Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2021eko irailaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4660

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 16koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Andoaingo Agiri Alai 45 HEE eremuaren Plan Partzialaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa.

AURREKARIAK

Andoaingo Udaleko osoko bilkurak hasierako onarpena eman zion Agiri Alai 45 HEE eremuaren Plan Partzialari 2019ko uztailaren 19an.

2018ko ekainaren 15eko Ebazpenaren bidez, orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Andoaingo Agiri Alai 45 HEE eremuaren Plan Partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoaren ingurumen-txosten estrategikoa eta irismen-dokumentua egin zituen.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Andoaingo Udalak, 2019ko uztailaren 29an, eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen, egokitzat jotzen zituzten oharrak eta iradokizunak egin zitzaten; hainbat erakunderen txostenak jaso ziren izapide horretan.

Era berean, Andoaingo Udalak Plan Partzialaren jendaurreko informazioaren izapidea egin zuen, 45 egun baliodunez (GAO, 142. zenbakia, 2019ko uztailak 26), iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; horrela, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa bete zen, egokitzat jotzen ziren alegazio guztiak aurkezteko aukera emateko.

2021eko uztailaren 12an, Andoaingo Udalak Plan Partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskabidea osatu zuen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– Planaren azken proposamena: Plan_Partziala_Andoain_Agiri_Alai_45HHE, eranskin batzuk ditu, eta horien artean, ingurumen-inpaktu estrategikoaren azterketa dago.

– Plan Partzialaren Ingurumen Azterketa Estrategikoa, 2019ko urtarrilekoa.

– Eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidean jasotako txostenen hitzez hitzezko kopia.

– Kontsultako eta informazio publikoko izapideen emaitzei buruzko agiri teknikoa, eta ingurumen-azterketa estrategikoa egiterakoan kontuan hartzeari buruzkoa.

Andoaingo Udalak ohartarazi duenez, behin jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapideak amaituta, zenbait alegazio jaso dira, baita zenbait txosten ere –horien emaitza eta edukia administrazio-espedientean daude jasota– eta txosten horiek kontuan hartu dira Plan Partzialaren behin betiko bertsioa idaztean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea eskatzen badu, horrek ingurumenean izan ditzakeen ondorio esanguratsuengatik.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, aipatu legearen I. eranskineko A apartatuan bildutako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, baldin eta ebaluatu behar diren planek eta haien aldaketak ingurumenean ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Andoaingo Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Andoaingo Agiri Alai 45 HEE eremuaren Plan Partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismen-dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu dira eta honako hauek guztiak ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretua; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Andoaingo Agiri Alai 45 HEE eremuaren Plan Partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, jarraian adierazten diren baldintzetan:

A) Plan Partzialaren helburua da 45 HEE-«Agiri Alai» bizitegirako lurzoru urbanizagarri sektorearen antolamendu xehatua egitea, Andoaingo HAPOaren arabera, herriko hiri-lurzoruari jarraipena emateko, eta, hala, etxebizitza berriak eta komunitate-ekipamenduak eraikitzea eta udalerriaren garapena sustatzea:

– Bizitegi-erabilerako/hirugarren sektoreko 14 lurzati pribatu antolatu dira, bai etxebizitza libreetarako bai babestuetarako, babes ofizialekoak eta tasatuak. Guztira, 13.180 m2 dira.

– Ekipamendurako bi lurzati antolatu eta definitu dira (3.481,08 m2).

– Hiri-espazio libreen erreserbari dagokion azalera 8 lurzatitan antolatuta dago, hala berdeguneetarako nola oinezkoentzako urbanizatutako guneetarako (12.972,08 m2).

– Erreferentzia bakar batean jaso da eremuko errepide-sistemari dagokion lurzatia, bai errepideko zirkulazioari bideratutakoa, bai lur gaineko aparkalekuei, espaloiei eta bidegorriei bideratutakoa (13.635,66 m2).

Plana izango da oinarria ondorengo hirigintza-kudeaketako proiektuak eta urbanizazio-proiektuak izapidetu eta onartzeko, bai eta herri-lanak gauzatzeko ere, bai urbanizazio-lanak, bai instalazioen azpiegitura orokorren lanak, bai etorkizuneko ondoriozko eraikuntzen lanak.

2011ko maiatzean onartutako Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako zehaztapenekin bat etorriz, eremua lurzoru urbanizagarri sektorizatu/bizitegi-erabilerako gune gisa sailkatuta dago, eta 43.730 m2-ko azalera du.

Plan Partzial honen xede den eremua «Andoain-Urnieta» izeneko Hiri eta Hiri-periferia Multzoaren barruan dago, eta bi udalerrietako hiri-eremuak eta hiri-periferiako eremuak barne hartzen ditu.

Gauzatzekoak diren jarduera nagusiak.

– 137 etxebizitza inguru eraikitzea. Etxebizitzak honako tipologia hauetakoak izan daitezke: a.2 Eraikuntza irekiko bizitegi-lurzatiak edo a.3 Garapen txikiko eraikuntzako bizitegi-lurzatiak.

– Zenbait bizitegi-eraikin finkatzea; beste batzuk antolamendutik kanpo geratzen dira, eta beste batzuk eraitsi egingo dira.

– Lehendik dagoen sarbidea hobetzea, azpiegiturak hobetzea...

– Aparkalekuak eraikitzea.

– Ekipamenduak: Plan Partzialak espazio libreetarako gutxienez 6.120 m2-ko azalera aurreikusten du.

Ingurunearen ezaugarriak eta jarduketen ingurumen-ondorioak.

Plan Partzialaren xede den sektorea Andoaingo udalerrian dago, herrigunearen iparraldean, urak Oria ibaira isurtzen dituen Ziako errekaren arroan. Eremuaren iparraldean A-15 errepidea dago eta, beste aldean, Buruntzako harrobia.

Eremuak Andoaingo hirigunearekin egiten du muga hegoaldean, landazabal atlantiko batez osatutako eremu nagusiki landatar batean, non etxebizitza-multzoak eta etxebizitza isolatuak dauden. Eremuaren iparraldean, Buruntza-San Martin auzoa zeharkatuz, A-15 errepidea dago; mendebaldean, berriz, N-1 errepidea eta Oria ibaia daude. Eremuaren hegoaldean, Ama Kandida etorbidearen eta Berrozpe auzoaren azpian, lurpean Ziako erreka dago.

Eremuan lau eraikin daude; horietako bi etxebizitza-erabilerakoak.

Gaur egun, eremu horretan laborantza-lurrak, belardi batzuk eta fruta-arbolak dituzten lursail batzuk daude.

Aztertutako eremuan ez dago interes geologikoko eremu, ibilbide edo gunerik. Halaber, eremua ez dago interes geologikoko leku batean.

Oria ibaia eremutik 260 m inguru mendebaldera dago. Ziako erreka eremutik 100 m baino gutxiagora dago, partzialki lurpean, bokaleraino.

Gaur egun, eremuaren erdia baino gehiago larreek hartzen dute eta azaleraren laurdena laborantzarako erabiltzen da. Eremuaren hego-mendebaldeko muturrean, hostozabalen masa txiki bat dago, nagusiki zuhaixka-espeziez osatua (Salix atrocinerea, Corylus avellana, Cornus sp. etab.), non tximeleta-zuhaixka (Buddleja davidii) espezie inbaditzailearen presentzia hauteman den. Gainerako lursailean errepidea, etxebizitza-erabilerako eraikinak eta horiei lotutako eraikuntzak daude. Ez da espezie mehatxaturik edo interesgarririk identifikatu.

Eremuan, 6510 Batasunaren Intereseko Habitata, artzaintzarik gabeko sega-belardi atlantikoa, hauteman da.

Basorik eta ibai-ibilgurik ez dagoenez, litekeena da Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan sartutako espezie gehienak ez egotea.

Ez hirigintzako esku-hartze eremua, ez haren ingurune hurbila, ez dira ez eremu babestuak, ez inbentariatutako interes naturalistikoko beste leku batzuk ere (EAEko espazio esanguratsuen katalogo irekiko espazioak, LAGetako interes naturalistikoko eremuen zerrenda irekia eta EAEko hezeguneen inbentarioa).

Kultura-ondareari dagokionez, 71 Agiri Alai izeneko eraikinari tokiko babesa ematea proposatu da, udal-/toki-intereseko ondasuntzat jotzen da. Halaber, eremuak ondare arkeologikoko zenbait elementurekin muga egiten du.

Arriskuak.

Ez da hauteman lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen lurzorurik.

Eremuan eta ingurunean ez da gune higagarririk identifikatu.

Plan Partzialaren eremua 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko guneetatik kanpo dago, eta, ondorioz, lehentasunezko fluxu-guneetatik kanpo.

Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna ertaina da.

Azterketa akustikoaren arabera, eremuko foku akustiko nagusiak hurbilen dauden errepideak dira: A-15 (Urumeako autobia) eta GI-3722 errepideak. Ikuspuntu akustikotik, gunerik sentikorrena eremuaren ipar-mendebaldean dagoena da. Egungo egoera akustikoaren azterketak, bizitegi-garapenaren aurretikoak, erakusten du goizez eta arratsaldez, Plan Partzialaren eremu osoan, kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla, hegoaldean eta ipar-mendebaldean izan ezik. Aurreikuspenen arabera, etorkizunean Kalitate Akustikoaren Helburuak (KAH) urratuko dira, hiru tarteetan: goizez, arratsaldez eta gauez. Irtenbide gisa, pantaila akustiko bat instalatzea proposatzen da, KAHak betetzeko.

Bidalitako dokumentazioaren arabera, Plana aplikatzearen ondorioz, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan ditzaketen eragileak eta ekintzak honako hauek dira:

– Landaredia moztea eta sastrakak kentzea.

– Eraikinak eraistea.

– Lur-mugimenduak.

– Makinek eta urbanizazioak lurzorua okupatzea.

– Makinen presentzia eta funtzionamendua.

– Urbanizazio berriaren presentzia.

Jarduketak garatu ondoren sor daitezkeen ondorio kaltegarrien artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

– Landaredia kentzea: gehien bat belarkara da.

– Lur-mugimenduak: aldi baterako ondorioak izango dituzte uretan, paisaian, kalitate atmosferikoan eta kalitate akustikoan.

– Bi fase horiek gauzatzeak espezie inbaditzaileak hedatzea ekar dezake, batez ere, espezie horien presentzia identifikatuta duen eremutik abiatuta.

– Mugikortasun motorizatu pribatua areagotzea. Horrek hainbat aldagaitan eragin negatiboa izango du, hala nola atmosferaren kalitatean, kalitate akustikoan eta abarretan, bai eremuan bai sarbideetan.

– Hondakinen sorrera eta baliabideen kontsumoa.

– Klima-aldaketaren gaineko ondorioak.

Ez da aurreikusi intereseko fauna-espezieei, faunarentzako habitatei edo naturagune babestuei eragitea, eremuan ez baita elementu horietako bat bera ere aurkitu. Ingurumen-arrisku nabarmenik ere ez du (uholde-arriskua, akuiferoak kutsatzeko arriskua, arrisku geoteknikoak, lurzoru potentzialki kutsatuak).

Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko ekainaren 15eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa -ebazpen horren bidez, Andoaingo Agiri Alai 45 HEE eremuaren Plan Partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa eta ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua egin ziren.

Plan Partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoa ingurumen-organo honek emandako irismeneko dokumentuan eskatutako zabaltasun, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da. Ingurumen-izapidean adierazitako alderdi guztiak bete direla irizten da; planifikazio-prozesuan ingurumenean eragin daitezkeen ondorioak kontuan hartu direla bermatzeko behar bezain zorrotz bete direla, hain zuzen.

C) Plan Partziala izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Plan Partzialaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, bai eta hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, jarduketak gauzatzean, proposamen zehatzak aztertu beharko dira eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak landu beharko dira. Orokorrean, ingurumen-dokumentu estrategikoan zehaztutako neurriak ezarriko dira, eta horiei honako hauek gehitu beharko zaizkie:

– Lurzorua zentzuz eta modu intentsiboan erabiltzeko ahalegina egingo da.

– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluaren arabera, etorkizunean ezingo da garapen urbanistikorik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Ildo horretan, baldintza hori betetze aldera, sustatzaileak pantaila akustikoa ezartzea proposatu du, aurkeztutako dokumentazioan deskribatzen den bezala.

– Hala ere, urbanizazio-obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da.

– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaretza autoktonoa. Ale helduen espezieak kontserbatzeko ahalegina egingo da, bereziki eremuko ehun urtetik gorako ezkienak.

– Obretako jardunbide egokien eskuliburua edukiko da, obrako langileek erabil dezaten. Honako hauekin zerikusia duten alderdiak jasoko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, uretara eta lurzoruetara isurketarik ez egitea, hautsa eta zarata ahalik eta gutxien sortzea, lasaitasun publikoan ahalik eta eragin negatibo txikiena izatea, hondakinak kudeatzea; lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak ekoitzi eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari eta bai uraren eta airearen kalitatea bai kalitate akustikoa babesteari buruzko neurriak hartuko dira, besteak beste.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin Toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, egunez lan egingo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek neurriak aurreikusi beharko dituzte lurrazaleko uretara ahalik eta solido gutxien iristeko (adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak).

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, «Modu jasangarrian eraikitzeko eta birgaitzeko gidaliburua»-n jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren kontsumoa eta/edo ekoizpena murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Behar diren neurriak jarriko dira eragindako lurzoruen ezaugarri edafikoak mantentzeko. Ezponda eta landareztatu beharreko azaleretan landare-lurra erabiliko da ahal dela. Era berean, lur-mugimenduek espezie inbaditzaileen hedapena sustatzea saihestuko da. Horrez gain, erosio-arriskuak minimizatzeko diseinu-irizpideak erabiliko dira.

– Planaren esparruko espazio berdeak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20. zenbakia b (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza).

– Kultur ondareari dagokionez, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoa hartuko da kontuan. Lur-mugimenduak egiten badira eta horiek egitean arkeologia-izaerako aztarnaren bat aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio kultura-ondarearen arloko Gipuzkoako Foru Aldundiko sail eskudunari, eta behar diren neurriak hartuko ditu hark.

Ingurumen-azterketa estrategikoan jasotzen den bezala, eremuan dagoen kultura-ondarearen elementua, Agiri Alai baserria, babesteko beharrezko neurriak aplikatuko dira.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ikuskatze-programa egoki bat jasotzen du, Plan Partzialaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Zehazki, urbanizaziorako obren faserako hainbat kontroletan jartzen du arreta.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2018ko ekainaren 15ean emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismeneko dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak. Garrantzia eman behar zaio, besteak beste, jada artifizial bihurtutako lurzoruak erabiltzea lehenesteari, ingurumen-baliabideak modu jasangarrian erabiltzeari, hiri-eremuko berdegune eta ibai-tarteen kalitatea hobetzeari eta espezie inbaditzaileak erauzteari. Arreta berezia jarriko da eremuan eta inguruetan dagoen Buddleja davidii espezie inbaditzailearen desagerraraztean eta kontrolean.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzen da Agiri Alai 45 HEE eremuaren Plan Partziala onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriz hasi beharko du Agiri Alai 45 HEE eremuaren Plan Partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko izapidea, ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea erabakitzen ez bada. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Andoaingo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 16a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala