Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2021eko abuztuaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4527

49/2021 EBAZPENA, abuztuaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia. 2021-2022 ikasturtean COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten zenbait neurri aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzera bideratuko dira dirulaguntza horiek.

Gobernu Kontseiluak, 2021eko uztailaren 27an egindako bilkuran, onartu du hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia. 2021-2022 ikasturtean COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten zenbait neurri aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzera bideratuko dira dirulaguntza horiek. Horrenbestez, behar duen publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia (ikus eranskina). 2021-2022 ikasturtean COVID-19ari aurre egiteko prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten zenbait neurri aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzera bideratuko dira dirulaguntza horiek.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 10a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABUZTUAREN 10EKO 49/2021 EBAZPENARENA
GOBERNU KONTSEILUAREN 2021EKO UZTAILAREN 27KO AKORDIOA, HEZKUNTZA-ITUNA INDARREAN DUTEN IKASTETXEEI ZUZENEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKOA, 2021-2022KO IKASTURTEAN COVID-19AREN AURKAKO PREBENTZIO-PROTOKOLOEK ESKATZEN DITUZTEN ZENBAIT NEURRI APLIKATZEAREN ONDORIOZKO GASTU GEHIGARRIETARAKO

COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeak xedatzen du aurrez aurreko hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera oro, araubide orokorreko zein bereziko irakaskuntzekin lotuta, etapa eta maila desberdinak barne, eta goi-mailako hezkuntzarekin lotuta, bai eta bizitza osoan zehar kualifikazioak eskuratzea edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerekin lotuta daudenak ere, 4. artikuluan jasotako arauak betez garatuko dela, eta, nolanahi ere, Hezkuntza Sailaren «Euskal Autonomia Erkidegoko Ikastetxeetan Koronabirusaren (SARS-CoV-2) aurrean zer-nola jarduteko protokolo orokorra. 2020-2021 ikasturtea» protokoloan edo berau ordezten duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

Hala, eta 2021-2022 ikasturteari dagokionez, 2021eko ekainaren 10ean, «Euskal Autonomia Erkidegoko Ikastetxeetan COVID-19aren aurrean jarduteko Protokolo Orokorra. 2021-2022 ikasturtea» argitaratu da Hezkuntza Sailaren webgunean. Protokolo horrek hezkuntza-jarduera antolatzeko jarraibide eta orientabideak biltzen ditu, eskola-ikasturte berriari beharrezkoak diren segurtasun- eta osasun-berme osoz hasiera emateko.

Protokolo horrek presentzialtasuna planteatzen du unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza eta hezkuntza-maila guztietan, bai eta higiene-neurriak, kontaktu-mugapena, aireztapen egokia eta maskararen erabilera ere, 2020-2021 ikasturterako aurreikusi zena baino testuinguru epidemiologiko hobe baterako.

Joan den 2020-2021 ikasturtean, eta ikasturte hasieran aplikatzekoa zen araudiaren babespean, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2020ko azaroaren 24an eginiko bilkuran, erabaki zuen zuzeneko dirulaguntzak ematea hezkuntza-ituna indarrean zuten ikastetxeei, COVID-19aren aurkako prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten zenbait neurri aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarrietarako. Laguntza horiek iazko ikasturtean irakaskuntzaren presentzialtasun-maila % 98koa izaten lagundu dute, inolako zalantzarik gabe. Zehazki, laguntza horiek eman ziren irakasleak eta irakasle ez diren langile berriak eta garbitzaileak kontratatzeko, edo lehendik zeuden garbitzaileen orduak areagotzeko, eta irakaskuntza telematikoki jarraitu ahal izateko material informatikoa erosi edo alokatzeko.

Egungo egoera epidemiologikoaren aurrean, Hezkuntza Sailaren ustez beharrezkoa da iazko ikasturtean COVID-19aren ondorioz txertatutako irakasleen hezkuntza-indargarrien neurriei eustea 2021-2022 ikasturtean.

Ikasgeletan presentzialtasunaren aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen dugu. Segurtasun-protokoloak errespetatzeak dakarren tentsioari eusteak ahalegin gehigarria egitea eskatzen die ikastetxeetako zuzendaritzei espazioak antolatzeko eta ikastetxeko giza baliabideak kudeatzeko orduan. Era berean, zuzenean eragiten dio irakasleek ikaskuntza-prozesuak antolatzean egiten duten eskola- eta tutoretza-antolamenduari.

Datorren ikasturtea normaltasuneranzko trantsizio-ikasturtea izango da, eta lehentasuna izango du egokitzeak eta pandemiak utzi dizkigun defizit ugari gainditzeak. Ondorioz, eta beharrezkoa den egokitzapenari eta berrantolamendu akademikoari aurre egiteko, aparteko baliabideak eduki beharko dira normaltasuna arrakastaz lortzeko eta, hala, etorkizuneko erronka akademikoetara lasaitasun, ziurtasun eta irmotasun handiagoz egokitzeko: irakaskuntza-indargarriei eusten bazaie, 2021-2022 ikasturtearen hasierak berekin ekarriko duen normaltasun berriari lasaiago aurre egin ahalko zaio.

Azaldutakoagatik guztiagatik, eta jakinik pandemia-egoerak zer-nolako arazoak sortzen dituen itunpeko ikastetxe pribatuen funtzionamenduan, Hezkuntza Sailak zuzeneko dirulaguntzak eman nahi dizkie, salbuespenez, hezkuntza-ituna indarrean duten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei, 2021-2022 ikasturtean COVID-19aren aurkako prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten zenbait neurri aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzeko, bai eta aurreko bi ikasturteetan sortutako defizit akademikoak arintzeko eta benetako normaltasunerantz jotzeko gastuak finantzatzeko ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.7 artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da. Artikulu horren arabera, laguntzak edo dirulaguntzak zuzenean ematea Jaurlaritzaren eskumena izango da, interesa duen saileko sailburuaren proposamenez. Gainera, zuzeneko dirulaguntza horiek salbuespenezkoak izango dira, eta justifikazio arrazoituaren eta memoria dokumentalaren bidez egiaztatu beharko dira dirulaguntza justifikatzen duten interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak.

Hala, zuzeneko dirulaguntza hauetan, zenbatekoa zehazteko, 2020-2021 ikasturterako esleipen-irizpide berberei jarraitu zaie, eta % 2,76 eguneratu da urte arteko KPIa. Irakasleak eta irakasle ez diren langile berriak kontratatzeko, horietako bakoitzaren Hezkuntza Konplexutasunaren Indizea (HKI) hartu da kontuan. Indize horren helburua ikastetxeak bere ikasleekiko duen egoera baloratzea da, eta horretarako hainbat adierazle erabiltzen dira, hala nola ikaskuntza-emaitzak, hezkuntza-laguntzaren beharrak, egokitasuna, jatorria, jarraitutasuna eta maila sozioekonomikoa.

Material informatikoa erosteari edo alokatzeari dagokionez, 21,75 euroko zenbatekoa finkatu da ikastetxe bakoitzean eskolatutako ikasle bakoitzeko, soilik Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetan.

Gainera, hezkuntza-itunean garbiketarako eta irakasleen ordezkapenetarako emandako moduluetan % 20ko eta % 40ko igoerak ezarri dira, hurrenez hurren.

Azaldutakoagatik guztiagatik, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez eta gaia eztabaidatu ostean, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

1.– Erabaki honen xedea da I. eranskinean zerrendatutako hezkuntza-ituna duten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei dirulaguntzak ematea, salbuespenezko izaerarekin eta erabaki honetan ezarritako klausulen arabera.

2.– Dirulaguntzen helburua da 2021-2022 ikasturtean COVID-19aren aurkako prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten zenbait neurri aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzeko, bai eta aurreko bi ikasturteetan sortutako defizit akademikoak arintzeko eta benetako normaltasunerantz jotzeko gastuak finantzatzeko ere. Gastu horiek erabaki honen laugarren apartatuan jasotako gastu-tipologian sartuko dira.

Bigarrena.– Onuradunak eta dirulaguntzaren xedea.

Dirulaguntza honen onuradun izango dira I. eranskinean jasotako ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta 2021-2022 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan itunduta badute jarraian aipatzen diren irakaskuntza arautuetako baten bat eta, horietako bakoitzean, dirulaguntzaren xedea jarraian aipatzen diren gastu-tipologietara iristen bada:

a) Haur Hezkuntza: langile berriak kontratatzea edo lehendik daudenen orduak areagotzea 1. eta 2. zikloko irakasleak ordezteko, garbitzaile berriak kontratatzea edo lehendik daudenen orduak areagotzea eta 2. ziklorako garbiketa-produktuak erostea.

b) Lehen Hezkuntza: Langile berriak kontratatzea edo lehendik daudenen orduak areagotzea, irakasleak ordeztea, garbitzaile berriak kontratatzea edo lehendik daudenen orduak areagotzea, garbiketako produktuak erostea eta, soilik 4., 5. eta 6. mailetan, material informatikoa erostea edo alokatzea.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: langile berriak kontratatzea edo lehendik daudenen orduak areagotzea, irakasleak ordeztea, garbitzaile berriak kontratatzea edo lehendik daudenen orduak areagotzea, garbiketa-produktuak erostea eta material informatikoa erostea edo alokatzea.

d) Batxilergoa: langile berriak kontratatzea edo lehendik daudenen orduak areagotzea, irakasleak ordeztea, garbitzaile berriak kontratatzea edo lehendik daudenen orduak areagotzea, eta garbiketa-produktuak erostea.

e) Lanbide Heziketa: irakasleak ordeztea, garbitzaile berriak kontratatzea edo lehendik daudenen orduak areagotzea, eta garbiketa-produktuak erostea.

Hirugarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Erabaki honen xede diren gastu gehigarriak ordaintzeko zenbatekoa 37.565.167,15 eurokoa da, honako urteroko hauetan banatuta:

2021. urtea: 13.665.715,03 euro.

2022. urtea: 23.899.452,12 euro.

Dirulaguntzaren zenbatekoa Zuzendaritzaren aurrekontu-aplikazioetako kontabilitatean egotziko da (11), Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren 12291 programa, 455.01 kontzeptua eta 754.91 kontzeptua.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen 37.1 artikuluan oinarrituta, baimendu egiten da 5.000.000 eurotik gorako gastua, 37.565.167,15 eurorengatik.

3.– Langile berriak kontratatzeko edo lehendik daudenen ordu gehigarriak areagotzeko ikastetxe bakoitzari ematen zaion kopurua 24.727.661,23 eurokoa da. Horren kalkulua jarraian aipatzen diren erregelen arabera egin da, eta horren emaitza I. eranskinean jasotzen den zenbatekoa da:

– Haur Hezkuntza, lehen zikloa (0, 1 eta 2 urteko gelak): 0,1 lanaldi bi taldeko, ikastetxe bakoitzeko irakasleen eta irakasle ez diren langileen denboraren 0,50 gehienez. Osatu gabeko lerroak proportzionalki doituko dira.

– Haur Hezkuntza, bigarren zikloa (3, 4 eta 5 urteko gelak): 0,1 lanaldi hiru taldeko, edo bi taldeko ikastetxeak bi talde baino ez baditu. Osatu gabeko lerroak proportzionalki doituko dira.

– Lehen Hezkuntza: sei taldeko lerro oso bakoitzeko (hau da, horietako bakoitza etapako sei mailetako bati dagokio), 0,5 lanaldi. Lerro oso batekoak ez diren taldeen kasuan: 0,1 taldeko, 0,2 bi taldeko, 0,3 hiru edo lau taldeko eta 0,4 bost taldeko. Osatu gabeko lerroak proportzionalki doituko dira.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: lau taldeko lerro oso bakoitzeko (hau da, horietako bakoitza etapako lau mailetako bati dagokio): Irakasleen 0,33 lanaldi. Osatu gabeko lerroak proportzionalki doituko dira.

– Batxilergoa: bi taldeko lerro oso bakoitzeko (hau da, horietako bakoitza etapako bi mailetako bati dagokio): 0,165 lanaldi. Osatu gabeko lerroak proportzionalki doituko dira.

Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan hezkuntza-ituna duten eta Hezkuntza Konplexutasunaren Indizean 1. edo 2. mailak dituzten ikastetxeei honako arau hauen arabera kalkulatu zaie kontrataziorako edo langileen orduen gehikuntzarako zenbatekoa:

– Lehen Hezkuntza. 1. mailako hezkuntza-konplexutasuna duten ikastetxe guztiei (20 puntu baino gehiago 2020ko eskalan) irakasleen 0,3 lanaldi gehituko zaie, eta 2. mailako hezkuntza-konplexutasuna dutenei (15 eta 20 puntu artean 2020ko eskalan) irakasleen 0,2 lanaldi gehituko zaie.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 1. mailako hezkuntza-konplexutasuna duten ikastetxe guztiei (22,5 puntu baino gehiago 2020ko eskalan) irakasleen 0,45 lanaldi gehituko zaie, eta 2. mailako hezkuntza-konplexutasuna dutenei (18,5 eta 22,5 puntu artean 2020ko eskalan) irakasleen 0,25 lanaldi gehituko zaie.

4.– Irakasleen ordezkapenetarako zenbatekoa 7.193.244,52 euro da, eta hezkuntza-itunaren araubidean ikastetxeari dagokion ordezkapen-moduluaren % 40 da.

Honako hau da ituneko ordezkapenen modulua, zeinetan aplikatuko baita aipatutako % 40a:

– % 4 Haur Hezkuntzako 2. zikloan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn.

– % 2 Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.

– % 5 hezkuntza berezi itxian eta zereginen ikaskuntzan.

5.– Garbiketa-gastura bideratutako zenbatekoa, 3.928.272,42 euro, hezkuntza-itunaren araubidean ikastetxeari dagokion mantentze-moduluaren garbiketa-osagaiaren % 20 da.

6.– Material informatikoa erosteko edo alokatzeko zenbatekoa kalkulatzeko (1.715.988,98 euro), 21,75 euro emango dira ikastetxe bakoitzean Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetan eskolatutako ikasle bakoitzeko.

I. eranskinean, ikastetxe bakoitzari egindako diru-esleipena banakatzen da, honako kontzeptu hauetan:

a) Irakasle berriak kontratatzeko eta lehendik daudenen ordu gehigarriak areagotzeko diru-esleipena.

b) Irakasleen ordezkapenak egiteko diru-esleipena.

c) Garbitzaile berriak kontratatzeko, lehendik daudenen ordu-kopurua areagotzeko eta garbiketa-produktuak erosteko diru-esleipena.

d) Ekipo informatikoak erosteko edo alokatzeko diru-esleipena.

Laugarrena.– Diruz lagun daitezkeen gastuen tipologia.

1.– Erabaki honetan aurreikusitako ondorioetarako, honako gastu hauek dira emandako dirulaguntzaren xede:

a) Irakasle berriak kontratatzea edo lehendik daudenen ordu gehigarriak areagotzea, baldin eta COVID-19aren aurkako prebentzio-protokoloak betetzeko beharrezkoak diren neurriak aplikatzeko bada soilik.

b) Ordezkapenetarako irakasle berriak kontratatzea, baldin eta COVID-19aren aurkako prebentzio-protokoloak betetzeko beharrezkoak diren neurriak aplikatzeko bada soilik.

c) Garbitzaileak kontratatzea, lehendik daudenen ordu gehigarriak areagotzea edo garbiketa-produktuak erostea, baldin eta COVID-19aren aurkako prebentzio-protokoloak betetzeko beharrezkoak diren neurriak aplikatzeko bada soilik.

d) Material informatikoa erostea edo alokatzea, baldin eta COVID-19aren aurkako prebentzio-protokoloak betetzeko beharrezkoak diren neurriak aplikatzeko bada soilik.

Material informatikoa erosteko edo alokatzeko kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Irakasle berrien kontratazioan bermatu egin beharko da kontratatutako langileak ez direla epai irmoz kondenatuak izan sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik. Horretarako, ikastetxeak bermatu egingo du Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. apartatuan ezarritakoa betetzen dela.

Halaber, bermatu egin beharko da kontratatutako irakasleek honako hauek dituztela:

a) Kontratuaren xede diren irakaskuntzak emateko behar den titulazioa. Salbuespen gisa, eta 31/2020 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako inguruabarrak direla eta, irakasleen prestakuntza masterra ez eskatzeko aukera egongo da. Kasu horretan, kontratazio horrek ez ditu sortuko titulazioaren eta masterraren baldintzak betetzen dituzten ordezko langileei aitortutako eskubideak.

b) Kontratatuaren xede diren irakaskuntzen hizkuntza-ereduarekin edo ereduekin bat datorren hizkuntza-eskakizuna izatea.

3.– Gastu hauek ez dira inola ere dirulaguntza hauen xede:

a) Abal, fidantza edo isunen kostua.

b) Administrazio-kudeaketa, -kontratazio, -kontsulta edo -izapideei lotutako edozein gastu.

c) Finantza-kostuak.

4.– Diruz lagundutako gastuak 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean egin beharko dira. III. eranskina aurkezteko epea amaitu baino lehen ordaindu beharko da, hamargarren puntuan ezarritako baldintzetan. Alde horretatik, diruz lagundutako gastutzat hartuko da benetan ordaindu dena, gastu mota bakoitzerako emandako zenbatekoaren mugarekin. Alokairu-kuotei dagokienez, epe horretan ordaindutako hileko kuotak joko dira diruz laguntzeko modukotzat.

Epez kanpo egindako gastuak ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.

5.– Erabaki honen bidez diruz lagundutako irakasleen, garbitzaileen eta ekipo informatikoen gastuak dirulaguntza emateko xede zehatzerako erabiliko dira.

6.– Ezin da diruz lagundutako jarduera azpikontratatu, irakaskuntza emateari dagokionez. Ez da azpikontrataziotzat hartuko material informatikoa eta garbiketako materiala erostea edo alokatzea, ez eta zeregin horietarako langileak kontratatzea ere.

Bosgarrena.– Hasierako dokumentazioa.

Erabaki honen bidez emandako dirulaguntzaren onuradunek (I. eranskinean zerrendatzen dira) COVID-19aren ondorioz 2021-2002 ikasturtean bete beharreko xede eta beharrei buruzko azalpen-memoria bat (II. eranskina) aurkeztu beharko dute, telematikoki, erabakia onartu eta EHAAn argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean.

Seigarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Emandako dirulaguntzen onuradunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dituzte kontsultak eta dirulaguntza horiek kudeatzeko izapide guztiak.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Ebazpenak (Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, 2006ko otsailaren 9koa) arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Izapideak bide elektronikoz nola egin, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta lotutako gainerako izapideei buruzko argibideak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109303

4.– Justifikazioa Nire karpeta atalaren bidez egingo da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

Zazpigarrena.– Emateko prozedura eta organo eskudunak.

1.– Erabaki hau aplikatuz, dirulaguntza hauek zuzenean ematen zaizkie I. eranskinean zerrendatutako pertsona fisiko edo juridiko guztiei.

2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza izango da dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

Zortzigarrena.– Bateragarritasun-araubidea.

Emandako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuek eman ahal dituzten beste batzuekin, beti ere finantzazio bikoitzik eragiten ez badute. Hortaz, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da.

Diruz lagundutako gastuaren aldi bereko finantzazioa gertatzen bada, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da (37.3 DLO)

Bederatzigarrena.– Ordainketak.

Dirulaguntza hiru epetan ordainduko da:

– Lehenengoa langileen gehikuntzarako, ordezkapenetarako eta garbiketarako emandako guztizkoaren herena izango da, eta material informatikoa erosteko edo alokatzeko emandako zenbatekoaren % 100. Zenbateko hori bosgarren apartatuan eskatutako dokumentazioa egiaztatu ostean ordainduko da.

– Bigarren ordainketa, langileen gehikuntzarako, ordezkapenetarako eta garbiketarako emandako guztizkoaren herenari dagokiona, martxoan egingo da.

– Hirugarren ordainketa, langileen gehikuntzarako, ordezkapenetarako eta garbiketarako emandako guztizkoaren herenari dagokiona, justifikazioa egiaztatu ondoren egingo da.

Hamargarrena.– Justifikazioa.

1.– 2022ko ekainaren 1etik 30era bitartean, onuradunek III. eranskina bidali beharko dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, ikastetxearen titularrak edo ordezkariak sinatua, Nire karpeta atalaren bidez (helbidea: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), aurkeztutako justifikazio-dokumentazioarekin batera.

2.– Formatu elektronikoan aurkeztu beharreko dokumentazioa edo kopia digitalizatua gutxienez honako hau izango da:

a) Kontratatutako irakasle berrien zerrenda zehatza eta/edo lehendik daudenek egindako ordu gehigarriak. IV.a eta b eranskinetan jasotako informazioa eman beharko da.

b) Ordezkapenak egin dituzten irakasleen zerrenda. V. eranskinean jasotako informazioa eman beharko da.

c) Kontratatutako garbitzaile berrien zerrenda. VI.a eranskinean jasotako informazioa eman beharko da.

d) Irakasle eta garbitzaile berrien lan-kontratuak, edo lehendik zeudenen ordu-gehikuntzari buruzko kontratu-aldaketa. Berariaz adierazi beharko da kontratazioa edo kontratu-aldaketa COVID-19aren ondorioz egin dela.

e) Kontratatutako irakasleen eta garbitzaileen nominak.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko den kontratatutako langileek titulazioen eta hizkuntza-eskakizunen baldintzak betetzen dituztela eta ez direla epai irmoz kondenatuak izan sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (VIII. eranskina).

g) Kontratatutako irakasleen eta garbitzaileen Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinak.

h) VI.b eranskinean jasotako garbiketa-produktuen gastuak justifikatzeko fakturak. Aurreikusitako edo egindako ordainketa-data adierazi beharko da.

Garbiketa-zerbitzua kanpotik kontratatzen bada, VI.c eranskinean jasotako informazioa eman beharko da.

Fakturen kontzeptuan behar bezala egiaztatu beharko da COVID-19ak eragindako gastua.

i) VII.a eranskinean jasotako material informatikoaren gastuak justifikatzeko fakturak. Aurreikusitako edo egindako ordainketa-data adierazi beharko da.

Material informatikoa alokatu egiten bada, VII.b eranskinean jasotako informazioa eman beharko da.

j) Erantzukizunpeko adierazpena, xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzkoa, eta halakorik jaso badute, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa (VIII. eranskina).

3.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen eta dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko aukera ematen duten frogagiriak egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren guztizko zenbatekoari dagokionez, eta onuradunari eskatu ahal izango dio hasieran eskatu ez diren frogagiriak aurkezteko, zeinak zaintzapean eta eskura eduki beharko baititu.

4.– Aurkeztutako justifikazioaren ondorioz egiaztatzen bada dirulaguntzak benetan egindako gastuak gainditzen dituela, dagokion itzulketa-prozedura hasiko da.

Hamaikagarrena.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko baldintzetan izandako edozein aldaketa. Aldaketa horien berri ez ematea nahikoa arrazoi izango da laguntza errebokatzeko.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.

3.– Era berean, dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako egiaztatze-jarduerak onartu beharko ditu onuradunak, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.

Hamabigarrena.– Dirulaguntza emateko erabakiaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste ekarpen batzuk lortzen badira arauetan baimendutako kasuetatik kanpo, dirulaguntza emateko erabakia aldatu ahal izango da, dirulaguntzei buruzko legerian ezarritako baldintzetan.

Hamahirugarrena.– Laguntza itzultzea eta balizko ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.

1.– Erabaki honetan emandako dirulaguntza jasotzeko ezarritako edozein baldintza edo betebeharrak betetzen ez badira, edo azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada (besteak beste, laguntza ez erabiltzea diruz lagundu daitezkeen gastuetarako), arrazoi nahikoa izango da laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela eta/edo itzuli behar dela erabakitzeko, lege horretan ezarritako prozedurarekin bat etorriz.

2.– Laguntza itzultzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio, bidezkoak diren gainerako ekintzak alde batera utzi gabe.

AZKEN APARTATUETAKO LEHENENGOA

Erabaki honetan ematen diren dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN APARTATUETAKO BIGARRENA

Erabaki honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, zenbatekoa, xedea eta ikastetxea adierazita.

AZKEN APARTATUETAKO HIRUGARRENA

Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala