Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2021eko maiatzaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2648

AGINDUA, 2021eko apirilaren 14koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, turismo-enpresen sorkuntzari eta lehiakortasunaren hobekuntzari laguntzeko 2021eko ekitaldirako laguntzak arautu eta horien deialdia egiten duena.

Turismoa garrantzi handiko sektore ekonomikoa da EAEn. Nabarmen laguntzen dio gure herriaren aberastasun ekonomiko eta kulturalari; barne produktu gordinaren (BPGd) % 6,1 sortzen du, eta gaitasun handia du enplegua, hazkundea eta garapen ekonomikoa sortzeko.

Azken hamarkadan, turismoak hazkunde etengabea, egonkorra eta iraunkorra izan du EAEn, eta 3,8 milioi bisitarirekin amaitu zuen 2019. urtea. Alabaina, COVID-19ak eragindako pandemiak eta haren ondorioz sortutako krisi sanitarioak geldiarazi egin du turismoaren hazkundea, eta sektore hori suertatu da, hain justu, kaltetuenetako bat.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia global izendatu zuen koronabirusaren agerraldia. Krisi sanitarioari aurre egiteko eta gaixotasunaren hedapena kontrolatzeko, Espainiako Gobernuak martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman zuen (alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko), herritarren osasuna eta segurtasuna babesteko neurriak hartze aldera. Espainian zein nazioartean ezarririko konfinamendu zorrotzak, murriztapenek eta pertsonen mugimenduan ezarritako mugek inpaktu zuzena izan zuten euskal turismo-sektorean, eta nabarmen urritu zuten sektorearen jarduna, bai eta erabat geldiarazi ere.

Joan den udan gertatu agerraldien eta udazkeneko goranzko kasu kopuruen ondorioz eman ziren urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko, eta lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretua, osasun publikoko prebentzio-neurriak hartzekoa alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko; dekretu horrek, batetik, murriztu egin zituen Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonen sarrera-irteerak, eta, horretaz gainera, mugatu egin zituen pertsonen sarrera-irteerak bizilekua finkatuta zuten udalerrietan. Murrizketa-neurri horien ondoren, turismo-sektoreak okupazioko eta edukierako mugak izan zituen taberna, jatetxe, hotel, kanpin eta ostatu turistikoetako gune komunetan, azoka-esparruetan eta turismo aktiboko eta naturako jardueretan, bai eta aisialdi-zentro turistikoetan ere.

Ondoren, lehendakariaren abenduaren 22ko 47/2020 Dekretuaren bidez aldatu zen lehendakariaren abenduaren 10eko 44/2020 Dekretua, zeinaren bidez testu bakar batean bildu eta eguneratzen baitira prebentzio-neurri espezifikoak, alarma-egoera deklaratu den eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko, eta eutsi egiten baitio pertsonak Euskal Autonomia Erkidegora sartzeko eta irteteko murrizketari, baita mugikortasunean ezarritako beste hainbat murrizketari ere.

Horregatik, askotariko enpresa-tipologiak biltzen dituen turismo-sektorean baturiko kolektibo guztiei arreta emateko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, beste hainbat instituziok bezala, zenbait laguntza-programa jarri ditu abian, jarduerari eta enpleguari eusten laguntzeko eta, horrela, krisi sanitarioari erantzuteko hartutako neurrien ondorioz pairatzen ari diren zuzeneko galera ekonomikoak arintzeko.

Testuinguru horretan, turismo-enpresen ekintzailetza eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko programak (EMET) aurreko paragrafoan aipaturiko neurri ekonomikoen multzoa osatzen du –alegia, sektorea eusten eta mantentzen laguntzekoak–, eta, hori hala den aldetik, bateragarria da haiekin guztiekin. Hala, programa horren xedea da ekonomia suspertzea eta turismo-jarduerari bultzada ematea, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak legealdi honetarako garatutako bi aldiko estrategiaren parte da. Aipaturiko programa hori Euskadiko XII. Legegintzaldiko Gobernu Programaren 1. ardatz estrategikoaren barruan dago (Oparotasuna. Enplegua eta susperraldi ekonomikoa), eta, horren barruan, 7. jarduera-eremuarekin loturik (Turismo jasangarria eta bikaintasunezkoa), zehazki, 42. konpromisoarekin (Euskadi-Basque Country, bikaintasunezko helmuga turistikoa).

Laguntza-programa honen bidez, tokiko komunitatearentzat balioa sortuko duten turismo-negozio berrien sorrera sustatu nahi da. Susperraldi ekonomikoan, turismoak EAEko gizartean ongizatea sortzen lagundu behar du, baita bertako kulturari eusten ere, beste sektore batzuekin sinergiak sortuz eta, bereziki, merkataritzarekin, artisautzarekin eta bestelako jomuga turistikoetatik bereizteko aukera ematen digutenekin. Hala, enpresa-aukera erakargarriak sortuko dira, jasangarriak, errentagarriak eta kalitatezko lanpostuak sortuko dituztenak bertako herritarrentzat.

Era berean, berrikuntza, teknologia eta sormen-prozesuak bultzatuko dira negozio-ereduetan, enpresen lehiakortasunari eusteko eta haien eskaintza hobetzeko eta optimizatzeko.

Azkenik, turismo segurua, jasangarria, arduratsua eta irisgarria sustatu nahi da: turismo-enpresek gizarte- eta ingurumen-erantzukizunaren aldeko apustuak egin beharko dituzte, bermatzeko turismoaren hazkundea bateragarria izango dela bertako biztanleen bizitza-kalitatea gordetzearekin eta aberastasuna sortzen jarraitzeko gaitasunarekin. Ildo horretan, EAEko turismo-eragile guztiek beren eguneroko jardunean erantzukizuna eta jasangarritasuna txerta ditzaten, sailak Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa prestatu du. Kode horrek Euskadiren ezaugarrietara egokitzen du Turismoaren Munduko Kode Etikoa, eta ezinbesteko tresna da 2030eko Agendako garapen jasangarrirako 17 helburuak betetzeko. Tresna hori laguntza-programa honen bitartez ezarri nahi da, eta lagungarria izango da turistei ez ezik, ingurune naturalari, kulturalari, herritarrei eta EAEko enpresei ere balioa emango dien hazkunde-eredu bat garatzeko (https://www.basquetour.eus/euskadik-turismoaren-kode-etikoa-bereganatu-du.htm)

Bestalde, eta 2018-2021 aldirako Saileko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren helburu estrategikoekin bat etorriz, laguntza-programa honen helburua da emakumeen jarduera- eta okupazio-tasa handitzea turismo-jardueran, hain zuzen genero-arrakala hauteman den eremuetan, arrakala hori desagerrarazteko.

Programaren helburu espezifikoak kontuan harturik, hauek dira Agindu honen helburuak:

1.– Negozio lehiakorren eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzen dutenen kopurua handitzea.

2.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) eta bestelako soluzio teknologikoak erabiltzen dituzten enpresen kopurua handitzea, enpresek bezeroekin duten elkarreragina eta turismo-negozioen eraginkortasuna hobetzeko.

3.– Eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea hobetzen duten enpresen kopurua handitzea.

4.– Turismo segurua, ingurumenaren aldetik jasangarria eta irisgarria eskaintzen duten enpresen kopurua areagotzea.

Prozeduraren ikuspuntutik eta administrazio-izapideak errazteko, agindu honetan erabaki da espedienteen izapidetze elektronikoa egingo dela. Programa honen aurretik antolatu direnetan enpresa onuradunekin izandako kudeaketa-esperientzia aztertuta, ikusi da prozedura hori aurrerapen bat dela lortu nahi den enpresen eta erakundeen lehiakortasunaren hobekuntzaren ildotik, eta horrek ez duela eragiten inolako diskriminazio edo kalterik.

Laguntza programa honek behar besteko aurrekontu-kreditua du EAEren 2021eko ekitaldiko aurrekontu orokorretan, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2021eko urtarrilaren 25eko Aginduan jasota dago, zeinaren bidez onartzen baita Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailaren Dirulaguntzen 2021eko Plan Estrategikoa.

Horrenbestez, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak dituen eskumenak baliatuta (honako arau hauek eman dizkiote eskumenak: Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.2 artikulua; lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren –EAEren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– 15.1.a) artikulua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua– testu bateginaren 51.2 artikulua), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

a) Agindu honen xedea da turismo-jarduera egokitzen, suspertzen eta berrabiarazten laguntzeko oinarriak ezartzea COVID-19ak sorturiko krisi ekonomiko eta sanitarioaren testuinguruan.

b) Helburu horrekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoan toki-garapenari lagunduko dioten turismo-negozio berriak sortzen lagunduko da, baita turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzera bideratutako jarduketak ere, guztia ere berrikuntza teknologikoaren babesarekin; halaber, haien kalitatea hobetu nahi da, eta turismo seguru, jasangarriko eta irisgarriko eredu baterantz bideratu, baldin eta diruz laguntzeko honako lerro hauetan sartzen badira:

– Turismo-negozioko eredu berriak sortzea.

– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea COVID-19ak eragindako pandemiaren testuinguruan.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak EAEren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako bideratutako aurrekontu kredituetatik datoz, eta, guztira, 652.000 euro dira. Honela banatzen dira bi lerroetan:

a) Turismo-negozioko eredu berriak sortzea: 200.000 euro.

b) Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea: 452.000 euro.

2.– Bi lerroetako bakoitzari dagozkion laguntzak eman ondoren, lerro horietako bat finantzatzeko kreditua agortu ez bada, soberako zenbatekoa bestearen kreditua handitzeko erabili ahal izango da.

3. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

1.– Enpresa. Bere forma juridikoa zeinahi izanik ere, jarduera ekonomiko bat garatzen duen pertsona batek edo gehiagok sortutako edo eratutako erakundea; hau da, merkatu jakin batean ondasunak jartzen dituena edo zerbitzuak eskaintzen dituena.

2.– Ostatu-enpresa turistikoak. Ustiapen-xedearen arabera, honela sailkatzen direnak: ostatu-establezimenduak (hotelak, apartamentu turistikoak, kanpinak, turismo-aterpetxeak, nekazaritza-turismoak eta landetxeak); erabilera turistikoko etxebizitzak; eta erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logelak.

3.– Sukaldaritzaren arloko enpresak. Jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta tankera horretako establezimendu finkoak, publikoari oro har irekiak, otorduak eta edariak eskaintzen dituztenak modu ohikoan eta profesionalean, dela tokian bertan kontsumitzeko, dela handik kanpora janaria eramateko eta etxean banatzeko zerbitzuak eskainiz.

4.– Kongresuak antolatzen dituzten enpresa profesionalak. Biltzarrak, azokak, konbentzioak eta antzeko ekitaldiak eta profesionalki biltzar bat egitea eskatzen duen jarduera orori buruzko aholkularitza, plangintza, antolaketa, zuzendaritza eta kontroleko zerbitzuak eskaintzen dituzten turismo-enpresak.

5.– Turismo-garraioko enpresak. Pertsonak lekualdatzeko azpiegitura eta ekipamendu-ondasunak edukita, jarduera nagusi gisa EAE barruan interesekoak diren baliabide edota tokietan ibilbide gidatuak egitea duten enpresak. Jarduera nagusitzat hartuko da erregulartasunez eskaintzen dena eta enpresa-jardueran negozio-bolumen handiena sortzen duena.

6.– Turismo aktiboko enpresak. Lehia-asmorik gabeko aisia-, kirol- eta abentura-jarduera turistikoak prezio baten truke modu jarraituan eta profesionalean eskaintzen dituztenak. Jarduerok egiteko, egiten diren lekuan bertan (airean, lur gainean edo uretan) naturak eskaintzen dituen baliabideak bakarrik erabiltzen dituzte, eta jarduerotan beti dago arriskua, eta beharrezkoa da neurri batean trebatuta egotea. Kanpoan geratzen dira kirol-federazioak, -klubak eta -elkarteak, nahiz eta halako jarduerak gauzatu.

7.– Bitartekaritzako turismo-enpresak. Turismoaren arloko aholkularitza-, bitartekaritza- eta antolaketa-zerbitzuak profesionaltasunez eta ohikotasunez ematen dituztenak dira, betiere erregelamenduz ezarritako betekizunak betez. Beren baliabide propioak erabil ditzakete jarduera horiek egiteko. Honako hauek hartzen dira bitartekaritzako turismo-enpresatzat: bidaia-agentziak; enpresa elkartuen turismo-eskaintzen merkaturatze komuna egitea helburu duten turismo-enpresen elkarteak; erreserben zentralak, bitartekari turistikoak eta operadore turistikoak.

8.– Turismo-gidak. EAEko interes kulturaleko ondasun eta gainerako baliabide turistikoen ondare historiko, natural eta gastronomikoari buruz, jarduketa eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzat informazio- eta interpretazio-lana egiten duten pertsonak (fisikoak zein juridikoak). Zerbitzu horiek ohikotasunez, profesionaltasunez eta prezio bidez ematen dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko beste zeinahi hizkuntzatan.

9.– Autokarabanak hartzeko eremu bereziak. Behar bezala zedarritu, hornitu eta egokitutako lur-eremuak, publikoari irekita daudenak eta prezio bidez aldi batean erabil daitezkeenak. Eremu horiek autokarabanentzat eta antzeko ibilgailuentzat bakarrik dira; beraz, ezin izango da instalatu haietan kanpin-dendarik, karabanarik edo aterpe mugikor edo finkorik. Ez da halakotzat hartzen autokarabanak eta karabanak errepide, autobide, hiri-bide eta aparkalekuetan gelditzea edo aparkatzea.

10.– Zerbitzu turistikoak. Turismo-erabiltzaileen eskariari erantzuteko egiten diren jarduerak, zerbitzu hori emateko erabiltzen diren instalazioak eta ondasun higiezinak barne. Ondorio horietarako, honako hauek hartzen dira zerbitzu turistikotzat: ostatu-zerbitzuak, bitartekaritzak, informazio turistikoa eta turismoarekin lotutako zerbitzu oro.

11.– Turismo-produktua. Turismoa erabiltzeko eta turismoaz gozatzeko egituratutako baliabide edo zerbitzu nagusi edo osagarri oro, erabiltzaileak jarduera bat edo gehiago egin ahal baditu.

12.– Basquetour; Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo SA (aurrerantzean Basquetour). Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako sozietate anonimo publikoa da, eta haren xede soziala da EAEk segmentu eta merkatu estrategikoetan duen posizionamendua hobetzea, turismo-eskaintza garatzea, eta EAEko turismo-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko beharrezkoak diren ekintzak bultzatzea, abian jartzea eta gauzatzea, turismoaren arloan eskumena duen sailburuordetzak diseinatu eta planifikatuta. 2013. urteaz geroztik, era berean, Espainiako Turismo Kalitatearen Institutuaren ordezkaritza gisa dihardu EAEn.

13.– Turismoaren Euskal Sarea, Saretour. EAEko turismo-erakunde eta -enpresa guztiak elkartzeko, haien arteko elkarlanerako eta koordinatzeko foroa, zeinaren helburua baita lankidetza- eta koordinazio-mekanismoak ezartzea turismoko balio-katearen maila guztietan, EAEko turismo-sektoreko enpresen, erakundeen eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzeko (https://saretour.eus/)

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte pertsona fisikoek eta juridikoek (aurrerantzean, pertsonak) ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) jarduteko eskatzen diren legezko baldintzak betetzen badituzte. Agindu honen 3. artikuluan definituriko tipologiaren batean biltzen badira turismo-jarduera horiek:

a) ostatu-enpresa turistikoak,

b) bitartekaritzako turismo-enpresak,

c) sukaldaritza-enpresak,

d) garraio turistikoko enpresak,

e) turismo aktiboko enpresak,

f) biltzarrak antolatzen dituzten enpresa profesionalak,

g) turismo-gidak,

h) autokarabanak hartzeko eremu berezien titularrak.

2.– Aurreko apartatuko a), b) eta h) letretan zerrendatutako tipologiaren batean inbertsioak egiteko laguntza eskatzen duen pertsonak laguntza eskatzen duen turismo-establezimenduan edo -negozioan jardun beharko du, eta Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatuta egon beharko du haren titular gisa eskabidea aurkezten duen egunean; gainerako tipologietarako, data horretan turismo-negozioaren titularrak alta emanda egon beharko du dagokion ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafean, jarduera laguntza eskatzen duten negozio edo establezimenduan gauzatzen duela egiaztatzeko.

Aurrekoa gorabehera, turismo-negozio berri bat sortzeko ekintzailetza-lerrorako laguntza eskatzen dutenek (I. eranskina), baldin eta aurreikusten badute eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren jarriko dela indarrean, 2021eko abenduaren 31ra arte atzeratu ahal izango dituzte betekizun horiek.

3.– Kanpoan geratzen dira agindu honen 3. artikuluan jasotako definizioekin bat ez datorren jarduera ekonomikoren bat gauzatzen duten pertsonak, bai eta sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak ere; kanpoan geratzen dira, orobat, kapitalean edo gobernu-organoetan administrazio publikoen edo haien mendeko erakundeen partaidetza nagusia duten beste batzuk ere.

4.– Ondasun-erkidegoen eta sozietate zibilen kasuan, bertan parte hartzen duten pertsona guztiak, fisiko zein juridiko pribatuak, pertsona onuraduntzat hartuko dira, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Elkarteak ezingo dira desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

5.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoez gainera, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte onuradun izateko:

a) EAEn edukitzea egoitza, edo turismo-negozio edo -establezimendu bat.

b) Egunean edukitzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Laguntza deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileak egunean dauzkala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Zerga-betebeharrak betetzeari dagokion egiaztapen automatikoa berdin egingo da tributuak EAEtik kanpo ordaintzen dituztenekin eta Espainiako Zerga Agentzian kudeatzen dituzten enpresekin ere. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen horren aurka egin ahal izango du modu arrazoituan, eta, orduan, eskaturiko egiaztapen horiek aurkeztu beharko ditu.

Tributuak Nafarroako Foru Ogasunean ordaintzen badira, betebehar hori betetzen dela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Dirulaguntza eman eta ordainketa egin aurretik egingo dira egiaztapenok.

c) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu.

Baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatuko da laguntza eman baino lehen eta ordainketa egin baino lehen.

d) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako ezgaitzen dituen debeku baten pean (sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

6.– Onuradun izaera lortzeko debekurik ez duela justifikatzea, eskabideko inprimakietan txertatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan daude adierazita debeku horiek.

7.– Dekretu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango eta emandakoa ez zaie ordainduko, baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehapen-prozeduraren bat hasi bada eta prozedura hori oraindik izapidetzen ari bada.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Agindu honetan jasoko laguntzak dirulaguntza ez-itzulgarri gisa hartuko dira, eta lerro hauetakoren batean sarturiko jarduketak finantzatzera bideratuko dira:

a) Turismo-negozio berriak sortzeko ekintzailetza, I. eranskinean zehaztutako ezaugarrien arabera.

b) Honako xede hauek bilatzen dituzten turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea COVID-19aren pandemiak eragindako inguruabarretan, II. eranskinean zehaztutako ezaugarrien arabera:

– Turismo-enpresen eta -zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bitartez.

– Enpresen turismo-eskaintza hobetzea eta optimizatzea.

– Eskaintza turismo segurura, jasangarrira, arduratsura eta irisgarrira bideratzea.

2.– Lerro biek elkar baztertzen dute.

3.– Laguntzaren xede diren inbertsioak EAEn kokatu beharko dira.

6. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Negozio berriak sortzera bideratutako ekintzailetza-proiektuetarako (I. eranskinean daude jasota) gehieneko dirulaguntza diruz lagun daitekeen gastuaren % 40 izango da, 18.000 eurora arte.

2.– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratutako proiektuetarako (II. eranskinean daude jasota) gehieneko dirulaguntza diruz lagun daitekeen gastuaren % 30 izango da, 15.000 eurora arte.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira I. eta II. eranskinek horri buruz jasotako zehaztapenekin zalantzarik gabe bat datozenak, eta, gainera, 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin eta fakturatzen direnak.

2.– Inbertsio onargarri gisa inbertsio horren balio garbia zenbatuko da beti, halakotzat hartuz balio erantsiaren gaineko zerga kendu ondoren fakturatutako zenbatekoa.

3.– Ibilgetua leasing bidez eskuratuz gero, diruz laguntzeko tarteari dagozkion kuotak lagundu ahalko dira diruz, interesik eta gasturik gabe.

4.– Erregistro publiko batean izena emateko ondasunen kasuan, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 31.4 artikuluan araututako moduan jokatu beharko da.

5.– Oro har, ez dira diruz lagunduko honako hauek:

– Lursailak, eraikinak eta lokalak erostea.

– Enpresako ibilgailuak erostea.

– Langile-gastuak.

– Negozioaren lokalaren alokairua, I. eranskineko jarduketetan izan ezik.

– Negozioa mantentzeko gastu orokorrak (argia, ura, gasa, elektrizitatea, telefonoa, ohiko aholkularitza-gastuak, kontsumigarriak, etab.).

– Informatika-ekipamendua, salbu eta beharrezkoa bada laguntzaren xede den ekimena gauzatzeko, eta proiektua balioesteko azalpen-memorian argi eta gabi justifikatzen bada.

– Berrikuste- eta mantentze-gastuak.

– Eskatzaileak ekoiztutako, egindako edo garatutako aktiboak.

– Finantzaketako edota aholkularitza juridiko eta finantzarioko gastuak, zeharkako zergak edota pertsonalak notario- eta erregistro-errentaren gainekoak, administrazio-baimenen tasak, lizentziak edo antzekoak, I. eranskinean zehaztutakoak izan ezik.

8. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Eskabide bakarra onartuko da pertsona bakoitzeko (fisikoa edo juridikoa), eta agindu honen 4.1 artikuluan jasotako jarduera motaren bat duen turismo-negozio edo establezimendu bakar batena izan beharko da. Beraz, pertsona batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, kopuru hori gainditzen duten eskabideetatik atzera egiteko eskatuko zaio, eta, atzera egiten ez badu, erregistratzen den lehenengo eskabidea onartu, eta gainerakoak ukatu egingo dira.

Era berean, eskabide berean turismo-negozio edo establezimendu bati baino gehiagori dagozkien jarduerak aurkezten badira, haietako batenak hautatzeko eskatuko da, agindu honen 12. artikuluan bildutako baldintzei jarraikiz.

Salbuespen gisa, eskabide berean onartuko dira II. eranskineko 2.1.1 eta 2.1.2 apartatuetan zerrendatutako diruz lagun daitezkeen jardueretan sarturiko soluzio teknologikoak, baldin eta eskatzailea titularra den turismo-negozio edo establezimendu bat baino gehiago hartzen badituzte barnean.

2.– Dirulaguntzaren xede den ekipamenduak, altzariek eta tresneriak berriak izan beharko dute, enpresaren/establezimenduaren aktibora bildu beharko dira eta enpresan gutxienez 5 urte, fakturazio dataz geroztik, eman beharko dituzte jardunean.

3.– Instalazio elektrikoak, argiztapena, isolamendua eta girotzea, ur sanitarioaren eta energiaren kontsumoak, eta energia-etiketatzeari lotutako etxetresna elektrikoen eskuraketa xede dituzten edo horiei lotuta dauden inbertsioak, energia-efizientziaren irizpideak kontuan izanik egin beharko dira, eta etxetresna elektrikoen kasuan zorrotzenak izan beharko dute. Era berean, eta hala dagokionean, ingurumen-inpaktuak saihesteko edo gutxitzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ahalegina egingo da.

4.– Diruz lagundutako webguneek eguneratuta egon beharko dute gutxienez ere 3 urteko aldian.

5.– Agindu honen babesean, dirulaguntza ematen den hari gabeko konexio zerbitzua doako eran eskaini beharko da 3 urtean, gutxienez, instalatze egunetik aurrera.

6.– Dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahalko dira, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan jasotako baldintzetan.

Kontratuetan diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa 40.000 euroko zenbateko garbia edo handiagoa bada, obra egiteko kostuen kasuan, edo 15.000 euro baino handiagoa, ekipamenduen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza teknikoaren zerbitzuak ematearen kasuan, eskaintza bana eskatu beharko zaie hiru hornitzaileri, gutxienez, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, zerbitzuaren edo ondasunaren ezaugarri bereziak direla eta, haiek egin, eman edo eskaintzen dituzten nahikoa erakunde ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa egiteko, efizientzia-irizpideak eta irizpide ekonomikoak hartuko dira kontuan –justifikazioan edota dirulaguntzaren eskabidean eskaintza guztiak aurkeztu beharko dira–, eta, proposamen merkeena aukeratu ezean, erabakia justifikatu beharko da memoria batean.

9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babesean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailarekin lotura organiko edo funtzionalik ez duten erakunde pribatuek diruz lagun ditzaketen gastu beretarako emandako dirulaguntza ororekin. Salbuespen gisa, bateragarriak izango dira turismo- eta ostalaritza-sektoreari laguntzeko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak COVID-19aren inguruabarretan gauzatu litzakeen babes- eta sostengu-laguntzekin.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste Administrazio Publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du gainditu diruz lagundutako jarduketaren kostua, eta, kasu horretan, agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Erregelamendu hori Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.

Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake hiru zerga-ekitalditan, laguntza eskatu den ekitaldia erreferentziatzat hartuta.

Muga hori gaindituz gero, gutxitu egingo da programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa, soberako kopurua kenduta.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, helbide elektroniko honetara jo beharko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1010209

Eskabideak izapidetzeari buruzko zehaztapenak eskuragarri egongo dira egoitza elektroniko horretan.

3.– Espedientean sartzeko, jakinarazpenak jasotzeko, dokumentazioa aurkezteko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/)

4.– Laguntza-eskabideak barne hartzen ditu inprimaki normalizatua (ikus V. eranskina), eskatzaileak (pertsona fisikoa edo juridikoa) EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio elektronikoko bitartekoren baten bidez betea eta sinatua (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/), eta hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazio osagarria ere. Sinadura elektronikoan ageri den data eta ordua hartuko da aurkezpen-egun gisa.

5.– Ezarritako epetik kanpo aurkeztutako eskabideak ez dira izapidetuko, eta, horretarako ebazpena eman ondoren, ez onartzea erabakiko da.

6.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan agindu honi dagozkion prozedura guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Ordezkarien Erregistro Elektronikoa, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo

– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek, gainera, erantsi beharko dute ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu.

Ordezkariak (fisikoa zein juridikoa) identifikazio elektronikorako onartutako bitarteko bat izan beharko du egoitza elektronikoan.

7.– Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, eskabidean berariaz adierazi beharko dira taldekide bakoitzak bere gain hartuta dauzkan betearazpen-konpromisoak.

8.– Eskabidea eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

9.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

11. artikulua.– Eskabidearen eta aurkeztu beharreko bestelako dokumentazioaren edukia.

1.– Eskabidearen inprimaki normalizatuak eskatzailearen datu orokorrak bilduko ditu. Bertan, langileen datuak sexuaren arabera bereizita egongo dira, eta proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko beharrezkoa den informazioa eta eskabidean aurkeztutako informazioaren egiazkotasunari buruzko eta beste alderdi batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena izango ditu. Hona hemen alderdi horiek:

– Laguntza jaso duen pertsonaren izaerari dagokionez:

• Betetzen ditu deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako eskakizunak.

• Pertsona edo enpresa ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren gainontzeko egoeretan, eragotzi egiten baitute pertsona edo enpresa onuradun izatea.

– Zehapenei dagokienez:

• Ez dauka dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

• Erakundea itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen ala ez, Administrazio Orokorrak edo EAEk eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasitako prozedura.

– Bestelako laguntzei dagokienez:

• Proiektu bererako beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.

• Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako minimis laguntzak, laguntza eskatu den azken urtea hartuta azken urteko erreferentziatzat.

• Aurkeztutako proiekturako erakunde publiko zein pribatuetan eskatu dituen bestelako laguntza-eskabidea guztien berri emateko konpromisoa.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:

• Ez dago zigortuta dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.

– Eskabideko datuei dagokienez:

• Egiazkoak dira eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa, eta norbere gain hartzen da dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada, edo adierazpena bera aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkeztu deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jarduera egiten jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

2.– Eskabide-inprimakiarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira digitalizatuta:

a) Oinarrizko dokumentazioa:

• Laguntza-eskabidearen xede diren jarduketei buruzko azalpen-memoria, IV. eranskinean bildutako edukiari erantzunez.

• Negozio-plana: ekintzailetzarako laguntzen eskabideak (I. eranskina).

• Pertsona juridikoak: enpresaren eratze-eskriturak. Ekintzailetzarako laguntzen eskabideen kasuan (I. eranskina), laguntza justifikatzeko fasean aurkeztu ahal izango dira, betiere enpresa epea amaitu ondoren eratu bada.

• Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak: eratze-kontratua.

• Diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontuak edo proformako fakturak, dirulaguntzaren xede diren elementuak eta/edo lanak argi eta garbi identifikatuta.

• Ekonomia-jardueren gaineko zergaren alten eta bajen ziurtagiri historikoa, agindu honen 4. artikuluan ezarritako kasuetan. Ekintzailetzarako laguntzen eskabideen kasuan (I. eranskina), laguntza justifikatzeko fasean aurkeztu ahal izango da, betiere enpresa epea amaitu ondoren eratu bada.

• Negozioaren familia-jarraipena egiaztatzen duen dokumentazioa, halakorik balitz (II. eranskineko 2.2.3 apartatua).

• Negozioaren enpresa-eskualdatzea egiaztatzen duen dokumentazioa, halakorik balitz (II. eranskineko 2.2.3 apartatua).

• Lokalaren errentamendu-kontratua, halakorik balitz (I. eranskina).

• Teknikari eskudunek sinatutako txostena, EAEn indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko araudia betetzen dela ziurtatzen duena, halakorik balitz. Agiri hori ez da beharrezkoa izango obrarik ez dakarren ekipamendua erosteko eta/edo instalatzeko kasuetan (I. eranskina).

b) Irizpideak balioesteko dokumentazio osagarria:

• Ekonomia-jardueren gaineko zergan deialdiaren urtean alta eman duten enpresak: Altan dauden langileen batez besteko plantillari buruzko txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, langileren bati alta eman zitzaionetik eskabidea egin aurreko hilabetera arte igarotako aldiari dagokiona. 6. irizpidea.

Gainerako enpresak: Deialdiaren aurreko ekitaldiari dagokionez, «altan dauden langileen batez besteko plantillari buruzko txostena», Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana. 6. irizpidea.

• Norberaren kontura lan egiten duten pertsonen alta egiaztatzeko agiria, halakorik balitz: «Norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian alta emateko ebazpenaren kopia», Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana eta eskabidea egiten den egunean eguneratua. 5. eta 6. irizpideak.

• Hala badagokio, EAEko turismoko enpresa-elkarte bateko edota xedetzat bere eragin-eremuaren turismo-garapena duen elkarte, erakunde publiko-pribatu edo/eta EAEko Turismo Produktuko Klub bateko kidea dela egiaztatzen duen agiri eguneratua. 2. irizpidea.

• Hala badagokio, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-plana (irizpide honek ez du balioko Berdintasun Legeak behartutako enpresen kasuan), edota lana eta familia kontziliatzeko plana. 3. irizpidea.

• Hala badagokio, «kotizazio-kontuaren kode batean alta emanda dauden langileen txostena», Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, eskabidea egin den egunean eguneratua. Irizpideak: 3 (% 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatu izanaren egiaztagiriak aurkeztea). 5. irizpidea.

• Hala badagokio, negozio-plana enpresak sortzeko eta garatzeko lankidetzan jarduten duten enpresek garatu edo tutorizatu dutela egiaztatzea (enpresa-haztegiak, enpleguak abiarazteko eta sorraraztekoak, enpresa-zentroak eta abar). 5. irizpidea.

• Hala badagokio, marketin-plana. 5. irizpidea.

3.– EAEko Administrazioari pertsona fisiko edo juridiko eskatzailearen banku-datuak aurrez eman ez bazaizkio, edo horiek aldatu nahi badira, «Hirugarrenaren datuen alta/aldaketa» bete beharko da, Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezarritako prozeduraren arabera (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/)

Horretarako «Hirugarrenen Erregistro Telematikoa» erabiltzen ez bada, aurrez aurreko kanalerako aurreikusitako «Hirugarrenen alta» izeneko inprimaki normalizatua aurkeztu beharko da, behar bezala beteta (https://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/adjuntos/ALTA.pdf). Pertsona juridikoek Identifikazio Fiskaleko Txartela erantsi beharko dute.

4.– Interesduna ez dago behartuta ezein administraziok egindako dokumentuak aurkeztera, baldin eta laguntza-deialdi honen organo kudeatzaileak dokumentu horiek kontsultatzeko edo eskuratzeko baimena eman badu. Ulertuko da interesdunak baimena ematen duela agiri horiek kontsultatzeko edo lortzeko, non eta ez duen aurka egiten modu arrazoituan; kasu horretan, eskaturiko dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Era berean, ez da nahitaezkoa izango interesdunak aurretik ezein administraziori aurkeztutako dokumentuak aurkeztea. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta laguntza-deialdi honen organo kudeatzaileak elektronikoki jaso beharko ditu, bere sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformetan edo hartarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bidez kontsultatuta. Ulertuko da enpresa interesdunak baimena ematen duela kontsulta hori egiteko, non eta ez duen aurka egiten modu arrazoituan; kasu horretan, eskaturiko dokumentazioa aurkeztu beharko du. Salbuespen gisa, aipatutako dokumentuak ezin badira eskuratu, berriz eskatu ahal izango zaio enpresa interesdunari horiek aurkezteko.

5.– Basquetourrek emango du 1. balorazio-irizpidea betetzeari buruzko informazioa. Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikita dagoela egiaztatzeko (3. irizpidea), Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren web-orrian egingo da kontsulta.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea ez bada osorik bete, edo harekin batera ez bada aurkeztu aurreko artikuluan adierazitako nahitaezko dokumentazioa, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela eskabidean atzera egin duela, eta horretarako, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Eskabidea aztertuta egiaztatzen bada laguntzaren xedeko proiektua hobeto sartzen dela II. eranskineko beste apartatu edo azpiapartatu batean –eskabidean adieraziaz bestelako batean, alegia–, eta apartatu edo azpiapartatu horretako laguntzak lortzeko baldintzak betetzen baditu, eskabidea zuzentzeko eskatuko zaio eskatzaileari. Horretarako epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean adierazitakoaren arabera baloratuko da inbertsioen egokitasuna.

2.– Jakinarazpenak EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/)

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena jakinarazten den ekintzaren interesdunari, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Jakin baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola, baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu ukatu egin duela jakinarazpena. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

13. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek epean aurkeztutako eskabideak banan-banan aztertu eta ebaluatuko dituzte, eta egiaztatuko dute betetzen direla agindu honetan ezarritako eskakizunak. Halaber, eskatzaileari dokumentazioa edo informazio argigarria eskatu ahal izango diote, eskabidean aurkeztutako dokumentazioa behar bezala ulertu ahal izateko.

2.– Esandako analisiaren emaitzak txosten indibidualizatu batean jasoko dira eskabide bakoitzeko; bertan, eskabide bakoitzari kalkulatutako dirulaguntzaren zenbatekoa ere ipiniko da, eta, beharrezkoa denean, txosten horrekin batera, III. eranskinean ezarritako balioespen-irizpideen behin-behineko haztapena ere ipiniko da.

3.– Ez dira kontuan hartuko agirien bidez egiaztatzen ez diren proiektuen balorazio-elementuak, 11.2.b) artikuluan dokumentazio osagarri gisa hala adierazten den kasuetan.

4.– Programa honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa eman daitekeen zenbatekoa baino handiagoa bada, turismo-antolamenduko arduradunak Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari proposatuko dio dirulaguntza ematea agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztiei, eta ukatzea betetzen ez dituztenei. Kasu horretan, eskabideak ez dira baloratuko 14. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

5.– Programa honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa ez bada nahikoa dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, ebaluazio-batzorde bat eratuko da, aurkeztutako eta onartutako eskabideak batera baloratzeko, agindu honen 15. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Diruz laguntzeko baldintzak betetzen dituzten eskabideak honako irizpide eta haztapen hauen arabera baloratuko dira:

1.1.– Bi lerroetako jardueretarako irizpide komunak:

– 1. irizpidea: Enpresan Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren printzipioak ezartzea (turismo jasangarria). Euskadiko Kode Etikoaren Erregistroan inskribatutako pertsonak eta erakundeak lehenetsiko dira, baita Euskadiko Kode Etikoaren prestakuntza-ibilbidea amaitu dutenak ere. Gehienez 3 puntu emango dira.

– 2. irizpidea. Enpresen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua indartzea. Honako hauek lehenetsiko dira: Turismoaren Euskal Sareko (Saretour) kide direla egiaztatzen duten pertsona eta erakundeak; EAEko turismo-sektoreko enpresa-elkarteak; EAEko produktu-klubak eta/edo erakunde publiko-pribatuak, betiere haien eragin-eremuaren garapen turistikoa badute helburu. Gehienez 5 puntu emango dira.

– 3. irizpidea. Enpresaren eta kontsumitzailearen aurreko gizarte-erantzukizuna. Pertsona eta erakundeek arlo hauetan duten konpromisoa sarituko da: berdintasuna, % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila duten emakumeen eta gizonen kontratazioa, eta kontsumitzaileen aurreko erantzukizuna, azken hori Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Sistemara atxikitzea dela ulertuta. Gehienez 12 puntu emango dira.

– 4. irizpidea. Aurreko dirulaguntzak. Deialdi honen aurreko lau urteetan MET/EMET programako dirulaguntzen onuradun izan ez diren pertsona eta erakundeak sarituko dira. Gehienez 10 puntu emango dira.

1.2.– Ekintzailetza-lerrorako irizpide espezifikoa.

– 5. irizpidea. Enpresa-proiektua. Enpresa-proiektua haren bideragarritasunaren eta izaera berritzailearen arabera balioetsiko da, baita enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko gaitasunaren arabera ere. Gehieneko puntuazioa 45 puntu izango da, honela banatuta:

• Proiektuaren bideragarritasuna. Gehienez 6 puntu emango dira.

• Autoenplegua sortzea, bereziki, emakumeentzat. Gehienez 12 puntu emango dira.

• Soldatapeko enplegua sortzea, kontratazio mugagabea eta lanaldi osokoa bultzatuz, bai eta emakumeena ere. Gehienez 15 puntu emango dira.

• Negozioaren lehiakortasuna indartzea, merkatuaren plangintza estrategikoaren eta digitalizazioaren bidez. Gehienez 12 puntu emango dira.

1.3.– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko lerrorako irizpide espezifikoa, COVID-19ak eragindako pandemiaren testuinguruan:

– 6. irizpidea: Enpresaren tamaina. Neurri txikiagoko enpresek aurkeztutako proiektuen alde egingo da. Gehienez 15 puntu emango dira.

– 7. irizpidea. Jarduera-tipologiaren arabera. Diruz laguntzeko jarduerak puntuatzeko, sektorean lehiakortasuna hobetzeko turismo-enpresak onartutako neurriak hartuko dira kontuan. Gehieneko puntuazioa 30 puntu izango da, honela banatuta:

• Turismo-enpresen eta -zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bitartez. Gehienez 10 puntu emango dira.

• Turismo-enpresen eta -zerbitzuen kalitatea hobetzea. Gehienez 8 puntu emango dira.

• Eskaintza turismo segurura, jasangarrira, arduratsura eta irisgarrira bideratzea. Gehienez 12 puntu emango dira.

2.– Agindu honen III. eranskinean daude xehatuta Bi lerroetarako irizpide komunen haztapena eta horietako bakoitzerako irizpide espezifikoena.

3.– Honela balioetsiko da 6. irizpidea, enpresaren neurriari buruzkoa:

• Deialdiaren ekitaldian Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan eta ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dauden enpresak: altan dauden langileen batez besteko plantillaren txostenean agertzen den enplegu-datua balioetsiko da, langileren bati alta eman zitzaionetik eskabidea egin aurreko hilabetera arteko aldiari dagokiona, eta, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorraren mende ez dagoen langilerik izanez gero, norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian alta emanda daudela egiaztatzen duten pertsona kopurua, eskabidea egiten den datan eguneratua.

• Gainerako kasuetan: deialdia egin aurretik itxitako azken ekitaldian altan dauden langileen batez besteko plantillari buruzko txosteneko enplegu-datuak baloratuko dira, eta, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorraren mende ez dagoen langilerik izanez gero, eskabidea egiten den egunean norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian alta emanda zeudela egiaztatzen duten pertsonen kopurua.

Kasu guztietan, altan dauden langileen batez besteko plantillari buruzko txosteneko datuak eta negozioan jardueraren bat garatzen duten eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorraren mende ez dauden langileenak batuko dira.

15. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Laguntzak finantzatzeko aurrekontua eman daitekeen zenbatekoa baino txikiagoa bada, ebaluazio-batzorde bat eratuko da, laguntzak batera baloratzeko, 14. artikuluan zerrendatutako lehentasun-irizpideei jarraikiz eta III. eranskineko mailakatzearen arabera. Horretarako, egindako txosten teknikoak hartuko dira kontuan.

Eskabideen lehentasun-ordena lortutako puntuazioen araberakoa izango da; hau da, puntuazio handiena duenak izango du lehentasuna.

Puntuazio bera lortzen duten eskabideen lehentasun-ordena zehazteko, diruz lagundu daitekeen gastu handiena duenari emango zaio lehentasuna, eta, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa eta puntuazioa berdina bada, lehentasun-ordena eskabideak osorik betetzen diren dataren arabera ezarriko da; hau da, sarrera-erregistroaren eguna kontuan hartuta, lehendabizi egiten diren eskabideek izango dute lehentasuna.

2.– Bigarren artikuluan aurreikusitako lerro bakoitzean, laguntzak 6. artikuluan ezarritako zenbateko maximoetan joango dira ematen, harik eta zuzkidura ekonomikoa agortu arte. Zenbatekoak esleitzeko prozesuan esleitzeke dagoen zuzkidura ez balitz nahikoa hurrengo gehieneko zenbatekoa duenari erantzuteko, hari emango zaio soberakina.

3.– Ebaluazio-batzordeak, ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, honako hauek proposatuko dizkio Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari:

– Lagun daitezkeen jarduketetarako eskatu diren laguntzak ematea, horiek finantzatzera bideratutako kreditua agortu arte.

– Kreditua agortu delako edo agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztelako finantzatu ezin diren laguntzak ukatzea.

4.– Ebaluazio Batzordea Basquetourreko ordezkari batek eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko bost ordezkarik osatuko dute; horietako bat lehendakaria izango da, eta beste batek idazkari gisa jardungo du, botoa emateko eskubiderik gabe. Titularrak falta badira, ordezkoak izendatu ahalko dira. Hauek izango dira:

– Lehendakaria: Carlos Izaguirre San Emeterio; ordezkoa: M.ª Felicidad Arzamendi Vargas.

– Idazkaria: Cristina Madinabeitia Olariaga; ordezkoa: Ana Sarriegi Fortun.

– Batzordekideak: Gema Etxenike Jauregibeitia; ordezko batzordekidea: Inés Pérez Citores; Miren Josune Etxebeste Hernandorena; ordezko batzordekidea: Amaia Agirre Gogorza; Ana Isabel Lekue Gallano; ordezko batzordekidea: Ana Abel Aguilera Iturbe-Ormaetxe; batzordekidea: Iñigo Uriarte Lasso de la Vega; ordezko batzordekidea: Idurre Ostolaza Gárate.

Erabakiak hartzerakoan, agindu honetan ezarritako oinarri arautzaileetan eta, oro har, ordenamendu juridikoan ezarritakoa errespetatuko beharko du batzordeak, betiere bozketa-prozeduraren bidez. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan, modu osagarrian aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. sekzioa.

Bere eginkizunak betetzeko, osatzen den kide anitzeko organoak, administrazioaren zerbitzu teknikoei laguntzeko, langile adituen laguntza erabili ahal izango du dirulaguntza jaso duten arlo guztietan.

16. artikulua.– Laguntza emateko ebazpena.

1.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokio eskatutako dirulaguntzak onartzeko edo ukatzen dituen administrazio-ebazpena ematea. Ebazpen horretan, pertsona onuradunak, finantzatutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira; edo, hala badagokio, laguntza ez emateko arrazoiak. Era berean, onuradunari jakinaraziko zaio laguntzak minimis izaera duela.

Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun izaera izango baitute.

2.– Ebazpena EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), agindu hau indarrean jartzen denetik gehienez sei hilabeteko epean, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Horrek guztiak ez du eragotziko diruz lagundutako eskabideen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ebazpena indarrean sartu eta hurrengo hilabetean.

Sei hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, interesdunak bere eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

3.– Organo kudeatzaileak abisuak helaraziko dizkie interesdunei, EAEko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan jakinarazpen bat eskuragarri ipinitakoan; horretarako, SMSak edo mezu elektronikoak bidaliko dira eskabide inprimakian adierazitako telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/)

5.– Dirulaguntza horiek emateko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dauzkaten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako betearazpen-aldian, edo, onuradunen edo erakunde laguntzaileen kontra premiamendu-bidea baliatzerik ez dagoenean, borondatezko aldian erantzun gabeko zorrak badira, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak. Horrez gain, honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartu behar dute. Ildo horretan, baldin eta pertsona onuradunak ukoa espresuki adierazten ez badu ebazpena Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez argitaratuz dirulaguntza eman izana jakinarazi eta hamabost eguneko epean, dirulaguntza onartu duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

c) Helburu berarekin ezein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatzeko agiriekin batera.

d) Dirulaguntza emateko ezein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, aldaketa egin aurretik horren berri ematea.

e) Aipamena egitea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eskainitako babesari, proiektua zabaltzeko egiten dituzten dokumentu eta publizitate orotan, Eusko Jaurlaritzaren nortasun korporatiboko eskuliburuan jasotako moduan (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/)

f) Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, turismoaren alorreko eskumena duen EAEko Administrazioaren sailak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dien informazio oro ematea.

g) Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, EAEko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jarduketaren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.

h) Bere gain hartzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluan administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten edo harekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak. Tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; lengoaia mota oro modu ez-sexistan erabiltzea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.

18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Justifikaziora sartzea eta berori betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

2.– Pertsona onuradunak frogatu beharko du, baliabide telematikoen bidez, bete dituela ezarritako baldintzak eta lortu duela dirulaguntzaren xede zen helburua.

3.– Laguntza emateko ebazpena berariaz edo modu tazituan onartu ondoren justifikatuko da laguntza. Justifikazioa egiteko epea 2022ko urtarrilaren 31n amaituko da. Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek errekerimendua egingo diote pertsona onuradunari, hamabost eguneko epean aurkez dezan (epea luzaezina da). Ezarritako epearen barruan justifikaziorik ez aurkeztea arrazoi izango da ez-betetze gisa hartzeko.

4.– 2021eko ekitaldian jaulkitako fakturak eta 2021eko urtarrilaren 1aren ondoren eta 2022ko urtarrilaren 31 baino lehen egindako ordainketak onartuko dira. Ondorioz, ez dira kontuan hartuko epe horren aurretik edo ondoren egindako ordainketak, epeka eta/edo geroratuta adostutakoak barnean hartuta.

5.– Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontu sinplifikatua erabiliko da. Horrek dokumentazio hau bildu beharko du gutxienez:

– Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete dituztela justifikatzeko jarduera-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz azalduta.

– Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostua frogatzen duena. Honako hauek jasoko ditu:

a) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hartzekodunaren identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura emandako data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZik gabe) eta ordainketa-eguna.

b) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria ere aipatzen dituena; adieraziko da, halaber, betetzen dituela oinarrietan eta ebazpenean ezarritako baldintzak, jarduerak egin dituela eta proiektu horren emaitzak lortu dituela –jardueraren azken memoriaren eta justifikazio-kontuaren bidez hala justifikatzen baitu– eta egiazkoak direla datuak eta aurkeztutako dokumentuak.

c) Hala balegokio, agindu honen 8.6 artikuluan adierazitako kontratuetarako eskatutako hiru eskaintzak, baita hautaketa justifikatzen duen memoria ere, proposamen ekonomikoaren aldeko hautua egiten ez denean.

d) Hala badagokio, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotearen ziurtagiria, agindu honen 4.2 artikuluan zehaztutako kasuetan, turismo-negozio berriak sortzeko ekintzailetza-lerrora bildutako proiektuetarako (I. eranskina), negozio horiek eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren sortu badira.

e) Hala badagokio, enpresa-eraketaren eskriturak, agindu honen 4.2 artikuluan zehaztutako kasuetan, turismo-negozio berriak sortzeko ekintzailetza-lerrora bildutako proiektuetarako (I. eranskina), negozio horiek eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren sortu badira.

f) Jarduera profesionalei dagozkien epigrafeetan ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dauden pertsona fisikoek, baldin eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko araudiak lanbide-jardueraren lehen ekitaldietan atxikipenetan tasa murriztua aplikatzeko ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte, dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute beteta (VI. eranskina).

g) Hala badagokio, aipamena egitea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eskainitako babesari, proiektua zabaltzeko egiten dituzten dokumentu eta publizitate orotan, Eusko Jaurlaritzaren nortasun korporatiboko eskuliburuan jasotako moduan (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/)

6.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek aurkeztutako dokumentazioa aztertuta egiaztatuko dute egin direla diruz lagundutako jarduerak. Era berean, ausazko laginketa baten bidez egiaztatuko dituzte egoki iritzitako egiaztagiriak, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko argibide nahikoa eman dezaten, eta, horretarako, aukeratzen dituzten fakturak eta gastu-egiaztagiri jatorrizkoak bidaltzeko eskatu ahal izango dute. Aukeraketa horretarako oinarritzat hartuko da lagina ez izatea egindako egiaztapenen % 20 baino txikiagoa lurralde bakoitzean.

7.– Dokumentazioa egiaztatzean, ikusten bada aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak daudela, horiek zuzentzeko eskatuko da, eta hamar eguneko epea emango da horretarako.

8.– Dirulaguntza likidatzeko, kontuan hartuko dira onuradunak benetan egindako eta justifikatutako diruz lagundutako gastua, baita diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste entitate batzuek emandako laguntzak ere. Dirulaguntzaren azken zenbatekoa ezin izango da inola ere handiagoa izan dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako dirulaguntzaren zenbatekoa baino. Justifikazioen zenbatekoak, II. eranskinean aurreikusitako jarduketen atal berari dagozkionak, euren artean konpentsatu ahal izango dira.

9.– Justifikaturiko eta likidazioan onartutako kostua onetsitako aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, dirulaguntza berriz kalkulatuko da, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuta.

10.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu dituztenean, teknikariek txosten bat emango dute; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da. Hala ere, dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta horrek emandako dirulaguntza gutxitzea badakar, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio interesdunari, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, hala badagokio.

11.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak aginduko du dirulaguntzaren ordainketa.

12.– Pertsona fisikoei jarduera profesionalak egiteko emandako laguntzetatik edo dirulaguntzetatik, zergaren araudia aplikatuz legokiekeen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) zenbatekoak atxikiko dira.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzak edo laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, aldatu egin ahal izango da dirulaguntza emateko ebazpena, betiere ustezko ez-betetzeak estaltzen ez badira, arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Ondore horietarako, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak aldatzeko ebazpena emango du, eta bertan doituko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak.

2.– Aurrekoa gorabehera, aurkeztutako proiektua funtsean aldatzea ez dakarten aldaketak Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari jakinarazi, eta idatziz justifikatu beharko dira, betiere, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada. Dena den, ez du dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko.

3.– Baldin eta, justifikazio-fasean jardueraren onartutako behin betiko eta benetako kostua gutxiago bada onetsitako gastuaren aurrekontua baino (laguntza zehazteko baliatu zena), emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

20. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak aukera izango du eskabide horretan atzera egiteko. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak bete-betean onartuko du atzera-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du, pertsona horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen baten bitartez, berariaz onartuko du uko-egitea, eta prozedura amaitutzat eman.

21. artikulua.– Ikuskatzea.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jotako ikuskapen eta egiaztapen guztiak egingo ditu, aurkeztutako proiektuen betearazpenari dagokionez; eta onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola alde batera utzi gabe, eta, betiere, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago –Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan aurreikusi egoerak–, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, bat etorriz EAEren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Segidan aipatzen den gorabeheraren bat gertatzen bada, galdu egingo da dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea:

a) Diruz lagundutako jarduerak II. eta III. eranskinetan ezarritakoa baino zenbateko txikiagoarekin egitea.

b) Egiaztagiriak ezarritako epetik kanpo aurkeztea, delako errekerimendua egin denetik aurrera.

c) Laguntza eskuratzeko eskatutako eskakizunak ez betetzea.

d) Inbentarioan jasotzeko moduko ondasunei dagokienez, diruz lagundutako ondasunak ez bideratzea dirulaguntza emateko baliatutako xederako aginduaren 8. artikuluan ezarritako denboran.

3.– Justifikaziorako beharrezkoa den dokumentazioa partzialki ez izateak dirulaguntza murriztea ekarriko du, aurkeztu gabeko dokumentazioaren proportzio bereko zenbatekoan.

4.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea. Ez-betetze espediente hori egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: http://www.euskadi.net/nirekarpeta/

5.– Prozedura administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

23. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi. Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak; eta prozedura-arloan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 14a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
TURISMO-NEGOZIO BERRIAK SORTZEKO EKINTZAILETZA-LAGUNTZEN LERROA

1.– Laguntza-lerro hau jaso ahal izango dute laguntza-eskabidearen xede den turismo-negozioaren jardueran aritzeko Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan edo ekonomia-jardueren gaineko zergan titular gisa 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2021eko abenduaren 31 baino lehen alta emandako pertsonek, agindu honen 4. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2.– Honako turismo-negozio hauek lehenetsiko dira:

– Lehiakortasuna indartzen dutenak merkatuko plangintza estrategikoaren bidez (marketin-plana) eta digitalizazio bidezko enpresa-berrikuntzaren bitartez.

– EAEn enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzen dutenak, emakumeen ekintzailetza eta kontratazioa bultzatuz, enpleguan dagoen genero-arrakala murrizteko asmoz.

3.– Negozio berriek baliabide naturalak eraginkortasunez kudeatzen, ingurumena zaintzen eta klima-aldaketari aurre egiten lagunduko duten neurriak hartu beharko dituzte. Neurri horiek eskabidearekin batera doan azalpen-memorian zehaztu beharko dira, proiektua baloratzeko (IV. eranskina).

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren jarduera hasten duten turismo-ostatuko establezimenduek EAEko Turismo Administrazioan laguntza eskatu aurretik izapidetu beharko dute turismo-enpresa eta jarduerei buruz indarrean dagoen araudia egokitzeko txosten-eskabidea. Ez dira onartuko turismo-ostatuak sortzeko laguntza-eskabideak, baldin eta, aipatutako administrazioak egindako txostenaren arabera, ez badatoz bat dagokien turismo-araudiarekin.

5.– Jendeari irekitako establezimenduek irisgarriak izan beharko dute, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legean eta lege hori garatzeko arau teknikoetan ezarritakoaren arabera. Bestalde, erabilera turistikoko etxebizitzek eta etxebizitza partikularretako logelek etxebizitzaren irisgarritasuna bide publikotik bermatu beharko dute, aipatutako irisgarritasun-araudiaren arabera turismo-ostatuei aplikatzen zaizkien baldintzetan.

6.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak, 2021eko ekitaldiari dagozkionak:

– Eraketa-gastuak: erregistroa, notariotza, proiektu teknikoak.

– Laguntzaren xede den turismo-jarduera garatzen den negozio-lokalaren errentamendua, baldin eta: ez bada aurreikusten hura erosteko eskubidea; ez bada familia-etxebizitzaren zati bat edo beste enpresa batekin partekatutako espazio bat; ez badago lokalaren errentatzailearekin bigarren mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunik, eta errentatzailea ez bada erakunde onuradunaren bazkide edo partaide. Atal honetan sartuko da espazio edo aretoen alokairua, turismo-negozio berriarekin lotutako lan-bilerak eta aurkezpenak egiteko.

– Abian jartzeko gastuak: bideragarritasun-azterketak, marken erregistroa, irudi korporatiboaren diseinua eta establezimenduaren irisgarritasunari buruzko borondatezko txostena.

– Turismo-negozioa sortzeko, abian jartzeko eta hazteko behar diren aktibo finkoetako inbertsioak:

• Turismo-negoziorako soilik erabiltzen diren instalazioak egokitzeko obrak. Ez dira diruz lagunduko erabilera turistikoko etxebizitzetan eta etxebizitza partikularretako logeletan egindako obrak, etxebizitzaren irisgarritasuna bermatzeko direnak salbu.

• Turismo-negozioan soilik erabiltzeko altzariak eta ekipamendua. Ez dira diruz lagunduko erabilera turistikoko etxebizitzetako eta etxebizitza partikularretako logeletako altzariak edo ekipamenduak, mugikortasun- eta komunikazio-arazoak dituzten pertsona guztiei etxebizitzaren irisgarritasuna berdintasunez bermatzeko beharrezkoak diren elementu teknikoak izan ezik.

• Ekipamendu informatikoa erostea eta II. eranskineko 2.1.1, 2.1.2, 2.1.3 eta 2.1.4 apartatuetan zehaztutako soluzio teknologikoak ezartzea.

• Garraio-elementuak erostea, enpresakoak izan ezik, betiere diruz lagundutako jarduera horietan garatzen bada edo garatzeko ezinbestekoak badira. Ibilgailu motordunek II. eranskin honen 2.3 apartatuan jasotako jasangarritasun-baldintzak bete beharko dituzte. Lehendik diren garraio-elementuak egokitzea gaineratu egingo da eskakizunotara.

7.– Lerro honetan diruz lagundu daitekeen gutxieneko gastua 10.000 eurokoa da.

II. ERANSKINA
COVID-19ak SORTURIKO PANDEMIAREN INGURUABARREAN TURISMO-ENPRESEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO LAGUNTZA-LERROA

1.– Lerro honen xedea turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea da, berrikuntza teknologikoa babestuta, haien turismo-eskaintza hobetuta eta optimizatuta, eta turismo jasangarria eta irisgarria izateko egokituta.

2.– Honako jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

2.1.– Turismo-enpresen eta -zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bitartez.

2.1.1.– Enpresen digitalizazioan aurrera egiteko soluzio teknologikoak ezartzea, honako aplikazio-eremu hauetan:

– Negozioaren eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzea, hala nola hodeiko biltegiratzea, ordainketa eta kobrantza segurua, negozioaren kudeaketa integrala, Big Data prozesuetan oinarritutako soluzio aurreratuak (prezioen aurreikuspen-analisia, merkatuen monitorizazioa eta abar), fakturazio elektronikorako soluzioak, bezeroarentzako zerbitzuak kudeatzea, erreserbak kudeatzea, eskaera digitalak, kobratzeko kutxa adimenduna eta abar.

Azpiapartatu honetan ez dira diruz lagunduko honako hauek:

– Programa informatikoen mantentze-lanetarako gastuak (ikuspegi funtzionaleko, lege-ikuspegiko eta ikuspegi teknologikoko eguneratzeak; eboluzioko mantentze-lanak, zuzenketaren alorreko mantentze-lanak, azpiegituren mantentze-lanak, lizentzien ordainketak eta abar); ekipamendu informatikoaren bermeak, aseguruak eta kanonak; konektibitate-gastuak; webak ostatatzeko gastuak (alta, mantentze-lanak), edota domeinuak erregistratzea, berritzea eta kudeatzea.

– Zerbitzuagatiko aldizkako ordainketa-kuotak (SaaS irtenbideak, erabiltzeagatik ordaintzea, etab.), salbu kontratuaren lehen urteari dagozkionak, eta betiere aipatu kontratua 2021ean gauzatzen bada. Kontratu hori eskabideari erantsi beharko zaio, egiaztapena egiteko.

– Informatika-ekipamendua, salbu eta beharrezkoa bada laguntzaren xede den ekimena gauzatzeko, eta proiektua balioesteko azalpen-memorian argi eta gabi justifikatzen bada.

2.1.2.– Berrikuntza sustatzea negozio-prozesuetan eta I+G+Bko jarduerak garatzea; esaterako, turismo-jardueretara bideratutako mugikorretarako aplikazioak, edota negozioaren kudeaketa (check-in eta check-out, gelen baliagarritasuna eta/edo zerbitzuena...), teknologia immertsiboen multimedia-inguruneak (errealitate areagotua, errealitate birtuala, errealitate immertsiboa, hologramak eta abar); turismo-bitartekoak eta -produktuak gehiago gozatzeko eta ezagutzeko gamifikazio-programak, edo turismo-eskaintza eta -esperientzia bereiztera bideratutako bestelako elementu teknologikoak.

2.1.3.– Establezimenduaren kudeaketa adimenduneko sistemak (domotika) ezartzea (hala nola kudeaketa-zentrala, sentsore-detektagailuak, eragingailuak, komunikazio-euskarri digitalak, sarraila adimendunak eta abar) eta hurbiltasun-automatismoak eta -aktibatzaileak txertatzea (mikrouhin bidezko sentsoreak, infragorriak, laserrak), establezimenduaren ukipen-gainazalak murrizteko/ezabatzeko, bai eta espazio komunak/partekatuak aireztatzeko sistema adimendun eta automatizatuak eta haietara sartzea kontrolatzeko sistema teknologikoak ere (pertsonak zenbateko eta edukiera kontrolatzeko sistemak), besteak beste, birus eta bakterio patogenoak zabaltzea saihesteko eta segurtasuna areagotzeko establezimenduan.

2.1.4.– Haririk gabeko konektibitatea hobetzea turismo-ostatuetan.

Diruz lagunduko dira turismo-ostatuetako establezimenduetan hari gabeko sareak zabaltzeko edo hobetzeko helburua duten inbertsioak, establezimenduaren azaleraren % 90 hartzen dutenak, gelak eta eremu komunak barnean hartuta (itxiak eta irekiak).

Zehazki, honako hauek:

a) Establezimenduaren hari gabeko konektagarritasuna zabaltzeko edo hobetzeko inbertsioak, eta ez dira kontuan hartuko diruz lagunduko hari gabeko sarea edo Internetera sartzeko linea hedatzearen ondorioz establezimenduan egiten diren egokitzapen ez-teknikoak eta obren gastuak.

b) Establezimenduan haririk gabeko konektibitatea zabaltzeko edo hobetzeko diren zerbitzu profesionalak azpikontratatzea. Zerbitzu horien barnean sartzen dira honako hauek: sarearen estaldura eta neurria aztertzeko lanak, sarea hedatzeko establezimenduan egiten diren egokitzapen teknikoak, parametrizazioa, konfigurazioa eta sarearen eta emandako zerbitzuen egiaztapena, sarearen administratzaileak gaitzeko zerbitzuak eta hirugarrenei azpikontratatu beharreko jarduera oro, baldin eta hari gabeko sarea hedatzeko edo hobetzeko ezinbestekoa bada eta horrekin lotuta badago.

2.1.5.– Atal honetan diruz lagundu daitekeen gutxieneko gastua 3.000 euro garbikoa da.

2.2.– Enpresen turismo-eskaintza hobetzea eta optimizatzea.

Atal honetan, honako helburu hauek dituzten jarduketak lagunduko dira diruz:

2.2.1.– Turismo-zerbitzu eta/edo -produktu berriak sortzea, enpresak eta/edo turismo-establezimenduak aurretik emandakoez bestelakoak, baldin eta zerbitzuen espezializazioa edo pertsonalizazioa hobetzen badute, eskaintza areagotzen edo optimizatzen badute, lagungarriak badira negozioaren turismo-jarduera mantentzeko/suspertzeko, betiere COVID-19ren pandemiak sortutako krisiaren inguruabarretan.

Honako hauek izango dira diruz laguntzeko moduko inbertsioak:

– Produktu eta/edo zerbitzuaren eskaintza berrirako beharrezko diren instalazioak egokitzea eta ekipamendua eta altzariak erostea.

– Establezimenduko eremu komunak handitzea dakarten eraberritze- eta berregokitze-lanak, agintari eskudunek koronabirusaren transmisioa murrizteko beharrezkoa den distantzia soziala bermatzeko ezarritako araudien ondorioak konpentsatzeko, eta, hala, neurri horiek negozioaren bideragarritasun ekonomikoan izan duten inpaktua txikiagotzeko.

– Garraio-elementuak eskuratzea, enpresakoak izan ezik, betiere diruz lagundutako jarduera haietan egiten bada edota garatzeko ezinbestekoak badira. Ibilgailu motordunek II. eranskin hone 2.3.1 apartatuan jasotako jasangarritasun-baldintzak bete beharko dituzte. Lehendik diren garraio-elementuak egokitzea gaineratu egingo da eskakizunotara.

Ez dira kontuan hartuko: altzari eta ekipamendu berriak jartze hutsa, edo lokalen birgaikuntzak edo erreformak, negozioak modernizatzea badakarte ere, baldin eta ez badira sortzen turismo-produktu edo -zerbitzu berriak, lehendik eskainitakoez bestelakoak badira edo eremu komunak areagotzea eskatzen badute.

2.2.2.– Obrak eta ekipamendu-erosketak sukaldaritza-establezimendu edo turismo-ostatuetarako.

Helburu hauek dituzten inbertsioak bakarrik lagunduko dira diruz:

– Sukaldeak egokitzeko obrak, erabat edo zati batean ireki, eta bezeroen bistara gera daitezen, bezeroek sukaldaritza ikusi, eta, batzuetan, sukaldariarekin batera aritu edo platerak nahieran pertsonalizatzeko aukera izan dezaten, horrek balio erantsia ematen baitio esperientzia gastronomikoari. Jakiak agerian manipulatu eta prestatzeko ekipamendu-erosketak ere lagunduko dira diruz, sukaldea apartatu honetan xedatutakoari jarraikiz erreformatzearekin batera egiten badira.

– Edariak dosifikatzeko edo banatzeko gailuak erostea, kopak prestatzeko; bai eta pintxoak hozteko eta kontserbatzeko sistemak eta gailuak ere.

– Terrazak gaitzea eta modernizatzea, bai eta horiek modu eroso eta seguruan erabiltzeko egokitzea ere, COVID-19a hedatzea saihesteko ezar daitezkeen prebentzio-neurriekin bat etorriz.

2.2.3.– 2019. urtea baino lehenagotik negozioan edota hobetu beharreko establezimenduan turismo-jardueran etengabe jardun dutela egiaztatzen duten pertsonak edo erakundeak sartu ahalko dira apartatu honetan. Hala ere, onartu egingo dira familia-jarraipenaren bidez (4. mailara arteko odolkidetasuna eta ezkontza-ahaidetasuna barne) data horren ostean egindako titulartasun-aldaketak, bai eta «Berriz Enpresa» (www.berrizenpresa.com) programaren bidez (Eusko Jaurlaritzan turismoaren arloko eskumena duen sailak garatu du programa, EAEko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberen laguntzarekin) edo erakunde publiko eta pribatuek gauzatutako enpresa-eskualdaketako beste programa baten bidez egindako enpresa-eskualdatzeagatik egindakoak ere. Baina egiaztatu beharko da negozioa eskualdatu duen pertsonak 2019. urtea baino lehen gauzatzen zuela jarduera bertan.

2.2.4.– Atal honetan diruz lagundu daitekeen gutxieneko gastua 3.000 euro garbikoa da.

2.3.– Eskaintza turismo segurura, jasangarrira, arduratsura eta irisgarrira bideratzea.

Atal honetan, honako helburu hauek dituzten jarduketak lagunduko dira diruz:

2.3.1.– Turismo-jarduerak ingurunearen gainean duen inpaktua murriztera bideratutako inbertsioak. Honelako inbertsioak lagunduko dira:

a) Energiaren efizientzia hobetzera bideratutako instalazioak: barruko argiak, kanpoko argiak, bero- eta/edo hotz-sorgailuak (galdara, klimatizagailua), kontrol- eta erregulazio-sistemak.

Ez da laguntzaren xede izango luminariak aldatzea, instalazio elektrikoa berritzeko inbertsioaren barruan sartuta ez badago aldaketa hori egitea.

b) Energia ez-kutsatzaileen eta berriztagarrien instalazioak: biomasa, geotermia eta elektrizitatea sortzea (energia fotovoltaikoa, energia eolikoa, energia mini-hidraulikoa).

c) Garraio eta mugikortasun efizientea, betiere diruz lagundutako jarduera bertan egiten bada edota garatzeko ezinbestekoa bada, edo bezeroei eskainitako zerbitzuetan hobekuntza badakar:

– Motor % 100 elektrikoa duten ibilgailuak eta ibilgailu arinak gas naturalez eta/edo GLPz ibiltzera eraldatzea.

– Birkarga elektrikoa eta erregai alternatiboak.

– Lagundutako pedalak dituzten bizikletak eta trizikloak.

2.3.2.– Turismo-enpresek online eskaintzen dituzten instalazioak, zerbitzuak, produktuak eta komunikazio-sistemak eskuratzeko bereziki garaturiko teknologiak biltzea, berdintasun-baldintzetan, desgaitasun funtzional fisikoa, bisuala, entzumenekoa, intelektuala eta organikoa dituzten pertsona guztiei.

2.3.3.– COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren ondorioz, osasungintzako agintariek ezarritako neurrien edo eginiko gomendioen ondotik jarduera turistikoa egokitzeko beharrezko aktibo finkotan egindako inbertsioak, hala nola lurruneztatzeko makinak, babes-manparak instalatzea, txandak emateko gailuak, hesi eramangarriak, desinfekzio-ekipamenduak, gorputz-tenperatura neurtzeko kamerak, esterilizagailuak, kutsadura garbitzeko alfonbrak eta abar.

Ez da emango dirulaguntzarik material suntsikorra erosteko (maskarak, eskularruak, hidrogela, eta abar).

2.3.4.– Atal honetan diruz lagundu daitekeen gutxieneko gastua 3.000 euro garbikoa da.

(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
PROIEKTUA BALORATZEKO AZALPEN-MEMORIAREN EDUKIA

1.– Ekintzailetza-lerroan aurkeztutako eskabideak (I. eranskina):

1.1.– Proiektua:

1.1.– Negozioaren gaineko laburpena, haren elementu garrantzitsuenak nabarmenduz, lerro honen ebaluazio-irizpideei dagokienez (5):

1.2.– Enplegua sortzea:

1.2.1.– Sustatzailea:

Proiektua sustatzen duen pertsona bakoitzaren identifikazioa. Prestakuntza eta/edo esperientzia, aurkeztutako proiektuari dagokionez.

1.2.2.– Langileak kontratatzea:

– Pertsona kopurua eta lanpostuen definizioa.

– Eskabidea aurkeztu arte sortutako lanpostuak, lanaldiaren tipologia eta kontratatutako pertsonen sexua eta adina.

1.3.– Baliabide naturalen kudeaketa eraginkorra, ingurumena zaintzea eta klima-aldaketari aurre egitea: proiektuan horri buruz hartutako edo aurreikusitako neurriak identifikatzea (hala nola energia-efizientzia eta uraren erabilera hobetzeko neurriak, energia berriztagarrien erabilera, erabilera bakarreko plastikoa eta ontziak murriztea eta/edo desagerraraztea, hondakinak birziklatzea eta berrerabiltzea eta abar).

1.4.– Laguntzaren xede diren inbertsioak: aurkeztutako aurrekontu edo faktura bakoitza egindako inbertsio motaren arabera zerrendatzea, taula honen arabera:

(Ikus .PDF)

2.– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntzen lerroan aurkeztutako eskabideak (II. eranskina):

2.1.– Proiektua:

2.1.– Laguntzak zer inbertsiotarako eskatzen diren, horien laburpena.

2.2.– Laguntza horien bidez lortu nahi diren negozio-lehiakortasunaren hobekuntza-helburuak.

2.3.– III. eranskineko 2.2.1 apartatuan, diruz laguntzeko moduko jardueren memorian, zehatz-mehatz azaldu beharko da zertan datzan zerbitzua edo produktu turistikoa, enpresak aurretik eskainitakoarekin zer berritasun edo desberdintasun duen, negozioari zer balio erantsi ematen dion eta justifikatzea nola laguntzen duen eskaintzen dituen zerbitzuak pertsonalizatzen edo espezializatzen edota urtarokotasuna arintzen.

Era berean, establezimenduko eremu komunak handitzea dakarten espazioak eraberritzeko eta berregokitzeko laguntza eskatuz gero, adierazi beharko da obren aurretik zer edukiera zen eta obren ondoren zer edukiera lortu nahi den.

3.– Lerro bietarako.

3.1.– Ahal den neurrian, laguntza zer proiektutarako eskatu den, proiektu hori hobeto ulertzeko behar den informazio grafikoa erantsiko zaio memoriari (krokisa, planoak, argazkiak, etab.); batez ere, laguntzaren xedea denean instalazioak egokitzea edo ekipamenduak edo garraio-elementuak erostea.

3.2.– Hala dagokionean, laguntzaren xedeko baliabide teknologikoa erabili ahal izateko ekipamendu informatikoa erosi beharraren justifikazioa (Aginduaren 7.5 artikulua eta II. eranskina).

(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
LANBIDE-JARDUEREN LEHEN EKITALDIETAKO ATXIKIPENETAN TASA MURRIZTUA APLIKATZEKO ESKABIDEA

........................................................................................................................... andreak/jaunak,

(NAN zenbakia:.....................; helbidea: kalea ............................................................................., herria ...................................., posta-kodea............),

honako eskabide honen bidez,

adierazten du

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) buruzko araudian aurreikusitakoaren arabera, honako hau aurreikusten da:

«(...) zergadunek jarduera profesionala hasi badute, atxikipen-tasa % 7 izango da jarduera hasi den zergaldian eta hurrengo bietan, baina betiere jarduera hasi aurreko urtean inolako jarduera profesionalik egin ez badute.

Aurreko lerrokadan aipatu den atxikipen-tasa aplikatzeko, zergadunek zirkunstantzia hori betetzen dela jakinarazi beharko diote etekinen ordaintzaileari, eta hark komunikazioa gorde beharko du behar bezala sinatuta».

Horrenbestez, ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta eman nuenez joan den 201...(e)ko ....................aren .......(e)(a)n, eta nire lanbide-jarduerari ekin nionez, idazki honen bidez jakinarazten dut % 7,00ko atxikipen-ehunekoa aplikatu zitzaiela 20.... urteko nire etekin profesionalei.

Sin.:.........................................


Azterketa dokumentala