artikulua.– Egiaztatzeak.

Hezkuntza Sailak beharrezkotzat jotzen dituen gainbegiratzeak, ikuskapenak eta egiaztatzeak egin ahal izango ditu, emandako finantzaketaren arauak eta baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Egiaztatzen bada finantzaketa emateko baldintzaren bat ez dela bete, Administrazio honek ohartarazpena bidaliko du aldez aurretik, jasotako diru-kopuruak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul dakizkion, arau hauek diotena betez: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53.1 artikulua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua eta horren Erregelamendua; eta abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan araututa ez dauden prozedura guztietan, arau hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 6a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala