Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2022ko otsailaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
846

70/2022 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena, zeinaren bidez Euskara Zerbitzu Korporatiboko Buruaren lanpostua izendapen aske bidez betetzeko deialdia egiten den, Zuzendaritza Nagusian.

Euskara Zerbitzu Korporatiboko Buruaren lanpostua hutsik dago, Giza Baliabideen Garapen eta Prestakuntzako Zuzendariordetzan (Zuzendaritza Nagusia). Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Giza Baliabideen Zuzendaritza honek, honako atxikipenaren eta oinarrien arabera

OINARRIAK

1.– Lanpostuaren atxikipena eta funtzioak.

Atxikipena: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia. Giza Baliabideen Zuzendaritza. Giza Baliabideen Garapen eta Prestakuntzako Zuzendariordetza. Lanaldi zatitua. Vitoria-Gasteiz.

Euskarazko 4. hizkuntza-eskakizuna (Derrigortasun-data: 2005-06-01).

Funtzioak: Euskara zerbitzu korporatiboaren plan, proiektu, prozesu eta baliabideen plangintza, antolaketa, jarraipena eta ebaluazioa. Honako hauek dira horietatik adierazgarrienak:

– Euskara-plan korporatiboa diseinatzea, haren jarraipena egitea eta hura ebaluatzea.

– Osakidetzako pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa.

– Zerbitzu eta profesional elebidunen identifikazio-sistema.

– Euskaraz lan egiteko hizkuntza-gaitasuna hobetzeko proiektuak.

– Euskaraz lan egiten laguntzeko hainbat esparru profesionaletako gidaliburuak.

– Euskara-plana zentro eta unitateetan ezartzeko proiektuak.

– Hizkuntza-ohiturak aldatzeko proiektuak.

– Osakidetzan erabilitako estandar klinikoak euskaratzeko proiektuak.

– Pazienteen osasuna neurtzeko galdetegiak egokitu eta balidatzeko dirulaguntzak.

– Testu klinikoetan espezializatutako itzultzaile neuronala ezartzeko proiektua.

– «Osatuberri» argitalpena kudeatzea.

– Osakidetzaren estilo-liburua.

– Osakidetzako profesionalentzako euskalduntze-ikastaroen deialdiak.

– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko Osakidetzaren deialdiak.

– Hizkuntza-eskakizunak baliozkotzea.

– Hizkuntza-lidergoari buruzko ikastaroak.

– Ikasketa sanitarioetako ikasleei zuzendutako kanpainak.

– Osakidetzan euskara sustatzeko praktika egokiei buruzko saioak.

– Hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak kudeatzeko prozesua eta euskara ezagutzea eskatzen duten lanpostuen jarraipena.

– Euskara ezagutzea eskatzen duten lanpostuetako aldi baterako kontratazioen jarraipena.

– Osakidetzako euskararen erabilerari buruzko herritarren kexak bideratzeko protokoloa.

– Itzulpen-zerbitzu korporatiboa.

– Interpretazio-zerbitzua.

2.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratudun finkoa izatea eta plaza jabetzan edukitzea A1/A2 lanbide-taldean.

b) Gutxienez 4 urteko lan-esperientzia edukitzea (A1/A2 lanbide-taldean).

c) Titulazio Akademikoa: Soziologiako edo Euskal Filologiako lizentzia/gradua izatea, edo horren baliokidea.

d) Euskarazko 4. hizkuntza Eskakizuna, derrigortasun-data iraungita.

e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzaren Euskara Planean ezarritako gainerako betebeharrak.

3.– Kontuan hartuko diren merezimenduak.

Honako arlo hauetako eskarmentua eta ezagutzak baloratuko dira:

– Lan-esperientzia euskararen normalizazioko Teknikari lanpostuetan.

– Hizkuntza-politiken ebaluazioaren plangintza, dinamizazio eta antolaketarekin lotutako bestelako merezimenduak.

Era berean, lanpostu horretan aritzeko balioa eransten duten eta interesgarritzat jotzen diren merezimendu guztiak aurkez daitezke.

4.– Euskararen ezagutza.

Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera baloratuko da.

5.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Zuzendaritza Nagusian, Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz. Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek eskabidea datu pertsonal guztiekin, eta dokumentatutako curriculum vitae-rekin batera, Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dute.

Honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Kontuan hartzeko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazi den bezala egiaztatzea CV aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala egiaztatuta badaude, betiere izangaiak eskabidean horrela dela adierazi baldin badu.

6.– Balorazio Batzordea.

Balorazio batzorde bat osatuko da, batzordeburu izanik Osakidetzako Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea edo hark eskuordetzen duena, eta horrez gain hauexek izango dira bertako partaideak: Profesionalaren inplikaziorako eta Parte-hartzeko zerbitzuburu korporatiboa, Giza Baliabideen Plangintza eta Kudeaketako zuzendariordea, eta Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako Zuzendariordetzaren Teknikaria (idazkari izango dena, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin).

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta egitekotan, izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginda, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.

7.– Hautaketa-prozedura.

Inolaz ere ezingo dira baloratu deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eduki ez diren merezimenduak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ez direnak ere.

8.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendariaren Ebazpenaren bitartez amaituko da hemen hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Osakidetzako intranetean eta web-orrian argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 7a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria,

LUISA LARRAURI EREÑOZAGA.


Azterketa dokumentala