Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

PROIEKTUen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura izapidetzea

Ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen proiektuak, publikoak zein pribatuak, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduraren (arrunta edo sinplifikatua) mende daude, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Ingurumen-ebaluazio prozedurak aplikatzeko eremua honako lege hauetan arautzen da:

  • 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa. Arau honetan jasotzen den aplikazio-eremuak ingurumena babesteko oinarrizko lege-izaera du.
  • 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena. Arau honetan jasotako eremua ingurumena babesteko araudi gehigarria da, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean aplikatu beharrekoa, oinarrizko legeriaren osagarri gisa.

Proiektutzat joko dira honako hauek: obra bat, eraikuntza bat edo instalazio bat egikaritzeko edo ustiatzeko xedez, edo desegiteko edo suntsitzeko xedez burututako edozein jarduera; edo natura-ingurunean edo paisaian egiten den edozein esku-hartze, bai eta baliabide naturalak (lurzorua, zorupea, urak eta izaki bizidunak barne) ustiatzeko edo aprobetxatzeko direnak ere.

Sustatzailea

Edozein pertsona fisiko zein juridiko, publiko zein pribatu, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren aplikazio-eremuan jasotako proiektuak gauzatzeko asmoa duena, dagokion unean abian jartzeko edo onesteko eskumena duen administrazioa edozein izanda ere.

Organo substantiboa

Administrazio publikoko organoa, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten proiektuen, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko jakinarazpenaren bidez, jarduera baimentzeko, onartzeko edo, hala badagokio, kontrolatzeko eskumena duena. Eskumen horren barruan sartzen da ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedurak bultzatzea, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera aplikatu beharrekoak.

Jarduera baimentzea, onartzea edo, hala badagokio, kontrolatzea behar duten, eta Administrazio publikoko hainbat organok eman edo gauzatu behar dituzten hainbat kontzeptuk proiektu bati eragiten badiote, organo substantibotzat hartuko da proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar izatea eragin duen obraren edo jardueraren gainean eskumenak dituena, eta lehentasuna izango du haiekiko jarduera instrumentalen edo osagarrien gainean eskumenak dituzten organoen aurretik.

Ingurumen-organoa

Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedurak amaitzeko adierazpenak eta txostenak egiteko eskumena duen administrazio publikoko organoa da. Era berean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioen irismena zehazten du, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aldaketak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenen eta txostenen indarraldiaren luzapenak ebazten ditu.

Autonomia-erkidego honen kasuan, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoa da aipatutako eskumenetarako organo eskuduna; proiektua onartzeko edo baimentzeko eskumen substantiboa lurralde historikoetako foru-organoei edo Estatuko Administrazio Orokorrari dagokienean izan ezik.

Eragindako administrazio publikoak

Jarraian aipatzen diren arloetan berariazko eskumena duten herri-administrazioak: giza osasuna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, fauna, flora, lurzorua, ura, airea, zarata, paisaia eta kultura-ondarea, eta ingurumen-ebaluazioa egin behar zaion proiektua gauzatzeak ingurumenaren kalitatean eragin ditzakeen bestelako alderdiak.

Pertsona interesdunak

Ingurumen-ebaluazioaren prozeduran interesduntzat jotzen dira honako hauek:

  • Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluan aurreikusten diren baldintzetako edozein betetzen duten guztiak.
  • Honako ezaugarri hauek betetzen dituen irabazi-asmorik gabeko edozein pertsona juridiko:
    • Bere estatutuetan, oro har, ingurumena, edo, bereziki, ingurumen-elementuren bat babesteko xedea izatea, eta xede horiek ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduraren eraginpean egotea.
    • Bi urte ematea legez eratuta, eta bere estatutuetan aurreikusitako helburuak lortzeko beharrezkoak diren jarduerak aktiboki egitea.
    • Estatutuetan jasotakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa bete behar duen proiektuaren eraginpeko lurralde-eremuan jardutea.

Publikoa

Edozein pertsona fisiko zein juridiko, bai eta aplikagarri zaien araudiaren arabera eratuta dauden elkarte, erakunde eta taldeak ere, baldin eta pertsona interesduntzat jotzeko baldintzak betetzen ez badituzte.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa administrazio-prozedura instrumental bat da, proiektu bati aplikatutako prozedura substantibo batean integratzen dena (baimentzekoa, onartzekoa edo, hala badagokio, kontrolekoa), betiere ingurumen-araudiak hala eskatzen badu.

Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko bi prozedura mota daude: ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua. 

Ingurumen-organoak bi prozeduretan (arruntean eta sinplifikatuan) ingurumen-inpaktuaren prozedurari hasiera emateko eskaera ez onartzea erabaki dezake. Ingurumen-organoak hogei eguneko epea izango du, eskaera jasotzen duenetik, ez onartzeko ebazpena egiteko, eta, ebazpena eman aurretik, sustatzaileak adierazitakoa entzungo du 10 egun balioduneko epean, eta epe horrek bertan behera utziko du ez onartzeko aurreikusitako hogei eguneko epea.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa amaitzen duen ingurumen-erabakia nahitaezko erabaki lotesle baten izaera juridikoa du, eta, ingurumen-ondorioetarako, proiektua egitea bidezkoa den ala ez zehaztuko du, bai eta, hala badagokio, proiektua garatzeko baldintzak, neurri zuzentzaileak eta konpentsazio-neurriak ere.

Jarduerak

  • Ingurumen eraginaren azterlanaren irismena zehazteko eskaera (aukerakoa). Sustatzaileak eskaera egingo dio organo-substantiboari. Eskaerari proiektuaren hasierako dokumentua erantsiko zaio. Organo substantiboak, aurkeztutako dokumentazioa egokia dela egiaztatu eta ados dagoela adierazi ondoren, ingurumen-organoari bidaliko dio.
  • Ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena zehaztea, eragindako administrazio publikoei eta, hala badagokio, persona interesdunei kontsulta egin ondoren; horretarako, informazioa jendaurrean jarriko da egoitza elektronikoaren bidez (sustatzaileak, organo substantiboaren bidez, ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena zehazteko eskatu ez badu, ingurumen-organoak ez du jarduketa hori egingo). Izapide horren ondorioz, ingurumen-organoak irismen-agiria igorriko du.
  • Proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterlana egitea eta organo substantiboari aurkeztea.
  • Organo substantiboak informazioa jendaurrean jartzeko eta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko bi izapideak:
    • Jendaurreko informazioaren izapidea: Jendaurrean jarriko dira ingurumen-inpaktuaren azterlana eta proiektua, gutxienez 30 egun balioduneko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean eta, hala badagokio, egoitza elektronikoan iragarri ondoren. Ahalik eta hedapen handiena bermatu beharko da.
    • Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta-izapidea: Kontsulta egingo zaie pertsona interesdunei eta proiektuaren eraginpean dauden eta honako gai hauetan eskumenak dituzten administrazio publikoei: gizakien osasuna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, fauna, flora, lurzorua, ura, airea, zarata, paisaia, kultura-ondarea eta proiektua gauzatzeak ingurumenaren kalitatearen gainean eragin ditzakeen beste alderdi batzuk. Izapide horrek 30 eguneko iraupena izango du, gutxienez, eta ingurumen-inpaktuaren azterlana eta espedientean jasotako informazio garrantzitsu guztiak helarazi beharko dira. Ingurumen-organoak aldez aurretik irismen-agiria formulatu badu, gutxienez, dokumentu horretan zerrendatutako pertsona interesdunei eta eragindako administrazio publikoei egingo zaie kontsulta.
  • Organo substantiboak sustatzaileari bidaltzea jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitzak.
  • Organo substantiboak ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatzea ingurumen-organoari: Organo substantiboak eskaera egiteko, aldez aurretik, sustatzaileak organo substantiboari aurkeztuko dizkio bai informazio publikoan jasotako alegazioei emandako erantzuna, bai kontsulta-izapidean jasotako txostenak, eragindako administrazio publikoek eta pertsona interesdunek egindakoak, eta, hala badagokio, proiektu teknikoaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren bertsio berria. Organo substantiboak, aurkeztutako dokumentazioa egokia dela egiaztatu eta sustatzailearekin ados dagoela adierazi ondoren, eskaera egingo du.
  • Ingurumen-organoak espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea. Ingurumen-organoak, irizpen-elementu nahikoak baditu, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egingo du. Jendaurrean jarriko dena eta prozedura amaituko duena. Hala ere, azterketa teknikoa egin ondoren, ingurumen-organoak irizten badio ez duela ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko irizpen-elementu nahikorik, amaitutzat emango du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, amaiera-ebazpen batekin.
  • Organo substantiboak proiektua baimentzea eta publizitatea egitea. Azkenik, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ondoren, organo substantiboak haren edukia sartuko du proiektuaren baimenean. Baimena Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da.

 Epeak

  • Ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena zehaztea: ingurumen-organoak eskaera osoa jasotzen duenetik gehienez ere 3 hilabeteko epea izango du irismen-agiria egiteko; epe horren barruan, ingurumen-organoak kontsultak egingo dizkie eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ebazteko epea eten egin daiteke, ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismena zehazteko nahikoa irizpen-elementurik ez badu. Irismen-agiriak indarra galduko du, baldin eta organo substantiboak, 4 urte igaro ondoren, ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzeko izapideari hasiera eman ez badio.
  • Espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena igortzea: Epea 3 hilabetekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren espediente osoa jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori eten egin daiteke, informazio gehiago behar izanez gero. Gainera, epe hori beste 2 hilabetez luzatu ahal izango da, behar bezala arrazoitutako arrazoiak direla-eta.

Jarduerak 

  • Sustatzaileak organo substantiboari eskaera egingo dio proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko. Eskaerari ingurumen-dokumentua eta proiektu teknikoa erantsiko zaio. Organo substantiboak, aurkeztutako dokumentazioa egokia dela egiaztatu eta adostasuna erakutsi ondoren, ingurumen-organoari bidaliko dizkio, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren izapidea hasteko.
  • Ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena igorriko du, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin ondoren. Erabakia jendaurrean jarriko da, eta kontuan hartuko du kontsulten emaitza. Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura beharrezkotzat jotzen denean, ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenaren berri emango dio sustatzaileari, egindako kontsultei emandako erantzunekin batera, ingurumen-inpaktuaren azterketa egin dezan.
  •  Organo substantiboak proiektua baimentzea eta publizitatea egitea. Azkenik, ingurumen-inpaktuaren txostena jaso ondoren, organo substantiboak haren edukia sartuko du proiektuaren baimenean. Baimena Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da.

 Epeak

Ingurumen-organoak, gehienez ere, hiru hilabeteko epea izango du, eskaera osoa jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko, eta ingurumen-inpaktuaren txostena prestatzeko.

Kontuan hartu behar da zuzenbidean erabat deusezak izango direla ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura burutu gabe emandako baimenak, lizentziak eta gainerako ebazpenak, prozedura hori galdagarria denean.

Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko nahitaezko prozedura bete gabe, zati batean edo erabat gauzatuak dauden proiektuen kasuan, organo substantiboak dagokion ebaluazio-prozedura egingo du gabezia hori agerian jartzen den unean, eta beharrezkoa denean, geroko ebaluazio bati dagozkion zehaztapen teknikoak aplikatuko ditu, balizko zehapenak ezartzea eragotzi gabe.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura, dagokionaren arabera, honako modu hauetan amai daiteke: ingurumen-inpaktuaren adierazpenarekin, ingurumen-inpaktuaren txostenarekin edo amaiera-ebazpenarekin.

  • Ingurumen-inpaktuaren adierazpena:

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren izapidearen ondoren formulatzen da.

Kasu batzuetan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren izapidearen ondoren, zehazten da proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren izapidea bete behar duela, prozedura sinplifikatuan behar bezala aztertu ezin izan diren efektu nabarmenak izan ditzakeelako ingurumenean.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpena ingurumen-organoaren ebazpen baten bidez egingo da, eta ondorio lotesleak izango ditu proiektuak gauzatzeko neurriei eta baldintzei dagokienez, bai eta aurkako adierazpen batek hura exekutatzea ezinezko egiteari dagokionez ere. Ebazpen hori legez ezarritako epeetan ematen ez bada, ez da aldeko ingurumen-ebaluaziotzat joko.

Ondorio guztietarako, eta bereziki ingurumen-inpaktuaren adierazpena betetzen dela zaintzeko eta jarraipena egiteko, adierazpenaren edukiak proiektua egiteko edo, hala badagokio, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren gainerako edukien balio eta eraginkortasun bera izango du.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpenak indarra galduko du eta dagozkion ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratu eta gehienez 4 urteko epean, ez bada proiektua gauzatzen hasi. Kasu horietan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren izapidea, indarraldia luzatzeko eskatzen duenean izan ezik.

Era berean, ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatu ahal izango da, ofizioz edo sustatzaileak eskatuta, dagokion legerian ezarritako izapideari jarraituz. 

  • Ingurumen-inpaktuaren txostena:

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren izapidearen ondoren formulatzen da, Ingurumen-organoaren ebazpen bidez eta ondorio lotesleak izango ditu proiektuak gauzatzeko neurriei eta baldintzei dagokienez. Txosten horretan zehaztu ahal izango da proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaiola, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzakeelako, edo, bestela, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenik ez duela zehaztu ahal izango da. Ebazpen hori legez ezarritako epeetan ematen ez bada,  ez da aldeko ingurumen-ebaluaziotzat joko.

Ingurumen-inpaktuaren txostenak indarra galduko du eta dagozkion ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean argitaratu eta gehienez ere 4 urteko epean, proiektua gauzatzen hasi ez bada. Kasu horietan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren izapidea, indarraldia luzatzeko eskatzen duenean izan ezik.

INGURUNETen bidez egingo da Eusko Jaurlaritzako ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan erabakiak hartzeko araututako edozein eskaera.

Administrazio publikoko organo bati dagokio atal honetako eskabideak egitea, organo substantiboari hain zuzen ere.

Organo substantiboak, indarrean dagoen legeria kontuan hartuta, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren eremuaren barruan dagoen erabaki beharko du, eta honako prozedura hauetakoren bat aukeratu:

DOKUMENTUAK AURKEZTEKO GIDAK (PDF, 1 MB) (leiho berri batean irekitzen da) emandako argibideak bete behar izango dira.

Arreta berezia jarri beharko da honako hauetan: 

  • Abenduaren 9ko 21/2013 Legediaren 16. Artikuluak ezartzen dituen zehaztapenak bete behar dira. Hau da: Ingurumen-edukia duten dokumentuen egileek behar bezala identifikatuta egon beharko dute (izena, abizena, titulazioa eta Identifikazio-zenbakia) eta dokumentuak datatuta eta sinatuta egon behar dira.
  • INGURUNETen bidez aurkezten den dokumentazioa dagozkion ataletan sartu beharko da. Atal bakoitzaren edukiak bat etorri beharko du INGURUNETen eskatutakoarekin.
  • Pdf formatuko planoek behar bezala geoerreferentziatuta egon beharko dute. Halaber, planoak shape formatuan aurkeztuko dira.

Azken aldaketako data: