Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2022ko ekainaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2925

AGINDUA, 2022ko ekainaren 14koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita Kultura eta Sormen Industrien Berrikuntzarako Funtsetik dirulaguntzak ematea KSI Berritzaile+ Programarako, 2022ko ekitaldian.

Bat etorriz Lehendakariaren abenduaren 28ko 48/2020 Dekretuarekin –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu– eta otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuarekin –Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du–, Kultura Sailburuordetzari dagokio arte- eta kultura-jardueren esparruan eta haien zabalkundean esleitutako funtzioak betetzea.

Bereziki, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio Euskal Kultura eta Sormen Barrutiaren (BDCC, ingelesez) garapena kudeatzea, EAEn kultura- eta sormen-industrien (aurrerantzean, KSI) sektorearen garapena sustatuko duten ekintzak proposatzea, eragile publiko eta pribatuekin koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko formulak proposatzea, EAEko beste sektore eta arlo batzuekiko topaguneen sorrera kudeatzea, kanpo-sareetan harreman-eremuak proposatzea, eta berrikuntza eta lehiaren alorrean EAE aukera-lurralde gisa kokatzen duten programa eta proiektuak detektatzea.

KSIak, Euskadi Sortzailea izendapenaren bidez, RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategiaren lau aukera-lurraldeetako bat dira, elikadura osasungarriarekin, eko-berrikuntzarekin eta hiri jasangarriekin batera, eta Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Planaren barruan kokatzen dira (Euskadi 2030 ZTBP), eta, aldi berean, Horizonte Europa Ikerketa eta Berrikuntza esparru-programa berriarekin lerrokatuta dago, zeinak zientzia, teknologia eta berrikuntzaren alde egiten baitu, EAE digitalago, berdeago eta inklusiboago bateranzko trantsizioa indartzearren. Alde horretatik, Euskadi Sortzailearen helburua da EAEko kultura- eta sormen-sektoreak garatzea, euskal enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) dagokien lekua izan dezaten.

KSIen sektoreak berezitasunak ditu, eta talentuan, esperimentazioan eta sormenean, berrikuntzan eta ezagutzaren sorkuntzan oinarritzen da, zeinak ezinbestekoak baitira eta etengabe sortzen baitira. Testuinguru horretan, I+G+b delakoak, enpresa-lehiakortasunarekin eta nazioartekotzearekin lotutako beste jarduera batzuekin batera, funtsezko egitekoa du KSIen garapenean.

Testuinguru horretan eratu da Berrikuntza Funtsaren kargurako laguntza-deialdi hau, tresna osagarria Eusko Jaurlaritzako sailek euskal kultura- eta sormen-ekosisteman I+G+b dinamizatzeko erabiltzen dituzten partidentzat, ZTBP Euskadi 2030 eta RIS3 Euskadi estrategiaren hedapena sustatuz. Hori guztia bat dator 2030erako NBEren Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH), zeinak Euskadi Basque Country 2030 Agendan sartuak baitaude (bereziki, Industria, Berrikuntza eta Azpiegituretako 9. GJHari dagokionez, azpiegituretan eta berrikuntzan inbertitzea hazkunde eta garapen ekonomikorako funtsezko eragilea dela ezartzen baitu).

Innobasqueren 2020 prospektiba-txostenak pandemiak eragindako aldaketak eta horiek berrikuntzan izango duten eragina aztertzen ditu, eta azpimarratzen du oraindik indarrean daudela pandemiaren aurretik identifikatutako joerak, baina aldatu egin dela joera horiek duten eragina. Jasangarritasunak eta eraldaketa digitalak are garrantzi handiagoa dute, berreskurapena oinarritzeko gai nagusi gisa. Gizartearen ikuspegitik, osasuna eta hark ingurumenarekin duen lotura bilakatu dira kezka nagusi. Berrikuntzaren ikuspegitik, aukerak zabaltzen dira diziplinen arteko gurutzatzea konbergentzia teknologikoa eta berrikuntza kolaboratiboa indartzeko, ekosistema konplexuagoak sortuz, baina ikuspegi partekatu eta holistikoa dutenak. Berrikuntza dinamikoagoa eta urriagoa izango da: berrikuntzak hobeki, azkarrago eta merkeago egitea.

Irudikatzen den lehia-ingurunea hibridoa izango da, fisikoa denaren eta digitala denaren arteko elkarguneak bereizia; beharrezkoa izango da balio-proposamenean lehiatzea, ez hainbeste tamainan edo eskalan; ekosistemetan lehiatzea, sektoreen eta balio-kateen arteko bereizketak lausotuz; eta irudimenean lehiatzea, berrikuntza erradikal edo disruptibo baterantz aurrera eginez.

Agindu hau, gainera, sartuta dago Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2021-2024 aldirako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartua) eta 2022rako Dirulaguntzen Urteko Planean (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onartua); bi planak aipatutako sailaren webgunean daude argitaratuta.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da EAEko KSIen sektorean 2022-2023 aldirako berrikuntza-potentzial handiko proiektuak garatzen dituzten enpresentzako dirulaguntza-deialdiaren oinarriak ezartzea eta dirulaguntza horiek iragartzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Dirulaguntza hauetara 700.000 euroko zenbatekoa bideratuko da; horren % 50 2022. urteari dagokio, eta gainerako % 50a, 2023. urteari.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak eta betekizunak.

1.– Erakunde hauek izan daitezke agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun:

a) Jarduera ekonomiko bat egiten duen pertsona eta erakunde oro, dena delakoa izanik haren forma juridikoa, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskineko 1. artikuluan zehazten den bezala.

b) Enpresak, zeinen jarduera nagusia baita EAEko KSIak osatzen dituzten azpisektoreetako bat, hots: Arte eszenikoak, Ikusizko arteak, Ikus-entzunezkoak, Argitalpenak eta medio inprimatuak, Musika, Kultura-ondarea, Arkitektura, Artisautza, Eduki digitalak, Diseinua, Sormen-gastronomia, Hizkuntzaren industriak, Moda, Publizitatea eta marketina, eta Bideojokoak; baita KSI sektorearen zehar-erakundeak ere, hots: kultura- eta sormen-bitartekaritza eta/edo aholkularitzako enpresak.

2.– Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresak.

3.– Enpresa-taldeak. Enpresa bat beste erakunde batzuekin lankidetzan aurkezten bada, enpresa horrek ordezkari gisa jardungo du, onuradun gisa enpresa-taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko botere nahikoarekin. Enpresa-taldeko kide den erakunde bat ezin izango du talde bereko beste erakunde batek azpikontratatu.

4.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko betekizuna da egunean edukitzea zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ordainduta edukitzea dirulaguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak. Nahitaezkoa izango da eskakizun horiek betetzea enpresa onuradun izateko, eta, beraz, dirulaguntza eman eta ordaintzeko unean horiek egiaztatuko dira.

Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela dirulaguntza eskatu duten enpresek, haien oniritzirik behar izan gabe, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin. Hala ere, enpresa eskatzaileak beren-beregi uko egin ahal izango dio egiaztapen hori egiteari, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.

5.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko betekizuna da ordainduak izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarrian ezartzen den bezala.

6.– Hauek ezin izango dituzte agindu honetan araututako laguntzak jaso:

a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zehapen administratibo edo penalen bat edo dirulaguntzak jasotzeko legezko debekuren bat duten enpresa eskatzaileek, sexuaren bereizkeriaren ondoriozko debekuak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena).

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan ezarritako inguruabarren batean dauden enpresak.

7.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik bete beharko dira eskakizun horiek, eta horiei eutsi beharko zaie harik eta ematen den dirulaguntza likidatzen den arte.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak eta betekizunak.

1.– EAEko KSIen sektorean ahalmen berritzaile handia duten proiektuak, sektorearen lehiakortasunaren hobekuntzan edo nazioarteko posizionamenduan eragina dutenak, eta, horrela, transferentzia-prozesuak garatzen eta sinergiak eta aukera-espazio berriak sortzen laguntzen dutenak. Hauek egitearen aldeko apustua egiten duten KSIen sektoreko proiektuak lagunduko dira diruz:

a) Produktuaren/zerbitzuaren, prozesuaren edo negozio-ereduaren berrikuntza-proiektuak, diferentziazioa eta balio instrumentala, intrintsekoa edo soziala dakartenak.

b) Ernalketa gurutzatua sustatzen duten I+G+b proiektuak.

c) KSIek 2030erako ZTBPren hiru trantsizioetako batekin zerikusia duten I+G+b proiektuetan parte hartzea sustatzen duten proiektuak.

d) Teknologia edo irtenbide berritzaileak erabiltzen dituzten proiektuak.

2.– Hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Lehendik dauden produktuak/zerbitzuak, prozesuak edota negozio-ereduak hobetzera bideratutako proiektuak, edo garatutako produktuak/zerbitzuak, prozesuak edota negozio-ereduak berritzat hartzeko adinako berritasunik ez dutenak. Kanpo geratuko dira, halaber, ohiko aldaketak edo aldaketa arruntak, aldaketa horiek lehendik badauden produktu/zerbitzuetan, prozesuetan edo negozio-ereduetan hobekuntzak ekar baditzakete ere.

Era berean, ez dira diruz lagunduko kudeaketa- edo euskarri-prozesuak hobetzera bideratutako soluzio digitalak ezartzeko proiektuak (ekonomia- eta finantza-kudeaketarako softwarea ezartzea, SW lokalizazioa, giza baliabideen kudeaketa, inbentario- eta katalogo-programak, etab.). Webguneak garatzea, on-line salmentarako irtenbideak ezartzea, eta SW (lizentziak) eta hardwarea erostea ere ez da finantzatuko.

3.– Dirulaguntzen xede diren jarduerak 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean gauzatu beharko dira.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabide-inprimakia eta tramitazioari buruzko azalpenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1041204

3.– Eskabideak elektronikoki aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta, atal honetan zehaztutako helbideen bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro elektronikoen bidez. Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira (https://euskadi.eus/nirekarpeta); bertan daude eskuragai bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak.

4.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Izapidetze elektronikoa ordezkari diharduen eta aldez aurretik Eusko Jaurlaritzaren Ahalordeen Erregistro elektronikoan inskribatuta dagoen pertsona baten bidez egin ahal izango da (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/); ordezkari gisa egiaztatu beharko da prozeduran.

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta hari atxikitako egiaztagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, enpresa eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7.– Eskabideak aurkezteak dakar beren-beregi eta formalki onartzea deialdi honen oinarriek definitzen dituzten baldintzak.

8.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du gehienez.

9.– Ezaugarri hauek izan beharko dituzte aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden ereduak erabiliko dira, eta eredu horien formatu berean aurkeztuko dira.

b) Gainerako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Enpresa eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

a) Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako enpresek zein erregistrotan den inskribaturik adierazi beharko dute eskabidean, eta ez da beharrezkoa izango horren egiaztagiririk aurkeztea.

b) Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan inskribatutako enpresek egiaztatu beharko dituzte erakundearen legezko eratzea, haien izaera juridikoaren arabera, eta pertsona ordezkariaren identitatea, bai eta ordezkaritza ahalmen nahikoa duela ere, eraketa-eskrituraren eta estatutuen bidez, bai eta kasuan kasuko erregistro publikoetan inskribatuta dagoela ere.

c) Beren-beregi deialdirako eratutako enpresa-taldeak direnean, inskripzio-erregistroaren arabera dagokien dokumentazioaz gain, erakunde parte-hartzaile guztien artean formalizatutako lankidetza-akordioa ere aurkeztu beharko dute. Akordio hori erakunde horien legezko ordezkari guztiek sinatu beharko dute, bakoitzak gauzatuko dituen konpromisoak jasoko ditu, proiektua gauzatuko dela bermatuko du, eta emaitzak ustiatzeko itundutako baldintzak deskribatuko ditu.

2.– Proiektuari buruzko dokumentazioa.

a) Proposamenaren memoria zehatza, euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragai dagoen eskabide-ereduaren araberakoa. Bertan, proiektuaren izaera berritzailea zehazki argudiatuko da, proiektuaren interesa eta balioak zehaztuko dira, bai eta proiektua egikaritzeko aurreikusitako zereginen xehetasunak eta proiektua behar bezala gauzatzeko azpikontratatuko diren lanak ere.

b) Proiektuaren aurrekontua, banakatua eta partidaka xehatua, euskadi.eus egoitza elektronikoan ezarritako ereduaren arabera. Proiektuaren plan ekonomikoak jarraibide hauek bete beharko ditu:

i.– Aurreikusitako gastuen eta sarreren arteko aurrekontu orekatua aurkeztu beharko da.

ii.– Gastuen atalean:

– Proiektua garatzeko beharrezkoak diren elementu edo ekintzen kostua banakatuko da. Deialdi honen 8. artikuluan ezartzen da zer gastu lagundu daitekeen diruz.

– Laguntza-lerro honek diruz lagundu ezin dituen partidak harekin zerikusirik ez duten diru-sarrerekin finantzatu behar dira, eta hala jaso behar da esplizituki aurrekontu-proposamenean.

– Proiektuari dagozkion gastuak agindu honen 2. artikuluan adierazitako epean gauzatu beharko dira.

iii.– Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa sartuko da diru-sarreren atalean, eta proiektua garatzeko aurreikusitako diru-sarrera guztien jatorria banakatuko da.

c) 2022-2023 aldirako aurreikusitako egutegia.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzea onartzeko behar den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela (ebazpen baten bidez emango zaio horren berri).

8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira aurkeztutako proiektutik eratorritako gastu hauek:

a) Enpresa eskatzailearen plantillako langile propioen gastuak, eta, hala badagokio, enpresa-taldean parte hartzen duten erakundeetako langileenak, betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Enpresako langileek Gizarte Segurantzari egindako ekarpenen eta nominen bidez egiaztatuko da. Ezingo dute onartutako aurrekontuaren % 60 gainditu.

b) Zeharkako kostuak. Zeharkako kostutzat hartuko da aurrekontuan onartutako langileen zuzeneko kostuen % 15.

c) Hirugarrenen kontratazioa: kanpoko lankidetza- eta aholkularitza-kostuak eta zerbitzu baliokideak, proiektuaren zati batzuen azpikontratazio espezializatua barne (adibidez, aholkularitza-zerbitzuen agente teknologikoa azpikontratatzea), proiektua garatzeko eta horretarako beharrezkoak diren ezagutza teknikoak eskuratzeko soilik erabiltzen direnak. Ezingo dute onartutako aurrekontuaren % 70 gainditu.

d) Laguntzaren xede den jardueraren publizitate-, komunikazio- eta hedapen-gastuak. Ezingo dute onartutako aurrekontuaren % 15 gainditu.

2.– Gastu hauek ez dira inolaz ere diruz lagunduko:

a) BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde onuradunak eta, hala badagokio, enpresa-taldean parte hartzen duten erakundeek zerga horren aitorpena egin behar dutenean. Horrelakoetan, egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa.

b) Inbertsio-gastuak.

3.– Kostu horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluetan xedatutakoaren mende daude, eta, beraz, betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, ezinbestekoak direnak eta deialdi honetan eta esleipen-ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan egiten direnak.

b) Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izango.

c) Oro har, enpresa onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin kontratatu diruz lagundutako proiektuaren kostu osoaren % 70etik gora, salbu eta diruz lagundu daitezkeen gastu horiek Kultura Sailburuordetzak ebazpen baten bidez onartzen baditu, espezializazio-maila handikoak direlako edo enpresa onuradunak ezin dituelako bere baliabideekin egin.

Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino handiagoa denean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu.

9. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

10. artikulua.– Dirulaguntzak emateko eta zenbatekoak zehazteko prozedura.

1.– Laguntza hauek norgehiagoka-araubidearen bidez emango dira, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta publizitatearen printzipioen arabera.

2.– Baldin eta 8. artikuluan diruz lagundu ezin daitezkeen gastuak biltzen badira enpresa eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, kendu egingo dira, onartutako guztizko aurrekontua zenbatekoa izango den zehazteko, eta hori izango da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria.

3.– Esleipen-prozedura 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak aplikatuta puntuazio altuena lortu duen proiektuarekin hasiko da, lehentasun-ordenari jarraituz. Dirulaguntza bakoitzaren behin betiko zenbatekoak ez ditu inoiz gaindituko agindu honen 13. artikuluan ezarritako mugak. Kalkulatutako zenbatekoak muga horiek gainditzen baditu, emaitza gutxituko da muga guztiak errespetatzen dituen zenbatekorik altuena lortu arte. Deskribatutako prozesua errepikatu egingo da harik eta hautatutako proiektu eta jarduera guztiei erantzun arte edo deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa amaitu arte, 2. artikuluan jasotzen denez.

4.– Laguntza jaso dezaketen proiektuetan azkena ezin bada gehieneko zenbatekoarekin diruz lagundu esleipen ekonomiko nahikorik ez dagoelako, dirulaguntza emango da soilik baldin eta esleitu daitekeen zenbateko ekonomikoak proiektuaren bideragarritasuna bermatzen badu hurrengo artikuluan arautzen den balorazio-batzordearen iritziz.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea eta haren eginkizunak.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta hauek izango dira batzordekideak:

a) Presidentea: Aitziber Atorrasagasti Calcedo (Kultura Sustatzeko zuzendaria); hura egon ezean, batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.

b) Bokalak (aztertu beharreko irizpideekin lotura duten hiru aditu profesional):

Alaitz Landaluze Solaun; hura egon ezean, Iñaki Ganzarain Soroak ordezkatuko du.

Ane Dorronsoro Lazkanoiturburu; hura egon ezean, Kultura sailburuordeak izendatuko duen pertsonak ordezkatuko du.

Juan Pastor Bustamante; hura egon ezean, Aintzane Larrabeiti San Románek ordezkatuko du.

2.– Batzordeko idazkari, hitzarekin baina botorik gabe, Elena Lascurain Múgica (Kultura Sustatzeko zuzendaritzako teknikaria); hura egon ezean, Itziar Redondo Domínguezek ordezkatuko du.

Era berean, balorazio-batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan jakintza espezifikoa duten pertsonak, presidenteak onartuz gero.

3.– Balorazio-batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Balorazio-batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, laguntzen ebazpen-proposamena egingo du, eta Kulturako sailburuordeari helaraziko dio. Proposamen horretan, hauek adieraziko ditu: onartutako eta baztertutako eskabideak, baztertzeko arrazoiak azalduta; erakunde onuradunen nortasuna; proiektuen balorazioa, eskatutako dirulaguntzak baietsi edo ezetsi diren adierazita, eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa, urteka banatuta. Ordezko enpresa onuradunak ere sartu ahal izango dira ebazpen-proposamenean, baldin eta dirulaguntza eman izana jakinarazi eta hamabost eguneko epean beren-beregi uko egiten badiote hautatutakoek. Ordezko proiektuak jasoko duen laguntzaren zenbatekoa, onartutako aurrekontu osoaren barruan, hasieran enpresa onuradun izandakoari ordaintzeko geratzen dena izango da.

5.– Balorazio-batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie enpresa eskatzaileei.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Proiektuak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

a) Proiektuaren berrikuntza-maila (40 puntu).

i.– Proiektuaren izaera berritzailea bere ingurune espezifikoan (15 puntu). Produktu/zerbitzu, prozesu edo negozio-eredu berri bat sortzea baloratuko da, lehendik dagoenari aldaketa esanguratsu bat eragingo diona. Berritasuna leku eta ingurune espezifikoei lotuta egongo da, ez soilik eskala globalari.

– 11-15 puntu. Proiektu oso berritzaileak beren ingurune espezifikoan.

– 6-10 puntu. Proiektu berritzaile samarrak beren ingurune espezifikoan.

– 1-5 puntu. Proiektu ez oso berritzaileak beren ingurune espezifikoan.

– 0 puntu. Berrikuntza-mailarik gabeko proiektuak.

ii.– Balioa eta erabilgarritasuna ematea (10 puntu). Berrikuntza lotzen da desberdintasuna eta balio instrumentala, intrintsekoa edo soziala sortzearekin. Era berean, baloratuko da produktua/zerbitzua, prozesua edo negozio-eredua jendearengana iristea, nahiz eta merkaturatu aurreko fase batean izan.

– 7-10 puntu. Balio- eta erabilgarritasun-ekarpen handia duten proiektuak.

– 4-6 puntu. Balio- eta erabilgarritasun-ekarpen ertaina duten proiektuak.

– 1-3 puntu. Balio- eta erabilgarritasun-ekarpen txikia duten proiektuak.

– 0 puntu. Balio- eta erabilgarritasun-ekarpenik gabeko proiektuak.

iii.– Hibridazioa eta lankidetza (10 puntu). Positiboki baloratuko da hibridazioa, hau da, lankidetza hainbat sektoreren artean sustatzea balio erantsi handiagoarekin egin ahal izateko berrikuntza. Era berean, eragileen arteko lankidetza baloratuko da, ez bakarrik lan bateratu gisa ulertuta, baizik eta inplikatutako alderdi guztien helburuekin bat datorren irtenbide berritzaile gisa, lankidetza eraginkorra lortzeko arau argiak ezarriz.

– Txertatutako sektore bakoitzeko puntu bat. 4 sektoretik aurrera, puntuazioa 5 puntukoa izango da.

– Txertatutako erakunde bakoitzeko puntu bat. 4 erakundetik aurrera, puntuazioa 5 puntukoa izango da.

iv.– Erreplikatasuna eta transferigarritasuna (5 puntu). Proiektua erreplikagarria nahiz transferigarria da balio duenean sortu den testuinguruaz bestelako batean antzeko ekimenak sortzeko erreferentzia-eredu gisa, arrakasta izateko aukerarekin.

– 3-5 puntu. Proiektuak erantzungarritasun eta/edo transferigarritasun handia du.

– 1-2 puntu. Proiektuak erantzungarritasun eta/edo transferigarritasun txikia du.

b) Proiektuaren izaera estrategikoa (25 puntu).

i.– Enpresan I+G+b estrategiarekin eta haren negozio-ereduarekin lerrokatzea (15 puntu). Positiboki baloratuko da proiektua I+G+b estrategia batekin integratuta edo lotuta egotea edo garatutako I+G+b proiektuen emaitzetatik eratorria izatea. I+G+b estrategia horrek enpresaren negozio-ereduan jasota egon behar du.

– 11-15 puntu. Enpresaren I+G+b estrategian erabat integratuta dauden eta indarrean dagoen negozio-ereduan sartuta dauden proiektuak.

– 6-10 puntu. I+G+b estrategiari nahiz negozio-ereduari partzialki lotutako proiektuak.

– 1-5 puntu. I+G+b estrategiari gutxi lotutako edo batere lotu gabeko proiektuak eta/edo negozio-ereduan agertzen ez direnak.

ii.– Eragina EAEko hiru trantsizioetako batean (10 puntu). EAEko hiru trantsizioetako batean izandako eragin-maila baloratuko da: teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa eta sozial-sanitarioa.

– 7-10 puntu. Hiru trantsizioetako batean eragin handia duten proiektuak.

– 4-6 puntu. Hiru trantsizioetako batean eragin ertaina duten proiektuak.

– 1-3 puntu. Hiru trantsizioetako batean eragin txikia duten proiektuak.

c) Proiektuaren kudeaketa (25 puntu).

i.– Proiektuaren egokitasuna eta bideragarritasun tekniko-ekonomikoa (15 puntu). Positiboki baloratuko da behar diren baliabideak proiektuaren egungo eta etorkizuneko beharrizanetara egokitzea eta antolatzea.

– 11-15 puntu. Teknikoki eta ekonomikoki oso bideragarriak diren eta epe luzerako proiekzioa duten proiektuak.

– 6-10 puntu. Bideragarritasun tekniko eta ekonomiko moderatua eta epe ertainerako proiekzioa duten proiektuak.

– 1-5 puntu. Bideragarritasun tekniko eta ekonomikorik eta epe ertain/luzerako proiekziorik ez duten proiektuak.

ii– Inpaktu potentziala (10 puntu). Prozesuaren eta emaitzen jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egiteko sistema positiboki baloratuko da, dagozkion adierazleetan oinarrituta.

– 7-10 puntu. Prozesuen eta emaitzen adierazleen definizio handia duten proiektuak.

– 4-6 puntu. Prozesuen eta emaitzen adierazleen definizio ertaina duten proiektuak.

– 1-3 puntu. Prozesuen eta emaitzen adierazleen definizio txikia duten proiektuak.

d) Euskararen erabilera (5 puntu).

– 3-5 puntu. Euskararen erabilera proiektuaren jardueretan nahiz edukietan txertatzen duten eta euskara sustatzeko eta komunikatzeko jardueretan euskararen erabilera bermatzen duten proiektuak.

– 1-2 puntu. Proiektua sustatzeko eta komunikatzeko jardueretan euskararen erabilera orekatua bermatzen duten proiektuak.

e) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa txertatzea (5 puntu).

– 3-5 puntu. Proiektuaren diseinuan, hedapenean nahiz ebaluazioan genero-ikuspegia txertatzen duten proiektuak.

– 1-2 puntu. Emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua bermatzen duten proiektuak.

2.– Irizpide horien arabera, guztira gehienez 100 puntu lor daitezke; baztertu egingo dira, eta ezingo dira laguntza hauen onuradun izan proiektuaren berrikuntza-mailari buruzko 1.a atalean 20 puntu baino gutxiago erdiesten dituzten eta, artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren arabera, guztira gutxienez 65 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

13. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta muga.

1.– Proiektu bat hautatu eta diruz lagundu ahal izateko, gutxienez 10.000 euroko aurrekontua aurkeztu beharko da. Hautatutako proiektu bakoitzari ezingo zaio 50.000 euro baino gehiagoko dirulaguntza eman, ezta diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuaren % 80 baino gehiago ere.

2.– Aurrekontuak gutxienez % 20ko autofinantzaketa aurreikusi beharko du, hots, iturri publikoetatik ez datozen diru-sarreren zatia.

14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Balorazio-batzordeak egindako proposamena ikusita, Kulturako sailburuordeak ebatziko du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura.

2.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa interesdunei. Jakinarazpen horrez gain, ebazpen horien edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Dena den, lehenik egindako jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat. Ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

3.– Sei hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdi honen agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan xedatutako ondorioetarako.

4.– Lehenengo puntuan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

5.– Enpresak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, prozedura hori amaitzearen mende egongo da dirulaguntza ematea, eta, itzulketa-prozedura amaitutakoan, enpresak itzultzeko betebeharra badu, dirulaguntza soilik eman ahal izango da baldin eta enpresa horrek borondatezko aldian ordaintzen badu zorra, edo geroratu eta bermatzen badu, edo itzulketa-ebazpena aurkaratzean hura etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, enpresak erakunde onuradun izateko debekua izango luke, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu gabe izateagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera.

15. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetako laguntzak eskuratzen dituzten erakunde onuradunen jarduerek beste laguntza batzuk ere jaso ahal izango dituzte, edozein dela ere laguntza horien izaera eta laguntza horiek ematen dituen organoa edo administrazioa. Aurrekoa gorabehera, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea bete beharko du deialdiak. Erregelamendu horren arabera, erakunde onuradun batek jaso dezakeen zenbatekoa ezin izango da 200.000 eurotik gorakoa izan hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan, laguntzaren xedea edo helburua eta laguntza ematen duen administrazio-organoa edozein izanik ere.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

3.– Hala ere, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektu bera edo haren zati bat edo batzuk egiteko emandako beste dirulaguntza batzuekin, izan dirulaguntza izenduna edo izan musikaren, arte eszenikoen, liburuen, ikus-entzunezkoen, ikusizko arteen eta sormen-industrien arloetako dirulaguntza-aginduen babesean emandako laguntza oro.

16. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

1.– Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresa onuradunek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, enpresa onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen Kulturako sailburuordearen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean beren-beregi uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako proiektua deialdira aurkeztu den baldintzetan gauzatzea. Enpresa onuradunak behartuta daude laguntza ematea eragin duen jarduera egikaritzera, eta ezingo da aldaketarik egin laguntza ematea eragin zuen xedearen edo helburuaren funtsean.

c) Dirulaguntza eman duen organoari jakinaraztea helburu berarekin beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batek emandako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izana.

2.– Era berean, enpresa onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan xedatutakoak ere, eta, bereziki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia emateari buruzkoak, bai eta dirulaguntzen izaera publikoaren publizitatea emateari buruzkoak ere (DLOren 14.1.h eta 18.4 artikuluak).

17. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Laguntza eskatzen duen enpresa ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan edo bertako banku-datuak aldatu nahi baditu, ordainketa jaso ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du eskabidearekin batera edo prozeduraren beste fase batean, https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ helbidean ezarritako ereduaren arabera.

2.– Hiru alditan ordainduko dira agindu honen kargura esleitutako dirulaguntzak, jarraian adierazten diren baldintzetan:

a) Lehenengo ordainketa, hots, dirulaguntzaren % 50, esleipen-ebazpena eman ondoren egingo da, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera hamabost eguneko epea igarota, beren-beregi uko egin ezean.

b) Bigarren ordainketa, hots, laguntzaren % 30, proiektua eta jarduerak gauzatu izana eta 2022rako onartutako aurrekontu osoari dagozkion gastuak justifikatu ondoren ordainduko da.

c) Azken ordainketa, hots, gainerako % 20a, dirulaguntzaren azken justifikazioa egin ondoren ordainduko da.

3.– Zergei buruzko araudia aplikatuz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari.

4.– Enpresa onuradunak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, prozedura hori amaitzearen mende egongo da dirulaguntza ordaintzea, eta, itzulketa-prozedura amaitutakoan, enpresak itzultzeko betebeharra badu, ordainketa soilik egin ahal izango da baldin eta enpresa horrek borondatezko aldian ordaintzen badu zorra, edo geroratu eta bermatzen badu, edo itzulketa-ebazpena aurkaratzean hura etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, enpresa onuradun izateko debekua izango luke, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu gabe izateagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera.

18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Proiektua bi unetan justifikatuko da, eta, bigarren eta hirugarren ordainketak egiteko, beharrezko baldintza izango da hori, aurreko artikuluan jasotzen den bezala.

a) Bigarren ordainketaren aurreko justifikazioa 2023ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean egingo da, eta proiektua eta jarduerak gauzatu izana eta 2022rako onartutako aurrekontu osoari dagozkion gastuak jasoko ditu.

b) Hirugarren eta azken ordainketaren aurreko azken justifikazioa 2023ko abenduaren 15a baino lehen egingo da, eta proiektua eta jarduerak gauzatu izana eta 2023rako onartutako aurrekontu osoari dagozkion gastuak jasoko ditu.

2.– Justifikazio bakoitzarekin, euskadi.eus atarian eskuragarri dagoen dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Jardueren memoria, data eta guzti, enpresaren legezko ordezkariak sinatuta, dirulaguntza emateko oinarritzat hartu zen proiektua bete eta garatu dela adierazten duena. Egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziko dira, baita horiek egitean izandako gorabeherak ere. Jarduera egin izana egiaztatzeko behar diren elementuak aurkeztuko dira (Jardueren oroitza).

Era berean, memoriak jaso beharko du diruz lagundutako proiektuek nola lagundu duten 4. artikuluko 1. atalean aurreikusitako helburuak lortzen, eta agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla aipatu beharko du.

Proiektuaren garapenean egiten den aldaketa oro adierazi beharko da jardueren memorian. Aldaketa funtsezkoa bada, idatziz eskatu beharko da, aztertu baino lehen eta inoiz ez proiektua gauzatzeko epea amaitzeko hilabete falta denean, eta organo emaileak baimendu beharko du. Memoriari erantsi beharko zaizkio aldaketa eskatzeko eskabidea eta aldaketa baimentzeko ebazpena.

b) Gauzatze-urteari dagokion gauzatutako proiektuaren laburpena eta ebaluazioa.

c) Erakundearen legezko ordezkariak sinatutako memoria ekonomikoa, egikaritutako aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak) jasotzen duena, ahalik eta banakatuena, egikaritze-urteari dagokiona. Besteak beste, erakunde onuradunaren behin betiko ekarpena eta beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek egikaritze-urteari buruz egindako ekarpenak jaso beharko dira (Aurrekontu exekutatua).

Proiektua eta diruz lagundutako jarduerak egikaritzean egindako gastu guztien egiaztagiri guztien zerrenda sailkatua, egikaritze-urteari dagokiona (Gastua justifikatzen duten dokumentuen zerrenda).

Egindako gastuen egiaztagiri eta faktura originalak edo konpultsatuak, gauzatze-urteari dagokion aurrekontu onartuaren guztizkoari dagozkionak (Fakturak edo gastuen egiaztagiriak). Ez da onartuko tiketen bidezko justifikaziorik.

d) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek xede eta helburu berarekin egindako ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena, gauzatze-urteari dagokiona (Bestelako dirulaguntzak). Enpresa onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzaz gain bestelakorik jaso ez badu, hori horrela dela adierazten duen bestelako dirulaguntzen adierazpena ere aurkeztu beharko da.

3.– Justifikazioari buruzko dokumentazioak 5.9 artikuluko ezaugarriak bildu beharko ditu.

19. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea eta Aginduaren 3. artikuluan erakunde onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira– edo beste erakunde publiko zein pribatu batetik beste laguntzaren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko.

20 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluaren arabera, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan xedatutako betebeharrak ez betetzea.

c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea dagokion epean.

d) Dirulaguntzei buruzko xedapenetan oro har ezarritako beste betebeharrak ez betetzea.

2.– Kasu horietakoren bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako moduan eta aldez aurretik betez, bai eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzen Lege Orokorraren Araudia aplikatzetik datozen oinarrizko aginduak ere.

21. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta izen hau duen tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Kultura- eta sormen-arlora bideratutako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Xedea: Kultura- eta sormen-sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua.

Hartzaileak: arlo honetan eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk dauzkazu, informazio gehigarrian jasotzen denez.

Informazio osagarria: gure webgunean kontsultatu dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml.

Araudia: Datuak Babesteko Araudi Orokorra, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedurari dagokionez agindu honetan arautu gabeko orotarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 14a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala