Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2022ko martxoaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1129

AGINDUA, 2022ko otsailaren 25ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Arantzazu Gaur Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa, fundazioaren xedeei buruzkoa.

2021eko azaroaren 29an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erregistro Orokorrean, Fundación Arantzazu Gaur Fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa horren bitartez fundazioaren xedeak aldatzen eta zabaltzen dira.

Fundazioaren patronatuak 2021eko ekainaren 23an erabaki zuen aldaketa, eta eskritura publikoan gauzatu zuen 2021eko urriaren 18an, Mercedes Hernáiz Gómez-Dégano Ońatiko notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1118). Eskabide-idazkiarekin batera espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Erabakitako aldaketaren ondoren, estatutuen 3. artikulua honela idatzita geratuko da:

3. artikulua.– Fundazioaren helburuak.

Fundazioaren jarduera nagusia eta ardatza Gizarte Berrikuntza Laborategia da, eta haren helburua da Arantzazu berrikuntza-nodo bihurtzea, gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta gizatiarragoa lortzeko. Oinarrizko premien, bizikidetzaren eta balioen ikuspegitik abiatuta, elkargune bihurtzea da laborategiaren berezitasun nagusia, zehazki gure gizartearen beharren eta erronka nagusien inguruan ikuspegi berriarekin hausnartzeko, ikertzeko eta esperimentatzeko, betiere entzute eta ikaskuntza aktiboaren bidez.

Helburu nagusi horren osagarri, Arantzazu sustatzeko eta eraberritzeko prozesua bultzatzea, dinamizatzea, kudeatzea eta koordinatzea da Fundazioaren beste helburu zehatzago bat. Eta zeregin horiek ikuspegi orokorraz eta etorkizunari begira beteko ditu, santutegiaren identitate historikoa nahiz frantziskotartasunaren printzipioak errespetatuz eta eraldaketa soziokulturalak aintzat hartuz.

Helburu zabal horien barruan, Fundazioaren jarduera nagusiak dira Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategia, haren edukiak garatzea eta haren programa hedatzea, marko estrategikoan zehaztutako helburu eta ardatz estrategikoen arabera. Honako hauek dira bere ekintza aipagarrienak:

1.– Herri bezala ditugun gizarte erronkei erantzuteko gizarte berrikuntza eta gizarte eraldaketa sustatzea, hiru jarduera nagusi hauen inguruan garatuko diren proiektu eta ekimenen bitartez: ikerketa, esperimentazioa eta dibulgazioa. Ekimen hauek bertako zein nazioarteko zenbait eragilerekin lankidetza sareak sustatuz garatuko dira.

2.– Arantzazuko santutegiko arte- eta kultura-ondarearen kudeaketa eta ondare hori gizarteratzeko ekimenak sustatzea. Arantzazuren izaera erreferentziala, berezitasuna eta fedea irudikatzen duten barne erreferenteak sendotzea (Basilika, Gandiaga Topagunea 1-2, Arantzazuren kultura-historia, natura-ingurunea, etab.).

3.– Fundazioaren esku dauden azpiegituren eta baliabideen kudeaketa:

«Gandiaga Topagunea 1» batzar-zentroa kudeatzea eta haren garrantzia nabarmentzea. Arantzazun jendea artatzeko zerbitzuen kudeaketa eta ustiaketaren koordinazioaz arduratzea, ikuspegi osoarekin, eta Gizarte Berrikuntza Laborategiarekin elkarlaneko guneak sortuz.

Fundazioaren beste baliabide eta azpiegituren kudeaketa eta ustiaketa koordinatzea.

Gandiaga inguruko eremuak eta azpiegiturak mantentzea, eta horietatik sortzen diren beharrak asetzea eta kudeatzea.

Arantzazun dauden Frantziskotarren beste baliabideekin koordinatu eta elkarlaneko guneak partekatzea.

Fundazioaren helburuak lortzeko lagungarri izan daitekeen jarduera oro.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37.1 eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Izan ere, ez dago fundatzaileen debekurik estatutuen aldaketa egiteko (fundatzaileak patronatuko kide ere badira eta aldaketak badu euren oniritzia), eta Babesletzak aldaketa berariaz onartu du.

Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación Arantzazu Gaur Fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Mercedes Hernáiz Gómez-Dégano Ońatiko notarioaren aurrean 2021eko urriaren 18an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 1118).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 25a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala