Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2022ko uztailaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3058

AGINDUA, 2022ko ekainaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, deialdia egiten duena 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko dirulaguntzetarako, eta desgaitasun fisiko edo psikikoa eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzetarako.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 15. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten lege organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-inspekzioari kalterik egiteke».

181/1985 Dekretuaren eranskineko B.2 puntuak –unibertsitateen arloan estatuaren egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoak– ezartzen duenez, erkidego horri eskualdatzen zaio erkidego horretan administrazio-egoitza duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleentzako beka-deialdiak arautzeko eta kudeatzeko zeregina (uztailaren 2ko 181/1985 Dekretuaren bidez, unibertsitateen arloan Transferentzien Bitariko Batzordeak 1985eko martxoaren 25ean hartutako Erabakia onetsi zen, maiatzaren 25eko 1014/1985 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera).

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 8., 38. eta 44. artikuluetan arautzen ditu beka eta ikasketetarako laguntzei buruzko gaiak, eta honako hau ezartzen du: unibertsitateen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio oinarrizko legedian bekei, kredituei eta ikasketetarako laguntzei buruz ezarritako sistema orokorra arau bidez garatzea.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 8.2 artikuluan xedatzen denez: desgaitasuna duten ikasleak euskal unibertsitate-sistematik baztertuta gera ez daitezen, Jaurlaritzak arauak ezarriko ditu, bai eta aukera-berdintasunerako politikak bultzatu ere; horretarako, bekak, laguntzak eta maileguak emango dizkie ikasle horiei.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan adierazitakoa, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da honako beka eta laguntza hauen oinarriak onartzea eta deialdia egitea:

1.– 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekak, agindu honen 1. eranskineko oinarrien arabera.

2.– Mugitzeko zailtasun bereziak dituzten eta 2022-2023 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitate-ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiten dituzten desgaitasun fisiko eta psikikoa duten pertsonen garraio-gastuak ordaintzeko laguntzak, agindu honen II. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Aurreko artikuluko 1. ataleko beketarako, 28.460.000 euro bideratuko dira orotara, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

2.– 100.000 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura, aurreko artikuluaren 2. apartatuan adierazitako dirulaguntzetarako.

3.– Bi deialdi hauetara zuzendutako aurrekontua, dena den, handitu egin ahal izango da, baldin eta eskatutako laguntzen zenbateko osoa aurrekontua baino txikiagoa bada. Laguntzak ebatzi baino lehenago aldatu beharko dira kopuru horiek. Kopuru horiek aldatu edo deialdi horietarako funtsak agortzen badira, horren berri emango da Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren ebazpen baten bidez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariari jarraibide zehatzak eman ditzan, agindu honetan xedatutakoa betetzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau egunkari ofizial berean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
2022-2023 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO ETA GOI-MAILAKO IKASKETAK EGITEKO BEKAK
I. KAPITULUA
HELBURUA ETA APLIKAZIO-EREMUA

1. artikulua.– Xedea eta izaera.

1.– Deialdi honen xedea da goi-mailako irakaskuntzetako ikasleei bekak ematea, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza izan eta 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketa hauetakoren bat egiten dutenei Euskal Autonomia Erkidegoan edo Estatuko beste lurralde batean:

a) Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

b) Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

c) 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate publikoetan emandakoak.

d) Masterra eta Gradua eskuratzeko edo lortzeko beharrezkoak diren kreditu osagarriak edo prestakuntza-osagarriak.

e) Goi-mailako arte-ikasketak.

f) Goi-mailako ikasketa militarrak.

g) Goi-mailako erlijio-ikasketak.

Espezializazio-ikasketak egiteko bekak eta unibertsitateen berezko tituluak ez dira deialdi honetan sartzen. Halaber, ezin izango da atzerriko unibertsitate-sistemen titulazioei dagozkien unibertsitate-irakaskuntzak egiteko bekarik eman.

2.– Deialdi honen araberako beka eskatzeko, ikasleek master ofizial bat egin behar dute. Ezinbestekoa da masterraren ikasturtea bat etortzea urte naturalarekin eta 2022. urtean ematea, eta aurreko ikasturtean ezin izan bazuten bekarik eskatu, matrikulazio-epea 2021eko abenduaren 31 baino geroagokoa zelako.

3.– Beka horiek dirulaguntzak dira. Araubide juridikoan aurreikusten ez den guztirako, hauxe aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, eta batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzen eta dirulaguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren araubideari buruzko xedapenak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

II. KAPITULUA
BEKAREN OSAGAIAK

2. artikulua.– Bekaren osagaien zerrenda.

1.– Beka hainbat osagaitan zatituko da, unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteagatik dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptuen arabera.

Bekadun bakoitzari dagokion bekaren azken zenbatekoa zein den jakiteko, aplikagarriak zaizkion osagai guztiak batu beharko dira, honen guztiaren arabera: bekadunaren, haren familiaren eta ikasketen egoera, eta osagai horien arteko bateraezintasun-erregimena.

2.– Hauek dira bekaren osagaiak:

a) Oinarrizko zenbatekoa; horren barruan honako hauek:

– Matrikularen prezio publikoa.

– Familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa.

– Egoitzari lotutako oinarrizko zenbatekoa.

– Aprobetxamendu akademikoari lotutako oinarrizko zenbatekoa.

b) zenbateko osagarri aldakorra; horren barruan honako hauek:

– Ikaskuntzari eta eraldaketa digitalari laguntzeari lotutako zenbateko osagarria.

– Hiriarteko joan-etorriari lotutako zenbateko osagarri aldakorra.

3. artikulua.– Matrikula-osagaiaren zenbatekoa eta baldintza orokorrak.

1.– Matrikula-osagaia kontuan hartuko da, bekadunak 1. artikuluan zehaztutako ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastegietan edo Estatuko beste ikastegi batzuetan egiten baldin baditu.

2.– Matrikularen zenbatekoa prezio publiko ofiziala izango da, 2022-2023 ikasturtean akademia-zerbitzuetarako ezarritakoa.

3.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 3. muga.

4.– Ikasleak 2022-2023 ikasturtean egiten duen matrikulako irakasgai eta kreditu guztiak barne hartuko ditu matrikularen zenbatekoak, baldin eta irakasgai eta kreditu guztiak titulu edo espezialitate bakarrarenak badira, titulu hori lortzeko beharrezkoak badira eta lehenengo edo bigarren matrikularenak badira. Baliozkotu, egokitu edo aitortu diren kredituak edo ikasgaiak ez dira matrikulatutako kreditutzat joko, ezta ordaindu ere.

5.– Matrikularen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartu behar dira honako arau hauek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoetan, prezioa izango da Hezkuntzako sailburuaren aginduak ezarritakoa. Agindu horren bidez, 2022-2023 ikasturterako Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatuko dira, bai eta horien salbuespen eta murrizketez baliatzeko baldintzak ezarri ere.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitate pribatuetan eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden unibertsitate publikoetan edo pribatuetan, zenbatekoa ez da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastegi publikoetan titulu eta ikasketa-plan berarentzat ezarritako prezio publiko ofiziala baino handiagoa izango.

Eskaini diren gradu- eta master-ikasketa ofizialetan, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoetan, zenbatekoa ezarriko da esperimentaltasun-mailaren eta/edo jakintza-arloaren arabera, eta Hezkuntzako sailburuaren aginduko eranskinetan ezarritakoari jarraituko zaio. Agindu horren bidez, 2022-2023 ikasturterako Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatuko dira, bai eta horien salbuespen eta murrizketez baliatzeko baldintzak ezarri ere.

EHUn baliokiderik ez duten eta, beraz, esperimentaltasun-gradua prezio publikoei buruzko aginduan jasota agertzen ez den Graduko ikasketen kasuan, ikasketa horien irakaskuntza-adarraren eta EHUn ematen diren beste antzeko ikasketa batzuei esleitutako prezioen arabera kalkulatuko da matrikularen zenbatekoa.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko goi ikasketetarako, Hezkuntza sailburuaren aginduak, Hezkuntza sailak 2022-2023 ikasturtean ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituenak, ezartzen duena izango da prezioa.

Aurreko egoera guztietan, matrikula osagaiaren zenbatekoa ezin izango da eskatzaileak ordaindutakotik gorakoa izan.

4. artikulua.– Familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa eta betekizunak.

1.– Ezohiko osagaia erabiliko da ekonomia-egoera bereziki zaila duten pertsonei ikasten laguntzeko. Horregatik, eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Ikasketa presentzialak egitea.

b) Gutxienez ere, 60 kredituko matrikula egin izana. Araudi akademikoarengatik gradu bukaerako lanean matrikulatu ezin diren graduko azken kurtsoko ikasleek, matrikulatu diren kredituen eta gradu bukaerako lanaren kredituen batuketa, gutxienez, 60koa bada, izango dute osagai hori jasotzeko aukera.

c) 29. artikuluan zehaztu den errendimendu akademikoa betetzea.

d) Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 1. muga.

e) 2021eko zerga-ekitaldian laguntza sozialetako batzuk kobratzen ari zirela justifikatzea, hala nola Lanbidek antolatzen dituen diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako dirulaguntza osagarria, eta Gizarte Segurantzako Institutuko Nazionalak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzen dituzten laguntzak, bai eta eska daitezkeen beste udal edo foru-laguntza batzuk ere.

2.– Familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa 1.700 eurokoa da.

3.– Familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa ez da bateragarria ikaskuntzari eta eraldaketa digitalari laguntzeari lotutako zenbateko osagarriarekin.

5. artikulua.– Egoitzari lotutako oinarrizko zenbatekoa eta betekizunak.

1.– Egoitzari lotutako oinarrizko zenbatekoa egoitzaz aldatzeko ikasleek egin behar dituzten gastuak ordaintzen laguntzeko erabiliko da. Egoitza-aldaketa ikasturtean egingo da, ohiko bizilekuan bizi beharrean, alokatutako pisu batean edo ikasle-egoitza batean edo antzeko baliabide batean bizitzeko. Dirulaguntza emateko, honako baldintza hauek bete behar dira:

a) Ikasketak presentzialeko erregimenean egin behar dira ikasturte osoan. Ikasturte osoa 3 hilabetekoa, 3 hilabetetik gorakoa edo 6 hilabetekoa bada, egoitzaren osagaia % 50 txikiagoa izango da. 3 hilabetetik beherako egonaldietarako ez da egoitzaren osagairik izango.

Salbuespen gisa, egoitza-osagaia jaso ahal izango da ikasketa erdi-presentzialak egiten direnean, astean gutxienez bi eguneko egonaldia eta 15 kredituren baliokidea eskatzen duten eskola presentzialen portzentaje batekin, betiere ohiko bizilekutik ikastetxera dagoen distantzia 250 kilometrotik gorakoa bada.

b) Ostatu-gastua behar bezala egiaztatu behar da; Hezkuntza Sailak kontrakoa baimentzen ez baldin badu, ostatu hori ikastegiaren udalerri berean, edo albokoan egon beharko da.

c) Ohiko bizilekutik ikastegirainoko distantziak 50 kilometrokoa edo handiagoa izan behar du.

Bigarren lauhilekoan/seihilekoan ohiko helbidetik at bizi behar izatea ordura arte justifikatzerik ez badago, eskabidean espresuki adierazi beharko da, bai eta aldi hori justifikatzeko dokumentazioa martxoaren 31 baino lehen aurkeztu ere. Kasu horietan, bigarren lauhilekoan/seihilekoan ohiko helbidetik at bizi behar izatea justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu arte ez da eskabidea ebatziko.

Ikastetxetik hurbilen dagoena edo eskatzailearen aita edo ama normalean bizi dena joko da familia-helbidetzat, legezko helbidearekin bat ez etorri arren.

2.– Ikasleak behar bezala egiaztatu beharko du ikasturte osoan ohiko bizilekutik kanpoko egoitza batean bizi dela, honako agiri hauetako bat aurkeztuta:

a) Alokairuko kontratuaren kopia, ikaslearen izena agertu beharko duena, fidantza-ordainketaren eta lehen hileko ordainketaren frogagiriaren kopia. Ez dira odolkidetasunaren 4. mailara eta ahaidetasunaren 2. mailara arteko senideenak diren etxebizitzen alokairuko kontratuak onartuko.

b) Egoitzan edo antzeko leku batean toki bat erreserbatu dela egiaztatzeko agiria, lehen hilabetearen zenbatekoa ordaindu izanaren egiaztagiria.

Bi kasuetan, Administrazioak, beharrezkotzat jotzen badu, beste alokairu-hilabete batzuk edo egoitza ordaindu izanaren egiaztagiriak eskatu ahal izango ditu.

3.– Errolda kolektiboan jasota dagoen ohiko bizilekutik ikastegirainoko distantzia 50 kilometrokoa baino txikiagoa baldin bada, egiaztatu egin beharko da ikasturtean zehar ohiko bizilekutik kanpo bizitzea ezinbestekoa dela, garraiobideen eskasia eta eskolen orduak direla-eta.

4.– Eskatzailearen ohiko bizilekutik ikastegirainoko distantzia laburrena kalkulatzeko eta ikastegia kokatzeko, Google Maps informatika-tresna, honako web-helbide honetan erabilgarri dagoena, erabiliko da automatikoki aplikazioan: https://maps.google.es/ Horretarako, autoz joateko distantziarik laburrena kalkulatzeko aukera hautatuko da, autobideak eta bidesariak barne hartuta. Bilaketan, betiere, ohiko helbidea jarri behar da lehenik, eta ikastetxea geroago.

5.– 15.3 artikuluaren arabera, familiaren laguntza ekonomikorik gabe bizitzeko baliabideak dituzten ikasleek ezingo dute eskuratu egoitza-osagaia; izan ere, ohiko bizilekutzat hartuko da ikasturtean zehar izango duten bizilekua, nahiz eta erroldan ageri den bizilekua ez izan.

6.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 3. muga.

7.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren araberakoa izango da egoitzari lotutako zenbatekoa oinarri hauetako 16. artikuluan zehaztutako mugen barruan kokatuko da:

a) Errentak 1. mugan: 3.600 euro.

b) Errentak 2. mugan: 3.250 euro.

c) Errentak 3. mugan: 2.400 euro.

8.– Egoitzari lotutako oinarrizko zenbatekoa ezin da bateratu hiriarteko joan-etorriari lotutako zenbateko osagarri aldakorra.

6. artikulua.– Aprobetxamendu akademikoari lotutako oinarrizko zenbatekoa eta betekizunak.

1.– Aprobetxamendu akademikoari lotutako oinarrizko zenbatekoa ikasleen lana saritzeko erabiliko da, baldin eta ikasleek aurreko ikasturtean gutxienez 60 kredituko matrikula egin bazuten, eta 2021-2022 ikasturtean batez besteko nota 28. artikuluan zehaztutakoa bada.

2.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 3. muga.

3.– Osagai horren zenbatekoa 100 eta 250 euro artekoa izango da, 28. artikuluan zehaztutako batez besteko notaren eta ikasketa-motaren arabera. Masterren kasuan, 250 euroko zenbatekoa jasoko dute gehienez.

4.– Aprobetxamendu akademikoari lotutako oinarrizko zenbatekoa bikoiztu egingo da 1. mugaren barruko pertsonen kasuan.

7. artikulua.– Ikaskuntzari eta eraldaketa digitalari laguntzeari lotutako zenbateko osagarria eta betekizunak.

1.– Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko ikasleek eskuratu behar dituzten liburuen, ordenagailu eramangarria edo/eta materialaren gastuak arintzea da ikaskuntzari eta eraldaketa digitalari laguntzeari lotutako zenbateko osagarriaren helburua.

2.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 3. muga.

3.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren araberakoa izango da ikaskuntzari laguntzeko prozesuari lotutako zenbatekoa oinarri hauetako 16. artikuluan zehaztutako mugen barruan kokatuko da:

– Errentak 1. mugan: 475 euro.

– Errentak 2. mugan: 375 euro.

– Errentak 3. mugan: 300 euro.

4.– Ikaskuntzari eta eraldaketa digitalari laguntzeari lotutako zenbateko osagarria ez da bateragarria familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoarekin.

8. artikulua.– Hiriarteko joan-etorriari lotutako zenbateko osagarri aldakorraren betekizunak eta zenbatekoa.

1.– Hiriarteko joan-etorriari lotutako zenbateko osagarri aldakorraren helburua da ikasleari laguntzea familia-egoitzatik ikastetxerako garraioaren gastua arintzen. Ohiko etxebizitza errolda kolektiboan jasotakoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren barnean.

2.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 2. muga.

3.– Ikasketa presentzialen kasuan, hiriarteko joan-etorriari lotutako zenbateko osagarri aldakorra, eskatzailearen ohiko bizilekutik ikastegiraino dagoen distantzia laburrenaren arabera kalkulatuko da, honela:

– 5 eta 10 kilometro artean: 192 euro.

– 10 kilometro baino gehiagotik 30 kilometro arte: 386 euro.

– 30 kilometro baino gehiagotik 50 kilometro arte: 763 euro.

– 50 kilometro baino gehiagotik 200 kilometro arte: 993 euro.

4.– Ikasketa erdipresentzialak, lineako laguntzarekin batera, direnean, hiriarteko joan-etorriari lotutako zenbateko osagarri aldakorra 200 eurokoa izango da, betiere, ohiko bizilekutik ikastegira edo tutoretza-saioak jasotzeko ikastegi eskuordetura dagoen distantzia laburrena 50 kilometrotik gorakoa baldin bada, eta Euskal Autonomia Erkidegoan badago.

5.– Eskatzailearen ohiko bizilekutik ikastegirainoko distantzia laburrena kalkulatzeko eta ikastegia kokatzeko, Google Maps informatika-tresna, honako web-helbide honetan erabilgarri dagoena, erabiliko da ordenagailu eramangarria: https://maps.google.es/ Horretarako, autoz joateko distantziarik laburrena kalkulatzeko aukera hautatuko da, autobideak eta bidesariak barne hartuta.

6.– Hiriarteko joan-etorriari lotutako zenbateko osagarri aldakorra eta egoitzari lotutako oinarrizko zenbatekoa bateraezinak dira.

9. artikulua.– Desgaitasunen bat duten ikasleei zuzendutako arauak.

1.– % 65eko desgaitasuna edo handiagoa legez aitortuta duten ikasleek % 50era arte murriztu ahalko dute ikasgai-kopurua; murrizpen horrek ez du eraginik izango laguntzetan.

2.– Matrikula osorik egiten duten ikasleek % 50 gehiago jasoko dute dagokien bekaren osagai guztietan, matrikula-prezio publikoen salbuespenean izan ezik.

III. KAPITULUA
BETEKIZUN OROKORRAK

10. artikulua.– Betekizun orokorrak.

Beka eskuratzeko, honako betekizun hauek bete beharko dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea, 2021eko abenduaren 31n. Salbuespen gisa, baldintza hori ez da eskatuko sostengatzaile ekonomiko nagusietako batek gutxienez zergak Euskadin ordaintzen dituenean.

b) Eskatzaile atzerritarrek, erroldarekin batera, Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea. Europako Erkidegokoak ez diren atzerritarrek, eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako, legezko bizilekua dutela egiaztatu beharko dute. Ez dituzte laguntza hauek jasoko ikasketak direla-eta bertan daudenek edo bertan bizilekua dutenek, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz.

c) Matrikula egitea eta 2022-2023 ikasturtean 1. artikuluan zehaztutako ikasketetako bat egitea. Aldi batera hainbat ikasketa egiten badira, horietako bakarrentzat baino ez da beka jasoko, dagokion unibertsitateak ikasketa bakar modura eskaintzen duen gradu edo titulazio bikoitzak direnean izan ezik, betiere Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioan horrelakoak ikasketa-kode bakar batekin erregistratuta badaude.

d) Ikasleek ez izatea bekarekin egin nahi dituzten ikasketen maila bereko edo handiagoko titulurik, eta ez betetzea horrelako tituluren bat eskuratzeko legezko betekizunak.

Ondorio horietarako, diplomatura, ingeniaritza teknikoa edo arkitektura teknikoa dutenek beka lortu ahal izango dute eskuratutako titulua ordezkatuko duten gradu-ikasketak egiteko (edo gradura egokitzekoak). Hala ere, titulazio hori lortzeko gainerako kreditu guztiak matrikulatu beharko dituzte.

Dena den, eta aurreko paragrafoan esaten dena alde batera utzita, Goi Hezkuntzarako Gaikuntzen Marko Espainolaren (MECES) 3. mailara (Masterra) esleitutako graduko titulu ofizial dutenak, edo MECESeko 3. mailarekin (Masterra) bat datorren Arkitektoaren, Ingeniariaren, Lizentziatuaren, Arkitekto Teknikoaren, Ingeniari Teknikoaren edo Diplomadunaren titulu ofizial bat dutenak izan ahal izango dira unibertsitate-masterraren titulu ofizial batera bideratutako irakaskuntzak egiteko bekaren onuradunak, baina inola ere ez 2. mailari atxikitako Graduetan beka jarduteko.

e) Ez jasotzea unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekarekin bateraezina den bekarik edo laguntzarik.

11. artikulua.– Bateraezintasun-betekizuna.

1.– Beste erakunde batzuek edo erakunde pribatuek edo publikoek emandako bekak jasotzen baldin badira, aitortu egin behar dira, baldin eta goi mailako ikasketak egiteko edo ikasketei lotutako gastuak ordaintzeko jaso badira (matrikula, garraioa edo egoitza ordaintzeko). Horrela, dirulaguntzen zenbatekoak azalpen horiengatik eskatzaileak ordain beharreko benetako kostua gainditzen ez duela egiaztatuko da.

Unibertsitate-ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko bekak eta master ofiziala egiten ari diren ikertzaileentzako bekak bateraezinak dira, edozein erakundek emanda ere.

Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko eskuratutako laguntza guztien zenbatekoak ezingo du gainditu ikasketen kostu erreala.

Unibertsitate berean edo beste batean beste ikasketa batzuk aldi berean egiten dituen arren, ikasle batek ere ezin izango du Eusko Jaurlaritzaren beka bat baino gehiago jaso.

2.– Unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beka bateragarria da EAEko ikastegietara joan behar duten eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleentzako garraiorako bekarekin. Nolanahi ere, garraio-laguntza guztien zenbatekoa ezin da izan garraio-gastuaren % 100 baino handiagoa. Hala gertatzen bada, laguntza murriztuko da, dagokion gehienezko mugaraino.

12. artikulua.– Bekadun izateko egoeraren iraupena.

1.– Orokorrean, ikasketa-planean ezarritakoa baino urtebete gehiago izan ahal izango da bekadun. Nolanahi ere, Ingeniaritza edo Arkitekturaren adarreko ikasketen kasuan, epe hori urte bikoa izango da, eta master ofizialeko ikasketen kasuan, zenbat urte izan ikasketa-planak, bakarrik urte horiexetan izan ahal izango da bekadun.

2.– Dena den, eskatzaileak ikasketa erdipresentzialak, lineako laguntzarekin batera, egiten baditu, aurreko zenbakian araututakoa baino urtebete gehiagoz jaso ahalko du beka, betiere matrikula partzialaren aukera egin badute.

3.– % 65eko desgaitasuna edo handiagoa duten bekadunek ikastordu gutxiago izatea aukeratzen badute, dagokion ikasketa-planean ezarritako denboraren halako bi aldiz izan ahalko dute beka, salbu Ingeniaritza eta Arkitekturaren adarreko irakaskuntzen kasuan; halakoetan, epe hori lau urte gehiagokoa izango da, eta masterreko ikasketen kasuan, berriz, ikasketa-planean zenbat urte ezarri, halako bitan izan ahal izango da bekadun.

4.– Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egin eta ikasketa horiek egitearren beka jasotzen duten eskatzaileek ezingo dute bekarik jaso unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak aldatzen badituzte. Bekarik jasotzeko, kontuan izan beharko da zenbat ikasturtetan jaso zuten unibertsitateko edo goi-mailako aurreko ikasketetan beka, eta ikasketa berrietan kopuru hori gainditu beharko dute, beka jaso ahal izateko.

Salbuespen gisa, unibertsitateko ikasketen lehenengo urtean beka jaso eta ikasketak lehenengo ikasturtean lehenengo aldiz aldatzen dituztenek beka jaso ahalko dute beste ikasketetan, baldin eta 26.2 artikuluan ezarritako errendimendu akademikoari buruzko betekizunak betetzen badituzte.

5.– Master ofizialeko ikasketak eginda dituzten beka-eskatzaileek ezin izango dute beste bekarik jaso beste master ofizial bateko ikasketak egiteko, baldin eta lehenengoagatik bekarik jaso bazuten.

IV. KAPITULUA
BIZIKIDETZA- EDO FAMILIA-UNITATEAREN DIRU-SARRERAK KALKULATZEA

13. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrerak egiaztatzeko betebeharra.

1.– Elkarbizitza-unitateko kide guztiek 2021. urtean izan dituzten diru-sarrera, ondare eta bizitzeko bitarteko guztiei buruzko datuak aurkeztu eta egiaztatu beharko dituzte eskatzaileek. Datu horiek guztiak Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren aitorpenean agertzen badira, ez dute inolako dokumentazio egiaztagarririk aurkeztu beharko, Zerga Administrazioan zuzenean egingo baita kontsulta.

Aipatutako zergaren ondorioetarako eskabidean jasotako datuak edota zerga hori alde batera utzita deklaratutakoak elkarbizitza-unitateari, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren edo aipatutako urtean erroldatuta egon zen autonomia erkidegoaren dirulaguntza baliokidearen erregulatzearen arabera, zegokiokeen zenbatekoa baino txikiagoak badira, eskaera egin ez izanaren edo ezetz esan izanaren arrazoia justifikatu beharko du eskatzaileak, baita urte horretan bizitzeko izan zituen bitartekoak (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta SEPEren laguntzak eta zegozkiokeen udal, foru edo probintzia mailako beste laguntza guztiak) egiaztatu ere.

2.– Eskatzailea da eskabidean ematen duen informazio ekonomiko guztiaren arduraduna, eta eskatzen bazaio, eskuragarri dauden elkarreragingarritasun-zerbitzuei egindako kontsultan ezin izan delako daturik lortu., legez behartuta dago bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrera guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztera. Eskatu den laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza- edo familia-unitatearen bizi-baliabide guztiak egiaztatzeko agiriak aztertuta, Administrazioak uste badu egiaztatu diren diru-sarrerak bizikidetza- edo familia-unitatearen gastuak baino txikiagoak direla, aurkeztu den informazioaren edo kanpoko datu batzuen arabera.

Adierazitako guztizko diru-sarrerak, senideen edo beste pertsona batzuen maileguak edo laguntzak kontuan hartu gabe, ikasketen ondoriozko gastuak, matrikula eta ohiko helbidetik at bizi behar izatea zehatzago esanda, baino txikiagoak badira, ez da beka inoiz emango.

3.– Kasu konkretu bakoitzean gertatzen diren zirkunstantziengatik, beka edo dirulaguntza emateko behar diren betekizunetan iruzurra izan dela ikusi ahal izango da, baita beka ez ematea eragingo zuten zirkunstantziak ezkutatu direla ere. Kasu horietan, bidezkoa denaren arabera, eskatutako beka edo laguntza ukatuko da, hura emateko ebazpena aldatuko da edo itzultzea erabakiko da.

4.– Eskaeran errenta-iturriak ezkutatzeak, norberaren konturako lanak edo soldatapekoak, pentsioak, lanbide liberaletan aritzea, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiak, industria- edo merkataritza-ustiategiak, kapital higigarria, finkak, ibilgailuak, aparatuak edo beste ondare-elementu batzuk esate baterako, eskatutako beka edo dirulaguntza ez ematea eragingo du, egin litezkeen beste jardueren kalterik gabe.

5.– Eskatzaileek senideren batek edo familiarekiko loturarik ez duen beste pertsona batek unibertsitatearen gastuak bere gain hartzen dituela alegatzen badute eta, ondorioz, gastuen mailari begira diru-sarrerak ez direla behar bezala justifikatzen Administrazioak uste badu, zirkunstantzia hori egiaztatu beharko dute eskatzaileek eta, horretarako, dohaintza tokian-tokiko foru-ogasunean behar bezala erregistratuta izan dela justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Egiaztagiriren gisa ez dira banku-transferentziak onartuko.

Zenbateko hori behar bezala justifikatzen bada, elkarbizitza/familia-unitatearen diru-sarrerei gehituko zaie, betiere 1. puntuan adierazitako betetzen bada.

6.– Administrazioak uste badu diru-sarrerak ez direla behar bezala justifikatzen gastu-mailari dagokionez, eta errenta-aitorpenean jaso gabeko beste diru-sarrera batzuk justifikatzen badira, erregularrak ez direnak edo bizikidetza-unitateko edozein kidek salbuespenez lortutakoak, familia-unitatearen ezohiko diru-sarrera gisa zenbatuko da zenbateko hori. Zenbateko hori 60 hilabetez (5 urte) zatituko da, eta emaitza 12 hilabetez biderkatuko da dagokion zerga-ekitaldiko bizikidetza-unitatearen diru-sarreratzat hartzeko.

Ondorio horietarako, ezohiko sarreratzat hartuko dira inbertsio-funtsak, akzioak, aurrezki-kontuak, BGAEak, ondarea saltzeagatik sortutako eta ohiko etxebizitzan inbertitu gabeko baliabideak, jaraunspenak eta legatuak, dohaintzak eta antzeko beste batzuk.

14. artikulua.– Ohiko bizilekua, bizikidetza- edo familia-unitatea, kide konputagarriak eta ekonomia-sostengatzaile nagusiak.

1.– Ohiko bizilekutzat hartuko da errolda kolektiboan jaso dena, eta eskatzaileak errolda horretako kide izan behar du.

2.– Bizikidetza- edo familia-unitatea osatzen dute errolda kolektiboan jasota dauden pertsona guztiek, eta eskatzaileak ere errolda horretan egon beharko du 2021eko abenduaren 31n.

3.– Eskatzaileak eskabidean adierazi behar du ohiko bizilekuan norekin bizi den, zer bizikidetza- edo familia-unitatea den zehaztu ahal izateko, 15. artikuluan zehaztatuko moten artean, eta hori kontuan hartuko da beka emateko. Gurasoei dagokienez, 15.4 artikuluan zehaztutakoa kontuan hartuko da.

4.– Oro har, kide konputagarritzat hartuko dira 2021eko abenduaren 31n, errolda kolektiboan jasota dagoen bezala, eskatzailearekin bizi diren pertsonak, 15. artikuluan zehaztutakoa bete badute. Bizikidetza- edo familia-unitate hori osatzen duten kide konputagarriek egiaztatu behar dute diru-sarrerarik edo ondare-baliabiderik duten, eta zenbatekoa den. Horren xedea da bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta-maila kalkulatzea, bai eta ekonomia- eta ondare-eskakizunak bete diren egiaztatzea ere.

5.– Honako hauek dira ekonomia-sostengatzaile nagusiak:

a) Eskatzailea.

b) Aita edo/eta ama, 15.1 artikuluan deskribatutako bizikidetza- edo familia-unitateetan.

c) Eskatzailearen aita edota amaren ezkontidea edo bizi den bikotea, familia-unitatearen sostengatzaile ekonomiko nagusi bakarra bada 15.1 artikuluan azaldutako elkarbizitza- /familia-unitateen kasuan.

d) Eskatzailearen ezkontidea edo bikotekidea, 15.2 artikuluan deskribatutako bizikidetza- edo familia-unitateetan.

e) Aparteko zirkunstantziengatik eskatzaileari harrera ematen dioten beste senide edo familia-loturarik gabeko beste pertsona batzuk.

6.– Ez da onartuko Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden eskatzaile ez independenteen beka-eskaerarik, haien bizikidetza- edo familia-unitateek eta sostengu ekonomikoa ematen dieten pertsona nagusiek ezin badute egiaztatu erkidego horretan bizi direla.

15. artikulua.– Nor diren kide konputagarriak.

1.– Eskatzailea ez bada ekonomikoki independentea eta bizikidetza- edo familia-unitate batean bizi den semea edo alaba bada, edo harreran edo tutoretzapean dagoen pertsona bezala, honako kide hauek izango dira kide konputagarriak bekaren ondorioetarako:

a) Eskatzailea.

b) Aita eta ama, legez bananduta edo dibortziatuta ez baldin badaude, artikulu honen 4. atalean ezarritakoa izan ezik.

Edo guraso bakar bat, gurasotzat legez aitortutako pertsona bakarra badago edo bietako bat hil bada.

c) Hogeita bost urtetik beherako neba-arreba ezkongabeak 2021eko abenduaren 31n (neba-arrebek ahalmen urritasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke), ohiko bizilekuan bizi direnak.

d) Gurasoen aurreko ahaideak, baldin eta bizileku berean bizi badira.

Salbuespen gisa, erroldan sartutako aurrekoak ez dira bizikidetza-unitateko kidetzat hartuko, baldin eta bizileku iraunkor batean badaude, edo bizilekuan bizi badira eta gutxienez 3. mendetasun-maila badute, eta horren ondorioz muga ekonomikoren bat gainditzen badute. Salbuespen hori aplikatzeko, mendetasun-maila edo egoitza batean sartu izana justifikatu beharko da eskabideak aurkezteko azken egunean.

e) Foru-araudian onartutako harrera-egoera batean dauden pertsonak; eta inguruabar hori behar bezala alegatu eta egiaztatu beharko da.

f) Eskatzailearen aitaren edo amaren ezkontide berria edo izatezko bikotekide edo antzeko bikotekide berria, ohiko bizilekuan bizi dena.

g) Eskatzailearekin helbidean bizi den pertsona, ahaidetasun-harremanik ez badago eta ezin bada etxebizitza bat era partekatuan alokatzea justifikatu.

h) Aparteko zirkunstantziengatik eskatzaileari harrera ematen dioten beste senide edo familia-loturarik gabeko beste pertsona batzuk.

Beka edo laguntzaren eskatzailea harrera-egoeran dagoen adingabea bada, harrera-familiari aurreko paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko zaio. Adin nagusikoa denean, familia-unitatean integratu gabekotzat joko da ondorio horietarako, betiere harrerako familiarekin integratzeko inguruabarrek irauten ez badute eta behar bezala egiaztatzen bada.

Kasu hauetan guztietan, haien errenta eta ondarea ere kontuan hartuko dira, 18.2 artikuluan zehaztutako diru-sarreren kenkaria aplikatuko da.

Salbuespen gisa, kide konputagarritzat jo ahal izango dira eskatzailearekin bizi diren beste senide batzuk, eskatzailea zurtza baldin bada, eta, betiere, eskatzaileak behar bezala egiaztatzen badu ekonomikoki haien mende dagoela eta 2021. urtean ez zuela beste sostengatzailerik izan. Hala denean, 18.2 artikuluan zehaztutako diru-sarreren kenkaria aplikatuko da.

2.– Eskatzailea jatorrizko familiatik banandu bada, eta bere bizikidetza- edo familia-unitatea osatu baldin badu, eta unitate berri horretan bere ohiko bizilekua baldin badauka, honako hauek izango dira kide konputagarriak, bekaren ondorioetarako:

a) Eskatzailea.

b) Bere ezkontidea, izatezko bikotekidea, erregistratua zein ez.

c) 25 urtetik beherako seme-alabak (seme-alabek ahalmen urritasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke, gurasoen mende bizi badira).

d) Foru-araudian onartutako harrera-egoera batean dauden pertsonak; eta inguruabar hori behar bezala alegatu eta egiaztatu beharko da.

e) Eskatzailearen ahaideak, edo beraren ezkontide edo izatezko bikotekidearenak, ohiko bizilekuan bizi badira.

f) Eskatzailearekin bizileku berean bizi den pertsona, nahiz eta haien artean ez izan ahaidetasun-harremanik, eta alokatutako etxebizitza partekatzen dutela egiaztatzea ezinezkoa izan.

3.– Eskatzailea bere gurasoen etxetik irten bada edo zurtza baldin bada, pertsona bateko unitate bat osatuko du. Independentea dela jo ahal izateko, honela ziurtatu beharko du ekonomikoki independentea dela eta gurasoen etxetik irten dela:

a) Gurasoen etxetik irten dela egiaztatzeko, eskatzaileak bere bizilekuan, eta ez gurasoen etxean, erroldatua egon beharko du (erositako edo alokatutako etxebizitza batean, edo pisu partekatu batean; eta bizileku hori, odolkidetasunaren 4. mailara eta ahaidetasunaren 2. mailara arteko senide batena ezin da izan).

Edo, hala dagokionean, zurtza dela egiaztatzeko agiria.

b) Ekonomikoki independente dela egiaztatu beharko du, gastuak (janaria, arropa, etxebizitza, garraioa) ordaintzeko behar beste ekonomia-baliabide dituela ziurtatuz. Ondorio horietarako, eskatzailearen baliabide ekonomikoak kalkulatzeko, beraren diru-sarrerak batuko dira, ohiko bizilekuan bizi den beste pertsona batenak ez dira kontuan hartuko. Diru-sarrerak 1. mugaren parekoak edo txikiagoak baldin badira, pertsona horrek Lanbidek kudeatutako diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako dirulaguntza osagarria eskatu ahalko ditu, bai eta beste laguntza batzuk ere. Hortaz, dirulaguntza horiek eskatu dituela eta zer egoeratan dauden egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu. Diru-gastuak ordaintzeko beste diru-sarrera dagoela egiaztatzeko xedez, honako hauek aztertuko dira:

– Eskatzaileak aurkeztu dituen diru-sarreren eta gastuen arteko balantzea, hori ziurtatzeko agiriekin batera (Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak eskatu ahal ditu).

– Zerga-egiaztagiria, gurasoek berarengatik ez dutela zerga-kenkaririk egiten berresteko.

Eskatzaile bat ekonomikoki independente dela jo ahal izateko, gurasoek edo lege-tutoreek ezin dute eskatzaileari lotutako zerga-kenkaririk egin PFEZaren aitorpen-likidazioan.

Eskatzaileak emantzipazio-programa baten laguntza jasotzen badu, eta horretan janaria eta ostatua sartuta baldin badaude, familiako independentzia betetzetik salbuetsita egongo da, baina, independentzia ekonomikoari lotutako agiriak aurkeztu beharko ditu.

Familia-independentzia eta independentzia ekonomikoaren betekizuna bete ezean, elkarbizitza-unitatean gurasoak sartuko dira, eskatzailearekin batera erroldatuta egon ez arren. Hala egiten ez badute, ezetsi egingo da eskaera, independentzia ez egiaztatzeagatik, hala ba dagokio.

4.– Gurasoek bizikidetza- edo familia-unitateari egiten dizkioten diru-ekarpenak aldatuko dira, 2021eko abenduaren 31n haien artean duten lotura zein den, betiere erroldarekin eta dibortzioari buruzko sententziarekin edota hitzarmen arautzailearekin egiaztatzen bada.

a) Ezkonduta edo izatezko bikotekide gisa erregistratuta badaude, bizikidetza- edo familia-unitateko beste kide bat dela joko da.

b) Ezkonduta edo izatezko bikotekide gisa erregistratuta ez badaude, baina bizileku berean bizi badira, bizikidetza- edo familia-unitateko beste kide bat dela joko da.

c) Ezkontideak edo izatezko bikotekideak banandu baldin badira eta gurasoetako bat ez bada ohiko bizilekuan bizi, honako arau hauek aplikatuko dira:

– Hitzarmen arautzailean mantenu- edota orekatze-pentsio bat ezarri bada, zenbateko hori elkarbizitza-unitatearen diru-sarrera gisa zenbatuko da, betiere aparteko gastuak beteta daudela argi geratzen bada. Horretarako, pentsioak, gutxienez, matrikula-gastua gehi bizilekua, hala badagokio, baino handiagoa izan beharko du. Gutxieneko baldintza hori betetzen ez bada, kanpoko gurasoa % 50ean zenbatuko da.

– Hitzarmen arautzailean aparteko gastuak bi gurasoek % 50ean ordaindu behar dituztela ezarri bada, kanpoko gurasoa zenbatzeko moduko elkarbizitza-/familia-unitateko kideei gehituko zaie eta ez da mantenu-pentsioa konputatuko. Kasu horretan, % 50eko dedukzio bat aplikatuko da, errentari eta ondareari, 18.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Hitzarmen arautzailea ez badago, edo egon arren mantenu-pentsioa ezartzen ez badu, gurasoa zenbatzeko moduko elkarbizitza-unitateko kideei gehituko zaie. Kasu horretan, % 50eko dedukzio bat aplikatuko da, errentari eta ondareari, 18.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

d) Zaintza partekatuaren kasu guztietan, bi gurasoak % 100ean zenbatzeko moduko kide gisa sartuko dira elkarbizitza-unitatean, eta errentaren % 25eko kenkaria aplikatuko zaio errenta indibidual konputagarria handiagoa duen gurasoari.

e) Eskatzailearen gurasoek ez badute, ezkontzarengatik edo izatezko bikoteen erregistroan egoteagatik, inolako harremanik eta bietako bat eskatzailearen ohiko helbidetik at bizi bada, elkarbizitza-unitatearen zenbatzeko moduko kideei gehituko zaie. Kasu horretan % 50eko dedukzio bat aplikatuko da, errentari eta ondareari, 18.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

f) Aurreko kasu guztietan gaurko data duen demanda judiziala, laguntza ekonomikoa erreklamatzen duena, edo horri buruzko ebazpen judiziala egotea da mantenu-pentsioa edo kanpoko gurasoa ez konputatzeko salbuespen bakarra.

g) 4.c eta d puntuan adierazitako kasu guztietan, sustengatzaile ekonomiko nagusia, eskatzailearen helbide berean bizitzeagatik, den gurasoak diru-sarrerak ez baditu, % 100ean konputatuko zaio kanpoko gurasoari eta ez du 18.2 artikuluan aipatzen den dedukzioa jasotzeko eskubiderik izango.

Era berean, dibortzioaren edo banantzearen kasuan, matrikularen zenbatekoa gehi ohiko bizilekutik kanpo bizitzearen gastua handiagoa bada eskatzailearekin erroldatuta dagoenaren errenta indibidual konputagarria baino, kanpoko gurasoa % 100ean zenbatuko da, bai errenta, bai ondarea.

Kanpoko gurasoa bizikidetza-unitatean zenbatzen denean, ondasun higiezinen zenbaketatik kenduko dira bi gurasoen ohiko bizilekuak, erroldan egiaztatutakoak.

16. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta-mugak.

1.– 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko emango diren bekak bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta-maila araberakoak izango dira. Hona hemen mugak:

(Ikus .PDF)

Beste kide konputagarri bat gehituz gero, honako kopuruak gehituko dira:

2.– Beka-eskaera ukatu egingo da, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak unitate hori osatzen duten kide konputagarrientzat 3. mailan ezarrita dauden kopuruak gainditzen baditu.

17. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta kalkulatzea.

1.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen zenbatesteko, artikulu honetan ezarritakoa aplikatuko zaio familia-unitateko kide konputagarri bakoitzari; hain zuzen ere, 14. eta 15. artikuluan ezarritakoaren arabera kide konputagarriak diren familia-kideei.

2.– Bekaren ondorioetarako, honela zenbatetsiko da PFEZ aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta:

a) 2021eko PFEZ aitorpeneko bi zenbateko batu behar dira: zerga-oinarri orokorrarena eta aurrezpenaren zerga-oinarriarena. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza zero izango da. Gainerako zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio.

b) Hartzaileak, gainera, PFEZren pean ez dauden edo PFEZtik salbuetsitakorik dauden diru-sarrerarik jaso baditu, diru-sarrera horien zenbatekoa gehitu egingo zaio aurreko formularekin ateratako emaitzari.

3.– Bekaren ondorioetarako, honela zenbatetsiko da PFEZ aitorpena aurkeztu ez duten kide konputagarrien errenta:

a) 2021ean edozein azalpen dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira (lan-etekina, langabezia-prestazioak eta -laguntzak, pentsioak, gizarte-laguntzak, salbuetsitako errentak...), baita hiri-izaerako ondasunen etekina ere, PFEZren ondorioetarako konputagarria dena, aplikatzekoa den zerga-araudiari jarraikiz. Ondasun horietan ez da sartzen ohiko etxebizitza.

b) Konturako atxikipenak eta aplikatzekoak diren gastu kengarriak (Gizarte Segurantza, etab.) kendu behar zaizkio emaitza horri.

4.– Ez da diru-sarreratzat hartuko administrazio publikoek emandako ikasketa-beken edo laguntzen zenbatekoa.

5.– Ez dira diru-sarreratzat hartuko ikasleek 2021eko zerga-ekitaldian jasotako zenbatekoak, unibertsitate-prestakuntza duala egin dutelako, gradu eta masterreko titulazio ofizialei lotuta, Unibasq-ek edo Estatuko beste kalitate-agentzia batzuek prestakuntza dualaren aitorpena eman dietenak.

6.– Salbuespen gisa, 2022an familiaren lan- eta ekonomia-egoera larriki hondatu zaien eskatzaileen kasuan, eta beka-eskabidea 2021eko ekitaldiko diru-sarrerak zenbatzean errenta-atalasea gainditzeagatik ukatu bazaie, zenbatutako errenta osoaren % 5eko kenkarirako eskubidea izango dute.

Horretarako, egiaztatu beharko da bizikidetza-unitatearen sostengatzaile ekonomiko nagusietako batek lan-eragina izan duela, eta justifikatu beharko da langabezia-egoera, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea edo jarduera-itxiera (autonomoen kasuan) 2022an gertatu dela eta gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izan dela.

18. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren kenkariak.

1.– Guraso bakarreko familiakoa izateagatik aplikatuko den kenkaria:

Deialdi honen ondorioetarako, guraso bakarreko familia horrela definitzen da: guraso, tutore edo harrera egiten duen pertsona bakarra dagoen hori. Zirkunstantzia hori familia-liburuaren edo tutoretza edo harrera ezartzen duen agiri ofizialaren bidez egiaztatu beharko da.

Lortutako bizikidetza- edo familia-unitatearen errentari ehuneko hamarreko kenkaria besterik ez zaio aplikatuko, baldin eta eskatzailea guraso bakarreko familiakoa bada, honako egoera hauetako batean badago:

a) Eskatzailea guraso bakarreko semea edo alaba da, eta familia-unitateak diru-iturri bakarra du: hain zuzen ere, aitak edo amak besteren kontura egiten duen lana edo/eta jasotzen duen pentsioa (ezintasun-pentsioa, alargun-pentsioa, zurztasun-pentsioa). Eskatzailearen edo anaia-arrebaren baten diru-sarrerak badaude, diru-sarreren kenketa aplikatzen jarraituko da, betiere diru-sarrerak dituzten kide horietako bakoitzeko lortutako guztizko zenbatekoa urtean 2.000 eurotik beherakoa bada.

b) Eskatzailea guraso bakarreko familia baten aita edo ama da, eta diru-iturri bakarra besteren kontura egiten duen lana edo/eta jasotzen duen pentsioa da (ezintasun-pentsioa, alargun-pentsioa, zurztasun-pentsioa, konpentsazio-pentsioa edo/eta janari-pentsioa); eta ez da seme-alabarik ez den beste pertsona batekin bizi.

Azken puntu honetan, errentari kenkari hori aplikatzeko, behar-beharrezkoa da familia-errentan janari-pentsioaren edo/eta konpentsazio-pentsioaren zenbateko eguneratua sartzea, edo behar bezala egiaztatzea ez dagokiela kobratzea.

c) Eskatzailea erabat umezurtza da eta 25 urte baino gutxiago du.

2.– Sostengatzaile nagusiak ez diren kide konputagarrien diru-sarreren gaineko kenkariak:

Bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarri bakoitzaren errenta zenbatetsiari ehuneko berrogeita hamarra kenduko zaio, kide horrek diru-sarrerak baditu eta sostengatzaile nagusia ez bada, eskatzailearen aitaren edo amaren bikote edo ezkontide berriaren kasuan izan ezik, familia-unitatearen sostengatzaile ekonomiko bakarra bada.

3.– Familia ugarikoa izateagatik aplikatuko den kenkaria:

Ohiko bizilekuan bizi den neba-arreba bakoitzeko, eskatzailea barne hartuta, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren gaineko kenkari bat, 525 eurokoa, egingo da, kategoria orokorreko familia ugaria denean; eta 800 eurokoa, kategoria bereziko familia ugarikoa bada.

Ohiko bizilekuan bizi den eskatzailearen seme-alaba bakoitzeko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren gaineko kenkari bat, 525 eurokoa, egingo da, kategoria orokorreko familia ugaria denean; eta 800 eurokoa, kategoria bereziko familia ugarikoa bada.

Beharrezkoa izango da familia ugariaren titulua indarrean egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean. Ondorio hauetarako, eskabideak aurkezteko amaiera-data 33. artikuluko 1. puntuan adierazitakoa izango da.

4.– Desgaitasunen bat duen kide konputagarri bakoitzarengatik aplikatuko den kenkaria:

Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentari kenkari bat aplikatu ahalko zaio minusbaliotasuna legez aitortua den kide konputagarri bakoitzarengatik. Kenkaria 1.811 eurokoa izango da ahalmen-urritasuna % 33koa edo handiagoa bada eta % 65ekoa baina txikiagoa bada, edonor dela ere kide konputagarria. Desgaitasuna % 65ekoa edo handiagoa bada, kenkaria 4.000 eurokoa izango da, baldin eta eskatzaileak badu desgaitasun hori; kenkaria 2.881 eurokoa izango da, baldin eta beste kide konputagarri batek badu desgaitasun hori. Kenkari hori aplikatzeko, eskabideak aurkezteko epea amaitzerakoan desgaitasun horrek jarraitzen duela egiaztatu behar da.

Gizarte Segurantzako pentsiodunek, elbarritasun erabatekoan, absolutuan edo handian ezintasun iraunkorraren pentsio bat badute, eta klase pasiboetako pentsiodunek zerbitzurako ezintasun iraunkorrarengatik edo desgaitasunarengatik erretiro-pentsio bat badute, % 33ko edo % 33tik gorako elbarritasuna izango dute, azaroaren 29ko 1/2013 Errege Lege Dekretuak, Elbarritasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Lege Orokorrak, 4.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

5.– Unibertsitate- edo goi mailako beste ikasketa batzuk egiten dituen eta beka eskatu duen anaia /arreba bakoitzeko dedukzioa.

Eskatzailea izan ezik, 1.176 euroko dedukzioa egingo da 2022-2023ko ikasturtean unibertsitate- edo goi mailako beste ikasketa batzuk egiten dituen eta beka eskatu duen anaia-arreba bakoitzeko. Dedukzio hori aplikatu ahal izateko, zirkunstantzia hau eskaeran horretarako dagoen atalean adierazi beharko da.

19. artikulua.– Ondare-ondasunen mugak eta haiengatik aplikatzen den kenkaria.

1.– Eskatutako beka ukatu ahal izango da, baldin eta, familia-errenta edozein delarik ere, 2021eko abenduaren 31n familia-unitateko kide konputagarrien ondasunen balioak edo/eta etekinek gainditu egiten badituzte honako muga hauek:

a) Hiri-finkak direnean, honako bi muga hauek ezin dira gainditu:

– Ohiko bizilekua eta trastelekua alde batera utzita, bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrien jabetzako hiri-finken katastroko balioen batuketa ezin da 42.900 eurotik gorakoa izan.

Gehienezko katastro-balioaren ondorioetarako, ez dira sostengatzaile ekonomiko nagusien diru-sarreren iturria den norberaren konturako jarduera ekonomikoa egiten den erakinak kontuan hartuko. Salbuespen hau aplikatu ahal izateko, jarduera ekonomikoak 2021eko zerga-ekitaldian eraikin horretan helbideratuta dagoela egiaztatu beharko da.

– Bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrien jabetzako etxebizitzen gehienezko kopurua, ohiko bizilekua barne, ezin da bi etxebizitza baino handiagoa izan. Zifra hori zenbatesteko, kide konputagarrien jabetzakoak izan daitezkeen etxebizitzetako titulartasun-ehunekoak batuko dira. Ez dira etxebizitzatzat hartuko 5.000 eurotik beherako katastro-balioa duten higiezinak, baina kontuan hartuko dira katastroko balioen baturaren ondorioetarako.

Puntu honetan jasotako bi mugetan ez dira kontuan hartuko jabetza soileko ondasun higiezinak, gozamena bizikidetza-unitatetik kanpoko pertsona bati baitagokio. Egoera hori Jabetza Erregistroko ohar sinple batekin egiaztatu beharko da, egungo datakoa. Halaber, aitona-amonen bat bizikidetza-unitateko kide konputagarria bada, zenbaketatik jabetzako etxebizitza bat kenduko da.

b) 2021eko zerga-ekitaldiko higigarrien kapitalaren etekin garbia gehi ondareen irabazi eta galera garbien arteko aldearen baturak, familiako kide konputagarriena, ezingo du 1.700 euroko muga gainditu, bizikidetza-unitatearen errenta garbiak 16. artikuluan zehaztutako 1. muga gainditzen ez duen kasuetan izan ezik.

Batuketa horretan ez dira sartuko ohiko etxebizitza erosteko edo konpontzeko jasotako dirulaguntzak, ez eta emantzipatzeko oinarrizko errenta eta joko, lehiaketa, zozketa edo ausazko konbinazioetan parte hartzeagatik lortutako diruzko edo gauzazko sarien zenbatekoa 1.500 eurora arte. Sari horien ondoriozko ondare-irabaziak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudiaren arabera zuzenduko dira.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean dauden hiri-higiezinen katastroko balioa zenbatesteko, honako arau hauek aplikatuko dira:

Higiezina Bizkaiko, Gipuzkoako edo Arabako edozein udalerritan badago, katastro-balioa 0,36z biderkatuz ateratzen dena izango da.

3.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden hiri-finken katastroko balioa zenbatesteko, honako arau hauek aplikatuko dira:

Katastroko azken berrikuspenaren data eraginkorra 1990eko urtarrilaren 1etik 2002ko abenduaren 31ra artekoa baldin bada, katastroko balioak 0,49 koefizienteaz biderkatuko dira. Berrikuspen horren eguna 2002ko abenduaren 31ren ostekoa baldin bada, honako koefiziente hauek erabiliko dira, katastro-balioak biderkatzeko:

0,43; 2003an berrikusi direnetarako.

0,37; 2004an berrikusi direnetarako.

0,30; 2005ean berrikusi direnetarako.

0,26; 2006an berrikusi direnetarako.

0,25; 2007an berrikusi direnetarako.

0,25; 2008an berrikusi direnetarako.

0,26; 2009an berrikusi direnetarako.

0,28; 2010ean berrikusi direnetarako.

0,30; 2011n berrikusi direnetarako.

0,32; 2012an berrikusi direnetarako.

0,34; 2013an berrikusi direnetarako.

0,36, 2014tik 2021era bitartean berrikusitakoen artean.

Nafarroako Foru Aldundiko higiezinen katastro-balioa, edonola ere, 0,50 koefizienteaz biderkatuko da.

Eskatzaileak ziurtatu beharko du higiezinaren katastro-berrikuspena zer urtetan egin den, koefizienteak aplikatu ahal izateko.

20. artikulua.– Jarduera ekonomikoen muga.

Bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrien jarduera ekonomikoei buruzko fakturen kopurua guztira, 2021. ekitaldikoa, ezin izango da 155.500 euro baino handiagoa izan. Enpresa txikiei eta ertainei hori bera aplikatuko zaie, baldin eta titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietako baten bat sozietate horren kidea edo partaidea bada eta bertan lan egiten badu. Titularrak enpresan duen titulartasun- edo partaidetza-portzentajea zenbatekoa, halako portzentajea aplikatuko zaio jarduera ekonomikoaren fakturazio-bolumenari.

Salbuespen gisa, 2022an familiaren lan- eta ekonomia-egoera larriki hondatu zaien eskatzaileen kasuan, eta beka-eskaera ukatu bazaie jarduera ekonomikoetarako gehieneko muga hori gainditzeagatik 2021eko ekitaldiko diru-sarrerak zenbatuta, jarduera ekonomikoetatik datozen diru-sarreren baturaren gaineko % 5eko kenkaria izateko eskubidea izango dute.

Horretarako, egiaztatu beharko da bizikidetza-unitatearen sostengatzaile ekonomiko nagusietako batek lan-eragina izan duela, eta justifikatu beharko da langabezia-egoera, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea edo jarduera-itxiera (autonomoen kasuan) 2022an gertatu dela eta gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izan dela.

21. artikulua.– Kenkariak ondare-elementuetan.

Atal honetan zehaztutako ondare-elementuen ehuneko berrogeita hamarra kenduko da, baldin eta bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrienak badira, eta kide horiek sostengatzaile nagusiak ez badira, eta 18.2 artikuluan zehaztu den errenta-kenkaria jasotzeko eskubidea badute.

V. KAPITULUA
IKASKETA-BETEKIZUNAK

22. artikulua.– Betebehar orokorrak.

1.– 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko beka jasotzeko, ikasleek matrikula egin behar dute deialdi honetako 1. artikuluko ikasketaren batean, ikasturte horretan. Horrez gain, betekizun akademikoak bete behar dituzte, bai eta artikulu honetan jasotako aprobetxamendu akademikoaren betebeharrak ere.

2.– Ikasleek aldi berean hainbat ikasketa egiten badituzte, bekaren bidez egin nahi dituzten ikasketei buruzkoak izan behar dute betekizun akademikoek eta aprobetxamendu akademikoaren betekizunak.

3.– Ikasle batek ikasturte batez unibertsitateko edo goi-mailako ikasketarik egin ez badu, ezarritako betekizunak bete beharko dira maila bereko ikasketen azken mailan.

23. artikulua.– Matrikulatu behar den gutxienezko kreditu-kopurua.

Oro har, unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beka eskatzen dutenek gutxieneko kreditu-kopurua matrikulatu behar dute, 2022-2023 ikasturtean egiten duten ikasketa-motaren arabera:

a) Graduko ikasketak: eskatzaileek gutxienez 60 kredituko matrikula egin beharko dute.

b) Master-titulu ofiziala lortzeko ikasketak: eskatzaileek ikasturte osoko matrikula egin behar dute, ikasketa-planak urtebetea irauten badu; eta gutxienez 60 kredituko matrikula egin beharko dute, ikasketa-planak urtebetea baino gehiago irauten badu.

c) Goi-mailako arte-, erlijio- eta militar-ikasketak: eskatzaileak gutxienez 60 kredituko matrikula egin beharko dute.

d) 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitateetan emandakoak: eskatzaileek gutxienez 35 kredituko matrikula egin behar dute. Beka ikasturte baterako soilik emango da.

24. artikulua.– Matrikulatu behar den gutxienezko kreditu-kopuruaren salbuespenak.

Aurreko artikuluan adierazitako gutxienekora iristen ez diren pertsonek lortu ahal izango dute beka, ondorengo salbuespenetakoren bat betetzen bada:

a) Exijitutako gutxienekora ez iristea, unibertsitatearen araudiak mugatzen baitu matrikula daitekeen kredituen kopurua:

– Goi gradua edo ikasketak: ahal den kreditu guztietan matrikulatu arren exijitutako gutxienekora iristen ez bada, unibertsitateak, zirkunstantzia akademiko desberdinengatik, ez baitio ematen kreditu gehiagotan matrikulatzeko aukerarik.

– Masterra: ikasketa-planak ikasturte honetarako kredituen kopuru txikiago bat hartzen badu edo eskatzailearen masterraren kredituak baliokidetuta edo aitortuta baditu, onartuko da, betiere matrikula 30 kreditu baino txikiagoa ez bada.

b) Ikasketak bukatzeko azken kredituak. Salbuespen hau behin bakarrik aplikatuko da.

– Goi gradua edo ikasketak: gutxienezko 60 kredituetara iristen ez bada, ikasketak bukatzeko falta zaizkion kreditu guztietan, ikasturtean amortizatuko dituen aukerakoak (oraindik amortizatu gabe egon arren) edo gradu bukaerako lana, matrikulatu delako.

– Gradu edo Master amaierako lanean besterik ez bada matrikulatzen.

– Masterra: Ikasketa horiek bukatzeko falta zaizkion kreditu guztietan matrikulatu izanagatik masterrerako exijitutako kredituen gutxienezko kopurura iristen ez denak izango du beka lortzeko aukera.

c) Gradu edo masterreko ikasketak, presentziaren erdiko erregimenean eta on-line euskarriarekin: 30 kreditutan, gutxienez, matrikulatzen bada, izango du beka lortzeko aukera.

d) Gradu edo masterrerako matrikula partziala: 30 kreditutan, gutxienez, matrikulatu behar du eta ondorengo egoeretako batean dagoela justifikatu beharko du beka eskatzen duen pertsonak:

– Ikasketak eta lan-jarduera egiten ditu bateragarri.

– Lanbide Heziketako irakaskuntzak egin ditu eta kredituak baliokidetu edo ezagutzen zaizkio.

– Curriculumetik kanpoko praktiken kredituak baliokidetu edo ezagutzen zaizkio.

Aurreko kasu guztietan, 12 kreditu baino gehiagoko eta 45 kreditu arteko matrikula egiten bada, bekaren osagaien zenbatekoa % 50 murriztuko da, matrikula-osagaia izan ezik, azken hori oso-osorik ordainduko baita. 12 kreditutan edo gutxiagotan matrikulatzen bada, matrikula-osagaia baino ez zaio egokituko. Matrikula 45 kreditu baino gehiagokoa bada, dagozkion osagai guztien % 100 jasoko da.

e) Eskatzaileak % 65eko edo gehiagoko elbarritasun bat badu:

Exijitutako gutxienekoaren % 50era arte gutxitu ahal izango ditu irakastorduak. Murrizketa hau 23. artikuluaren d) paragrafoan adierazitako ikasketetarako erabiltzen duenak, beka berritu ahal izango du, ikasturtean matrikulatu den kredituen % 50 gainditzen badu.

Aurrerago adierazitako salbuespen guztietan zabaldu ahal izango dira kredituak, horren berri Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari 2023ko martxoaren 31 baino lehenago ematen bazaio, araudi akademikoarengatik lehenago matrikulatu ezin izan den gradu bukaerako proiektuaren kredituen kasuan izan ezik; kreditu horiek ikasturteak bukatu arte zabaldu ahal izango dira.

25. artikulua.– Matrikulatu behar den gutxieneko kreditu-kopurua zenbatzea.

Matrikulatu den gutxieneko kreditu-kopurua zenbatzeko, kontuan hartu beharko dira honako arau hauek:

a) Eskatu beharreko gutxieneko kopuruan ezin izango dira sartu espezialitate bat baino gehiagoko irakasgai edo kredituak, ezta dagokion titulua eskuratzeko behar diren kopurutik gorakoak ere.

b) Baliozkotu, egokitu edo aitortu diren kredituak ez dira matrikulatutako kreditutzat joko; hortaz, ez dira batuko matrikulan hartzeko gutxieneko kreditu-kopurua betetze aldera. Ikasturte horretan amortizatuko diren hautazko irakasgaien kredituak ere ez dira aintzat hartuko.

c) Hirugarren matrikularen kredituak matrikularen gutxienezko kredituak kalkulatzearen ondorioetarako hartuko dira kontuan; ez, ordea, prezio publikoaren zenbatekoa kalkulatzeko, 3. artikuluaren 4. atalean jasota agertzen den legez.

26. artikulua.– Beka eskuratzeko aurreko ikasturteko errendimendu akademikoa.

1.– Beka eskuratu ahal izateko, eskatzaileek ziurtatu beharko dute aurreko ikasturtean eskatutako errendimendu edo ustiapen akademikoa gainditu dutela, 2021-2022 ikasturtean egingo diren ikasketen arabera.

a) Gradu-titulu ofiziala edo goi-mailako ikasketak:

– Lehen aldiz unibertsitateko edo goi-mailako arte-, erlijio- edo militar-ikasketetara matrikulatzen diren ikasleei ez zaie errendimendu akademikorik eskatuko.

– Unibertsitateko edo goi-mailako arte-, erlijio- edo militar-ikasketetan bigarren mailatik aurrera matrikulatzen diren ikasleei honako errendimendu hau eskatuko zaie:

• Ingeniaritza edo Arkitekturaren adarreko ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 60.

• Zientzien ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 65.

• Osasun Zientzien, Lege- eta Gizarte-Zientzien, eta Arte eta Giza Zientzien adarreko ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 75.

• STEM graduko (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) irakaskuntza-adar desberdinetako ikasketak: irakaskuntza-adarraren arabera eskatzen den errendimendu akademikoa % 5 murriztuko da.

Ondorio horietarako, STEM graduak dira 2022-2023 ikasturterako UPV/EHUko goi-mailako hezkuntzaren prezio publikoak ezartzen dituen Hezkuntza sailburuaren Aginduaren I. eranskinean adierazitakoak.

• Gradu Bikoitzak: egindako bi titulazioak irakaskuntza-adar berekoak ez direnean, beka lortzeko behar den errendimendu akademikoa eskakizun akademiko txikieneko adarrerako ezarritakoa izango da.

b) Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak:

– Masterreko lehen kurtsorako: beka izateko, ez da batezbesteko gutxienezko notarik exijituko.

– Master ofizial baten bigarren ikasturterako, hauxe egiaztatu beharko dute: aurreko ikasturtean matrikulatutako kreditu guztiak gainditu dituztela, eta master-ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkien kreditu guztietan matrikulatu direla.

– Master bat presentziaren erdiko erregimenean egiten badu eta, matrikula-kredituen gutxienezko kopuruari begira, 24. artikuluaren c) puntuan xedatutako salbuespena izan badu, aurreko kurtsoan matrikulatu den kreditu guztiak gainditu beharko ditu ikasleak.

2.– Ikasketa-aldaketaren kasuan, zati batean edo osorik bekarekin egindakoak, aurreko ikasturtean exijitutako errendimendu edo aprobetxamendu akademikoa ondorengo arauen arabera kalkulatuko da:

Eskatzaileak agindu honetan zehaztutako ikasketak egiteko aurreko ikasturtean beka jaso bazuen, ikasturte horretan lortutakoa joko da errendimendu akademikotzat, 12.4 artikuluaren arabera.

Eskatzaileak aurreko ikasturtean beka jaso ez bazuen, ondorengo arauen arabera kalkulatuko da:

– Aurreko ikasketak lehen urtean utzi bazituen eta ikasketa berrien lehen urtea ari bada egiten: ez zaio errendimendurik eskatuko, 26.1 a) artikuluaren lehen paragrafoan zehazten den moduan.

– Aurreko ikasketak lehen urtean utzi bazituen eta ikasketa berrietan bigarren urtetik aurrerako ikasturteren batean badago, ikasketa berrien azken urtea hartuko da kontuan, 12.4 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.

– Aurreko ikasketak bigarren mailatik aurrerako ikasturteren batean utzi bazituen eta ikasketa berrien lehen urtea ari bada egiten, bertan behera utzitako ikasketen azken urtea hartuko da kontuan, 12.4 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.

– Aurreko ikasketak bigarren mailatik aurrerako ikasturteren batean utzi bazituen eta ikasketa berrietan bigarren urtetik aurrerako ikasturteren batean badago, ikasketa berrien azken urtea hartuko da kontuan, 12.4 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.

Irakaskuntza berberetako plan berrietara egokitzeko prozesuak ez dira ikasketa-aldaketatzat joko.

27. artikulua.– Aurreko ikasturtean exijitutako errendimendu akademikoari aplikatzeko moduko salbuespenak.

Salbuespen gisa, eskatzaileak errendimendu akademikoko betekizunetik salbuetsita egongo dira, baldin eta ikasturte horretan osasun-arazo edo segurtasun-arazo larriak izan badituzte, eta arazo horiek direla-eta, ikasketak normaltasunez egitea ezinezkoa izan bada. Arazo horiek ziurtatzeko, honako aukera hauetako bat hautatu beharko da: osasun-arazoen kasuetan, Osasun Publikoaren Sareko medikuak, gaixotasun horren arloko espezialistak, igorritako mediku-txosten ofiziala, eta ebazpen judiziala, uneko prozesu judizialaren ziurtagiria edo Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen txosten ofiziala.

28. artikulua.– Errendimendu akademikoa aprobetxamendu akademikoari lotutako oinarrizko zenbatekoa lortzeko.

Aprobetxamendu akademikoari lotutako osagaia lortzeko, 6. artikuluan zehaztutakoarekin batera, eskatzaileek honako errendimendu akademiko hau ziurtatu beharko dute, egin nahi dituzten ikasketak zeintzuk diren:

a) Gradu-ikasketetan edo goi mailako beste ikasketa batzuetan lehenengo aldiz matrikulatzen diren ikasleek ondoren datorren taulan jasotako batez bestekoa lortua behar izango dute. Hori izango da unibertsitatean sartzeko nota, zeina selektibitatean espezifikoak kontuan hartu gabe ateratako nota baita. Unibertsitatera sartzeko probatik ez datozenek ere nota berberak atera dituztela egiaztatu beharko dute.

b) Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketetako bigarren mailan edo hurrengoetan matrikula egiten duten ikasleek aurreko mailan (unibertsitatea edo goi-mailan) matrikulan hartu zituzten kreditu guztiak gaindituta izan behar dituzte, eta ondorengo taulan eskatutako batez besteko nota izan beharko du.

Osagai hau zenbatesteko kontuan hartu beharreko batez besteko nota unibertsitateko edo goi-mailako ikasketa-espedientean jasotakoa izango da. Ondorio horietarako bakarrik, unibertsitateko bigarren eta ondorengo ikasturteetan matrikulatuta daudenen kasuan kontuan hartu beharreko kalifikazioari 1,17ko koefiziente zuzentzailea aplikatuko zaio arkitektura eta ingeniaritza arloko ikasketetarako, 1,11koa zientzien arloko ikasketetarako eta 1,05ekoa osasun zientzien arloko ikasketetarako.

– Ikasketa-espedientearen ziurtagirian batez besteko nota, zenbakiko kalifikazioen bidez kalkulatua, jasota ez badago, honako hau izango da kalifikazioak zenbatesteko baremoa:

– Ohorezko matrikula (bikain eta aipamena) = 10 puntu.

– Bikain (9 eta 10 puntu artean) = 9 puntu.

– Oso ongi (7 eta 8,9 artean) = 7,5 puntu.

– Nahiko edo gai (5 eta 6,9 artean) = 5,5 puntu.

– Gutxiegi, ez aurkeztua edo deialdi deuseztatua = 2,5 puntu.

Titulazio bikoitzak, bi jakintza-arlotakoak direnak, egin nahi dituzten ikasleek haietako bat aukeratu beharko dute.

c) Master-titulu ofiziala lortzeko ikasketetan matrikula egin duten ikasleek:

– Errendimendu akademikoko osagaia urtebeteko master ofizial bat egiteko edo bi urteko master baten lehenengo ikasturtea egiteko, eskatzaileak, batez beste eta gutxienez 9 puntuko nota lortu behar izan du masterra ikasteko bide ematen duen unibertsitate-tituluko ikasketetan.

– Master ofizialeko bigarren mailarako beka eskatzen dituztenek ziurtatu beharko dute aurreko mailaren matrikulan hartu zituzten kreditu guztiak gainditu dituztela, eta batez besteko nota 9 puntukoa dela.

Ondorio horietarako, ingeniaritzako eta arkitekturako ikasketetatik datozen batez besteko notak 1,17 koefizientearekin biderkatuko dira, zientzietako irakaskuntza-adarretako ikasketak 1,11 koefizientearekin eta osasun-zientzietako adarretako ikasketak 1,05 koefizientearekin.

Kasu guztietan, zenbatekoaren zenbatekoa bikoiztu egingo da 1. atalasean sartutako pertsonentzat, 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

29. artikulua.– Errendimendu akademikoa, familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa lortzeko.

Beka-eskatzaileek familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa lortu ahal izango dute, baldin eta, gainerako betebeharrak beteta, honako errendimendu akademiko hau gainditu dutela egiaztatzen badute:

a) Gradu-ikasketetan edo goi mailako beste ikasketa batzuetan lehenengo aldiz matrikulatzen diren ikasleek gutxienez 6 puntuko batez besteko nota lortu behar izan dute unibertsitateko sarbide-proban. Unibertsitateko sarbide-proba egin ez dutenek unibertsitatean hasteko bidea eman dien batez besteko nota gutxienez 6 puntukoa izango da, edo handiagoa.

b) Bigarren mailan edo hurrengoetan matrikula egiten dutenek, master ofiziala izan ezik, unibertsitateko edo goi-mailako ikasketen azken mailan honako errendimendu hau lortu behar izan dute, matrikulatutako kredituak erreferentziatzat hartuta:

– Ingeniaritza eta arkitekturaren adarreko ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 65.

– Zientzien ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 70.

– Gainerako unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 80.

c) Master-titulu ofiziala lortzeko ikasketetan matrikula egin duten ikasleek:

– Urtebeteko master bat egiteko, edo bi urteko master baten lehenengo maila egiteko, eskatzaileak batez beste eta gutxienez, 7 puntuko nota lortu behar izan du masterra ikasteko bide ematen duen unibertsitate-tituluko ikasketetan.

– Master ofizialeko bigarren mailarako beka eskatzen dituztenek ziurtatu beharko dute aurreko mailaren matrikulan hartu zituzten kreditu guztiak gainditu dituztela, eta batez besteko nota 7 puntukoa dela.

Ondorio horietarako, graduko bigarren eta ondorengo ikasturteetan zein masterretan, ingeniaritzako eta arkitekturako ikasketetatik datozen batez besteko notak 1,17 koefizientearekin biderkatuko dira, zientzietako irakaskuntza-adarretako ikasketak 1,11 koefizientearekin eta osasun-zientzietako adarretako ikasketak 1,05 koefizientearekin.

30. artikulua.– Genero-indarkeriaren biktimentzako salbuespen akademikoak.

1.– 2022-2023 ikasturteko beken eta ikasketarako laguntzen deialdi orokorrean parte hartuko duten eskatzaileei dagokienez, epai kondenatzaileen, babes-aginduen, biktima babesteko neurriak adosten dituen ebazpen judizialaren edo babes-agindua eman arte eskatzailea genero-indarkeriaren biktima dela adierazten duen Zerga Ministerioaren txostenaren bidez –denak ere 2021eko ekainaren 30etik 2022ko ekainaren 30era bitartekoak-, egiaztatzen bada genero-indarkeriaren biktima direla, edo haien seme-alabak genero-indarkeriaren biktima direla, beka eskuratu ahal izango dute 2022-2023 ikasturtean, betiere indarreko araudian zehaztutako gainerako betekizunak betetzen badituzte, alde batera utzita 2021-2022 ikasturtean gainditutako irakastorduekin, beka jasotzeko urteen mugarekin eta 2021-2022 ikasturtean beka jasotzeko kreditu-ehuneko zehatz bat gainditzearekin lotutako baldintzak.

2.– Aurreko atalean aipatutako pertsonek, aurreikusitako betekizunak betetzeaz gain, honako hau egin beharko dute:

a) Egiaztatu beharko dute 2021-2022 ikasturtean errendimendu akademiko txikiagoa izan duela epai kondenatzailearen, babes-aginduaren, biktima babesteko neurriak adosten dituen ebazpen judizialaren edo babes-agindua eman arte biktima genero-indarkeriaren biktima dela adierazten duen Zerga Ministerioaren bidez egiaztatutako baldintza dela eta. Horretarako, bekadunak hautatzeaz arduratuko den unibertsitate-organo kolegiatuaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, deialdian zehaztutako terminoetan.

b) 2022-2023 ikasturterako matrikulatu honako kreditu-, ordu- edo irakasgai-kopuru hauetan, gutxienez:

– Goi-mailako arte-, erlijio- eta militar-ikasketetako ikasleak: 30 kreditu.

– Unibertsitate-ikasleak: 30 kreditu edo ikasturte osoaren erdia gradu-titulazio bikoitzen kasuan.

VI. KAPITULUA
ESKABIDEAK AURKEZTEA

31. artikulua.– Nola aurkeztu eskabidea.

Honako urrats hauek egin behar dira, eskabideak aurkezteko:

1.– Eskabidea eta gainerako izapideak erabat elektronikoak izango dira. Eskatzaileak esteka honetan dagoen aplikazioaren bidez aurkeztu beharko du eskabidea: https://www.euskadi.eus/servicios/1010608

Eskabideak identifikatzeko eta sinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bitartekoak eta sinadura elektronikoa erabili behar dira, helbide honetan eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Eskabide elektronikoa formalizatu ahal izango da, ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatuz, baldin eta horren berri modu fidagarrian ematen badu. Ordezkaritza Eusko Jaurlaritzaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatzea gomendatzen da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak/

2.– Pertsona behar bezala identifikatu ondoren, eskabide-formulario elektronikoa bete beharko da. Inprimaki horrek hainbat erlaitz ditu, datu pertsonalak, familiarrak eta akademikoak osatzeko. Bizikidetza-unitateko kide guztiek alta eman beharko dute beren nortasun-agiri eguneratuenarekin, NANarekin edo egoitza-baimenarekin (AIZ).

3.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa bide elektronikoz baino ez da aurkeztuko, eta agindu honen 32. artikuluan adierazitakoa izango da. Dokumentazio hori Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzeko araudian araututako formatuetara egokituko da. Eskabide elektronikoan nahitaezko dokumentu guztiak erantsi behar dira, «Dokumentu erantsiak» atalean.

4.– Eskabidea bete ondoren, interesdunak sinatu beharko du, egoitza elektronikoak onartutako sinadura elektronikoko sistemetako edozeinekin, eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez bidali beharko du, ondorio guztietarako aurkeztuta. Ez dira kontuan hartuko bide telematikoz betetako eskabideak, baldin eta ezarritako aurkezpen-prozesua osatzen ez badute. Eskatzaileak gorde egin beharko du eskabide-frogagiria, hala behar izanez gero, ezarritako epean eta moduan aurkeztu dela egiaztatzeko.

5.– 33.1 artikuluan adierazitako eskaera aurkezteko epe orokorra amaitu ondoren, 33.2 artikuluan adierazitako salbuespenezko epeari heldu nahi dioten pertsonek beste eskabide bati ekin beharko diote.

6.– Deialdiarekin eta haren prozedurarekin zerikusia duen informazio guztia esteka honetan egongo da beti eskuragarri: https://www.euskadi.eus/unibertsitateko-ikasleak-unibertsitate-mailako-eta-goi-mailako-beste-ikasketa-batzuk-egiteko-bekak/web01-a3lagun/eu/

32. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Ez da beharrezkoa izango eskatzaileak aurreko ikasturteko espediente elektronikoan sartu zituen dokumentu iraunkorrak aurkeztea, baldin eta haietan adierazitako informazioa aldatu ez bada. Dokumentu horiek, besteak beste, dibortzio-epaia, hitzarmen arautzailea, IBANen banku-ziurtagiria, alokairu-kontratua (aldatzen ez bada), jabetza-erregistroko ohar soila, salerosketa-eskriturak, guraso baten heriotza-ziurtagiria, desgaitasun-mailaren ziurtagiria izan daitezke.

Aldi baterako agiriak, eskatzailearen zirkunstantzia pertsonalen arabera urteko eskabide bakoitzarekin aurkeztu beharko dira: errolda kolektiboa, matrikula, alokairua edo bizilekua ordaindu izanaren egiaztagiria, agiri akademiko guztiak, nazioko edo nazioarteko mugikortasun-programetan parte hartu izanaren justifikazioa eta, hala badagokio, beste dokumentu batzuk.

1.– Eskatzaile guztientzat derrigorrezkoak diren dokumentuak:

a) Bizikidetza- edo familia-unitateari dagokion errolda kolektiboa. Bertan, 2021eko abenduaren 31ko egoerak agerian egon behar du.

b) Banku-ziurtagiria, eskatzailearen libretako edo kontu korronteko IBAN adierazita (eskatzaileak titularra edo titularkidea izan behar du). Ziurtagiri horren ordez, libretaren kopia edo banku elektronikoko inprimaki bat entrega daiteke. Bertan libretaren edo kontu korrontearen titularrek eta IBAN zenbakiak agerian egon behar dute.

2.– Zirkunstantzia pertsonalen arabera derrigorrezkoak diren dokumentuak:

a) Dibortzioa edo banantzea gertatuz gero, nahiz eta gurasoetako bat eskatzailearekin bizi ez: hitzarmen arautzailearen edota ebazpen judizialaren edota notario-hitzarmena, adostutako baldintzak zehazten dituena.

b) Hitzarmen arautzaileak ezartzen duen mantenu-pentsioa ez ordaintzeagatik demanda judiziala badago, horri buruzko epailearen egungo datako ebazpena aurkeztu beharko da.

c) 2022-2023 ikasturtean ikasketak direla-eta ohiko bizilekutik kanpo bizitzeagatik egoitza-osagaia eskatuz gero:

– Alokairuko kontratuaren kopia, eskatzailearen izena agertu beharko duena, eta 2022ko irailetik aurrerako hileko alokairuaren ordainagiria, ondorengo datuak agertu behar dituena: eskatzailearen izena, zenbatekoa, data eta ordainketaren kontzeptua.

– Egoitzan edo antzeko leku batean toki bat erreserbatu dela egiaztatzeko agiria, zenbatekoa jasota, eta lehen hilabetearen zenbatekoa ordaindu izanaren egiaztagiria.

Bi kasuetan, eta beharrezkotzat jotzen badu, alokairu-hilabete gehiago ordaindu izanaren egiaztagiriak eskatu ahal izango ditu Administrazioak.

d) Bizikidetza-unitateko kideren baten desgaitasuna edo mendetasuna izanez gero: foru-aldundiak emandako ebazpenaren kopia, desgaitasun- edo mendetasun-maila aitortzen duena.

e) Independente gisa eskaera aurkezten baduzu (gurasorik gabe).

– 2021eko abenduaren 31n datako ohiko etxebizitzaren alokairu-kontratua. Etxebizitza jabetzan badu, ez da ezer aurkeztu behar.

– Emantzipazio-programa batean parte hartzen dela egiaztatzeko ziurtagiria.

3.– Derrigorrezko agiriak, zirkunstantzia ekonomikoen arabera:

a) Ez da beharrezkoa izango diru-sarrerak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) aitorpena 2021ean egin bada, Eusko Jaurlaritzak zuzenean kontsulta egingo baitio Zerga Administrazioari. Baina, salbuespen gisa, diru-sarrera, ondare eta bizibide guztiei buruzko dokumentazio gehigarria eskatu ahal izango zaie eskatzaileei, baldin eta elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez informaziorik lortu ezin izan bada.

b) Sostengatzaile ekonomiko nagusiak diren pertsonetako batek errentaren aitorpena beste autonomia erkidego batean aurkeztu badu, adierazpen horren kopia bat aurkeztu beharko du.

b) Euskarri ekonomiko nagusietako batek 2022an langabezia, enplegu-erregulazioko espedientea, aldi baterako lan-erregulazioko espedientea edo jarduera-itxierako egoera bat izan badu: egoera hori egiaztatzen duen EPEaren edo enpresaren dokumentua eta hasiera-data.

d) Errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa jaso ahal izateko, 2021eko zerga-ekitaldian erabilgarri dauden gizarte-laguntzetako bat kobratu izana egiaztatu beharko da (DSBE, EPO, GLL, GSINen laguntzak, angabeziagatiko sorospena, etab.).

4.– Zirkunstantzia akademikoen arabera derrigorrezkoak diren dokumentuak:

a) Ikasle guztiak: egungo ikasturteko matrikularen kopia, gradu edo masterrarena.

b) Unibertsitatez aldatu diren eta Euskadin eta kanpoan matrikulatuta dauden ikasleak:

– Masterra: ziurtagiri akademikoaren kopia osoa, sarbidea ematen dion graduaren batez besteko notarekin.

– Gradua: aurreko ikasturteko ziurtagiri akademikoa, batez besteko nota jasotzen duena.

c) Batxilergotik sartzen direnen 1. mailako ikasleak: unibertsitatean sartzeko notaren ziurtagiri akademikoa.

d) Batxilergotik sartzen ez diren 1. mailako ikasleak: ikasketetara sartzeko aukera ematen dien titulazioaren espediente akademikoa aurkeztu beharko dute eta titulazio horretan batez besteko nota agertuko da.

e) Eskatzaileak nazioarteko edo Estatuko mugikortasun-programetan parte hartzen baldin badu, parte-hartzea ziurtatzeko agiria, egunak eta egoitza-lekua adierazita.

f) Matrikula partziala eskatzen baldin badu, ikasketak lan-jarduerarekin bateratzen direla egiaztatzeko agiriak (lan-kontratuak, lan-bizitza...).

g) Osasunari buruzko arrazoiak direla-eta, etekin akademikoan salbuespena eskatzen bada, mediku-ziurtagiria.

5.– Zenbait kasutan beharrezkoak izan daitezkeen beste dokumentu batzuk:

a) Ikasketa-laguntzen ziurtagiriak, unibertsitateak berak edo beste erakunde batzuek emandakoak.

b) Guraso batek norberaren konturako jarduera ekonomikoa jabea den lokaletakoren batean egiten badu, 2021eko zerga-ekitaldian jardueraren helbidea lokal horretan zegoela egiaztatu beharko da.

c) Ondasun higiezinen jabetza soila justifikatzeko, egungo Jabetza Erregistroko ohar sinple bat atxiki beharko da.

d) Jasotako diru-sarreren zati bat prestakuntza dualetik datorrela justifikatzeko, prestakuntza-zentroak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, jasotako zenbatekoa zehaztuz eta ikasketak Unibasq edo Estatuko beste kalitate-agentzia batzuen zigilu duala duen titulazio bati dagozkiola ziurtatuz.

Aurkeztutako dokumentaziotik Administrazioak ezin izan duenean ondorioztatu eskaera izapidetzeko beharrezkoa den alderdi bat., bitarteko telematikoen bidez lortu ezin izan den beste edozein agiri eskatu ahal izango da.

33. artikulua.– Eskaera aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta irailaren 16an amaituko da ikasle guztientzat.

2.– Salbuespen gisa, eskatzaileek 1. puntuan adierazitako epea amaitu ondoren hasten den matrikula-epea duten ikasketak egiten badituzte, matrikula-dataren ondorengo 5 egun baliodunetan egin ahal izango dute beka-eskaera. Ez da inola ere onartuko 2022ko abenduaren 31tik aurrerako beka-eskaerarik.

3.– Eskatzaileek haietan matrikulatzeko epeak 2022ko abenduaren 31 baino geroago bukatzen duen ikasketak egiten badituzte eta ezin badute beka ikasturte honetan eskatu, 2023-2024ko ikasturtean eskatu ahal izango dute, betiere ikasketa horiek 2024ko ekainaren 22an baino lehenago bukatzen badute.

34. artikulua.– Eskabidea aurkeztearen ondorioak.

Beka-eskabidea aurkezteak berekin dakar:

1.– Deialdiaren oinarriak onartzea.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluaren 6. zenbakiak aipatu erantzukizunezko deklarazioa sinatzea. Testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen.

3.– Interesdunaren baimena, eskabidean jasotako datuak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saileko fitxategi informatizatuetan sartzeko.

4.– Kide guztien familia-errenta eta ondarea zehazteko behar diren datuak, beka tramitatzeko orduan erabilgarri direnekin batera, kontsultatzeko eta era automatizatuan lortzeko, beste administrazio batzuekin operatzeko indarrean dauden zerbitzuen bidez, baimena ematea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

VII. KAPITULUA
IZAPIDEAK ETA ERABAKIA HARTZEKO PROZEDURA

35. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Dirulaguntza hau zuzenean emango da, azaroaren 17ko 387/2003 lege orokorrak, dirulaguntzenak, 22.2.b) artikuluan xedatutakoaren babespean.

2.– Dirulaguntza emateko prozedura hau erabiliko da: indibidualki ebaluatuko da eskaera bakoitza, eranskin honetan ezarritako irizpideekin kontrastatuta, dirulaguntza dagokion edo ez eta, baiezkoan, zein motatako eta zenbatekokoa izango den zehazteko.

3.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak ebatziko ditu eskaerak sei hileko epearen barruan, eskabideak aurkezteko azken epea amaitzen denetik aurrera zenbatuta.

4.– Epe hori igarotzen baldin bada, eta eskaeraren ebazpena jasota ez badago, eskaera ukatu duela joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25 artikuluak ezarritako ondorioetarako. Hala eta guztiz ere, geroago, berariaz ebatz daiteke.

36. artikulua.– Bekak kudeatzea.

1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honen bidez arautzen diren bekak.

2.– Unibertsitateek eta goi-mailako arte ikasketen eta goi-mailako ikasketen zentroek ere lagunduko dute bekak kudeatzen. Hezkuntza Saileko Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak aplikazio informatiko bat jarriko du parte hartzen duten erakundeen eskura, beka-eskaerak kudeatu eta izapidetzeko.

3.– Hona unibertsitate horiek nola hartuko duten parte:

a) Eskaerak jasoko dituzte.

b) Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazio gehigarria, elkarren artean operatzeko zerbitzuek era automatikoan lortutako informazioa barne, egiaztatzea eta, behar izanez gero, atzemandako gabeziak edo akatsak zuzentzea edo aurkeztu ez den dokumentazioa aurkeztea eskatu ahal izango da.

Dokumentuetan atzemandako gabeziak edo akatsak zuzentzeko edo aurkeztu gabeko dokumentazioa aurkezteko 10 egun balioduneko epea egongo da, gehienez ere.

c) Egiaztatu egingo dute eskatzaileek bete egiten dituztela eskatutako betekizunak.

d) 2023ko otsailaren 1a baino lehenago, beka eskatu eta eskatutako betekizunak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda bidali beharko dute Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzara; baldintza horiek betetzen ez dituzten eskabideen zerrenda ere bidali behar dute.

37. artikulua.– Hautaketa egiteko epaimahaiak unibertsitateetan.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertuko dituzte hautaketa-epaimahaiek, eta beka eman edo ez erabaki. Egindako bileren akten kopiak Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzara bidali behar dituzte, epaimahaiburuaren oniritzia jaso ondoren.

2.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean hautaketa-epaimahai bat eratuko da, honela osatuta:

– Presidentea: unibertsitateko errektoreak izendatutako errektoreordea.

– Epaimahaiburuordea: unibertsitateko gerentea.

– Idazkaria: unibertsitateko gerentziako beken arloko edo bulegoko burua.

– Kideak: Hezkuntza Saileko bi ordezkari, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak izendatuak; unibertsitateko bost irakasle, epaimahaiburuak izendatuak; Ikasle-kontseiluko hiru ordezkari, gehienez ere; eta beste pertsona batzuk -ez hiru baino gehiago- epaimahaiburuak beharrezkotzat jotzen baditu.

3.– Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitate pribatuetan, unibertsitatean pertsona bakarreko organo horien eginkizunen baliokideak dituzten pertsonak izango dira hautaketa-epaimahaiaren epaimahaiburu, epaimahaiburuorde eta idazkari. Hezkuntza Saileko bi ordezkari, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak izendatuak, kide arituko dira, eta Hautaketa-epaimahaiaren eraketan parte hartuko dute.

4.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden unibertsitateetan, eskaerak hautatzeko, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren aginduak xedatzen duenaren arabera sortuko dituzte hautaketa-epaimahaiak (agindu horren bidez egiten da unibertsitateko eta goi-mailako ikasleentzako izaera orokorreko eta mugikortasuneko beken deialdia, 2022-2023 ikasturterako.

5.– Hautaketa-epaimahaiek ahalmena izango dute:

a) Beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak eskatzeko. Agiri horiei esker, bermatu egingo da, batetik, behar adina datu dituztela kasuan kasuko berezitasunei buruz, eta, bestetik, beketarako bideratutako bitartekoak behar bezala inbertitzen direla.

b) Beharrezkotzat jotzen diren txosten guztiak eskatzeko. Txosten horien bidez, erabaki-proposamena egiteko kontuan izan behar diren datuak zehaztu, jakin eta egiaztatu ahalko dituzte.

6.– Organo horien jarduna Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartean jasotako arauetara egokituko da.

38. artikulua.– Beka-eskaera onartzeko edo ukatzeko proposatzea eta ebaztea.

1.– Beka-eskarien espedienteak aztertu ondoren, unibertsitateek eta goi-mailako arte-ikasketen eta bestelako ikasketen ikastegiek bekak onartu eta ukatzeko proposamenak bidali beharko dituzte Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzara, Hezkuntza sailak emandako baliabide informatikoen bidez, han prozeduraren izapideak egin ditzaten. Hautaketa-epaimahaiaren akta bidali beharko dute proposamen horrekin batera.

2.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak interesdunei jakinaraziko die arrazoiak zehaztuta onartzeko edo ukatzeko proposamena.

3.– Jakinarazpena jaso ondoren, proposamenarekin ados ez dauden eskatzaileek alegazioak egin ahalko dizkiote hautaketa-epaimahaiari (matrikula egin duten ikastegiko epaimahaiari), bai eta egokitzat jotzen duten dokumentazioa aurkeztu ere; horretarako, 10 egun baliodun izango dituzte, jakinarazpena iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Alegazioak aurkezteko, beken aplikatzailera, bere ziurtagiri elektronikoarekin, sartu beharko du eskatzaileak, eta horretarako dagoen formularioa erabili beharko du. Halaber, nahi duen dokumentazio guztia espediente elektronikoari gehitu beharko dio.

4.– Alegazioak jartzeko emandako epean interesdunak adierazten badu proposamena onartzen duela baina uko egiten badio datu eta dokumentazio gehiago emateari, ebazpena emango da, alegatzeko epea agortu arte itxaron barik.

5.– Proposamenari alegaziorik aurkeztuz gero, edo horretarako epea igarotakoan, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak laguntza emateko eta ukatzeko ebazpena jakinaraziko du, arrazoiak zehaztuta, eta interesdunei jakinaraziko zaio.

6.– Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Errekurtsoa jartzeko, ziurtagiri elektronikoarekin beken aplikatzailera sartu beharko du eskatzaileak, eta horretarako dagoen formularioa erabili beharko du. Halaber, nahi duen dokumentazio guztia espediente elektronikoari gehitu beharko dio.

7.– Behar den dokumentazioa errekeritzeko eskaerak, ebazpen-proposamena, laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena eta, behar izanez gero, gora jotzeko errekurtsoaren ebazpena era elektronikoan bakarrik jakinaraziko zaizkie eskatzaileei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan, https://euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios/resoluciones web helbidean, argitara emanez. Halaber, komunikazio elektroniko bat bidaliko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta»-ra: https://www.euskadi.eus/micarpeta «Nire karpetara» sartzeko, ziurtagiri elektronikoa erabili beharko dute.

Abisu bat bidaliko da interesatuak jakinarazi duen dispositibo elektronikora edota posta elektronikora, aipatutako egoitza elektronikoan jakinarazpen bat eskura duela aditzera emateko.

39. artikulua.– Bekak ordaintzea.

1.– Beka emateko ebazpena jakinarazi ondoren, beka hilabeteko epe bakar batean ordainduko da, matrikula-osagaia izan ezik. Beka jasoko duten ikasleei dagozkien prezio publikoen ziurtagiria unibertsitateak aurkeztu beharko du, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak zenbateko egokiak ordain ditzan. Hori egin eta gero ordainduko da matrikula-osagaia.

2.– Agindu honetan zehaztutako beken onuradunek ez dute ordainketarik jasoko, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan abian den edozein itzultze- edo zigortze-prozedura amaitu arte, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren arabera.

VIII. KAPITULUA
BEKEN EGIAZTAPENA ETA KONTROLA

40. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

2022-2023 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko beka jasotzen dutenek hau guztia egin behar dute, azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren arabera eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren arabera:

a) Beka zertarako ematen den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako; alegia, matrikula egiteko, eskolara joateko eta ikasketekin loturiko gastuak ordaintzeko.

b) Egiaztatu egin beharko dute laguntza emateko eta hartaz baliatzeko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela.

c) Onartu egin beharko dituzte beka emateko zehaztutako baldintzak guztiak betetzen direla egiaztatzeko egiten diren jarduera guztiak, halakorik egiten bada, eta, beken helburua fiskalizatzeko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio guztia eman beharko diete erakunde horiei.

d) Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak aldatuz gero, berariaz adierazi beharko dute aurreko urteetan beka izan duten ala ez.

e) Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote helburu bererako laguntzarik jaso duten beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuetatik.

f) Matrikula ezetsiz gero eta laguntza emateko kontuan hartutako beste edozein baldintza aldatuz gero, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote.

g) Irakaskuntza-zentroetako idazkaritzen bitartez, aipatutako organo eta erakundeek egiaztatu egingo dute onuradunek bekaren zenbatekoa beka eman zen xederako erabili dela. Ondore horietako, ikasleek matrikulatutako kredituen % 50 gainditu behar dituzte ohiko edo ezohiko deialdietan. Zientzien eta Irakaskuntza Teknikoen adarretako irakaskuntzen kasuan, gainditu beharreko gutxieneko ehunekoa % 40 izango da. Ehuneko hori kalkulatzeko, ez dira aintzat hartuko baliozkotutako, aitortutako edo egokitutako kredituak. Gutxieneko ehuneko hori gaindituko ez balitz, bekaren osagai guztiak itzultzea eska dakioke ikasleari, matrikula-beka izan ezik.

h) Hezkuntza Sailak, eskura dauden operatibitate-zerbitzu guztietan, beka-eskaera tramitatzeko behar diren errenta- eta ondare-datuak egiaztatuko dituela elkarbizitza-unitateko zenbatzeko moduko kide guztiei jakinaraztea.

41. artikulua.– Beka jasotzeko eskubidea galtzea eta beka itzuli behar izatea.

1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina–, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren arabera, honako arrazoi hauek direla-eta:

a) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.

b) Egiaztatzen bada jasotako beka bateraezina dela beste pertsona fisiko edo juridikoek emandako beka edo laguntzekin.

c) Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.

d) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako betekizunen bat betetzen edo ez dituztela betekizun horiek behar bezala egiaztatu.

e) Eskatzaileak ezeztatu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula.

f) Edo beka hau arautzen duen araudian jasotako beste edozein ez-betetze.

2.– Egiaztatu egingo da ikasleek beka eman zen xederako erabili dutela. Ondore horietarako, matrikulatutako kredituen % 50 gainditu beharko dituzte ohiko edo ezohiko deialdian. Zientzien eta Ingeniaritza eta Arkitekturaren adarretan gainditu beharreko gutxieneko ehunekoa % 40 izango da. Ehuneko hori kalkulatzeko, ez dira aintzat hartuko baliozkotutako, aitortutako edo egokitutako kredituak. Gutxieneko ehunekoa gainditu ezean, bekaren osagai guztiak ordaindu beharra abiaraz daiteke, matrikularen prezio publikoaren osagaia izan ezik.

3.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere–, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean zenbateko horiek itzultzeko, betiere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretuak ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta betebeharrak). Familiaren egoera ekonomikoa oinarrizko betekizuna denez bekak emateko, eskatzaileak eta sostengu ekonomikoa ematen diotenek egungo eta bihar-etziko ondasunekin erantzun beharko diote bat eginik Administrazioari, itzulketa horri erantzuteko, legez ezarritako mugapenak salbuetsita.

4.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ekonomia eta Ogasun Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.

42. artikulua.– Administrazioen eta unibertsitateen kontrola.

1.– Hezkuntza Administrazioko organoek zehatz-mehatz kontrolatuko dituzte beketara bideratutako aurrekontu-baliabideak, behar bezala inbertitu direla ziurtatzeko.

2.– Hezkuntza Sailak laguntzeko eskatu ahal izango dio Ekonomia eta Ogasun Sailari, bai eta foru-aldundietako ogasun–sailei, Lanbideri edo administrazio publikoko beste edozein organori ere: batetik, zehazteko zer mekanismoren bidez baloratuko den ondoen familien errenta eta ondare erreala diru–laguntzak esleitzeko garaian; eta, bestetik, bekak lortzera bideratutako aitorpenetan gehiago kontrolatzeko iruzurra. Gainera, Hezkuntza Sailak erabili ahalko ditu erakunde horietan dauden datuak, familia–unitateko kide konputagarri guztiei buruzkoak, beharrezkotzat jotzen duen guztia egiaztatzeko.

3.– Eskaera aurkezteak adierazten du baimena ematen zaiola Hezkuntza Sailari errentaren eta ondarearen inguruko datuak eskuratzeko edo horiek zerga-administrazioetan daudenekin konparatzeko.

43. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta «Dirulaguntzak eta unibertsitate bekak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: lehen eta bigarren mailako zikloetako, gradu eta master ofizialetako unibertsitate ikasleei bekak ematea. Tasa salbuespenak ematea. Unibertsitate alorrean jarduten duten entitateak laguntzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

– 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Unibertsitateak.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/055400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Araudi Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

II. ERANSKINA
MUGITZEKO ZAILTASUN BEREZIAK DITUZTEN ETA 2022-2023 IKASTURTEAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN UNIBERTSITATE-IKASKETAK ETA GOI-MAILAKO BESTE IKASKETA BATZUK EGITEN DITUZTEN DESGAITASUN FISIKO ETA PSIKIKOA DUTEN PERTSONEN GARRAIO-GASTUAK ORDAINTZEKO DIRULAGUNTZAK

1. artikulua.– Xedea eta izaera.

1.– Hauxe da deialdi honen xedea: beren ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleei Euskal Autonomia Erkidegoko ikastegietara lekualdatzeko garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ematea, baldin eta ikasle horiek 2022-2023 ikasturtean unibertsitate-ikasketak, goi-mailako arte-, erlijio- eta militar-ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte. Eta, betiere, baldin eta garraiobide publikoak, haien ezaugarriei egokituta, ezin badituzte erabili; edo garraiobide publikoak erabiltzeko, beste pertsona baten laguntza behar badute, 4. artikuluan ezarritako betekizunak beteta.

2.– Laguntza horiek dirulaguntzak dira. Araubide juridikoan aurreikusten ez den guztirako hauxe aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzen eta dirulaguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren araubideari buruzko xedapenak, betiere Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Pertsona interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikatzeko eta elektronikoki izenpetzeko bitartekoen bidez identifikatu eta izenpetu beharko dira eskaerak. Bitarteko horiek helbide honetan egongo dira eskura: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Era elektronikoan, ordezkari baten bidez, egin ahal izango du zuzenbidean baliozkoa den eta ordezkaritza dagoela modu fidagarrian egiaztatzen duen edozein bitartekoren bidez.

3.– Izapidetze elektronikoa ondoko bi hauetan dago araututa: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0175508

Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eskatzaileak aurkeztu duen aurrekontua oinarritzat hartuko da. Aurrekontu hori balioetsiko da, dagokion sektoreko jardunbide egokien arabera, eta Hezkuntza Administrazioak beste kostu edo irtenbide batzuk ere proposatu ahal izango ditu.

2.– Onartzen den aurrekontu guztia (% 100) finantzatu ahal izango da, eta eskaera bakoitzeko, gehienez, 12.000 euro emango dira, horretarako ezarritako diru-kopurua agortu arte.

Beharrezko dirulaguntzaren kostua egoitza baten kostua baino askoz ere handiagoa baldin bada, eskatzaileari proposatuko zaio beste aukera hori kontuan hartzea; betiere, baldin eta egoitza egokituta eta ikastegitik hurbil baldin badago, eta garraiobide publiko egokiak eskuragarri baditu. Egoitzaren aukera hautatzen badu, deialdi honetako 1. eranskinean zehaztuta dagoen unibertsitate-ikasketetarako beka, egoitzari eta garraioari buruzko osagaiak dituena, eskatu ahal izango du.

3.– Lehen aipatu den 2. atalean jasotako muga aintzat hartuta, egokituta dagoen ibilgailu pribatua erabiliz gero joan-etorrietarako, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kilometro bakoitza 0,29 euroko kopuruaz biderkatuko da. Eskatzailearen ohiko bizilekutik ikastegirainoko distantzia laburrena kalkulatzeko eta ikastegia kokatzeko, Google Maps informatika-tresna, honako web-helbide honetan erabilgarri dagoena, erabiliko da: https://maps.google.es/ Horretarako, autoz joateko distantziarik laburrena kalkulatzeko aukera hautatuko da, autobideak eta bidesariak barne hartuta.

4.– Lehen aipatu den 2. atalean jasotako muga aintzat hartuta, egokitutako taxi bat joan-etorrietarako erabiliz gero, gehienezko dirulaguntzak ezin du inola ere gainditu Hezkuntza Administrazioak sektoreko elkarte ordezkagarriari eskatutako aurrekontua, hala egiteari egoki irizten badio. Lekualdaketa zer lurraldetan egingo den, han eskatuko du aurrekontua administrazioak.

5.– Garraiobide publiko kolektiboa erabiltzeko, beste pertsona baten parte-hartzea behar bada, beste pertsona horren lekualdaketaren gastuak ere ordainduko dira.

6.– Deialdi honen xedea den garraio-gastua ordaintzen laguntzeko erabilgarri dagoen kreditua ez bada ontzat jotako eskabide guztietan jasotako kostu guztiak finantzatzeko bezain handia, onartu diren aurrekontu guztiak kontuan hartuko dira, eta onartutako eskabide guztietan laguntzaren zenbatekoa murriztuko da aurrekontuetan dagoen gabeziaren proportzio berean.

4. artikulua.– Betekizunak.

Beka eskuratzeko eskubidea izateko betekizunak hauek dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea eskabidea aurkezten den egunean, eta justifikatzea gutxienez urtebetez EAEn erroldatuta egon direla, eskabideak aurkezteko epe orokorra amaitzen denean.

b) Dagokion foru aldundiko balorazio eta orientazio unitateak egiaztatzea % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasun-maila, eta mugikortasun-arazoak direla-eta garraiobide publiko kolektiboak erabiltzeko ezintasuna, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskineko baremoaren arabera (minusbaliotasunaren maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesua arautzen du errege-dekretu horrek). Laguntza jasotzeko, eskatzaileak egiaztatu egin beharko du A, B edo C egoeran dagoela. Egoera horietako batean ez badago, gutxienez 7 puntu lortu beharko ditu D eta H ataletako puntuazioak batzen dituenean.

c) Garraio publikoa erabiltzeko hirugarren pertsona baten laguntza behar izanez gero, hirugarren pertsona horrek esku hartzea beharrezkoa dela egiaztatu beharko da honakoen arabera; minusbaliotasun-maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesua arautzen duen abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean ezarritako baremoaren arabera; edo apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuaren 1. eranskinean ezarritakoaren arabera. Azken horren bidez onartu zen mendekotasuna duten pertsonen balioespen-baremoa, abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritakoa; lege hori autonomia pertsonalaren sustapenari eta mendekotasuna duten pertsonentzako laguntzari buruzkoa da.

d) Matrikula egitea eta 2022-2023 ikasturtean modu presentzialean egitea honako ikasketa hauetako bat:

– Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

– Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

– 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate publikoetan emandakoak.

– Goi-mailako arte-ikasketak.

– Goi-mailako ikasketa militarrak.

– Goi-mailako erlijio-ikasketak.

e) Beka eskatu den ikasketen maila bereko edo goragoko titulua lortzeko legezko baldintzak ez izatea edo ez betetzea. Horretarako, ez dute bekarik jasoko diplomatura, ingeniaritza tekniko edo arkitektura teknikoko titulazioa lortzeko moduan edo gradu-ikasketak egiteko (edo gradura egokitzeko) dauden pertsonek.

5. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

Azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, eskabidean txertatuko den erantzukizunezko adierazpen baten bidez:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi behar du eskatzaileak, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor- eta administrazio-arloko zigorrik.

Eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea. Eskabideetan sartuko da badagoela aukera laguntza eskatzen duen pertsonak honako hau baimen dezan, espresuki: gainerako datuak edo agiriak organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatzea, bai bide presentziala, bai elektronikoa erabilita, eta, betiere, Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenen kalterik gabe.

6. artikulua.– Bateragarritasuna beste beka eta laguntza batzuekin.

1.– Dirulaguntza horiek bateragarriak dira beste erakunde batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, bai eta 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekekin ere, betiere beken finantzaketa guztira handiegia ez bada.

2.– Hezkuntza sailak, haien ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, zailtasun bereziak dituzten ikasleei ematen dien lekualdaketa-laguntzaren zenbatekoak ezin izango du benetako kostua gainditu. Laguntza horrek EAEko ikastegietara unibertsitate-ikasketak edo goi-mailako ikasketak egitera joateko gastuak ordaintzen laguntzen die ikasle horiei. Gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da lekualdaketaren kostu errealaren % 100era iritsi arte, gehienez.

7. artikulua.– Nola aurkeztu eskabidea.

Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0175509).

Eskabideak aurkezteko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0175509.

Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Administrazio-egoitzaren ziurtagiria; bertan jasoko da Euskal Autonomia Erkidegoko zein udalerritan dagoen erroldatuta eta noiztik.

b) Dagokion foru-aldundiak emandako desgaitasun-ziurtagiria, 4. artikuluan zehaztutako baldintzak egiaztatzen dituena.

c) Beharrezkoa izanez gero, hirugarren pertsona baten konkurtsoa beharrezkoa dela egiaztatzea.

d) 2022-2023 ikasturtean 4. artikuluaren c) ataleko ikasketaren bat egiteko matrikula egin izanaren egiaztagiria.

e) Idazki bat, honako hau justifikatuko duena lekualdaketarako edo lekualdaketaren zati baterako eskuragarri dauden garraiobide publiko kolektiboak ez direla egokiak eskatzailearen beharretarako, eta garraio-neurri bereziak behar direla lekualdaketaren zati batean edo ibilbide osoan, eta, hala badagokio, hirugarren pertsona baten laguntza behar dela.

f) Aurrekontu zehatza, honako hauek biltzen dituena: dirulaguntzaren bidez ordainduko den ibilbidea, ikasturtean zenbat bidaia egitea aurreikusten den, bidaia bakoitzaren unitate-kostua, bidaia guztiak kontratatzeagatik ezarritako deskontua (hala dagokionean), pertsona laguntzailearen kostua, pertsona horren lan-ordutegia edo erabilgarritasuna, bai eta egoera ulertzeko eta baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako datu guztiak ere.

g) «Hirugarrenen alta» dokumentua, esteka honetan eskuragarri: https://www.euskadi.eus/altaterceros Onuraduna adinez nagusia bada, dokumentu hori bete ahal izateko bankuko kontuaren titularra bera izango beharko da. Aitzitik, onuraduna adingabea bada, hirugarrenen alta amak, aitak eta/edo legezko tutoreak emango du, eta horiek izan beharko dira banku-kontuaren titularrak.

9. artikulua.– Aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta irailaren 30ean amaituko da ikasle guztientzat...

10. artikulua.– Hautatzeko eta izapideak egiteko batzordea.

1.– Hautaketa-batzorde batek aztertuko ditu espedienteak, eta ebazpen-proposamenak egingo ditu. Unibertsitate Ataleko arduraduna izango da batzordeburua; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzako bi teknikari, zuzendariak aukeratutakoak, izango dira batzordekideak.

2.– Hautaketa-batzorde horrek Unibertsitateetako zuzendariari igorriko dio ebazpen-proposamena. Bertan, adieraziko da: alde batetik, zein eskatzailek jasoko duten laguntza, eta zenbateko laguntza jasoko duten; eta, beste batetik, zer eskaerak ez dituzten betetzen ikasle desgaituentzako garraio-laguntza jasotzeko betekizunak, eta zergatik ez.

11. artikulua.– Prozedura ebaztea eta errekurtsoak.

1.– Deialdi honetan arautzen den prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa da. Epe hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasiko da. Epe hori igaro ondoren, interesdunei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, beka-eskaera ezetsi egin dela joko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25 artikuluan arautzen dituen ondorioetarako.

Eskatzaileei bakarrik jakinaraziko zaie era elektronikoan ebazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz, https://euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios/resoluciones webgunean. Halaber, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»-ra: https://www.euskadi.eus/mikarpeta Ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara.

Mezu bat bidaliko da interesdunak jakinarazi duen gailu elektronikora eta/edo posta elektronikora, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat eskuragarri jarri dela aipatutako egoitza elektronikoan.

2.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean.

12. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Bekak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, bekak aldez aurretik ordainduko dira, ordainketa bakarrean eta hilabeteko epean.

2.– Dirulaguntzaren onuradunek ez dute ordainketarik jasoko, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan abian den edozein itzultze- edo zigortze-prozedura amaitu arte, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluak xedatzen duenari jarraituta, eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren arabera.

13. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

Onuradunek Unibertsitate Politika eta Koordinaziorako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dute, 2023ko abuztua baino lehen, dirulaguntza gauzatu izanaren justifikazioa, lekualdatzeko erabili den garraiobide motaren arabera.

a) Lekualdaketak taxiz egiten badira, aurkeztutako eta adostutako aurrekontuari dagozkion fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Fakturek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Zenbakia eta, behar izanez gero, seriea.

– Eman den data.

– Operazioaren data, emate-datarena ez bada.

– Ematen duenaren IFZ, izen-deiturak, merkatu-izena edo izendapen soziala.

– Emandako zerbitzuen identifikazioa.

– Zerga-tasa eta, aukerakoa, «BEZa barne» esaera.

– Kontraprestazio osoa.

b) Lekualdaketak garraio publikoan egiten badira, bidaia-txartelak edo garraio-konpainiak emandako bidaia-ziurtagiria aurkeztu beharko dira.

c) Lekualdaketak norberaren ibilgailuan egiten badira, benetan egindako lekualdaketen zinpeko aitorpena eta unibertsitateak emandako eskoletara joan izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira.

Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean ikusi beharko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Justifikazioari buruzko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0175509

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Honako hauek dira dirulaguntzaren esleipendunen betebeharrak, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren arabera:

a) Zertarako eman den laguntza, horretarako erabiltzea; alegia, laguntza ematean ezarritako baldintzen arabera egin beharko dituzte ikastegiko joan-etorriak.

b) Beken helburua fiskalizatzeko lanetan, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia eman beharko dute, eta, behar izanez gero, laguntza emateko ezarri ziren baldintzak bete dituztela egiaztatzeko egiten diren jarduera guztiak onartu beharko dituzte.

15. artikulua.– Beka jasotzeko eskubidea galtzea eta beka itzuli behar izatea.

1.– Unibertsitateetako zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina–, eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren arabera, honako arrazoi hauek direla-eta:

a) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.

b) Emandako laguntzaren zenbatekoak jardueraren kostua gainditzea, bakarrik edo beste administrazio, erakunde edo organismo publiko batek helburu bererako emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin batera.

c) Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.

d) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako betekizunen bat betetzen edo ez dituztela betekizun horiek behar bezala egiaztatu.

e) Eskatzaileak indargabetu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula edo ikastegira joan ez bada.

2.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere–, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean zenbateko horiek itzultzeko, betiere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate lLaguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ekonomia eta Ogasun Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.

16. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta «Dirulaguntzak eta unibertsitate bekak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: lehen eta bigarren mailako zikloetako, gradu eta master ofizialetako unibertsitate ikasleei bekak ematea. Tasa salbuespenak ematea. Unibertsitate alorrean jarduten duten entitateak laguntzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

– 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Unibertsitateak.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/055400-capa2-eu.shtml.

Araudia:

– Datuak Babesteko Araudi Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).


Azterketa dokumentala