Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2022ko martxoaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
1126

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurak 2022ko urtarrilaren 27ko Osoko bilkuran hartua Kontuen Epaitegiak 1035/2014 fiskalizazio-txostenean egindako gomendioen Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea behar bezala aplikatzeko autonomia erkidegoek hartutako kudeaketa- eta kontrol-neurriei buruzko 2018ko jarraipen-txostena behin betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osoko Bilkurak 2022ko urtarrilaren 27an egindako bilkuran

ERABAKI DU:

Kontuen Epaitegiak 1035/2014 fiskalizazio-txostenean egindako gomendioen jarraipen-txostena, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea behar bezala aplikatzeko autonomia erkidegoek hartutako kudeaketa- eta kontrol-neurriei buruzkoa, behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 27a.

HKEEko lehendakaria,

ANA HELGUERA LÍBANO.

HKEEko idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
KONTUEN EPAITEGIAK 1.035/2014 FISKALIZAZIO-TXOSTENEAN EGINDAKO GOMENDIOEN JARRAIPEN-TXOSTENA, AUTONOMIA PERTSONALA SUSTATZEARI ETA MENDETASUN-EGOERAN DAUDEN PERTSONAK ZAINTZEARI BURUZKO ABENDUAREN 14KO 39/2006 LEGEA BEHAR BEZALA APLIKATZEKO AUTONOMIA ERKIDEGOEK HARTUTAKO KUDEAKETA- ETA KONTROL-NEURRIEI BURUZKOA

Laburdurak:

AAEE: Autonomia erkidegoak.

AE: Autonomia erkidegoa.

AFA: Arabako Foru Aldundia.

AMAS: Autonomiari eta Mendekotasunari Arreta emateko Sistema.

AMASIS: Autonomiari eta mendekotasunari arreta emateko sistemaren informazio-sistema.

APMZL: 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.

BAP: Banakako Arreta Programa.

BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.

EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.

EAO: Estatuko Administrazio Orokorra.

EJ: Eusko Jaurlaritza.

FD: Foru Dekretua.

FFAA: Foru aldundiak.

GFA: Gipuzkoako Foru Aldundia.

GGAMASLK: Gizarte Gaietarako eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako Lurralde Kontseilua.

GOFE: Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea (Araba).

GSDN: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia.

GSIN: Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala.

GZES: Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema.

GZL: 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (Euskal Herria).

HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

IMSERSO: Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutua.

KE: Kontuen Epaitegia.

LH: Lurralde historikoa.

LHL: 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, EAEren Erakunde Komunen eta Lurralde Historikoetako Foru Organoen Harremanei buruzkoa.

LPPE: Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa.

NISAE: Euskadiko Administrazioen Segurtasunerako eta Elkarreragingarritasunerako Nodoa.

TTEE: Toki entitateak.

XG: Xedapen Gehigarria.

ZLLE: Zerbitzuarekin lotutako laguntza ekonomikoa.

I.– Sarrera.

HKEEk, otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta Osoko Bilkurak 2019rako onartutako Lanerako Planean ezarritakoarekin bat etorriz, Kontuen Epaitegiak luzatutako gomendioen jarraipen-txostena egin du 1035 zenbakiko txostenean (2014an onartu zen txosten hori): «Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendeko egoeran dauden pertsonei arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legea behar bezala aplikatzeko autonomia erkidegoek hartutako kudeaketa- eta kontrol-neurriei buruzko fiskalizazio-txostena», 2018ko ekitaldiari buruzkoa. Lan hau Estatuko gainerako Kanpo Kontrolerako Organoekin eta Kontuen Epaitegiarekin lankidetzan egin da.

Lanaren helburua EAEn hartutako neurriei buruzko txosten bat egitea da, txosten horretan Estatuko autonomia erkidego guztiei orokorrean egindako bederatzi gomendioak betetzeko. Gainera, mendekotasunaren arreta finantzatzeko iturri publikoak eta pribatuak aztertu dira.

Autonomia Estatutuak euskal botere publikoei esleitzen die pertsonen eta beren taldeen askatasuna eta berdintasuna eraginkorrak eta errealak izateko baldintzak sustatzeko eta oztopoak kentzeko neurriak hartzea, eta EAEri gizarte-laguntzaren arloko eskumen esklusiboa esleitzen dio. Eskumen horietan oinarrituta aldarrikatzen dira Gizarte Zerbitzuen Legea eta 185/2015 Dekretua, urriaren 6koa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioen eta zerbitzuen zorroa onartzen duena.

Lurralde Historikoen Legeak lurralde historikoei esleitzen die EAEko gizarte-laguntzaren arloko araudia betearaztea, beren lurraldearen barruan, beren zerbitzuak antolatzeko erregelamenduak egiteko ahala barne. Bere ahalmenen arabera, lurralde bakoitzak dagozkion prestazio eta zerbitzuen hornidura kudeatzen du. Gainera, toki-erakundeek gizarte-zerbitzuen betearazpenean parte hartzen dute, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean eta garapen-araudian aurreikusitakoaren arabera. Hala, EAEko lurralde-eremuan, mendekotasunari arreta emateko prestazioak kudeatzeko eskumena duten administrazioak foru aldundiak dira, telelaguntza-zerbitzuaren kudeaketa izan ezik, hori Eusko Jaurlaritzak ematen baitu, Gizarte Zerbitzuen Legearen 40. artikuluaren arabera. Hori dela eta, EAEn, Estatuko araudian autonomia erkidegoei egiten zaizkien erreferentziak foru aldundiei egiten zaizkiela ulertzen da.

EAEn, 2018ko abenduaren 31n, 2.199.088 biztanletik 78.811 onuradunek dute prestazioa jasotzeko eskubidea, eta horietatik 65.017k dagokion prestazioa jasotzen dute.

Mendekotasun Legearen 2. xedapen gehigarriaren arabera, EAEri bere gastu-aurrekontuaren kargura dagokion EAEko sistemako zerbitzuen eta prestazioen finantzaketa kontuan hartuko da euskal kupoaren kalkuluan, Estatuaren eta EAEren arteko Ekonomia Itunarekin bat etorriz.

II.– Ondorioak.

1. gomendioaren jarraipena: mendekotasunaren arloko araudia garatzea.

1035 txosteneko 1. gomendioa zuzentasunez bete dute hiru foru aldundiek, eta gizarte-zerbitzuei dagokien araudiaren barruan aplikatu beharreko araudia sistematizatu dute, Estatuko araudian eta dagokion garapenean -Lurralde Kontseiluaren akordioen bidez lortua- ezarritakoak betez.

2. gomendioaren jarraipena: mendekotasun legean ezarritako epeak betetzea.

2018ko abenduaren 31n, eskubidea eskatu zenetik mendetasun-egoera eta dagokion prestazioa onartu arte batez beste 180, 56 eta 180 egun igaro dira AFAn, BFAn eta GFAn, hurrenez hurren, eta horrek esan nahi du legez ezarritako sei hilabeteko epea bete dela.

3. gomendioaren jarraipena: autonomiari eta mendekotasunari arreta emateko sistemaren informazio-sisteman (AMASIS) jasotako datuen etengabeko eguneratzea.

Foru-aldundi bakoitzaren kudeaketako informatika-aplikazioetan sartutako datuen fidagarritasuna egiaztatzeko hautatutako espedienteen lagin bat aztertzean, ez da gorabeherarik antzeman. Datu horiek Autonomiari eta mendekotasunari arreta emateko sistemaren informazio-sisteman jasotzen dira ondoren. Arabako Foru Aldundian, hasiera batean AMASIS plataformak bazterketak egin bazituen ere elkarreragingarritasun-arazoen ondorioz, arazo horiek gerora zuzendu ziren. BFAren eta GFAren aplikazio informatikoek ez dute gerora zuzendutako bazterketen erregistroa gordetzen. Aztertutako espedienteetako bat ere ez zen baztertutzat jo txosten honen datan.

4. gomendioaren jarraipena: identifikazio pertsonalaren zenbakia.

Hiru foru aldundietan, mendekotasun-sistemaren erabiltzaileek identifikazio pertsonaleko zenbaki bakar eta esklusibo iraunkor bat dute esleituta, 1035 txostenaren 4. gomendioarekin bat etorriz.

5. gomendioaren jarraipena: onuradunen gaitasun ekonomiko pertsonala zehazteko eta sistemaren prestazioetan parte hartze ekonomikoa izateko irizpideak.

5. gomendioak zioen autonomia erkidegoek Gizarte Gaietarako eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako Lurralde Kontseiluaren 2012ko uztailaren 10eko Akordioan aurreikusitakoa betetzeko beharrezkoak ziren arau-xedapenak sustatu behar zituztela. Akordio horretan ezarri ziren Autonomiari eta mendekotasunari arreta emateko sistemaren informazio-sistemaren onuradunen gaitasun ekonomiko pertsonala zehazteko gutxieneko irizpide komunak eta Sistemaren prestazioetan ekonomikoki parte hartzeko irizpideak.

Kontuan hartuta Lurralde Kontseiluaren erabakietan gaitasun ekonomikoa zehazteko jasotako irizpideak ez direla lotesleak autonomia erkidegoentzat, Mendekotasun Legearen 14.7 artikuluaren arabera proposamen izaera besterik ez baitute, aztertutako aldian indarrean dauden arau-xedapenak zuzentasunez egokitzen zaizkio Gizarte Gaietarako eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako Lurralde Kontseiluaren 2012ko uztailaren 10eko Erabakiari.

6. gomendioaren jarraipena: mendekotasunari lotutako gastuaren aurrekontu- eta kontabilitate-kontrola.

1.035 txostenaren 6. gomendioa zuzentasunez bete dute hiru foru aldundiek; izan ere, mendetasunarekin lotutako gastuak soilik jasotzen dituen aurrekontu-programarik ez duten arren, ezarritako gizarte-zerbitzuen arretarako programen barruan sartzen dira, eta ez duten arren kontabilitate analitikorik, finkatutako sistema bat dator Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean ezarritako mendekotasun-sistemaren konfigurazioarekin. Horri dagokionez, eta gardentasunean aurrera egiteko eta mendetasunaren guztizko kostua ezagutzeko, abenduaren 27ko 1050/2013 Errege Dekretuak, Mendekotasun Legean ezarritako gutxieneko babes-maila arautzen duenak, ezarri zuen autonomia erkidegoek urtero ziurtagiri bat egin behar zutela, mendekotasunaren arretaren kostua finantzatzeko Estatuaren Aurrekontu Orokorretatik datozen kredituen aplikazioa eta autonomia erkidegoak helburu horretarako egindako ekarpena islatzeko.

7. gomendioaren jarraipena: espediente elektronikoa.

Txosten hau egin dugun datan hiru foru aldundietan espediente elektronikoa ezartzen ari dira.

8. gomendioaren jarraipena: prestazioen administrazio-kontrola.

1035 zenbakiko txostenaren 8. gomendioa zuzentasunez bete dute hiru foru aldundiek.

9. gomendioaren jarraipena: profesionalak ez diren zaintzaileentzako prestakuntza-programak.

195/2015 Dekretuak, urriaren 6koak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioen eta zerbitzuen zorroari buruzkoak, zaintzaileei laguntzeko zerbitzua eratzen du, eta bertan sartzen dira informazio-, orientazio- eta prestakuntza-prestazioak, udal-eskumenekoak diren aldetik. Hala ere, foru aldundiek hainbat jarduera egin dituzte eremu horretan, A.9 eranskinean zehaztu direnak.


Azterketa dokumentala