Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2022ko uztailaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3289

AGINDUA, 2022ko uztailaren 14koa, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onesten baitira eraikinetako telekomunikazio-azpiegiturak hobetzera bideratutako hainbat jarduera gauzatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia, Europar Batasunak finantzatutako NextGenerationEU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Eraikinetako telekomunikazio-zerbitzuetarako sarbide-azpiegiturei buruzko otsailaren 27ko 1/1998 Errege Lege Dekretuaren onarpenak araubide juridiko berri bat ezarri zuen, lehia askearen ikuspegitik, aukera eman duena eraikinak kable bidezko telebista-, telefono- eta telekomunikazio-zerbitzuetarako beharrezkoak ziren instalazioez hornitzeko, eta bide eman azpiegituron plangintza bat egiteko, eta, horri jarraikiz, etorkizuneko zerbitzuetara egokitu ahal izan daitezen.

Hala eta guztiz ere, horrek ez du eraginik izango otsailaren 22ko 279/1999 Errege Dekretuak onartutako lehen erregelamendu teknikoa (haren bitartez onartu zen telekomunikazio-azpiegitura komunak arautzen dituen erregelamendua) indarrean jarri aurretik eraikitze-fase aurreratuan edo jada amaituta zeuden eraikinetan (2000ko urtarrilaren 1a baino lehen amaitu zirenetan), edo indarra gal dezake azpiegitura horiek modu desegokian zaintzen badira.

2025eko Espainia Digitala Agendak hainbat neurri, erreforma eta inbertsio biltzen ditu, Europako Batzordeak aldi berrirako ezarritako politika digitalekin bat datozen hamar ardatz estrategikotan antolatuta. Agendaren ekintzen xedea da hazkunde jasangarriagoa eta inklusiboagoa sustatzea trantsizio digital eta ekologikoaren sinergien bultzadaz, eta herritar guztiei ekarriz onura. Helburuetako bat da herritar guztiei konektibitate digital egokia bermatzea, landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko arrakala digitala desagerrarazteko (2025eko helburua: biztanleriaren % 100, 100 Mps-ko estaldurarekin).

Aurrekoaren ondorioz, 2020ko abenduaren 1ean, Ministro Kontseiluak gizartearen, ekonomiaren eta lurraldeen Konektibitaterako eta Azpiegitura Digitaletarako Plana (aurrerantzean, Konektibitaterako Plana) onartu zuen. Horren 5. zeharkako ardatzaren 14. neurria eraikinetako telekomunikazio-azpiegiturak hobetzea da.

COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioaren neurria dela eta, Europa mailako erantzun bateratua eman behar izan da; hots, «Next Generation EU» suspertze-funts berria abian jartzea. Funts horren helburua da 2021etik aurrera Batasuneko ekonomiak suspertzen laguntzea. Funts horren barruan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) aukera emango dio Espainiari aurrekaririk gabeko inbertsio-bolumena mobilizatzeko.

Inbertsio horiek bideratze aldera, Europako Batzordearen 2021eko ekainaren 16ko aldeko txostena duen eta Europar Batasuneko Kontseiluak 2021eko uztailaren 6an onartu zuen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak Espainiako ekonomia modernizatzeko agenda zehazten du, funts horretatik etorriko diren baliabide ekonomikoak erabiliz.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana herrialde-proiektu bat da, eta ekonomia eta gizartearen arloko eragile guztiek, gobernu-maila guztiek eta administrazio publikoaren baliabide guztiek parte hartzea eskatzen du. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana osatzen duten proiektuei esker, egiturazko erreformak egin ahal izango dira datozen urteetan, arau-aldaketen eta inbertsioen bidez, eta, beraz, produkzio-eredua aldatuko da ekonomia suspertzeko, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoren. Gainera, funts horiek aplikatuta, egitura ekonomikoaren eraldaketa bideratuko da, eta, modu horretan, erresilienteagoa eta inklusiboagoa izango da, bereziki, interes sozial, publiko eta ekonomikoarentzat.

SEEPek barne hartzen dituen hamar palanka-politiken barnean, hogeita hamar ekintza-ildoetako bat 15. osagaia da (konektibitate digitala, zibersegurtasunaren bultzada eta 5Garen hedapena), zeinaren helburuetako bat baita eraldatze digitala bultzatzea; alegia, biztanleriaren % 100ak konektibitate egokia edukitzea, landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko arrakala digitala desagerrarazteko.

Konektibitaterako plan horrekin bat, orobat, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 15. osagaiaren barnean, C15.I4 inbertsioa aurreikusi da («Azpiegituren berrikuntza eta jasangarritasuna. Eraikinetako telekomunikazio-azpiegiturak jartzeko ekipamendua hobetzea, sare-hedapena hobetzeko eta energia-kontsumoa murrizteko»).

Aurreko guztia lortzeko, 2021eko azaroaren 17an, azaroaren 16ko 990/2021 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinaren bitartez onartzen baita autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei zuzeneko dirulaguntzak ematea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan eraikinetako telekomunikazio-azpiegiturak hobetzera bideratutako hainbat jarduera egiteko (aurrerantzean, 990/2021 Errege Dekretua).

Errege Dekretu horren xedea da eraikinetan telekomunikazio-instalazioak hobetzeak dakartzan kostuak konpentsatzeko laguntza-programa bat abian jartzea, zehazki, eraikinetako telekomunikazio-zerbitzuetarako sarbide-azpiegitura komunei buruzko 1/1998 Errege Lege Dekretuaren (eraikinen barruan telekomunikazio-zerbitzuetarako sarbide-azpiegitura komunak arautzen dituen erregelamendua onartzen duen martxoaren 11ko 346/2011 Errege Dekretuaren bidez garatua) babesean instalatutako telekomunikazio-azpiegitura komunik ez duten eta jabetza horizontalaren araubideari atxikita dauden eraikinetan.

Laguntza-programa honek, halaber, ondorengo helburua du: erabiltzen ez diren irrati eta telebista antenak eta kableak kentzea, irrati- eta telebista-hargailu indibidualak eta hargailu kolektiboen instalazio zaharrak ordeztea hargailu-sistema kolektibo komun eguneratuekin, eraikinen barruan zuntz optikoko edo kable ardazkideko sareak instalatzea eta urbanizazioetan operadore anitzeko sareak jartzea, baldin eta, aplikagarria den heinean, telekomunikazio-azpiegitura komunen alorrean indarrean dagoen araudian aurreikusitakoa betetzen badute; hori guztia, banda zabal ultralasterreko zerbitzuak ematea errazteko.

Horrela, 990/2021 Errege Dekretuak, alde batetik, autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei laguntzak zuzenean ematea arautzen du, ezohiko izaeraz eta interes publiko, sozial eta ekonomikoko arrazoiengatik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.c) eta 28. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. Horiek nola banatu eta entregatu ere arautzen du.

Interes publiko, ekonomiko eta sozialeko arrazoiak egiaztatuta geratzen dira konektibitatea ezinbesteko elementua delako ekonomiaren eta gizartearen eraldaketa digitalerako; eta hori funtsezkoa da landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko arrakala digitalari eta erronka demografikoari aurre egiteko.

Errege Dekretu horrek arautzen dituen dirulaguntzak bereziak dira; izan ere, premiazkoa da ekonomia suspertzea eta diruz lagun daitezkeen jarduerak (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean sartuta daudenak) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsekin finantzatzearen aukera aprobetxatzea, bai eta datozen urteetan Espainiako ekonomia eraldatzea ere.

Halaber, 990/2021 Errege Dekretuak jasotzen ditu autonomia-erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien oinarri arautzaileek bete beharreko xedapen guztiak, laguntzen azken hartzaileei dirulaguntzak emateko.

Laguntza hau Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko 2022. urteko dirulaguntzen plan estrategikoan sartzen da. Plan hori Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak onartu zuen, 2022ko martxoaren 3ko Aginduaren bidez.

Azaldutakoan oinarrituta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenen arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Eraikinetan telekomunikazio-azpiegiturak hobetzera bideratutako hainbat jarduera gauzatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea («Eraikinetan telekomunikazio-azpiegiturak hobetzera bideratutako hainbat jarduera gauzatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak, Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan» eranskinean jasotakoak) bai eta laguntza-programa horren deialdia egitea ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 14a.

Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA
EUROPAR BATASUNAK FINANTZATUTAKO NEXT GENERATION EU SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANAREN ESPARRUAN TELEKOMUNIKAZIO-AZPIEGITURAK HOBETZERA BIDERATUTAKO HAINBAT JARDUERA GAUZATZEKO LAGUNTZA-PROGRAMAREN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehenengo artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da jabetza horizontalaren araubideari atxikitako eraikin baten edo eraikin multzo baten jabekideen erkidegoei dirulaguntzak ematea, jarduera hauetarako:

a) Soinudun irrati-difusiora, telebista digitalera eta banda zabal ultralasterrera egokitutako telekomunikazio-azpiegitura (instalazio osoa):

2000ko urtarrilaren 1a baino lehen amaitutako eraikinetan, soinudun irrati-difusioko, telebista digitaleko eta banda zabal ultralasterreko ekipamenduak eta sistemak instalatutako edo instalatu beharreko Erabiltzailearentzako Sarbide Puntuaren (ESP) kokapen baliokideraino erabat egokitzeko jarduera, dagozkion hodiekin, hala behar izanez gero.

Honako hauek berrituko dira:

– Hargailuak, doigailuak, banagailuak eta hedagailuak, eta behar dituzten kableak, gutxienez irratiz zabaldutako zerbitzuak behar bezala hartu, banatu eta entregatzen direla ziurtatzeko. Horretarako, martxoaren 11ko 346/2011 Errege Dekretuak onartutako erregelamenduaren I. eranskinean aurreikusitako ezaugarri teknikoak hartuko dira erreferentziatzat. Era berean, komunikazio elektronikoen operadoreei kontsulta egin ondoren, eraikuntzan banda zabal ultralasterreko sare bat zabalduko da, higiezinean instalatu beharko den interkonexio-puntutik Erabiltzailearentzako Sarbide Puntu bakoitzeraino. Horretarako, martxoaren 11ko 346/2011 Errege Dekretuak onartutako erregelamenduaren II. eranskinean aurreikusitako ezaugarri teknikoak hartuko dira erreferentziatzat.

– Eta, hala badagokio, erabiltzen ez diren kanpoko telekomunikazio-ekipamenduak eta -sistemak desinstalatu eta kenduko dira, aurreko jarduerak egin ondoren; hala nola, aparamenta, kableak eta antenak, horiei lotutako gailu elektriko edo elektronikoak barne. Eta ingurumen-kudeaketa egokia egingo da, indarrean dagoen eta sortutako hondakinei aplika dakiekeen araudia betez.

b) Soinudun irrati-difusiorako, telebista digitalerako eta banda zabal ultralasterrerako egokitutako telekomunikazio-azpiegitura (instalazio partziala, ez baititu barne hartzen soinudun irrati-difusiorako eta telebista digitalerako hargailuak –antenak– eta doigailuak –burualdeko ekipamenduak–):

2000ko urtarrilaren 1a baino lehen amaitutako eraikinetan, irrati-difusioko, telebista digitaleko eta banda zabal ultralasterreko ekipamenduak eta sistemak instalatutako edo instalatu beharreko Erabiltzailearentzako Sarbide Puntuaren (ESP) kokapen baliokideraino egokitzeko jarduera, dagozkion hodiekin, hala behar izanez gero.

Ildo honekin, ondorengoak berrituko dira:

– Banagailuak eta hedagailuak, eta behar dituzten kableak, irrati-difusioko zerbitzuak, gutxienez, behar bezala banatu eta entregatzen direla ziurtatzeko. Horretarako, martxoaren 11ko 346/2011 Errege Dekretuak onartutako erregelamenduaren I. eranskinean aurreikusitako ezaugarri teknikoak hartuko dira erreferentziatzat. Era berean, telekomunikazio elektronikoen operadoreei kontsulta egin ondoren, eraikuntzan banda zabal ultralasterreko sare bat zabalduko da, higiezinean instalatu beharko den interkonexio-puntu batetik ESP bakoitzeraino, aipatutako baldintzetan. Horretarako, martxoaren 11ko 346/2011 Errege Dekretuak onartutako erregelamenduaren II. eranskinean aurreikusitako ezaugarri teknikoak hartuko dira erreferentziatzat.

– Eta, hala badagokio, erabiltzen ez diren kanpoko telekomunikazio-ekipamenduak eta -sistemak desinstalatu eta kenduko dira, aurreko jarduerak egin ondoren; hala nola, aparamenta, kableak eta antenak, horiei lotutako gailu elektriko edo elektronikoak barne. Eta ingurumen-kudeaketa egokia egingo da, indarrean dagoen eta sortutako hondakinei aplika dakiekeen araudia betez.

c) Telekomunikazio-azpiegitura, banda zabal ultralasterrerako soilik egokitua:

2000ko urtarrilaren 1a baino lehen amaitutako eraikinetan, banda zabal ultralasterreko ekipamenduak eta sistemak instalatutako edo instalatu beharreko Erabiltzailearentzako Sarbide Puntuaren (ESP) kokapen baliokideraino egokitzeko jarduera, dagozkion hodiekin, hala behar izanez gero.

Ildo honekin, ondorengoak berrituko dira:

– Era berean, komunikazio elektronikoen operadoreei kontsulta egin ondoren, eraikuntzan banda zabal ultralasterreko sare bat zabalduko da, higiezinean instalatu beharko den interkonexio-puntu batetik ESP bakoitzeraino, aipatutako baldintzetan. Horretarako, martxoaren 11ko 346/2011 Errege Dekretuak onartutako erregelamenduaren II. eranskinean aurreikusitako ezaugarri teknikoak hartuko dira erreferentziatzat.

– Eta, hala badagokio, erabiltzen ez diren kanpoko telekomunikazio-ekipamenduak eta -sistemak desinstalatu eta kenduko dira, aurreko jarduerak egin ondoren; hala nola, aparamenta, kableak eta antenak, horiei lotutako gailu elektriko edo elektronikoak barne. Eta ingurumen-kudeaketa egokia egingo da, indarrean dagoen eta sortutako hondakinei aplika dakiekeen araudia betez.

2.– Agindu honek «UNICO/Eraikinak» programako dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak arautu eta ezartzen ditu. Programa hori 4. inbertsioan dago («Azpiegituren berrikuntza eta jasangarritasuna. Telekomunikazio-azpiegiturak ezartzeko ekipamendua hobetzea»), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren «Konektibitate digitala, zibersegurtasuna bultzatzea eta 5Ga hedatzea» 15. osagaiaren barruan.

3.– Oinarri hauen arabera emandako dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzekoak) ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatuko dira. Europako funtsekin finantza daitezkeen dirulaguntza horiek izapidetzeko eta emateko, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko presako neurriak onartzeko abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoa aplikatuko da, aplikatzekoa den gainerako araudiari kalterik egin gabe.

4.– Laguntzaren xede diren jarduerak egiteko gehieneko epea 2023ko abenduaren 31 da.

Bigarren artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Oinarri arautzaile hauetan arautzen diren dirulaguntzak, oinarrietan xedatutakoaz gain, dagokion deialdiaren eta dirulaguntza emateko ebazpenaren arabera ere arautuko dira, baita honako arau hauetan xedatutakoaren arabera ere:

a) 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

b) 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

d) 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena.

e) 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

f) 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

g) 36/2020 Errege Lege Dekretua, abenduaren 30ekoa, zeinaren bidez presako neurriak onartzen baitira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko.

h) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.

i) HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duena.

j) HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaietako neurrien mugarri eta helburuen betetze-mailari eta neurrion aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari jarraipena egiteko.

k) 11/2021 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

l) Indarrean den Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legea.

m) 9/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.

n) 990/2021 Errege Dekretua, azaroaren 16koa, zeinaren bitartez onartzen baita autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei zuzeneko dirulaguntzak ematea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, eraikinetako telekomunikazio-azpiegiturak hobetzera bideratutako hainbat jarduera gauzatzeko.

2.– Hauek ere aplikatuko dira:

a) Gobernu Kontseiluaren Erabakia, 2022ko otsailaren 8koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako jardueren eta proiektuen aurrekontu- eta kontabilitate-betearazpenari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa (Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren martxoaren 1eko 30/2022 Ebazpenaren bidez argitaratutakoa 2022ko martxoaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 46. zenbakian).

b) Gobernu Kontseiluaren Erabakia, 2022ko martxoaren 29koa, «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako eta interes-gatazkaren, finantzaketa bikoitzaren eta estatu-laguntzen eta ingurumen-kalte ez-esanguratsuaren arloko betebeharrak betetzeko neurrien plana» onartzen duena.

3.– Onuradunek nahitaez bete beharko dituzte laguntza ematen duen administrazioak eta Estatuko eta Europako gainerako agintari eskudunek horretarako eman ditzaketen jarraibideak.

Hirugarren artikulua.– Jardueren denbora-esparrua.

Laguntza-programa hau 2022ko eta 2023ko ekitaldietan gauzatuko da.

2020ko otsailaren 1etik aurrera hasitako neurriek finantzaketa jasotzeko aukera izango dute, betiere aipatutako erregelamenduan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarren artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta finantzaketa, eta beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Dirulaguntzak Europako Suspertze Tresnatik («Next Generation EU») eratorritako finantza-baliabideen bidez finantzatuko dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzekoak) ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.

2.– Lehenengo oinarriaren xedera bideratutako baliabide ekonomikoak 4.059.000 euro dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasotako honako urte hauetan banatuta:

2022ko ekitaldia: 10.147 euro.

2023ko ekitaldia: 4.048.853 euro.

3.– Oinarri hauetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izango dira edozein administraziok edo erakunde publiko edo pribatuk xede berarekin ematen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako inbertsio-proiektuek Batasuneko beste programa eta tresna batzuen laguntza jaso dezakete, baldin eta laguntza horrek ez badu asetzen programa horretatik eratorritako dirulaguntzak finantzatzen duen kostu bera. Onuradunak dirulaguntza ematen duen administrazioari jakinarazi beharko dio helburu bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso dituela Estatuko edo nazioarteko beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, baina kostu beraren gaineko finantzaketa bikoitzik izan gabe.

Suspertze eta Erresilientzia Tresnak finantzatutako inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jaso ahalko dute, betiere laguntza horrek kostu bera asetzen ez badu. Horrela, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzari informazioa emango zaio kostu berberak finantzatzen lagundu duen beste edozein funtsi buruz (Europakoa izan ala ez).

4.– Agindu honetan araututako dirulaguntza gauzatzeko erabilgarri dauden funtsek dirulaguntzen programari esleitutako 052 etiketatze digitaletik eratorritako betebeharrak bete beharko dituzte. Inola ere ez dira diruz lagunduko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean ezarritako etiketatze berdea eta digitala betetzen ez duten proiektuak.

«Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren azterketa, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruz Kontseiluak hartutako Exekuzio Erabakiaren Proposamenarekin batera datorrena» izenekoaren 6.1 eranskinak 052 etiketa digitala esleitzen dio neurriari, eraldaketa digitalari % 100eko ekarpena eginda, eta hori bermatu egin beharko da une oro.

Bosgarren artikulua.– Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean finkatutako helburuak eta mugarriak betetzea eta gauzatzea.

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planak ezartzen du Planaren osagai bakoitzak lehen mailako CID (Council Implementing Decision) mugarriak/helburuak izango dituela esleituta. Neurriei esleitutako mugarriak/helburuak (OA, Operational Arrangement) bigarren mailakoak dira. Batzuk zein besteak elkarren artean erlazionatzen dira, esleituta izango dituzten aurrerapen-adierazleen bidez. Eta, azkenik, hirugarren mailako adierazleak izango dira neurriak garatzen diren proiektu edo azpiproiektuei esleitutako kudeaketa-mugarriak/-helburuak.

Hala, C15.I4rako, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruz Kontseiluak hartutako Exekuzio Erabakiak (Council Implementing Erabakia – CID) adierazten du inbertsioa ondorengoa izango dela: lehendik dagoen higiezinen parkearen zati bat ekipatzea, sarbideko azken milian ahalmen oso handiko sareen hedapen optimoa ahalbidetuko duten azpiegiturekin. Inbertsio horrekin, belaunaldi berriko sarbide-sareen hedapena modu jasangarrian koordinatu eta optimizatzeaz gain, hedatutako sareen energia-kontsumoa optimizatzea espero da.

Gehienez ere, inbertsioak 2023ko abenduaren 31rako egon beharko du amaituta.

Itzuli ezin diren finantza-laguntzei buruzko mugarriei, helburuei, adierazleei eta jarraipen- eta gauzatze-egutegiari dagokienez, C15.I4ren kasuan bezala, kontuan hartu behar da helburu horren izena «Eraikinetako telekomunikazio-azpiegitura egokitzea» dela. Helburu kuantitatiboa 13.600 eraikin dira, eta 2023. urteko laugarren hiruhilekoan amaitu beharko dira.

Xedea honela definitu da: «Gutxienez 13.600 eraikinetan konektibitate-sareen azpiegitura komuna hobetzeko obrak amaitzea, oso ahalmen handiko sare bihurtzeko».

Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, eraikinetako telekomunikazio-azpiegiturak hobetzera bideratutako hainbat jarduera gauzatzeko, autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei zuzeneko dirulaguntzak ematea onartzen duen azaroaren 16ko 990/2021 Errege Dekretuaren I. eranskinaren bidez zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoak 690 esku-hartze edo eraikin gauzatu beharko dituela.

Errege Dekretu horren 6.6 artikuluan adierazten denez, gastua egiten ez bada edo Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezarritako mugarriak eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko C15.I4 inbertsiorako konprometitutako ekarpena osorik edo zati batean betetzen ez bada, autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek Altxor Publikora itzuli beharko dituzte jasotako funtsak, balizko ez-betetzeen ondorioz, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoarentzat 2021. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen 7. artikuluan eta abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 37.4 artikuluan ezarritakoarekin bat; eta hori, laguntzen azken hartzaileen aurrean sustatu beharreko itzulketa-prozedurei kalterik egin gabe. Altxor Publikoari egin beharreko itzulketa-prozedura Ogasuneko Ministerioko titularraren agindu bidez arautuko da.

Seigarren artikulua.– Dirulaguntzen hartzaileak.

1.– Jabetza horizontalaren araubidearen mende dauden eta Kode Zibilaren 396. artikuluan eta Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen korrelatiboetan zehaztuta dauden eraikinen edo eraikin multzoen jabekideen erkidegoek eskatu eta, hala badagokio, jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta eraikinaren edo eraikin multzoaren barruko telekomunikazio-instalazioak egokitu behar badituzte.

2.– Dirulaguntzaren onuradun izateko, dirulaguntza emateko arrazoi den egoeran egon beharko du.

Zazpigarren artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan jasotako debekuren bat duten jabekideen erkidegoak, hura aplikagarri bazaie. Horretarako, eta dirulaguntza eman duen administrazioak laguntza-eskabidearekin batera egiaztatu ahal izango duen arren, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko da, non dirulaguntzak edo laguntzak itzultzeko betebeharrik ez izatea edo, bestela, betebehar horiek bete izana egiaztatuko den. Administrazioak ofizioz egiaztatuko du onuradunek egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, salbu eta horiek berariaz aurka egiten badiote; kasu horretan, onuradunak dagozkion ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

2.– Dirulaguntzen hartzaileek jasotzen duten laguntzaren zenbateko osoa diruz lagun daitezkeen jarduerak ordaintzeko erabiliko dute, eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan aurreikusitako betebeharren mende geratuko dira, bai eta azaroaren 16ko 990/2021 Errege Dekretuan jasotako betebeharren mende ere (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, telekomunikazio-azpiegiturak hobetzera bideratutako hainbat jarduera gauzatzeko, autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei laguntzak zuzenean ematea onartzen duena). Baita honako betebehar hauen mende ere: oinarri hauetan eta deialdian zehaztutakoak, eta laguntza emateko ebazpenean eta, hala badagokio, gauzapenaren, jarraipenaren, laguntzen ordainketaren, informazioaren eta publizitatearen, justifikazioaren eta gastuaren kontrolaren arloan Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioak emandako berariazko jarraibideetan agertzen direnak.

3.– Hartzaileek kontabilitate-sistema bereizia izan beharko dute, edo kontabilitate-kode bereizia, transakzio guztiak behar bezala jasoko dituena. Halaber, kontabilitateko liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak izan beharko dituzte, onuradunari aplikatu ahal zaion legediak eskatutako baldintzetan, bai eta froga-balio baliokideko gastu-frogagiriak eta dagozkion ordainagiriak ere. Dokumentu multzo hori izango da emandako laguntza justifikatzeko euskarria, eta onuradunen kontabilitatean modu egokian islatuta egon beharko du. Onuradunek hamar urtez gorde beharko dute, gutxienez.

4.– Aurreko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako betebeharrak ez betetzeak kobratzeko eskubidea galtzea edo emandako laguntza itzultzea eragin dezake, espedientea izapidetzen ari den prozedura-fasearen arabera.

Zortzigarren artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerei aplika dakizkiekeen betekizun eta prozedura teknikoak.

1.– Onuradunek Europar Batasuneko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeari buruzko Estatuko eta Europako betebehar hauek bete beharko dituzte. Horretarako, betebehar hauek izango dituzte:

a) DNSH – Do Not Significant Harm Printzipioa (ingurumenari kalte esanguratsurik ez eragiteko printzipioa) eta etiketatze digitalaren baldintzak (052) erabat betetzen direla bermatzea, honako hauek ezarritakoarekin bat: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana; Kontseiluaren Exekuzio Erabakia, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoa (Council Implementing Decision – CID); Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 5. artikulua (aginduak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eta hura garatzeko araudia eratzen ditu, proiektuaren diseinuaren eta exekuzioaren fase guztietan eta jarduera bakoitzerako banaka). Nolanahi ere, erakunde onuradunek printzipio hori betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak eta ezarpena ziurtatzeko neurri zuzentzaileak aurreikusiko dituzte, eta horren berri emango dute dirulaguntza justifikatzeko memorian.

b) Interes-gatazkarik, iruzurrik eta ustelkeriarik ez dagoela bermatzea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak 2022ko martxoaren 29an onartutako Iruzurraren aurkako Neurrien Plana baldintzarik gabe eta inolako erreserbarik gabe onartzea ere. Plan horren xedapenak bete beharko dituzte erabat, autonomia-erkidegoko, estatuko eta Europako araudia zeharo errespetatuz, iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari, antzemateari eta zuzentzeari dagokienez, eta Europar Batasunaren finantza-interesen babesaz bertako erakundeek har ditzaketen erabakiekin bat etorriz.

c) Onuradunak dirulaguntzak ematen dituen administrazioari jakinarazi beharko dio helburu bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso dituela Estatuko edo nazioarteko beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik, baina kostu beraren gaineko finantzaketa bikoitzik izan gabe.

d) Europako Batzordeak, Iruzurraren Aurkako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak eta Europako Fiskaltzak ezarritako kontrolak onartzea. Horretarako, organo horiei dirulaguntzari buruz eskatutako informazio guztirako sarbidea emango zaie, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2 e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Batzordeari, OLAFi, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari berariaz baimena ematea Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluaren 1. apartatuan aitortzen zaizkien eskubideak egikaritzeko, eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko erreformak eta inbertsio-proiektuak aplikatzeko neurrietarako ordaindutako funtsen azken hartzaile guztiak behartzeko, edo horien aplikazioan parte hartzen duten gainerako pertsona edo erakunde guztiak behartzeko, eta berariaz baimena ematea Batzordeari, OLAFi, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari Finantza Erregelamenduaren 129. artikuluaren 1. apartatuak aitortzen dizkien eskubideak erabiltzeko eta funtsen azken hartzaile guztiei antzeko betebeharrak ezartzeko.

f) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak zaindu eta gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan ahal daitezen, bost urtez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, azaroaren 16ko 990/2021 Errege Dekretuak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei eraikinetako telekomunikazio-azpiegiturak hobetzera bideratutako hainbat jarduera gauzatzeko zuzeneko laguntzak ematea onartzen duenak, 13. artikuluan ezartzen duenez, azken hartzaileek kontabilitate-sistema bereizia izan beharko dute, edo transakzio guztiak behar bezala biltzen dituen kontabilitate-kode bereizia. Halaber, kontabilitateko liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak izan beharko dituzte, onuradunari aplikatu ahal zaion legediak eskatutako baldintzetan, bai eta froga-balio baliokideko gastu-frogagiriak eta dagozkion ordainagiriak ere. Dokumentu multzo hori izango da emandako dirulaguntza justifikatzeko euskarria, eta onuradunen kontabilitatean modu egokian islatuta egon beharko du. Hamar urtez gorde beharko da, gutxienez.

g) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema zehazten duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluak ezarritako komunikazio-betebeharrak betetzea. Bereziki, inbertsioek garatutako jarduerei buruzko informazio- eta komunikazio-neurrietan (informazio-kartelak, plakak, argitalpen inprimatu eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, web orriak, iragarkiak eta prentsako iragarkiak, ziurtagiriak eta abar) ondoko logoak jarri beharko dira: a) Europar Batasunaren ikurra; b) Batasunaren ikurrarekin batera, «Europar Batasunak-Next Generation EUk finantzatuta» testua; c) «UNICO programa – Eraikinak» testua ere sartu beharko da; d) 821/2014 Exekuzio Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako arau grafikoak eta kolore normalizatuak hartuko dira kontuan.

h) Beren identifikazio-datuak datu-base bakarrean sartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan adierazitakoaren arabera.

2.– Dirulaguntza lortzeko, gainera, deialdi honetako lehenengo oinarrian aipatzen diren jardueretan, onuradunek C15.I4 inbertsioa gauzatzeko berariazko baldintzak ere bete beharko dituzte. Hain zuzen, honako hauek:

a) Erabiltzen dituzten ekipamenduek energia-kontsumoarekin lotutako baldintzak beteko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 2009/125/EE Zuzentarauaren arabera ezarritakoak. Zuzentarau horren bidez, esparru bat ezartzen da energiarekin lotutako produktuei, zerbitzariei eta datuak biltegiratzeari, edo konputagailuei eta konputagailuen eta pantaila elektronikoen zerbitzariei aplikatzekoak zaizkien diseinu ekologikoko baldintzak ezartzeko. IT azpiegiturak instalatzeko, datu-zentroen energia-efizientziari buruzko Europako Jokabide Kodearen bertsio berriena erabiliko da, edo «CEN-CENELEC CLC TR50600-99-1 Datu-zentroen instalazioak eta azpiegiturak» dokumentua – 99-1 zatia: Energia-kudeaketarako gomendatutako jardunbideak.

b) IT azpiegituren instalazioen arrisku klimatikoaren eta kalteberatasunaren ebaluazioa egingo da, eta, hala badagokio, kasu bakoitzerako egokitzapen-neurri egokiak ezarriko dira.

c) Uraren kalitatearen kontserbazioarekin eta estres hidrikoaren prebentzioarekin lotutako ingurumen-narriadurako arriskuak identifikatu eta jorratuko dira, uraren egoera ona eta potentzial ekologiko ona lortzeko helburuarekin, inbertsio jasangarriak ahalbidetzeko esparru bat ezartzeari buruzko eta 2000ko urriaren 23ko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 22. eta 23. puntuetan zehazten den bezala; baita uraren erabilera eta babesa kudeatzeko plan bat lortzeko helburuarekin ere, haren arabera garatua, balizko eragina izan duten ur-masa edo -masetarako, alderdi interesdunei kontsulta eginda. Neurri honetan jasotako jarduerak garatzeko baldintza gisa, ez da hidrologia alda dezakeen azpiegiturarik egingo.

d) Erabilitako ekipamenduek bete egin beharko dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 2009/125/EE Zuzentarauaren arabera ezarritako materialen efizientziari buruzko baldintzak. Zuzentarau hori zerbitzari eta datu-biltegiei, ordenagailuei eta ordenagailu edo pantaila elektronikoen zerbitzariei buruzkoa da. Ekipamenduek ez dituzte izango tresna elektriko eta elektronikoetan substantzia arriskutsu jakin batzuk erabiltzeko murrizketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko ekainaren 8ko 2011/65/EB Zuzentarauaren II. eranskinean zerrendatutako substantzia debekatuak, material homogeneoetako pisu-kontzentrazioaren balioek eranskin horretan zerrendatutakoak gainditzen ez dituztenean izan ezik. Bizitza baliagarriaren amaieran, ekipamendua berrerabiltzeko, berreskuratzeko edo birziklatzeko operazioetarako prestatuko da, edo tratamendu egokia emango zaio, jariakin guztiak desagerraraztea eta gaikako tratamendua egitea barne, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko uztailaren 4ko 2012/19/EB Zuzentarauaren –gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei (GEEH) buruzkoa– VII. eranskinaren arabera.

e) Inbertsio horretan aurreikusitako jardueretan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez-arriskutsuen % 70 (pisuan) gutxienez (2000/532/EB Erabakiak finkatutako Europako Hondakinen Zerrendan 17 05 04 kategorian aipatutako material naturala izan ezik) berrerabiltzeko, birziklatzeko eta beste material batzuk berreskuratzeko prestatuko da, bestelako material batzuk ordezkatzeko hondakinak erabiliz egindako betelanak barne, hondakinen hierarkiaren eta EBren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloaren arabera.

f) Azpiegiturak eraikitzeko ardura duten eragileek hondakinen sorkuntza mugatu beharko dute eraikuntzarekin eta eraispenarekin zerikusia duten prozesuetan, EBren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz, teknika erabilgarri onenak kontuan hartuta eta gaikako eraispena erabiliz, substantzia arriskutsuak modu seguruan desagerrarazi eta manipulatu ahal izateko eta kalitate handiko berrerabilpena eta birziklapena ahalbidetzeko, materialak gaika desagerraraziz, eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen-sistemak erabiliz.

g) Eraikinen diseinuek eta eraikuntza-teknikek zirkulartasuna bultzatuko dute, bereziki eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko ISO 20887 arauari jarraikiz: nola dauden diseinatuta baliabideen erabileran efizienteagoak, moldagarriak, malguak eta desmuntagarriak izateko, berrerabiltzea eta birziklatzea ahalbidetzeko.

h) Gainera, neurriak hartuko dira obra-fasean zarata, hautsa eta emisio kutsagarriak murrizteko, eta neurri horri lotutako jarduerak beti egingo dira indarrean dagoen araudi aplikagarria betez, lurzoruak eta ura kutsatzeko arriskuari dagokionez.

i) IT azpiegituren instalazioek ekosistemen baldintza onetan eta erresilientzian eragin negatiborik izango ez dutela ziurtatuko da, ezta habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeran ere, bereziki Batasunaren intereseko espazioetan. Horregatik, nahitaezkoa denean, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioa egingo da, 2011/92/EU Zuzentarauan ezarritakoaren arabera.

Baina, aurrekoez gain, 990/2021 Errege Dekretuan ezarritako baldintza hauek ere kontuan hartu beharko dira:

j) Telekomunikazio-enpresa instalatzaileen erregistroan (telekomunikazio-ekipamenduak eta -sistemak instalatzeko eta mantentzeko jarduera arautzen duen Erregelamenduaren –martxoaren 5eko 244/2010 Errege Dekretuak onartutakoa– 3. artikuluak aipatzen du erregistro hori) inskribatutako enpresa instalatzaileek egitea. Zehazki, «F» jarduera motan, telekomunikazio-ekipamenduak eta -sistemak instalatzeko eta mantentzeko jarduera arautzen duen Erregelamendua garatzen duen apirilaren 29ko ITC/1142/2010 Aginduan ezarritakoaren arabera.

k) Telekomunikazio-azpiegitura komunen arloko tituludun eskudunak sinatutako proiektu teknikoa izatea.

l) Laguntzaren xede diren jarduerek indarreko araudi aplikagarria bete beharko dute eta, horrez gain, derrigorrezko administrazio-lizentziak eta -baimenak ere izan beharko dituzte, beharrezkoa izanez gero.

m) Deialdi honetako lehenengo oinarrian deskribatutako jarduerak gauzatzeko, baldin eta, jarduera horien ondorioz, eraikinetan edo eraikin multzoetan banda zabal ultralasterreko azpiegitura bat hedatuko bada, erabili beharreko eramaile motari buruz kontsultatuak izateko interesa duten operadoreek informazio-puntu bat prestatuko dute proiektugileentzat, eta Interneteko esteken berri emango diote Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzari, haren web orrian argitara ditzan.

n) Egindako kontsulta-egunetik gehienez 15 egun balioduneko epean operadorerik ez badago, edo kontsultatua izateko interesa duen operadorerik ez badago, proiektu teknikoak zuntz optikoaren kableatua izango du soilik, eramaile gisa.

o) Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzak, beharrezkoa izanez gero, 990/2021 Errege Dekretuan deskribatutakoaren informazioa kontsultatu eta trukatzeko ordezko prozedura bat gaitu ahal izango du.

p) Gainera, lehenengo oinarrian zehaztutako hiru jardueretako bakoitzerako, proiektu teknikoa, telekomunikazioen instalazio-buletina, berariazko proben protokoloa eta obraren amaierako ziurtagiria, eta, hala badagokio, zuinketa-akta, ekainaren 10eko ITC/1644/2011 Aginduan aurreikusitako prozedura betez aurkeztu eta izapidetuko dira. Agindu horren bidez, eraikinen barrualdeko telekomunikazio-zerbitzuetarako telekomunikazio-azpiegitura komunak arautzen dituen erregelamendua garatzen da, martxoaren 11ko 346/2011 Errege Dekretuak onartutakoa.

q) Halaber, Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzak bere webgunean argitaratuko ditu lehen aipatutako dokumentuen ereduak, deialdi honen lehenengo oinarrian jasotako jarduera bakoitzari egokitzen zaizkionak, kasu bakoitzean bete beharreko edukiak eta alderdi teknikoak normalizatzeko helburuarekin; era berean, lanak egiteaz arduratzen den enpresa instalatzaile erregistratuak jabetzari emandako Berritze Txosten Teknikoaren eredu banakatua argitaratuko da.

Bederatzigarren artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Laguntzak zuzenean erlazionatuta dauden eta proiektuak egiteko beharrezkoak diren inbertsioak eta gastuak finantzatzeko erabiliko dira, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluan eta lege horren Erregelamenduaren 89. artikuluan aurreikusitako moduan; eta eskabidea aurkezten denetik proiektua amaitzen den egunera arteko epean gauzatuko dira. 2020ko otsailaren 1etik aurrera hasitako neurriek finantzaketa jasotzeko aukera izango dute, betiere aipatutako erregelamenduan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izango dira:

a) Telekomunikazioen arloan eskumena duen tituludunaren jarduerari lotutako lanak hauek izango dira: dagokion proiektu teknikoa egitea, obra-zuzendaritza eta azken ziurtagiria, bai eta beharrezkoak diren berritze- eta memoria- txosten teknikoak eta, hala badagokio, telekomunikazio-operadoreei kontsulta egitea eta proiektua eta ziurtagiria borondatez egiaztatzea ere.

b) Enpresa instalatzailearen jarduerari lotutako lanak hauek izango dira: obra-aurrekontua egitea, gauzapen materialak (behar den edozein motatako ekipamendua eta egiaztapen-neurriak eta dagokion eskulana egitea), telekomunikazioen instalazio-buletina eta lotutako proben protokoloa egitea, eta, hala badagokio, desinstalazioaren kostuak eta erabiltzen ez diren kanpoko telekomunikazio-sistemak eta -ekipamenduak kentzea, betiere diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta ingurumen-kudeaketa egokia egin ondoren, eta produktuaren sustatzailearen erantzukizun hedatuko erregimenak araututako sistemak edo ekipamenduak ez badira.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen barruan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.8 artikuluaren arabera, zeharkako zerga aplikagarriak onartuko dira, onuradunak ezin dituenean berreskuratu edo konpentsatu. Hala ere, berariaz baztertzen da, dirulaguntza jaso dezaketen gastuetatik, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ).

4.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean txikizkako kontratuetarako ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean, onuradunak zenbait hornitzaileren hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar besteko erakunderik ez dagoenean izan ezik.

5.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31.4.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, laguntzaren xede diren azpiegitura eta ekipamenduek proiektuaren xede zehatzari lotuta egon beharko dute gutxienez bost urtez, proiektua amaitzen denetik, edo, bestela, haren bizitza baliagarria bukatu arte, azken hori bost urte baino gutxiagokoa bada.

Hamargarren artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Emandako laguntzak bateragarriak izango dira Estatuko edo nazioarteko edozein administrazio edo erakunde publikoren eta, bereziki, Europar Batasunaren beste programa edo tresna batzuetako edozein laguntzarekin, baldin eta laguntza horrek kostu berberak asetzen ez baditu, honako honekin bat etorriz: Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan aurreikusitako finantzaketa ez bikoiztearen printzipioa, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplika dakizkiokeen finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko ekainaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduarekin bat.

Hamaikagarren artikulua.– Laguntzen intentsitatea eta gehieneko zenbatekoa.

1.– Laguntzen intentsitatea honela ulertzen da: laguntzaren zenbateko gordina, proiektuan diruz lagundu daitezkeen gastuen ehunekoan adierazita.

Laguntzaren gehieneko intentsitatea fakturetan jasotako diruz laguntzeko moduko kostuen ehuneko 70 izango da.

2.– Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, lehenengo oinarrian aurreikusitako kasu bakoitzerako eta hartzaile bakoitzarentzat (gehienez ere 35 etxebizitza, eraikinaren edo eraikin multzoaren higiezin-unitatetzat hartuta), ondorengoa izango da:

a) Soinudun irrati-difusiora, telebista digitalera eta banda zabal ultralasterrera egokitutako telekomunikazio-azpiegitura (instalazio osoa):

a) Laguntzaren gehieneko zenbatekoa: 16.660 euro.

b) Hau da kalkulu-formula aplikagarria: (680 euroko kostu unitarioa * 35 etxebizitza) * laguntzaren intentsitatearen ehuneko 70.

b) Soinudun irrati-difusiorako, telebista digitalerako eta banda zabal ultralasterrerako egokitutako telekomunikazio-azpiegitura (instalazio partziala, ez baititu barne hartzen soinudun irrati-difusiorako eta telebista digitalerako hargailuak –antenak– eta doigailuak –burualdeko ekipamendua–):

a) Laguntzaren gehieneko zenbatekoa: 14.700 euro.

b) Hau da kalkulu-formula aplikagarria: (600 euroko kostu unitarioa * 35 etxebizitza) * laguntzaren intentsitatearen ehuneko 70.

c) Telekomunikazio-azpiegitura, banda zabal ultralasterrerako soilik egokitua:

a) Laguntzaren gehieneko zenbatekoa: 11.882,50 euro.

b) Hau da kalkulu-formula aplikagarria: (485 euroko kostu unitarioa * 35 etxebizitza) * laguntzaren intentsitatearen ehuneko 70.

2.– Dirulaguntzen zenbatekoa –bera bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta–, inoiz ez da izango diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

Hamabigarren artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Eskabideak zein erantsitako dokumentazioa edo espedientea izapidetzeko oinarri hauetan eskatutako informazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan adierazitakoa betez.

Eskabideei aurkeztu diren ordena zehatzaren arabera erantzungo zaie, harik eta funtsak agortu arte, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 62.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Funtsak agortu izanaren berri egoitza elektronikoan emango da, interesdunek horren berri izan dezaten.

Aurrekontua agortutzat joko da dirulaguntzetarako zenbateko osoa bukatzen duen azken laguntza-eskaera erregistratzen den unean. Aurrekontua agortzen bada, eta programaren indarraldia amaitu ez bada (2021eko abenduaren 31), behin-behineko erreserba-zerrendan laguntza-eskaerak erregistratzen jarraitu ahal izango da. Sarrera-ordena zehatzaren arabera erantzungo zaie eskabideei; kontu hori dagokion eskatzaileari jakinaraziko zaio, jakinaren gainean egon dadin, eta aurretiazko laguntza-eskaerak ezetsi edo ukatzeagatik aurrekontua erabilgarri egotearen edo, bestela, deialdiari aurrekontu berria txertatzearen mende geratuko dira. Eskabidea behin-behineko erreserba-zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera baliozkotu arte.

Eskabideak orri honetan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/servicios/1212601

2.– Eskatzailearen identifikazio-dokumentazioa eta laguntza eskatzeko jarduerari buruzkoa, eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoa, honako hau da:

a) Higiezinaren jabekideen batzarraren erabakiaren ziurtagiria, erkidegoko idazkariak edo idazkari-administratzaileak emana eta sinatua, presidentearen oniritziarekin edo, hala badagokio, kooperatiba-sozietatearen legezko ordezkaritzaren oniritziarekin, non, berariaz, ondorengoa jasoko den:

– Jabekideen erkidegoaren identifikazio fiskaleko agiriaren kopia (IFZ).

– Legezko edo borondatezko ordezkari bati ahalmena emango zaiola laguntza izapidetzeko eta justifikatzeko kudeaketak egiteko.

– Laguntza-eskaeraren xede den jarduera egitea onartzen duen baliozko erabakia.

– Berritze Txosten Teknikoa, Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzak normalizatutako ereduaren arabera, telekomunikazio-azpiegitura komunen arloan eskumena duen tituludun batek sinatua. Txosten horretan adieraziko da eskatutako laguntzaren jarduera-tipologia, diruz lagundu daitekeen jardueraren deskribapena, eskatutako laguntzaren gehieneko zenbatekoa eta bere lanbide-ordainsarien aurrekontu onartua.

– Jabetzak, erabakitako jarduera egiteko, erregistratutako telekomunikazio-enpresa instalatzaileari onartutako aurrekontu banakatua, Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzak onartutako eredu normalizatuaren arabera; aurrekontu hori lehen aipatutako Berritze Txosten Teknikoan aurreikusitakoaren arabera egingo da.

– Erantzukizunpeko adierazpen bat, jabetzaren legezko ordezkariak sinatua, jardueraren eskatzaileari edo eskatzaileei buruzko informazio honekin:

• Ez daudela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako ezein egoeratan, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik ez dutela edo betebehar hori zorrotz bete dutela argi eta garbi adieraziz, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

• Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela.

• Ez dutela jarduera edo helburu bererako beste laguntzarik eskatu edo jaso.

– Jarduerak egingo diren higiezinaren katastroko datuen kontsulta deskriptiboa eta grafikoa, zeinaren bitartez egiaztatu ahal izango baita erabilera eta amaiera-urtea bertan identifikatutako data baino lehenagokoa dela; eta hori, errege-dekretu honen 12. artikuluan aurreikusitako hiru jardueretako bakoitzean.

– Dirulaguntza ordaintzeko erabiliko den banku-kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen agiriaren kopia.

– Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak deialdi honetako VI. eranskinean jasotako inprimakiaren arabera behar bezala beteta, «Kalte esanguratsurik ez eragiteko» printzipiora egokitzen dela adierazteko («Do not significant harm – DNSH» printzipioa), hala ezartzen baitu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 6. apartatuak; eta, era berean, etiketatze digitalera (% 100) egokitzen dela adierazteko, hala ezartzen baitu Ministro Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an onartutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean aurreikusitakoak.

– Administrazio emaileak onartutako Iruzurraren aurkako Neurrien Plana baldintzarik gabe eta inolako erreserbarik gabe onartzeko adierazpena (2022ko apirilaren 13ko EHAAn, 74. zenbakian, argitaratua, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 6ko 40/2022 Ebazpenari jarraikiz).

– Kontu-ikuskaritza eta funtsen erabileraren kontrolerako inplikatutako administrazio publikoen arteko datu-lagapena onartzeko adierazpena, indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Batzordearen, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiaren, Europako Fiskaltzaren eta Estatuko agintaritza eskudunen sarbiderako berariazko baimena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2-e) artikuluan eta Europako Parlamentuaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Finantza-Erregelamenduaren 129. artikuluan xedatutako eskumenak balia ditzaten.

3.– Dokumentazioa jaso ondoren, aurkeztutako eskabide bakoitza aztertuko da, ezarritako baldintza eta betekizun guztiak betetzen direla egiaztatzeko. Azterketa hori egin ondoren, laguntza emateko prozeduraren behin betiko ebazpena emango da eta hura entregatuko da.

Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igaro, eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu beharko dute laguntza-eskaera ezetsi egin dela, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 25.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Eskabidea egin ondorengo izapideak, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, kanal elektronikoaren bidez egingo dira; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak hartuko dira kontuan, ondorengo helbidean eskuragarri daudenak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

5.– Dirulaguntza emateko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena ematen duen organoaren goragokoaren aurrean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoaren arabera.

Hamahirugarren artikulua.– Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko, iruzurraren aurkako eta interes-gatazkaren, finantzaketa bikoitzaren eta estatu-laguntzen eta ingurumen-kalte ez-esanguratsuaren arloan eskatzen diren baldintzak betetzeko neurriak.

1.– Balizko onuradunak hautatzeko prozesuan edo baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesuetan parte hartzen duten pertsonek adieraziko dute osorik eta inolako erreserbarik gabe ezagutzen eta onartzen dituztela 2022ko martxoaren 29ko Gobernu Kontseiluaren Erabaki bidez onetsitako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana egikaritzeko eskatzen diren iruzurraren aurkako borrokari, interes-gatazkei, finantzaketa bikoitzari eta estatu-laguntzei buruzko betekizunak eta ingurumenari kalte nabarmenik ez egitekoak betetzeko neurrien planaren baldintzak.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, dirulaguntza emateko eskumena duen organoaren arduradunak, dirulaguntzaren oinarriak eta/edo deialdia idazten dituzten langileek, eskaerak ebaluatzen dituzten aditu eta batzordekideek, baita jarduera horietan Administrazioari laguntza eta aholkularitza ematen dioten erakunde pribatuetako pertsona fisiko guztiek ere, iruzurraren aurkako neurrien plana ezagutu eta onartu beharko dute.

3.– Aurreko apartatuetan aipatutako pertsonek Interes-gatazkarik Ez Izatearen Adierazpena ere beteko dute, Iruzurraren Aurkako Planean jasotako ereduarekin bat etorriz, hala egin behar dela ezartzen baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 61.3 artikuluan (Finantza Erregelamendua) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan.

4.– Interes-gatazka eragin dezakeen kausaren batean dauden agintariek eta langileek ez dute prozeduretan parte hartuko. Norbaitek uste badu interes-gatazkaren bat egon daitekeela, hierarkian gorago dagoenari jakinaraziko dio, idatziz; zerbitzu juridikoek txostena egingo dute, eta hartu beharreko erabakia hartuko da.

5.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, bere kabuz edo Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiarekin lankidetzan (III. maila), interes-gatazkak prebenitzeko, antzemateko eta zuzentzeko neurri egokiei buruzko auditoria espezifikoak egin ahal izango ditu.

6.– Interes-gatazka bat hautematen denean, kasuan kasuko legezko arau eta barne-erregelamendu aplikagarrien araberako neurriak hartuko dira. Era berean, interes-gatazkaren egoeraren berri eman beharko da gardentasun-printzipioa betetzeko.

Hamalaugarren artikulua.– Laguntzak emateko prozedura agindu eta bideratzeko eskumena duen organoa.

Prozedura agindu eta bideratzeko organo eskuduna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritza izango da.

Hamabosgarren artikulua.– Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena duen organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordea izango da dirulaguntza emateko prozedura ebazteko organo eskuduna.

Hamaseigarren artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak egin izanaren justifikazioa.

1.– Laguntzen onuradunek 2024ko ekitaldiko lehen hiru hilabeteen barruan justifikatu beharko dute laguntzaren xede den jarduera gauzatzeko behar den inbertsioa egin izana (hau da, jarduera amaitu eta gehienez hiru hilabeteko epean, jarduera egiteko azken eguna 2023ko abenduaren 31 dela kontuan hartuta), honako honek ezarritakoarekin bat: azaroaren 17ko 38/2003 Legearen I. tituluaren IV. kapituluaren 30. artikulua eta hurrengoak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Erregelamenduaren II. tituluaren II. kapitulua; abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 63. artikuluan eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduan (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duena) aurreikusitako neurri bereziak aplikatuko dira.

Justifikazio hori egiteko, jarduera egin izana justifikatzen duen dokumentazioa eta oinarri hauetan zehaztutako gutxieneko dokumentazio osagarria aurkeztuko zaizkio Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzari. Justifikazioa egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Gauzatu izana justifikatzeko aurkezten den dokumentazioak koherentea izan behar du laguntza eskatzeko formularioarekin eta erantsitako dokumentuekin emandako informazioarekin.

Justifikazioan egiaztatuko da emandako funtsak aurreikusitako helburuetarako erabili direla eta arau aplikagarri guztien arabera kudeatu direla, eta, bereziki, interes-gatazken, iruzurraren, ustelkeriaren eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik jasotako finantzaketa bikoitzaren prebentzioari buruzko arauen arabera. Bereziki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren arabera, Europako Batzordearen eta Espainiaren arteko Operazio Akordioak onartzen dituen Batzordearen Erabakiaren eranskinean aurreikusitakoa hartuko da kontuan.

Edonola ere, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren 63. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuko da justifikazioan.

Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; edo, itzulketa-ebazpen batek hala adierazita, zordun bada. Hori dirulaguntza eman aurretik egiaztatuko da.

2.– Jarduera gauzatu dela justifikatzeko eta laguntzak osorik ordaintzeko dokumentazioa ondorengoa izango da:

a) Egindako jarduerari dagozkion fakturen eta banku-egiaztagirien zerrenda ziurtatua eta kopiak, azken hartzaileak onartutako eta laguntza-eskaeran aurkeztutako aurrekontuei dagozkienak.

b) Telekomunikazio-azpiegitura komunen arloko tituludun eskudunak sinatutako proiektu teknikoaren kopia. Proiektu horren egitura eta edukia Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren web-orrian argitaratzen direnei egokituko zaizkie, jarduera-tipologia bakoitzerako. Proiektu tekniko horren bidez arautuko dira jarduera gauzatzearen ardura duen telekomunikazio-enpresa instalatzaile erregistratuaren jarduerak.

c) Jarduerak gauzatu zituen telekomunikazio-enpresa instalatzaileak emandako instalazio-buletinaren kopia. Buletin horrek bat etorri beharko du apirilaren 29ko ITC/1142/2010 Aginduaren III. eranskinean jasotako eredu normalizatuarekin (agindu horren bidez, telekomunikazio-ekipamendu eta -sistemak instalatu eta mantentzeko jarduera arautzen duen erregelamendua garatzen da, martxoaren 5eko 244/2010 Errege Dekretuaren bidez onartua), eta «instalazioaren edo esku-hartzearen deskribapena» atalean egindako lanak zehaztuko dira. Eduki hori Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren web orrian argitaratzen diren ereduetara egokituko da, jarduera-tipologia bakoitzerako.

d) Telekomunikazio-azpiegitura komunen proben protokoloaren kopia, egindako jarduera motari dagozkion ataletan soilik beteta, jarduerak gauzatu dituen telekomunikazio-enpresa instalatzaileak emana. Egitura eta edukia Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren web-orrian dokumentu normalizatu gisa argitaratzen direnetara egokituko dira, jarduera-tipologia bakoitzerako.

e) Obra-amaierako ziurtagiriaren kopia, telekomunikazio-azpiegitura komunen arloan eskumena duen tituludunak sinatua. Egitura eta edukia Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren web-orrian argitaratzen direnetara egokituko dira, jarduera-tipologia bakoitzerako.

f) Dagozkion dokumentuak telematikoki aurkeztu eta izapidetzeagatik emandako ziurtagiriaren kopia, ekainaren 10eko ITC/1644/2011 Aginduan aurreikusitakoa betez. Agindu horren bidez garatzen da eraikinen barrualdeko telekomunikazio-zerbitzuetarako telekomunikazio-azpiegitura komunak arautzen dituen erregelamendua, martxoaren 11ko 346/2011 Errege Dekretuaren bidez onartua. Ziurtagiri horrek barne hartu beharko du esleitutako espediente-zenbakia, Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren egoitza elektronikoan horretarako prestatutako aurkezpen prozedura telematikoarekin bat etorriz.

g) Erabiltzen ez diren kanpoko telekomunikazio-ekipamenduak eta -sistemak desinstalatu eta erretiratzen direnean (hala nola, aparamenta, kableak eta antenak, horiei lotutako gailu elektriko edo elektronikoak barne), horiek behar bezala kudeatzeko beharrezko diren bitartekoak eduki beharko dira, baita hondakinak kudeatzeko baimendutako instalazioetan behar bezala tratatzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak ere.

Kudeaketa hori, nolanahi ere, sortutako hondakinei aplikatu beharreko araudian aurreikusitakoa betez egin beharko da, eta, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinak direnean, ingurumen-kudeaketarako gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren arabera.

Kudeaketa egokia bermatzeko eta indarrean dagoen araudia betetzea ahalbidetzeko, desinstalazio- eta erretiratze-lanez arduratzen diren telekomunikazio-enpresa instalatzaileek akordioak lortu ahal izango dituzte baimendutako Ekoizlearen Erantzukizun Hedatuko Sistema Kolektiboekin, hondakin-tipologia guztietarako, eta sistema horiek hondakinak entregatu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko diete.

Enpresa instalatzaileak egiaztagiri horren kopia emango dio laguntzen azken hartzaileari, eskaeraren azken justifikazioa izapidetzean aurkez dezan.

h) Egindako jardueren argazki-erreportajea; bertan, jardueren aurreko eta ondorengo eraikinaren edo eraikin multzoaren eta, hala badagokio, laguntzaren xede diren ekipamendu eta instalazio nagusien egoeraren argazkiak jasoko dira, eta higiezinean jarritako jardueraren publizitate-kartela ere erakutsiko da. Kartel horren diseinua eta banaketa Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren web-orriaren bidez egingo dira.

Eraikinak jardueren aurretik duen egoeraren argazkiak proiektu teknikoari lotuko zaizkio, eta jardueren azken emaitzari dagozkionak, berriz, obra-amaierako ziurtagiriari.

i) Onuradunek Hirugarrenen Erregistroan eman beharko dute alta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

3.– Jarduera gauzatu dela egiaztatu ondoren, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzak, hala badagokio, ordainketa osoa egiteko aginduko du, funtsen jatorria berariaz aipatuta.

4.– Onuradunak ez badu betetzen justifikatzeko betebeharra, ez da dirulaguntza osorik ordainduko, eta kobratzeko eskubidea galdutzat joko da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra garatzen duen Erregelamenduaren 89. artikuluarekin bat etorriz. Horretarako, Legearen 42. artikuluan aurreikusitako prozedura erabiliko da.

5.– Onuradunek administrazio emailearen egiaztapen-jarduerei, Kontu-hartzailetza Nagusiari dagozkion finantza-kontrolekoei, hala dagokionean, eta Kontuen Auzitegiaren legerian aurreikusitakoei men egin beharko diete, bai eta Batzordeak eta Europako Erkidegoetako Kontuen Auzitegiak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Estatuko Auditoretza Bulegoak eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzak egin ditzaketenei ere.

6.– Edonola ere, oinarriotan arautzen diren dirulaguntzak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezarritako jarraipen eta kontrolaren mende egongo dira, eta barneko araudian eta Europar Batasunekoan EBren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako informazio eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari, ebaluazioari eta gainerakoari buruz ezarritako betebehar espezifikoak izango dituzte, nahitaez aplikatzekoak badira.

7.– Bereziki, administrazio emaileek datu-kategoria harmonizatuak bilduko dituzte funtsen erabilera ikuskatu eta kontrolatzeko, Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan erreformak eta inbertsio-proiektuak gauzatzeko neurriei dagokienez, formatu elektronikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.

Hamazazpigarren artikulua.– Aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetako oinarrietako seigarren artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz, dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

Hemezortzigarren artikulua.– Itzulketa, eta ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.

1.– Oinarrietan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako betebeharrak eta, hala dagokionean, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, itzulketa-prozedura egokia egin ondoren, laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta jasotako laguntzak osorik edo zati batean eta dagozkion berandutza-interesak itzuli beharko dira, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen II. tituluan (oinarrizko izaerarik ez duena izan ezik) eta haren erregelamenduaren III. tituluan xedatutakoaren arabera. Honako hau ere izango da aplikagarria: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak hauek izango dira:

a) Dirulaguntza eman zeneko helburua erabat eta nabarmen betetzen ez bada, edo sistemikoa den edo finantzatutako proiektuaren funtsezko elementuei eragiten dien beste edozein irregulartasun gertatzen bada, laguntza osorik itzuli beharko da, eta, hala badagokio, jasotzeko dauden zenbatekoak kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Helburua partzialki betetzen ez bada, edo jarduera zehatzei eragiten badie, edo proiektuan funtsezkoak ez diren elementuei soilik eragiten dien beste edozein irregulartasun gertatzen bada, itzuli egin beharko da haiei zuzendutako laguntzaren zatia, eta, hala badagokio, jasotzeko dauden zenbatekoak kobratzeko eskubidea galduko da.

2.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen IV. tituluan aurreikusitakoa aplikatuko da, baldin eta dirulaguntzen eta laguntza publikoen alorrean arau-hauste administratiboak egiten badira.

3.– Arau-hausteak arintzat, larritzat edo oso larritzat jo ahal izango dira, aipatutako azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 56., 57. eta 58. artikuluekin bat eginez. Ez-betetzeagatiko zehatzeko ahalmena lege horren 66. artikuluan xedatutakoaren arabera gauzatuko da.

4.– DNSH printzipioak edo etiketa klimatikoari buruzkoak betetzen ez badira, eta hori betetzeko oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ez bada, onuradunak ordura arte jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako moduan. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen da eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betebeharrak, araubidea eta obligazioak ezartzen dira.

Hemeretzigarren artikulua.– Egiaztatze- eta kontrol-jarduerak.

1.– Finantza-kontrolari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen III. tituluan ezarritakoaren mende egongo dira jarduera guztiak.

2.– Era berean, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planerako ezarritako jarraipenaren eta kontrolaren mende egongo dira, bai eta barne-araudiak zein Europar Batasunak Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezarritako informazio eta publizitateari, kontrolari, egiaztapenari, jarraipenari, ebaluazioari eta gainerakoari buruzkoen mende ere, nahitaez bete beharrekoak badira.

3.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, onuradunek helarazi egin beharko dituzte Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzak egin ditzakeen egiaztapenak (laguntzaren xede diren jarduerak gauzatu direla egiaztatzekoak, alegia), laguntza emateko ebazpenean ezarritakoaren arabera. Era berean, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiaren finantza-kontrolaren, Kontuen Auzitegiaren kontrol fiskalizatzailearen eta Europako Batzordeko kontrol- eta fiskalizazio-organoek egin ditzaketen kontrolen mende egongo dira, Europako funtsekin finantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.

4.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, Administrazioak eta erregelamendu horren 22. artikuluan jasotako organo guztiek eskuratu ahal izango dute Benetako Titulartasunen Erregistroan jasotako informazioa (apirilaren 28ko 10/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarria, kapitalak zuritzea eta terrorismoa finantzatzea prebenitzeari buruzkoa), edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetara sartu ahal izango dira. Era berean, sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean informazioa trukatu ahal izango da, aplikatu beharreko Europako eta Estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

5.– Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzak behar beste ikuskapen egin ahal izango ditu, araututako laguntzen baldintzak, eskakizunak eta helburuak betetzen direla egiaztatzeko.

6.– Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1.k) artikuluan ezarritakoaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen helburua fiskalizatzeko eskatutako informazio guztia eman beharko dute onuradunek.

Hogeigarren artikulua.– Emandako laguntzen argitalpena.

1.– Laguntzen deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8.1.c) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren gardentasun-orrian argitaratuko da, zenbatekoa, helburua edo xedea eta onuradunak adierazita.

Hogeita batgarren artikulua.– Sexu-bereizkeria.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez zaie laguntzarik emango sexuaren zizko bereizkeria egiten duten jarduerei, ez eta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako epean.

Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen bezala, sexu-jazarpena edo sexuaren ziozko jazarpena prebenitzeko edo haien aurka egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

Hogeita bigarren artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalen inguruko tratamendu guztiek beteko dituzte datu pertsonalen babesari buruzko araudian xedatutako eskakizunak (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoen babesari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

Tratamendu hori Tratamendu Jardueren Erregistroan dago jasota, eta «konektibitate digitala bermatzeko laguntzak» izena du, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren erregistro-rat/web01-a2datuba/eu/

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala