Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2022ko uztailaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3271

AGINDUA, 2022ko uztailaren 6koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarena, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei laguntza ekonomikoak emateko oinarriak onartzen dituena bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioari buruzko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko, eta 2022rako deialdia izango duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, kendu eta aldatzeari eta horien funtzioak eta ekintza-eremuak mugatzeari buruzkoak Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 13.1.m) artikuluak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio, beste funtzio eta ekintza-eremu batzuen artean, familia babesteari eta lana eta familia kontziliatzeari dagozkionak.

Era berean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egiturari eta funtzioei buruzko urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak sail horren funtzioen artean ezartzen ditu alde batetik, politika publikoetan familia- eta erkidego-ikuspegiak bultzatzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko familiarako, haurtzarorako eta nerabezarorako politiken plangintza, koordinazio eta ebaluazio orokorra egitea.

Bestalde, Familiei Laguntzeari buruzko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburu nagusietarikoa da familia-eredu bat sendotzea, non autonomia, kide guztien arteko errespetua eta bikotekideen arteko berdintasuna ezin utzizko eskakizunak baitira, denek dituztelako errealizazio profesional eta pertsonalerako aukera berberak; finean, gure gizartearen balio demokratikoekin bat datorren eredu bat.

13/2008 Legearen helburu dira familiako eta laneko ardurak kontziliatzea, emakumea lan-merkatura sartzea eta karrera profesionala garatzea; baita familia arloan gizonen eta emakumeen ardura partekatua sendotzea bultzatzea ere, batez ere haur adingabeen zainketan eta hezkuntzan eta mendekotasuna duten pertsonen eta muturreko osasun-egoeran dauden pertsonen arretan.

Ez da erraza xede horretara heltzea. Gaur egun, gizarte-eragile guztiak, enpresak, administrazio publikoak bereziki barneratzen ari dira kontziliazioa ez dela eremu pertsonalera eta familiarrera mugatzen eta onartzen ari dira kontziliazioa ez sustatzeak gizartean eta ekonomian kostu handia eta ondorio kaltegarriak dituela, hala nola, gaixotasunak, estresa, eskola-porrota, haurren babesgabetasuna, errendimendu txikia eta absentismoa edo langileen txandakatze handia.

Gizartea geroz eta gehiago jabetzen da gurasoek familiei denbora gehiago eskaintzeak norbanakoaren, familiako eta laneko bizitzan oreka handiagoa dakarrela eta esparru guztietan prebentzio-eragina duela. Horrez gain, frogatuta dago motibaziorako eta produktibitaterako ere onuragarria dela, izan ere, talentua hobeto mantentzeaz gain eta langileen txandaketa txikiagoa sortzeaz gain, euren bizi-kalitatearekin kontentago dauden pertsonak ditu ondorio.

2018ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta EUDELek Familia eta haurtzaroaren aldeko euskal ituna izenpetu zuten, eta hori planifikatzeko, zabaltzeko eta gauzatzeko erreminta nagusia da 2018-2022 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei laguntzeko erakundearteko IV. Plana. IV. Plan hori Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onartu zuen, eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zen 2018ko irailaren 13an. Bost ardatz nagusitan banatuta dago, eta 1. ardatza «Bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa eta seme-alabak zaintzeko ardura partekatua erraztera» bideratutako helburuak lortzeari buruzkoa da.

Familiei laguntzeko erakundearteko IV. Planaren 2. ardatzaren helburu nagusi dira, alde batetik, gurasoek haien haurrei eskaini beharreko denbora guztia eskaintzea, familiako beharrak asetzeko denboraren gizarte-antolamendu egokiagoa bultzatuz, eta, bestetik, ardura partekatuak dituen gizarte-antolamendua sustatzea. Horretarako, hainbat neurri martxan jartzea mahaigaineratzen du, eta 21. neurria nabarmentzen da horien artean. Neurri horren xedea «Enpresetan bizitza pertsonala, lana eta familia bateragarri egiteko proiektu pilotuak eta planak gara daitezen bultzatzea» da, eta, hori lortzeko, enpresetako kontziliazio-planak finantzatzeko berariazko dirulaguntza-lerro bat ezartzea proposatzen du Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak enpresetan Berdintasun Planak ezartzeko garatzen dituen dirulaguntza-lerroekin batera.

Aipatutako neurria garatzeko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Familia eta Haurren Zuzendaritzaren bidez, Kontzilia izeneko hainbat proiektu pilotu gauzatu ditu. Hauek dira Kontzilia proiektuaren helburuak: alde batetik, euskal enpresei bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliatzeko neurriak ezartzen laguntzea, eta, bestetik, zuzeneko informazioa eskuratzea kontziliazioa lortzeko euskal enpresen apustuan sortutako joerei, beharrei eta desafioei buruz. Orain arte, sektore ekonomiko askotariko 30 enpresak baino gehiagok parte hartu dute.

Kontzilia proiektu pilotuez gain, agindu honetan lehenago aipatutako dirulaguntza-lerroa ezartzen da; Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2022rako Dirulaguntzen Plan estrategikoaren barnean dagoena, 2022ko urtarrilaren 18an onartutakoa, eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 8.1 artikuluko xedapenak betetzen dituena. Dirulaguntza-lerro hori bat dator Familien eta Haurren Zuzendaritzak markatzen dituen lehentasunezko lerroekin. Bestalde, Plan Estrategikoa Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko web-orrian argitaratuta dago.

Agindu honetan araututako laguntzak izapidetzeko nahikoa aurrekontu-kreditu dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean (2021eko abenduaren 30eko EHAA, 261. zk.).

Dirulaguntzen agindu honek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arau-esparrua betetzen du, zeinek EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta horren garapenerako araudia onartzen dituen. Horrez gain, lehen aipatutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arau-esparrua ere betetzen du aginduak.

Interesdun erakundeek laguntza-programa horretarako izapidetze guztia modu telematikoan egin beharko dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan aurreikusitakoa betez.

Azaldutakoarekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honen helburua da erakundeek aholkularitza-erakundeen laguntza teknikoko zerbitzuak kontratatzeko 2022rako laguntza ekonomikoen deialdia egitea, eta horretarako oinarriak onartzea, jarraian aipatuko diren jarduketetarako: egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egitea, bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliaziorako.

2.– Dirulaguntza bideratuta dago erakundeei bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliaziorantz aurrerapausoak egiten laguntzera. Horretarako, diagnostiko baten eta ekintza-plan baten bidez kontziliazioaren kulturan barneratzeko baliabideak eskaintzen zaizkie.

3.– Ez da aurreikusten diren neurrien ezarpena edo kudeaketa finantzatuko, ezta EAEtik kanpo dauden establezimenduen inguruko diagnostikoak edo ekintza-planak egitea ere.

2. artikulua.– Hautaketa eta diru-kopurua.

1.– Deialdi hau norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen deialdirako diruak jatorria Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan zehaztutako kasuan-kasuko aurrekontu-kredituetan izango du.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako dirulaguntzak finantzatzeko, hirurehun eta laurogeita hamabi mila zortziehun eta berrogeita hamazazpi euro eta hamabost zentimoko (392.857,15 euro) kreditua aurreikusi da. Horietatik 275.000 euro 2022rako ordainketa-kredituari dagozkio eta 117.857,15 euro 2023. urterako konpromiso-kredituari. Zenbatekoetarako, kontuan hartu da Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak (2021eko abenduaren 30eko EHAA, 261. zk.) onartzeko baliatzen den abenduaren 23ko 11/2021 Legea.

3. artikulua.– Dirulaguntza-jarduketak.

1.– Diruz lagunduko da bi jarduketa hauek, 2022ko urtarrilaren 1aren eta 2023ko apirilaren 30aren artean, burutzen laguntzeko aholkularitza-erakundeen kontratazioa:

a) Erakundeak EAEn dituen establezimenduen egoeraren Diagnostikoa, bizitza pertsonala, lana eta familia kontziliatzeko neurriei buruzkoa.

b) Bizitza pertsonala, lana eta familia kontziliatzeari buruzko ekintza-plana.

2.– Aurreko bi jarduketako bat bakarrik egitea ez da diruz lagunduko.

3.– Diagnostikoak, gutxienez, bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioari buruzko bost analisi-esparru hauek izan beharko ditu:

– Erakundearen barne-politikan kontziliazioak duen garrantzia.

– Erakundeak aitortzen eta eskaintzen dituen kontziliazio-neurriak: langileek zein mailatan ezagutzen eta erabiltzen dituzten, neurriak langileen beharretara zein puntutaraino egokitzen diren, aukeren analisia lanpostuaren arabera.

– Langileen bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa hobetzeko beste laguntza-baliabiderik dagoen/eskaintzen den.

– Langileei dauden kontziliazio-neurriak eta horiek eskatzeko moduak jakinarazteko prozedurak izatea. Zein mailatan ezagutzen eta erabiltzen diren.

– Erakundearen kontziliazio-neurriak ebaluatzeko, horien jarraipena egiteko eta hobetzeko adierazleak edo prozedurak egotea.

4.– Proposatuko den ekintza-planak baldintza hauek bete beharko ditu: EAEko establezimenduetan bakarrik aplikatzeko formulatzea, erakundearen eta langileen egoerara eta beharretara egokitzea, eta hainbat urterako izatea (gutxienez 3 urterako). Helburuak eta horiek lortzeko neurri zehatzak proposatu beharko ditu programatutako datekin, emaitzak neurtu ahal izateko jarraipenerako adierazleak ezarri, arduradun eragileak eta aukeratutako pertsonak identifikatu, neurri bakoitzari egokituko zaion aurrekontua balioetsi, eta jarraipenerako eta ebaluaziorako sistema bat gehitu.

4. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du dirulaguntza-jarduketen kostuen % 70 gainditu, eta ezingo da erakunde onuraduneko 10.000 euro baino gehiagokoa izan.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunak programa honetarako izapidetze guztia era telematikoan egitera behartuta daude.

2.– Eskabide-eredua, agindu honen I. eranskin gisa bildutakoa, eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan daude.

3.– Agindu honetako administrazio-prozeduraren informazio-fitxa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa eskuragarri egongo da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1209001/web01-tramite/eu/

4.– Eskabidearen ondorengo izapidetzeak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, hemen: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta sinatzeko onartzen diren baliabideak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/.

6.– Prozedura ordezkari baten bidez izapidetu ahalko da. Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatuta egon eta hori adierazten dutenek ez dute ordezkaririk eraman beharko. Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroa eskuragarri dago helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

6. artikulua.– Erakunde-eskatzaileentzako baldintza espezifikoak.

Agindu honetako dirulaguntzen onuradun izateko, erakundeek, eskabidea aurkezten den datan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan dauden betekizunak konplitzeaz gain, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginekoekin batera, hauek bete beharko dituzte:

a) Erakundeek berezko nortasun juridiko independentea izan behar dute eta dagokien erregistroan izena emanda egon behar dira. Nortasun juridiko ezberdinez osatutako taldeak dituzten erakundeek aparte aurkeztu beharko dituzte eskabideak.

Baldintza horren salbuespen bakarrak enpresari gisa jarduten duten autonomoak dira, haiek erakunde-onuraduntzat hartuko dira, eta haien egoera frogatu beharko LAABko (Langile Autonomoen Araubide Bereziko) altaren ebazpenaren bidez.

b) Gehiengo partaidetza edo kontrola sektore publikoko erakunde baten gain ez egotea, ez zuzenean ez zeharka. Beraz, kanpoan gelditzen dira era iraunkorrean sektore publikoaren finantzaketa jasotzen duten erakundeak, eta zuzendaritza organoetan finantza-erakundeek aukeratutako edo proposatutako pertsonak dituztenak.

c) Eskabidea egiten duten erakundeek ezarriko duten kontziliazioari buruzko diagnostikoa eta ekintza-plana EAEko establezimenduetarako izan behar da. Beraz, ezin dira EAEtik kanpo dauden establezimenduetarako diagnostikoak edo planak aurkeztu.

d) Erakundeek 10 eta 250 langile artean izan behar dituzte plantillan.

e) Familien eta Haurren Zuzendaritzak sustatutako Kontzilia izeneko bi esperientzia pilotuetan parte hartu duten erakundeak ezingo dira onuradun izan. Esperientzia horiek 2016-2017 eta 2018-2019 urteetan gauzatu ziren, hurrenez hurren.

7. artikulua.– Onuradun izateko baldintza orokorrak.

1.– Ezingo dira onuradun izan egoera hauetakoren batean dauden erakundeak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukeraren galerarekin administratiboki edo penalki zehatuta egotea, edo horretarako gaitasunik gabe uzten duen lege-debeku baten menpe egotea. Zentzu horretan, deialdi honen objektu diren erakundeetatik ezingo dituzte dirulaguntzak jaso sexu arrazoiengatik diskriminatzeagatik administratiboki edo penalki zehatutako erakundeek, ezta Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legea jarraituz debeku horrekin zehatutakoek ere.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa egunean ez izatea. Erakunde onuradunei egingo zaien agindu honetan aurreikusitako laguntzen esleipena, eta, hala badagokie, ordainketa, edozein diru-itzultze edo zehapen prozedura amaitzearen menpe geratuko dira. Hori horrela izango da prozedura hasi bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera horretako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan eta oraindik izapidetze-egoeran badago.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean ez izatea. Beharrezkoa da baldintza hori betetzea bai onuradun-izaera izateko, bai esleitutako dirulaguntza eman arte izaera hori mantentzeko.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako egoeretakoren bat izatea dirulaguntzen onuradun izateko.

2.– Aurreko ataleko a) eta b) letratako baldintzen justifikazioa egiteko modua eskabide-formularioko zehaztapenekin egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bidezkoa izango da.

Administrazioak egiaztatuko du ofizioz c) letrako baldintzak betetzen diren, non eta erakunde-eskatzailea ez den egiaztapen horren kontra azaltzen. Kasu horretan, erakundeak zerga-betebeharrak edo Segurtasun Sozialeko betebeharrak konplitzen dituela frogatzeko horretarako eskumena duten erakundeek egindako ziurtagiriak entregatu beharko ditu.

8. artikulua.– Dirulaguntza-gastuak.

1.– Dirulaguntza-gastutzat hartzen dira dudarik gabe diruz lagundutako jarduera direnei dagozkienak, zeharo beharrezkoak direnak eta agindu honen 3.1 artikuluak zehaztutako epean egiten direnak.

2.– Agindu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, «egindako gastu»tzat hartzen da 16. artikuluan ezarritako justifikazio-epea bukatu baino lehen eraginkortasunez ordaindu dena.

3.– Berreskuratzeko edo konpentsatzeko aukera duten zergak inoiz ez dira dirulaguntza-gastu kontsideratzen.

4.– Dirulaguntza-gastuek, behar bezala banakatuta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluko baldintzak bete behar dituzte.

5.– Aurreko paragrafoetan aurreikusten ez den guztirako, hau beteko da: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako azaroaren 17ko lege horren Erregelamenduaren 83. artikuluan xedatutakoa.

6.– Laguntza horien kasuan, dirulaguntza-gastuak % 100ean azpikontrata daitezke.

9. artikulua.– Erakunde onuradunen konpromisoa.

Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen esleipena eta ordainketa erakunde onuradunek konpromiso hauek haien gain hartzearen, edo, hala badagokie, frogatzearen mende geratzen da:

a) Planak aurreikusten dituen neurrietakoren bat martxan jartzea Plana egiten denetik urtebetera.

b) Agindu honen, II. eranskinean biltzen diren baldintzetan, erakundeko pertsona bat prozesua dinamizatzearen arduradun aukeratzea.

10. artikulua.– Eskabideak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta irailaren 30ean bukatuko da, egun hori barne.

2.– Eskabidea oso-osorik bete beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan agindu honetako I. eranskinean gehitzen den eredu normalizatuaren arabera, eta proposamen teknikoarekin (II. eranskinean) eta agindu honen 11. artikuluan zehaztutako gainerako beharrezko agiriekin bidali beharko da.

3.– Eskatzaile bakoitzari ez zaio dirulaguntza bat baino gehiago emango. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, sarrera erregistroaren arabera epearen barruan aurkeztutako azkena bakarrik hartuko da kontuan eta aurrekoei uko egiten zaiela deklaratuko da horretarako emandako ebazpen baten bidez.

4.– Erakunde eskatzaileek hautatzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea, horretarako agiriekin batera. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabileraren Normalizazioari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 6.1 artikuluan ezartzen den bezala.

5.– Erakunde eskatzaileak adieraziko du eskabideko datuak eta horrekin batera bidalitako agirietakoak zuzenak direla, eta laguntza horien onuradun izateko indarrean dagoen araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituela.

11. artikulua.– Entregatu beharreko agiriak.

1.– Dirulaguntzak eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen direla frogatzeko, agiri hauekin batera entregatu beharko da eskabidea:

a) Erakundearen estatutuak edo eraketa-agiria, eta dagokion erregistroko inskripzio-ziurtagiria.

Autonomoek, LAABko (Langile Autonomoen Araubide Bereziko) altaren ebazpena bakarrik aurkeztu beharko dute.

b) Plantillako langile-kopurua frogatzeko egiaztagiriak, eskabidearen aurreko hilabeteko Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinen bidez, TC1 eta TC2 ereduak.

c) II. eranskina, bizitza-pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliaziorako diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko proposamen teknikoa ebaluatzeko aurkezten duena. Proposamen teknikoa II. eranskinaren formatuan bakarrik aurkez daiteke.

2.– Eranskin zehatzik ez duten agiriak bidaltzeko, agiri originala elektronikoki bidaliko da, eskaneatuta eta sinatuta, webgune honen bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

3.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoak edozein momentutan eskatu ahalko du agiri originalak entregatzea, agiriak egiazkoa diren ziurtatzeko.

12. artikulua.– Eskabideak zuzentzea eta hobetzea.

Dirulaguntza-eskabidea ez balego zeharo beteta, aurreko artikuluan ezartzen den nahitaezko agiri guztiekin entregatuko ez balitz, edo eskabideak beharrezko baldintza guztiak beteko ez balitu, edo horren edukia nahikoa ez balitz, erakunde eskatzaileari errekerituko litzaioke 10 lan-eguneko epean hutsuneak zuzentzeko edo agiriak entregatzeko edo osatzeko. Gainera, erakundeari adieraziko litzaioke aipatutakoa egin ezean, eskabidean atzera egingo litzatekeela, eta laguntzak kudeatzen dituen organoa egoera hori adieraziz esanbidezko ebazpena ematera behartuta egongo litzateke, baita hori jakinaraztera ere, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidegoaren urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko eta hedatzeko modua.

1.– Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren zuzendaria izango da agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak kudeatzeko eta ebazteko eskumena duen organoa. Gainera, horrek hautatuko ditu dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko eskumena duen balorazio-batzordeko kideak, baita batzordeko idazkaritzaz arduratuko den pertsona ere.

2.– Balorazio-batzorde hori gutxienez hiru pertsonak eta gehienez lau pertsonak osatuko dute eta Familia eta Haurren Zuzendaritzako goi-karguak edo langile publikoak izan beharko dira.

3.– Balorazio-batzordean sexu bateko eta besteko pertsonen kopurua orekatua izateko beharrezko neurriak hartuko dira, eta horren osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da organoa osatu aurretik. Agintaritzako langile publiko bat Kide Anitzeko Organoaren Idazkari izendatuko da, eta hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen esleipenak eta ukapenak Familia eta Haurren zuzendariaren ebazpen bakarraren bidez gauzatuko dira. Ebazpen bakar hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratuta jakinaraziko da, eta jakinarazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Era berean, dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda EHAAn argitaratuko da, era orokorrean hedatzeko.

5.– Erakunde-eskatzaileek abisu bat jasoko dute eskabidean idatzitako gailu elektronikoan edota helbide elektronikoan, esanez aipatutako egoitza elektronikoan prozeduraren ebazpenaren jakinarazpena kontsultatzeko prest dagoela. Abisu hori gauzatu ez izanak ez du eragotziko jakinarazpena erabat baliozkotzat hartzea.

6.– Aurreko paragrafoari dagokion ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Gizarte Politiketako sailburuordeari, jakinarazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

7.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehiengo epea sei hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, epe hori jakinarazpena egin gabe bukatzen bada, erakunde interesdunek dirulaguntza-eskabidea gaitzetsitzat jo dezakete.

8.– Erakunde onuradunei egingo zaien agindu honetan aurreikusitako laguntzen esleipena, eta hala badagokie, ordainketa, edozein diru-itzultze edo zehapen prozedura amaitzearen menpe geratuko dira. Hori horrela izango da prozedura hasi bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera horretako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan eta oraindik izapidetze-egoeran badago.

14. artikulua.– Dirulaguntzak balioesteko irizpideak.

1.– Deialdi hau norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko da. Norgehiagoka gisa ulertzen da eskabideak konparatuta laguntzak emateko prozedura. Eskabideen arteko lehen lehentasuna ezartzen da artikulu honetan zehaztutako esleipen-irizpideen arabera eta horrela, aipatutako irizpideekin gehiengo balorazioa lortu dutenei bakarrik ematen zaie dirulaguntza. Hainbat erakundek puntu kopuru bera lortu badute, berdinketa hurrengo atalean zehazten den d) irizpidean puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da.

2.– Balorazio-batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan dirulaguntzak ematerakoan, irizpide horietako bakoitzari egokitutako puntuazioa kontuan hartuta:

A) Erakunde-eskatzaileak kontziliazioarekin duen harremana (gehienez 16 puntu).

A.1.– Erakundeak izandako ibilbidearen laburpena kontziliazioaren arloan. Esperientzia eta ibilbidea (gehienez 4 puntu).

Ibilbidea berdintasunean (2 puntu).

Berdintasun-plan bat duten erakundeei 2 puntu emango zaizkie (erantsi egin beharko dute).

Kontziliazioaren arloan egindako ibilbidea (gehienez 2 puntu):

– Nolabaiteko esperientzia du uztartze-lanean. Ez du kontziliazio-planik, baina kontziliazio- eta malgutasun-neurriak aplikatzen ditu, legeek ezarritakotik harago; esperientzia puntualak ditu kontziliazioan (2 puntu).

– Ez du ez esperientziarik ez aurretiko ibilbiderik kontziliazioan (puntu 1).

– Entitateak badauka kontziliazio-plana (0 puntu).

A.2.– Jarrera eta motibazioa proiektuaren aurrean (gehienez 4 puntu).

Proposamena Zuzendaritzatik abiatzea balioetsiko da, aurretik aldeko jarrera izatea, kontziliazioaren bidean ematen diren lehen pausoak izatea eta plantilla jakinaren gainean jarri izana.

A.3.– Proiektu hori martxan jartzeko arrazoiak eta erakundeak ekimen horrekin lortu nahi dituen helburuak (gehienez 4 puntu).

– Ardura partekatuarekin eta enpresak eta plantillak elkarren mesederako egitearekin lotutako arrazoiak daude (2 puntu).

– Helburuak zehatzak dira, eta berariaz erakunderako finkatutakoak (2 puntu).

A.4.– Laguntzaren eraginaren aurreikuspena erakunde barnean eta bertatik kanpo (gehienez 4 puntu).

– Erakunde barruan aurreikusitako ondorio kualitatiboak eta kuantitatiboak. Pertsona kopuruaren eta sexuaren arabera banakatutako adierazleak izatea (2 puntu).

– Erakundetik kanpo aurreikusitako ondorio kualitatiboak eta kuantitatiboak. Pertsona kopuruaren eta sexuaren arabera banakatutako adierazleak izatea (2 puntu).

B) Proiektua erakunde-eskatzailearen ezaugarrietara eta beharretara moldatzea (gehienez 25 puntu).

B.1.– Erakundearen egoerara eta beharretara duen egokitze-/doitze-maila (gehienez 5 puntu).

Lan-proposamenean planteatzen den proiektu mota azaltzen da oinarri izanda jomuga duen erakundearen ezaugarri propioen aurretiazko analisia (tamaina, sektorea, lanpostu motak, Zuzendaritzaren jarrera, aurretik kontziliazioan izan duen ibilbidea/esperientzia, erritmoak...).

B.2.– Proiektua erakundearen politiketan integratzeko eta plantillan zabaltzeko formulak (erakundean kontziliazioari buruzko diagnostikoa eta ekintza-plana egitean erabiltzea aurreikusten diren lan-dinamikak eta informazioa zabaltzeko dinamikak) (gehienez 5 puntu).

– Diagnostikoa eta plana enpresako politikan nola integratu proposatzen du (3 puntu).

– Kontziliazioa hobetzeko proiektuaren zabalkuntza ziurtatzeko ekimenak proposatzen ditu (diagnostikoa eta plana) (2 puntu).

B.3.– Proiektua sustatzeko taldea: osaera eta izango dituela aurreikusten diren funtzioak (gehienez 5 puntu).

– Balioetsiko da hauek barne hartzen dituen talde-eragile bat proposatzea: zuzendaritza, giza baliabideetarako/pertsonak kudeatzeko eskumena duen saila, ordezkaritza sindikala eta plantillaren ordezkaritza.

– Balioetsiko da taldeari bi faseetan zehar (diagnostikoa eta Plana) esleituko zaizkion funtzioak eta lanerako metodologia zehaztea.

B.4.– Proiektua erakundearen beharretara egokitzea denborari dagokionez (gehienez 5 puntu).

Proiektuak diagnostikoaren eta planaren lanketa moldatzen du erakundearen produkzio-erritmoetara eta bertako sail eta lanpostuetara.

B.5.– Ekonomikoki egokitzea (gehienez 5 puntu).

Produktuaren azken aurrekontua ezartzeko egindako kalkulua azaltzen da (gehitutako kontzeptuak, saioko prezioa, ordainsari profesionalak...).

C) Kontziliaziorako diagnostikoaren lanketa (gehienez 25 puntu).

C.1.– Diagnostikoarekin lortu nahi diren helburuak (5 puntu).

C.2.– Diagnostikoan aztertuko diren esparruak/alderdiak (5 puntu).

C.3.– Erakundearen diagnostikoa eskaintzeko informazioa lortu eta egiaztatu ahal izateko aurreikusten den metodologia. Datuak biltzeko erabiliko diren lanerako erreminta motak (inkestak, elkarrizketak...) (5 puntu).

C.4.– Parte-hartzeko prozesuak (5 puntu).

Partaidetza-prozesuek plantilla osoari eta ordezkaritza sindikalari egindako kontsulta jasotzea baloratuko da.

– Langile guztiei eta sindikatuetako ordezkariei galdetu zaie (5 puntu).

– Lanpostu/atal mota desberdinen ordezkaritza bati eta ordezkaritza sindikalari galdetu zaie (3 puntu).

– Ordezkaritza sindikalari bakarrik galdetu zaio (puntu 1).

– Ez da kontsultatu. Ez dago partaidetza-prozesurik (0 puntu).

C.5.– Plantillan emaitzak zabaltzeko formulak (5 puntu).

– Diagnostikoaren emaitzak erakundeko barne-eragileei jakinarazteko erabiliko diren erremintak azaltzea balioetsiko da (2 puntu).

– Plantilla osoari jakinaraztea balioetsiko da (3 puntu).

D) Kontziliaziorako ekintza planaren lanketa (gehienez 25 puntu).

D.1.– Planaren lanketarekin lortu nahi diren helburuak (6 puntu).

Balioetsiko da banakatzea Planaren lanketarekin zein helburu lortu nahi diren talde ezberdinetarako:

– Helburuak erakunderako (2 puntu).

– Helburuak plantillarentzako (2 puntu).

– Beste helburu batzuk (gizarterako, kulturarako...) (2 puntu).

D.2.– Ekintza-eremuak eta ildo estrategikoak zehaztea (7 puntu).

Planaren ekintzarako esparruak/ardatzak ezartzeko zein metodologia erabiliko den eta zein ildo estrategiko izan behar dituen azaltzen du.

D.3.– Helburuak eta neurriak zehazteko, aukeratzeko eta lehenesteko erabiliko diren irizpideak eta metodologia (8 puntu).

– Helburuei, neurriei eta datak programatzeari dagokionez lehentasunak ezartzeko erabiliko den metodologia azaltzen du (gehienez 4 puntu).

– Helburuak eta aplikatu beharreko neurriak lehenestea zein eragileren esku egongo den azaltzen du. Hausnarketa horretan plantillak parte hartzea balioetsiko da (gehienez 4 puntu).

D.4.– Planaren datak programatzea (4 puntu).

Planaren iraupena erabakitzeko irizpideak azaltzen ditu.

E) Kontziliaziorako ekintza-planaren ezarpena eta jarraipena (gehienez 9 puntu).

E.1.– Erakundea osatzen duten eragileei plana jakinarazteko/zabaltzeko metodologia. Balioetsiko da plana bai erakunde barruan (plantillari) bai erakundetik kanpo (bezeroei, webgunean...) zabaltzea (5 puntu).

– Plana erakundeko barne-eragileei jakinarazteko erabiliko diren erremintak, prozedurak eta baliabideak azaltzen ditu (gehienez 2 puntu).

– Plana erakundearen barnean zehazki prozesuaren zein momentutan zabalduko den azaltzen du (puntu 1).

– Plana publikoki nola zabalduko den azaltzen du (bezeroak, webgunea...) (gehienez 2 puntu).

E.2.– Neurriak jarraitzeko eta gauzatzeko eta planeko helburuak ebaluatzeko eta berraztertzeko erreminta/egitura zehatzak proposatzea (4 puntu).

– Neurriak gauzatzea errazteko erremintak sortzea planteatzen da.

– Planaren eboluzioaren jarraipena egiteko adierazle zehatzak ezartzeko beharra dagoela adierazten du, eta adierazle zehatz batzuk proposatzen ditu.

– Ekintza-plana berraztertzeko eta eguneratzeko formulak proposatzen dira.

– Proiektuak jarraipena egiteko egiturak / talde egonkorrak proposatzen ditu.

3.– Balioespen teknikoak II. eranskinean horretarako zehaztutako esparruetan egindako ekarpenei bakarrik egingo die erreferentzia, beraz, ez da eskabideak atxikita izan dezakeen beste agiririk kontuan hartuko.

4.– 50 puntu baino gehiago lortzen duten proposamen teknikoak baietsiko dira, eta puntuazio altuenetik baxuenera ordenatuko dira. Ondoren, lortutako puntuazioari dirulaguntza-jarduketen kostuaren % 70 esleituko zaio, gehienez 10.000 euro, deialdirako erabilgarri dagoen kreditua bukatu arte.

5.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak ezetsi egingo dira, eta dirulaguntzen organo kudeatzailea esanbidezko ebazpena egitera behartuta dago egoera hori adieraziz. Ebazpen hori egiteko arrazoi egokiak izan behar dira, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 35.2 artikuluan xedatutakoarekin.

15. artikulua.– Laguntzak ematearen aldeko ebazpena aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko baldintzen aldaketa oro Familia eta Haurren Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio.

2.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen diren baldintzak aldatzeak laguntza horiek ematearen aldeko ebazpena aldatzea dakar. Betiere betetzat jotzen badira dirulaguntzaren helburua, onuradun izateko baldintzak eta ezarritako betebeharrak, eta, hala badagokio, Administrazioek edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea.

Adierazitako zentzuan, dirulaguntzaren objektua bete dela ulertzen da gutxienez proiektu edo programa osoaren % 80 bete denean, eta, betiere, baremoa ezartzeko kontuan hartu diren irizpide objektiboak mantendu eta bete badira.

3.– Horretarako, balorazio-batzordearen analisia eta balorazioa baino lehen, ebazpen egokia egingo da, eta jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa doituko da, esleipenerako ezarritako irizpide eta mugak ezarriz eta, hala badagokio, erakunde onuraduna gehiegizko zenbatekoa itzultzera behartuz.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Ordainketa zatikatua izango da. Lehenengo zatia, esleitutako dirulaguntzaren % 70, dirulaguntza ematen den momentuan ordainduko da, eta gainerako % 30a jarduketa guztiak egin ondoren, eta sortutako gastu guztiak 2023ko maiatzaren 31 baino lehen justifikatu ondoren emango da, hurrengo artikuluan zehazten den moduan.

Bigarren ordainketa 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera egingo da, diruz lagundutako jarduera guztiak justifikatu ondoren.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ondoreetarako, erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Egindako diagnostiko osoa, dirulaguntza esleitzeko aurkeztutako proposamen teknikoarekin bat datorrena. Honek laguntza emateko balioetsitako proposamena bete dela frogatzeko balioko du; ez badator bat, behar bezala justifikatu beharko da.

b) Erakundearen kontziliaziorako ekintza-plana, dirulaguntza esleitzeko aurkeztutako proposamen teknikoarekin bat datorrena; ez badator bat, behar bezala justifikatu beharko da.

c) Jasotako funtsei emandako erabilera justifikatzeko memoria. Memorian hau deskribatuko da aurreikusitako lanerako egutegiaren arabera: lortutako helburuak eta lanen jarraitutako prozesua, diruz lagundutako jarduketaren irabaziak eta amaierako gastuak.

d) Emandako laguntza teknikoa frogatzen duen banakatutako faktura, baita eskainitako aholkularitza-zerbitzuen ordainketaren egiaztagiria ere.

Merkataritzako trafiko juridikoan balioa duten edo administrazioan eraginkorrak diren fakturen edo frogagiri baliokideen zehaztasuna nahikoa izango da diruz lagundutako jarduketetan egindako gastua edo horietan erabilitako funtsak era egokian erabili direla frogatzeko. Hau da, bankuko egiaztagiriaren frogagirian kontzeptua eta bankuko egiaztagiri horren bidez ordaindutako fakturaren zenbakiari erreferentzia agertu behar dira.

Era berean, gastuak faktura elektronikoen bidez ere frogatu ahalko dira zerga-eremuan onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Jarduketak dirulaguntzaz gain, funts publikoekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin finantzatu diren kasuetan, hau justifikatu beharko da: funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jarduketetan erabiltzeko modua.

3.– Ordainketa egiteko, Familia eta Haurren Zuzendaritzak edozein momentutan eskatu ahalko du agiri originalak entregatzeko agiriak egiazkoa diren ziurtatzeko.

4.– Diruz lagundutako jarduketaren behin betiko erabateko kostua dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zenaren aldean gutxitzen den kasuetan, edo gastuaren egiaztagirien bidez justifikatutako zenbatekoa egindako jarduketen erabateko kostua baino baxuagoa dena, dagokion likidazioa egingo da dirulaguntza benetako kostuari dagokion zenbatekoari doituz.

5.– Dirulaguntza era egokian aplikatzen dela ziurtatzeko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak; Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egokiak diren inspekzioak, jarraipenak eta kontrolak egin ditzakete ezarritako epean.

17. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honek erregulatzen dituen dirulaguntzak bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzak eta bere sektore publikoko erakundeek ematen dituzten beste laguntza batzuekin.

2.– Agindu honek erregulatzen dituen dirulaguntzak bateragarriak dira, objektu eta helburu berarekin, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek ematen dituztenekin. Edonola ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du dirulaguntzaren objektu den kontratazioaren edo jardueraren erabateko kostua gainditu.

3.– Beste laguntza batzuekin batera jasotzen bada, guztien baturak dirulaguntzaren objektu den kontratazioaren edo jardueraren erabateko kostua gainditzen badu, gainditzen duen zati hori bateraezintzat joko da, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak emango duen laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Hargatik eragotzi gabe laguntza lerro bakoitzerako ezarriko diren betebehar zehatzak, erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu honetan, dirulaguntza ematearen aldeko ebazpena jakinarazten denetik hamar egunera erakunde onuradunek ez badute berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten, onartzen dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza ematearen funts den edo diren jarduera edo jarduerak burutzea.

c) Dirulaguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea eta Familia eta Haurren Zuzendaritzak diruz lagunduta garatuko den jarduera edo garatuko diren jarduerak egiaztatzea onartzea.

d) Familia eta Haurren Zuzendaritzan betekizunak eta baldintzak bete direla justifikatzea, baita jarduera garatu dela edo jarduerak garatu direla, eta dirulaguntza ematearen helburua betetzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotako laguntzak eta dirulaguntzak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko araubide zehatzean aurreikusitakoak egiaztatzeko Familia eta Haurren Zuzendaritzaren jarduketak onartzea, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrolerakoak ere.

f) Familia eta Haurren Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu jatorri duten dirulaguntzen edo laguntza-eskabideak edo horiek lortu izana, horretarako diru-sarrerak edo baliabideak.

g) Familien eta Haurren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein inguruabar objektibo nahiz subjektibo aldatu izanaren berri ematea.

h) Hauek izatea: kontabilitate-liburuak, izapideak eginda dituzten erregistroak eta behar bezala ikuskatutako gainerako agiriak, kasu bakoitzari aplikatzen zaion merkataritza- eta sektore-legediak eskatutako baldintzekin; baita egiaztapenerako eta kontrolerako ahalmena era egokian erabiltzen dela ziurtatzeko deialdi-agindu honek eskatu adina kontabilitateko egoera-orri eta erregistro zehatz ere.

i) Eskatutako funtsen erabilera justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol jarduketen objektu izan daitezkeen bitartean.

j) Familia eta Haurren Zuzendaritzaren erakunde marka jartzea hori inprimatzea edo erakustea posible den diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda guztian, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua (1999ko azaroaren 26ko EHAA, 205. zk.) arautzen duen Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 4ko 46/2017 Ebazpenean (2017ko apirilaren 12ko EHAA, 72. zk.) ezarritakoaren arabera. Familia eta Haurren Zuzendaritzari eskatu ahalko zaio marka. Dena dela ere, diruz lagundutako proiektutik sortzen den agirian Familia eta Haurren Zuzendaritzaren logotipoa agertu beharko da. Jardueraren publizitatean edo dirulaguntzaren argitalpenean adieraziko da jardueraren edukien ardura diruz lagundu den erakunde publikoak hartu duela.

k) Agindu honetan edo dirulaguntzetan aplika daiteken araudian aurreikusten diren kasuetan jasotako funtsak itzultzea.

l) Administrazioak laguntzen ordainketa egin ahal izateko, erakunde-eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan egon beharko du. Erakundea ez badago han erregistratuta edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroko bankuko datuak aldatu nahi baditu, https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ webgunearen bitartez egin beharko du.

m) Diruz lagundutako jardueran edo jardueretan egin nahi den edozein aldaketa idatziz jakinaraztea, horretarako espresuki Familia eta Haurren Zuzendaritzaren onarpena izanda.

n) Familia eta Haurren Zuzendaritzari agindu honen 16.2 artikuluan aurreikusitako justifikaziorako agiriak bidaltzea, eta horren jarraipenean eta dagokion ebaluazioan laguntzea.

o) Adierazitako ezaugarriak dituen dirua itzultzeko prozeduraren bat edo prozedura berresleren bat hasiz gero, Familia eta Haurren Zuzendaritzari jakinaraztea.

p) Eta orokorrean beste edozein jakinaraztea, bat etorriz, alde batetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan ezarritakoarekin eta, bestetik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluekin.

19. artikulua.– Betebeharrak ez-betetzea eta ardurak.

1.– Ez-betetzetzat joko dira:

a) Jasotako dirulaguntzak zeharo edo partzialki agindu honetan aurreikusten ez diren jardueretarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezartzen diren betebeharrak urratzea, edo, hala badagokio, dirulaguntzak ematean ezartzen direnak ez betetzea.

c) Aurkeztutako proiektuan dirulaguntza-programa honetako Zuzendaritza kudeatzaileak baimendu ez duen edozein aldaketa egitea.

d) Diruz lagundutako proiekturako ezarritako epeak gainditzea, ez badago hori aldatzeko baimenik.

e) Kasua bada, Dirulaguntzaren Likidazioaren Ebazpenean adierazten den zenbatekoa ezarritako epean ez itzultzea.

f) Hemen aurreikusten den beste edozein kasutan: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak agindutako testu bategina).

2.– Aurreko paragrafoan bildutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, esleitutako eta jasotako zenbatekoak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren araberako berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio. Itzulpen hori egin beharko da lege hauek aurreikusitakoa aldez aurretik bete ondoren, eta hauen baldintzekin: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta bermeen erregimen orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen itzulpenak erregulatzen dituen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

3.– Itzuli beharreko zenbatekorik bada, irizpide hauek kontuan hartuta zehaztuko da zein den:

a) Aurreikusitako helburuak betetzen ez badira edo jarduerak zeharo gauzatzen ez badira, baina erakunde onuraduna guztiz betetzera nabarmen hurbiltzen bada eta zalantzarik gabe konpromisoak betetzera daraman jarrera duela frogatuz gero, lorpen-maila balioztatuko da, eta dirulaguntzaren zenbatekoa maila horrekiko proportzionala izango da.

Aipatutako ondoreetarako, erakundea horiek guztiz betetzera nabarmen hurbiltzen dela ulertuko da gutxienez programako proiektuaren % 80 gauzatu bada, betiere baremaziorako kontuan hartu diren irizpide objektiboak mantendu eta horiek betetzen badira.

Lehenago aipatutako kasuetan, itzuli beharreko zenbatekoa bete ez den benetako ehunekoarekin proportzionala izango da.

Gauzatutakoa ez bada % 80ra iristen, lehenago kobratutako dirulaguntza eta dirulaguntza publikoei dagozkien interes legalak itzuliko dira.

b) Agindu honetan aurreikusitako laguntzen Zuzendaritza kudeatzailearen baimenik gabe Laguntza-eskabidean aurreikusten diren jarduketak eta agiri osagarriak aldatzen badira, aldatutako jarduketei dagozkien zenbatekoak itzuli beharko dira.

c) Laguntzak justifikatzeko beharrezko agiriak aurkezten ez badira, jasotako eta justifikatu gabeko laguntzak itzuli beharko dira, eta, hala badagokio, jasotzeke dauden zenbatekoak kobratzeko eskubidea galduko da.

20. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Agindu hau aplikatzeko jasotako datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera eta horretarako aplika daitekeen gainerako araudiaren arabera tratatuko dira.

Datu Pertsonalari buruzko informazio gehiago ikusteko, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/rgpd/1209001

21. artikulua.– Estatuaren laguntzak.

Agindu honetan aurreikusten diren aginduak, Europako legediaren arabera, ez dira estatuaren laguntzatzat jotzen, eta, hori dela eta, ez da Europar Batasunaren aurrean inongo izapidetzerik behar, eta Batasunari ez zaio jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen aurka, aukerako berrezartze-errekurtso bat jar diezaiokete interesdunek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aldizkari bera argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honi dagozkion dirulaguntzak lege hauetan ezarritakoaren menpe daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VII. tituluko VI. tituluan eta III. kapitulua, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko erregulazioan eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Eragina.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eragina izaten.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 6a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala