Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2022ko urtarrilaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL TRENBIDE SAREA
77

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 30ekoa, Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarena, «Durangoko geltokiko igogailuaren eta euste-hormaren proiektua» onartzen duena.

«Durangoko geltokiko igogailuaren eta euste-hormaren proiektuaren» helburua da eraikuntza-proiektuaren berezko mailarekin zehaztea Durangoko tren-geltokirako igogailu-sarbide berri bat egiteko behar diren obrak, iparraldeko aldetik, eta behin-behineko ipar hormaren ordez behin betiko beste bat jartzeko.

Sarbide berria igogailu moduan gauzatzen da, eta Geltoki kaleko +114,80 m-ko kotaren inguruan dagoen kalearen maila eta +104,00 m-ko kotaren inguruan dagoen mezzanina-maila lotzen ditu. Sarbide berri horretarako, mezzaninan makina baliogabetzaile berriak instalatu behar dira; izan ere, gaur egun egiten denaren kontrako muturretik sartzen da bertara.

Igogailuaren edukiera 13 pertsonakoa da, eta erabiltzaile guztientzat erabat irisgarria da.

Igogailu-hodia in situ dago sartuta hormaren eremuan, eta horrekin zimentazioa partekatzen du. Hormigoi armatuzko hormak ditu, 25 cm-ko lodierakoak, eta, guztira, 10,80 m-ko altuera du, zapataren goiko aldearekiko.

Diseinatutako hormaren ezaugarria da behin betiko egitura dela, lehendik dagoen euspena ez bezala, tipologia-nahasketa batez osatua: horma pantaila-ainguratuak, sartutako errailen euspena ainguratuta eta buloiak harkaitzean. Horma berriak altxaera-geometria du, estrados-kontrahormekin eta mentsula motako tipologiarekin. Lur-horma horrek lurrari eusten dio, bere geometria eta grabitate-eragina direla eta. Egiturari dagokionez, hormigoi armatuzko egitura gisa definitzen da.

Proiektatutako euste-horma 87 metro da luze, eta 10 metrotik beherako desnibela gainditzen du. Zati handi bat horma aurrefabrikatuzko fusteek osatzen dute, kontrahormekin, mendebaldeko 67 metroak hartuz, eta ekialdeko gainerako 20 metroak igogailua dagoen eraikinaren kontra eutsitako in situ egikaritzerako erabiliko dira. In situ tarteak 35 cm-ko lodiera eta kokapena ditu, eta birplanteatu egin da, dagoen geltokiko eraikinetik ahalik eta gertuen gera dadin; izan ere, helburua egungo fatxadaren ordez paramentu gisa integratzea da.

Era berean, proiektu horren irismenean, Durangoko geltokiari erantsita dauden Euskotrenen antzinako lantegien eta kotxetegien lursaila deskontaminatzea sartzen da, zeina EAEko Administrazio Orokorraren jabetzakoa baita.

Egikaritze materialaren aurrekontua bi milioi laurehun eta berrogeita zortzi mila zazpiehun eta sei euro eta berrogeita hamahiru zentimokoa (2.448.706,53) da.

Kontrataren araberako egikaritze-aurrekontua 2.987.421,96 eurokoa da, % 6ko mozkin industriala eta % 16ko gastu orokorrak gehituta.

«Durangoko geltokiko igogailuaren eta euste-hormaren proiektuaren» obrak Lizitatzeko Oinarrizko Aurrekontua, % 21eko BEZa gehitu ondoren, hiru milioi seiehun eta hamalau mila zazpiehun eta laurogei euro eta berrogeita hamazazpi zentimokoa (3.614.780,57) da.

Obrak egiteko epea hamabi (12) hilabetekoa da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektuak bere xedeari erantzuten diola, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 9ko 9/2017 Legearen 233. artikuluan eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorraren 126-132 artikuluetan (urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretua) adierazitako dokumentuak barne hartzen dituela, eta kontratu bidez gauzatzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen dituela; beraz, aldeko txostena eman behar zaio.

Organo horrek eskumena du Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren eskumeneko trenbide-azpiegituren eraikuntza-proiektu jakin batzuk onartzeko, organo horrek Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2020ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez eskuordetuta.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatzekoak direnak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

«Durangoko geltokiko igogailuaren eta euste-hormaren proiektua» onartzea. Proiektu horretan, bere irismenaren barruan, Durangoko geltokiaren ondoan dagoen Euskotreneko tailer eta garajeen lursailaren deskontaminazioa sartzen da, hiru milioi seiehun eta hamalau mila zazpiehun eta laurogei euro eta berrogeita hamazazpi zentimoko (3.614.780,57) lizitazioko oinarrizko aurrekontuarekin (BEZA barne) eta obrak egiteko hamabi hilabeteko (12) epearekin.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari bidali beharko diote.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, 2 hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Hala ere, aldez aurretik errekerimendua egin ahal izango dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Jendaurrean jartzen da, guztiek horren berri izan dezaten.

Bilbao, 2021eko abenduaren 30a.

Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusia,

ERNESTO MARTÍNEZ DE CABREDO ARRIETA.


Azterketa dokumentala