Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2022ko martxoaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1385

AGINDUA, 2022ko martxoaren 8koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzat 2022. urteko dirulaguntza-deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien sustapen eta zabalkundearen gaineko eskumenak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari.

Ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio zein elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen du.

Halaber, arau hauek dira indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua –EONALTB– (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta lege horren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Aipaturiko ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuaren 15. artikuluan adierazten denez, kultura arloko eskuduntza duen saileko titularrak, aurrekontuak ahalbidetzen badu, dekretu honetan araututako dirulaguntzak eskatzeko deialdia egingo die Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteei. Deialdi horretan, eduki hauek zehaztu beharko dira:

– 119/2015 aipatu Dekretuari erreferentzia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko zein zenbakitan argitaratu den adieraziz, baita zein arau osagarri edo gehigarri aplika dakiokeen ere.

– Dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontu-hornidura osoa.

– Eskabideak aurkezteko tokia, epea eta modua, baita fundazio eta elkarte eskatzaileek zer dokumentazio aurkeztu behar duten ere.

– Deialdia ebazteko epea –gehienez ere sei hilabetekoa izango da deialdia indarrean jartzen den egunetik aurrera – eta fundazio eta elkarte eskatzaileei jakinarazpena egiteko modua.

– Emandako laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

– Balorazio-batzordeko kideak izendatzea.

– Deialdiaren beraren kontra zer errekurtso jar daitezkeen, zer epetan eta zer organori aurkeztu behar zaizkion.

Aipatutako dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, gorago aipatutako eduki horiek zehaztu dira agindu honen bidez, arau horretan xedatutako dirulaguntza-deialdia 2022ko ekitaldian ezartzeko.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita (2021eko otsailaren 18an onartua eta 2022ko otsailaren 16an aldatua Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bidez), baita Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren 2022. urteko Dirulaguntzen Planean ere (2022ko otsailaren 16an onartua), sailaren beraren webgunean argitaratuak: https://www.euskadi.eus/sail-plana/sailaren-diru-laguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/web01-s2hhk/eu/

Dirulaguntza-deialdi honetarako, bada nahikoa aurrekontu-kreditu, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legearen arabera.

Horri jarraikiz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako 2022. urteko dirulaguntza-deialdia egitea. Dirulaguntza horiek emateko modua ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak (2015eko uztailaren 9ko EHAA, 128. zk.) eta honen huts-zuzenketak (2015eko irailaren 8ko EHAA, 170. zk.) arautzen dute.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

2022ko ekitaldian, agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak finantzatzeko guztizko aurrekontu-zuzkidura berrehun eta laurogei mila (280.000) eurokoa da.

3. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetara sartuta:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/00825069

3.– Ordezkari batek elektronikoki izapidetu ahal izango du, eta, horretarako, ordezkariak Eusko Jaurlaritzako ahalordeen Erregistro elektronikoan eman behar izango du izena, helbide honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapen guztiak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, artikulu honetako 2. puntuan aipatutako helbidean. Egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

7.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

I.– Eskabidea sinatu duen pertsona fisiko edo juridikoak eskabidearen titularra (eskabidean ageri den titularra ez bada) legez ordezkatzeko ahala duela egiaztatzea.

II.– Eskabidearen titularrak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoren batekin lotura duela egiaztatzea.

III.– Eskabidearen titularrak Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten formazio politikoak osatzen dituzten alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteek egiaztatu beharko dute, zuzenbidean ontzat ematen den edozein frogabidez, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duen formazio politikoa osatzen duen eta eskatzailearekin lotura duen alderdi politikoak Legebiltzarrean dituen eserlekuak edo eserlekuok zenbat diren jakiteko bidea. Besteak beste, frogabide zuzentzat joko dira ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuaren 3.3 artikuluko a) eta b) letretan ezarritakoak.

IV.– Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatuta egotearen egiaztagiria. Erregistro hori Alderdi Politikoei buruzko ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarrian aipatzen da.

b) Aurkeztutako programari buruzko dokumentazioa:

I.– Aurrekontua: 2022ko ekitaldiari dagokiona, proposatutako ereduari jarraituz.

II.– Proiektuaren memoria: 2022ko ekitaldian egikaritu beharreko proiektu, programa edo jardueraren deskribapena, proposatutako ereduari jarraituz.

III.– Egikaritze-egutegia: 2022an egikarituko diren proiektu, programa edo jardueraren egikaritze-egutegia edo kronograma.

c) Ordainketak egiteko, hirugarrenen alta-agiria, laguntza eskatzen duen erakundea erregistratuta ez badago edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu.

d) Nahi izanez gero, aurkeztutako proiektu, programa edo jarduera hobeto ebaluatzeko, eskatzaileak egoki irizten dien bestelako dokumentuak gehitu ahal izango dira.

8.– Aurkezten diren dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira proiektuaren laburpenerako (7. b.I.) eta aurrekontu eta programaren deskribapenerako (7. b.III.), eta ereduen formatu berak aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektronikoak gehienez ere 30 Mb izango ditu.

d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira, dagokion dokumentuan.

9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunak eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste Administrazio batek egindakoak diren eskatutako dokumentuak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

10.– Eskabideak izapidera onartzeko dokumentuak falta edota dokumentuetan akats formalak dituela hautemanez gero, orobat hura baloratzeko aipatutako dokumentuei akatsik antzemanez gero, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko dokumentuak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela; horren berri ebazpen baten bidez jakinaraziko zaio.

4. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezarritakoaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), betebehar orokor hauek erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira:

1.– Erakundeak ez du jaso dirulaguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez zigor-arlokorik, ez administrazio-bidekorik, eta ez dauka legez debekatuta halakorik eskuratzea (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta).

2.– Halaber, eskatzaileek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharko dituzte.

3.– Erakundeak aurkezturiko gastu-aurrekontuan, gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

– Higiezinetako obren gastua.

– Ekipamendu-gastuak, fundazio edo elkarte onuradunaren ondarea handitzea eragingo duten gastuak direla ulertuta, adibidez: makinak, altzariak, informatikako ekipoak eta garraiorako elementuak eskuratzea.

– Amortizazio-gastuak.

– Zerga-gastuak.

– Irakasle, hizlari eta aurkezleen ordainsariak, jasotzailea dirulaguntzaren onuraduna den fundazioko edo elkarteko zuzendaritza-organoetako kidea bada.

4.– Batetik, erakundearen izenean aurkeztutako eskabideko datuak eta han erantsitako dokumentuetakoak egiazkoak dira; bestetik, erakunde eskatzaileak indarrean den araudian dirulaguntza jasotzeko ezarritako betekizun guztiak betetzen ditu, eta baditu hori frogatzen duten dokumentuak. Azkenik, betekizun horiek dirulaguntzaren iraunaldi osoan betetzeko konpromisoa onartzen du.

5. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen duen ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, honako hauek izango dira balorazio-batzordea osatuko duten kideak:

a) Arturo Garcia Fiel, kultura sustatu, bultzatu eta hedatzeko eskuduntza duen zuzendaritzako teknikaria, balorazio-batzordeko presidentea izango da.

b) Aitor Mate Martinez, Fundazioen eta Elkarteen Erregistroaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikaria, balorazio-batzordeko presidenteordea izango da; huts egingo balu, Borja Domingo Fernandez arituko da haren ordez.

c) Ana Altuna Riaño, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (HAEE) teknikaria izango da, eta balorazio-batzordeko idazkaria (hitzarekin eta botoarekin) izango da; huts egingo balu, Jon Biain Santiago arituko da haren ordez.

d) Ane Crespo Calvo, hizkuntza-politikaren arloan diharduen teknikaria izango da; huts egingo balu, Elene Etxezarreta Etxeberria arituko da haren ordez.

6. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ebatziko du, balorazio-batzordeek egindako proposamena ikusi ondoren.

2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei. Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

3.– Ebazpen horrek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salan. Horretarako, bi hilabeteko epea izango dute, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, nahi izanez gero, kultura arloan eskuduntza duen saileko titularrari berraztertzeko errekurtso bat aurkeztu ahal izango zaio, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen adierazia emateko duen obligaziotik.

7. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetzea.

Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluari eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan-kasuan, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsona Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartzen denean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpen-egintza jaso izana elektronikoki sartu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da. Interesdunari gailu elektronikoz edota eman duen helbide elektronikoaren bidez abisatu dakioke jakinarazpen bat duela. Abisu hori aukerakoa da, eta balio informatiboa baino ez du, eta, abisurik ez badago, horrek ez du eraginik jakinarazpena balioduna izan dadin.

Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan jasotzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen ez bada behintzat.

Halaber, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Hautaketa-prozedura edo norgehiagoka-prozedura bat osatzen duten administrazio-egintza mota oro argitaratuko da, eta horrek jakinarazpenaren ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b artikuluan ezarritakoaren arabera. Interesdunari hainbat bidetatik jakinarazten zaionean, jakinarazpen-datatzat hartuko da 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoaren arabera lehenengo egin dena.

8. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntza honen erakunde onuradunek, diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduerak amaitzen diren egunetik aurrera bi hilabeteko epean gehienez, eta inolaz ere ez 2023ko urtarrilaren 7a baino beranduago, programei buruzko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dirulaguntza justifikatzeko:

a) 2022ko aurrekontu-egikaritua, proposatutako ereduari jarraituz.

b) Proiektu, programa edo jardueraren egikaritze-memoria, ereduaren arabera.

c) Egikaritze-egutegia edo kronograma 2022.

d) Proiektu, programa eta jarduerak egikaritzeko 2022an egindako gastu guztien zerrenda, ereduaren arabera.

e) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduera egikaritzearen ondorioz sorturiko gastuen frogagiriak, kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, erregelamendu bidez ezarritako moduan.

f) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduerak egikaritzeko sorturiko material bakoitzaren hizkuntza-bertsioen aleak.

2.– Justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Justifikazioak izapidetzeari buruzko zehaztapen eta eredu guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragai, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082509

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalak.

1.– Datu pertsonalen tratamenduek baldintza hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio eskeari dagokienez, eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinean (Segurtasun-neurriak) aurreikusitakoekin.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura Sustatzeko zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahal izango ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraz, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke euskal autonomia erkidegoko auzitegi nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 8a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala