Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2022ko otsailaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
795

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 14koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena formulatu, eta prestatzen baita irismen-dokumentua, proiektu honetarako: I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Urkabustaiz, Zuia eta Zigoitia udal-mugarteetan (Araba) sustatutako «5. zirkuituko Urkabustaiz azpiestazio elektrikoa» eta haren deribazioak deritzon 13,2 kV-ko aireko linearen zuhaitzik gabeko zerrenda handitzeko proiektua.

AURREKARIAK

2021eko urriaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, honako proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen: Urkabustaiz, Zuia eta Zigoitia udal-mugarteetan (Araba) sustatutako «5. zirkuituko Urkabustaiz azpiestazio elektrikoa» eta haren deribazioak deritzon 13,2 kV-ko aireko linearen zuhaitzik gabeko zerrenda handitzeko proiektua. Hala egin zuen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legean (21/2013, abenduaren 9koan) ezarritakoari jarraikiz.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2021eko azaroaren 4an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira, eta haien emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jarduketa horien emaitza aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei.

Proiektuak Natura 2000 Sarean izan dezakeen eragina eremuaren zati bat Gorbeia KBEn (ES2110009) eta Baia Ibaia KBEn (ES2110006) egotearen ondorio da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatzen dena betez, ingurumen-organoak beharrezkoa dena ebatzi du I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Urkabustaiz, Zuia eta Zigoitia udal-mugarteetan (Araba) sustatutako «5. zirkuituko Urkabustaiz azpiestazio elektrikoa» eta haren deribazioak deritzon 13,2 kV-ko aireko linearen zuhaitzik gabeko zerrenda handitzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aurrera eramateko; horretarako, eraginpean dauden administrazio publikoei eta interesa duten pertsonei galdetu die.

Txostenak jasotzeko xedatutako epea igaro ondoren, nahikoa judizio-elementu dituela iritzita, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ingurumen-organoak osorik baloratu du proiektua, ingurumenaren gainean ondorio adierazgarriak izateagatik ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera, aipatutako arauaren 47.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaionean, arauaren 47.2.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-organoak kontuan hartu beharko ditu 46. artikuluaren arabera egindako kontsulten emaitzak, eta ez da kontsulta gehiago egin beharko ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua egiteko.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen eta, hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismen-dokumentua prestatzea bidezkoa den edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Honako hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Urkabustaiz, Zuia eta Zigoitia udal-mugarteetan (Araba) sustatutako «5. zirkuituko Urkabustaiz azpiestazio elektrikoa» eta haren deribazioak deritzon 13,2 kV-ko aireko linearen zuhaitzik gabeko zerrenda handitzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duela zehaztuz; izan ere, ondorio esanguratsuak izan litzake ingurumenean, jarraian zehazten diren motiboengatik.

A) Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da «5. zirkuituko Urkabustaiz azpiestazio elektrikoa» eta haren deribazioak deritzon 13,2 kV-ko aireko linearen zuhaitzik gabeko zerrenda handitzea, Urkabustaiz azpiestazio elektrikoaren (4660) eta 155. euskarriaren artean, Urkabustaiz, Zuia eta Zigoitia udal-mugarteetan (Araba), Energia eta Meatzeen zuzendariaren 2001eko martxoaren 8ko Ebazpenarekin (Goi-tentsioko aireko lineek zuhaiztiak dauden eremuak zeharkatzeko bete behar dituzten baldintza zehatzak ezartzekoarekin) bat etorriz.

Linea elektrikoaren trazadurak 59,49 km luze ditu eta hegal-handitzearen eraginpean dagoen azalera berria 12,67 ha ingurukoa izango da. Lineak hormigoi dardaratuko euskarriak ditu, bai eta sareta eta xafla galvanizatuzko elementu metalikoak ere. Eroaleak LA-95, LA-110, LA-56, LA-78, LA-30, LA-80 eta LA-28 motatakoak dira.

Errepide-sarearekin eta sare hidrografikoarekin gurutzaketak edo paralelismoak daude; 1,12 km-koak eta 1,47 km-koak, guztira, hurrenez hurren.

Proiektatutako jarduketak gauzatzeak berekin ekarriko du, hala badagokio, sarbideak irekitzea, makinen joan-etorria, linea elektrikoaren zortasun-zerrendako baso-landaredia moztu eta/edo inaustea eta sortutako baso-hondakinak kudeatzea.

Mozketa- eta/edo inauste-lanak gauzatzeko, ingurumen-dokumentuan zehaztutako irizpideak honako hauek dira:

– Espezie autoktonoak dauden tokietan (haritzak, sahatsak, haltzak, lizarrak), lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik inausiko dira. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago inausiko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori, geldialdi begetatiboan.

– Haltzadian, mozketa oso txikia izango da, eta linearekin talka egiten duten aleetan baino ez da jardungo. Lerroarekin eragina izan dezaketen oinak 2 eta 3 metro bitarteko altueran lepatuko dira. Halaber, inausitako adarrak fintzeko bigarren mozketa bat egingo da, eta zuhaitzaren alde guztiak inausi, dena orekatuta gera dadin.

– Zuhaitza oinarritik moztu ahal izango da behar-beharrezkoa bada, eta eroaleen proiekzioaren pean badago soilik.

Proiektu osoa gehienez urtebeteko epean garatu nahi da.

Proiektuaren xedea ezarritako erregelamenduzko xedapenak betetzea dela kontuan hartuta, ez da hura garatzeko alternatibarik planteatzen.

B) Proiektuaren kokapena.

Aztergai dugun linearen trazadura Urkabustaiz udalerrian hasten da, eta Zuia eta Zigoitia udalerrietatik (Araba) igarotzen da. Trazadura nagusi bat du, ekialde/hego-mendebalde norabidekoa, eta ipar-mendebalderako deribazio bat, bai eta deribazio txiki ugari ere. Aztergai dugun lineak 59,49 km luze ditu eta, haietatik, 19,47 km zuhaitz-eremuetatik igarotzen dira.

Trazadura Altube I ibaiaren arroetatik doa, Ibaizabalen Unitate Hidrologikoaren (aurrerantzean, UH) barruan, eta Baia ibaia, Subilla Gasteizeraino, Baia ibaiaren UHren barruan. Horrez gain, Zayas ibaiaren arroetatik igarotzen da iturburutik Larrinoaraino, eta Larrinoatik Zadorraraino, baita Zadorra ibaiaren arrotik ere, Alegriatik Zayaseraino, eta Urrunaga urtegiaren drainatze-eremua, Zadorrako UHkoak. Trazadurak 52 puntutan zeharkatzen du jabari publiko hidraulikoa.

Linearen eta haren deribazioen luzera dela eta, instalazioan iragazkortasun desberdineko tipologia litologiko ugari identifikatu dira. Era berean, akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia eta oso handia duten lurzoruak identifikatzen dira, eta azken horiek trazaduraren mendebaldeko, hego-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko muturretara mugatzen dira.

Eremua Hego Antiklinorioko Jabari Hidrogeologikoan eta Arabako Plataforman dago. Lurpeko ur-masen sektore ugarirekin bat egiten du, besteak beste: Balmaseda-Elorrio, Kuartango-Salvati, Altube-Urkilla eta Subilla Gasteiz –Kuaternariokoak– eta Huetos-Apodaka eta Zubialde. Linea elektrikoaren trazaduraren zati handi bat interes hidrogeologikoko kokapenetan dago.

Proiektuaren eremua Gorbeiako (ES2110009) Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) dago, gutxi gorabehera 4.800 m-ko luzeran, eta haren mugaketa, funtsean, Gorbeiako Parke Naturalarena da (ES210001); hura Gorbeia aldeko Natur Baliabideak Antolatzeko Plana onartzen duen Dekretuaren (227/1994, ekainaren 21ekoaren) bidez ezarri zen. Gainera, 350 m Baia ibaia (ES2110006) KBEn sartzen dira, eta linea elektrikoa Oroko Haitzen (1.700 m), Zuiako haran-hondoko hariztien (250 m) eta Badaio eta Arrato mendilerroen (260 m) naturagune esanguratsuen katalogo irekian sartutako espazioetan ere txertatzen da. Zuiako haran-hondoko hariztiak (LAG038 kodea) ere Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen natura-intereseko gune gisa identifikatzen dira.

Identifikatutako natura-intereseko espazioei dagokienez, trazadurak bat egiten du Igarobide Ekologikoen Sareko hainbat elementurekin, hala nola Gorbeiako erdigunearekin eta loturako igarobide batzuekin.

Baia ibaia KBE bisoi europarraren babes-eremuan sartzen da (322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Arabako lurralde historikoan Mustela lutreola bisoi europarra kudeatzeko plana onartzen duena. ALHAO, 2003-12-05ekoa) eta igaraba eurasiarraren eremuan (880/2004 Foru Agindua, urriaren 27koa, Arabako lurralde historikoan igaraba arruntaren (Lutra lutra) (Linnaeus, 1758) kudeaketa-plana onartzekoa. ALHAO, 2004-11-24koa) eta Zalla ibaian, instalazioaren hego-ekialde urrunean, uhalde-enararen kasurako (22/2000 Foru Dekretua, martxoaren 7koa, Diputatuen Kontseiluarena, Uhalde-enara (Riparia riparia) Hegaztiaren Kudeaketa Plana onartzekoa, arriskupean dagoen eta babes-neurri bereziak behar dituen espeziea den aldetik. ALHAO, 2003-03-27koa). Espezie horiek guztiek kontserbatzeko kudeaketa-plana dute. Bestalde, Gorbeiako Parke Naturaleko linea elektrikoaren sekzioak, halaber, interes bereziko eremuetan eta hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremuetan daude, EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planarekin bat etorriz (229/2015 Foru Agindua, maiatzaren 22koa, onartzen duena Euskal Autonomia Erkidegoan Europar Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek batera idatzia. ALHAO, 2015-07-01ekoa) (229/2015 Foru Agindua, maiatzaren 22koa, onartzen duena Euskal Autonomia Erkidegoan Europar Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek batera idatzia. ALHAO, 2015-07-01ekoa).

Ingurunean, gainera, arriskuan dauden espezieen EAEko katalogoan jasotzen diren zenbait fauna-espezie daude, nekazaritzako inguruneei, baso-masei eta inguruko ur-masei lotuak.

Eremua abifauna linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko babes-eremuko Gorbeia sektorean dago, zati batean. Agindu honen bidez deklaratu ziren eremu horiek: Agindua, 2016ko maiatzaren 6koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Horren bidez, mehatxupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen. Zehazki, abifauna babesteko baldintza teknikoekin bat ez datozen tarteak hauteman dira linea elektrikoaren trazaduran. Aipatu eremuetan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz (hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak ezartzen dituena).

Dagoen landaredia kontuan hartuta, linea elektrikoak zenbait habitat zeharkatzen ditu, hala nola baso autoktonoak, belardi naturalak, soro landuak edo baso-sailak, besteak beste. Batasunaren intereseko habitat (BIH) ugari identifikatzen dira, eta haien artean lehentasunezkoak direnak nabarmentzen dira, hala nola Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieko baso alubialak (91E0* BIH) eta Nardus espeziedun formazio belartsuak, espezie ugarirekin, mendialdeetako substratu silizeoen gainean (6230* BIH). Aurkeztutako informazioaren arabera, ez da identifikatzen espezie mehatxaturik proiektua egin nahi den eremuan.

Linea elektrikoa onura publikoko 15 menditatik doa, Zuia eta Zigoitia udal-mugarteetan.

Linea elektrikoaren trazadura bat dator arkeologia-intereseko elementu askorekin (balizko arkeologia-guneak).

Proiektuaren xede den linea elektrikoaren luzera dela eta, lineak EAEko paisaia berezi eta bikainen katalogoan sartutako elementu bereziak edo interes handiko paisaia-mugarriak dituzten hainbat ikuseremu dago; beraz, zen dira.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, proiektuaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten inbentariatutako zenbait lurzati daude. Gainera, linearen trazadura baso-suteen zein higaduren arrisku-maila desberdinak –maila oso baxuak batzuek eta oso altuak beste batzuek– dituzten eremuetatik igarotzen da. Uholde-arriskuari dagokionez, Murgia udalerriaren inguruan, Ugalde eta Gazitzurri ibaien zati batzuk –Baia ibaiaren adarrak dira– uholde-arrisku potentzial handiko eremu gisa identifikatzen dira (UAHE 07 - Baia, ES091_AHE_BAI-04 kodea). Eremu horretan, linearen trazadura, puntualki, 10, 100 eta 500 urteko uholde-arriskuko eremuetan eta lehentasunezko fluxu-eremuan kokatzen da.

C) Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektutik eratorritako inpaktu nagusiak obra-fasean gertatuko dira, makinen joan-etorriaren eta sarbide berriak irekitzearen ondorioz lurzorua okupatzeagatik. Era berean, proiektatutako jarduketek zenbait zuhaitz-ale zuzenean kentzea eta intereseko fauna-habitatei eta haien konektagarritasun ekologikoari eragitea ekarriko dute. Hori horrela, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz, ingurumen aldetik sentikorrak diren zonetan ahalik eta eragin gutxien ekarriko duten mozketetarako irizpideak hartuko dira, eta jarduketa-eremuetarako sarbidea, ahal den neurrian, dauden bideetatik edo korridoretik egingo da.

Horrez gain, deskribatutako jarduketek giza habitataren kalitatea murriztuko dute aldi baterako eta leku jakin batzuetan (zarata areagotzea, hautsa eta abar) trazadura hiriguneetatik igarotzen den eremuetan, eta istripuzko isurketen ondorioz lurzoruari edo uren kalitateari eragingo diote. Halaber, inguruneko paisaia-kalitatea ere murriztuko da.

Hala badagokio, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten dituzten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatietan esku hartu ahal izateko, jarraipen berezia egin beharko da, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak behar bezala kudeatu daitezen.

A priori ez da lur-mugimendurik aurreikusten; hala ere, eremuan interes arkeologikoko elementu ugari daudela kontuan hartuta, horiek ez kaltetzeko neurri egokiak hartu beharko dira.

Nabarmendu behar da linea elektrikoak eragina izan dezakeela bereziki abifaunan, linea elektrikoarekin gerta daitezkeen talken eta/edo elektrokuzioen ondorioz; izan ere, ez da egokitzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan (Goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan abifauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituena) ezarritako preskripzio teknikoetara.

Alderdi horiei dagokienez, espedientean jasota dago Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostena; hark jasotzen du berrikusi egin behar dela proiektuak Natura 2000 Sarean dituen ondorioen azterketa, proiektuak Gorbeia KBEren eta Baia ibaiaren kontserbazio-helburu diren ingurumen-balioetan dituen ondorioak behar bezala balioesteko, bai eta babestutako gune horien erregulazioarekin bateragarria den aztertzeko ere.

Ondorioztatzen da, beraz, emandako informazioarekin ezin dela baztertu proiektuak eragin adierazgarriak izatea ingurumenean, zehazki, aurretik aipatutako Natura 2000 guneen osotasunaren gaineko eraginari dagokionez.

Bigarrena.– Erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua prestatzea, Ebazpen honen eranskinean adierazten diren terminoetan.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 14a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.

ERANSKINA
IRISMEN-DOKUMENTUA. INGURUMEN-INPAKTUAREN AZTERKETAREN ZABALERA, XEHETASUN-MAILA ETA ZEHAZTASUN-MAILA

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorrak (3/1998, otsailaren 27koak) eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (21/2013, abenduaren 9koaren) 35. artikuluak eta IV. eranskinak xedatzen dituztenak.

Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:

1.– Proiektuaren deskribapen orokorra egitea, eta denboren joanean lurzoruaren eta bestelako natura-baliabideen erabileran izango duen eraginari buruzko aurreikuspena egitea. Materiaren edo energiaren isuri, emisio eta hondakin motak eta kopuruak balioestea.

2.– Aztertutako aukera nagusiak azaltzea, zero aukera barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia), eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusiak justifikatzea, proiektuak eragindako ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta.

3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

4.– Inpaktua identifikatzea, kuantifikatzea eta neurtzea: ebaluatuko da ea zer-nolako eragina izan dezakeen proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanlerian, giza osasunean, floran, faunan, biodibertsitatean, geodibertsitatean, lurzoruan, zorupean, airean, uretan, faktore klimatikoetan, klima-aldaketan, paisaian eta ondasun materialean (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne), ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko interakzioari, proiektua gauzatu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.

5.– Proiektuaren kalteberatasuna. Istripu larri edo hondamendi adierazgarriren bat gertatzeko arriskuarekiko kaltebera izatearen ondorioz proiektuak ingurumenean sor ditzakeen kalte adierazgarrien deskribapena, kasuko proiektuari dagokiona.

6.– Ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarriak prebenitu, zuzendu, eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusi diren neurriak.

7.– Ingurumena zaintzeko programa.

8.– Azterlanaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Beharrezkoa bada, azterketa egitean izandako zailtasun tekniko edo informatiboen berri emango da.

Proposatzen diren jardueren eta kaltetu daitekeen ingurumenaren ezaugarriak direla-eta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko azterketak aipatutako atal horiek garatu beharko ditu, ondoren adierazitako zabaltasunarekin eta xehetasun-mailarekin:

1.1.– Proiektuaren deskribapena eta proiektuko ekintzak.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapena izan behar du barne, baita denborarekin aurreikus daitezkeen beharren azalpena ere, lurzoruaren eta bestelako baliabide naturalen erabilerari dagokionez. Halaber, kalkulatu behar du jardueren ondorioz sortuko diren materia- edo energia-hondakin, jario eta emisioen mota eta kopurua, eta, zehazki, inguruneko ingurumen-baldintzetan eragin garrantzitsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu azterketa xehatu baten bitartez, gauzatze-fasea eta funtzionamendu-fasea aintzat hartuta.

Ingurumen-eraginen bat izan dezaketen proiektuko ekintza guztiak identifikatu behar dira, neurri babesgarri eta zuzentzaile egokienak hartzen direla bermatzeko helburuarekin.

Saihestu eta zuzendu nahi diren kalteak, bai proiektuak proposatutako jarduketatik beretik, bai berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke, besteak beste, honako hauetatik: lehengo sarbideak egokitzetik, eta obrarako instalazio lagungarrietarako eta erabiliko diren materialak edo makinak pilatzeko eremu lagungarrien kokapen eta erabileragatik.

Jarduketa horiek guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litzakeen ondorioak kalkulatzeko eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-eraginak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuta.

Aurrekoa kontuan hartuz, eta ebaluatzen ari den proiektuaren ezaugarriak ikusita, xehetasunez azaldu beharko dira alderdi hauek, besteak beste:

– Proiektuaren eraginpeko eremuaren kokapena eta mugaketa: zortasun-zerrenda berria eta obraren aldi baterako okupazio-eremuak zehaztea.

– Mozketak, sasi-garbitzeak eta inausketak egiteko aplikatu beharreko metodologia deskribatzea, eta haietako bakoitzaren eraginpean dauden gainazalak bereiztea.

– Sarbideak: obretara sartzeko aurreikusitako bideen xehetasunak, lehendik daudenak izan edo berriak izan.

– Obrako instalazio osagarriak kokatzea eta zehaztea.

– Hondakinak: aurreikusitako hondakinak identifikatzea, pilatzeko eremuak eta haien kudeaketa. Landare-hondakinak kaletik nola kenduko diren zehaztuko da.

– Obrarako aurreikusitako makineria identifikatzea.

– Aurreikusten den obra-iraunaldia eta obraren plana (haren faseetako bakoitzaren iraunaldia, halakorik balego).

Apartatu honetako informazioarekin batera, edukiak hobeto ulertzeko beharrezkoak diren proiektuaren eskalako planoak emango dira. Proiektuaren ezaugarriei buruzko bestelako informazio grafiko baten kaltetan izan gabe, ondorengo planoak aurkeztu beharko dira:

– Linea elektrikoaren trazadura eta luzetarako profila. Handitzearen zortasun-eremua.

– Gune osagarrien eta sarbideen kokapena.

1.2.– Hautabideen azterketa eta hartutako erabakiaren justifikazioa.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanak barne hartu behar du ingurumenerako egokien diren hautabide teknikoki bideragarrien azterketa, eta horien konparaziozko balorazioa egin behar du, zero hautabidea edo ez jardutekoa barne. Proposatutako soluzioa justifikatu beharko da, eta jarduketen dimentsioari eta hedadurari ez ezik, aipamena egin beharko die dauden soluzio tekniko guztiei ere.

Aukerarik onena hautatzeko, askotariko irizpideak jasotzen dituen azterketa global bat egingo da, alderdi ekonomikoak ez ezik, gizarte- eta ingurumen-alorrak ere aintzat hartuta.

Aukeren balioespen-prozesu horretan, aintzat hartuko dira hainbat alderdi, esaterako, Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak dauden ala ez, mehatxupean dauden flora- eta fauna-guneak eta naturagune eta ondare kulturalaren gaineko eragina.

Azterlanak hainbat soluzio proposatu behar ditu, hala teknikoak nola eraikuntzakoak, ingurunearen osagai baliotsuenen gaineko eragina minimizatzeko; hau da, funtsean, proiektuaren garapen-eremuan dagoen landaredi naturalaren, mehatxupeko fauna eta floraren eta kultura ondarearen gainekoa.

Apartatua bukatzeko, hautatutako alternatiba argudiatu beharko da, eta, nolanahi ere, bermatu egin beharko da hautatutako alternatiba bideragarria dela, teknikoki eta ingurumenaren aldetik, eta ingurumenaren ondare- eta ingurumen-osagaiei albait kalte txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.

1.3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

Atal honetan eremua deskribatuko da, elementu baliotsuenak eta proiektuko ekintzek gehien eragin ditzaketenak nabarmenduta. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-ezaugarriak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterlan bat ere.

Ingurumen-inbentarioa atalez atal baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (herri mailan, eskualdekoan eta abar).

Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adierazi beharko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.

Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.

Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko dute.

Ezertan eragotzi gabe aurretik esandakoa, proiektuaren eraginpean dagoen eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak honako alderdi hauek hartuko ditu barne:

Eremu horretan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena

Atal horretan, eraginpeko komunitateak identifikatu, eta honako hauek adieraziko dira: kontserbazio-maila, egiturazko konplexutasuna, espezie bereizgarri, enblematiko edo adierazgarriak, etab. Kontuan hartuko da, bereziki, Batasunaren intereseko habitatak eta espezie mehatxatuak dauden, eskualde-mailan, naziokoan, Europakoan nahiz nazioartekoan.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak xehetasunez zehaztuko ditu, azterketa zehatz baten bidez, proiektuaren jarduerek eragindako intereseko habitat bakoitzaren eta landaredia autoktonoen masen azalera, haien osaera, kontserbazio-egoera eta balio ekologikoa.

Halaber, ingurumen-inpaktuaren azterlanak kontuan hartu behar du mehatxatutako espezieentzat interesekoak diren guneak (ugaltze-, babes- eta elikatze-tokiak) egon daitezkeela, bereziki Gorbeiako eta Baia ibaiko Kontserbazio Bereziko Eremua (aurrerantzean, KBE) kudeatzeko funtsezko elementu direnentzat. Era berean, barne hartu behar ditu eraginpeko habitatarentzat eta espezieentzat beharrezkoak diren baldintzak mantentzera bideratutako prebentzio-, babes- eta konpentsazio-neurriak.

Proiektuaren eremuan, nabarmentzekoa da Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren (habitat naturala eta basa fauna eta flora babesteari buruzkoa) 1. eranskinean sartutako interes bereziko zenbait habitat daudela, kasu batzuetan lehentasunezkoak eta, hain zuzen, habitat horiek kontserbatzeko izendatutako EAEko Natura 2000 Sareak barne hartutako eremuetan sartutakoak. Bestalde, aipatu behar da zenbait baso natural daudela (harizti azidofiloak, baso misto atlantikoa) eta, ez badira ere Batasunaren intereseko habitatak, kontserbazio-helburu izen behar dutela, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak ezarritakoaren arabera (EAEko natura kontserbatzeko legearen testu bategina onartzen duena).

Era berean, kontuan hartuko dira Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak 2021eko azaroaren 29an emandako txostenean adierazitako gogoetak.

Inpaktua behar bezala ebaluatzeko eta neurri babesgarri eta zuzentzaile egokiak ezartzeko, kartografia xehean zehaztu beharko dira Batasunaren intereseko eremuen banaketa, bertako baso-komunitateak eta mehatxatutako espezieentzat interes berezikoak diren guneak, proiektuaren eraginpeko eremuan, hala badagokio, sarbideak barne.

Igarobide ekologikoak. Habitaten konektibitatea/zatiketa

Horri dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterlanak lurraldearen konektibitate ekologikoari dagokionez proiektuaren eragina aztertu beharko du, eta, hala badagokio, behar diren prebentzio, zuzentze eta konpentsazio neurriak proposatu beharko ditu.

Geologia eta geomorfologia.

Proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarri geologiko eta geomorfologikoak. Baldintzatzaile geoteknikoak. Interes geologiko/geomorfologikoa duten gune, eremu eta ibilbideak identifikatzea.

Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia

– Akuiferoen kalteberatasuna. Urrakortasun handiko zonen, karga-zonen, hustutegien eta abarren identifikazioa, halakorik balego, eta zona horien eta proiektuaren arteko erlazioa.

– Ur Sarearen ezaugarriak. Aldi baterako ur-ibilguen, ur-ibilgu iraunkorren eta instalazioaren elementu guztien artean dauden elkarreraginak adieraziko dira.

Paisaia.

Proiektuaren eraginpeko eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, bereziki xehea izan behar du linea elektrikoaren eta zuhaitzik gabeko zerrenda handitzearen ikusizko eraginaren ebaluazioak, eta gaur egungo egoera eta etorkizunekoa (proiektua gauzatu ostekoa) konparatu beharko ditu. Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

– Jarduketaren ikusgaitasuna ikuspegi-eremuaren hainbat gunetatik, ibilienak eta paisaiaren kalitate handiena dutenak lehenetsita, eta gaur egungo egoera eta etorkizunekoa konparatuz. Hori horrela, kontuan hartuko da, bereziki, linea elektrikoaren aldaketak Gorbeia KBEren inguruan eta Baia ibaian izango duen eragina.

– Kalitatea.

– Hauskortasuna.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanak zehaztu beharko du proiektuaren eremuan identifikatu diren eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak dituzten lurzatietan izango duen eragina.

Ondare historikoa, artistikoa eta kulturala.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanak kontuan hartu behar du proiektuaren eraginpeko eremuan dauden kultura-ondasunen gain eragin daitekeen kaltea. Ondasun horiek identifikatzeko, kontuan hartuko dira inbentario hauek: Euskal Kultura Ondarearen Inbentario nagusia eta Arkeologia Ondarearen Inbentarioa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarenak biak ala biak, eta beste erakunde batzuetan dauden inbentarioak (foru-aldundiak, udalak edo beste batzuk).

Dokumentazio grafikoa.

Atal honetan, irudikapen kartografikoak sartu beharko dira (pdf formatuan eta geoerreferentziatuta; alegia, pdf-ek eremuaren koordenatuak jaso beharko dituzte UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean), bai eskala orokorrean bai xehetasunezkoan, jarduketa-eremuko ingurumen-inbentarioko alderdi garrantzitsuenen ingurukoak, kasu bakoitzean erabilitako eskala adierazita. Besteak beste, plano hauek hartuko dira barne: Batasunaren intereseko habitaten mugaketa kartografikoaren planoak, intereseko florarako eta faunarako garrantzitsuak diren eremuenak, eta proiektuaren eraginpeko eremuan dauden kultura-ondareko elementuenak.

Halaber, sintesi-kartografia bat prestatuko da ingurumen-inbentarioko elementu nabarmenak bertan jasoz.

1.4.– Inpaktuen identifikazioa eta balioespena.

Inpaktuen identifikazioa, kuantifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioaren elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioaren ondorio dira. Erasanaren garrantzia zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka erasango dien baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-fasean eta funtzionamendu-fasean eragindako inpaktuen artean desberdinduko da.

Inpaktuen identifikazio eta balorazio hori ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, eta horretarako, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, honako hauek konparatuko dira: egungo egoera eta etorkizunekoa, zuzenketa-neurriak hartuta.

Ingurumen-inpaktuak zenbatesteko erabilitako metodologiak eta balioeste-metodoak aipatuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren arabera muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.

Inpaktuen balorazioak kontuan hartuko ditu proiektutik eratorritako jarduketa guztiak, baita, hala badagokio, aldi baterako sarbideak, instalazio osagarriak, hondakinen bilketa eta abar gauzatzea ere.

Bereziki, eta besteak alde batera utzi gabe, kontuan hartuta proiektuaren ezaugarriak eta eragindako ingurunearenak, ingurumen-inpaktuaren azterlanak bereziki baloratu beharko ditu ingurumen-inpaktu hauek: natura-baliabideei erasan diezaieketenak, Batasunaren intereseko habitatak, bertako landaredi naturala eta intereseko flora eta fauna espezieak, abifauna eta kiropteroak barne; espezie horietako populazio edo aleei, horien umatze-tokiei edo egontokiei sortutako eragozpenekin lotutakoak; eta linea elektrikoaren elektrokuzio- edo talka-arriskuarekin lotutakoak. Era berean, garrantzitsutzat jotzen dira sare hidrologikoan eta lurrazaleko uren kalitateak, kultura-ondareak –kultura-balio handiko elementuetan izan dezakeen eraginagatik– eta paisaiak –naturaltasun eta paisaia-kalitate handiko eremuetan izan dezakeen eraginagatik– pairatu ditzakeen ondorioak.

Eragindako gainazalak habitat motaren arabera identifikatuko dira, identifikatutako Natura 2000 espazioetan sartuta dauden eta Batasunaren intereseko habitatekin bat datozen arabera.

Gorbeia KBEko eta Baia ibaiko jardueren kasuan, aurreikusitako jarduketen (inausketak eta/edo mozketak) eta eraginpean geratzen diren habitaten kartografia xehatua erantsiko da, eta, hala badagokio, Batasunaren intereseko habitatak identifikatuko dira.

1.5.– Natura 2000 Sareko espazioen gaineko eragina.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanari buruzko Legearen (21/2013, abenduaren 9koaren) 35. artikuluak adierazten duenez, berariazko atal bat sartuko da proiektuak bere eraginpeko eremuan dauden Natura 2000 Sareko guneetan izango dituen eraginei buruz, eremu horien kontserbazio-helburuak kontuan hartuta. Ebaluazioa bereziki xehea izango da Gorbeia KBEn (ES2110009) eta Baia Ibaia KBEn (ES2110006) izango diren eraginei dagokienez. Batasunaren intereseko habitatetan zuzenean nahiz zeharka eragindako afekzioak zehaztuko eta ebaluatuko dira, eta arreta berezia jarriko zaie espazio horietako lehentasunezko habitatei eta eremu horren kudeaketarako funtsezkoak diren elementuei, eta, horretarako, proiektatutako jarduketa bakoitzaren eraginpean gera daitekeen gainazalaren inguruko azterlan xehatua egingo da: mehatxupeko flora eta fauna espezieen gainekoa eta Natura 2000 Sarearen koherentzia gordetzen laguntzen duten ingurunearen beste baliabide batzuen gainekoa.

Zehazki, Gorbeia KBEn, eraginpean geratuko den baso-azalerari buruzko datuak eman beharko dira, 91E0* habitata barne, eta moztu edo inausiko diren eremuak identifikatu beharko dira, eta ibai-sistemaren gaineko eta harekin lotutako faunaren eta basoen gaineko eraginaren balorazioa egin beharko da. Espazio babestuaren erabileren arauketarekin bateragarria den aztertu beharko da, zehazki martxoaren 8ko 40/2016 Dekretuaren 1.R.4, 1.R.17 eta 1.R.18 arauketekin, bai eta urriaren 29ko 169/2019 Dekretuarekin ere, bereziki baso-jarduera kudeatzeko jarraibideekin.

Baia Ibaia KBEn, 91E0* eta 9160 BIHen gaineko eragina aztertu beharko da, eta, horretarako, moztu edo inausiko diren eremuak identifikatu beharko dira, bai eta bisoi europarraren, igarabaren eta ibaietako abifaunaren gainean eraginik izan ote daitekeen ere. Espazio babestuaren erabileren arauketarekin bateragarria den aztertu beharko da, eta, zehazki, martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuaren 7.R.2. arauketarekin.

Analisi horri heltzeko, interesgarria izan daiteke honako gida hau kontsultatzea: «Natura 2000 Sarean ingurumen-inpaktua ebaluatzeko gida metodologikoa. Biodibertsitatearen eta Natura Ingurunearen Zuzendariordetza Nagusiak erabilitako irizpideak, zeintzuen bitartez zehazten baita Natura 2000 Sareko espazioen osotasunari eragindako kaltea, Batasunaren intereseko habitatei eragiteagatik» (https://www.miteco.gob.es/es/biodiversidad/temas/espacios-protegidos/criteriossgbymnperjuiciohabitats_tcm30-481533.pdf)

1.6.– Proiektuaren kalteberatasuna.

Istripu larriak edo/eta hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela-eta proiektuak ingurumenean eragin ditzakeen ondorio kaltegarrien deskribapena, azterketa eta, hala badagokio, kuantifikazioa egingo da, baita istripu edo hondamendi horiek gertatzeko arriskuari buruzkoak ere. Helburu hori lortze aldera, proiektuari aplikatu beharreko arauei jarraituz egindako arrisku-ebaluazioen bitartez lortutako informazioa erabili ahal izango da.

Horrelako ezbeharrek ingurumenean sortzen dituzten kalte adierazgarriak prebenitzeko eta leuntzeko aurreikusitako neurri guztiak jaso behar dira deskribapenean, baita halako larrialdietarako proposatzen diren prestakuntzari eta erantzunari buruzko xehetasunak ere.

Atal hau proiektuari aplikatu behar ez zaiola iriztekotan, justifikazio-txostena erantsi beharko da.

1.7.– Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak proposatzea.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak ingurumen-inpaktu kaltegarri nagusiak murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko proposatutako neurriak azalduko ditu inguruneko elementu bakoitzerako. Espero diren inpaktuen garrantziaren arabera proposatu eta dimentsionatuko dira neurri horiek.

Neurri babesgarri eta zuzentzaileen proiektua behar bezain xeheki idatzi beharko da, ingurumenaren babesa eta neurri horiek hartzea gomendagarri bihurtzen duten helburu espezifikoak beteko direla bermatzeko moduan. Era berean, proiektuaren aurrekontuan jaso beharko dira neurri babesgarri eta konpentsatzaileei aurre egiteko behar diren partida guztiak.

Zehazki, informazio hau emango da, alde batera utzi gabe txosten honen aurreko ataletan galdatutako analisien arabera proiektuan sartu behar diren neurri zuzentzaileen aplikazioa:

– Batasunaren intereseko habitatak, bertako landaredia eta mehatxupeko flora eta fauna babesteko neurriak.

• Bereziki, Batasunerako eta eskualderako interesekoak diren habitaten eta intereseko flora eta fauna espezieen gaineko eragina minimizatzeko neurriak proposatuko dira. Obra-plana identifikatutako espezie mehatxatuen presentziara egokitzea planteatuko da, eta, proiektuak proposatzen duen bezala, fauna-espezieen ugalketa-aldian jarduketak egitea saihestuko da.

• Abifaunak eta kiropteroek linearekin elektrokuzio- eta talka-gertakaririk izan ez dezaten, zuhaitzik gabeko zerrenda handitzeko aukera aprobetxatzea kontuan hartuko da, linea nahitaez bete beharreko abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren aginduetara egokitzeko; sustatzaileari dagokio horren erantzukizuna.

• Landarediaren gaineko eragina murrizteko prebentzio-neurriak zehaztuko dira, eta nahitaez bete beharreko baldintzatzaile gisa jasoko dira ingurumen-dokumentuaren tarte bakoitzerako berezitasunak jasotzen dituzten fitxetan adierazitako «oharrak». Haietan, zuhaitz autoktonoak inausteko eta mozteko jarraibideak ematen dira, hala nola:

* Oro har, eta beharrezkoa bada, gune sentikorrenetan eta natura-balio handiena dutenetan behinik behin, bideragarria den guztietan inausketa egingo da, eta behar-beharrezkoa denean soilik joko da mozketara, eta zuhaixka-geruza osorik kontserbatu behar da.

* Intereseko landaredi-masetan mozketak eta inausketak egiteko baldintzak: lehentasuna emango zaio linean eragina izan dezaketen goiko adarrak soilik inausteari, geldialdi begetatiboan. Beharrezkoa bada, mozketa linearekin talka egiten duten aleetan baino ez da egingo.

* Kontserbatu beharreko zuhaitz aleak babestea.

* Hala badagokio, sarbideak halako moldez trazatzea, non gutxienera murriztuko baitira intereseko landare-formazioen gainazalaren gaineko eraginak.

* Debekatzea, edo ahal bezainbeste minimizatzea, landaredi naturala duten eremuak erabiltzea materialak eta makinak pilatzeko, etab.

* Eskuzko erreminta arinekin moztu edo inaustea, eta ez makina astunekin.

– Obra-aldian sistema hidrologikoa eta hidrogeologikoa babesteko neurriak.

Kontuan hartu beharko dira xede hauek dituzten neurriak:

• Lurrazaleko ur-ibilguen eta hari lotutako landarediaren gaineko zuzeneko eragina saihestera.

• Metatze guneen eta eremu osagarrien kokaleku egokia, zuzeneko nahiz jario bidezko eragina saihesteko ibai- eta akuifero-sisteman.

• Sortutako isurketen eta istripuzko isurketen ondorioz, drainatze-sarera egindako finen edo kutsatzaileen isurketa minimizatzea. Istripuzko isurketak biltzeko material xurgatzailea izatea.

– Herritarrei eragindako kalteak eta eragozpenak murrizteko neurriak

• Atmosferaren kalitatea babestearekin lotutako neurriak –hautsen, zaraten, usainen ekoizpena barne–, eta lurraldearen irisgarritasunarekin eta iragazkortasunarekin lotutako beste eragozpen batzuetatik babestearekin lotutakoak.

• Obrako lanen ordutegia, makineriaren zirkulazio-abiadura, etab. mugatzea.

– Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak:

Hondakinak obren fasean kudeatzeko proposamena. Bilketa-, biltegiratze- eta tratamendu-sistemen deskribapena.

– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanak proiektuaren eraginpeko eremuan kokatutako kultura-ondarea babesteko behar diren neurriak jasoko ditu, eta arreta berezia jarriko dio arkeologia-ondareari, bai eta Ondategiko Genda zubiari, Zaitegiko iturri-garbitegiari eta Domaikiako zubi-errotari ere. Balizko arkeologia-guneen presentzia dela eta, Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean xedatutakoa beteko da eta, hala badagokio, kultura-ondarearen gaineko eragina mugatuko duten behar diren azterlanak egingo dira.

Kutsatutako lurzorua.

Lurzati horietan lur-mugimenduak egiten badira, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko Legean (4/2015, ekainaren 25ekoan) ezarritakoa beteko da. Horren harira, esan behar da, lege horren arabera, besteak beste argi-, ur-, gas- edo telekomunikazio-zerbitzuak aldatzearen ondoriozko lur-mugimenduen kasuan, lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedura hastetik salbuetsita geratuko liratekeela.

Bestalde, aipatutako 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 5. apartatua bete beharko da, eta, hondeatutako bolumenaren arabera, hondeaketa-plan bat aurkeztuko da, eta beharrezkoa izango da hondeatutako materialen ezaugarriak ematea, haiek kudeatu eta/edo berrerabili aurretik.

1.8.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa bat egingo da. Programa horren helburu nagusia izango da ingurumen-inpaktuaren azterlanean finkatutako kalitate-helburuak eta jarraibide zein neurri zuzentzaileak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea.

Programaren helburuak zehaztuko dira, eta, helburu bakoitzaren barruan, honako hauek adieraziko dira: jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko egoera-planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna.

Kalitate-helburuak, hala dagokionean, legeriak zehazten dituen muga-balioen edo gida-balioen araberakoak izango dira, edota oro har onartutako azterketa teknikoen araberakoak. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira zenbait parametrotan, beharrezko irizten bada.

Era berean, dagokion aurrekontua gehitu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako eraginen jarraipen egokia egin ahal izateko.

Proiektuari buruz eta proiektuak inguruan duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren kontrolez gain, programa honek jarraian adierazitako kontrolak izan beharko ditu:

Obrak egiteko fasean, kontuan hartu behar dira:

– Obra-eremuaren mugak kontrolatzea.

– Intereseko landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

– Mehatxupeko flora eta fauna espezieen gaineko eraginak kontrolatzea.

– Ur-ibilguen eta erriberako landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

– Obrako jardunbide egokiak kontrolatzea, honako hauek saihesteko: hondakin-isurketak; lurzoruaren edo uren kutsadura, olio-jarioen ondorioz, eta eragozpenak sortzea, zarataren, hautsaren eta abarren ondorioz.

– Arkeologia-ondarearen gaineko eragina kontrolatzea.

– Aurreikusitako neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaileen efikazia egiaztatzeko beste kontrol batzuk.

1.9.– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren laburpena.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren eta haren ondorioen laburpen-dokumentu bat idatzi beharko da, 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, VI. eranskinean ezarritako ezaugarriekin. Dokumentuan labur-labur eta jendeak ulertzeko moduan jaso beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua, eta aurreikusitako inpaktuak saihesteko edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, jendeari informazioa emateko.

Hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketa egitean aurkitutako zailtasun tekniko edo informatiboak aipatu beharko dira.

1.– DOKUMENTAZIOA AURKEZTEKO ARGIBIDEAK.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (21/2013, abenduaren 9koaren) 39.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, egiaztapen batzuk egin ondoren, organo substantiboak ingurumen-organoari bidaliko dio ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskaera eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak, hala nola proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitza, eta sustatzaileak egindako oharren dokumentu bat, jasotako alegazio eta txostenetako ingurumen-edukiari eta kontuan hartzeko moduari dagokionez.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatzeko eta dokumentazioa entregatzeko, nahitaez bete beharko dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean horri buruz dauden jarraibideak, esteka honetan jasotzen direnak:

https://www.euskadi.eus/informazioa/proiektuen-ingurumen-inpaktuaren-banakako-ebaluazio-prozedura-izapidetzea/web01-a2inginp/eu/

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa gidaliburuaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gidaliburua ingurumen-organoaren webgunean dago eskuragarri, esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/tramitacion_eae/eu_def/adjuntos/Dokumentuak-aurkezteko-GIDA.pdf


Azterketa dokumentala