Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2022ko apirilaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1632

AGINDUA, 2022ko apirilaren 5ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Hirigune - Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako 2022ko laguntza-programarako arauak ezarri eta deialdia egiteko.

Merkataritza-sektoreak egitura-aldaketa sakonei egin behar die aurre, eta erronka nagusia kontsumitzaileen erosketa-ohitura berriei erantzuteko eraldatzea da. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta banaketa-bide berrien agerpena direla eta, beharrezkoa da estrategia berriak eta negozio-eredu berriak hartzea, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eraldaketa digitalean eta jasangarritasunean oinarrituta.

XII. Legegintzaldiko «Euskadi Martxan 2020-2024» 2020-2024 aldirako gobernu-programa lau ardatzetan dago egituratuta, eta horietatik lehenengo ardatza da Oparotasuna izenekoa, non artikulatzen baitira enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko jarduketa-arloak. Programan bertan jaso denez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen du.

Ardatz horietako bederatzi jarduketa-arloetako batean merkataritza eta ostalaritza landu dira, eta helburu hauetarako jarduketa-konpromisoa nabarmendu behar da: establezimenduaren lehiakortasuna hobetzea eraldaketa digitalera bideratutako ekinbideekin, gaitasun profesionalak garatzea, kudeaketa hobetzea eta, oro har, jasangarritasunera eta digitalizaziora bideratutako ekintzak, lurraldearekin lotutako marka sortzearen alde eginez eta arreta berezia jarriz saltoki txikietan. Jarduketa-konpromiso bat da, orobat, erakundearteko gobernantzan sakontzea eta aliantzak bultzatzea zenbait ekimenen bidez, hala nola merkataritza- eta ostalaritza-sektoreetatik sortzen diren elkarlan-sinergiak sustatuz eta agente guztien lankidetza eta koordinazioa indartuz.

Konpromiso eta ekintza horiek guztiak 2030erako EAEko Merkataritzaren Estrategian eta 2021-2025 Merkataritza Planean garatuko dira. Izan ere, sektorearen eraldaketari, modernizazioari eta gaztetzeari erantzutea du helburu. Horrez gainera, EAEko politika komertziala bultzatu behar duen gobernantza-eredua jorratu eta eguneratu beharko da, betiere erakundearteko elkarlana eta eragile publiko eta pribatu guztien lankidetza oinarri hartuta.

COVID-19aren krisi sanitarioak bereziki kaltetu zuen merkataritzaren sektorea. Eustatek argitaratutako datuen arabera, merkataritza-azpisektoreen arabera inpaktua desberdina izan arren, txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak beherakada metatua izan zuen 2020an; izan ere, % 4,9ko beherakada izan zuen lan-egutegiaren eta etengabeko prezioen termino homogeneoetan. 2021eko balantzean, txikizkako merkataritzaren salmentak % 3,6 igo dira aurreko urtearekin alderatuta; susperraldi horren eraginez, merkataritza-sektoreak babesa eta bultzada behar ditu jarduera berreskuratzeko eta merkataritza-sektorea suspertzeko.

Azaldutako guztiagatik, egokitzat jotzen da Hirigune - Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa martxan jartzea; horretarako, aurrekontuak emango zaizkie elkarte-ehunari eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako Merkatari Elkarteen eta Elkarte Mistoen jarduketei.

Beraz, lan partekatua eta enpresen arteko elkarlana sustatzen duten merkataritza-elkarteetara bideratuko dira, helburu hauek lortzeko: sektorea indartzeko eta modernizatzeko jarduketak egiteko; merkataritza-giro bizia eta estimulatzailea sortzeko, eta, ondorioz, tokiko eta hurbileko merkataritzaren ikusgarritasuna areagotzeko, zeren eta orain, inoiz baino gehiago, funtsezkoa baita; merkataritza-sektorearen modernizazioa bultzatzen duten irtenbide berriak sortzeko eta merkaturatze-bitarteko guztietan haien presentzia sustatzeko; kontsumitzailearen ohitura-aldaketetara egokitzen laguntzeko eta merkatariei eraldaketa- eta gaikuntza-prozesuan laguntzeko, eta politika publikoak garatu daitezen proaktiboki parte hartzeko; izan ere, hiri-ingurunea da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lehentasunezko lan-arloetako bat.

2022ko edizio honetan, Hirigune deialdia lehiarik gabeko konkurtso-modalitatean egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz. Programaren xedea laguntzak ematea da, beren eskabideak epe eta modu egokian egiten dituzten eta agindu honetan onuradun izateko eskatzen diren betekizunak betetzen dituzten entitate guztiei; horrela, entitate horiek laguntzak jaso ahal izango dituzte, agindu honen artikuluetan ezartzen diren zenbateko eta ehuneko teorikoak oinarritzat hartuta.

Programa honen bidez diruz lagunduko diren jarduketak udalen jarduketa publikoen barruan kokatu beharko dira sinergikoki, merkataritza sustatzeko plan berezietan (MSPB) edo merkataritzako plan estrategikoetan jasotzen direnak; eta merkataritza-mahaietan, berriz, kogobernantzarako foro naturalak.

Hori guztia Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren arabera, Sailaren eta Jaurlaritzaren konpromisoa indartuz, bereziki Garapen Jasangarrirako Helburuei dagokienez: GJH5: genero-berdintasuna; GJH8: hazkunde inklusibo eta jasangarria sustatzea, baita guztientzako enplegua eta lan duina ere; GJH9: industria, berrikuntza eta azpiegitura; GJH11: hiri eta komunitate jasangarriak; GJH12: kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak; GJH13: klimaren aldeko ekintza, bereziki ekonomia zirkularraren sustapena; eta GJH17: helburuak lortzeko aliantzak.

Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barne dago. Plan hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2022ko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean ezarritako aurrekontu-kreditu nahikoa dauka.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da merkataritza-elkarteen jarduera bultzatzeko 2022ko laguntzak arautzea, hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzeko, modu horretan merkataritza-sektorea biziberri dadin.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.850.000 eurokoak dira guztira: 1.480.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 370.000 euro, berriz, 2023ko konpromisoari.

2.– Emandako laguntza guztiak aldi berean esleituko dira, egintza bakarrean, lehiaketa-teknika lehiakorra erabili gabe; izan ere, helburu hau duen programa bat baita: agindu honek onuradun izateko eskatzen dituen betekizunak betetzen dituzten erakundeei laguntzak ematea, baldin eta eskabideak behar bezala eta sasoiz egin badituzte.

Horretarako, programa finantzatzeko erabili beharreko aurrekontu-zenbatekoak ez badira nahikoak egindako eskabideei agindu honen 8. artikuluan ezarritako zenbatekoetan aurre egiteko, laguntza eskabideen artean hainbanatuko da, eta, kalkulua egiteko, 8. artikuluan adierazitakoaren arabera teorian jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko da oinarritzat, eta horrek udalerriko mugari eragingo dio, portzentaje berean murriztuko baita muga hori.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango dira udalen merkataritza-elkarteak; elkarte mistoak edo hiri-merkataritzaren plataformak, elkarte multzoak edo elkarteak.

Horiek horrela, honako hauek laguntzen onuradun izan daitezke, baldin eta gutxienez 10 merkataritza-establezimendu ordezkatzen badituzte:

a) Merkatarien elkarteak, baldin eta ondo eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Sindikatu Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude.

b) Eremu zonaleko merkatarien elkarteak eta elkarte mistoak, baldin eta, 2022ko urtarrilaren 1ean, inskribaturik badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Erroldan, zeina ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaz arautu baitzen, eta datu horiek erregelamenduaren arabera eguneratuta badituzte.

c) Hiri-merkataritzaren plataformak, elkarte multzoak edo elkarteak, pertsona fisiko edo juridikoen multzo gisa eratuak, publikoak zein pribatuak, edo edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare, nortasun juridiko propioa duena, eta, zuzenbideak onartutako edozein eran, 2022ko urtarrilaren 1ean horrela inskribatuta daudenak.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako baldintzez gain, erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai dirulaguntza emateko unean, bai ordaintzeko unean.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak automatikoki egiaztatuko du ea erakundeak egunean dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai laguntza emateko ebazpena eman aurretik, bai ordainketak egin aurretik eta bai dirulaguntzaren likidazioa egin aurretik, berau justifikatu ondoren. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten erakundeen jarduketak ez dira diruz lagunduko.

b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen arabera edo horren ondorengo aldaketen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, ezta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluaren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

4. artikulua.– Elkarteen arteko akordioa eta udalerrien arteko banaketa.

1.– Udalerri berean hainbat elkarte badaude, deialdi honetara udalerri bakoitzean eskabide bakarra aurkezteko ahalegina egingo da; bertan, udalerri bereko merkatari-elkarte guztiek edo, hala badagokio, gehienek lortutako akordioa islatuko da.

Udal-akordioa egiten saiatu bada –egiaztatuta geratuko da eskabidean, egindako bilerak eta alderdien arteko komunikazioak adierazita–, baina akordiorik lortu ez bada, elkarte batek banaka aurkeztu ahal izango du eskabidea.

Udal-akordioa lortzen saiatu badira, elkarte batek banaka aurkeztu ahal izango du eskaera; hori eskabidean egiaztatuta geratuko da, egindako bilerak eta alderdien arteko komunikazioak adierazita, eta akordiorik lortzen ez bada. Elkarteen artean akordio bat lortuz gero, horien guztien ordezkaria nor izango den zehaztu beharko da bertan, eta taldea ordezkatuko duen pertsona izendatuko da, eta behar bezainbat ahalmen emango zaio, laguntzaren onuradun gisa dagozkion obligazioak bete ditzan; erabakiko dute, orobat, elkarte bakoitzak nolako parte-hartze maila izango duen proiektua gauzatzean, eta elkarte bakoitzari esleituko zaion dirulaguntza zehazteari dagokionez izango den zenbatekoa.

Gasteiz, Bilbo eta Donostiaren kasuan, hiri-merkataritzaren plataformak ordezkatuko ditu udalerriko merkatarien elkarte guztiak, eta, horretarako, elkarte guztien adostasuna eta parte-hartzea bilatuko ditu udal-elkarteen akordioan, baita plataformaren barruan ez dauden elkarteenak ere.

Elkarteen arteko akordioak honako alderdi hauek jasoko ditu:

– Akordioa sinatzen duten merkatarien elkarte, elkarte misto edo hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarte guztiak eta haien enpresa-ordezkaritzak.

– Eskabidea aurkeztuko duen merkatarien elkartea edo, hala badagokio, Hiri Merkataritzako Plataforma jasoko du. Lehentasunez, aurkeztutako jarduketetan parte-hartze maila handiena duen erakundeak eskatu behar du laguntza.

– Elkarteek egin beharreko jarduketak:

• Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin behar dituen jarduketak eta haiei buruzko azalpenak.

• Jarduketa nagusi bakoitzaren barruan egin behar diren ekintzak.

• Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak jarduketetan izan behar duen partaidetza-maila.

• Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketen zenbatekoa eta aurreikusitako finantzaketa-sistema.

• Ekintza bakoitzaren betetze-mailaren adierazleak.

• Jarduketa-eremuaren mugaketa.

• Aurreikusitako egutegia.

– Aurreikusitako gastuen aurrekontu zehatza.

2.– Udalerri bakoitzean eskabide bat baino gehiago egonez gero, eta eskabide guztiek eskatutako zenbatekoak udalerrira bideratutako muga ekonomikoa gaindituz gero, jasotako eskabide guztiak aztertuko dira, eta ebaluazio hori egin ondoren zehaztuko da udalerriari dagokion dirulaguntza nola banatu haien artean.

Eskabide bakoitza baloratzeko orduan, kontuan hartuko dira elkarteen akordioan jaso behar diren alderdiak. Merkatarien elkarte bati baino gehiagori atxikitako establezimenduren bat badago, zehaztu beharko da zein elkartetan zenbatuko den establezimendua, ordezkaritzaren ondoreetarako eta afiliazio-baldintzen arabera.

II. KAPITULUA
LAGUNTZAK

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

Diruz lagundu ahal izango dira I. eranskinean ezarrita dauden ezaugarriak dituzten jarduketak, merkataritza-jarduera edo hiri-merkataritzarekin zerikusia duten zerbitzuak dinamizatzea eta sustatzea helburu dutenak, baldin eta EAEko merkatarien elkarteek, elkarte mistoek edo merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek sustatzen badituzte.

6. artikulua.– Gauzatzeko epea.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra bitartean gauzatuko dira.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira I. eranskineko zehaztapenei zalantzarik gabe erantzuten dieten jarduketen ondoriozkoak, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan aurreikusitakoa betetzen badute.

2.– II. eranskinean jasotako gastuak ez dira diruz laguntzeko modukoak izango.

3.– II. eranskinean jasotako gastuez gain, ez dira diruz laguntzeko modukoak izango langile propioek sortutako gastuak eta autofakturaziotik eratorritako gastuak, ez eta zeharkako gastuak, egiturazko gastuak edo proiektua egiteagatik sortutako finantza-gastuak ere.

Nolanahi ere, aurreko paragrafoan ezarritakotik kanpo geratzen dira, eta, beraz, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira elkarteen pertsonal-gastuak, diruz lagundutako proiektuaren edo jarduketaren kudeaketatik eratorritako zeharkako kostu diren aldetik; diruz lagundutako jarduketa bakoitzerako aurreikusita dauden dedikazio-orduak adierazi beharko dira.

Formula honen arabera kalkulatuko da proiektuan edo jarduketan parte hartzen duen langile bakoitzaren orduko kostua.

(Ikus .PDF)

Edukia, balio bakoitzerako, honako hau izango da:

X = langilearen urteko soldata gordina.

Y = ugazabak langile horrengatik Gizarte Segurantzari ordaintzen dion urteko kuota, kotizazio-oinarriaren arabera kalkulatua (TC2 ereduetan adierazia eta behar bezala identifikatua), erakunde onuradunak Gizarte Segurantzari langile horrengatik egindako ekarpenaren amaierako koefizientearekin biderkatuta.

H = langilearen urteko orduak, erakunde onuradunari aplikatu beharreko hitzarmenaren arabera.

Nolanahi ere, zeharkako kostu egozgarria ezin izango da jarduketaren edo proiektuaren kostu osoaren % 15 baino handiagoa izan, eta dokumentu ofizialen bidez behar bezala justifikatu beharko dira egindako ordu-kalkulua eta orduen egozpena, kostu horiek diruz lagundutako jarduerari benetan dagozkion neurrian.

4.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 azpikontrata daiteke. Azpikontratazio horrek xedapen hauetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikulua, eta Dirulaguntzen Erregelamenduaren 68. artikulua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua).

Azpikontratazioa artikulu horietan adierazitako ehunekoaren eta zenbatekoaren arabera egiten bada, baimena emateko eskumena duen organoa Merkataritza Zuzendaritza izango da, eta baimena eskatzeko eta lortzeko prozedura elektronikoki egingo da nire karpetaren bidez.

8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Emandako laguntzen zenbatekoa ahalik eta handiena izango da, 2. artikulua aplikatzearen emaitzatik, betiere artikulu honen hurrengo puntuan zehaztutako udalerriko muga kontuan hartuta.

2.– Udalerriko merkatari-elkarteen multzorako dirulaguntzaren gehieneko muga eragiketa honen emaitzan izango da: merkataritza-tartearen araberako dirulaguntza bider udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizientea (III. eranskinaren arabera).

(Ikus .PDF)
III. KAPITULUA
PROZEDURA

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta hura argitaratzen denetik 30 egun naturalera amaituko.

2.– Eskabide bakarra egingo da aurreikusten diren ekintza guztietarako, eta oso-osorik beteta egon beharko du onartua izateko.

3.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

4.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Egoitza Elektroniko honetara jo beharko da: https://www.euskadi.eus/servicios/1015609

Elektronikoki nola izapidetu jakiteko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri. Era berean, eredu horien edukiak agindu honetako IV. eranskinean daude jasota.

Espedientean sartzeko, errekerimenduak eta jakinarazpenak jasotzeko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/).

5.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https:// www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak eta Administrazioak urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

7.– Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira: Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak). Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.

8.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

9.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan begiratu ahal izango da eskabidean jasotako datuen egiazkotasuna. Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, erakunde eskatzaileak zehapen administratiboa edo penala jasoko du, zer araubide dagokion.

10.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarriak.

10. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Laguntza-eskabidearekin batera, IV. eranskinean zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da.

2.– Ordezkaritza hirugarren pertsonen esku utzi nahi bada, ordezkari jardun dezaten modu elektronikoan, eta horretarako erabiltzen ez bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, «borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» erantsi beharko da.

– Pertsona fisikoen kasuan: ordezkaritza ematen duen pertsonaren NANa edo agiri baliokidea, baldin eta ez badu nahi instrukzio-organoak informazio hori lortzea administrazioarteko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez.

– Pertsona juridikoen kasuan: ordezkaritza-ahala edota ordezkaritza hirugarren pertsona bati ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen bestelako edozer agiri, zuzenbidearen arabera baliozkoa dena.

3.– Administrazioak laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan alta eman beharko du edo bere banku-datuak aldatu beharko ditu telematikoki (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa). Bankuaren datu horiek aktibo mantenduko dira, hala badagokio, laguntza ordaindu arte.

4.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duen dokumentazioa; horretarako, eratze-eskritura, estatutuak eta erregistroko inskripzioa aurkeztu beharko ditu.

b) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartela, baldin eta nahi ez bada instrukzio-organoak aipatu informazioa lortzea administrazioarteko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez.

c) Laguntzaren bidez finantzatu nahi den jarduera bakoitzaren azalpen-memoria, merkataritza-ikuspegitik egina, gutxienez informazio hau jasoko duena:

1) Garatu beharreko jarduketa bakoitzaren gauzatze-proiektua, zera adierazten duena:

1.a.– Lortu nahi diren helburuak.

1.b.– Gauzatu beharreko ekintzak.

1.c.– Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.

2) Sarreren eta gastuen aurrekontu xehatuak.

3) Gauzatze-egutegia.

4) MSPB azterlanean edo hura ordezkatzen edo osatzen duen beste azterlan batean sartzen dela.

Udalerriak ez badu MSPB azterlanik, egiaztatu behar du egin nahi diren jarduketa egokiak direla udalerriko merkataritza garatzeko.

5) Jardueran parte hartzeko aukera jakinarazteko erabiliko den sistema, hala behar den kasuetan.

d) Dagokion Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren ziurtagiria, Merkatarien Elkarteen Erroldan erakunde eskatzaileari buruz agertzen diren datuen gainekoa.

e) Elkarteko edo hiri-merkataritzako plataforma, elkarte multzo edo elkarteko idazkariaren ziurtagiria, kideen zerrenda jasotzen duena, 2021eko abenduaren 31n eguneratua, eta kide bakoitzarengandik azken ekitaldian bildutako kuotak. Enpresen zerrenda sexuaren arabera desagregatu behar da; alegia, merkataritza-enpresa kideetako titular diren emakumezkoak adieraziko dira, alde batetik, eta titular gizonezkoak, bestetik.

f) Udalerriko elkarteek sinatutako akordioa, 4. artikuluan adierazitakoaren arabera.

g) Erakunde onuraduna balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ordaintzetik salbuetsita badago edo zerga horren tributazioari lotuta ez badago, BEZaren salbuespen-ziurtagiri baten bidez edo hainbanaketa-araua aplikatu izanaren justifikazio baten bidez egiaztatu beharko du hori. Halako ziurtagiririk ezean, zerga-egoeraren ziurtagiria aurkeztu ahal izango du, non jasota geratuko baita elkarteak BEZetik salbuetsita dauden eragiketak soilik egiten dituela edo ez duela jarduera ekonomikorik egiten; egiten badu, BEZaren urteko laburpena aurkeztu beharko du.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Sindikatu Elkarteen Erregistroan izena emanda egotearen ziurtagiria.

i) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduko 22.2 artikuluan identifikatzen diren administrazio-ziurtagiri positiboak, baldin eta eskatzaileak aurka egiten badio kudeaketa-organoak zuzenean agiri horiek eskuratzeari.

11. artikulua.– Zuzenketak.

1.– Eskabidea ez bada osorik bete, harekin batera ez bada aurkeztu nahitaezko dokumentazioa edo akatsen bat antzematen bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Jakinarazpenak eta zuzenketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den erakunde interesdunaren eskura jakinarazitako egintzaren edukia. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, eta izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, betiere ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta ez bada egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

12. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Merkataritza Zuzendaritzako teknikariek epearen barruan aurkeztu diren eskabideen azterketa eta ebaluazioa egingo dute, ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta informazio osagarria eskatu ahal izango diote erakunde eskatzaileari, 11. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.– Onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen direla kontuan hartuta emango dira dirulaguntzak, dokumentazioa bete ondoren eta 2. eta 8. artikuluetan ezarritakoari jarraituz; ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

3.– Txosten tekniko bat egingo da, informazio gisa, eskabide bakoitzeko eta, bertan, jasota utziko dute beren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun izateko proposatzen duten erakundeak betetzen dituela dirulaguntzak eskuratzeko eskatzen diren betekizun guztiak. Horrez gain, diruz lagun daitezkeen eta hautatu diren gastuak identifikatuko dituzte, hautatu ez dituztenak zergatik ez dituzten hautatu arrazoituko dute, eta agindu honen 2. eta 8. artikuluetan adierazitako mugen arabera eman beharreko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoak adieraziko dituzte. Txostena erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio edo, hala badagokio, elkarteen arteko udal-akordioan ordezkaritza bakarra gauzatzen duen elkarteari; izan ere, hura arduratuko da gainerako sinatzaileei jakinarazteaz.

13. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Merkataritza Zuzendaritzako titularrak, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, egintza bakar batean ebatziko du deialdia, eta gero erakunde interesdunei jakinaraziko zaie.

Sei hilabeteko epea igarotzen bada prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazi gabe, erakunde eskatzaileak eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango du, organo eskudunak ebazpen adierazia eman eta jakinarazteko duen betebeharrari kalterik egin gabe.

2.– Merkataritzako zuzendariak eman eta jakinaraziko du laguntza-deialdi hau ebazteko administrazio-ebazpena, eta han adieraziko zein diren onartutako eta baztertutako eskabideak. Onartutako eskabideen kasuan, erakunde onuradunak eta eskatu eta eman zaizkien zenbatekoak identifikatuko dira. Baztertutako eskabideen kasuan, zergatia adierazi beharko da.

3.– Laguntza-deialdiaren ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta hura argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa.

4.– Erakunde eskatzaileek ohartarazpen bat jasoko dute beren eskabidean identifikatutako gailu elektronikoan eta/edo helbide elektronikoan, eta bertan, prozeduraren ebazpena egoitza elektroniko horretan argitaratu dela jakinaraziko zaie. Abisua bidaltzen ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, jakinarazpena egiten denetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

6.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

14. artikulua.– Uko egitea.

Merkataritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egite hori, eta, ordainketaren bat eginda baldin badago, itzultzeko betebeharra dagoela adieraziko du, sortutako berandutze-interesak barne; halaber, amaitutzat emango du prozedura, delako entitate horri dagokionez.

15. artikulua.– Gastuak justifikatzea.

1.– Justifikaziora sartzea eta berori betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

2.– Proiektua gauzatzeko azken data 2022ko abenduaren 31 izango da.

3.– Deialdi honetako justifikazio-agiriak jasotzeko epea 2023ko martxoaren 31n amaituko da. Epe hori igaro eta justifikazio-agiririk aurkeztu ez bada, hamabost eguneko epe luzaezina emango zaio erakunde onuradunari, agiriak aurkez ditzan. Ezarritako epean justifikazio-agiririk aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko dira.

4.– Erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta laguntzaren helburua lortu dutela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Justifikazio-memoria. Memoria horretan, gutxienez, informazio hau jaso beharko da:

1) Lortutako helburuak.

2) Gauzatutako jarduketak edo ekintzak.

3) Elkarte bakoitzak jarduketa bakoitza gauzatzean izan duen partaidetza-maila.

4) Exekutatutako gastua.

5) Jarduketa edo ekintza bakoitzaren gastuak eta sarrerak.

6) Dokumentazio grafikoa.

7) Betetako egutegia.

8) Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleen azken emaitzen balioespena.

9) Gauzatutako jarduketa-adierazleen hasierako eta amaierako emaitzak jasotzen dituen elkartearen txostena; bertan jasotzen dira, halaber, lortutako ondorioak eta egindako jarduketa bakoitzaren balorazioa. Horrez gain, hurrengo ekitaldietan jarduketa errepikatzea komeni den eta zergatik.

b) Jarduketa bakoitzaren laburpen-koadroa, fakturak zerrendan jarrita eta zenbatuta (faktura-zenbakia, kontzeptua eta zenbatekoa). Justifikazio-agiriak taldekatuta aurkeztu behar dira: zuzeneko gastuak, batetik, eta zeharkako gastuak, bestetik. Diruz lagundutako jardueren zenbateko osoari dagozkion fakturak zerrendatu beharko dira.

c) Fakturak –gauzatze-epearen barruan eginak– eta horien banku-ordainagiriak; merkataritzako plataforma, elkarte multzo edo elkartearen izenean edo enpresa-antolakundearen izenean egon daitezke, edo erakunde horietako (plataforma edo taldea) kide den edozein elkarteren izenean.

Bakar-bakarrik onartuko dira 100 euro edo gehiagoko fakturak (BEZik gabe), diruz lagundu daitezkeen jarduketen deskribapena ondo identifikatuta dutenak; ez dira onartuko kodetutako kontzeptuak.

d) Erakunde onuraduna balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ordaintzetik salbuetsita badago edo zerga horren tributazioari lotuta ez badago, BEZaren salbuespen-ziurtagiri baten bidez edo hainbanaketa-araua aplikatu izanaren justifikazio baten bidez egiaztatu beharko du hori. Halako ziurtagiririk ezean, zerga-egoeraren ziurtagiria aurkeztu ahal izango du, non jasota geratuko baita elkarteak BEZetik salbuetsita dauden eragiketak soilik egiten dituela edo ez duela jarduera ekonomikorik egiten; egiten badu, BEZaren urteko laburpena aurkeztu beharko du.

e) Diruz laguntzeko modukotzat onartu diren jardueren zeharkako gastuak justifikatzeko, nominak, Gizarte Segurantzari egindako ordainketak edo kontratazioen egiaztagiri ofizialak erantsi beharko dira. Erantzukizunpeko adierazpen bat ere aurkeztuko da, diruz lagundutako jarduketari benetan dagokion zeharkako gastuaren egozpena justifikatzeko eta erabilitako denbora eta egotzitako zenbatekoen kalkulua azaltzeko.

f) Berariazko parte-hartzea beharrezkoa den kasuan, jarduketara bildutako establezimenduen zerrenda, elkarte antolatzailearen kide den edo ez zehaztuta.

g) Kide ez diren saltokiek jarduketa bakoitzean izan duten partaidetza-mailaren ziurtagiria.

1) Parte hartu duten saltokiak.

2) Partaidetza-maila.

h) Aitorpena, helburu bererako lortu diren laguntza, diru-sarrera eta baliabideena, berdin dio administrazioetatik edo ente publiko nahiz pribatuetatik datozen, baldin eta diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko badira. Hauek zehaztuko dira:

– Eskaeraren urtea.

– Erakunde finantzatzailea.

– Finantzaketaren jatorrizko programa.

– Jarduketa.

– Jarduketaren zenbatekoa, guztira.

– Eskatutako laguntzaren zenbatekoa.

– Emandako laguntzaren zenbatekoa.

5.– Kasu guztietan, Merkataritza Zuzendaritzak eskatzen duen beste dokumentu bat aurkeztu beharko da, justifikatutako jarduketak osorik egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen bada.

6.– Emandako dirulaguntza likidatzeko, justifikatutako gastuak aztertuko dira, eta egiaztatuko da laguntzaren xede diren jarduketek agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta diruz lagundutako proiektura egokitzen direla.

7.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada zuzendu daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren erakunde onuradunak aurkeztu dituen justifikazio-agirietan, erakunde onuradunari inguruabar hori jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko.

8.– Diruz lagundutako jarduketen barnean, aldaketak onetsi ahal izango dira jarduketa bereko jardueren artean. Salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, onartutako jarduketen arteko aldaketak onartuko dira, bai eta jardueren birformulazioa eta diruz lagundutako zenbatekoen birbanaketa ere; laguntzak kudeatzen dituen organoak berariaz baimendu beharko ditu beti aldaketa horiek, egokitzat jotzen bada.

9.– Aurkeztutako jarduketak justifikatzean ikusten bada beherako desbideratzea izan dela, % 25ekoa baino txikiagoa, aurkeztu zen aurrekontuarekiko –alegia, dirulaguntza emateko kontuan hartu zenarekiko–, dirulaguntza berriz kalkulatuko da, hasierako dirulaguntza kalkulatzeko erabili ziren irizpide berberekin.

10.– Beherako desbideratzea % 25ekoa edo handiagoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egin daiteke, emandako dirulaguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla justifikatzen denean izan ezik. Bigarren kasu horretan, aurreko lerrokadan aurreikusitako moduan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

11.– Hala ere, dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta horrek dirulaguntza gutxitzea badakar, Merkataritzako zuzendariari dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, aurkeztutako dokumentazioa zuzen dezan, hala badagokio.

12.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Merkataritzako zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, teknikarien txostena kontuan hartuta.

13.– Justifikazioa onartutako zenbatekoaren % 100ekoa izango da. Ez dira kontuan hartuko erakunde onuradunak dirulaguntza jasotzetik eratorritako finantza-errendimenduak, hurrengo artikuluan deskribatutakoaren arabera.

16. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Honela ordainduko dira laguntzak:

Emandako dirulaguntzaren % 80 emakida-ebazpena eman ondoren ordainduko da, 18.a) artikuluan aurreikusitako epea igarota, ukorik izan ez bada.

Gainerako zenbatekoa agindu honen 15. artikuluan xedatutakoaren arabera gastuen justifikazioa likidatu ondoren ordainduko da.

Ordainketa horiek egingo dira, baldin eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean baditu, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.

17. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Merkataritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

18. artikulua.– Enpresa onuradunaren/en betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe xedapen hauetan ezarritako betebeharrak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Halaber, betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunak dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira diruz lagundutako jarduketen argitalpen, iragarki eta publizitate-lan guztietan, eta erabiltzaileei eta kontsumitzaileei bermatu egingo zaie erakunde onuradunekin dituzten harremanetan gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea.

d) Ez erabiltzea hizkera edo irudi sexistarik ezein euskarritan –ez publizitaterako, ez informaziorako–. Halaber, zuzenean sortzen dituzten agirietako hizkera inklusiboa izango da.

e) Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa egon dela adierazi beharko da espresuki, merkatari-elkarteen eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen diruz lagundutako jarduketen euskarri, kartel eta seinaleetan nahiz hedapenean, zabalkundean edo publizitatean. Hori betetzen dela justifikatzeko, gutxienez horietako bakoitzaren ale bat helarazi beharko da.

f) Merkatarien elkarteek eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek zera jakinarazi beharko dute https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/web01-sede/eu/ estekaren bidez:

– Gutxienez zazpi egun balioduneko aurrerapenarekin, diruz lagundutako jarduerak zer lekutan, egunetan eta ordutan egingo diren.

– Diruz lagundutako jardueren edozein aldaketa, jarduerarako aurreikusi den dataren aurretik.

g) Beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

h) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jarduketen garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.

i) Merkataritza Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera objektibo zein subjektibo ororen aldaketa.

j) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatutako informazioa ematea.

k) Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

19. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babesean eskuratutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira erakunde onuradunek administrazio publikoetatik edo erakunde pribatuetatik xede bererako jaso dezaketen beste edozein dirulaguntzarekin.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste Administrazio Publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta, kasu horretan, agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzek errespetatu egingo dituzte Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak Europar Batasunaren laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamenduan ezarritako minimis arauak, bai eta Europar Batasunaren esparruan horretarako emandako beste jarraibide edo xedapen batzuk ere.

Europar Batasunak ezarritakoaren arabera, minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek jaso ditzakeen laguntza guztiak ezin dira izan 200.000 eurotik gorakoak, edozein kontzepturengatik, laguntza eskatzen den zergaldiaren aurreko bi zergaldietan eta indarrean dagoen zerga-ekitaldian.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira eta administrazio honetatik edo beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere aldaketarekin ez-betetzeak estaltzen ez badira, arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Ondorio horietarako, dagokiona aldatzeko ebazpena emango du Merkataritza Zuzendaritzako titularrak, interesdunari entzun ondoren, eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira ebazpen horretan. Horretarako, Merkataritza zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, interesdunari entzun ondoren, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.

Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, kasuan kasuko berandutze-interes eta guzti.

21. artikulua.– Ikuskatzea.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jarduketen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, betiere beren eginkizunak egikarituz, jasotako laguntzei dagokienez.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko testu bategineko 53. artikuluarekin (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza osoa jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

Ez-betetzearen espedientea egoitza elektronikoaren bidez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu

23. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztirako, hauek aplikatuko dira: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta, prozedura-arloan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 5a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
DIRUZ LAGUNDU DAITEZKEEN MERKATARIEN ELKARTEEN, ELKARTE MISTOEN EDO HIRI-MERKATARITZAREN PLATAFORMA, ELKARTE MULTZO EDO ELKARTEEN JARDUKETAK

Baldintza hauek betetzen dituzten jarduketek jaso dezakete dirulaguntza:

– Udalerriko hiri-ekonomia garatzeko planteamenduekin bat datozenak, tokiko merkataritza-jarduera eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak lehenesten dituztenak, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Plan Estrategikoan ezarritako dinamizazio- eta sustapen-jarraibideekin bat datozenak;

– MSPB azterlanean edo horren ordezko edo osagarri den azterlanean jasota daudenak;

Diruz lagundu daitezkeen jarduketak lerro hauetan kokatuko dira, lehentasunez:

1.– Hurbileko merkataritza dinamizatzera bideratutako azterlanak.

Aholkularitza-enpresa espezializatuek beharrizan-azterketak eta programak egitea, merkataritza-jarduketako proposamen zehatzak, jarduteko plan estrategikoak eta establezimendu elkartuen salmenta-puntuko diagnostikoak formulatzeko, erosketa-esperientzia hobetze aldera. Azterlan horiek zehatz-mehatz definituko dituzte gauzatze-epeak, zuzeneko eragina izango dute hurbileko merkataritzaren dinamizazioan, eta merkataritza-zona edo merkataritza-sektore espezifikoetara zuzenduta egongo dira.

Lerro honen gehieneko zenbatekoak, diruz lagundu daitekeen guztizko zenbatekoari dagokionez, ezingo du haren % 20 gainditu, eta, nolanahi ere, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa gehienez 20.000 euro izango da.

2.– Hurbileko merkataritzari laguntzea.

Hurbileko merkataritzari laguntzea, merkataritza-sektorea edo zona batzuk sustatzeko ekintzak eginez, xede espezifiko hauetara bideratuta:

a) Erakunde onuradunek sustatuta, azokak, animazio-jarduerak eta antzeko ekitaldiak egitea, merkataritza-zona jakin bat sustatzeko, eremu jakin batean edo jarduera-sektore batean kontsumoa bultzatzeko edo udalerria erosketetarako helmuga gisa ezagutzera emateko.

b) Sustapen-kanpainak egitea, zuzeneko salmentak bultzatzeko eta kontsumitzaileak fidelizatu eta erakartzeko, saltoki txikien abantailak azpimarratuz.

c) Merkataritzaren arloa eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak sustatzea, kontsumitzaileei sariak, opariak eta primak emanez; horretarako, lehiaketak, zozketak edo tokiko merkataritza-sustapeneko eta -ordezkaritzako antzeko beste metodo batzuk erabiliko dira, barnean hartuta saltoki-bonuaren berezko kanpainak eta antzeko beste toki-kanpaina batzuk. Kanpoan geratuko dira eskudiruzko sariak.

d) Zona jakin batera merkataritza-fluxuak erakartzea erraztuko duten merkataritzaren zerbitzu osagarriak antolatzea eta sustatzea.

e) Sektore guztiarentzat interesa duten lankidetza-zerbitzuak garatzea eta kontratatzea, eskalako ekonomiak sortzen dituzten proiektuak egiteko, negoziazio onuragarriak lortzeko eta abar.

f) Gizartearen eta ingurumenaren aldetik kontsumo jasangarria bultzatzen duten jarduketak, bai eta kontsumo arduratsua, kontzientea eta hurbilekoa bultzatzen dutenak ere, helburua izanik bertako produktuen aldeko apustua finkatzea.

g) Tokiko merkataritzari buruz sentsibilizatzeko jarduketak, eta ingurumeneko eta kontsumo arduratsuko jardunbide onen balioa azpimarratzen dutenak.

h) Auzoetan lokal hutsek sortzen dituzten arrakalak ezabatzera bideratutako jarduketak; hau da, lokal hutsak dinamizatzeko helburua dutenak.

3.– Digitalizazioa eta teknologien erabilera.

Digitalizazioko eta teknologiak erabiltzeko tresnak ezartzea merkataritza-zonetan; adibide gisa aipatzen dira hauek:

a) Merkataritzarako aplikazio digitalak ezartzea: soluzio eta gailu digitalak instalatzea (erakusleiho birtualak, sentsoreak, eskanerrak, mikrofonoak); marketineko tresna digitalak aplikatzea (kudeaketako software aurreratua, ordainketa-sistemak eta abar).

b) Big data edo datuen prozesamendua; adibidez, sare sozialetako mezuak, telefono mugikorreko seinaleak, mezu elektronikoak, inkestetako datuak eta abar.

c) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) erabiltzea, gehiago balia daitezen sare sozialak, webguneak eta merkataritzara bideratutako mapa komertzial geoposizionatuak.

d) Onlineko eta formatu txikiko erosketak jasotzeko guneak ezartzea, bai gune fisikoetan, bai etxerako bidalketetan.

e) Proba pilotu teknologikoak ezartzea eskala txikian, sektorearen eta kontsumitzaileen eskariei erantzuteko.

f) Onlineko merkataritza garatzea eskura dauden salmenta-plataformen bidez, eta haien mantentze-lanak egitea.

g) Mugikorrerako aplikazioak garatu eta mantentzea, eta txikizkako saltokien berri ematea aplikazio horien bidez.

h) Dinamizazio-plataformak ezarri eta mantentzea, zeinetan txertatuko baitira udalaren hiri-ekonomiaren ikuspegia eta, besteak beste, aisialdiarekin, ostalaritzarekin, turismoarekin eta kulturarekin dituen sinergiak.

f), g) eta h) letretan adierazitako mantentze-lanetarako ekintzen zenbatekoak ezingo du gainditu dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren % 25.

4.– Konpetentzia digitalei buruzko prestakuntza.

Konpetentzia digitalak areagotzeko prestakuntza-ibilbideak, saltoki bakoitzaren digitalizazio-mailari egokituak, helburu dutenak udalak tokiko hiri-ekonomia dinamizatzeko egiten dituen jardueretan txikizkako saltokiak sartzea; eta txikizkako saltokietan beharrezkoak diren teknologiak txertatzeko ezinbestekoak diren konpetentzien gaineko prestakuntza, fakturazioaren eta tributazioaren arloetan indarrean dagoen araudia bete dezaten (adibidez, TicketBai sistemarena).

II. ERANSKINA
DIRUZ LAGUNDU EZIN DIREN MERKATARIEN ELKARTEEN, ELKARTE MISTOEN EDO HIRI-MERKATARITZAREN PLATAFORMA, ELKARTE MULTZO EDO ELKARTEEN JARDUKETAK

Jarduketa eta gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

1.– Ongi definitu eta justifikatu gabeko jarduerak, kalitate tekniko nahikorik ez dutenak, ezinezkoa izanik, ondorioz, proposatutako lanen edukia eta irismena balioestea laguntzen edo jarduketen xedeari dagokionez.

2.– Ordezkaritza- eta protokolo-gastuak.

3.– Erakundearen merkataritza-jarduerari dagozkion elementu suntsikorrak eta kontsumitu ezin daitezkeenak, hala nola sustapen-kanpaina edo -ekintza jakin bati zuzenean lotuta ez dauden sustapen-materialak eta -opariak.

4.– Merkataritza-jarduketetarako proposamen zehatzik erantsita ez duten azterlanak; onuradunarentzat zuzeneko irismen maila handirik ez dutenak; edo kalitate- edo prezio-irizpideei modu desorekatuan erantzuten dietenak nahitaez erantsi behar diren merkataritza-jarduketetarako proposamen zehatzei dagokienez.

5.– Zenbait jarduketaren ondoriozko gastuak: hornitzailea dirulaguntzaren eskatzaileari lotutako pertsona, enpresa edo entitatea diren kasuak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

6.– Ez dira inola ere finantzatzeko moduko gastutzat hartuko zeharkako zergak, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke. Horrenbestez, zerga-oinarriaren zenbatekoa finantza-gastu izango da, eta onuraduna balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) ordaintzetik salbuetsita badago edo zerga horren tributazioari lotuta ez badago, orduan bakarrik, zerga horren zenbatekoa ere gastutzat hartuko da. Bestera esanda, BEZa diruz lagundu daitekeen gastu izango da onuradunak haren zati bat edo kopuru osoa ordaintzen duenean eta ezin duenean berreskuratu, orduan soilik; % 0tik % 100era bitartekoa izan daiteke, jardueraren eta onuradunaren tributazio-araubidearen arabera. BEZa guztiz edo partez ez berreskuratzea salbuespenezko egoera fiskal bat da, eta onuradunak egiaztatu egin beharko du justifikazio-agiriekin batera aurkeztuko duen dokumentazioan, salbuespen-ziurtagiri edo hainbanaketa-ziurtagiri baten bidez. Halako ziurtagiririk ezean, zerga-egoeraren ziurtagiria aurkeztu ahal izango du, non jasota geratuko baita elkarteak BEZetik salbuetsita dauden eragiketak soilik egiten dituela edo ez duela jarduera ekonomikorik egiten; egiten badu, BEZaren urteko laburpena aurkeztu beharko du.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala