Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2021eko maiatzaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2589

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 26koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatu baita Muskizko (Bizkaia) Hondakin Uren Araztegia (HUA) handitzeko proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2020ko azaroaren 6an, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak Muskizen kokatutako Hondakin Uren Araztegia (HUA) handitzeko proiektuari buruzko eskabidea osatu zuen orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuari buruzko txostena lortzeko helburuarekin, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren markoan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorririk.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatzeko, 2020ko abenduaren 22an, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, espedientean jasota dagoen emaitzarekin. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako agiriak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, txostenak jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c) artikuluan xedaturikoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio, besteak beste, «proiektuaren I. eranskineko edo II. eranskineko ezaugarrien aldaketa orori, exekutatuak edo exekuzio-prozesuan daudenak, 7.1.c) artikuluan jada baimendutako deskribatuez bestelakoak badira eta ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsuak izan baditzakete». Aipatutako artikuluarekin bat etorririk, aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarriak ekar ditzakeela ulertuko da, besteak beste, Natura 2000 Sareko eremu babestuetan eragina izan badezake.

Alde horretatik, adierazi behar da aldaketaren xede den proiektua abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren 8.d taldean jasota dagoela: «Hondakin-urak tratatzeko instalazioak, 10.000tik 150.000 bitarteko biztanle-baliokideren hondakin-urak tratatzeko gaitasuna baldin badute». Esan behar da, bestalde, Natura 2000 Sareko «Barbadun itsasadarra» (ES2130003) KBEtik metro gutxira dagoela, ibaian gora.

Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua aplikatu behar zaio proiektu horri. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau jaulkitzen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenik.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Muskizko hondakin-uren araztegia handitzeko proiekturako, ondoren adierazitakoaren arabera:

A) Proiektuaren xedea da Muskizko hondakin-uren araztegiaren (aurrerantzean, HUA) edukiera handitzea eta 13,2 kV-ko aireko linea deribatzea «Muskiz - La Arena - Cto.4» izeneko lineatik, hain zuzen ere, tentsio ertaineko hargune elektrikoa izan dezan Muskizko HUA edo hondakin-uren araztegiaren transformazio-zentro partikularrak.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Muskizko hondakin-uren araztegia –HUA– handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena jaulkitzen den, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorririk:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Muskizko hondakin-uren araztegia 1988an eraiki zen. Geroztik, 1991n, handitze txiki bat egin zen, beste dekantagailu sekundario bat eraiki eta araztegiaren hasierako edukiera handiagotu zenean. Instalazioak egunean batez besteko 3.200 m3-ko emarirako funtzionatzen du.

Gaur egun, behar bezala aurre egin diezaiekeenak baino emari eta zama handiagoak tratatzen ditu. Barbadun itsasadarrera isurketa desegokiak egitea saihesteko, beharrezkoa ikusten da araztegia handitzea, hain zuzen ere isurketaren kalitatea egun indarrean dagoen araudira egokitzeko.

Aurretratamendua dimentsionatu nahi da 310 l/s-ko gehieneko emaria tratatu ahal izateko; bai eta ekaitzen eta ultramore bidezko desinfekzioaren tratamenduak ere, ahalmen bera izan dezaten. Tratamendu biologikoa eta ultramore bidezko desinfekzio-tratamendua 70 l/s-ko emarirako egokituko da (hidraulikoki).

Proposatutako teknologia hautatzeko orduan, aukerak aztertu ondoren, AAO (anaerobiko-anoxiko-oxiko) tratamendu biologikoa aukeratu da, dekantazio primariorik gabeko pikor-lohiarekin, eta diseinu globala egiteko hondakin-uren karakterizazio-datuak eta tratamendu-bermeak hartu dira oinarri.

Gainera, prozesuaren beste puntu batzuetan ere jardungo da:

– Alde batetik, koipeak, olioak eta flotatzaileak kenduko dira, eta, bestetik, garbitutako hareak, materia organikoa % 3 baino gutxiago dela bermatzeko.

– Lohiak zentrifugazio bidez deshidratatuko dira, % 21eko lehortasuna bermatu arte; horrela, mota horretako hondakinak biltegiratzeko ahalmena handitu ez ezik, optimizatu egingo da berorien lekualdaketa Galindoko instalaziora.

– Usain txarrak sor daitezkeen eremuetan usainak kentzeko lerroa sartuko da (gaur egun ez dago desodorizaziorik instalazioan).

– Euri-uren sarea bereizi egingo da isurketa-saretik. Instalazio barruko euri-urak bildu eta tratamendu-lerrora sartuko dira. Gainera, eraikinen estalkietan bildutako urak instalazioan berrerabiliko dira.

Etorkizunean, isurketa egungo puntuan egin ordez (Barbadun ibaira), ponpatu egingo da hoditeria batean zehar, isurketa itsaso barruan egin ahal izateko –kostaldetik nolabaiteko distantziara–, araztutako ura masa hartzailean zabaltzea erraztuko duten hainbat ahoren bitartez. Hala ere, mantendu egingo dira eroanbideak egungo isurketa-puntura, balizko gainezkatze kasuetarako.

Gaur egun, HUAk 1.965 m2-ko azalera eraikia du (bideak kenduta). Handitzearen ondoren, eraikitako azalera 2.709 m2-koa izango da, hau da, 744 m2 eraiki gehituko dira. Neurriak hartuko dira azalera eraikia handitzearen ondoriozko urbanizazio-prozesuak eremu iragazgaitzen proportzioa handitzea (estalkiak, zoladurak...) eragin ez dezan landarez jantzitako eremu iragazkorrekiko, eta drainatze sostengarriko hiri-sistemetako teknikak erabiliko dira, hala nola zoru iragazkorrak erabiltzea bai aparkalekuetan bai igarobide arineko edo behin-behineko sarbideetan. Gainera, egungo eraikinen parte handi bat eraistearen ondorioz, espazioa berdegune modura berreskuratuko denez (dekantagailu sekundarioak, klorazio-labirintoa, etab.), ezaugarri iragazle naturalak hobetu ahal izango dira, esandako eremuetan iragazketa-zangak atontzearen bidez.

Muskizko HUAn usain txarra sor dezaketen elementu guztiei usaina kentzea planteatu da. Era berean, zenbait prozesu eta nabe handituko dira eta irazgaiztasun egokia emango zaie jarioak ezabatzeko; desodorizazio-ekipamenduak ere aurreikusten dira, airera askatzen diren emisio usaintsuak minimizatzea bermatzeko.

Hiru eremutan usainak kentzea proposatu da; aurretratamenduan, lohien lerroan eta bigarren mailako tratamenduan. Desodorizatu gabe geratuko dira, aldiz, lohien eraikina eta disko iragazleen eta ultramoreen eraikina. Lohien eraikinaren kasuan, ez da kontuan hartu inolako inpaktu potentzialik; izan ere, eraikin barruko kanalizazio eta ponpetan, efluenteak ez baitu atmosferarekin inolako kontakturik. Halaber, disko iragazleen eta ultramoreen eraikinaren kasuan ere, ez da kontuan hartzen usainaren inpaktu potentzialik, arazketa-lerroaren amaierako prozesua baita, efluentea tratatua izan ostekoa, alegia.

Aire bortxatua erretiratu egingo da usainen kontrako tratamenduaren bitartez, usain txarrak sor daitezkeela ikusten den puntuetan, eta eremuetako airea guztiz berritzen dela bermatuko da. Usain txarren inpaktua arintzeko tratamendu-sistema ikatz aktiboaren bidez xurgatze-prozesu bat gauzatzea izango da. Aipatutako ikatz horrek gehigarri bereziak izango ditu hondakin-uretan sortutako gasak tratatzeko eta ezabatzeko. Ezarritako desodorizazio-ekipamenduek % 90etik gorako errendimendua izango dute usaina kentzeko orduan.

Ustiapenaren fasean, hondakinak, oro har, zabortegira bidaltzen dira hondakinen kudeatzaile baimendu baten bidez. Baina badira berrerabil daitezkeen hondakin batzuk:

– Arazketa-lohiak, erregai, konpostatze-material eta zementu-industriarako lehengai gisa.

– Hareak, eraikuntzan, zangak betetzeko edo antzeko zereginetarako material modura.

– Pikor-lohia, beste CAS erreaktore batzuk elikatzeko.

– Biopolimeroek lehengai baliotsua eratzen dute eta lohien tratamenduaren eraginkortasuna hobetu dezakete.

– Linea elektriko berriaren zortasun-eremuko balizko inausketa-hondakinak.

Muskizko hondakin-uren araztegia handitzeko proiektuak obra bi fasetan egikaritzea aurreikusten du, modu horretan instalazioa une oro abian egon ahal izatea bermatzeko.

1. faserako honako hauek aurreikusten dira: aurretratamenduko eta isurketa-hoditeriara ponpatzeko eraikin berri bat egitea; iritsierako hodi biltzailearen zati berria gauzatzea; erreaktore biologiko berria eraikitzea, lohiak aurre-loditzeko andelak barne; eta gaur egun dagoen aurretratamenduko eraikinaren eremu bat egokitzea, barruan haizatzaileen gela eta gela elektriko bat eraikitzeko. Behin obrak amaitu ondoren isuriko da isurkaria hoditeriara; beraz, bypass motako aldi baterako eroanbide eta tarte berriak egikaritzea aurreikusi da gaur egungo isurketa-punturaino, sare horretan eragina izango baitute egingo diren lanek.

2. fasean hirugarren mailako tratamendurako eta xafla-dekantagailua egongo den eraikina eraikiko da. Gaur egungo aurretratamenduko eraikinaren gainerako partea biltegitarako, tailerretarako, lohiak deshidratatzeko gelarako eta deshidratatutako lohiak biltegiratzeko siloarentzat erabiliko da. Zaharberritu egingo da lohien egungo eraikina barruan hauek egiteko: komun-aldagelak, elektrizitate-gela, larrialdiko sorgailuaren gela eta erabilera anitzeko gela bat. Gainera, 1. fasearen ostean zerbitzutik at geratzen diren egiturak eraitsi egingo dira (harea kentzeko gailua, erreaktore biologikoa, dekantagailuak, etab.).

Bi faseak egikaritzeko, zenbait zuhaitz kendu beharko dira, baina, kasu batzuetan, lurzati berean berrerabiliko dira gerora; bestalde, beharrezkoa izango da, orobat, lur-mugimenduen eraginpeko zerbitzu-hodiak desbideratzea.

1. fasean lur-mugimendu hauek egin beharko dira: 10.570 m3-ko indusketa eta 3.685 m3-ko betelana. 2. fasean, berriz, 2.584 m3-ko indusketa eta 2.935,8 m3-ko betelana egin beharko dira. Horrela, 1. fasean 6.885 m3-ko lur-soberakina lortuko da, eta, 2. fasean, 351,8 m3-ko defizita. 2. fasean egongo den lur beharra 1. faseko soberakinekin estal daitekeela kontuan hartuta, proiektatutako obrak 6.533,2 m3 lur izango ditu sobera.

Lur soberakinak, batez ere, inerteak dira. Aldez aurretik egindako karakterizazioaren arabera, kokalekuan bertan berrerabil daitezke esandako lur horiek, edota betelanetarako lekualdatu, kokalekuaren hegoaldean dagoen SA-3 zundaketari dagozkion lurrak izan ezik; horien parametroek, izan ere, gainditu egin dituzte inerteen zabortegian onargarriak diren kontzentrazioak, eta hondakin ez-arriskutsuen zabortegi batera eraman behar dira.

Jarduera bertan behera uzteko fasean desegingo dira instalazio guztiak, eta lurzatia zoladurarik eta egiturarik gabe utzi beharko da. Tresnerien eta hondakinen kudeaketa indarrean dagoen legeriaren arabera egingo da, eta BBUPk ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio jarduera eten izana, bi hilabeteko gehieneko epean, eta jakinarazpen horrekin batera jarduera-proposamen bat aurkeztu beharko du, organoak ezar ditzan BBUPren obligazioak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko gehieneko epea, ekainaren 15eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan edo une horretan indarrean den araudi sektorialean xedatuaren arabera.

Muskizko Hondakin Uren Araztegia (HUA) tentsio ertaineko hargune elektriko berri batekin hornitzeko premiaren ondorioz, guztiz beharrezkoa izango da 13,2 kV-ko linea bat instalatzea, hondakin-uren araztegia –HUA– lehendik dagoen sare elektrikoarekin lotzeko, hain zuzen ere, T motako eta 13,2 kV-ko deribazio bat eginda «Muskiz – La Arena – Cto.4» izendapena daraman lineatik.

Aireko linea berria trifasikoa eta zirkuitu sinplekoa izango da, 13,2 kV-ko zerbitzu-tentsioarekin (hirugarren kategoria). Linea berriak 212 metroko luzera eta hiru euskarri eta hiru hutsarte izango ditu, 36, 95 eta 81 metrokoak.

1,99 eta 2,30 m3 arteko lur-mugimendua kalkulatzen da euskarri bakoitzeko. Beharrezkoa da aldi baterako bi sarbide irekitzea, 3 m zabalekoak, euskarrietara. Aurreikusitako pistek luzera hauek izango dituzte: 57 m 1. euskarrirako sarbideak, eta 305 m 2. euskarrira heltzeko sarbideak. Gainera, euskarria muntatu eta altxatzeko, beharrezkoa da 100 m2-ko azalera okupatzea, euskarriak okupatzen duenari gehituta. Linea elektrikoak Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen bi bide-azpiegitura (A-8 eta BI-3795) eta behe-tentsioko linea bat gurutzatzen ditu.

Hegaztien talkak eta elektrokuzioa prebenitzeko neurriei dagokienez, hizpide dugun linea elektrikoak betetzen du goi-tentsioko linea elektrikoetan hegazti-fauna talkatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak xedatzen duena. Horrela, IV. isolamendu mailako –«oso handia»– konpositezko isolatze-elementuak ipiniko dira hegazti-faunari begira, eta lotura-kateen kasuan, babes inguratzailea duten konpositezko kateak ere instalatuko dira. Horiekin, eremu bolumetriko bat eratu nahi da, tamaina handiko hegaztientzat, katearen gainean jarri ez daitezen eta tentsioa duten zatietara heltzea eragozteko. Gainera, talken aurkako prebentzio-neurri gisa, 20 baliza instalatuko dira hegaztientzat (3 baliza 36 metroko hutsartean, 9 baliza 95 metroko hutsartean eta 8 baliza 81 metrokoan): neoprenozko zerrenda batzuk «X» baten itxuran. Habien aurkako teilatutxoak ere ipiniko dira gurutze-besoetan.

Linea elektrikoaren proiektuak 3.183,57 €-ko partida bat jasotzen du aurrekontuan, hormigoi-makinak garbitzeko puntu baterako eta landareztatzea egiteko.

Hautabideak planteatzeko orduan, bi baldintza garrantzitsu hartu dira kontuan: batetik, hondakin-urak tratatzen jarraitu beharra, gutxienez errendimendu berberarekin, obra egin bitartean, eta, bestetik, leku gutxi izatea. 0 aukera edo esku ez hartzekoa eta tratamendu biologikorako 5 aukera aztertu dira.

– 1. aukera: Tratamendu biologiko anaerobiko-anoxiko-oxikoa (AAO), dekantazio primarioarekin.

– 2. aukera: AAO tratamendu biologikoa, dekantazio primariorik gabe.

– 3. aukera: Sequencing Batch Reactor (SBR) bidezko tratamendu biologikoa.

– 4. aukera: Aireztapen luzeko tratamendu biologikoa.

– 5. aukera: Hiriko ur zikinak ponpatzea Muskizko HUAtik Galindoko HUAra.

2. aukera, proiektuan garatu dena, irtenbide trinkoa da (dekantazio primarioa baztertzen du), bide biologikoa erabilita fosforoa kentzea ahalbidetzen du eta emariaren aldakortasunera egokitzen da.

Halaber, 13,2 kV-ko linea elektrikoaren hargunerako 2 aukera aztertu dira. Lehenengoak Barbadun ibaiaren estuarioa zeharkatzen du HUAra iritsi arte, lurpeko hoditerian sartutako goi-tentsioko sarearen bidez. Hautatu den aukeraren arabera, ordea, aireko linea elektriko berri bat eraikiko da HUAren hego-mendebaldetik, zenbait bideren gainetik igaroko dena eta 3 euskarri berri izango dituena.

Baztertu egin da, beraz, 1. aukera, espezie babestuei eragiteko arriskua zegoen neurrian, estuarioa eta «Barbadun itsasadarra» (ES2130003) Kontserbazio Bereziko Eremua oztopatzen dituelako, ILJPren barruan dagoelako eta erabilera ez delako bateragarria hezeguneen LAParekin.

2.– Proiektuaren kokapena:

Esparrua Muskizko udal mugartearen ekialdean dago, Barbadun itsasadarraren estuarioaren ondoan. Lurzatiaren iparraldean, AP-8 errepidea igarotzen da, zubibide gainetik, eta La Arena hondartza dago; ekialdean, itsasadarrarekin egiten du muga, eta mendebaldetik, Pobeña eta Muskizko San Joan lotzen dituen errepidearekin.

Lurzatian nagusi den landaretza apaingarria eta erruderala edo nitrofiloa da. Linea elektrikoaren eragin-eremuan oso eraldatuta dago landaretza: hurbil dagoen etxalde batekin lotura duten larreak nagusitzen dira eta esan behar da baso txiki misto gazte bat ere badela, non lizarrak, sahatsak eta haritzak hazten diren. Proiektuaren eraginpeko esparruan ez da Europar Batasunaren intereseko habitatik, baina bai lurzatiaren ipar eta ekialdeko mugetan. Estuarioa bera Batasunaren intereseko itsas habitata da. Gainera, EAEko flora mehatxatua kontserbatzeko dokumentu teknikoen arabera (2011), aztergai dugun lurzatiaren inguruan Zostera noltii berreskuratzeko eremuak daude.

Negua pasatzeko edo atsedenleku gisa erabiltzen duten hegazti askoren habitata da itsasadarra.

Lurzatia ez du ezein ur-ibilguk zeharkatzen, baina Barbadun itsasadarrarekin muga egiten du hego-ekialdetik, eta Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoaren (ILJP) babes-zortasun eremuan dago. Barbadun itsasadarra «Barbadun trantsizioa» (ES111T075010) ur-masa naturala da: marea arteko estuario atlantikoa, itsasoaren nagusitasunarekin. Bere egoera globala «ona baino okerragoa» da, kimikoki «ona» eta ekologikoki ertaina. Esparruan ez da ur punturik.

Lurzatia ez dago ezein espazio babestutan edo interes naturalekotan; esan behar da, hala ere, Natura 2000 Sareko «Barbadun itsasadarra» (ES2130003) Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) inguruan ezarritako babes-eremu periferikoan dagoela. Esandako KBE «Barbadun itsasadarra» (A1B1) hezegunearen barnean dago. Hezegune hori xehetasunez antolatuta dago EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialean eta haren azalera KBErena baino handiagoa da; izan ere, itsasadarra eta ILJPtik gora dauden lurzati mugakideak hartzen ditu barnean.

Beste espazio natural interesgarri bat, zati batean KBErekin eta hezegunearekin bat datorrena, espazio natural eta garrantzitsuen katalogo irekian sartuta dagoen bat da: «Pobeña eta La Arena hondartzako padurak» (03 kodea).

Hizpide dugun jarduketa-esparrua Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan ezarritako hegazti-fauna babesteko eremuaren barruan kokatua dago. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak argitaratzen dira, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko beharko direla, zehatzago esanda, «Itsasertza – Barbadun» izeneko sektorean.

Proiektuaren esparruak ez du ukitzen EAEko korridore ekologikoen sareko ezein elementu. Ezta inongo interes geologikoa duen lekurik ere, nahiz eta balio geomorfologikoa duen «La Arenako hondartza eta dunak» GILen eragin-eremuan egon.

Esparrua Barbadungo ikuspen-arroaren barruan dago, paisaia-balio altua du, eta bertako paisaiari oso ohikoa irizten zaio. Eremu antropogenikoan kokatuta dago, hiri-inguruko industria-eremu batean; AP-8k bereizten du itsasadarretik eta La Arena hondartzatik, zeinak, itsasertzean egonik, uhin-erliebea baitu (dunak).

Arriskuei dagokienez, EAEko uholde-arriskuari buruzko kartografiaren arabera, lurzatia ez dago itsasadarraren lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan, ez eta 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-orbanen barnean ere. Ez du kontuan hartzeko zaurgarritasunik akuiferoen kutsadurari dagokionez ere. Lurzatia kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen kokaleku batean dago (48071-00045 kodea/Industria motakoa).

Eremuko zarata-gune nagusiak AP-8 eta BI-3794 dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren errepide-zarataren mapa estrategikoen arabera, eremua AP-8ren eraginpeko zortasun-eremuan sartuta dago. Muskizko udalerriko zarata-maparen arabera, hizpide dugun esparruan 60-65 dB(A)-ko zarata mailak erregistratzen dira egunez eta arratsaldez, eta 50-60 dB(A)-koak gauez.

3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak:

Kontuan hartuta HUAren handitzea orain okupatzen duen lurzatiaren mugen barruan egingo dela, lanek irauten duten fasean, inpaktu nagusiak bereziki lur-mugimenduen eta aurreikusitako eraispenen ondorioz sortutakoak izango dira. Ekintza horien ondorioz, uraren kalitatea jaitsi ahal izango da solido esekiak ugaltzen badira edo ustekabeko jarioengatik, eta zarata eta atmosferara egindako emisioak handiagotzen badira. Horrek, batez ere, proiektuaren esparruaren alboko Barbadun itsasadarra KBEko habitatei eta intereseko espezieei eragingo lieke. Beste inpaktu batzuk hondakinak eta lur-soberakinak sortzearen ondoriozkoak izango dira. Inpaktu horiek aldi baterako izango dira, eta hartuko diren prebentzio- eta zuzenketa-neurriei esker, ez dute garrantzi esanguratsurik izango. Halaber, aintzat hartu beharko dira kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen lurzati bateko hondea-lanen ondoriozko arriskuak.

Ustiapen-fasean, inpaktu nabarmenenak honako hauek izango dira: zarata, usain txarrak, hondakinen sorrera eta HUAren funtzionamendu txarragatik istripuzko isurketetatik datozkeen arriskuak.

Proiektuaren eragin akustikoaren azterketak ondorioztatzen du aztertutako jardueraren konfigurazioak ez duela maila aipagarriko kutsadurarik sortuko, eta, nolanahi ere, indarrean dagoen araudiak eska ditzakeen mugen barruan dagoela.

Usainei dagokienez, HUA handitzeko proiektuan usainak tratatzeko lerro bat aurreikusi da 3 eremutan (aurretratamendua, lohien lerroa eta bigarren mailako tratamendua), airea ateratzearen eta ikatz aktiboarekin desodorizatzearen bidez. Neurri horrek hobekuntza dakar egungo egoerarekin alderatuta, orain ez baita inolako usain-tratamendurik.

Era berean, kontuan eduki behar da, bestalde, proiektatu den handitzeak HUAren arazketa-ahalmena handitzea ekarriko duela, bai tratatutako bolumenari dagokionez, bai isurkariaren kalitatea hobetzeari dagokionez ere. Horrek eragin positiboa izango du Barbadun itsasadarreko uren kalitatean, eta, beraz, onurak ekarriko dizkie ibaian behera dauden espazio babestu eta interesekoetan egon daitezkeen habitat eta espezieei.

Hargune elektriko berriak eraginak izango ditu, halaber, lurzorua okupatuko duelako, obrak egiteko eremura sarbideak irekitzean landaredia moztu eta inausi beharko delako, zimenduak hartu beharko direlako, lan-zelaiak babes-zerrenda prestatu beharko direlako; nolanahi ere, garrantzi txikikoak irizten zaie. Funtzionamendu-fasean, lineak bereziki erasan diezaioke hegazti-faunari, elektrokuzio- eta talka-arriskuagatik, bai eta paisaiari ere.

Bigarrenik.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Muskizko hondakin-uren araztegia handitzeko proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintzen agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.

Hurrengo apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

Natura-ondarea babestera bideratutako neurriak.

• Obrak proiektua gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuaren barruan egingo dira: lehendik dagoen HUAren lurzatia eta linea elektriko berriaren eraginpeko esparrua. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

• Kontratistaren instalazio-eremuak, makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratze-eremua, landare-lurra aldi baterako metatzeko eremuak eta obran sortutako hainbat tipologiatako hondakinak kudeatzeko eremuak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideen arabera proiektatuko dira. Eremu horiek ezin izango dira kokatu itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun-lurretan eta proiektuak ukituko ez dituen intereseko landare-formazioak dituzten eremu sentikorretan.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik.

• Oro har, intereseko zuhaitzak gordetzen dituzten eremuetan, kontu handiz ibili beharko da ale horiek ez kaltetzeko.

• Jarduketa eremua «Itsasertza – Barbadun» hegazti-faunarako babes-eremuaren barruan dago, eta eremuotan talketatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak aplikatu behar izaten dira EAEko Ingurumen eta Lurralde Plangintzako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasota dauden goi tentsioko aireko linea elektrikoetan. Ez elektrokutatzeko neurriak hartuko dira, beraz, eta txoriak salbatzeko balizak jarri, ingurumen-dokumentuan linea elektriko berrirako zehaztutakoak, hegaztien talka- eta elektrokuzio-arriskua murrizteko.

Ura eta lurzorua babestera bideratutako neurriak.

Isurketa-baimenaren esparruan eta itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa babesteko zortasun-eremuan eragina duten obren markoan organo eskudunak ezartzen dituen baldintzei kalterik egin gabe, ondoren adierazten diren babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

• Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta isurkari kutsatzaile gutxien sortuko da, eta, era berean, ahalik eta material fin eta beste substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

• Obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

• Itsasadarrera isuri barreiatuak izango direla aurreikusten den eremuetan, ura iragazteko gailuz eratutako hesiak jarriko dira, ingurumen-dokumentuan aurreikusi bezala.

• Obrako makinak gordetzeko azalera eta haien mantentze-lanerako tokia drainatze-sare naturaletik bereizita egongo dira. Zoladura iragazgaitza eta isurkiak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

• Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-upeletako zorrotenak garbitzeko erabiltzen diren karesneak ezin izango dira ezein kasutan lurrera isuri. Hormigoi-hondarrak kudeatzeko, ebazpen honetako hurrengo apartatuak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dira.

• Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura obretan, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

• HUAren funtzionamendutik eratorritako hondakin-uren isurketari dagokionez, erakunde eskudunaren isurketa-baimenean eta indarrean dagoen legedian ezarritakoa bete beharko da.

• Hondakin-uren araztegia handitzeko proiektua, hain zuzen ere, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak (48071-00045 kodea/Industria motakoa) izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen lurzati batean garatuko da. 4/2015 Legeak, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak, 25. artikuluan ezarritakoaren arabera, proposatutako jarduera lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko obligaziotik kanpo dago. Nolanahi ere, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

Era berean, hondeatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa denez, nahitaezkoa izango da lurzoruaren ikerketan eta berreskuratze-lanetan egiaztatutako erakunde batek prestatutako indusketa selektiboko plan bat aurkeztea, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Jarduketak gauzatu eta horien ingurumen-jarraipena egin ondoren, induskatutako materialak (ondo karakterizatu eta gero) behar bezala berrerabili edo kudeatu direla egiaztatzen duen azken txostena aurkeztu beharko da, arestian aipatutako abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 14. artikuluko 5. zenbakian zehaztutako edukiarekin. Egiaztatutako erakunde batek egingo ditu ingurumenaren jarraipena eta txostena.

• Araztutako isurkarien parte bat Petronor enpresara bideratzen bada berrerabiltzeko, araztutako urak berrerabiltzeko araubide juridikoa ezartzen duen abenduaren 7ko 1620/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Airearen kutsadura murriztera bideratutako neurriak.

• Airearen kutsadurari dagokionez, obrek irauten duten bitartean, ahalegin berezia egingo da ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Materialak garraiatzean eta zamalanak egitean neurriak hartu beharko dira, atmosferara partikularik ez igortzeko xedearekin.

• Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatuko ere. Sarbideak baldintza onenetan mantenduko dira une oro.

• Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.

• Baldin eta hondakin-uren araztegian, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinean –CAPCA-2010, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak– jasotako jardueraren bat garatuko balitz, kasu bakoitzean aplikatu beharrekoak gertatzen diren prozedurak eta betebeharrak egikaritu beharko dira.

Aurrez adierazitakoari kalterik egin gabe, instalazioen diseinuari dagozkion prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ez ezik, funtzionamendurako baldintza egokiei, tratamenduari (bilketa eta desodorizazioa) eta mantentze-lan egokiei buruzkoak ere hartuko dira, ahalik eta usain gutxien sor dadin, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzera bideratutako neurriak.

• Lanek irauten duten artean, beharrezko gisa aurreikusten diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

• Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

• Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35. bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

• Ingurumen-dokumentuan proiektuaren egikaritze-faserako jasotako neurriez gainera, isolatzeko behar diren neurriak ere hartuko dira, hala badagokio, hondakin-uren araztegiak hurbilen dauden etxebizitzetara igorritako zarata-mailek zarata-foku berrietarako I. eranskinaren F taulan ezarritako gehieneko immisio-balioak bete ditzaten. Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jasota dago aipatutako eranskina. Nolanahi ere, bete beharko dira, orobat, etxebizitza edo bizitegi-erabilerako eraikinen barneko espazio bizigarriari aplikatu beharreko zarata eta bibrazioetarako soinu-kalitateko helburuak; aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko B eta C tauletan adierazita daude helburu horiek.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

• Hondakinei dagokienez, jardueran sortutakoak, indusketetatik datozenak eta obra-lekuak prestatzeko lanak eta zangak egitean sortzen direnak barne, Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean aurreikusitakoaren arabera aplikatzekoak diren arauekin bat etorriz kudeatuko dira, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

• Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

• Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen denean hondakinak balorizatzea ezinezkoa dela, bai teknikoki, bai ekonomikoki eta bai ingurumenaren ikuspegitik ere.

• Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edo isurkari batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

• Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

• Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

• Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gainera, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

• Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan jasotakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

• Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

• Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

• Hondakin arriskutsuak estalkipean biltegiratuko dira, zola iragazgaitz baten gainean. Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin. Jarioak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuek bilketa-sistema egokiak eta bereiziak izango dituzte, hondakin jakin bat isurketaren batean nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaiteke edo kudeaketa zaildu badezake.

• Aipatutako deposituak edo ontziak era argi, irakurgarri eta ezabagaitzean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

• Sortzen den olio erabilia ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

• Obretan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere isurkari kontrolatu gabeak sortuko.

• Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

• Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarrean dagoen legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

Paisaia babestera eta erasandako eremuak lehengoratzera bideratutako neurriak.

• Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea, egindako desbideratzeak, etab.). Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara herrestatzea ekiditeko.

• Indusketetan, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta komenigarria litzateke berehala birbanatzea edo, posible ez bada, pilatuta biltegiratzea. Pilaketa itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babes-zortasuneko eremutik kanpo egin beharko da, bai eta luiziengatik edo jariatze-urengatik materiala Barbadun ibaira herrestatzeko arriskua dagoen eremuetatik kanpo ere. Landare-lur hori berrerabili egingo da landaredia lehengoratzeko lanetan.

• Lehengoratzeko lanak egin bitartean, landare inbaditzaileen hedapena galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko zereginetan erabiliko diren lurren jatorria, eta aipatutako espezie horiekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea ekidingo da.

• Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

• Era berean, ahal den guztietan, landare-espezie inbaditzaile horien presentzia errotik kenduko da jarduketa-eremuetatik.

Garbiketa eta lanen akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-aholkularitza.

• Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko dute aldez aurretik.

• Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: indusketa-lanak eta induskatutako lurren kudeaketa eta hondakinen kudeaketa.

• Beraz, langileek jarduera egokien sistema bat erabili beharko dute, besteak beste, helburu hauek ahalik eta gehien ziurtatzeko: obraren okupatze-mugak kontrolatzea, hondakinen isurketak saihestea, olioen isurketen eta lurrak herrestatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea, proiektuaren eragin-esparruko biztanleei zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak saihestea.

Hirugarrenik.– Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatu beharko da Ingurumena Zaintzeko Programa, funtzionamenduaren fasean dauden kontrolak barne direla (usainen kontrola, Barbadun ibaiko uren eta araztutako isurkariaren kalitate-kontrolak, maila akustikoen egiaztapena, espezie exotiko inbaditzaileen kontrola), eta ondoren zehazten diren kontrolak gehitu beharko dira.

Aipatutako programa hori obraren kontrataziorako baldintzen agirietan txertatuta geratu beharko da, eta dagokion –eta bete ahal izatea bermatuko duen– aurrekontua izango du.

Organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako Ingurumena Zaintzeko Programa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala, sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ikuska dezan.

Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

2.– Lanen okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurreikusitakoa baino azalera handiagorik.

3.– Lehengoratzea ongi egin den kontrola.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuaren eraginpeko eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta mailari.

4.– Ingurumenaren jarraipena egiteko programaren agiri bategina.

Ingurumenaren jarraipen-programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-dokumentuan proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-txostena prestatzeko ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

Laugarren.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez direnean, nolanahi ere–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkoa jotzen Muskizko HUA handitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Bosgarren.– Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Seigarren.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Zazpigarren.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektua baimendu. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 26a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala