Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2022ko martxoaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1065

AGINDUA, 2022ko otsailaren 15ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021-2023 epealdiari dagozkion EAEko zinema-aretoak sustatzeko, modernizatzeko eta digitalizatzeko dirulaguntzak ematea arautzen duena eta horretarako deialdia egiten duena, Europar Batasunak finantzatutako Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, NextGenerationEU.

Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen atarikoak iragartzen duenez, jarduera zinematografiko eta ikus-entzunezkoak gure kulturaren eta ekonomiaren sektore estrategiko bat osatzen du. Adierazpen artistikoa eta sorkuntza-espresioa den aldetik, herrialde bateko kultura-gorputzaren funtsezko elementua da. Aurrerabide teknologikoari, garapen ekonomikoari eta enplegu-sorkuntzari egiten dion ekarpenak, kultura-dibertsitatea atxikitzeko egiten duen ekarpenarekin batera, elementu nahikoak dira estatuak beharrezko neurriak ezarri ditzan jarduera zinematografiko eta ikus-entzunezkoa sustatzeko eta bultzatzeko, eta sistema egokienak zehaztu ditzan ondare zinematografikoa kontserbatzeko, eta ondare hori gure mugen barruan eta mugetatik kanpo zabaltzeko.

Era berean, adierazten duenez, bere kultura-dimentsioarekin batera, jarduera zinematografiko eta ikus-entzunezkoak eta produzitzeko, banatzeko eta erakusteko bere agenteen multzoak industria-izaera du, eta horretarako ere enpresen lehiakortasuna hobetzea ahalbidetzen duten babes- eta sustapen-politikak ezartzea beharrezkoa da.

Europako Parlamentuaren Kultura Batzordearen 2021eko otsaileko «Cultural and creative sectors in post-COVID-19 Europe» azterlanaren arabera, ikus-entzunezko ustiapenaren negozio-ereduak kolokan jarri ditu COVID-19ak. Alde batetik, ikus-entzuneko kontsumoaren hazkunde nabarmena izan da plataforma digitalen bidez, eta bestetik nahitaezko itxieren inpaktua, edukiera-mugak eta zinema-aretoetan estreinaldi garrantzitsuak geroratu izanak enpresa horiek ahuldu egin ditu. Emanaldien azpisektorearen diru-sarrerak ikuskizunetarako sarreren salmentaren eta publikoaren parte-hartzearen menpe daude, eta horixe da kalte gehien jaso duen sektoreetako bat, baina kasu berean daude halaber banaketa-etxeak eta obra zinematografikoen produkzio-etxeak, takillako diru-sarrerak funtsezkoak baitira produkzioan egindako inbertsioa amortizatzeko.

Testuinguru horretan, horrekin batera ikus dezakegunez, zinema-aretoek beren eskumenak eta jardunbideak berritu behar dituzte, batez ere hilabeteetako itxieraren, edukiera murriztuaren eta estreinaldi eskasiaren ondoren publikoa aretoetara itzultzera animatzeko, baita ikus-entzunezko kontsumoaren esperientziaren ikuspegi berriak integratu ere hainbat punturen inguruko errealitate berriei aurre egiteko, hala nola kultura, publikoa, gizartea, garapen jasangarria, lurraldeen arteko desorekak, teknologia eta industria.

Horrela, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartzen dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua da errealitate berri horri erantzuten hasi den lehen legegintza-esparruetako bat.

Hau da une egokia ere kultura-sektoreek 2030 Agenda eta agenda horren GJH Garapen Jasangarriko Helburuak beren jarduketa-esparruetan sartzeko, ikus-entzuleekin harreman berri bat ezartzeko aukera eskaintzen baitute, eta horrekin batera publiko potentzial berria identifikatzeko aukera ekimen inklusibo eta eraldatzaileen bidez, zerbitzu berriak sortzeko aukera berrikuntzaren bidez eta kolaborazioko, lankidetzako eta GJHen aplikazioarekin lerrokatzen diren proiektuei lotutako finantzaketako bide berriak aurkitzeko aukera ere.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduak Europar Batasunaren eta haren estatu kideen susperraldia lortzeko eta erresilientzia indartzeko ideia indartzen duen Susperraldi eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du sei zutabetan egituratutako Europa osorako garrantzia duten esparru politikoari buruzko neurrien babesari buruz: trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala; hazkunde inteligente, jasangarri eta integratzailea, kohesio ekonomikoa, enplegua, produktibitatea, lehiakortasuna, ikerketa, garapena eta berrikuntza, eta ETE enpresa txiki eta ertainekin behar bezala funtzionatzen duen barne-merkatu bat; gizarte- eta lurralde-kohesioa; osasuna eta erresilientzia ekonomiko, sozial eta instituzionala, besteak beste, krisia dela-eta guk dugun erantzuteko gaitasun eta prestakuntza gehitzeko; eta hurrengo belaunaldirako, haurrentzako eta gazteentzako politikak, hala nola hezkuntza eta gaitasunen garapena. Mekanismo horren helburu espezifikoa estatu kideei laguntza finantzarioa ematea izango da, eta horretarako EBren nahia da dagozkion estatu kideekin lankidetza estu eta gardena lortzea.

Mekanismo hori, eta mekanismoaren estatu espainolerako traslazioa, 2021eko apirilaren 27ko «Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana» deitutakoan bildu da, eta plan horretan jasota dago enpresentzako eta familientzako laguntza-neurriak ez direla nahikoak epe laburrean produkzio-maila berreskuratzeko eta epe ertainean pandemiaren aurreko inbertsioaren eta hazkunde potentzialaren bidera itzultzeko, pandemiak agerian utzi baititu Espainiako ekonomiaren ahuleziak eta indarrak, eta bizkortu egin ditu eraldaketa estrukturaleko eta digitalizazioko prozesu jakin batzuk, hainbeste aldiz geroratutako erreformei atzerapenik gabe aurre egitea eskatzen dutenak.

Horren guztiaren ondorioz, ezinbestekoa eta presakakoa da inbertsioen eta erreformen plan hau abian jartzea, helburu hirukoitzarekin: krisialdi sanitarioaren ondorengo susperraldia epe laburrean babestea, epe ertainean eraldaketa estrukturaleko prozesu bat bultzatzea, eta epe luzean garapen jasangarriagoa eta erresilienteagoa aurrera eramatea ikuspuntu ekonomiko-finantzariotik, sozialetik, lurralde-arlokotik eta ingurumen-arlokotik begiratuta. Testuinguru honetan, NextGenerationEU finantzaketako Europar Batasuneko tresna berriek aukera paregabea ematen dute plan hau abiarazteko eta, horrela, pandemiak inbertsioaren eta jarduera ekonomikoaren gainean izan duen inpaktuari aurre egiteko, baita Espainiako ekonomiaren susperraldia bultzatzeko eta ekonomia horren modernizazioari ekiteko ere.

«Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Plan» honek gobernantza-eredu bat ere biltzen du autonomia-erkidegoen eta toki-gobernuen ekintzak artikulatzeko, haien hurrenez hurreneko eskumenetan, eta agente ekonomiko eta sozialen kontsulta eta parte-hartze prozesu bat biltzen du, autonomia-erkidegoetatik eta tokiko gobernuetatik garatzen diren kontrol-neurriak ezarriz. Hala, Estatuko 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak autonomia-erkidegoekiko aurrekontu-harremana errazten du, hitzarmenen edo dirulaguntzen bidez.

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, 2020-2024 aldiko bere jarduera-programan ere aipatzen ditu arestian adierazitako eraldaketak, legegintzaldi-estrategia osoa markatzen duten lau ardatzetan kokatuz: oparotasuna (enplegua eta berrindartze ekonomikoa); pertsonak (osasuna, hezkuntza, zerbitzu publikoak, berdintasuna, politika sozialak eta kulturalak, bizikidetza eta giza eskubideak); planeta (energia- eta klima-trantsizio justua) eta autogobernua (autogobernu handiagoa eta hobea).

Kulturarekin lotutako jarduketei dagokienez, nabarmentzekoak dira –agindu honi dagokionez– kulturaren berrikuntza eta digitalizazioa bultzatzeari buruzkoa, eta EAEko kultura-eskaintza indartzea eta interkonektatzea, euskal gizartearentzat berarentzat eta nazioarteko publikoarentzat gero eta erakargarriagoa eginez.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuari jarraikiz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerari eta haien zabalkundeari buruzkoak. Eskumen horiek musikaren, arte eszenikoen, ikusmen-arteen, eta sormen- eta kultura-industrien eremuetan egikaritzea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen araudia Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen VI. tituluan dago bilduta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako testu bateginaren arabera EONALTB Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta lege horren DEO erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egoki irizten dio 2021-2023 aldian arte eszeniko, ikus-entzuneko eta musikalen azpiegituren modernizazioari eta kudeaketa jasangarriari dagokion dirulaguntza-lerro bat baliatzeari, Espainiako gobernuaren «Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean» kokatutakoa eta NextGenerationEU funtsek finantzatutakoa, jarduketa hori planaren eskumen-esparruan sartu daitekeelarik, kultura-arlo guztietan mota horretako jarduerak antolatzeko dirulaguntzak ematearen bidez, batez ere musikaren, antzerkiaren, dantzaren, liburuaren, ikus-entzunezkoaren eta ikusmen-arteen arloetan. Gizarteak kultura-produkzioa bere adierazpen guztietan gozatzeko bidea izan dezan formula bat lortu nahi da neurri horrekin.

Horregatik guztiagatik, helburu nagusia ikus-entzunezkoen sektoreko enpresa eta sormen sarearen lehiakortasuna, konpetentzia eta erresilientzia hobetzea duen, Spain Audiovisual Hub, Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Plan Nazionalaren Kultura eta Kirolaren Industria Bultzatzeko IX. Politika palankaren barruan, konkretuki 25. Osagaiaren barnean, sartzen den zinema-aretoentzako laguntza-lerro honen deialdia egiten da. Zehazki, ikus-entzunezko sektorea sustatzeko, modernizatzeko eta digitalizatzeko programa deritzon inbertsio-proiektuetako bat da, Espainiako egungo ikus-entzunezko ekosistema osoa eraldatuko duen jarduera-plan global bat gauzatzera bideratua, sektorea zentzu zabalean hartuta eta balio-katearen alderdi estrategikoetara bideratuta.

Azaldutako horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

Agindu honen xedea, EAEko zinema-aretoen berrikuntzarako, digitalizaziorako eta jasangarritasunerako proiektuen finantzaketara alde batetik, eta publikoak sortzeko eta fidelizatzeko proiektuen finantzaketa, eta ikus-entzunezko kontsumo-ohitura berrietara egokitzea bestetik, bideratutako dirulaguntzen oinarriak ezarri eta deialdia egitea da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Dirulaguntza horietara bideratutako zenbateko globala 1.153.262,69 eurokoa da.

Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko zenbateko hori edo gehikuntza baten ondoriozkoa, baldin eta aurrekontuak aldatzen badira indarreko legeen arabera onartuta. Aldaketarik eginez gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunaren kondizioa lortzeko eskakizunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izango dira, zinema-aretoen edo zinemaguneen ustiapenaren titular diren pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, eta baita beraien arteko edozein motatako elkarte ere; hori bai, areto horiek Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon beharko dute.

Alde horretatik, zinema-aretotzat hartuko dira, jendearentzat irekita, eta prezio edo kontraprestazio bidez, pelikula jakin batzuk proiektatzeko eskubideak finkatuta dituzten lokal edo zinema-emanaldietarako esparru guztiak; lokal hori iraunkorra edo denboraldikoa izan daiteke, eta edozein kokapen eta titulartasunekoa. Zinema-konplexutzat joko dira bestalde, bi erakusketa-pantaila edo gehiago dituzten lokalak, baldin eta haien ustiapena pertsona fisiko edo juridiko beraren titulartasunpean egiten bada, eta errotulu beraren pean.

Gainera, laguntza horiek baliatzeko erakunde onuradunek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zinematografiaren eta Ikusmen Arteen Institutuaren Enpresa Zinematografikoen Administrazio Erregistroan inskribatuta egotea, laguntzen deialdi hau argitaratu baino lehen.

b) Zinema-aretoek deialdi hau argitaratu baino gutxienez sei hilabete lehenago egon behar dute jendeari irekita, takilla kontrolatzeko eta diru-sarrerak deklaratzeko sistema batekin.

c) Nortasun juridiko propioarekin legez eratuta egotea, eta bere jarduera EAEn garatzea.

d) Alta emanda egotea, eskabidea aurkezteko unean, Ekonomia Jardueren Zergaren dagokion epigrafean, eta ikus-entzunezko proiekzioko jardueraren garapenarekin bat datorren sozietatearen helburu edo xede bat izatea.

2.– Honako pertsona hauek ezin izango dituzte agindu honetan aurreikusitako laguntzak baliatu:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluan bildutako zirkunstantzietakoren bat betetzen duten pertsonak edo erakundeak.

b) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duten pertsona edo erakunde eskatzaileak, edo EAEren eremuan laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekuren bat duenak.

c) «X» aretoen ustiapenaren titularrek.

3.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak jaso ahal izateko, ezinbestekoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea ere. Eskakizun hori betetzea nahitaezko eskakizuna izango da onuradun izaerari eusteko eta, hori horrela, eskakizun hori betetzen dela egiaztatuko da emakida egiteko unean eta ordainketak egiteko unean.

Deialdi honen erakunde kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki dirulaguntza hauen pertsona eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari buruzkoak betetzen dituztela, pertsona horien baimena zertan behar izan gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. artikuluari jarraikiz, lege hori Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak aldatu zuelarik, zeinak jarduten duen administrazioari jada bere esku dauden edo beste edozein administraziok landu dituen dokumentuak kontsultatzea edo biltzea ahalbidetzen dion. Dena den, eta eskatzailea pertsona fisikoa denean soilik, pertsona horrek espresuki ukatu ahalko du egiaztapen hori burutzea, eta kasu horretan dagokion ziurtagiria emango du.

4.– Diruz lagun daitekeen jarduera zinema-aretoen ustiapenaren titular batek baino gehiagok batera egin behar badute, onuradun-izaera lortzeko, ustiategien titularren elkarte bat eratu beharko dute, eta elkarte horrek bere ordezkari gisa jardungo du, ustiategi horren titular guztien izenean eta kontura jarduteko gaitasunarekin, laguntza-eskabidea, dirulaguntzaren ondoriozko betebeharren egiaztagiriak eta egiaztagiriak aurkezteko. Ezin izango da elkartea desegin, harik eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako itzulketarako eta, hala badagokio, arau-hausteetarako preskripzio-epeak igaro arte.

Elkarte hori osatzen duten eta proiektuan parte hartzen duten zinema-aretoen ustiapenaren titular guztiek laguntzaren onuradun izateko beharrezkoak diren baldintzak bete beharko dituzte.

Taldearen ordezkari gisa gastua gauzatzeko konpromisorik handiena hartzen duena izendatu beharko da. Zinema-aretoen ustiapenaren hainbat titularrek beren gain, eta proportzio berean hartzen badute gastua gauzatzeko konpromiso nagusiena, beraien artean izendatu beharko da ordezkari.

Laguntza-eskabidean, eskatutako laguntzaren zenbatekoa eta taldeko kide bakoitzak gastua gauzatzeko hartutako konpromisoen ehunekoak adierazi beharko dira, eta horiek ere onuradun izango baitira. Gastua gauzatzen duten zinema-aretoen ustiapenaren titularrek soilik jaso ahal izango dituzte laguntzak, eta kasu bakoitzean lortutako laguntzak, jasotako beste laguntza publiko batzuei gehituta, ezingo du gainditu onartutako eta gauzatutako gastuaren % 80.

Elkartea eratzeko, akordio-eredu normalizatua erabiliko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1209602

4. artikulua.– Aurkeztu beharreko proiektuek bete beharreko baldintzak.

1.– Honako xede hauek izango dituzte laguntza hauek jasoko dituzten proiektuek:

a) Digitalizazioa eta zinema-aretoen jarduera nagusian teknologia berriak aplikatzea. Jasotako laguntzaren % 25, gutxienez, konektibitateari, gaitasun digitalari, Interneten erabilerari eta teknologia digitala enpresaren jardueran integratzeari lotutako ardatz honetan erabili beharko da.

b) Garapen jasangarriko eta ingurumen-inpaktu positiboko neurriak hartzea.

c) Publikoak fidelizatzeko eta erakartzeko sistemak ezartzea. Publiko kulturalen garapenak publikoekin harremanak izateko modu berriak aurreikusten ditu, bai sorkuntzaren eta publikoaren artean, bai praktika aktiboan. Publikoak dibertsifikatzea eta zabaltzea dakar, bai eta parte-hartze kulturala hobetzea edo kulturarako sarbidea mugatzen duten oztopoak kentzea ere.

d) Berrikuntza-sistemak ezartzea Europako ekoizpenen programazioan eta zirkulazioan eta Espainiako hizkuntza ofizialetan.

Aurkeztutako proiektuek helburu horietako bat edo batzuk izan ditzakete, baita goian adierazitako lau helburuak ere.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira zinema-aretoen mantentze-lanekin lotutako helburuak dituzten proiektuak, hau da, higiezinaren eta haren instalazio edo ekipoen egoera zaintzeko eta babesteko beharrezkoak diren ekintza guztiak egitea, azken horiek itxura fisiko onena izan dezaten eta denborak aurrera egin ahala jarrai dezaten, jatorrizko prestazio funtzional berberak emanez.

2.– Diruz lagundu beharreko jarduerak 2021eko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra arte garatu beharko dira, eta agindu honen 1. artikuluan adierazitako xedeei egokituko zaizkie.

3.– Inbertsioko edo programa-garapeneko proiektuetako azpiegiturak xehetasunez identifikatu beharko dira azpiegitura horien kokapenari, izendapenari eta ezaugarriei dagokienez, eta haien erabilera profesionala egiaztatu beharko da jardueraren % 75aren gaineko zinema-emanaldian. Horri dagokionez, agindu hau argitaratu aurreko sei hilabeteak hartuko dira erreferentzia gisa.

4.– Honako argibide hauei egokitu beharko da proiektuaren plan ekonomikoa:

a) Aurreikusitako gastu eta diru-sarreren arteko aurrekontu orekatu bat aurkeztu beharko da, eta diru-sarreren artean deialdi honetan eskatutako zenbatekoa txertatu beharko da.

b) Gastuen atalean:

b.1.– Proiektua garatzeko beharrezkoak diren elementu edo ekintzen kostua banakatuko da. Deialdi honen 7. artikuluan ezartzen dira dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

b.2.– Laguntza-lerro honek diruz lagundu ezin dituen partidak harekin zerikusirik ez duten diru-sarrerekin finantzatu behar dira, eta horrela jaso behar da berariaz aurrekontu-proposamenean.

c) Diru-sarreren atalean:

c.1.– Proiektua garatzeko aurreikusitako diru-sarrera guztien jatorria banakatuko da.

c.2.– Eskatutako laguntzak ezin izango du dirulaguntza jaso dezaketen gastuen % 80 gainditu, horrelako laguntzetarako RGEC Kategorien arabera Salbuesteko Erregelamendu Orokorraren 53.8 artikuluak xedatutakoari jarraikiz.

c.3.– Deialdi honetan eskatutako laguntzarekin zerikusirik ez duten ekarpen publiko edo pribatuak jenerotan izan ahalko dira salbuespen gisa, betiere erakunde ekarleak ondasunen eta emandako zerbitzuen izaera zehazten duen ziurtagiria aurkezten badu, baita ondasun eta zerbitzu horien merkatu-prezioen araberako balorazio ekonomikoa ere. Ez da jenerotako ekarpentzat hartuko erakunde onuradunak berak edo talde bereko edozein enpresak egiten duena.

c.4.– Dirulaguntza honekin zerikusirik ez duen finantzaketaren zati bat beste laguntza edo babesletza batzuk jasotzeko posibilitatearen estimazio batean oinarritzen bada, laguntza ez lortzeak ez du salbuetsiko eskabidearen unean proiektua aurreikusitakoari jarraikiz garatu beharra.

d) Proiektuari dagozkion gastuak artikulu honen bigarren puntuan adierazitako denbora-epearen barruan egikaritu beharko dira.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den dataren hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Presentzialki zein elektronikoki aurkeztu ahalko dituzte eskabideak pertsona fisikoek, bigarren kasu horretan ondorengo puntuan adierazitako egoitza elektronikoan sartuz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektrikoan daude eskuragarri eskabidearen inprimaki eta nola izapidetu argitzen duten zehaztapenak, erantzukizunpeko deklarazioak, eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1209602

3.– Elektronikoki aurkeztu beharko dituzte beren eskabideak pertsona juridikoek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan euskadi.eus webgunean sartuz atal honetan adierazitako helbideen bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro elektronikoetan. Eskabide elektronikoaren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://euskadi.eus/micarpeta, eta bertan daude erabilgarri kanal elektronikoaren bidez nola izapidetu behar den argitzen duten zehaztapenak.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazioko eta sinadura elektronikoko bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien erregistroan aldez aurretik inskribatutako ordezkariaren bidez egin ahalko da izapidetze elektronikoa honako helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahalko dute pertsona eskatzaileek eskabidea, eskabidearekin batera joango diren egiaztapenekin batera. Era berean, eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedura osoan, pertsona eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7.– Deialdi honen oinarrietan definitzen diren baldintzak espresuki eta formalki onartzea dakar eskabideen aurkezpenak.

8.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakar bat aurkeztu ahalko du zinema-areto edo zinemagune bakoitzeko. Zenbait jarduketa-ildo bildu ahalko ditu eskabideak. Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkezten duen kasuan, eskatzaileak epearen barruan eskatutako azken eskabidea soilik ebaluatuko da, erregistro-dataren arabera, eta baztertutakotzat hartuko dira gainerakoak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Erakunde eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide-inprimaki bat, non espresuki jasoko den eskatzaileak ustiatzen duen zein zinema-aretorekin erlazionatutako proiektuarako eskatzen duen dirulaguntza, areto horren pantaila kopurua eta eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

b) Hala badagokio, dagokion erregistroan inskribatutako eraketako eskritura publikoaren eta estatutuen kopia, erakunde eskatzaileari dagokionez.

c) Dagokion erregistroan inskribatutako ahalordetze-eskrituraren kopia, baldin eta legezko ordezkaria ez bada agertzen enpresa eratzeko eskritura publikoan edo EAEko erregistro orokorrean.

d) Laguntza eskatzen den zinema-aretoa dagoen lokalaren jabetza-eskritura, edo lokal hori laguntzaren eskatzailearen jabetzakoa ez bada, lokalaren errentamendu-kontratua edo, kasuan-kasuan, lizitazioaren esleipena egiaztatzen duen dokumentua.

e) Errentamenduaren edo lizitazio-esleipenaren kasuan, alokatzailea jabea ez den eraikinetan inbertsioak egiteko, jabeak obra horiek egiteko baimena eman izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko du.

f) Zinema-aretoa Euskal Autonomia Erkidegoan dagoela ziurtatzen duen egiaztagiria.

g) ICAAri bidalitako emanaldi-txostenaren kopia, agindu hau argitaratu aurreko 6 hilabeteko programazioari buruzkoa.

h) Zinema-aretoa Zinematografiaren eta Ikus-entzunezkoen Arteen Institutuaren Enpresa Zinematografikoen Administrazio Erregistroan inskribatuta dagoela ziurtatzen duen egiaztagiria.

i) Proiektuari buruzko memoria, non ezarri beharreko neurriak eta espero diren emaitzak barne hartuko diren. Gehigarri gisa dokumentu bat erantsi ahalko da laguntza eskatzen den proiektuaren material grafikoa esklusiboki barnean hartzen duena.

j) Diruz lagundutako epe barruan, faseen araberako proiektuaren aurreikusitako garapen-kronograma.

k) Proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua (euskadi.eus webguneko eredu normalizatuaren arabera).

l) Beren proiektuak garatzeko izenpetutako hitzarmenak, akordioak, kolaborazioak edo babesleak dituzten eskatzaileek eranskin gehigarri bat aurkeztu beharko dute laguntza eskatzen den jarduera babesteko dokumentazio guztiarekin.

m) Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko jarduerak gauzatzeko konpromisoaren erantzukizunpeko adierazpena, besteak beste, ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioari buruzkoa (DNSH printzipioa).

n) Datuak lagatzeko eta tratatzeko erantzukizunpeko adierazpena, Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko jarduketak gauzatzeari dagokionez.

Honako betebehar hauek bete direla egiaztatu ahal izango da eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:

a) Helburu berberarekin, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu eta, kasuan-kasuan, eskuratu dituela jakinaraztea.

b) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarritako baldintzak betetzea, baldin eta elkarreragingarritasun-sistemen bidez zuzenean egiaztatu ezin badira. Kasu horretan, Administrazioak zuzenean kontsulta egingo dio informazio hori jasotzen duen administrazioari. Ildo horretan, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean egotearen betekizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren Xedapen Gehigarrian jasotakoaren araberakoa izan beharko du.

c) Era berean, erakunde eskatzaileak adierazten du eskabide honetan bildutako eta eskabidean erantsitako dokumentazioan bildutako datuak egiazkoak direla, eta dirulaguntza horien onuradun izateko indarreko araudian ezarritako eskakizunak biltzen dituela.

Onuradunek ogasunean eta Gizarte Segurantzan ordainketak egunean izateko baldintzak betetzen dituztela, jarduera ekonomikoen zergan alta emanda daudela eta horren iraupena automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen programa kudeatzen duen instantziak, laguntza edo dirulaguntzen eskatzaile edo onuradunen berariazko baimenik behar izan gabe.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Laguntza-deialdi honen kontura Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik emandako zenbateko osoa erabili beharko da kapital-inbertsioetarako edo leialtze-programetarako, baldin eta laguntza-deialdi honetako baldintzak betetzen badituzte, bai eta deialdia finantzatzen duten funtsen jatorria dela-eta ezarritako gainerako gastuak ere.

4.1.a) artikuluan jasotakoari erantzuten dioten proiektuetarako, hau da, digitalizazioa eta zinema-aretoen jarduera nagusian teknologia berriak aplikatzea, honako hauekin zerikusia duten gastuak diruz lagunduko dira:

a) Eraldaketa digitaleko proiektuen bideragarritasun-azterlanak.

b) Komunikazio eta marketin digitala.

c) Ticketing sistemak eguneratzea.

d) Proiekzio, audio eta konektagarritasun sistema digitalak modernizatzea, horien artean desgaitasuna duten pertsonentzako erakusketari lotutakoak.

e) Adimen artifiziala eta big data aplikatzea.

f) Beste zerbitzu batzuk digitalizatzea.

4.1.b) artikuluan jasotakoari erantzuten dioten proiektuetarako, garapen jasangarrirako eta ingurumen-inpaktu positiborako neurriak hartzea, honako hauekin zerikusia duten gastuak diruz lagunduko dira:

a) Jasangarritasunarekin, enpresaren Eraginkortasun Energetikoarekin edo Ekonomia Zirkularrarekin zerikusia duten arloetan egin daitezkeen hobekuntzak identifikatzea eta ekintza-planak garatzea ahalbidetzen duten azterlanak.

b) Ekonomia zirkularrean oinarritutako kudeaketa-ereduak prestatzea eta ezartzea.

c) Eraginkortasun energetikoa handitzeko inbertsioak, adibidez, proiektagailuak, argiztapen-sistemak edo bestelako ekipamenduak berritzea.

d) Iturri berriztagarriak erabiltzeko eta autokontsumorako elektrizitatea sortzeko inbertsioak.

e) Hondakinak murrizteko eta birziklatze-sistemak hobetzeko sistemetan inbertsioak egitea.

f) Langileei energia-eraginkortasunari eta hondakinen kudeaketari buruzko prestakuntza ematea.

g) Garapen jasangarriko beste ekimen batzuk.

4.1.c) Artikuluan jasotakoari erantzuten dioten proiektuetarako, publikoak leialtzeko eta erakartzeko sistemak ezartzea, eta d) Europako ekoizpenen programazioan eta zirkulazioan eta Espainiako hizkuntza ofizialetan berrikuntza-sistemak ezartzea, honako hauekin zerikusia duten gastuak diruz lagunduko dira:

a) Publiko berritzaileak sustatzeko eta fidelizatzeko praktikak eta prozesuak, aretoka edo areto-sareka. Adibidez, publikoekin elkarreragiteko proiektu digital kolektiboak, datuen kudeaketa, harpidetza-sistemak, online zerbitzu berriak, plataformekin edo ikus-entzunezko industriako beste eragile batzuekin lankidetzan aritzea.

b) Eskola, hezkuntza edo gizarteratze eta/edo kultura-programekin lotutako jarduerak.

c) Zinemari laguntzeko marketin-kanpainak, oro har, edo biztanleria-talde jakin batzuenak, bereziki.

d) Emakumeek eta/edo «genero-berdintasuna sustatzeko bereziki gomendatutako» bereizgarria lortu duten emakumeek egindako film europarrak, iberoamerikarrak, sustatzeko kanpainak, zuzendari hasiberriek eginak, bereziki haurrentzat eta gazteentzat gomendatuak, edo 1084/2015 Errege Dekretuaren arabera «ikus-entzunezko lan zailtzat» jotakoak.

e) Inklusioan eta sarbidean oinarritutako publiko-komunitateak garatzeko proiektuak.

f) Jendea erakartzeko trebetasunak garatzea. Horren barruan sar daitezke prestakuntzako tailerrak eta mintegiak, softwarearen garapena eta hezkuntza- eta ikaskuntza-programak.

g) Aretoetarako ikus-entzunezko publikoak sortzea, leialtzea edo handitzea helburu duten jarduera profesionalak garatzea.

Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, baldin eta eskabidean kuantifikatu badira eta goian adierazitako adibideekin lotuta badaude, laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzean eta proiektua gauzatzeko epean zuzenean sortutako guztiak. Epe hori 2021eko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartekoa izango da.

2.– Era berean, dirulaguntza jaso dezaketen gastuak izango dira, ondorengo mugekin:

a) Proiektua zuzenean eraginpean hartzen duten aholkularitza-gastuak, gastu horiek gehienez emandako laguntzaren % 20 izango direlarik.

b) Laguntzako jardueraren publizitateko, komunikazioko eta zabalkunde komertzialeko gastuak, kulturaren beste sektore batzuen sustapenari atxikitako kanpainak edo kanpaina instituzionalak. Gastu horiek ezin izango dute emandako laguntzaren % 15 gainditu.

c) Erakundearen beraren langile-gastuak, proiektuarekin lotutako zeregin jakin batzuekiko. Deialdi honen bidez gastu horien kostuaren % 15eraino lagundu ahalko dira bakarrik.

d) Laguntza honekin finantzagarria diren ekipamenduen alokairua. Erosketa-aukera barnean hartzen duen finantza-errentamenduko kontratu bat bada eta aukera hori egikaritzen bada soilik, enpresaren aktiboaren zati izatera igaroz, proiektuaren egikaritzapen-epearen barruan.

e) BEZaren zenbatekoa. Erakundeek beren itzultzearen ez-legezko jatorria egiaztatzen duten kasuan soilik.

3.– Dirulaguntza jaso ezin duten gastutzat hartuko dira:

a) Lokalen alokairuak.

b) Ekipoen alokairuak, aurreko paragrafoan aurreikusitakoa izan ezik.

c) Funtzionamendu edo egitura iraunkorreko gastuei dagozkien kudeaketa-gastuak (administrazio-gastuak, nominak, telefonoa, energia elektrikoa, posta-komunikazioak, mezularitza, gestoria-gastuak, etab.), aurreko atalean aurreikusitakoa izan ezik.

d) Dietak eta bidaiek eragindako gastuak.

e) Jasotako BEZa, salbu eta aurreko ataleko e) puntuan aurreikusitakoa.

f) Ibilgailuen erosketa, rentinga eta alokairua.

g) Finantza- eta administrazio-gastuak.

h) Mota guztietako tributuak, salbu eta aurreko 2.e) puntuan adierazitakoak.

4.– Azpikontratazioa, erakunde onuradunek hirugarrenekin adostu ahalko dute dirulaguntza jaso duen jardueraren egikaritzapena jardueraren % 100eraino, azpikontratu guztien prezioak batuz, Dirulaguntzei buruzko Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera. Aldez aurreko baimena eta kontratua idazki bidez egitea beharrezkoa izango da azpikontratazioak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, Dirulaguntzei buruzko Legearen 29.3 artikuluan adierazten den bezala. Onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa azpikontrataziotzat hartuko da.

5.– Hala badagokio, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, hiru eskaintza eskatu beharko dira. Lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora.

6.– Nolanahi ere, onuradunek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko dute. Horretarako, diruz lagundu daitezkeen gastuak diruz lagundutako jarduerarako behar-beharrezkoak direla egiaztatu beharko dute, gastu horiek merkatuaren balioarekin bat datozela eta, Dirulaguntzei buruzko lege orokor horren 31.3 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egonez gero, aurreikuspen horiek beteko dituztela.

8. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketa-zereginak gauzatzea Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio, baita ebazpen-proposamena idaztea eta Kultura sailburuordeari helaraztea ere.

9. artikulua.– Emateko prozedura.

Lehia-konkurrentziako erregimenean emango dira laguntza hauek, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren, ez-diskriminazioaren eta publizitatearen printzipioei jarraikiz.

10. artikulua.– Proiektuak balioesteko batzordea.

1.– Deialdi honetara aurkeztutako proiektuen ebaluazioa honako kide hauek osatutako balorazio-batzorde batek burutuko du.

– Presidentea: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

– Bost bokal: horien artean, ikus-entzunezkoen sektoretik datozen profesionalak, eraikuntza-elementuetan bereziki ingurumen-irizpideen aplikazioari buruzko adituak, teknologia digitaletan, ekonomia zirkularrean, audientzietan eta kudeaketa aurreratuan adituak.

– Idazkaria: idazkaritzaren arduradun gisa jardungo du, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako kide den teknikari batek.

Batzordea modu baliagarrian eratuta geratuko da presidentea, idazkaritzaz arduratzen den pertsona eta, gutxienez, gainerako kideetatik hiru bertaratzen badira.

2.– Balorazio-batzordearen egitekoak izango dira:

a) Proiektuek deialdiaren xedea eta 4. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzea eta aurkeztutako proiektuak konparatiboki balioestea 11. artikuluan araututako irizpideei jarraikiz.

b) Balorazio-txostena Kulturako sailburuordeari helaraztea honako eduki honekin:

– Proiektuen zerrenda eta balorazio-irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa, diruz lagunduko diren pertsonak, erakundeak eta proiektuak identifikatuz eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko du.

– Ukatutako pertsona, erakunde eta proiektuen zerrenda, eta onartu ez diren pertsona, erakunde eta proiektuak ez onartzeko arrazoiak zehaztu beharko ditu.

3.– Balorazio-batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian izendatu eta argitaratuko da Kultura sailburuaren ebazpen bidez batzordea bera eratu aurretik, edozein pertsona interesdunek errekusatzeko bere eskubidea gauzatu dezan legez ezarritako kasu eta baldintzetan.

4.– Balorazio-batzordearen kideen osaeran emakume eta gizonen presentzia orekatu bat izatea lortu nahiko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideei jarraikiz.

5.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoentzako ezarritako erregimenari egokituko zaio. Edozein kasutan ere, esleituta dituen funtzioak egikaritzeko egokitzat jotzen dituen txosten eta iritziak eskatu ahalko ditu balorazio-batzordeak.

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Honako irizpide hauen arabera balioetsiko dira aurkeztutako inbertsio-proiektuak:

1.– Gaitasun eraldatzailea (gehienez 8 puntu):

Eskatzaile bakoitzak frogatu behar du bere proiektuak praktika edo prozesu berri bat adierazten duela edo horietako bat hobetzen duela. Zinema-emanaldirako ikuspegi nabarmen berria duten proiektuei emango zaie puntuaziorik handiena, partekatutako eta identifikatutako arazo bati dagokionez, eta berritzeko eta etorkizunari aurre egiteko plan bat biltzen badu:

– Proiektuak praktika edo prozesu nabarmen berria proposatzen du zinema-aretorako edo zinema-aretoen sareko kideentzat? (8-7 puntu).

– Proiektuak zinema-aretoan edo zinema-aretoen sareko kideentzat dagoen praktika baten hobekuntza edo bilakaera esanguratsua suposatzen du? (6-4 puntu).

– Zinema-aretoan edo zinema-sarean lehendik dagoen sistema bat eguneratzen edo hobetzen du proiektuak, aldaketa esanguratsurik eragin gabe? (3-1 puntu).

– Proiektuak ez dakar aldaketa esanguratsurik? (0 puntu).

2.– Sektorearen digitalizazioan eta garapen jasangarrian duen eragina (12 puntu, gehienez).

Eskatzaile bakoitzak frogatu behar du bere planak zinema-aretoen edo zinema-aretoen sare bateko kideen digitalizazio- eta/edo iraunkortasun-helburuei erantzuten diela. Gehieneko puntuazioa proiektu baten amaieran aztertu eta ondorioak ateratzeko aukera ematen duten asmo handieneko proiektuei emango zaie, erakusketa-sektore osoari mesede egiteko:

– Proiektuak zinema-aretoaren edo zinema-aretoen sare bateko kideen zati handi baten funtzionamendua digitalizazioari dagokionez aldatzeko anbizio nahikoa du? (puntu 1etik 3ra).

– Proiektuak badu asmo nahikorik zinema-aretoaren edo zinema-aretoen sare bateko kideen zati handi baten funtzionamendua ingurumen-jasangarritasunari dagokionez aldatzeko? (puntu 1etik 3ra).

– Eskaintzen al du proiektuak negozio-eredu berririk edo ikuspegi eraginkorragorik digitalizazioaren bidez, dauden merkataritza-arazoei aurre egiteko? (puntu 1).

– Proiektuak iraunkortasuneko praktika berritzaileak proposatzen al ditu ikus-entzunezko erakusketen sektorerako? (puntu 1).

– Proiektuak ba al du zinemaren balio-kateko beste eragile batzuekiko harremanak sortzeko edo hobetzeko ahalmenik? (puntu 1).

– Proiektuak ba al du zinema-sektoreak kultura-industriako beste sektore batzuekin edo beste sektore ekonomiko batzuekin dituen harremanak sortzeko edo hobetzeko ahalmenik? (puntu 1).

– Komunikazio, ideia-truke, prozesu eta praktika gehiago proposatzen ditu proiektuak? (puntu 1).

– Garapen jasangarriaren hiru helburu baino gehiagorekin konprometituta al dago proiektua? (puntu 1).

3.– Inpaktua audientzietan, inklusioan eta erronka demografikoan (10 puntu, gehienez).

Proiektu bakoitzak bere eragin positiboa erakutsi behar du ikus-entzuleen partaidetzan eta/edo ikusleen erakarpen edo partaidetza handiagoa eragingo duten proiektuaren onura sozial edo komunitarioetan. Gehieneko puntuazioa emango zaie ikus-entzule berriak edo ikus-entzuleak espazioan hartzeko eta parte hartzeko modu berriak sortzen dituzten praktikak eta prozesu frogagarriak eskaintzen dituzten proiektuei, ordezkatuta edo egoera ahulean dauden taldeei, eta zinema-aretoen edo kultura-eskaintzaren presentzia txikia duten lekuetara iristen direnei:

– Eskaintzen al du proiektuak audientzia eta komunitate desberdinak erakartzeko modu berririk? (puntu 1).

– Lagunduko al du proiektuak zinemek ikusle gazteenekin duten konpromisoa areagotzen? (puntu 1).

– Lagunduko al du proiektuak zinemek adineko publikoarekin duten konpromisoa areagotzen? (puntu 1).

– Handitu egiten al da desgaitasuna duten pertsonak zinemetara sartzeko aukera? (puntu 1).

– Propiektuak aukera ematen al du zinemek konpromiso handiagoa hartzeko gizarteko talde behartsuekin? (puntu 1).

– Proiektuak onura sozial eta kultural frogagarriak ekarriko al dizkio kolektibo hartzaileari? (puntu 1).

– Zinema-aretoen edo kultura-eskaintzaren presentzia txikia duen ingurune batean garatuko da proiektua? (4 puntu).

4.– Eragina eskaintza zinematografikoaren aniztasunean (gehienez 6 puntu).

Proiektu bakoitzak frogatu behar du bere lanak ekoizpenen ugaritasun baterako sarbidea eta zirkulazioa handitzen lagun dezakeela. Gehieneko puntuazioa emango zaie aniztasunari dagokionez eragin esanguratsua duten ebidentzia argi eta neurgarriak dituzten proiektuei:

– Europako eta Iberoamerikako filmen irismena eta zirkulazioa handitzen laguntzen al du proiektuak? (puntu 1).

– Proposamenak barne hartzen al du emakumeek zuzendutako filmen urteko gutxieneko ehuneko bat eskaintzeko konpromisoa? (puntu 1).

– Proposamenak barne hartzen al du dokumentalen urteko gutxieneko ehuneko bat eskaintzeko konpromisoa? (puntu 1).

– Proposamenak barne hartzen al du animazioko filmen urteko gutxieneko ehuneko bat eskaintzeko konpromisoa? (puntu 1).

– Proposamenak barne hartzen al du jatorrizko bertsioan edo gaztelaniaz besteko Estatuko hizkuntza ofizialetan filmen urteko gutxieneko ehuneko bat eskaintzeko konpromisoa? (puntu 1).

– Zinema-esperientzia hobetzeko aukera ematen al du proiektuak? (puntu 1).

5.– Aurrekontu-zenbatespena eta proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 4 puntu).

Proiektuek aurrekontuaren barruko helburuak eta ezarritako baliabideak bete ditzaketela erakutsi behar dute. Gehieneko puntuazioa emango zaie aurrekontua eta proposatutako baliabideak errespetatuz modu eta kronograma errealistan gauzatu daitezkeela frogatzen duten proiektuei, baldin eta, gainera, balio erantsia eskaintzen dioten bazkideak badituzte:

– Aurrekontu sinesgarri eta orekatua da? (puntu 1).

– Ba al du proiektuak bere helburuak lortzeko baliabide errealistarik? (puntu 1).

– Proiektuak ba al du balio erantsia, ezagutza eta esperientzia argiak eskaintzen dizkion bazkiderik? (puntu 1).

– Planteatzen al da kronograma errealistarik proiektua egiteko? (puntu 1).

Irizpide horien arabera, gehienez 40 puntu lor daitezke; baztertu egingo dira, eta ezingo dira laguntza horien onuradunak izan gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

12. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.– Proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa ezartzeko banaketa proportzionalaren sistema aplikatuko da, eta sistema horren arabera, ezarritako zuzkidura ekonomiko globala balioespen-fasean proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera banatuko da ezarritako irizpideen arabera kreditua agortzen den arte; eta hobekien balioetsitako proiektuak jasoko du eskatutakoaren % 100, hurrengo puntuan ezarritako mugen arabera, betiere.

2.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko jaso beharreko gehieneko zenbatekoa, eskatutako zenbatekoaren arabera, 4. eta 16. artikuluetan jasotako mugen arabera zehaztuko da, bai eta kudeatzen dituen pantailen kopuruaren arabera ere. Hona hemen:

Pantaila 1: 24.000 euro, 2 pantaila: 36.000 euro, 3 pantaila: 48.000 euro, 4 pantaila: 60.000 euro 5 pantaila: 72.000 euro, 6 pantaila: 84.000 euro, 7 pantaila: 94.000 euro 8 pantaila: 104.000 euro 9 pantaila: 114.000 euro, 10 pantaila: 124.000 euro, 11 pantaila: 134.000 euro, 12 pantaila: 144.000 euro, 13 pantaila: 150.000 euro, 14 pantaila: 156.000 euro, 15 pantaila edo gehiago: 160.000 euro.

Zenbateko hori beren kategoriakoen artean puntuaziorik handiena lortzen duten eskatzaileei eman ahal izango zaie, baina inola ere ezingo du eskatutako zenbatekoa gainditu, ezta aurreikusitako laguntzaren intentsitate-muga ere.

Dirulaguntzaren zenbatekoa lortutako puntuazioarekiko proportzionalki handitu ahal izango da, proiektu onuradunen artean dagokion banaketa egin ondoren gainditzen duen kredituaren arabera, baina ezingo ditu inoiz zehaztutako gehienekoak gainditu.

13. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatutako dokumentuak falta direla edo dokumentu horietan akats formalak daudela ikusten bada, edo balioesteko alegatutako dokumentazioan akatsak ikusten badira, interesdunari eskatuko diote hamar egun balioduneko epearen barruan zuzen dezala hutsunea edo aurkez dezala nahitaezko dokumentazioa, eta orobat, ohar hau egingo diote: hori egin ezean, eskabidea atzera bota dela ulertuko dela.

2.– Horri dagokionez, eskabidearen aurkezpen-datatzat joko da zuzenketa egiten den eguna.

3.– Pertsona juridikoetako batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, aurkezpen elektronikoaren bidez zuzentzeko eskatuko zaio, eta eskabidearen datatzat joko da eskabidea elektronikoki aurkezteari dagokiona edo eska dakiokeen zuzenketa betetzeari dagokiona.

14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Balorazio-batzordeak egindako proposamena ikusita, Kultura Sailburuordetzako titularrak deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena hartuko du.

2.– Hartzen den ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz ere jakinaraziko da. Lehenengo egin den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat. Ebazpena bide elektronikoz jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, 5.1 artikuluan aurreikusitako eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzarako eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Artikulu honen lehenengo puntuko ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari, jakinarazten denetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

15. artikulua.– Justifikazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Laguntzen onuradun diren pertsonek eta erakundeek nahitaez justifikatu beharko dituzte proiektuaren gastu guztiak, ez soilik jasotako laguntzari dagokion zatia.

2.– Ematen diren laguntzen azken justifikazioa Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan egingo da, jarduerak gauzatzeko epea amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan, betiere 2024ko otsailaren 29a baino lehen. Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatutako proiektuarengatik dagokion informazioa eskatuko die interesdunei funtsen jatorriagatik egin beharreko jarraipena betetzeko. Higiezinetan egindako inbertsioen kasuan, jarraipen horiek dagokion higiezina bisitatzea aurreikusi ahal izango dute, finantzatutako obren benetako aurrerapena egiaztatzeko.

3.– Eskatutako justifikazioari begira, pertsona eta erakunde onuradun guztiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, euskadi.eus webgunean dagoen ereduaren arabera, eta behar bezala beteta eta sinatuta bidali behar du erakundearen lege-ordezkariak, jarduera finantzatu duten beste laguntzak –publikoak edo pribatuak– islatuz, zenbatekoa eta laguntza horien jatorria adierazita.

b) Erakundearen legezko ordezkariak data jarri eta sinatutako jardueren memoria, bertan dirulaguntza emateko oinarritzat baliagarria izan zen proiektua bete eta garatu zela islatuta. Egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziko dira, baita jarduera horiek egiterakoan izandako gorabeherak ere. Jarduera egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren elementuak aurkeztuko dira.

Era berean, memoria horrek diruz lagundutako proiektuek 1. artikuluan aurreikusitako helburuak lortzen nola lagundu duten bildu beharko du, eta, memoria horretan, agindu honen 4. artikuluko 4. puntuan ezarritako eskakizunak bete direla aipatuko da.

Proiektuaren garapenean gertatutako edozein aldaketa jardueren memorian adierazi beharko da. Aldaketa funtsezkoa bada, idatziz eskatu beharko da ekin baino lehen, eta inoiz ez proiektua gauzatzeko epea amaitzeko hilabete falta denean eta organo emaileak baimena ematen duenean. Memoriari aldaketa eskatzeko eskabidea eta hura baimentzeko ebazpena erantsi beharko zaizkio. Funtsezko aldaketa horien ondorioz, organo suntsiarazleak emandako laguntza berrikusi ahal izango da, eta ordaindutako zenbatekoak behin betiko emandako kopurura egokituko dira, baimendutako aldaketaren arabera.

c) Erakundearen lege-ordezkariak data jarri eta sinatutako memoria ekonomikoa, euskadi.eus gure webgunean azaltzen den ereduari jarraikiz oraingoan ere. Diruz lagundutako jarduera burutzeko egindako gastu guztien zerrenda zenbakitua da, baita proiektua burutzeko enpresak zituen diru-sarrerenak ere. Hartzekoduna, dokumentua, gastu eta inbertsioen zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data identifikatu beharko da gastuetan.

Gainera, berariaz adierazi beharko du diruz lagundutako jarduera finantzatu duten diru-sarreren edo dirulaguntzen xehetasuna, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Faktura original edo konpultsatuak, Obra Ziurtagiri original edo konpultsatuak, diruz lagundutako proiektuaren gastu guztiengatik.

e) Material grafiko edo soinu-materialen bertsio linguistiko guztien aleak, bertan espresuki aipatu beharko da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren eta Next Europa Funtsen babesa, Batasunaren ikurraren eta Europar Batasunak finantzatutako «NextGenerationEU» adierazpena erabilita.

f) Diruz lagun daitekeen gasturen baten zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora), hiru eskaintza eskatu beharko dira.

g) Hala badagokio, borondatezko itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko geldikinen kasuan.

4.– Laguntza 100.000 eurotik beherakoa bada, justifikazio-kontu sinplifikatuaren modalitateari buruzko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 75. artikuluan aurreikusitako moduan justifikatuko da; nolanahi ere, aurreko paragrafoko d) letran aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

5.– Era berean, Agindu honen 15.2 artikuluan adierazitako helbururako, hiru hilean behin, proiektuen jarraipena egiteko dokumentazio nahikoa eskatuko da, baldintza hauen arabera:

a) Proiektua gauzatzeari, neurriak ezartzeari eta mugarriak eta helburuak lortzeari buruzko informazioa.

b) Kostu errealak zenbatetsiarekiko izan ditzakeen desbideratzeei buruzko informazioa, inbertsio osoari dagokionez eta hura osatzen duten neurrietako bakoitzeko.

6.– Bai justifikazioak aurkezteko unean, bai prozeduraren edozein fasetan, pertsona fisikoek une-oro aukeratu ahalko dute beren eskubideak eta betebeharrak egikaritzeko administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatzen diren edo ez, salbu eta administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta dauden, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 14. artikuluak xedatzen duenez. Pertsona juridikoek, aldiz, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, arestian adierazitako helbide elektronikoan sartuz.

Agindu honen 5. artikuluan adierazitako helbidean daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan justifikazioak nola izapidetu behar diren azaltzen duten zehaztapenak.

16. artikulua.– Bateragarritasunak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak bateragarriak dira helburu bera duen eta kostu berak finantzatzen dituen edozein dirulaguntzarekin, betiere horrelako laguntzetarako aurreikusitako metatze-erregelak errespetatzen badira, hau da, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80 (RGEC Kategorien arabera Salbuesteko Erregelamendu Orokorraren 53.8 artikulua). Horrenbestez, aldi berean beste laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik izanez gero errespetatu egin beharko dute aginduaren 4.5.c) artikuluan xedatutakoa, eta artikulu horren arabera Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak deialdi honetan emandako laguntzak diruz lagundu daitezkeen kostuei –eta ez gastuen aurrekontu totalari edo proiektu osoari– aplika dakiekeen % 80 finantzatuko du gehienez. Edozein aldaketak jasotako diru-kopuruen itzulketa totala edo partziala eragin ahalko du.

2.– Edozein erakunde publiko edo pribaturen dirulaguntzekin, laguntzekin edo babesletzekin baterako laguntza honek ezin izango du onuradunak garatutako jardueraren kostua gainditu.

Gainera, gogoratu behar da laguntza hau bateraezina dela Europar Batasuneko beste egitura-funts batzuekin.

3.– Beste erakunde batzuek emandako laguntzengatiko edo finantzaketarengatiko gainfinantzaketa gertatuz gero, murriztu egingo da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino.

17. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren pertsona edo erakundeek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu horretan, Kultura sailburuordeak emandako dirulaguntza behin betiko ematearen ebazpenaren jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartutzat hartuko da.

b) Diruz lagundutako proiektua deialdian aurkeztutakoari jarraikiz egikaritzea. Onuradunek laguntza hau ematea funtsatzen duen jarduera egin behar dute nahitaez, eta ez dute laguntzaren xede edo helburuari eragiten dion aldaketarik egingo. Onuradunak justifikazioan adierazten badu laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu direla, eta aldaketa horiek funtsean laguntzaren izaera edo helburuak aldatzen ez badituzte, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aurkeztutako justifikazioa onartu ahal izango du, betiere onarpen horrek hirugarrenen eskubideak kaltetzea ez badakar.

c) Organo emaileari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatu, nazional edo nazioartekotatik helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eskuratu direla.

d) Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Europako Batzordeak aukeratutako Next laguntzen organo fiskalizatzaileari dirulaguntzen zertarakoaren edo haien kudeaketaren fiskalizazio-zereginen egikaritzapenean eskatzen zaien informazio guztia ematea.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesletzaren aipamen espresua egitea, baita EBren ikurra ere «Europar Batasunak finantzatua – NextGenerationEU» dioen idazkun batekin, PRTRren logoarekin batera, zeina https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual estekan, zinema-aretoaren web-orrian, bai eta katalogoen, programen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafikoaren aleetan ere; diruz lagundutako kanpaina, jarduera edo espazioei buruzkoak editatuko dira. Euskaraz editatuko da material hori, beste hizkuntzen erabilera alde batera utzi gabe.

f) Deialdi honen kontura emandako dirulaguntzekin finantzatutako esku-hartzeen xede diren ondasunak, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan bost urtez eta gainerako ondasunen kasuan bi urtez jasoko dituzten helburuetarako erabiltzea. Inskribatu daitezkeen ondasunen kasuan, inguruabar hori eskritura publikoan jaso beharko da, emandako dirulaguntza adierazita, eta inguruabar hori erregistroan inskribatzeko eskatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.4 artikuluko b) apartatuan eskatutako moduan.

Era berean, pertsona edo erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, bereziki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez eskatzen dieten informazio guztia emateari buruzkoak.

Dirulaguntza hauei eta hauen onuradunei buruzko informazio guztia Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean (DDBN) sartuko da, Dirulaguntzen Datu-base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautzen dituen martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Gainera, informazio hori Europako Funtsen Sistemarekin partekatu ahal izango da, aplikatzekoa den Europako eta nazioko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

18. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Laguntza hauek, banatzeko ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko dira, eta aurreko 17a) artikuluan onuradunak laguntza onartzeko ezarritako 15 eguneko epea igarota; ordainketa bakar baten bidez, eta emandako funtsengatik, onuradunari ez zaio eskatuko inolako bermerik eskatuko.

Aldez aurretik, organo instrukzio-egileak ziurtagiria emango du, egiaztatzeko ez dela dirulaguntza itzultzeko edo itzultzeko ebazpenik eman edo kobratzeko eskubidea galdu dela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik, eta organo emaileak ez duela erabaki onuradunari ordaintzeko dauden funtsak kautelaz atxikitzea.

2.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak baliatzeko ezinbesteko eskakizuna da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari buruzkoak ordainduak izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan ere egunean egon behar da, betiere urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren Xedapen Gehigarrian bildutakoari jarraikiz.

3.– Ordainketa egin ahal izateko, laguntzaren onuraduna Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta ez badago edo bertan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta aurkeztu beharko du. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahalko da egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen dagokion zerbitzuaren bidez, https://www.euskadi.eus/altaterceros helbidean. Izapidetze presentziala aukeratzen duten pertsona fisikoek hirugarrenen alta edo aldaketa egiteko inprimakia dute hemen: https://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/adjuntos/ALTA.pdf

19. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketaren bat egiten bada (betiere, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen denean) eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza eta laguntza batzuk jaso badira, dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura sailburuordeak aldaketa egiteko bidezko ebazpena emango du, eta, bertan, hala badagokio, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitu egingo dira.

20. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluaren arabera, honako hauek hartuko dira ez-betetzetzat:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

d) Nahitaez bete beharreko beste edozein, dirulaguntzaren arloari buruzko xedapenek oro har horrela ezartzen dutelako.

2.– Ez-betetze partziala izaten den kasuetan, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuta zehaztuko da itzuli behar den diru-kopurua eta betiere kontuan izanda ez-betetze hori ez-betetze totalari hurbiltzen zaiola, eta onuradunek beren konpromisoei erantzutera argi eta garbi bideratutako jarduketa bat egiaztatzen dutela.

3.– Kasu hauetakoren bat gertatzen dela egiaztatzen bada, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeak eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz eta aurreikusitako hori aldez aurretik beteta, jasotako diru-kopuruak, gehi dirulaguntzen arloan aplika daitezkeen berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari nahitaez itzuli beharra ekarriko du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Estatu-laguntzei buruzko araudia betetzeari dagokionez, laguntza hau bat dator EBren Aldi Baterako Esparruaren seigarren aldaketarekin (EBAO, C 91 I, 2020-03-20), hau da, egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzako neurriei buruzkoarekin (eta horien ondorengo aldaketekin), bai eta enpresei eta autonomoei laguntzeko neurriei buruzko Aldi Baterako Esparru Nazionalarekin ere, hau da, zuzeneko dirulaguntzetan dautzan mailegu, interes-tasa jakin batzuei eta horiei zuzendutako maileguei buruzkoekin.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Inbertsio-proiektu guztiek ingurumenari kalte esanguratsurik ez eragitearen printzipioa (DNSH printzipioa), eta etiketatze klimatikoaren eta digitalaren baldintzak errespetatu beharko dituzte, zeinak (EB) 2019/2088 Erregelamendua, eta etiketa klimatiko eta digitalen baldintzak aldatzen dituen inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzko 2020ko ekainaren 18ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2020/852 Erregelamenduaren 17. artikuluan definitzen diren, betiere Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Erregelamenduan xedatutakoa betez.

1.– Klima-aldaketa arintzea. Kontuan izango dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko (EB) 2018/844 Zuzentarauan bildutako gidalerroak, eta zuzentarau horren bidez aldatzen da eraikinen energia-efizientziari buruzko 2010/31/EB Zuzentaraua eta energia-efizientziari buruzko 2012/27/EB Zuzentaraua.

2.– Klima-aldaketarako egokitzapena. Birgaitze-neurriek soluzio posibleak hartuko dituzte, hala nola landare-estalkiak, olanak, itzalguneak, eta abar, erabiltzea.

3.– Erabilera jasangarria, eta baliabide hidrikoen eta itsas baliabideen babesa. Beste zenbait ekintzen artean, EB etiketak hartuko dira barnean ur-instalazioen kasuan; ingurumen-narriadurako arriskuak identifikatuko eta aztertuko dira ura erabiltzeko eta babesteko kudeaketa-planaren arabera, eta abar.

4.– Ekonomia zirkular baterako trantsizioa, hondakinen prebentzioa eta birziklapena barne. Inbertsio honetan aurreikusitako jarduketetan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez-arriskutsuen gutxienez % 70 (pisuan) (Batzordearen 2000ko maiatzaren 3ko 2000/532/EB Erabakiak ezarritako hondakinen Europako zerrendan 17 05 04 kategorian aipatutako material naturala alde batera utzita) beste material batzuk berrerabiltzeko, birziklatzeko eta berreskuratzeko prestatuko da, sortutako hondakin kantitatea mugatu egingo da eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan. Eraikinen diseinuak eta eraikuntza-teknikek zirkulartasuna babestuko dute ISO 20887 arauari dagokionez (Jasangarritasuna eraikinetan eta ingeniaritza zibileko obretan, desmuntatzeko eta egokitzeko diseinua, printzipioak, eskakizunak eta orientazioa).

5.– Prebentzioa eta kutsaduraren kontrola. Energia fosiletan oinarritutako berokuntza- eta hozketa-sistemak beste energia zero kutsagarriekin ordeztera bideratutako jarduketak sustatuko dira, eta eraikuntza-osagai eta -materialek ez dute amiantorik edo oso substantzia kezkagarririk edukiko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko (EB) 1907/2006 Erregelamenduko XIV. eranskinean jasotako baimendu beharreko substantzien zerrendaren arabera. Substantzia eta prestakin kimikoen erregistroari, ebaluazioari, baimenari eta murrizketari buruzko erregelamendu horrek (REACH) Substantzia eta Prestakin Kimikoen Europako Agentzia sortzen du, 1999/45/EB Zuzentaraua aldatzen du, eta Kontseiluaren (EEE) 793/93 Erregelamendua eta Batzordearen (EB) 1488/94 Erregelamendua indargabetzen ditu, baita Kontseiluaren 76/769/EEE Zuzentaraua eta Batzordearen 91/155/EEE, 93/67/EEE, 93/105/EB eta 2000/21/EB Zuzentarauak ere.

6.– Biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta lehengoratzea. Jarduketek ez diete kalterik eragingo ekosistemen egoera onei eta erresilientziari, eta habitat eta espezieen kontserbazio-egoerari.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Datu pertsonalen tratamenduek baldintza hauek bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio eskeari dagokienez, eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

2.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinekoekin (Segurtasun-neurriak).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, aginduaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote pertsona edo erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 15a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala