Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2021eko apirilaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2376

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 24koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arraia-Maeztu (Araba) udal-mugartean «Iturrieta 1» estazio meteorologikoa instalatzeko/desinstalatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

AURREKARIAK

2020ko abenduaren 3an, Arraia-Maeztuko Udalak jendaurrean jarri zuen Arraia-Maeztun (Araba) «Iturrieta 1» estazio meteorologikoa instalatzeko/desinstalatzeko proiektua eta horri dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, interesdunek egokitzat jotako alegazioak aurkeztu zitzaten. Izapide horri buruzko iragarkia 2020ko abenduaren 11ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 141. zenbakian.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Arraia-Maeztuko Udalak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei.

Izapide horiek burutu ondoren, Arraia-Maeztuko Udalak txostenak eta alegazioak jaso zituen, administrazio-espedientean jasotako edukiarekin, eta adierazi zuen jasotako alegazioak eta eragindako administrazio publikoen eta pertsona interesdunen erantzun-txostenak kontuan hartu direla ingurumen-inpaktuaren azterketan.

2021eko martxoaren 4an, Arraia-Maeztuko Udalak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskabidea aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Arraia-Maeztu (Araba) udal-mugartean «Iturrieta 1» estazio meteorologikoa instalatzeko/desinstalatzeko proiektuari buruz.

Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zuen:

– Arraia-Maeztuko (Araba) udal-mugartean «Iturrieta 1» estazio meteorologikoa instalatzeko/desinstalatzeko proiektua, 2020ko uztailekoa.

– Arraia-Maeztuko (Araba) udal-mugartean «Iturrieta 1» estazio meteorologikoa instalatzeko/desinstalatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlana, 2020ko uztailekoa.

– Informazioa jendaurrean jartzeko prozesuaren emaitzei buruzko agiriak, jasotako alegazioen hitzez hitzezko kopiak barnean direla.

– Eraginpeko administrazio publikoei egindako kontsulten emaitzei buruzko agiriak, jasotako txostenen hitzez hitzezko kopiak barnean direla.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea, eta, aukerarik egokienak hautatzeari dagokionez, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia egitea jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Arraia-Maeztu (Araba) udal-mugartean «Iturrieta 1» estazio meteorologikoa instalatzeko/desinstalatzeko proiektua arestian aipatutako arauaren I.B) eranskineko 18. epigrafean dago bilduta.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Arraia-Maeztuko Udalak, organo substantibo gisa, Arraia-Maeztu (Araba) udal-mugartean «Iturrieta 1» estazio meteorologikoa instalatzeko/desinstalatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eraginpeko administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera ere.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arraia-Maeztu (Araba) udal-mugartean «Iturrieta 1» estazio meteorologikoa instalatzeko/desinstalatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau formulatzea eta horren aldeko balorazioa ematea.

Proiektuaren bidez, baliabide eolikoa neurtzeko dorre meteorologiko bat instalatuko da Iturrieta mendietan, Erroeta herriaren iparraldean, Arraia-Maeztu udalerrian. Dorrea bi urteren buruan desinstalatuko da, eta erabilitako lursail guztia, sarbideak barne, jatorrizko egoerara lehengoratuko da.

Aurreikusitako dorreak 82,5 metroko altuera izango du, sekzio triangeluarrekoa izango da eta hiru metro luzeko 27 atalez osatuta egongo da; lursailari ainguratutako kable batzuek eutsiko diote dorreari. Lursailari eusteko, 120 graduko angelua osatzen duten hiru ordenatan multzokatutako 24 haize baliatuko dira. Haizeak zazpi zapata metalikotara (neurriak: 1,5 m x 1,5 m) ainguratuta geratuko dira; gutxienez 1,8 metroko sakonerara egongo dira zapata horiek lurperatuta. Dorrearen oinarria lurrean bermatutako metalezko plaka baten gainean ezarriko da, eta ez da beharrezkoa izango zimendu sakonak jartzea. Neurketa-dorrea instalatzeko lanak bost egun iraungo du, gutxi gorabehera.

Dorreak eguneko balizajea izango du, gorriz eta zuriz margotutako atalen bitartez, baita gaueko balizajea ere, argi gorri finkoen bidez. Halaber, dorrearen tenkagailuak txoriak babesteko gailuen (Bach motakoak, hiru metroko tarteak daudela elkarren artean eta hiruzuloka jartzen direla) eta birakari islatzaileen bidez seinaleztatuko dira.

Haizea neurtzeko, abiadura- eta norabide-sentsoreak jarri dira hainbat altueratan, bai eta datuak erregistratzeko, biltzeko eta bidaltzeko gai den datu-erregistragailu bat ere. Gailu horiek elikatzeko, 5 W-ko eguzki-plaka fotovoltaiko bat eta metatze-bateriak erabiltzen dira.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez dago aurreikusita existitzen diren sarbideak konpontzeko edo egokitzeko aukera, ezta sarbide berriak irekitzekoa ere. Lehenik eta behin, Erroetatik abiatuko den bide batetik sartuko da (576,78 m). Bide horrek inguruko abeltzainen eta nekazarien ibilgailuen gurpil-arrastoak dituen bidezidor batekin bat egiten du (763,61 m), eta, azkenik, gurpil-arrasto berrien atal berri baten bidez (312,71 m).

Instalazioak ez du perimetro-itxierarik izango.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Eusko Jaurlaritzaren orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, betiere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan jasotako aldaketa-araubidea aplikatuko da.

Baldin eta lanak egiteko falta diren izapideetan proiektuari buruzko aldaketa puntualak agertzen badira, eta aldaketa horiek ez badira aurreko paragrafoan adierazitakoak bezain garrantzitsuak, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, Ingurumena Zaintzeko Programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Proiektuaren eremua 550. zenbakiko Onura Publikoko Mendian (Goikobaso) dago, Iturrieta mendien ondoan, eremu lau samar batean, Erroeta herriaren iparraldean, Arraia-Maeztu udal-mugartean.

Bai neurketa meteorologikorako dorrea bai horretarako sarbidea Entzia Kontserbazio Bereziko Eremuan (ES2110022) kokatuta eta larre eta txilardi harritarren gainean finkatuta daude.

Hauek dira Entzia KBEan kontserbatu beharreko funtsezko elementuak, proiektuaren eragina izan dezaketenak:

– Batasunaren intereseko larreak eta sastrakak (6170 Belardi alpetar eta subalpetar karedunak eta oromediterraneo kaltzikolak, eta 4090 Txilardi oromediterraneo endemikoak, elorri-triskarekin). Espezie bereizgarri horietaz gain, KBE horretako larre eta sastraketan kontserbaziorako interes handiko beste hainbat espezie aurki ditzakegu: Arenaria vitoriana, Carlina acaulis caulescens; edo Narcissus minor minor (Habitaten Zuzentarauaren II. eranskinean jasotako espeziea).

– Komunitate harkaiztarrak, hala nola hauek: aztore-arranoa edo Bonelli arranoa (Aquila fasciatus), zeina «galzoriko espezie» gisa katalogatuta baitago EAEn, eta bere kudeaketa-plan propioa baitauka; ugatza (Gypaetus barbatus), «galzoriko espezie» gisa katalogatua EAEn; sai zuria (Neophron percnopterus) «kaltebera» gisa katalogatua EAEn; eta sai arrea edo arrunta (Gyps fulvus) «interes bereziko» gisa katalogatua EAEn; izan ere, hegazti-espezie horiek Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana dute.

– Kiropteroak, (kiropteroen espezie guzti-guztiak Habitaten Zuzentarauaren IV. eranskinean daude jasota).

Halaber, eraginpeko esparrua interes bereziko eremutzat eta hegazti nekrofagoen elikadurarako babes-eremutzat hartuta dago. Gainera, eraginpeko eremuan arriskuan dauden espezieak bizi dira, hala nola arriskuan dauden hainbat kiroptero-espezie eta Batasunaren intereseko espezie saproxilikoak.

EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen (2005) arabera, proiektuaren jarduketa-eremua «nukleo» kategorian bilduta dago.

Gainera, nabarmentzekoa da Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoko Iturrieta mendiak-Arburu mendia aparteko paisaian kokatzen dela proiektua.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

Bestalde, neurri hauek eta kontrolerako izendatutako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena xedatuko duen ebazpenak finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintzen agiri guztietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Horretaz gain, obretako jardunbide egokiak ere aplikatuko dira.

Zentzu horretan, hurrengo apartatuetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Proiektu hau egiteko beharrezkoa den edozein jarduketa gauzatzerakoan, kontuan hartu beharko dira honako hauek emandako txostenetan jasotako gogoetak: Arabako Foru Aldundiaren Natura Ondarearen Zerbitzua (2020ko apirilaren 21ekoa) eta Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzua (2021eko urtarrilaren 28koa); eta Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (2021eko otsailaren 10ekoa). Arestian aipatutako txostenei dagokienez, honako prebentzio- eta zuzenketa-neurri hauek erantsiko dira ondare arkeologikoa babeste aldera:

D.1.1.– Proiektua burutzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lanak eta ezinbestean lurzorua erabiltzea dakarten ekintza osagarriak. Ahalik eta gehien saihestuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo zirkulatzea.

Ez da inolaz ere ezarriko zerbitzugunerik ez makineria-parkerik ingurumenaren eta/edo ikusmenaren aldetik sentikorrak diren eremuetan.

D.1.2.– Languneak –hau da, dorrearen eta tenkagailuen oinarriak– koloretako hesolekin birplanteatu beharko dira, puntu bakoitzera iristeko modua planifikatze aldera. Materialak gune bakoitzera garraiatzeko modua planifikatuko da, eta beharrezkoa izango da Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuko teknikari batek plangintza horri aurretiko oniritzia ematea. Debekatuta dago lur-mugimendurik egitea langunetik kanpo.

D.1.3.– Dorrea ezartzeko gunerako sarbidea aldez aurretik existitzen diren bideen bitartez gauzatuko da, eta azken atal batean, gurpil-arrastoen bitartez. Debekatuta dago bide berriak irekitzea dagozkien baimenak eskatzen ez badira aldez aurretik.

D.1.4.– Bideetako edozein unean-unean egokitu behar izanez gero (lur-berdinketako plataformaren errepasoaren bidez eta materiala ekarrita), Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuari eskatu beharko zaio baimena aldez aurretik, jarduketa horiek izan dezaketen eragina balora dezan.

D.1.5.– KBEaren esparruan modu naturalean hazten diren zuhaitz, zuhaixka eta belarren espezie autoktonoak errespetatu egin beharko dira denbora guztian. Materialak garraiatzean aleren bat moztu behar bada, Arabako Foru Aldundiari eskatu beharko zaio horretarako baimena –zehazki, Natura Ondarearen Zerbitzuari eta Mendien Zerbitzuari–; izan ere, Mendien Zerbitzuak berariaz baimendu beharko du ekintza hori.

D.1.6.– Arriskuan diren flora-espezieei dagokienez, botanikako adituek eraginpeko eremuaren aldetiko prospekzioa egin beharko dute, eta arriskuan den florako aleren bat atzemanez gero, instalazioa hurbileko eremuetara lekualdatu beharko da, inolako kalterik eragin gabe.

D.1.7.– Behin instalazio-lanak amaituta daudela eta ustiapen-faseak –hots, baliabide eolikoa neurtzeko faseak– dirauen bitartean, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak uste badu intereseko habitatak kalteak jasan dituztela, sustatzaileak habitat horiek lehengoratzeko lanak egin beharko ditu, adierazten zaion moduan betiere.

D.1.8.– Edonola ere, obrak egitean beti errespetatu beharko da hegaztien ugalketa orokorrerako aldi kritikoa –martxoaren 1etik uztailaren 1era–, hegazti-fauna babeste aldera.

D.1.9.– Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostenean adierazitako talken aurkako neurriak hartuko dira, dorrean instalatu beharreko haizeei dagokienez.

Ildo horretan, talken aurkako elementua –«neoprenozko X» motakoa– instalatu beharko da, gaueko ordutegian islatzailea delako erdialdean, eta, horrenbestez, hegazti gautarrek talka egitea galarazten duelako. Lehenik eta behin, komeni da talken aurkako elementu horiek tenkagailuan instalatzea, eta, ondoren, kable tenkagarriak bertikalean ipintzea jada instalatutako elementuekin.

Talken aurkako elementu horiek elkarrengandik berezita ipini beharko dira, 10 metroko tartearekin baten eta bestearen artean, eta behar bezala jartzeko, honako premisa hau hartuko da kontuan: tenkagailu batean 0., 10. eta 20. puntuan hasten bada instalazioa, hurrengo tenkagailuan 5., 15. eta 25. puntuan jarriko da, hegaztiek izango duten ikusmena «hiruzuloka» izan dadin, eraginkortasuna emate aldera.

D.1.10.– Dorrearen inguruan hildako hegaztiak aurkituz gero, Mártioda Basa Faunaren Suspertegira eramango dira, zigilatutako poltsetan. Poltsaren barruan edo poltsari itsatsita, honako informazio hau idatzi beharko da: Hildako/zauritutako hegaztia aurkitu den lekuaren koordenatu zehatzak, data, ordua eta animalia aurkitu duen pertsonaren izena.

D.1.11.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honen D.9 puntuan adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Ezarri daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.2.1.– Obrako makineria-parkerako eta makineriaren mantentze-lanetarako utziko den gainazala isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko.

Ez da inolaz ere ezarriko mantentze-lanetarako gunerik ez makineria-parkerik ingurumenaren eta/edo ikusmenaren aldetik sentikorrak diren eremuetan. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak debekatuta egongo dira.

Hala badagokio, Ebazpen honen D.10 apartatuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

D.2.2.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, istripuzko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

D.2.3.– Hormigoizko upelen ikuzketa, hala badagokio, horretarako egokitutako guneetan egingo da. Halako upelak ezingo dira inolaz ere ingurumenaren eta/edo ikusmenaren aldetik sentikorrak diren eremuetan kokatuko. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, ebazpen honen D.5. apartatuan ezartzen diren baldintzak beteko dira.

D.3.– Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.

D.3.1.– Lanek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jarduketaren eraginpeko ingurunean, bai jarduketa-eremuetara sartzeko gunean.

D.4.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.4.1.– Obra-faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako neurri babesleak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze-lan orokorrei, zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari, zarata egiten den ordu kopurua murrizteari, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzeari, etab.

D.4.2.– Halaber, Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.5.1.– Berariaz debekatuta egongo da jarduketak egiten diren bitartean sor litezkeen hondakinak botatzea. Hondakin horiek baimendutako zabortegira igorri beharko dira, eta, hala badagokio, hondakinen kudeatzaile baimendu batek kendu beharko ditu. Obrak egiten diren bitartean, ontzi estankoak, depositu iragazgaitzak edo bestelako sistema alternatiboak gaitu beharko dira, baldin eta lanen egikaritze-eremuan lubrifikatzaileak edo erregaiak biltegiratu behar badira. Debekatuta egongo da jada erabiltzen direnak isurtzea, eta horiek kudeatzaile baimenduari entregatuko zaizkio, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta bestelako araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera.

D.5.2.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.5.3.– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretu) eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua) aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako D.10 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.5.4.– Baimendutako zabortegira bidali beharreko hondakinak, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

D.5.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiari jarraikiz ere.

D.5.6.– Sortutako olio erabilia Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.5.7.– Araudi hau errazago betetzeko, eraginpeko lan guztietan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Arestian aipatutakoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.5.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Kultura-ondarearen arloan eskumena duten erakundeek emandako txostenei jarraikiz, honako neurri hauek jasotzen dira:

D.6.1.– Dorrea instalatzeko lekutik gertu honako gune arkeologiko hauek daude: Donasko Done Joanes baseliza (Arraia-Maeztuko 5. Ustezko Arkeologia Eremua, EHAA, 130 zk., –1997-07-09–) eta San Joan tumulua (Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zentroaren Inbentarioaren 84. fitxa). Beraz, elementu horiek ez kaltetzeko, ezinbestean ezarri beharko da balizajea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zentroak emandako mugaketari jarraituko zaio.

D.6.2.– Orobat, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua betez, azterketa arkeologiko bat egin beharko da aldez aurretik, eta Arabako Foru Aldundiak erabakiko du proiektu arkeologiko bat egin behar ote den.

D.6.3.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.7.– Obrak integratzeko eta lehengoratzeko neurriak.

D.7.1.– Guneko baliabide eolikoa aztertzeko eta analizatzeko helburua bete ondoren, derrigorrezkoa izango da instalatutako azpiegiturak kentzea, eta, horren ondoren, gunearen ingurumen-lehengoratzea gauzatzea, proiektuan deskribatzen den bezala, eta beharrezkoa izango da lan horiek nola gauzatzen diren ikuskatzea; azkenik, ezinbestekoa izango da Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak jarduketa behin betiko onartzea.

D.7.2.– Paisaia-integrazioko lanak obren eraginpeko eremu guztietan egingo dira. Ingurumena lehengoratu behar denean, lursailaren leheneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira egin beharreko lanen artean, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landareztatze-lanak ere.

D.7.3.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako guneak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak erraztearren.

D.7.4.– Lursailaren modelatze eta profilatze egokiak egingo dira hondeatu eta/edo birmoldatu behar izan diren eremuetan (nola dorrearen eremuan hala sarbideetan), orografia tokiaren jatorrizko egoerara lehengoratzeko. Beharrezkoa izanez gero, lurzorua sakonera egokian aratu eta harrotuko da.

D.7.5.– Landareztatze-lanetan, landaretza duten eremuetan landare-estalki belarkara bat ezarriko da, ereite edo hidroereite bidez. Organo Kudeatzaileak egokitzat jotzen badu, zuhaixka- eta zuhaitz-espezie autoktonoak landatuko dira; are gehiago, ez da inolaz ere espezie aloktonorik –bereziki, portaera inbaditzailea izan dezakeenik– landatuko.

Kalitatezko landare-lurra ekarriko da, gutxienez 30 cm-ko lodieran, aurretik zegoen landaretza ahalik eta ondoen lehengoratze aldera. Instalazioa amaitu ondoren ingurumenari dagokionez egokitzat jotako eremuetan egingo da lur-ekarpena.

Gainera, substratua prestatzeko aurretiazko lanak egingo dira: lurra landu, bigundu eta findu behar da, behar bezala amaitu arte, eta landare-estalkia lehengoratu behar den eremu guztietan egin beharko da lan hori.

D.7.6.– Fallopia japonica, Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, kasu horretan bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik. Gainera, landare-lurrak hilabetez baino gehiagoz pilatuko badira obran, hidroerein edo plastikozko geruza batekin estali egingo dira, urak lurrik ez eramateko, lurraren ezaugarriak ez kaltetzeko eta, ahal den heinean, espezie inbaditzaileak sartzea eragozteko.

D.7.7.– Bermealdian, mantentze-lanak egin beharko dira: ongarritzea, ureztatzea eta hutsarteak betetzea, besteak beste.

D.8.– Obraren garbiketa eta akabera.

Instalazio-obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako D.5 puntuan xedatzen dena aplikatuko da.

Halaber, dorrea aprobetxatzeko eta erabiltzeko fasea amaitu ondoren, sustatzaileak dorreren elementuak kendu eta hondakinak zabortegira edo uzteko leku egokira eramango ditu, eta proiektuaren eremua libre geratu arte.

D.9.– Ingurumen-aholkularitza.

Estazioa instalatzeko eta desinstalatzeko fasean –baita bermealdian ere– ingurumen-gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du obra-zuzendaritzak. Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek (baldintza-pleguak gai horiei buruz adierazitako eginkizunei buruzkoak), aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

D.10.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, proposamen zehatzak egin beharko ditu, jarraian datozen azpiapartatuetan azaltzen diren gaiei buruz. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta Obren Zuzendariak berariaz onartu beharko ditu; aurrez, txosten bat egin beharko du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, obra egikaritzeko eta dorrea instalatu eta desinstalatzeko fase guztietarako.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa egiterakoan, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi beharko zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintzen agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

E.1.– Obra-hasiera jakinaraztea.

Lanen ingurumen-jarraipen egokia egiteko eta behar diren baimenak lortzeko, ezinbestean abisatu beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuari abisu ematea, beranduenez bi asteko aurretiaz.

E.2.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

E.3.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatu egingo da lanen eremuak proiektuko aurreikuspenei jarraikitzen diela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.4.– Talken aurkako neurrien kontrola.

Dorrean instalatu beharreko haizeetan, halaber, adierazitako talken aurkako neurrien eraginkortasunaren ingurumen-zaintza gauzatuko da.

Gainera, sei hilean behin, sustatzaileak ingurumen-zaintza horren ondoriozko emaitzen txostena igorriko dio Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuari, aldian behin hegaztiek eta kiropteroek pairatutako eraginaren balorazioa egin dezan. Dorrearen inguruan hildako hegaztiak aurkituz gero, Mártioda Basa Faunaren Suspertegira eramango dira, zigilatutako poltsetan. Poltsaren barruan edo poltsari itsatsita, honako informazio hau idatzi beharko da: hildako/zauritutako hegaztia aurkitu den lekuaren koordenatu zehatzak, data, ordua eta animalia aurkitu duen pertsonaren izena.

E.5.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, eta han bilduko dira ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.7.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Igorpen hori instalazio- eta desinstalazio-obrak amaitu ondoren eta lehengoratzearen bermealdiaren amaieran egingo da.

Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, hartutako laginen xehetasunak emanda.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez, gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskapen-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarria den araudia betetzeko.

F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, gainera, aldatu egin ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes, zuzenketa eta konpentsaziorako neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Agiri horiek Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, lur-mugimenduei buruzko balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.5 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.2 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Hori igaro, eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Arraia-Maeztuko Udalari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala