Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2021eko ekainaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3622

EBAZPENA, 2021eko apirilaren 15ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Sestaoko udal-mugarteko Euskalforging 02 (Sestao Bai EU) eremu industrial eta tertziarioaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2020ko abenduaren 28an, Sestaoko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Euskalforging 02 (Sestao Bai EU) eremu industrial eta tertziarioaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko urtarrilaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Sestaoko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Euskalforging 02 (Sestao Bai EU) eremu industrial eta tertziarioaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskalforging 02 (Sestao Bai EU) eremu industrial eta tertziarioaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Berezia Sestaoko Udalaren, Sestao Bai SA sozietate publikoaren eta Euskalforging SA enpresaren artean sinatutako hirigintza-hitzarmen baten ondoriozkoa da, sinatzaileen artean lurzatiak trukatzeko, interes pribatuei zein publikoei jarraikiz.

Gaur egun, Sestaoko Haporen Bigarren Aldaketak (Iparraldeko industrialdeko «Sestao Bai» exekuzio-unitatean) Plan Berezia garatu nahi den hirigintza-antolamendu eta -araudia arautzen du.

Plan Berezia da alderdien artean sinatutako Hirigintza Hitzarmena gauzatzeko tresna, zeinek bere aprobetxamenduei eutsita (ez dira handituko) eta Sestao Bai exekuzio-untiatearen bide-sarea osatuta, zerbitzuen sarearekin batera; hartara, alboko 6.2 ACB EU eremuarekin lotuko da.

Planak antolamendu xehatu berria zehazten du, baita lurzati bakoitzaren barneko lerrokadurak ere, eta La Naval bidearen luzapena diseinatzen du, unitatearen mendebaldeko ertzeraino. Alabaina, ez dira hirigintza-aprobetxamenduak aldatuko, ez dira aldatuko edo handituko eremuaren mugak eta erabilerei eutsi egingo zaie.

Plan Bereziaren eremua Sestao Bai exekuzio-unitatearen barruan dago, eta, aldi berean, Sestaoko industria-plataforman dago, itsasadarraren ertzean. Industria-eremu osoak 111 ha-tik gorako azalera dauka; horietatik, Sestao Bai EUk 12,5 ha hartzen ditu, eta Plan Bereziaren eremua exekuzio-unitate horren barruko gune eten batera mugatzen da, P1, P2, P27 eta EELL2 lurzatiek mugatzen dutena (izen berria eman zaie: PRO, P2, PRI eta SLELL2), eta 3,35 ha baino zertxobait gutxiago dituena.

Plan Bereziak hirigintza-antolamendu xehatu berri bat formulatzen du, honako hauek proposatuta:

– Bide berri bat, Sestao Bai exekuzio-unitatearen iparraldeko bidearen luzapena, alboko 6-2 ACB exekuzio-unitatean aurreikusitako biribilgunearekin lotzen dena; horri esker, aldi berean, bide berrian zehar lur gaineko aparkaleku publikoen kopurua handituko da.

– P27 lurzatian (ekialdeko gunean) lehendik zeuden hirugarren sektoreko erabilerak (bulegoak, funtsean) egungo PRO lurzatian (mendebaldeko gunean) birkokatzea. Gune hori 6 lurzati txikitan banatuta egongo da, hirigintza-eraikigarritasuna aldatu gabe, eta bloke irekiko etxadi bat eratuz. Birkokatze horri esker, eraikigarritasunaren exekuzio-baldintzak optimiza daitezke, eta itsasadarraren ertzeko industria-eremu zabalean zentraltasun handiagoa lor daiteke.

– EELL2 lurzatian (ekialdeko gunean) aurrez kokatutako espazio libreen tokiko sistema egungo P1 lurzatian birkokatzea, bidea eta hirugarren sektoreko lurzatia inguratuz; horrela, ingurunea duintzea eta irudi hiritarragoa izatea bultzatuko da.

– Hasiera batean P1 lurzatirako aurreikusitako industriako hirigintza-zehaztapenak industria-erabilerako PRI lurzati berrian birkokatzea. Lurzati hori ekialdeko P27 eta ELL2 lurzati zaharrek osatzen dute. Horrela, Euskalforging enpresaren industria-instalazioak handitu, modernizatu eta hobetu ahal izango dira, lurzati pribatu hartatik, industria astunerako hirigintza-eraikigarritasuneko hondar-kopuru bat P2 lurzatira aldatuko da, zeinek industria-erabilerari eutsiko baitio. Plan Bereziak gehieneko lerrokadurak eta okupazioa zehazten ditu, etorkizuneko eraikina egungo azken pabiloira atxikitzeko eta aurrealde berri bat osatu ahal izateko, industria-multzoa bateratuz eta duinduz, berdegunera eta biribilgunera begirako fatxada berri hiritarrago batekin. Lurzatian soberan geratzen diren espazioek aparkaleku pribatibo propioari erantzuteko aukera ematen dute, hala nola jardueraren salgai propioak sartzeko eta maniobratzeko.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: planak hirigintza-antolamendu xehatua aldatzen du hiri-lurzoru finkatu batean, lurzatiak trukatzearen ondorioz, hirigintza-aprobetxamenduak aldatu gabe, erabilera-aldaketarik egin gabe eta eremuaren mugak aldatu gabe. Horrenbestez, ondorioztatzen da ez duela eragin aipagarririk izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak osatzeko: plana egokia da, garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Erabilerarik ez zuen hiru-lurzoru bat berrerabiltzeko aukera ematen du, eta proposatutako antolamendu berriak narriatutako eremu hori duintzea dakar. Gainera, La Naval industria-multzoko kultura-ondarearen ondasunei balioa ematen laguntzen du.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, lurzoru kutsatuei, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta ondoriook nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xede den eremua Sestaoko industria-plataformaren hego-ekialdean dago. Hiri-lurzoru finkatu etena da, 3,35 ha baino zertxobait gehiagoko azalera duena.

Industria-ingurune batean dago, eta asfaltatutako eremuak daude, pabiloiak eta bideak, eta horietan ez dago natura-, geologia- edo paisaia-intereseko elementurik, ezta babes bereziko araubide baten mende dagoen espazio edo espezierik ere. Ez dago Batasunaren Intereseko habitatik, ezta Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere.

Eremuan ez dago ur-ibilgurik, ezta hezegunerik ere; Nerbioi itsasadarretik 130 metro baino gehiagora dago hegoaldetik, eta 250 metro baino gehiagora iparraldetik. Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babes-zorgunetik kanpo dago, eta ez du uholde-arriskurik.

Ez da kultura-ondare babestuko elementurik hauteman, La Naval industria-multzoaren ondoan dagoen arren; azken hori ondare arkitektonikoaren inbentarioan identifikatuta dago, babes bereziko kultura-ondasun izendatuta. La Navalen multzo horretatik, Planak eragin handiena izan dezakeen elementua oinezkoentzako pasabidea da, Construcciones Navales del Norte SAren jabetzakoa. Plana bateragarria da haren balio funtzionalarekin, baldin eta arkupearen argia eta galibo-altuera errespetatzen badira.

Plana presio antropogeniko handia jasan duen hiri-eremu batean garatuko da, hiru lurzatitan kokatuta. Lurzati horiek irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan sartuak daude (lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko dekretua), kode hauekin: 48084-00050, 48084-00109 eta 48084-00099. Eremu horretan lurzoruaren kalitatearen zenbait espediente izapidetu dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean.

Egun nahiz etorkizunean, hau da, hemendik 20 urtera, eta aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua), jardun-eremuaren zarata-mailak txikiagoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak baino.

Testuinguru horretan, Planaren ondoriozko jarduketen inpaktuak hauek izango dira: bide berria, zerbitzu-sareak eta eraikinak eraikitzeko obretatik eratorritako inpaktuak, eta aldi baterako eta eremu jakin batean giza habitataren kalitatea okertzea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak, etab.) eta uren kalitatea okertzea (solidoak herrestan eramatea eta balizko isurketak) ekarriko dute, bai eta hondakinak sortzea ere, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetako lur-mugimenduetatik eratorritakoak barne.

Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoera. Zentzu horretan, Planean proposatutako jarduketek ez dute handitzen izan litezkeen ondorioen larritasuna eta izaera; hau da, Sestaoko Haporen bigarren aldaketan iparraldeko industrialdeko Sestao Bai exekuzio-unitaterako aurreikusitakoarekin bat datoz. Hala, Planaren ondorioz ez da kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekiko kalteberatasuna areagotzen, ez zaio azalera handiagoari eragingo, eta ez dira egoera akustikoan izan daitezkeen ondorioak aldatuko.

Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Euskalforging 02 (Sestao Bai EU) eremu industrial eta tertziarioaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Proiektuaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den hiru lurzati daude (kodeak: 48084-00050, 48084-00109 eta 48084-00099). Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Horretarako, dagozkion ebazpenetan ezartzen diren erabilera-mugak eta baldintzak bete beharko dira, eta ebazpen horiek ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan kasu bakoitzean xedatutakoa baino lehen eman beharko dira.

23. artikuluan jasotako ekintzaren baten ondorioz egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, ingurumen-organoak aldez aurretik onartu beharko du gaika hondeatzeko plan bat, lurzoruaren kalitatearen kasuan kasuko prozeduran.

Horri dagokionez, sustatzaileak aurkeztutako informazioaren arabera, eremu horretan lurzoruaren kalitatearen zenbait espediente izapidetu dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailean. Horrenbestez, kasuan kasuko ebazpenetan ezarritako erabilera-mugak eta baldintzak bete beharko dira.

Nolanahi ere, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 3. atalean adierazitakoa kontuan izanda, a) «Kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lurzoru batean, jarduera bat jarri edo handitzea» edo d) «Kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lurzoru baten erabilera aldatzea» gertatzen denean eta aldez aurretik lurzoruaren kalitatearen deklarazio bat badagoenean, Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoan egin beharko da kontsulta, ebazpen arrazoituaren bidez adierazpen horren balioaz irizpena eman dezan eta, behar izanez gero, balio horri eusteko baldintzak ezar ditzan.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak (lurpeko zerbitzu-sareak ezartzekoak barne, egiten badira) egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrak egunez egingo dira.

Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenek eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bestalde, behar diren neurriak hartuko dira ahalik eta hauts gutxien harrotu eta hedatzeko materialak ekoizpen-gunetik produktu amaituen biltegira eramatean (karga estaltzea, ureztatzea, makina mugikorrak eta bideak garbitzea, etab.).

– Kultura-ondareari dagozkion neurriak:

Planaren eremuaren iparraldeko eta mendebaldeko mugak, P1 eta PRO lurzatiak dauden ingurua, La Naval industria-konplexuaren mugakide dira; azken hori ondare arkitektonikoaren inbentarioan identifikatuta dago, babes bereziko kultura-ondasun izendatuta. La Navalen multzo horretatik, Planak eragin handiena izan dezakeen elementua oinezkoentzako pasabidea da, Construcciones Navales del Norte SAren jabetzakoa. Eusko Jaurlaritzaren Kultur Ondarearen txostenean adierazitakoaren arabera, Plana bateragarria da haren balio funtzionalarekin, baldin eta arkupearen argia eta galibo-altuera errespetatzen badira.

Nolanahi ere, hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, jarduketak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Beste neurri babesle eta zuzentzaile batzuk.

Bestalde, Plana egiteko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin eta urak babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

● Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

● Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren eskokatze-lanak, obra-sarbideak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialen eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–. Inguru iragazgaiztuetan kokatuko dira horiek guztiak.

● Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

● Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak kaltetutako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.).

● Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta eraikuntza berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

Lorategiz hornitzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murriztuta. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendio eta neurriak hartuko dira kontuan. Gidak aukerak ematen ditu birlandatu behar den ingurunearen arabera, eta inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak identifikatzen ditu, landaketa horietan ez erabiltzeko.

Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Cortaderia selloana eta izan litezkeen bestelako espezieak kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

● Eraikingintzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarrienerako beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, «Ingurumenaren aldetik jasangarria den eraikuntzarako gida. Industria Eraikinak» gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira. Halaber, kontuan izan beharko da «Ingurumenaren aldetik jasangarria den eraikuntza eta birgaikuntzarako gida: EAEko eraikin administratiboak edo bulego-eraikinak» dokumentua, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

○ Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

○ Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

○ Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

○ Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

○ Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

○ Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Euskalforging 02 (Sestao Bai EU) eremu industrial eta tertziarioaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Sestaoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Euskalforging 02 (Sestao Bai EU) eremu industrial eta tertziarioaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 15a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala