Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2021eko urriaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5377

EBAZPENA, 2021eko irailaren 24koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Legutioko udal-mugarteko (Araba) 1086. eta 1132. euskarrien artean dagoen «4656 L01 Landa» 13,2 kV-ko tentsio ertaineko aireko linea aldatzeko proiekturako.

AURREKARIAK

2021eko uztailaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Legutioko udal-mugartean (Araba), 1086. eta 1132. euskarrien artean dagoen «4656 L01 Landa» 13,2 kV-ko tentsio ertaineko aireko linearen hodi eroalea aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2021eko uztailaren 27an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu duela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, I. eta II. eranskinean ageri ez diren arren, Natura 2000 Sareko gune babestuetan zuzenean edo zeharka nabarmen eragin dezaketen proiektuei.

Txosten honen xede den proiektua ez dago jasota abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean ez II. eranskinean. Hala ere, «ES2110011 Zadorraren sistemako urtegiak» KBEarekin egiten du muga; Natura 2000 Sarearen barruan dago, eta, zehazki, haren babes-eremu periferikoan.

Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio proiektu horri. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan gauzatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Legutioko udal-mugartean (Araba), 1086. eta 1132. euskarrien artean dagoen «4656 L01 Landa» 13,2 kV-ko tentsio ertaineko aire-linearen (aurrerantzean, TEAL) hodi eroalea aldatzeko proiektuari dagokionez (aurrerantzean, proiektua), zehaztapen hauekin:

A) Proiektuaren xedea da «4656 L01 Landa» TEALk eroango duen gehieneko potentzia handitzea eta hegaztiak babesteko beharrezkoak diren elementuak instalatzea, 1086. eta 1132. euskarrien artean dauden instalazioak zabalduta eta egokituta.

B) Ebazpen honetan (1086. eta 1132. euskarrien artean dagoen «4656 L01 Landa» 13,2 kV-ko TEALren hodi eroalea aldatzeko proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena ematen duena), proiektuaren ingurumen-inpaktuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Instalazio berriaren trazadura hiru aire-tartek osatuko dute, eta guztira 1.855 m-ko luzera izango du. Oro har, linearen potentzia-ahalmena handitzeko, orain dagoen eroalea kentzea eta beste TEAL bat jartzea proposatzen da, bai eta beste bi euskarri eraikitzea ere.

Proiektatutako jarduketa guztiak Goiaingo eta Urrunagako kontzejuen barruan gauzatuko dira, Legutioko udal-mugartean (Araba).

Ondoren, proiektatutako jarduketak laburbilduko dira:

– Orain dagoen linea desmuntatzea: 1086. eta 1104. euskarrien arteko «4656 L01 Landa» lineako 1.499 m desmuntatzea (LA-30 hodi eroalea dauka); 1102. eta 1129. euskarrien arteko «4656 L01 Landa» lineako 51 m desmuntatzea (LA-30 hodi eroalea dauka), eta 1104. eta 1132. euskarrien arteko «4656 L01 Landa» lineako 305 m desmuntatzea (LA-30 hodi eroalea dauka).

– Hormigoizko euskarriak desmuntatzea: metalezko gangadun gurutzeta eta beirazko esekidura-kateak dituen hormigoizko euskarria desmuntatzea, 1180.a.; eta metalezko gurutzeta zuzena eta beirazko lotura-kateak dituen hormigoizko euskarria desmuntatzea, 1130.a.

– Gurutzetak desmuntatzea: 1087. euskarrian, zurezko pieza angeluarra eta gurutzeta, XS fusibleak (kodea: VI40202) eta beirazko lotura-kateak desmuntatzea; 1093. eta 1094. euskarrietan, metalezko gangadun gurutzeta eta beirazko esekidura-kateak desmuntatzea; 1102. euskarrian, metalezko gurutzeta zuzenak eta beirazko lotura-kateak desmuntatzea, eta, 1131. euskarrian, metalezko gurutzeta zuzena, konpositezko lotura-kateak eta XS fusibleak (kodea: VI41454) desmuntatzea.

– 1086., 1195., 1196., 1197., 1101., 1104., 1128., 1129., 1190. eta 1132. euskarrietan dauden kate isolatzaileak desmuntatzea.

– Saretazko bi euskarri eraikitzea: N1180 eta N1130.

– Gurutzetak, lotura-kateak eta esekidura-kateak aldatzea.

– 1087. eta 1132. euskarrietan, lur-konexio berriak eraztunean eta eskaladaren aurkako plastikozko hesiak; 1197., 1102. eta 1131. euskarrietan, lur-konexio berriak eraztunean eta espaloi perimetralak.

– «4656 L01 Landa» 13,2 kV-ko beste TEAL bat jartzea dauden euskarrien artean (1086.a eta 1104.a), 47-AL 1/8-ST1A (LA 56) motako aluminio-altzairuzko eroalearekin.

– «4656 L01 Landa» 13,2 kV-ko beste TEAL bat jartzea dauden euskarrien artean (1102.a eta 1129.a), 47-AL 1/8-ST1A (LA 56) motako aluminio-altzairuzko eroalearekin.

– «4656 L01 Landa» 13,2 kV-ko beste TEAL bat jartzea dauden euskarrien artean (1104.a eta 1132.a), 47-AL 1/8-ST1A (LA 56) motako aluminio-altzairuzko eroalearekin.

– Zuntz optikoaren eroalearen erregulatzailea N1180. euskarri berrien ondoko baoetan.

– Hegaztiak babesteko forruak instalatzea 1094., 1095., 1096., 1097., 1100., 1101., 1102., N1180., 1104., 1128., 1129., N1130., 1190., 1131. eta 1132. euskarrietan.

Linea berria muntatzeko honako lan hauek egin beharko dira: euskarriak eta sarbideak birlandatzea eta aldaxkatzea, sarbideak eta linearen segurtasun-kalea irekitzea, zuhaitzak eta zuhaixkak moztea eta materialak pilatzea, zimenduak jartzeko hondeatzea eta obra-hondakinak kentzea, eta euskarriak altxatzea eta hormigoitzea. Euskarriak instalatzeko, 50 m2-ko lan-plataforma bat behar da euskarri bakoitzaren oinean. Uste da ez dela sarbide berririk okupatuko; aldiz, orain daudenak egokituko dira. Kalkuluen arabera, zimenduak jartzeko guztira hondeatutakoaren eta lurpeko kanalizazio-zangaren bolumena 6,04 m3-koa izango da (N1180. eta N1130. euskarri berriei dagokie).

Bi aukera aurkeztu dira. Lehenengo aukerak hodi eroalea aldatzea proposatzen du, lehendik dauden instalazioak erabilita eta soilik bi euskarri berri eginda, aurreko lerrokadan deskribatu den bezala. Bestalde, 2. aukerak proposatzen du, funtsean, lehendik dauden instalazioen ordez, trazadura paralelo berri bat ezartzea, lehendik dagoen linearen hegoaldean.

Proiektuak apartatu honetan deskribatutako 1. aukeraren alde egin du, trazadurari kalte gutxiago egiten diolako; izan ere, ez da sarbide berririk egin behar, ezta korridore elektriko berririk ere, eta, landare-inausketei dagokienez, egungo korridorean, mantentze-lanak bakarrik egin behar dira.

2.– Proiektuaren kokalekua.

«4656 L01 Landa» 13,2 kV-ko TEALren trazadura Legutioko udal-mugartean dago (Araba). Goiaingo kontzejuan, lehenik iparralderantz doa, N-240 errepidearekiko paralelo samar, eta, gero, kilometro bat baino gehiagoz, mendebalderantz, Urrunagako kontzejuan sartzen den arte. Bertan, Urrunagako urtegiaren ondoan, bigarren zatia hasten da; 51 metroko zati bat iparralderantz, eta 305 metro luzeko beste bat, hegoalderantz, Urrunagarantz, alegia.

Urrunagako urtegia Natura 2000 Sarearen barruan dago, «ES2110011 Zadorraren sistemako urtegiak» KBE gisa sailkatua. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko barrualdeko hezegune garrantzitsuenetako bat da, interes handiko ekosistemak ditu eta eginkizun nabarmena du hegaztien migrazioan (hainbat hegazti-espezierentzat, negu-pasarako eta ugaltzeko lekua da).

Linea elektrikoaren trazadura ez da aipatu eremuan sartzen, baina, hurbil dagoenez (550 metrora, gutxi gorabehera), KBEaren babes-eremu periferikoan sartzen da. Aipatzekoa da, halaber, Urrunagatik doan trazaduratik 150 bat metro mendebaldera, «ES2110010 Zadorra ibaia» KBEa dagoela.

Aipatutako KBEak, gainera, igarabaren eta bisoi europarraren interes bereziko eremu gisa identifikatzen dira. Galzorian dauden espezie gisa sailkatuta daude Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan, eta, kontserbatzeko, onartutako kudeaketa-planak dauzkate: 880/2004 Foru Agindua, urriaren 27koa, Lutra lutra igarabaren (Linnaeus, 1758) kudeaketa-plana onartzen duena, Arabako lurralde historikoan (ALHAO, 2004-11-24koa), eta 322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Arabako lurralde historikoan Mustela lutreola bisoi europarra kudeatzeko plana onartzen duena (ALHAO, 2003-12-05ekoa).

Eremua abifauna linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko babes-eremuko «Zadorra-Aldaia urtegiak» sektorean dago. Agindu honen bidez deklaratu ziren eremu horiek: Agindua, 2016ko maiatzaren 6koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratzen. Aipatutako eremuetan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz (hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak ezartzen dituena).

Proiektuaren eremuan nagusi den landaredia zerealen laboreak dira; hala ere, linea elektrikoaren babes-eremuan –bertan lehendik dauden landareak moztu edo inausi egingo dira–, Batasunaren intereseko habitat (BIH) hauek identifikatu dira: txilardi oromediterraneo endemiko elorri-triskadunak (kodea: 4090) eta Quercus faginea eta Quercus canariensis harizti iberikoak (kodea: 9240). Horrez gain, Batasunaren intereseko lehentasunezko habitat gisa, Brachypodium pinnatum duten larre mesofiloak identifikatzen dira (kodea: 6210*). Ingurumen-dokumentuan aipatzen da Littorella uniflora dagoela proiektuaren kokapenean; zehazki, Urrunagako urtegiaren ertzetan. Espezie hori bakan gisa sailkatua dago Arriskuan dauden Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan.

Proiektuaren eremua «Santa Lucía meandroa» interes geologikoko eremuan eta ibilbidean sartzen da; jatorrian terraza zabaleko ibai-meandro bati zegokion, baina, ekintza antropikoaren ondorioz, erabat aldatu da. Bestalde, eremua ez dator bat katalogatutako korridore ekologiko batekin ere; dena den, Zadorra ibaia interes bereziko ibai-zatitzat jotzen da. Azkenik, hala Urrunagako urtegia nola Zadorra ibaia EAEko azpiegitura berdean sartzen dira, biodibertsitate-erreserben kategorian.

Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialak (LPS) EAEko Hezeguneen Inbentarioko III. taldean sartzen du Urrunagako urtegia.

EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren arabera, proiektuaren trazaduraren zati bat Urrunagako urtegiko 200 metroko babes-zerrendan sartuta dago.

Linea elektrikoaren trazaduraren zati bat ekainaren 7ko 400/2013 Errege Dekretuak onartutako 2009-2015eko aldiko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan sartzen da, zehazki, Uribarri-Ganboako urtegiko hiri-hornidurako harguneak babesteko eremuan.

Legutioko hirigintza-plangintzako indarreko arau subsidiarioen arabera, 200 bat metroko azken zatia izan ezik, lurzoru urbanizaezinean kokatzen da proiektua, eta, beraz, Nekazaritza eta Basozaintzako LPSk arautzen du. Proiektuaren eremuan, kategoria hauek identifikatu dira: nekazaritza eta abeltzaintza-trantsizioko landa-paisaia; basoa; basoa-mendi urria; larre menditarra, eta ingurumen-hobekuntza. Horietan, 2a motako aireko linea elektrikoak eta instalazioak onartzen ditu.

Ingurumen-arriskuak kontuan hartuta, eremuan ez dira identifikatu uholde-arriskua duten lursailak, ezta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatiak ere, eta eremuaren oinarri diren akuiferoek kutsadurarekiko urrakortasun txikia dute. Nolanahi ere, proiektatutako linea elektrikoaren zati bat baso-suteak izateko arrisku handia duten eremuekin bat dator.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Obra-fasean dagoen proiektuaren ondoriozko inpaktu nagusiak egungo euskarrien hodi eroaleak eta egiturak aldatzeari lotutakoak izango lirateke, bai eta euskarri berriak instalatzeari lotutakoak ere. Halaber, lur-mugimenduak egingo dira, lurzorua aldatuko da eta lan-plataformen azpian sortzen diren landareak galduko dira. Ingurumen-dokumentuaren arabera, aipatutako lan-plataformek eragindako aldaketak lehengoratu ahal izango dira, eta, proiektatutako euskarri berrien kopuru txikia kontuan hartuta, horien zimenduak jartzeko egin behar diren lur-mugimenduak oso txikiak izango dira. Arrazoi horiengatik, eta lehendik dagoen linea elektriko batean esku hartzen denez, ez da aurreikusten nekazaritza-lurzoruan eragin nabarmenik izango duenik.

Hodi eroaleen eta linearen azpiko zuhaitzen arteko segurtasun-tarteak mantentzeko aurreikusitako inausketak eta mozketak direla eta, Batasunaren intereseko habitat identifikatuetan jardun beharko da (bereziki kaltebera izango da 6210* kodedun BIHa). Nolanahi ere, linea elektriko berriaren trazadura bat dator orain dagoenarekin, eta, beraz, ingurumen-dokumentuaren arabera, korridore elektrikoa mantentzeko inausketak eta mozketak bakarrik egin beharko dira.

Obrek aldi baterako eragina izango dute; besteak beste, hondakinak sortuko dira, ustekabeko isurketak gertatzeko arriskua egongo da, zarata areagotuko da eta fauna-habitataren eta biztanleen bizi-kalitatea murriztuko da. Ez da intereseko fauna-espezierik identifikatu proiektuaren eremu zehatzean; hala ere, Zadorraren urtegien sistemako KBEtik eta Zadorra ibaiaren KBEtik hurbil dagoenez, prebentzio-neurriak hartu behar dira, faunari ez eragiteko, ugalketa- eta migrazio-garaian bereziki.

Ustiapen-fasean, inpaktu nabarmenenak abifaunari eragindakoak izango dira, linea elektrikoarekin talka egin dezaketelako eta elektrokutatu egin daitezkeelako. Hori horrela, proiektuak barne hartzen du linea elektriko berria egokitzeko lanak egitea, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan (hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak ezartzen dituena) jasotako neurriak betetze aldera.

Ustiapen-fasean, linea elektrikoa egokituta eta hark garraiatu beharreko gehieneko potentzia handituta, kalitatea hobetuko da, eta erabiltzaileei hornidura elektrikoa bermatuko zaie; beraz, ondorio positibotzat jotzen da. Bestalde, hegaztiak babesteko aurreikusitako elementuak instalatzeak linearen egungo egoera hobetuko du.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak ere aintzat hartuta, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira proiektuan.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:

Natura-ondarea babestera zuzendutako neurriak.

– Proiektuak bete egin beharko ditu ekainaren 30eko 120/2015 Dekretuan eta martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuan datozen erabakiak. Lehenengo dekretuaren bidez, Zadorraren sistemako urtegiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dira; bigarrenak, berriz, ingurune hidrikoari lotuta dauden Kontserbazio Bereziko Eremuetarako (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuetarako (HBBE) arau orokorrak onartzen ditu.

– Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari eta intereseko landarediari eragitea saihestuko da.

Eremu horiek ezin izango dira kokatu identifikatutako gune babestuetako lursailetan eta proiektuak ukituko ez dituen intereseko landare-formazioak dituzten eremu sentikorretan.

Horretarako, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

– Linearen eragina jasan dezaketen eremu kalteberetan eta natura-balio handieneko eremuetan (Zadorraren sistemako urtegiak KBEaren babes-ingurua eta 4090, 9240 eta 6210* kodedun BIHak), inausketak egingo dira, bideragarria den guztietan, eta zuhaitzak behar-beharrezkoa denean soilik moztuko dira, betiere linea elektrikoaren segurtasuna bermatzen ez badute gehieneko garapenera iristen direnean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

– Bertakoak ez diren zuhaitzak ipurditik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

– Zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko, Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak.

– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landarediari kalterik ez eragiteko.

– BIHari eragiten dioten eremuetan, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta in situ balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko.

– Birlandatze-fasean eta eremu kalteberetan lanak egitean (Zadorraren sistemako urtegiak KBEaren babes-ingurua eta 4090, 9240 eta 6210* kodedun BIHak), basoetako flora eta faunako aditu batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik zeuden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina saihestuz egingo dira.

– Urriaren 27ko 880/2004 Foru Aginduaren (Lutra lutra igarabaren –Linnaeus, 1758– kudeaketa-plana onartzen duena, Arabako lurralde historikoan) eta azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduaren arabera (Arabako lurralde historikoan Mustela lutreola bisoi europarra kudeatzeko plana onartzen duena), Arabako Foru Aldundiko organo eskudunaren aurretiazko baimena beharko du interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak ugaltzeko erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar. Gainera, mugak ezarri ahal izango dizkio lanak gauzatzeko moduari eta lanak egiteko uneari.

– Obrak egitean, mehatxatutako faunarentzat identifikatutako aldi kritikoa saihestuko da; bereziki, martxoa eta abuztua bitartean.

– Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, ingurumen-dokumentuan aireko linea elektriko berri osorako zehaztutako neurriak hartuko dira, hegaztiek elektrokutatzeko edo talka egiteko dituzten arriskuak minimizatzeko.

Ura eta lurzorua babestera zuzendutako neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko ohiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

Paisaia babestera eta ukitutako eremuak leheneratzera zuzendutako neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea, eta abar). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

– Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

– Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan, partida bat jasoko da hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dauden legeetan ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak kudeatzera zuzendutako neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira hondakinak; hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duena) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideak baldintza onenetan mantenduko dira une oro.

– Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala; hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.

Kultura-ondarea babestera zuzendutako neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Natura 2000 Sareko guneen (Zadorraren sistemako urtegiak KBEA eta Zadorra ibaia KBEa), Batasunaren intereseko habitaten gaineko (4090, 9240 eta 6210* kodedun BIHak) eta, ondorioz, intereseko faunaren habitaten gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obren akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruko aholkularitza kualifikatua izan beharko du. Obraren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintzen agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Legutioko udal-mugartean (Araba), 1086. eta 1132. euskarrien artean dagoen «4656 L01 Landa» 13,2 kV-ko tentsio ertaineko aireko linea aldatzeko proiektuari (i-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAUk sustatzen du).

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Seigarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 24a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala