Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2021eko apirilaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1920

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Zarauzko 13-2 OR-Iņurritza sektoreari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen baita.

AURREKARIAK

Zarauzko Udalak, 2019ko urtarrilaren 31n, hasieran onartu zuen Zarauzko 13-2 OR-Iņurritza sektoreari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Zarauzko Udalak, 2019ko otsailaren 15ean, planaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, plana bera eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa 45 egunez jendaurrean jarrita (2019ko otsailaren 14ko GAO, 31. zk.), eragindakoek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko. Udalak adierazi du alegazio bakarra jaso dela, eta erantzun egin zaiola.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Zarauzko Udalak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondorioak espedientean daude jasota.

Ingurumen-organoak uren eta natura-ondarearen alorrean eskumena duten erakundeei eskatutako txostenak eta organo substantiboari eskatutako dokumentazioa espedienteari gehitu ondoren, 2021eko otsailaren 5ean, Zarauzko Udalak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, eskaera bete zuen 13-2 OR-Iņurritza sektoreari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko.

Jasotako txostenak eta espedientean dagoen gainerako dokumentazioa aztertu ondoren, erabaki da ingurumen-organoak nahikoa judizio-elementu dituela ebazpen hau emateko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da planek eduki beharreko oinarriak ezartzea, plan horiek ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketenean; horretarako, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea eskatzen badu planak ingurumenaren gainean izan daitezkeen ondorio esanguratsuengatik.

Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da, hau da, aipatutako legearen I. eranskineko A) apartatuan jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, baldin eta ebaluatu beharreko plan horiek ingurumenean ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Zarauzko Udalak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri den kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoek eta herritar interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.

Zarauzko 13-2 OR-Iņurritza sektoreari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna da, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorrari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen, eta Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituena–), Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuarekin bat etorriz, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du. Adierazpenak aldeko balorazioa egiten du ingurumen-alderdiak Planaren proposamenean sartzeari buruz, eta planak ingurumenean izango dituen inpaktu esanguratsuen aurreikuspenari buruz, azkenean onartzen den planean sartu behar diren azken zehaztapenak barne, ingurumen-ondorioetarako.

Hala, orain arte azaldutako guztiari jarraikiz, espedientean jasotako txostenak aztertuta, eta aplikatu beharreko legeak eta arauak ikusita (3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun arloak zehazten dituena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zarauzko 13-2 OR-Iņurritza sektoreari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren (aurrerantzean, Planaren aldaketa) ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, honako baldintza hauetan:

A) Planaren aldaketak Ģ13-2 OR-Iņurritza eremuaģ izeneko jarduketa-eremu integratua (hiri-lurzoru finkatugabea) zehaztu eta antolatzen du.

Proposatzen da, alde batetik, eremuan dauden zuzkidurak finkatzea (ikastola, pilota-lekua, erabilera soziokulturala), eta, bestetik, aurreikusten da eremu osoaren hiri-berroneratzearekin eta hiri-birkualifikazioarekin lotutako jarduketa berriak egitea. Jarduketa horien ondorioz, bizitegi- eta zuzkidura-erabilerarako eraikigarritasuna handitu egingo da. Zehazki, jarduketa hauek proposatu dira:

– Egungo irakaskuntza-ekipamendua (Salbatore Mitxelena ikastola), Iņurritza ibaiaren ezkerreko ertzean kokatua, handitu eta hobetzea, egungo kokapenari eutsiz; horretarako, esku-hartzeak egingo dira gaur egun dituen gabezia pragmatikoak eta eraikuntza-arlokoak konpondu ahal izateko, ekipamendua indartuz eta haren balioa nabarmenduz. 450 m2 (t)-tan handituko da eta jolastoki estali bat eta aldagelak egingo dira.

– Etxetxiki kaleko 12. zenbakian, ikastolaren ondoan kokatuta dagoen eta hirugarren adinerako zerbitzuetarako erabiltzen den udal-ekipamenduko eraikina sendotzea eta hobetzea.

– Ibaiaren eskuineko ertzean, bizitegi-garapen berri bat antolatzea, dentsitate adierazgarriko eraikuntza irekien motakoa. Proposatzen da:

– Bizitegi-erabilera 18.000 m2(t)-ra handitzea (indarreko HAPOn 11.000 m2(t) esleitzen zaizkio). 180 etxebizitza-unitate egingo dira eta hirugarren sektoreko erabilerarako 274 m2(t) sortuko dira beheko solairuan.

– Aurreikusten da sestra azpiko bi aparkaleku-solairu sortzea, guztira, 337 ibilgailurentzako. Lekuetako 130 publikoak izango dira.

– 4.000 m2 (t)-ko zuzkidura-ekipamendu (hotel) bat sortzen laguntzea.

– Bizitegi-garapen berrian integratutako plaza urbano handi bat sortzea.

– Oinezkoen eta ibilgailu ez-motordunen irisgarritasuna eta komunikazioa egokitzea eta hobetzea, propio sortutako ibilbideekin.

– Bide-sarea hobetzea Gipuzkoa kalearen eta N-634 errepidearen artean biribilgune bat eginez.

– Iņurritza itsasadarrari balioa itzultzea, eremurako proposatutako berroneratzearen eta birkualifikazioaren testuinguruan, uholdeak saihesteko beharrezkoak diren jarduketak eginez. Era berean, aurreikusten du itsasadarraren ertzean ibai-pasealeku bat egitea eta Iņurritzako belardiko zuhaiztia osatzea eta espazio publiko funtzionalei jarraipena ematea, zuhaitzak eta lorategiak dituzten espazio handiak uztartuz.

Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala 13. Hirigintza Eremuaren (San Pelaio-Iņurritza) barnean sartzen da. Eremu horrek 51.131 m2-ko azalera du eta bi eremutan banatuta dago:

– 13-1 eremua: Antolamendu Xehatuko eremua –OD San Pelaio– (30.795 m2).

– 13-2 OR-Iņurritza eremua (27.141 m2). Horren barnean honako hauek sartzen dira: Maria Etxetxiki kaleko 12. zenbakian dagoen eraikina eta udalaren titulartasuneko frontoia, Salbatore Mitxelena ikastetxearen egungo lurzatia eta 6 etxebizitza, Nafarroa kaleko 68 eta 70 zenbakietan daudenak.

13-2 OR-Iņurritza da jarduketa-eremua, eta bertako lursailek eta eraikinek osatutako eremuak muga hauek ditu: iparraldean, Nafarroa eta Gipuzkoa kaleak; hegoaldean, trenbidea (ETS-RFV); ekialdean, A-8 autobiderako sarbidea; eta mendebaldean, Zelaieta eremua.

Eremua antolamendu xehatuko bi esparrutan zatitzen da. Esparru horiek garapen eta kudeaketa independenteak dituzte:

– 13.2. A – Ikastola (Iņurritza ibaiaren ezkerraldea).

– 13.2. B – Eguzki izarra (Iņurritza ibaiaren eskuinaldea).

Eremua lau samarra da; ezkerreko ertzean, kotak +4,5 eta +3,7 artekoak dira, eskuineko ertzean, batez besteko kota +3,5 ingurukoa da. Antolamendu xehatuko bi eremuak (Ikastola eta Eguzki izarra, alegia) Iņurritza ibaiak bereizten ditu; ibaia iparraldetik hegoaldera doa. Eremuaren hego-mendebaldean Euskotrenen tren-geralekua dago, eta, harekin lotuta, bidegorri bat.

Eremuan, erabilera bereizgarri nagusiak etxebizitza kolektiboa, irakaskuntza-ekipamendua eta ekipamendu soziokulturala dira.

Iņurritza errekaren estuarioan eta estuarioaren bi alboetan dagoen itsas lerroan, toki txiki batean, dibertsitate handia dago. Dunak, padurak eta itsaslabarren multzo horrek bereziki erakargarri bihurtzen du paisaia, eta, halaber, askotariko flora eta fauna espezieak biltzen ditu.

Eremu hori Iņurritza ibaiaren ertzetan dago, eta hurbil ditu ES2120009 Iņurritza KBE Kontserbazio Bereziko Eremua (Natura 2000 Sareko lekua) eta ES212013 Iņurritzako biotopoa (Plan Berezia du). Toki horiek eremutik 40 m-ra daude ibaian behera, eta interes handia dute, landare eta fauna espezie garrantzitsuak dituztelako (bereziki, abifaunari dagokionez).

Planaren aldaketaren xede den eremua Iņurritzako itsasadarraren hezegunearen barnean dago (hezegunea EAEko hezeguneen Lurralde Plan Sektorialaren II. multzoaren barnean sartuta dago, A1G3 kodea). LPSk hiri-eremu gisa zonakatzen du eremua.

Arriskuei dagokienez, eremua Zarautz ES017-GIP-ORI-01 Uholde-arrisku handiko eremuan (UAHE) dago (II. multzoa); 2020ko urriaren 6ko sarrera-data duen eta aipatutako UAHEren arriskugarritasun- eta arrisku-kartografia kontuan hartzen dituen URAren txostenaren arabera, Iņurritza ibaiaren ezkerreko ertzean dagoen ikastetxerako proposatuko diren jarduketak uholde-arriskuko zonatik kanpo daude. Ibaiaren eskuineko ertzean proposatutako jarduketak, ordea, 500 urteko errepikatze-denbora duten uholde-arriskuko zonetan daude; horregatik, Kantauri Ekialdeko demarkazio hidrografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoaren araudian –uholde-arriskuko zonetan erabilera mugatzeari buruzkoa– jasotakoa bete beharko dute (40. eta 41. artikulua).

Eremua akuiferoen kalteberatasun handiko zona batean dago; uren maila freatikoa ia gainazalera iristen da.

Ingurumen-azterketa estrategikoaren arabera, gaur egun eta hemendik 20 urtera, kalitate akustikoko helburuak (KAH) gainditzen dira eta gaindituko dira proiektatutako eraikin berrien fatxadetan. Foku nagusia errepideko eta trenbideko zirkulazioa da.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren arabera, ez da identifikatzen ondare arkeologikoko eta arkitektonikoko elementu babesturik.

Eremuan ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik.

B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela aplikagarriak zaizkion ingurumen-irizpideak integratzea.

Planaren aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoa ingurumen-organoaren eskakizunei erantzunez eta ingurumen-ebaluazioaren alorrean indarrean den araudiak eskatzen dituen zabaltasuna, xehetasun-maila eta zehaztapen-maila ziurtatuz egin da. Planifikazio-prozesua aurrera eramaten den bitartean ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzen den bitartean, ez da ingurumen-ebaluazio estrategikoaren hedapenik eskatzen duen jarduketa berririk sartu, eta ez dira hasierako proposamenak aldatu.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.

Gainera, neurri babesle eta zuzentzaile hauek proposatzen dira:

D.1.– Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) babesteko neurriak:

Uraren Euskal Agentziaren 2020ko urriaren 6ko txostenaren arabera, Iņurritza ibaiaren ertzak naturalizatzeko proiektuak aztertu beharko du aukerarik ote dagoen, ibaiaren eskuineko ertzaren behealdeko metrorako proposatutako harri-lubetaren ordez, bioingeniaritzako beste konponbide batzuk proposatzeko.

Dena den, arroko organismoaren aldez aurreko baimena beharko da, baldin eta Jabari Publiko Hidraulikoari eragin diezaioketen jarduketak egin nahi badira, edo hari lotutako babes-eremuetan egin nahi badira jarduerok (zortasun- eta zaintza-eremuak). Organismo horrek obren ezaugarriak eta eraginak aztertuko ditu, eta, hala badagokio, dagozkion aginduak ezarriko ditu.

D.2.– Uholde-arriskuak murrizteko neurriak:

Plan Hidrologikoaren 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoarekin bat etorri beharko du garapenak. Uraren Euskal Agentziaren 2020ko iraileko txostenean adierazten denez, uholde-arriskuko zaintza-eremuan, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo, ezin izango da baimendu edozein motatako materialen edo hondakinen metaketarik, ez eta lursailaren egungo sestra aldatzen duen eta ura husteko ahalmena nabarmen murrizten duen betelanik ere. Hala, xehetasun-azterketa hidrauliko bat aurkeztu beharko da, jarduketak, gauzatuko bada, behar dituen neurri zuzentzaileak zehaztu eta justifikatzeko. Neurriok, edonola ere, ingurumen-irizpideen araberakoak izango dira, eta ez dute eremuko uholde-arriskua areagotuko.

Bestalde, Plan Hidrologikoaren 41. artikuluarekin bat, eremuan proposatutako jarduketa batzuk (hotela eraikitzea) jabari publiko hidraulikoaren zaintza-eremutik kanpo daudenez, lurralde-antolamenduan eta hirigintzan eskumena duten administrazioen ardura da OR Iņurritza jarduketan proposatzen diren erabilera eta jarduerentzako baimenak ematea, eta zaintza-eremutik kanpo dagoen uholde-arriskuko eremu horretan 40. artikuluan xedatzen diren mugak betetzen direla kontrolatzea.

Urbanizatu behar diren eremu berrietako drainatze-sistemari dagokionez, Plan Hidrologikoan (44.1 artikulua) eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean (E.4 apartatua) ezarritakoaren arabera, proposatutako hirigintza-garapenak eteten duen arroan drainatze-sistema gehiegi ez aldatzeko, komenigarritzat jotzen da drainatze jasangarriko sistemak jartzea (zoladura iragazkorrak erabiltzea, landare-estaldurak, areka hobetuak etab.), ur-emaria lehengo egoerari dagokion balioa baino handiagoa bada, konpentsatu ahal izateko edo kalterik ez eragiteko.

D.3.– Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak:

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

D.4.– Uren kalitatearen gaineko eragina murrizteko neurriak:

Urbanizazio-proiektuan aurreikusi eta zehaztuko dira Iņurritza ibaira ahalik eta solido gutxien arrastatzeko ezarriko diren neurriak, hala ibaiaren ertzak naturalizatzeko obretarako, nola gainerako urbanizazio-obretarako Askotariko dispositiboak jarriko dira, hala nola jalkitze-tangak, ibilguan bertan instalatutako uhertasunaren kontrako hesiak, iragazkiak, gurpilak garbitzeko dispositiboak jalkitze-tangei lotuta, etab.

Eremuan dauden saneamendu-kolektoreei lotzen zaizkien isurketek Gipuzkoako Ur Kontsortzioa SAren isurketei buruzko erregelamendua bete beharko dute.

D.5.– Proposatutako lanen ekologia- eta paisaia-integraziorako neurriak:

Planaren aldaketari buruzko hirigintza-araudiak espresuki txertatu beharko ditu, eremua garatzeko baldintzatzaile gisa, Iņurritza ibaia berriz naturalizatzeko jarduerak, Iņurritza ibaiaren ertzak berroneratzeko planean proposatzen diren moduan (ingurumen-azterketa estrategikoaren II. eranskina).

Oro har, bertako baldintza bioklimatikoetara egokitutako eta mantentze-lan txikia behar duten landare espezie autoktonoak erabiliko dira, garapen-proiektuetan sartzen diren eremuen paisaia-integrazioa lortzeko eta berdeguneak diseinatzeko. Bereziki saihestuko da prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen espezieak erabiltzea. Landatzeko modulu heterogeneoak erabiliko dira zuhaitz- eta zuhaixka-espezieen osaerari dagokionez, eta landareak irregularki jarriko dira, landare-formazioak ahalik eta naturalenak izateko.

Iņurritza ibaiaren ertzak berriro landareztatzeko, marearen eragina duten ibaiertzetako zuhaitz eta zuhaixka espezieen bertako barietateak erabiliko dira. Dena den, birnaturalizazioaren eraginpeko gainazal osoa landareztatzea proposatuko da, ibilgutik hurbilen dagoen ezponden zatia barne.

Eusko Trenbide Sarearen (ETS) trenbideko ezpondan proposatzen den parke linealari dagokionez, kontuan izan beharko da trenbidearen eragin-eremuaren barruan egin behar den edozein obrak edo jarduketak, lanen gauzatze materialaren aurretik, Eusko Trenbide Sareak (ETS) eman beharreko administrazio-baimena beharko duela.

Oro har, kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean eta Espezie apaingarriak hautatzeko gidan jasotako gomendioak eta neurriak.

Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia lehengoratzeko lanak egingo dira garapenak eragindako eremu guztietan.

D.6.– Faunaren gaineko eragina murrizteko neurriak:

Hirigintza- eta eraikuntza-proiektuek kontuan hartu beharko dituzte kontserbazioaren xede diren fauna-espezieen baldintza ekologikoak eta kumeak hazteko garai kritikoak. Era berean, proiektu horiek fauna mehatxatuaren edo intereseko faunaren gainean egon daitezkeen eraginen jarraipen-programa bat eduki beharko dute, eta, hala dagokionean, zuzenketa-neurri egokiak ezarri beharko dituzte.

D.7.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak:

Eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, Ihoberen Eraikuntza jasangarrirako gidan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

a) Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

b) Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo energia-kontsumoa murriztea.

c) Edateko ura. Azpiegiturak hobetzea eta edateko uraren kontsumoa murriztea.

d) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

e) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

f) Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

D.8.– Plana gauzatzeko aurreikusitako proiektuak egiten diren bitartean balio naturalak babesteko neurri orokorrak:

Oro har, aurreikusitako lanetan, ingurumen-balioak mantentzea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki, honako hauek:

– Obrako langileek izan behar dituzten jardunbide egokien gidaliburua: jardunbide egokien kontrola egingo da obrak egiten diren bitartean; horretarako, gidak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: jarduera-esparrua, lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ibilguetara isurketarik ez egitea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman, eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Jabari Publiko Hidraulikoa babestea: ahalik eta gehien murriztuko da makineriaren eta ibilgailuen zirkulazioa ibilguaren inguruetan, makinek ibilgutik kanpo lan egingo dute eta ibilgutik ibiltzea saihestuko da une oro. Saihestuko da ibilguaren inguruetan materialak metatzea eta obra-instalazio osagarriak jartzea.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

– Indusketa kontrolatzea: Zarauzko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaie lurzoru-kutsaduraren zantzu oro, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Espezie inbaditzaileen kontrola: obrak egin bitartean espezie inbaditzaileak hedatzea ekiditeko eta kentzeko neurriak ezarriko dira, bereziki Iņurritza ibaiaren eskuineko ertzean dauden Arundo donax aleetarako, zeinak landare-hondakin gisa deuseztatu eta kudeatuko diren. Neurriak ezarriko dira, halaber, ale horiek, eta, ondorioz, haien errizomak dauden lurrak modu bereizian kudeatzeko.

Gainera, kontrol-neurriak hartu beharko dira landare-espezie inbaditzailerik ez dadin sartu mugitutako eta landaredirik gabeko lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa, eta abar).

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Ondare arkeologikoa babestea: lur-mugimenduak egin bitartean arkeologia-aztarnak agertzen badira, lanak bertan behera utziko dira, eta, berehala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari jakinaraziko zaio; hain zuzen, zuzendaritza horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen arabera gauzatu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

Ingurumen-azterketa estrategikoan proposatutako kontrolez gain, urbanizazio-proiektuak kontrolak gehituko ditu Iņurritzako ibaiaren uretan. Kontrol horiek obrak hasi aurretik egingo dira, eta astero, obrak egin bitartean; gutxienez parametro hauek aztertuko dira: solido esekiak, pH-a, olioak eta koipeak eta hidrokarburoak. Obrak hasi aurreko egoera erreferentzia gisa hartuta, uren kalitatea aldatu egin dela antzemanez gero, kalitate hori berreskuratzeko egoki irizten zaien neurri zuzentzaile osagarriak ezarriko dira.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta ingurumen-azterketa estrategikoan adierazitako ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lurraldearen lotura ekologikoa; lehentasuna ematea jada artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala, Zarauzko 13-2 OR-Iņurritza sektoreari buruzkoa, onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez da eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Zarauzko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 5a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala