Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2022ko maiatzaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2229

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 13koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2022rako deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko maiatzaren 12ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, onartu egin du Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren o) letran xedatutakoarekin bat etorriz, estatutu horiek aldatzen dituen ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak emandako idazkeraren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2022rako deialdia. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2022ko maiatzaren 12ko bileran hartutako Erabakiaren bidez onartu zen, eta ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 13a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
LAGUNTZEN 2022RAKO DEIALDIA. LAGUNTZA HORIEK AURREIKUSITA DAUDE, LANERATZEKO ENPRESAK SORTZEKO ETA MANTENTZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZAKO SAILBURUAREN 2009KO MAIATZAREN 4KO AGINDUAN.

2009ko maiatzaren 4ko Aginduaren bidez (2009ko maiatzaren 26ko EHAA, 98. zk.) laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautzen dira. Laguntza horiek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak abiarazi zituen, enpresa horiei laguntza emateko, betiere haien ezaugarri eta beharrei egokituta. Horren esparruan, dirulaguntzak aurreikusten dira laneratzeko enpresak sortzea sustatzen duten entitateentzat, bai eta laneratzeko enpresentzat beraientzat ere, manten daitezen.

Aipatutako 2009ko maiatzaren 4ko Aginduaren 17. artikuluak berariaz xedatzen du urtero egingo dela bertan aurreikusitako laguntzen deialdia, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak bertan adierazten du aurrekontua zenbatekoa den eta eskabideak aurkezteko epea. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6. artikuluan xedatzen denez, enpleguari buruzko politika, gaur egun, Lan eta Enplegu Sailari dagokio.

Bestalde, Lan eta Enplegu Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoari dagokio, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguko eta enpresen sorkuntzako programak kudeatzeko eskumena, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarritako moduan. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarri zenez geroztik, bere gain hartu du laneko legedia betearazteko arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan; eta bere gain hartu du, halaber, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegu-politika aktiboen arloan betetzen zituen eginkizunen kudeaketa. Eginkizun horien artean dago 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntza-programa kudeatzea.

Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako eta ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuak aldatutako Lanbideren estatutuen 3. artikuluko b) apartatuan xedatutakoarekin bat etorrita, enplegurako, enplegu-prestakuntzarako, autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programen barruan sartzen da dirulaguntzetarako deialdiak onartzea ere, eta organismo autonomoaren Administrazio Kontseiluari dagokio funtzio hori, halaxe baitago ezarria aipatutako estatutuetako 7. artikuluko f) apartatuan.

Era berean, laguntzak kudeatzen dituen organoa aldatu denez, eta publikotasun-printzipioa eta segurtasun juridikoaren printzipioa errespetatze aldera, komenigarria da laguntzak jaso ditzaketenei jakinaraztea dirulaguntzak emateko prozeduraren zenbait xehetasun eta betebehar, 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitakoarekin bat ez datozenak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2022ko maiatzaren 12ko bileran onartu du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2022rako deialdia. Agindu horretan arautzen dira laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak. Hona deialdiaren baldintzak:

Lehenengoa.– Eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza hauetarako eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko irailaren 30era arte iraungo du.

Bigarrena.– Diru-baliabideak.

1.– Deialdi honen helburu diren laguntzak finantzatzeko diru-baliabideak honako hauek izango dira: guztira 11.220.000 euro; horietatik, 2.870.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, 3.240.000 euro 2023ko konpromiso-kredituari, 3.240.000 euro 2024ko konpromiso-kredituari eta 1.870.000 euro 2025eko konpromiso-kredituari, 3211 programaren kargura –Enplegua, 41. sekzioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua–.

Baliabide horiek 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako dirulaguntzak estaltzeko esleituko dira. Izan ere, gorago finkatutako 2022ko kreditutik, 800.000 euro bideratuko dira 7. artikuluan aurreikusitako laguntzetara, 200.000 euro 11. artikuluko a) apartatuan aurreikusitako laguntzetara, eta 50.000 euro aipatutako aginduaren II. kapituluan aurreikusitako laguntzetara.

2.– 2022ko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako zenbatekoa, edo, indarreko legeen araberako aurrekontu-aldaketak onartuz gero, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena. Eguneratzerik badago, horren berri eman beharko da. 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan araututako laguntzak estaltzeko diru-baliabideei buruzko gainerako aurreikuspenak agindu horren 23. artikuluan daude jasota.

Hirugarrena.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.

Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan daude azalduta.

Laugarrena.– Laguntzen prozedura, izapideak eta ebazpena, eta onuradunen betebeharrak.

Deialdiaren kudeaketa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan eskatutakoaren arabera izapidetu behar denez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartu duenez laguntzen kudeaketa, 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan jasotako arauek aldaketa hauek izan dituzte:

1.– Dirulaguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira. Egoitza horretara helbide honetatik sartu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/sede; Lanbideren web-orrian izango da bertara sartzeko esteka bat.

Laneratzeko enpresak sortzeko prozeduraren jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0136909

Laneratzeko enpresak mantentzeko prozeduraren jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia helbide honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0136910

Eskabidea aurkeztu eta geroko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Era berean, kasu bietan, eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza inskribatu ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri egongo dira helbide honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendaria izango da deialdi honetan araututako laguntzen eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren berariazko ebazpen indibidualizatuaren bidez eman edo ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzak. Ukatzeko ebazpen hori arrazoitua izango da, eta berariaz jasoko du eskaera ukatzeko arrazoia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie laguntzak deialdian aurreikusitako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztenei, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Kreditu-handitzeak alde batera utzita, aurrekontu-zuzkidura agortu ondoren, geratzen diren eskabideei dirulaguntzak ukatuko zaizkie, eta horren berri emango da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

5.– Entitate onuradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote diruz lagundutako jardueren izaera edo helburua aldatzen duen gorabehera oro; eta, bestalde, organismo autonomo horrekin kolaboratu beharko dute aipatutako jarduerak egiaztatzeko, ikuskatzeko eta jarraipena eta kontrola egiteko.

6.– Dirulaguntza jasotzen duten eta hedatu, zabaldu eta, hala badagokio, argitaratzen diren jarduera guztietan, berariaz adierazi beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak babestutakoak direla.

7.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea erregistratuta ez badago edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du, helbide honetan ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak


Azterketa dokumentala