Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2021eko irailaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4870

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 23koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez, ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatutako Bakioko hondakin-uren araztegia handitzeko eta hobetzeko proiektuarentzat.

AURREKARIAK

2021eko apirilaren 29an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Bakioko hondakin-uren araztegia handitzeko eta hobetzeko proiektuari buruzko eskabidea osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuaren txostena lortzeko, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren barnean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2021eko maiatzaren 11n, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Bukatu da jada kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea, eta bitarte horretan zenbait erakundek bidalitako txostenak jaso dira; haien emaitza espedientean jasota dago. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu duela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c) artikuluan xedaturikoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio, besteak beste, «proiektuaren I. eranskineko edo II. eranskineko ezaugarrien aldaketa orori, exekutatuak edo exekuzio-prozesuan daudenak, 7.1.c) artikuluan jada baimendutako deskribatuez bestelakoak badira eta ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsuak izan baditzakete». Aipatutako artikuluarekin bat etorririk, aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarriak ekar ditzakeela pentsatuko da, besteak beste, Natura 2000 Sareko eremu babestuetan eragina izan badezake.

Aldaketaren xede den proiektua abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren 8.d taldean jasota dago: «Hondakin-urak tratatzeko instalazioak, 10.000tik 150.000 bitarteko biztanle-baliokideren hondakin-urak tratatzeko gaitasuna baldin badute», eta Natura 2000 Sareko «Mundakako itsasadarra – Ogoñoko lurmuturreko itsas gunea» (ES0000490) HBBEtik metro gutxira dago.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiria zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bakioko hondakin-uren araztegia handitzeko eta hobetzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea; Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatu du proiektu hori. Era honetan:

A) Proiektuaren xedea Bakioko hondakin-uren araztegiaren (aurrerantzean, HUA) tratamendu-ahalmena berritzea eta handitzea da.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Bakioko hondakin-uren araztegia –HUA– handitzeko eta hobetzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten den, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideei eta espedientean jasotako txostenei jarraikiz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Bakioko gaur egungo HUA bere ahalmenaren mugan dago, eta, horren ondorioz, isurketa batzuk gertatzen dira, indarrean dagoen isurketa-baimenaren arabera baimendutako mugak gaindituta. Hori dela eta, instalazioak erabat eraberritzea planteatzen da, eta tratamendu-ahalmena handitzea, tratatutako uraren kalitatea hobetzeko.

Proiektuan jarduketa hauek jasota daude:

– Instalaziora ur gordina sartzeko sistema aldatzea. Bakioko ponpaketaren bidez iristen da ur gordina instalaziora, 300 mm-ko diametroko burdinurtuzko hoditeria baten bidez; proposatutako proiektuan trazadura aldatu egiten da 8 m-ko tartean, sarrerako obra berrira bideratzeko. Kutxatila multzo batez osatuta dago, instalaziora ur gordina sartu, aurretratamendu-ekipoetara banatu eta tratamendu biologikora bideratu ahal izateko, baita fase bakoitzeko emariaren soberakinak husteko ere.

– Aurretratamendua. Aurretratamenduko bi instalazio trinko jarri nahi dira (bakoitzak 150 m3/h-ko edukiera gehienez), arbastatze fineko, harea-kentzeko eta koipe-kentzeko etapak barne hartuta. Instalazio simetrikoak dira eta bien artean 5 m3-ko metalezko edukiontzi bat aurreikusi da, hondakinak biltzeko.

– Bigarren mailako tratamendua aldatzea. Bigarren mailako tratamenduak lohi aktibatuen prozesu biologikoa eta bigarren mailako dekantazioa hartzen ditu barne. Dauden tangak birmoldatu egingo dira; hala bada, dauden lau erreaktoreak eta bigarren mailako lau dekantazio-tangak lohi aktibatuen tratamendu biologikorako 2 lerro bihurtuko dira.

– Bigarren mailako dekantazioa hobetzea. Biologikoki tratatutako ura jaso eta hormigoi armatuzko bigarren mailako bi dekantazio-tangetara bideratuko da. Berriak izango dira horiek, oinplano zirkularrekoak eta 14,6 metroko barne-diametrokoak.

– Eraikin berri bat egitea, haize-makinak (erreaktore biologikoen ganberak aireztatzeko) eta argi ultramore (UV) bidezko desinfekzio-sistema instalatzeko. Bigarren mailako dekantazio-tangetatik datorren ura bildu eta haize-makinen eta UVren eraikinera eramaten da. Alumina sulfatoa dosifikatzeko instalazio bat proiektatu da, biologikoki deuseztatzea aski ez den puntetan fosforoa kimikoki deuseztatzeko. Dosifikazio-instalazioa haize-makinak eta UVa dauden eraikineko desinfekzio-gelan egongo da.

– Lohien lerroa guztiz birmoldatzea lohiak tratatzeko eraikin berri bat eginez. Lerro horretan lohiak loditzeko tanga bat (errasketa barne), biltegi indargetzaile berri bat eta deshidratazio-zentrifugagailuak daude. Deshidratatutako lohia 25 m3-ko edukiera duen altzairu herdoilgaitzezko tobera batean biltegiratzen da.

– Usainak tratatzeko ekipo bat gehitzea (ikatz aktibo bidezko adsortzio bidez), eta aireztagailu bat; azken horrek lohien eraikinaren estalkiko tximiniaraino xurgatuko du airea ekipo horren bidez.

– Instalazioko automatizazio-, kontrol- eta komunikazio-sistemak berritzea eta hobetzea.

– Obrek 24 aste iraungo dutela aurreikusten da.

2.– Proiektuaren kokalekua.

HUA dagoen lurzatia San Pelaio auzoan dago, Talapeko punta deritzon tokitik gertu. Iparraldean eta mendebaldean itsasoa du mugakide, eta ekialdean eta hegoaldean harri-ezponden artean dago (lehengo harrobi baten ustiapenak sortuta). HUAren instalazioak, gaur egungoak zein berriak, lehengo harrobiko plazan daude.

Hondakin-uren araztegia itsaslabarraren ertzean dago, «Mundakako itsasadarra – Ogoñoko lurmuturreko itsas gunea» (ES0000490) HBBEaren ondoan, baina eremu horren mugetatik kanpo. «Gaztelugatxe» KBEtik (ES2130005) 270 metro hegoaldera dago, eta «Urdaibaiko itsasadarra» (ES0000144) HBBEtik 170 metro hegoaldera.

«Mundakako itsasadarra – Ogoñoko lurmuturreko itsas gunea» HBBEak izendapen hori jaso du itsas zerrenda gisa duen garrantziagatik, itsasertzeko zerrenda osoan eta uharteetan ekaitz-txori txikiaren (Hydrobates pelagicus) eta ubarroi mottodunaren (Phalacrocorax aristotelis) ugaltze-kolonia batzuk daude eta. Gune hori garrantzitsua da, orobat, itsas hegazti migratzaile ugarirentzat; horien artean honako hauek nabarmentzen dira, duten garrantziagatik: gabai balearra (Puffinus mauretanicus), gabai iluna (Puffinus griseus) eta zanga (Morus bassanus).

Ubarroi mottoduna eta ekaitz-txori txikia proiektuaren eremuan bizi diren espezieak dira. Bi espezieek kudeaketa-planak dituzte Bizkaiko Lurralde Historikoan. HUAtik gertu ubarroi mottodunaren habiagintzako eremu bat dago, hegazti horren kudeaketa-planak interes bereziko eremu gisa kalifikatua; San Pelaioko itsaslabarrak dira, HUAtik 125 m iparraldera. Ekaitz-txori txikia inbentariatu da, halaber, eremu horretan. Gaztelugatxeko tonboloko itsaslabarrak ubarroiaren eta ekaitz-txori txikiaren ugaltze-eremuak dira, eta interes bereziko eremua da bi espezieentzat; hala ere, eremu hori HUAtik aldenduago dago, eta aurreikusitako obrek ez diote nabarmen eragingo.

HUA handitzeko erabiliko den eremuan Batasunaren intereseko habitat hau dago: 6210 Larre lehor erdinaturalak eta kareharrizko lurzoruen gaineko sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia). Ez da lehentasunezko BIH bat, ez baita orkidearik atzeman. Itsaslabarren eremuko landaredia habitat hauei dagokie: 4040* Kostaldeko txilardi lehor atlantikoak (Erica vagans) (lehentasunezko habitata) eta 1230 Atlantikoko eta Baltikoko kostaldeetako landaredia duten itsaslabarrak, zeina habitatarekin bat datorren. Sustatzaileak bidalitako dokumentazioaren arabera, Crocosmia x crocosmiiflora dagoela egiaztatu da, landare-espezie inbaditzailetzat hartua.

Lurzati osoa, gaur egungo instalazioak eta haien etorkizuneko handitzea barne hartzen dituena, itsas-lehorreko jabari publikoaren babes-zortasuneko zerrendaren barruan dago, baina itsas-lehorreko jabari publikotik kanpo.

Itsasertzeko Lurralde Plan Sektorialari dagokionez, gaur egungo instalazioa hiri-lurzoruan dago. Aurreikusitako handitzea bat dator babes zorrotz bereziko eremu batekin (azalera txiki bat, 200 m2 baino gutxiagokoa, baina obrek iraun bitartean baliteke okupazioa handiagoa izatea) eta babes berezi bateragarriko eremu batekin. Horri dagokionez, lehendik dagoen instalazio bat handitzea da, eta, horregatik, hori erabiltzea onargarritzat jotzen du ingurumen-dokumentuak. Gainera, instalazio berriek, oro har, aipatutako artikuluetan zehaztutako mugak errespetatzen dituzte.

Indarrean dauden Bakioko hirigintza-plangintzako arau subsidiarioen arabera, oraingo HUA hiri-lurzoruan dago, eta oinarrizko azpiegituren sistema orokorreko sailkapena du. Handitzeak zati batez eragingo dio kostaldeko babeseko sailkapena duen lurzoru urbanizaezinari. Ingurumen-dokumentuaren arabera, Bakioko arau subsidiarioek onartzen dute instalazio berriak landa-lurzoru babestuan ezartzea, onura publikoko eta gizarte-intereseko obra baita.

Gaur egungo HUA bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokaleku batekin (kodea: 48012-00004). Instalazioak handitzeko eremua ez dago aipatutako inbentarioan jasota.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren ondoriozko inpaktu nagusiak obren fasean sortuko dira, gaur egungo arazketa-sistemaren balizko istripu bati lotuta, horren ondorioz uretarako isurketa gertatuko baitzen. Beste inpaktu posible batzuk eraikin berriak egitearekin eta gaur egungo instalazioak birmoldatzeko obrekin lotutakoak dira. Lan horien ondorioz, izan ere, gerta liteke itsas uren kalitatea murriztea solido esekiez betetako uren isuri barreiatuen eta ezusteko isurien ondorioz. HUA Bakioko hondartzaren eragin-eremuaren barruan dago, eta, horrenbestez, instalazio birmoldatu bitartean gertatzen diren ezusteko isurketek edo funtzionamendu-arazoek baliteke bainatzeko uraren kalitatean eragitea eta erabiltzaileei arazoak sortzea.

Kontuan hartu beharreko beste alderdi bat da obrak gauzatzean zarata-maila handitu egingo dela, eta horrek, batez ere, «Mundakako itsasadarra – Ogoñoko lurmuturreko itsas gunea» (ES0000490) HBBEko intereseko hegazti-espezieei eragingo die. Inpaktu hori aldi baterako da, baina oso kontuan hartzekoa da, bereziki HBBE horretako kontserbatu beharreko hegazti-espezieen garai kritikoan.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, HUAren instalazioak handitzeko lanek zuzenean eragindako eremuan ez dago egiaztatuta itsas inguruneko hegazti espezie babestuek habiarik egiten dutenik. Hala ere, San Pelaioko itsaslabarren interes bereziko eremua dago 125 metro ingurura; ubarroi mottodunaren ugaltze- eta habiagintza-eremua da, eta, horrenbestez, baliteke eraginik izatea itsasertzeko eremu horretan bizi den hegaztien ugaltze-koloniaren ohiko jokabidean. Inpaktua are larriagoa izango da habiagintzako garaian edo migrazio-garaian gertatzen bada.

HUA kokatuta dagoen harrobi zaharreko ezpondek nabarmen babesten dute jarduketa-eremua ipar-ekialdean, ekialdean eta hego-ekialdean; hori dela eta, ingurumen-dokumentuaren arabera, nabarmen arinduko da obrek eragiten duten inpaktu akustikoa. Faunaren gaineko inpaktua minimizatzeko, ubarroi mottodunaren ugaltze-garaitik kanpo egingo dira obra zaratatsuenak, eta obra-egutegia egiteko orduan kontuan hartuko dira kaltetuak izan daitezkeen hegazti-espezieen ezaugarriak.

Ustiapen-fasean, zarataren eta usainen emisioa eta ezusteko isurketen arriskua izango dira inpaktu nabarmenenak. Gaur egungo instalazioak sortutakoen pareko inpaktuak dira, baina aurreikusten da ingurunean eragin txikiagoa izango dutela instalazioak handitu eta hobetzeko obren ondoren; zehazki, gaur egun dauden uretarako isurketak eragotzi nahi dira.

Usainen emisioa minimizatzeko, emisio handiak sor ditzaketen tanke eta espazio guztiak barne hartzen dituen tratamendu-lerro bat jasotzen du proiektuak. Bildutako airea haizagailuen bidez bultzatzen da lohien eraikineraino. Eraikin horrek usaina kentzeko gela bat du, eta bertan usainak tratatzeko ekipo bat dago (ikatz aktibo bidezko adsortzioa); horrez gain, aireztagailu bat ere badu, ekipo horren bidez airea eraikinaren estalkiko tximiniaraino xurgatzen duena.

Ustiapen-fasean, instalazioa handitzeak itsasora isurtzen diren uren kalitatea hobetuko du, eta gutxiagotan egongo da tratatu gabeko uraren soberakinak hustu beharra eurite handiko garaietan.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak ere, aintzat hartuta, ez da aurreikusten ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik proiektuak.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Bakioko HUA handitzeko proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo paragrafoetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa. Ebazpen honetan jasotzen diren neurriak ezartzeko, bereziki hartu dira kontuan Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zerbitzuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondare Zerbitzuaren txostenak, kontsulta-izapidean jasotakoak.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Hurrengo apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Eremuan dauden espezie mehatxatuen kudeaketan eskumena duen erakundeak bere adostasuna adieraz dezan, proiektua baimendu aurretik, Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ingurunearen Saileko Natura Ondarearen Zerbitzuari honako informazio hau jasotzen duen dokumentu bat bidaliko zaio:

– Obrak hasi aurreko txosten bat, arloko aditu batek idatzia, eragiketei ekin aurretik ubarroi mottodunaren (Phalacrocorax aristotelis) populazioa zein den zehazteko. Emaitzen arabera, eta beharrezkoa bada, espeziea babesteko neurri berriak proposatuko dira eta/edo ingurumen-dokumentuan proposatutako neurriak nahikoak direla justifikatuko da.

– Ingurumen-dokumentuak baztertu egin du proiektuaren eremuan mehatxupeko basaflora dagoela, baina Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenak adierazten du balitekeela HUAren inguruan Glaucum flavum espezieko populazioren bat egotea, gaur egun EAEn desagertutzat jotzen dena. Kautelaz, prospekzio bat egin beharko da proiektuaren eragin-eremuan, espezie horretako populaziorik ez dagoela egiaztatzeko. Haren alerik ikusiz gero, proiektuko jarduerek izan dezaketen eragina aztertuko da, eta babes-neurri egokiak proposatuko dira. Informazio hori Natura Ondarearen Zerbitzuari helaraziko zaio.

– Obrek 24 hilabeteko iraupena izango dutela kontuan hartuta, inpaktu akustiko handiena sortzen duten proiektuko ekintzak identifikatuko dira, urtarriletik apirilera bitarteko alditik kanpo egin daitezen. Izan ere, aurreikusitakoaren arabera, hilabete horietan dago ubarroi mottodun heldu gehien inkubatzen. Lanen programazio horrek Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren adostasuna izan beharko du, eta berrikusi ahal izango da, hala badagokio, obrak egiteko egutegia egokitzeko.

– Obren hasieran eragiketen aurreko erroldaz gain, eta Ur Partzuergoak aurkeztutako dokumentazioan jasotzen duen bezala, obren fasean ere egingo da ubarroi mottodunaren errolda bat, ebaluazioaren xede den aurkeztutako dokumentazioan deskribatutako metodologiari jarraikiz.

– Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 112/2006 Foru Dekretuaren arabera, –horren bidez «ubarroi mottoduna» (Phalacrocorax aristotelis) hegaztiaren kudeaketa-plana onesten da. Espezie hori arrarotzat hartuta dago eta, hori babesteko, neurri espezifikoak behar dira–, Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunaren aurretiazko baimena beharko du interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak ugaltzeko erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar. Gainera, mugak ezarri ahal izango dizkio lanak gauzatzeko moduari eta lanak egiteko uneari.

– Obrak proiektua egiteko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Obrako material eta tresnek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezin izango dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Kontratistaren instalazio-eremuak, makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratze-eremua, landare-lurra aldi baterako metatzeko eremuak eta obran sortutako hainbat tipologiatako hondakinak kudeatzeko eremuak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideen arabera proiektatuko dira. Eremu horiek ezin izango dira kokatu itsas-lehorreko jabari publikoaren babes-zortasuneko lurretan eta proiektuak ukituko ez dituen intereseko landare-formazioak dituzten eremu sentikorretan.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

Uraren arloan eskumena duen organoak ezarriko duena errespetatuta, itsas-lehorreko jabari publikoan eta horren babes-zortasunetan eragina duten obretarako, eta euri-urak isurtzeko baimenari dagokionez, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira:

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Itsasora isuri barreiatuak izango direla aurreikusten den eremuetan, ura iragazteko gailuz eratutako hesiak jarriko dira, proiektuaren sustatzaileak igorritako dokumentazioan aurreikusi bezala.

– Aldi baterako desjabetzearen mugan egin beharreko aldi baterako balizatzea nahikoa sendoa izan beharko da, itsaslabarretik materialak eror ez daitezen.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko ohiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

– Hondakin-uren araztegia handitzeko proiektua, hain zuzen ere, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak (48012-00004 kodea) izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen lurzati batean egingo da. 4/2015 Legeak, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak, 25. artikuluan ezarritakoaren arabera, proposatutako jarduera lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko obligaziotik kanpo dago. Nolanahi ere, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

Era berean, hondeatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa denean, nahitaezkoa izango da indusketa selektiboko plan bat aurkeztea, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Instalazioan bertan tratatutako ura berriz erabiltzeko zerbitzuen ur-sareak araztutako urak berrerabiltzeko araubide juridikoa ezartzen duen abenduaren 7ko 1620/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko du.

– HUAren funtzionamendutik eratorritako hondakin-uren isurketari dagokionez, erakunde eskudunaren isurketa-baimenean eta indarrean dagoen legedian ezarritakoa bete beharko da.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak:

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea, eta abar). Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.

– Sustatzaileak proposatutakoaren neurriko Erica vagans eta/edo Rhamnus alaternus espezieko alerik ez badago, komenigarritzat jotzen da neurri txikiagoko landare gehiago erabiltzea.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dira, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak joan baitaitezke.

– Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-guneetan aurkitutako espezie inbaditzaileak, bereziki eremuaren zati handi batean ageri den Pittosporum tobira espezieari dagokionez.

– Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan, partida bat jasoko da hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako.

– Komeni da landareztatutako eremuetan gutxienez bi urteko berme-aldia izatea lehengoratzeko, lehengoratzeak arrakasta izan dezan.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

– Ingurumen-dokumentuan proiektuaren egikaritze-faserako jasotako neurriez gainera, isolatzeko behar diren neurriak ere hartuko dira, hala badagokio, hondakin-uren araztegiak hurbilen dauden etxebizitzetara igorritako zarata-mailek zarata-foku berrietarako I. eranskinaren F taulan ezarritako gehieneko immisio-balioak bete ditzaten. Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jasota dago aipatutako eranskina. Nolanahi ere, bete beharko dira, orobat, etxebizitza edo bizitegi-erabilerako eraikinen barneko espazio bizigarriari aplikatu beharreko zarata eta bibrazioetarako soinu-kalitateko helburuak; aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko B eta C tauletan adierazita daude helburu horiek.

Hondakinen kudeaketara bideratutako neurriak:

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak:

– Aldian-aldian, garbitu egingo da sarbidea, bai eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatuko ere. Sarbideak egoera egokian egon beharko dira une oro.

– Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.

– Baldin eta hondakin-uren araztegian, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan jasotako jardueraren bat garatuko balitz, kasu bakoitzean aplikatu beharrekoak gertatzen diren prozedurak eta betebeharrak egikaritu beharko dira.

– Aurrez adierazitakoari kalterik egin gabe, instalazioen diseinuari dagozkion prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ez ezik, funtzionamendurako baldintza egokiei, tratamenduari (bilketa eta desodorizazioa) eta mantentze-lan egokiei buruzkoak ere hartuko dira, ahalik eta usain gutxien sor dadin, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Garbiketa eta obren akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin egin beharko dira.

Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko aurkeztutako dokumentuen arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta honela aldatu beharko da:

– Espedientean jasotako txostenen arabera, eta ebazpen honen aurreko lerrokadetan adierazi den bezala, ubarroi mottodunaren kolonien eta ugalketa-arrakastaren errolda egingo da obrak hasi aurretik, hegaztien portaera eta lanek San Pelaioko itsaslabarretan habiak finkatzearekin izan ditzaketen interferentziak baloratzeko.

– Ingurumena zaintzeko programa obra kontratatzeko baldintzen agirian sartuta geratu behar da, eta bete ahal izatea bermatzeko behar den aurrekontua izango du.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatutako Bakioko HUA berritu eta handitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 23a.

(Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren titularra ordezteko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren d apartatuan ezarritako araubidea aplikatuz).

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala