Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2022ko uztailaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3311

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 11koa, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendariarena, herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko Dekretuaren proiektua jendaurrean jartzen duena.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak dekretu-proiektu bat prestatu du, herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko. Egokitzen zaion araudian araututakoaren arabera izapidetzen ari da.

Lehenik eta behin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 133.1 artikuluan (herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzeari buruzkoan) xedatutakoa betez, aldez aurreko kontsulta publikoa egin zen arauaren testua egin aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan iragarkia jarrita.

Bigarrenik, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legea betez, Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburuak Hasteko Agindua eman zuen 2022ko urtarrilaren 11n. Agindu horrek hasiera eman zion adierazitako proiektua egiteko prozedurari, eta, bertan, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritza hau izendatu zen araugintza-prozedura hau izapidetzeko organo arduradun, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 12. artikuluko 1. paragrafoko c) epigrafean esleitutako eskumenekin bat etorriz: «xedapen orokorren proiektuak, araugintza-ekimenak eta jarraibideak egitea antolaketaren, kudeaketa-prozesuen eta prozeduren arloan, eta horiek sinplifikatzea, administrazio-kargak murriztea eta herritarrentzako kalitatea eta efizientzia hobetzea»; 8/2021 Dekretuaren 6. artikuluaren 1. paragrafoaren f) epigrafean xedatutakoaren arabera, eta saileko Zerbitzu Zuzendaritzaren laguntzarekin, honako eskumen hau ematen baitzaio: «eskatzen zaion laguntza ematea xedapen orokorrak prestatzeko eta administrazio-egintzak emateko prozeduretan.»

Hori guztia Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitekoei eta jardun-arloei dagokienez, Administrazioa, administrazio digitala, gobernu elektronikoa eta gardentasun-politika modernizatzeko eta erreformatzeko. Irekia – Gobernu Irekia – plataforma kudeatzea Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 7. artikuluko 1. paragrafoko f) epigrafean aurreikusten dira horiek guztiak.

Hirugarrenik, era berean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legea betez, 2022ko apirilaren 13an Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak izapidetu beharreko dekretu-proiektua aldez aurretik onartzeko agindua eman zuen.

Dekretu-proiektuaren erregulazioak arau batean bildu nahi ditu herritarrei arreta egokia emateko beharrezkoak diren tresna guztiak, ikuspegi berriarekin eta zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoen bidez iristeko aukerarekin. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egungo esparru juridikoa osatzen duten dekretuak espezializatuegi daude, eta gehienak 2015. urtea baino lehenagokoak dira (hau da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea baino lehenagokoak). Hori dela eta, esparru horrek ez du bermatzen herritarrei arreta ematea ikuspegi integral eta kanal anitzeko batetik.

Gaur egun hain aldakorrak diren eta ziurgabetasuna gero eta handiagoa den testuinguru honetan beharrezkoak diren paradigma berriek ezinbestean eskatzen dute herritarrentzako arreta eta prozeduren tramitazioa unean uneko gizarte-beharrei erantzungo dieten antolaketan, prozesuetan eta teknologietan oinarritzea, Administrazio Publikoak bultzatzen dituen politiken kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia saritzeko.

Administrazioari eraginkortasun eta efizientzia handiagoz jarduteko aukera ematen dioten tresnen artean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak daude. Eraldaketa digitala erronka bat da, eta, aldi berean, aukera bat herritarrekin harreman handiagoa eta hobea izateko.

Gobernantzaren, Berrikuntza Publikoaren eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoak (ARDATZ 2030) gogorarazten duenez, gobernu on batek administrazio on bat behar du, besteak beste, herritarrei arreta emateko sistema integral eta kanal anitzekoa duena. Azken kontzeptu horrek leihatila presentzialeko arreta esklusiboa gainditzen du.

Hori guztia dela eta, dekretu-proiektuaren xedea eta helburua honako hauek arautzea da: herritarrei eman beharreko arreta eta informazioa, zerbitzu publikoetara jotzeko eta administrazio-prozedurak izapidetzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko herritarrek duten eskubidea, eta zerbitzu horiek emateko beharrezkoa den administrazio-antolamendua, horretarako ezarriko diren baliabideak eta dagozkien eginkizunen erregulazioa.

Aipatutako 8/2003 Legearen 8. artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, herritarren eskubide eta bidezko interesei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute. Era berean, xedapenen izaerak hala eskatzen duenean, jendaurrean jarriko dira, kasu honetan bigarren lege-aurreikuspenari dagokionez gertatzen den bezala.

Horretarako, herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko dekretu-proiektua jendaurrean jartzen da, hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Horregatik guztiagatik, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 12. artikuluaren 1. paragrafoaren c) letran xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko dekretu-proiektua jendaurrean jartzea. Izapidetze-fasean dagoen moduan jarriko da jendaurrean, hogei egun balioduneko epean. Epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita zenbatuko da.

Bigarrena.– Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten, aipatutako proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitalak Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa).

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 11.

Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria,

JAVIER BIKANDI IRAZABAL.


Azterketa dokumentala